Proposamena bertzerik ez da, oraingoz. Baina mahai gainean jarri du Iruñeko Udalak, eragileen eta herritarren artean eztabaidatu eta haien ekarpenak jasotzeko. Udalak hiri atseginagoa bilakatu nahi du Iruñea, eta, batez ere, lortu nahi du hiria ibiltzeko eta iristeko erraza izan dadila eta ingurumenaren alde egin dezala. Hori lortzeko, oinezkoentzako espazio bilakatu nahi ditu hiriko hainbat karrika, tartean Sarasate pasealekua.
“XXI. mendeko hiri bilakatu nahi dugu Iruñea”, azaldu zuen Aritz Romeo Herritarren Segurtasunerako eta Elkarbizitzarako zinegotziak, astelehenean. Lehen eta bigarren zabalguneetako auzolagunekin bilera egin zuten udaleko ordezkariek, proiektuaren berri emateko. Auzo horiei eta Alde Zaharrari eraginen die proiektuak, nagusiki.
Iruñeko Udaltzaingoko inspektore Jesus Estangak azaldu zien bizilagunei zeintzuk diren esku artean dituzten neurriak, eta, batez ere, zein den neurri horiek hartzera bultzatu dituen egoera. Hainbat datu jarri zituen Estangak mahai gainean: 16.000 auto pasatzen dira egunean Gipuzkoako etorbidetik, 14.000 Baluarte aurretik, 12.000 Beloso aldapatik, eta bertze horrenbertze San Ignazio karrikatik; 11.000, berriz, Navas de Tolosa karrikatik eta Taconeratik. Alde Zaharrerako sarreretan ere, nabarmena da autoen kopurua: 10.000 auto pasatzen dira, adibidez, Jose Alonso karrikatik.
“Ez dira auto ilarak sortzen, baina trafiko handia dago; gehiegizkoa”, argi utzi zuen Estangak. Auto gehienak ez dira zirkulazio handi hori duten tokietara joaten; handik pasatzen dira, bertze nonbaitera bidean. “Iparraldetik hegoalderako, hegoaldetik iparralderako eta mendebaldetik ekialderako bidea egiten dute auto horiek”, azaldu zuen udaltzainak.
Egoera horri konponbidea eman nahi dio Iruñeko Udalak, eta, aldi berean, erakunde horrek duela hamar urte sinatu zuen akordioa betetzen hasi. 2005. urtean, hain zuzen, ingurumenaren aldeko hiri izateko konpromisoa hartu zuen Nafarroako hiriburuak, eta lehentasunak ezarri zituen hiriko erabiltzaileen artean: oinezkoak lehen postuan, garraio publikoa bigarrenean, bizikletak hirugarrenean, eta, azkenik, autoak laugarrenean. “Oraingo proiektuarekin lehentasun horiei erantzun nahi diegu”, erantsi zuen Estangak.
Sarasate bulebar bihurtu
Egungo trafiko handiari aurre egiteko, eta oinezkoen alde egiteko, hiru lan esparru zehaztu ditu udalak bere proiektuan: batetik, Lehen Zabalgunea; bertzetik, Alde Zaharra; eta, azkenik, Donibane auzoan, Urdazubiko monasterioaren eta Gaztelugibelen arteko bidegurutzea. Toki horietan eragin nahi dute, zirkulazio handia duten esparru horietako trafikoa arintzeko: “Kontua da horrat joatea horrat joan nahi dutenek; ez , ordea, toki batetik bertzera bidean pasatu nahi dutenek”, azaldu zien udaltzainak bileran elkartu ziren auzokideei.
Ondorioz, egungo trafikoa eragiten duen iparraldetik hegoalderako, hegoaldetik iparralderako eta mendebaldetik ekialderako zirkulazioa moztu nahi du udalak. Hori lortzeko, hainbat aldaketa eginen dituzte. Sarasate pasealekua, adibidez, oinezkoentzako espazio bilakatu nahi dute. Garraio publikoak ere izanen luke handik pasatzeko aukera. “Bulebar moduko bat sortu nahi dugu Sarasaten”, azaldu zuen Romeok.
Sarasatetik hurbil, Alhondiga karrika eta Vinculo plaza ere oinezkoentzat uztea da Iruñeko Udalaren asmoa. Esparru horretan, Sarasate, Yanguas y Miranda eta San Ignazio karriken eta Oliveto kondearen etorbidearen arteko espazioan dauden aparkalekuak bizilagunentzat uzteko aukera aztertzen ari dira udaleko arduradunak, bertzeak bertze. Baluarte plaza inguruan ere oinezkoentzako espazio bat sortzea da asmoa, bai eta Basotxo karrikan ere; autoek ezin izanen dute han sartu, prestatutako proiektuaren arabera.
Alde Zaharrean ere zirkulazioa mugatzea da asmoa. Autoen joan-etorria kontrolatzeko, matrikulak irakurtzen dituen sistema bat erabiliko lukete, ibilgailuak noiz sartu eta noiz ateratzen diren jakin ahal izateko.
Azkenik, Urdazubiko monasterioak eta Gaztelugibelek bat egiten duten tokian biribilgune bat jarriko dute, mahai gainean dagoen proiektuaren arabera, egungo trafiko arazoak arintzeko.
Udaleko ordezkarien proiektua, oro har, ontzat jo zuten asteleheneko bileran parte hartu zutenek. Ez zen lehendabizikoa izan, ezta azkena ere. Udalak proiektua aurkezten jarraituko du. Asmoa da eztabaidak emanen duen proposamen zehatza garatzeko lanean hastea urtarriletik aurrera.
Auzolagunek, hala ere, hainbat kezka jarri zituzten mahai gainean. Alde Zaharrean eta inguruko karriketan dendak dituzten herritarrek, adibidez, ez dute argi udalak hartu nahi dituen neurriek zer-nolako eragina izanen duten. Autoei bidea itxita, erosleek haiengana heltzeko zailtasunak izanen ote dituzten beldur dira, hainbatek asteleheneko bileran agerian utzi zutenez.
Bertze hainbatentzat, ordea, gakoa hiria oinezkoentzat erakargarri bilakatzea da. “Lortu behar dugu jendeak oinez mugitu nahi izatea hirian, eta oinez hurbildu nahi izatea dendetara eta abarretara”.
Autoak hirigunetik kanpo nahi dituztela nabarmendu zuten hainbat bizilagunek ere. Hau da, aparkatzeko ere ez daitezela hurbildu erdigunera. “Europako herri anitzetan hori ari dira egiten jada: autoak hiritik ateratzen. Guk halako erabaki bat hartu ahal izateko aurretik egin beharreko urratsa egiten ari gara orain”, azaldu zuen Estangak.
Edozein modutan, udalak aurkeztu duena trafikoari buruzko proiektu bat dela nabarmendu zuten erakunde horretako ordezkariek. Proiektu horrek ekarriko du, segur aski, bertzelako txostenak egin behar izatea, hartu nahi diren neurriek inguruko karriketan, mertakaritza guneetan eta abarretan izan dezaketen eragina aztertzeko, bertzeak bertze. Horixe nabarmendu zuten udaleko kideek. Proposamen teknikoa jarri dutela mahai gainean, baina eztabaidatu beharrekoak anitz direla oraindik. Horretan ari dira.