Japonian da Paula Remirez, eta, bihartik aurrera, taekwondoko borroketan epaile ariko da Tokion. Lehendabiziko aldia du Olinpiar Joko batzuetan, eta hasteko irrikan da. Finalean aritzea du amets.
Edurne Elizondo
Asteartean abiatu zen Paula Remirez (Iruñea, 1983) Tokiora: Madrildik Istanbulera (Turkia), eta handik Japoniara. Taekwondo borrokalariak bihar hasiko dira Tokioko Jokoetan lehian, eta Remirez da epaile ariko diren taekwondolarietako bat. 5 urterekin hasi zen kirol horretan, Felix Remirez bere aitaren eskutik. 38 ditu orain, eta hasierako gogoa ez du galdu; gerriko beltza da, eta sei dan ditu. Hegazkinera igo aurretik mintzatu da Nafarroako Hitza-rekin.
Olinpiar Jokoen historian giltzarri izanen dira Tokiokoak, pandemia batek urtebetez atzeratu eta gero. Ez ahazteko modukoak?
Zalantzarik gabe. Lehendabizikoz ariko naiz Olinpiar Joko batzuetan, eta horrek, jada, berezi bilakatzen ditu niretzat. Pandemiak eragindako guztiak, noski, are bereziago bilakatuko ditu kirolari eta herritar guztientzat. Gainera, jenderik gabe eginen dira. Gauza anitz dago esperientzia hau sekula ez ahazteko.
COVID-19agatik ezarritako neurriak, adibidez?
Bai! Sakelakoan lau aplikazio jarri behar izan ditut, nire osasunaren berri jasotzeko. Txertoa, PCR probak, gorputzaren tenperatura egunero kontrolatu beharra… Han ere, egunero eginen digute PCR bat, eta hoteletik kiroldegira soilik mugitu ahal izanen gara. Taekwondoko borrokak uztailaren 27an amaituko dira, eta ezin izanen gara han gelditu. Bitxia izanen da, baina hainbertze jende dagoen toki batean neurri zorrotzak hartu behar dira.
Nola ailegatu zara Tokiorako hautatutako epaileen taldera?
Prozesua luzea izan da. Taekwondo borrokalariek bi bide dituzte Olinpiar Joko batzuetan aritzeko: bat sailkatzea da, hau da, olinpiar ziklo batean lortzen dituzten puntuen araberako zerrendan sartzea; eta bertzea, berriz, Jokoen aurretik egiten diren lehiaketak dira. Epaileon kasuan, Jokoen aurreko urtean olinpiar kanpaldi moduko bat egiten da, kontinenteka. Europa eta Afrika batera aritzen dira, Asia Ozeaniarekin, eta hirugarrenik Amerika. Gutxieneko baldintza batzuk bete behar dituzte epaileek kanpaldi horietan aritzeko.
Eta hor aukeratzen dira epaileak?
Kanpaldi guztiak egin eta gero, mundu osoko 50 epaile hautatzen dituzte. 50 horien artean Jokoetara joanen direnak hautatzeko, zenbait lehiaketatan aritu behar dute, eta egiten duten lanaren arabera osatzen da behin betiko zerrenda.
Ez da bide erraza, beraz.
Lehen errazagoa zen, eta, aldi berean, ilunagoa. Nik uste dut oraingo sistemak hobeki bermatzen duela onenak egotea Olinpiar Jokoetan.
50 horien artean, zenbat hautatu dituzte?
30 gara: hamabost gizon eta hamabost emakume. Rioko Olinpiar Jokoetan, gurea izan zen gizonen eta emakumeen arteko parekotasuna bermatu zuen lehen kirola. Gizonak eta emakumeak berdin aritzen gara andreen eta gizonen borroketan.
Noiz hasi zinen epaile lanetan?
Aspaldi, beti izan dut gustuko kirolaren arlo hori. Aitak beti bultzatu nau egin nitzakeen urrats guztiak egitera. Gerriko beltza izateko, adibidez, epaile kronometratzaile izan behar duzu, derrigorrez. Taekwondolari anitz ez dira inoiz epaile lanetan aritzen, ikastaroa egin arren. Ni gustura aritu naiz. Danak lortzeko egin beharreko azterketak egin ditut, urratsez urrats, eta, aldi berean, epaile izateko trebatu naiz. Bigarren dana lortzeko, adibidez, herrialde mailako epaile izan behar duzu, derrigorrez. Ni 2012. urtetik naiz nazioarteko epaile. Ateak zabalik utzi nahi izan ditut beti, lehiatzeko modu bat ere bai baita epaile aritzea. Noski, trebatzea ez da nahikoa.
Zer erran nahi duzu?
Gaur egun, Europako Taekwondo Federazioko epaileburua da Europako txapelketa batean ariko diren epaileak aukeratzen dituena, adibidez. Lehengo sistema ezberdina zen; Europako federazioak herri mailako federazioei eskatzen zien epaile bat edo bi bidaltzeko; ondorioz, beti jende bera joaten zen. Espainiako Taekwondo Federazioak, adibidez, beti bidaltzen zituen federazioko epaileburuak nahi zituen epaileak.
Kirol arlotik kanpoko kontuak sartzen ziren?
Finean, batzuen eta bertzeen arteko adiskidetasunak pisu handia zuen. 2017an, epaileentzako ikastaro batean, nazioarteko epaile askorekin egin nuen bat, eta harrituta zeuden, 2012tik nazioarteko epaile izan arren Europan ez nintzelako aritu. 2017an hasi nintzen kanpora ateratzen, Munduko Taekwondo Federazioak zuzenean gonbidatuta.
Tokiora ailegatu arte.
Oraindik ezin sinetsi nago. Egia bilakatutako ametsa da niretzat. Edozein kirolarirentzat, Olinpiar Jokoak dira helburu nagusia, eta ni kirolaria naiz. Epaile lanetan ariko naiz, baina epaile naiz kirolaria naizelako. Arlo horretan, gurea kirol berezia da, taekwondolari izan gabe ezin baitzara epaile izan. Nik uste dut horrek balio handia ematen diola gure lanari, ederki ezagutzen dugulako gure kirola zer den. Nik entrenatzen segitzen dut, gainera. Taekwondoa ez dut inoiz bazter utzi. Epaile gisa ariko den kirolari bat izanen naiz Tokioko Jokoetan.
Lehiatzen segitzen duzu?
Bai. Beti aritu naiz teknikako lehiaketetan, eta txapelketetan parte hartzen jarraitzen dut.
Jokoetan epaile aritzeko txartela eskuratu eta gero, final batean aritzea litzateke sari nagusia?
Bai, zalantzarik gabe. Hori dut amets. Aitarentzat ere gauza handia izanen litzateke. Aitaren iritzia eskatzen dut beti lehiaketa batean aritu eta gero. Garrantzitsua da niretzat aitarekin hitz egitea, eta esperientzia partekatzea, neurri batean.
Final batean aritzeko aukera baduzu?
Bai. Epaileen buruak eta laguntzen duen batzorde batek erabakitzen dute final batean nor ariko den. Kontuan hartu behar da Olinpiar Jokoetan epaile batek ezin duela parte hartu bere kontinente bereko kirolariren bat duen borroka batean. Borrokalarien arabera hautatu behar dira epaileak, beraz. Aukera badut, eta gauza handia izanen litzateke niretzat.
Informatika ingeniaria zara ogibidez, baina ez duzu kirola bazter utzi. Zer eman dizu?
Egunerokoan baliagarri zaizkidan gauza anitz eman dit taekwondolari izateak. Taekwondoak, arte martzial gisa, lanerako gaitasuna eman dit. Bakarka egiten duzun kirol bat da, baina talde izaera hagitz garrantzitsua da, aldi berean. Adin eta maila ezberdinetako kirolariak aritzen gara batera, eta elkarri irakasten diogu. Errespetua, adibidez, hagitz garrantzitsua da taekwondolariontzat. Maite dut kirol hau.