“Sakontasunez erretratatu nahi nuen zale bakoitza”

“Sakontasunez erretratatu nahi nuen zale bakoitza”

Astebete da ‘Dardara’ zinema aretoetara ailegatu zela. Filmak Berri Txarrak-en azken birako irudiak ditu oinarri, eta zaleak dira protagonista. Lameiro zinemagile iruindarrak zuzendu du. 

Uxue Rey Gorraiz

Kontzertu bateko lehen akordeak, zale batek talde kuttuna aurrean duela sentitzen dituenak, bizitzan hartu beharreko erabakiak. Horiek eta beste asko bildu ditu Marina Lameirok (Iruñea, 1986) Berri Txarrak-en azkeneko bira oinarri duen lanean. Dardara du izena, eta zenbait aretotan da ikusgai duela astebetetik.

Zer sentsazio duzu filma estreinatu eta astebetera?

Joan den asteko asteburua eromenak hartua izan zen. Ez nago batere ohitua horrelako esposiziora, baina oso pozik nago. Mezu ugari jaso dut, eta izugarri eskertzen dut horietako bakoitza. Guztiak izan dira bereziak. Hainbeste izan dira, ezen ez baitut astirik izan nahi bezala erantzuteko.

Espero zenuen horrelakorik?

Egia esan, ez dakit zer mundutan bizi naizen, baina ez nuen horri buruz askorik pentsatu aldez aurretik. Horregatik, aho bete hortz utzi ninduten zenbait pertsonaren mezuek; adibidez, Montxo Armendarizenak. Estreinaldiaren ondoko egunak oso politak ari dira izaten.

Dokumentalak ertz asko ditu. Zein da asmo nagusia?

Ez dut mugatu nahi izan Berri Txarrak-en kontzertu itzuliaren kontakizun hutsa egitera; haratago joan nahi genuen. Jakina denez, taldearen Ikusi Arte tourra da filmaren agertokia, baina dokumentalaren muina beste bat da. Ikusten dira birako kontzertuak, zaleak, artisten inguruan gertatzen diren guztiak, baina filma beste zerbaiti buruz mintzo da.

Zein da muina, zehazki?

Pertsonok musikarekin dugun harremana; bizitza bera, azken finean. Dokumentalean azaltzen da bizitzan erabaki batzuk hartu behar izaten direla eta horiek ondorioak ekartzen dituztela, ezinbestean. Kasu honetan, Gorkaren [Urbizu] erabakian zentratzen da filma. Izan ere, horregatik bukatu zen Berri Txarrak-en bidea, eta horregatik sortu ziren bira eta beste hainbeste gauza.

Taldearen zaleak dira dokumentalaren protagonista nagusiak. Zergatik erabaki zenuten hori?

Argi zegoen horrela izan behar zuela, hasiera-hasieratik. Niri ideia proposatu zidatenerako zehaztua zegoen asmoa hori zela, zaleak izango zirela pieza nagusia. Are gehiago, momentu jakin batean taldekideek proposatu zuten interesgarria izan zitekeela filman ez agertzea Berri Txarrak-en musikarik, ezta kideak ere. Aldiz, gehiegizkoa iruditu zitzaigun hori, arraro samarra.

Nola irudikatu nahi izan dituzu zaleak?

Batez ere, errespetuz. Uste dut gure iruditeria kolektiboan ideia jakin batzuk ditugula zaleei loturik, fan fenomeno delakoari. Esaterako, burura datorkigu pertsona eroak direla, histeria moduko bat sentitzen dutela; esango nuke ez daudela oso ongi ikusiak. Kontrara, nik haien irudia duindu nahi dut, eta sentitzen duten pasioa islatu. Bestalde, hasieratik izan dut buruan ez ditudala taldearen zale guztiak irudikatu nahi multzo bakarra balira bezala. Jarraitzaileak pertsona indibidualak dira, eta sakontasunez erretratatu nahi nuen zale bakoitza.

Taldearekin batera bidaiatu duzu Ikusi Arte tourrean. Zer moduzkoa izan zen esperientzia?

Munduan barna bidaiatzea eta aldi berean hainbeste maite dudan hori egitea ederra izan da. Zer esanik ez aintzat hartuta nik grabatu ditudan pertsonak ere gehien maite dutena ari zirela egiten. Gainera, herrialdez herrialde ezagutu ditugun zaleak oso eskuzabalak izan dira. Orain arte, inoiz ez zitzaidan egokitu batere ezagutzen ez nuen norbaitengana jo beharra. Aurretik, ezezagun batek inoiz ez zizkidan ireki bere etxeko ateak; orain bai, eta oso gustura sentitu naiz.

Bidaietan izandako zein pasartek harritu zaitu gehien?

Tokion bizi izan nuen momenturik bereziena, hango kontzertuan. Taldeak Zertarako amestu kanta jo zuen, eta Asako, zale japoniar bat, guztiz hunkitu zen. Gogoan dut zer sentitu nuen hura grabatzean. Uste dut filman bildu nahi nuen guztia plano horretan sintetizatu daitekeela.

Ikusmira handia zegoen Dardara filmaren inguruan. Sentitu duzu presiorik?

Bai, beti jakin dudalako jende asko egongo zela filmaren esperoan. Gaizki egiten banuen, askoren aurrean egingo nuen porrot, eta ez nuen dezepziorik eragin nahi. Halere, nire helburua izan da Berri Txarrak-en zale ez direnentzat ere interesgarria izango zen pieza bat sortzea.

Ez da zuzendu duzun lehenbiziko lana. Young & Beautiful estreinatu zenuen, 2018an.

Alde handiak daude bi prozesuen artean. Young & Beautiful nik bakarrik ekoiztu nuen, eta horrek asko baldintzatu zuen dena. Bestalde, izugarrizko denbora eta energia eskaini nizkion film horri. Dardara lanaren kasuan, berriz, ia ez genuen denborarik izan garapenerako. Dena egin genuen aldi berean: produkzioa, garapena… Horregatik, eskertzekoa da ondoan izan ditudanen laguntza; batik bat, Itziar Garcia Zubirirena. Gainera, besteak beste, Arena lomunikazioarekin eta Txalapart ekoiztetxearekin ere elkarlanean aritu gara.

Orain zer beste proiektu duzu eskuartean?

Maddi Barber zinemagilearekin batera, film labur bat egiten ari naiz, Artium museoaren enkarguz. Gainera, film luze bat garatzen ari naiz, iaz Nafarroako Gobernuak emandako diru laguntza bati esker.