Gabari, larraundarren bilgune

Gabari, larraundarren bilgune

Larraungo Udalak herriko etxeko espazio berria inauguratu du, Mugiron. Europatik eta Nafarroako Gobernutik jaso ditu diru laguntzak. Erabilera anitzeko toki bat izatea du xede.

Edurne Elizondo

“Benetako herriko etxe bat izatea nahi dugu”. Horixe erran du Larraungo Udaleko Euskara eta Kultura zinegotzi Lorea Lasartek, inauguratu berri duten Gabari aretoari buruz. Larraungo herriko etxean da espazio berria, Mugiron. Nafarroako Gobernuarena zen eraikina, 2018ra arte. Urte hartan, gobernuak Larraungo Udalaren esku utzi zuen, udaletxeko bulegoak han atondu eta gero; orain, Gabari gune irekia egokitu dute.

Nafarroako Gobernuak 2011. urtean hasi zituen Mugiroko etxea moldatzeko lanak. 404.000 euro inguru gastatu zituen. Udaletxeko bulegoak egokitzearekin batera, eraikinaren aurreko aldea sendotu zuten, eta berotze sistemarekin, argindarrarekin eta iturgintzarekin lotutako berritze lanak egin zituzten.

Udaletxeko bigarren solairuan da Gabari; eraikinaren ganbaran, alegia. Gobernuak eraikina herritarren esku utzi zuenetik, han “zerbait” egiteko asmoa izan dute Larraungo Udaleko arduradunek. Nahi zuten udalaren egoitza izatea benetako herriko etxe bat. “Herritarren esku jarri nahi genuen espazio hau”, berretsi du Lasartek.

Herritarrekin egin dute Gabari inauguratu arteko bidea, hain zuzen ere, parte hartze prozesu bat jarri baitzuten martxan, udaletxeko ganbaran zer egin erabakitzeko. Batzuen eta bertzeen ideiak eta proposamenak jasota, erabilera anitzeko areto bat izanen dena sortu dute. “Horixe izanen da Gabari, herritarren beharretara egokitutako espazio bat”. Berdin balioko du ibarreko herritar taldeek bilerak edo tailerrak egiteko; musikariek entseguak egiteko; kontzertuak antolatzeko; edo herritarren topagune izateko, bertzeak bertze. Lasartek zehaztu du asmoa ez dela antzoki edo auditorium bat izatea. Hau da, ez du helburu bakarrik kultur jarduerak garatzeko espazio bat izatea. “Herritarrek behar dutena egin dezatela”.

Horretarako, udalak azpiegitura berria hornitu egin du. Gabari guneak badu wifi sarbidea, proiektore bat, soinu ekipo bat, eta mahaiak eta aulkiak. Oholtza txiki bat ere bada, eta espazioa egokituta dago, gainera, erakusketak jarri ahal izateko.

226.000 euro

Kultur jarduerez harago jo nahi du Gabarik, baina Lasartek erran du kultur etxe baten funtzioa ere bete dezakeela. Izan ere, ibarrean, berez, kultur etxerik ez dute. “Inguruan, Lekunberrin, liburutegia eta musika eskola hartzen dituen eraikinari esaten zaio kultur etxe, baina Gabariren gisako espaziorik ez du”, argitu du zinegotziak.

Gabari gune ireki berria moldatzeko, Larraungo Udalak Europatik eta Nafarroako Gobernutik jaso ditu diru laguntzak. Aurrekontua, denera, 226.000 euro ingurukoa izan da. Europatik 50.000 euro jaso ditu udalak, Feader programaren bidez; Nafarroako Gobernuak, berriz, 44.000 euro eman ditu.

Larraungo Udalak 2020. urteko udazkenean egin zuen herritarren proposamenak jasotzeko prozesua, eta hura bukatuta hasi zituzten Gabari etxeko ganbara moldatzeko obrak. Areto ireki bat da espazio nagusia, eta, haren ondoan, bertze bi gela txiki egokitu dituzte. Biltegi bat eta komunak ere jarri dituzte.

“Behar bat bazelako erabaki dugu Gabari sortzea”, azaldu du Lorea Lasarte zinegotziak. Inauguratu bezain pronto, hain zuzen ere, anitz dira izena eman duten eragileak eta herritarrak. Hazien inguruko tailer bat jarri dute martxan jada, eta datozen asteotarako ere badira zain diren proiektuak. “Eskaera pila bat jaso dugu jada; harrituta gaude. Urria eta azaroa beteta daude”.

Larraungo Udalaren Gabari gune irekiarekin inaugurazioa. Giltzak banatu zituzten bizilagunen artean. LARRAUNGO UDALA.

Giltza, herritarrena

Gabari inauguratzeko bi saio egin ditu Larraungo Udalak; bat ibarreko eta inguruko toki entitateetako arduradunekin —Lekunberri, Atetz, Irurtzun eta Azpirozko alkateekin, bertzeak bertze—; bertze bat, berriz, herritarrekin. Azken horretan, hain zuzen, giltzak banatu zituzten ekitaldira agertu ziren bizilagunen artean. “Herritarrei erakutsi nahi izan diegu giltza horien bidez Gabari haientzat zabalik dela”, erran du Lasartek. Bertze esanahi bat ere bazuten giltzek: “Herritarrek garbi izan behar dute haiek direla Gabarik eginen duen bidean gako nagusia; espazio hori izanen da herritarrek nahi dutena”, erantsi du.

Herritarren arteko saretzeak duen garrantzia ere nabarmendu nahi izan du Lasartek, eta gaineratu du Gabariren gisako espazioek ematen dutela horretarako aukera. “Herri txikiak dira gureak, eta inportantea da gure arteko harremana sustatzeko tokiak izatea; sozializatzeko guneak ere behar ditugu”.

Gabari izanen da ibarreko espaziorik handiena, baina herriz herri sortzen ari diren bertzelako guneak ere nabarmendu ditu Lasartek. “Guk ez dugu bete nahi beste gune txiki horien tokia, inondik inora; denon arteko sare bat sortzea da gure helburua”, gaineratu du Euskara eta Kultura zinegotziak.