Edurne Elizondo
Ezaugarri bereziak ditu esku hartze sozialaren esparruak; izan ere, haur eta helduak artatzen dituzten arlo horretako langileak aritzen dira gizartean ahulen diren pertsonekin: indarkeria matxista sufritu duten emakumeak, droga mendekotasuna dutenak, adingabe babesgabeak, etxerik ez dutenak, langabezian direnak edo etorkinak, bertzeak bertze. Nafarroan, denera, 2.000 langile ari dira arlo horretan. “Sektore feminizatu bat da, eta prekaritateak jota dago, zerbitzuen pribatizazioaren ondorioz”, salatu du LABeko ordezkari Oihan Ataunek. Horregatik, sindikatu horrek lan hitzarmen propioa eskatu du, gainerakoen babesarekin. Apirilean jarri zuten martxan negoziazio mahaia, baina aldarrikapena aspaldikoa da.
Esku hartze sozialaren sektorean ari diren 2.000 langileek 69 ordezkari sindikal dituzte, eta haietako 39 LABekoak dira: %57, alegia. “Ez dugu etsiko hitzarmena lortu arte; gai oso garrantzitsua da hau”, azaldu du Ataunek.
Agerikoa da auziak duen garrantzia, batez ere langileen baldintzek zuzenean eragiten diotelako ematen duten zerbitzuari. “Langileek dena ematen dute, baina baldintzek mugatzen dute beren jarduera”, salatu du LAB sindikatuko kideak.
Arazoetako bat zera da: esku hartze sozialaren arloko zerbitzuak pribatizatu direnez, esparru horretan enpresa anitz ari dira, eta batzuen eta bertzeen lan baldintzak hagitz ezberdinak dira. “Formakuntza bera duten bi langilek oso lan baldintza ezberdinak izan ditzakete, dauden enpresaren arabera”, nabarmendu du ELA sindikatuko kide Silvia Guillenek.
Hitzarmena lortzeko prozesua duela hiru urte jarri zuten martxan esku hartze sozialaren arloan. LABena izan zen ekimena; ELA eta CCOO sindikatuak batu ziren berehala, eta UGT ere bai, pixka bat beranduago. Bilerak egiten hasi ziren sektorean ari diren elkarte eta enpresekin, baina argi ikusi zuten administrazioak ere egon behar zuela, eta bertze urrats bat egin zuten; ondorioz, apirilean, sektorearen lan akordiorako negoziazio mahaia osatu zuten.
Zerbitzu publikoa
LAB eta ELA sindikatuek erdigunean jarri nahi izan dute beren ustez funtsezkoa den auzi bat: esku hartze sozialean aritzen diren langileek zerbitzu publiko bat ematen dutela, alegia. Horregatik, zerbitzu horren ardurak administrazio publikoaren esku egon beharko lukeela uste dute. “Pribatizazioak ekarri ditu erregulaziorik eza, prekaritatea eta lan baldintza kaskarrak”, salatu du LABeko Oihan Ataunek.
Lan hitzarmenaren bidez lortu nahi dute, hain zuzen ere, langileen egoera “duintzeko” gutxieneko baldintzak zehaztea, sektorean ari diren eragile guztiek bete ditzaten. Enpresa batzuen eta bertzeen artean dauden ezberdintasunak hutsean uztea da helburua. Sektorean hogeita hamar baino gehiago ari dira; anitz dira enpresa txikiak, eta gutxi, berriz, handiak.
Ataunek bertze xede bat jarri du mahai gainean: gizarteak jaso dezala esku hartze sozialaren esparruan gertatzen ari denaren berri. LABeko ordezkariak uste du herritarrak ez direla sektorearen errealitateaz ohartzen, neurri handi batean. Berretsi du zerbitzu sozialen arloa funtsezkoa dela, eta nabarmendu du, halaber, politika sozialen esparruan hartzen diren neurriek agerian uzten dutela agintean direnen jarrera. “Ez baita gauza bera zerbitzuak pribatizatzeko edo publiko bilakatzeko erabakia hartzea”. LABeko kidearen ustez, egungo egoera azken hamarkadetan egindako bidearen ondorio da.
Lantaldeen egoerak zuzenean eragiten dio ematen duten zerbitzuari. Ataunek erran du 2008tik 2016ra “egonkortu” egin zirela esku hartze sozialaren esparruko hainbat programatan ari diren lantaldeak, baina erantsi du egoerak okerrera egin duela. “Taldeak maiz berritzen dira, eta, ondorioz, zailagoa da erabiltzaileen eta profesionalen artean konfiantzazko harreman bat sortzea”, azaldu du. Lotura hori hagitz garrantzitsua dela gaineratu du.
LABeko kideak uste du premiazkoa dela lan hitzarmen propio bat lortzeko urratsa lehenbailehen egitea. ELAko Silvia Guillenek ere argi du bere sindikatuaren helburu nagusia hori dela. “Egia da sindikatuon artean iritzi ezberdinak daudela, baina azken hilabeteotan urratsak egin ditugu, eta aurrera goaz”, nabarmendu du Guillenek.
Negoziazio mahaiak hamar bilera inguru egin ditu jada. Guillenek erran bezala, Ataunek ere erran du “aurrera” doazela, baina hainbat kezka ekarri ditu hizpidera: batetik, soldataren gaiari ez diotela eutsi oraindik ere; bertzetik, ez dutela zehaztu onartu beharreko lan hitzarmena noiztik izanen den indarrean.
Dirua izanen da auzi hori erabakitzeko gako nagusietako bat. Ataunek erran du Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Parlamentuaren “inplikazioa” eskatu dutela, 2020. urteko aurrekontuetan behar den diru saila onar dezaten. LABeko ordezkariak gogoratu du parlamentuak 2017an onartu zuela mozio bat Nafarroako Gobernuari eskatzeko sektoreko langileen baldintzak duintzeko.
Irudia: Iker Tubia