Edurne Elizondo
Irrintzi bat. Haur baten irrintzi alaia entzun da Jorge Oteiza Fundazio Museoko giro isilean. Erakusketa iraunkorreko piezei so jarraitu dute bisitariek, halere; lanean, berriz, Asier Mendizabal artistarekin Suediatik etorri diren Arte Ederretako 26 ikasleek. Orain bulego bilakatutako artistaren etxeko sukaldean, berriz, Gregorio Diaz de Ereño museoko zuzendaria ari da beharrean. Altzuzan ohiko gauza da tailerretan parte hartzen duten haurren, artisten eta obren artean sortzen den giroa, baina egunotakoak badu zerbait berezia, halere: asteon bete baita Jorge Oteizaren heriotzaren hamabosgarren urteurrena.
Data gogoratzeko, museoak doan zabaldu ditu asteburuan ateak, eta herritarrek baliatu dute bisita egiteko aukera. 2003. urteko maiatzean inauguratu zuten. Oteiza hilabete lehenago hil zen, urte hartako apirilaren 9an, hain zuzen. Haren azken proiektua izan zen Francisco Javier Saenz de Oiza arkitekto eta lagun minarekin pentsatutako eta sortutako eraikina. “Bien testamentua da museoa”, erran du Diaz de Ere-ñok. Inauguratu baino hiru urte lehenago zendu zen Saenz de Oiza, 2000. urteko udan. Haren semeek burutu zuten Altzuzako proiektua.
Herriko elizaren ondoko hilerrian dago lurperatua Jorge Oteiza, Itziar Carreño emaztearen ondoan. Besoak elkarri lotuak dituzten gurutzeek markatzen dute bi hobien tokia. Buenos Airesen (Argentina) ezagutu zuten elkar, eta han ezkondu ziren, 1938. urtean. Duela 80 urte, alegia.
Artistaren presentzia “garrantzitsua eta nabarmena” dela erantsi du zuzendariak. “Gertu sentitzen dugu; Oteizak nahiko lukeen museoa egitea dugu helburu. Gure lanarekin kontent izanen zela pentsatu nahi dut. Maitasunez eta profesionaltasunez egiten dugu”.
Bisitan ikusi eta ezagutu duenarekin “kontent” gelditu da Susana Ilundain, behintzat; lehendabiziko aldiz egon da Altzuzan. “Eraikina ikusgarria da, benetan. Ez nuen ezagutzen, eta izugarri gustatu zait. Amarekin etorri naiz, Oteiza hobeki ezagutzera”. Ilundain Uhartekoa da, eta Esperanza Erize amarekin ibili da museoan gora eta behera, aurrenekoz. Jakin-mina piztu dio ikusi duen guztiak. Amak lehendik ezagunak zituen museoko txokoak, behin baino gehiagotan egona baita. Itzultzeko gogoa ez du galdu. “Maite dut artea, oro har”. 94 urte ditu.
“Proiektu sendoa”
“Oteizak Nafarroako herriari utzi zion bere ondarea; herriari, alegia. Museoaren betebeharra da haren obraren eta pentsamenduaren berri zabaltzea”, gogoratu du Diaz de Ereñok. Museoak duen hirugarren zuzendaria da. Alberto Rosales izan zen lehendabizikoa. Bide motza egin zuen, halere, eta haren lekukoa Pedro Manterolak hartu zuen, berehala. “Manterola zuzendari bikaina izan zen”, nabarmendu du Diaz de Ereñok.
Egungo zuzendariak 2008an hartu zuen karguaren ardura. Hamarkada bat egin du jada Altzuzan. “Museoa errotua dago; hagitz proiektu sendoa da, eta erreferentziazkoa, gainera, nafarrentzat”. Iaz, ia 24.500 bisitari izan zituen.
Jorge Oteiza Fundazio Museoa hartzen duen eraikina ere ikur bilakatu da, neurri handi batean. Nabarmena da haren presentzia Altzuzako mendi magalean. Inauguratu zutenetik jada hamabost urte joan direla ederki islatzen dute haren paretek, halere, garai bateko kolore gorria galdu baitute.
Arkitektoak intentzio zehatz batekin aukeratu zuen kolore hori: Corten altzairua ekarri nahi zuen gogora, batetik; bertzetik, Oteizarekin Arantzazuko proiektuan lanean emandako denbora. Museoko paretetara eraman nahi izan zuen galdategiko suaren gorri bizia. “Pena da eraikinak kolorea galdu izana, baina zaila da klimaren eraginari ihes egitea; ari gara zer egin dezakegun aztertzen, halere”, erran du zuzendariak. Gogoratu du datorren urtean beteko direla 50 urte Arantzazuko proiektua amaitu zutenetik. “1969an bukatu zuen Oteizak bere Pietatea“.
Oteizaren espiritualtasuna
Altzuzan denak badu Oteizaren obrarekin eta pentsamenduarekin lotutako esanahia. Diaz de Ereñok artistaren espiritualtasuna nabarmendu du, eta ezaugarri hori ederki islatzen duela Saenz de Oizak egindako museoak. “Espiritualtasuna sumatzen da Oteizaren obra guztian; bere kutxen bidez, adibidez, nolabaiteko babes guneak sortu zituen; eraikinak ere horixe islatzen du, bere argi zuloen bidez, bertzeak bertze. Kanpotik sartzen den argiaren arabera aldatuz doa museo barruko giroa. Elizetako beirateak ekartzen dituzte gogora”. Museoaren barruko espazioak ere babes gune bat izan nahi du.
“Denak sortzen zion jakin-mina; dena aztertu nahi zuen, dena ezagutu. Artista bikaina izan zen, XX. mendeko onenetakoa. Jenioa”. Oteizari buruz hitz egiten duenean erraz sumatzen zaio Diaz de Ereñori artistaren lanak eta pentsamenduak eragiten dioten zirrara. Eta zirrara hori bera eragin nahi dute museoko langileek bisitariengan, hain zuzen.
Oteizaren heriotzaren urteurrena gogoratzeko egunak aprobetxatu dituzte Iñaki Mujikak eta Elena Belokik museoa ezagutzeko. Usurbilgoak (Gipuzkoa) dira biak. Oriokoa zuen aita Mujikak. “Oteiza ere hangoa zen, eta banuen gogoa etortzeko”. Lehenengoz etorri dira, eta hunkitu ditu ikusi eta ezagutu dutenak.
Gema Tiraplegi Aurizkoa da, eta aurrenekoz egin du bisita hark ere. Harritu du Oteizaren lanak hartzen dituen eraikinak. “Ez naiz aditua arkitekturan, baina ez dakit museoak herriarekin zer ikustekorik duen”. Are harrituago gelditu da, halere, museoan dauden obren kopuruarekin. “1.800 dituztela irakurri dut”. Gogoz hasi du museo barruko ibilbidea.
“Denentzako museoa izan nahi dugu”, erran du zuzendariak. Museo ireki eta bizia egin nahi dutela, alegia. Eta, batez ere, Oteizaren bidearekin bat eginen duena. Artistarekin bat egiteko asmo horrek sortutakoa da, hain zuzen ere, Jorge Oteiza Fundazio Museoak haurrekin egiten duen lana. “Oteizaren asmoa zen haurrek artearen bidez ikastea, gizartea eraldatuko zuten pertsonak izan zitezen”.
Espetxean direnekin, migratzaileekin, ezintasunen bat dutenekin ere egiten dituzte programa bereziak. “Gizarte osoarekin partekatu nahi dugu Oteizak utzitako ondarea”. Asmo horrekin lotuta, hain zuzen ere, museoko biltegiak eta dokumentazio zentroa ezagutzeko bisitak ere antolatzen dituzte Altzuzan, tarteka.
Museoan ikusgai diren piezei so jarraitu dute bisitariek. Tailerra egiten, berriz, Altzuzan diren haurrek. Beheko solairuan, Asier Mendizabalek jarri du behin-behineko erakusketa, eta Stockholmeko Unibertsitatean ikasle dituen gazteekin ari da lanean. Oteizaren eta bertze hainbat euskal artistaren obra lantzera etorri dira. Altzuzan badute zer ikasi.