Edurne Elizondo
Zorioneko obrak!”. Lizarrako Gustavo Maeztu museoko kide Natalia Genticok erran ditu hitzok; museoan igogailua jartzeko lanak egiten ari dira, eta, ondorioz, itxi egin dute. Erakundeak ez ditu udako tailerrak bazter utzi nahi izan, halere, eta herriko San Domingo zahar etxean bilatu eta aurkitu du aterpe. Astebetez, belaunaldi ezberdinetako hogei pertsona aritu dira, zahar etxeko klaustroan, museoak antolatutako arte tailerrean. Toki horretako giro lasaiak hartu ditu sortzaileak, eta 8 eta 85 urte bitarteko egileak erabat murgildu dira sortzeko prozesuan. “Zorioneko obrak!”, berretsi du Genticok, klaustroko giro bereziak harrapatuta.
Genticorekin batera, Fermin Alvira artista aritu da tailerreko arduradun. “Bagenuen esperientzia haurrekin, bai eta zaharrekin ere; baina, oraingoan, belaunaldi ezberdinetako pertsonak elkartu ditugu toki berean, elkarrekin lan egin dezaten, eta emaitza zoragarria izan da”, nabarmendu du.
Zahar etxeko hamar kidek osatu dute taldea, batetik; bertzetik, bost adingabek; eta hirugarrenik, berriz, Gizakia Helburu fundazioko bertze bost kidek. Astebetez bat egin dute, egunean ordu eta erdi luzez. Denbora tarte horretan, hutsean gelditu da adin muga; elkarrekin ikasi eta elkarri irakatsi diote.
“Hagitz polita da!”, erran diote taldeko neska gazteenek Julia Lizariri, andreak egindako erretratuari so. Irribarre zabalak hartu dio aurpegia. Zahar etxea du bizitoki. Tailerra egoitzan egin izana eskertu du, eta, batez ere, kanpotik ailegatu diren parte hartzaileen bisita. “Ederki pasatzen dugu”.
Martin da zahar etxetik kanpoko bisitari horietako bat. Gizakia Helburu fundazioaren eskutik bat egin du Gustavo Maeztu museoaren ekinaldiarekin. “Esperientzia polita da; lasai egoteko aukera ematen digu, eta ikastekoa ere bai. Haurrekin, gainera, barre anitz egiten dugu”, azaldu du.
Irakasleak, “pozik”
“Eskertzen dutela sumatzen da, eta hagitz lan interesgarriak egin dituzte. Artearen bidez anitz kontatzen dute”, erran du Alvirak, Gizakia Helburu fundaziotik iritsi diren parte hartzaileei buruz. Droga mendekotasuna duten pertsonak artatzen ditu erakunde horrek.
Tailerrak irakasleei ere eman die “anitz”, Genticok eta Alvirak aitortu dutenez. “Hagitz polita da esperientzia; taldeak hasieratik bat egin du, eta hagitz ongi moldatzen dira denak. Harreman bizia eta aberasgarria sortu da denen artean, eta horrek gu ere pozten gaitu”, azaldu du Alvirak.
Ipuinetako pertsonaiekin, collagearen teknikarekin eta erretratuarekin lan egin dute tailerreko parte hartzaileek beren lanak osatzeko. Erretratuak egiteko, aurrean dutenari so egin diote, eta ia denek erran dute gauza bera, lanean hasi bezain pronto: “Hagitz zaila da!”. Ez dute etsi, halere. Nork bere burua margotu behar izan du, halaber. Genticoren eta Alviraren laguntzarekin, betiere.
Gizakia Helburu fundazioan boluntario ari den Camila Rizzo ere erabat murgildu da tailerreko prozesu sortzailean, eta zalantzarik gabe hartu ditu eskuan arkatza eta margoak. Italiatik etorri da Nafarroara, gizarte langile gisa trebatzen jarraitzeko. Argi du tailerrak on egin diela fundaziotik parte hartu duten kideei.
Abuztuan izanen dute bertze hainbatek parte hartzeko aukera, tailerra berriz eginen baitute Gustavo Maeztu museoko kideek. “Lehendabiziko hau izugarri ongi atera da, eta errepikatu nahi dugu, argi eta garbi”, nabarmendu du Genticok.
San Domingo zahar etxeko klaustroa erakusketa toki ere bilakatu da, tailerrak iraun bitartean, lanak amaituta denak batera erakutsi baitituzte, artistek hamaiketakoa hartu bitartean. Zahar etxeko zuzendari Maite Eskostegi Goñik ere baliatu du aukera lanei so egiteko. “Kontent” da tailerra egiteko izan duten aukerarekin. “Talde zoragarria sortu da; bat egin dute lehen unetik, eta hori zoragarria da. Guk ez dugu gizartetik at gelditu nahi. Bertze herritarrekin bat egin nahi dugu”.
Zahar etxeko kideek atzean dituzten esperientziak, bizipenak eta ezagutzak nabarmendu ditu Eskostegi Goñik, eta horiek guztiak tailerreko bertze parte hartzaileekin partekatzeko aukera izatea eskertu du. “Gustavo Maeztu museoarekin harreman estua dugu, sintonia handia, eta elkarlan hori hagitz aberasgarria da”, erran du zuzendariak. Margo, paper, arkatz eta pintura artean eman dituzte hainbat egun zahar etxean, eta abuztuko tailerra hasteko zain dira jada.