Prostituzioan aritzen diren emakumeei buruzko film labur bat zuzendu du Isa Saez Perezek: ‘Chicas prepago’. Testigantza errealak ibili ditu; Iruñean egin ditu, hain zuzen, filmerako baliatu dituen elkarrizketetako zenbait. Ez du helburu epai bat ematea, «eztabaidarako aletxo bat jartzea» baizik.
Uxue Rey Gorraiz
Ezkutuko gaiak jo ohi ditu begiz Isa Saez Perez zinemagileak (Burgos, Espainia, 1988). Ahots apalez hitz egitera behartuak diren horien bozgorailu izatea du maite, kamera eskutan, eta feminismoa bidelagun. Prostituzioan aritzen diren emakumeei hitza ematea asmo, film labur bat ekoitzi du: Chicas prepago. Atzo estreinatu zuen, Iruñeko Golem Baionan. Euskal Herriko beste txoko batzuetara eraman nahi luke orain.
“Prostituzioa lehenbiziko pertsonan”. Hala diozu film laburraren deskribapenean. Zer pertsonatan hitz egin ohi da gaiaz?
Nabarmendu nahi nuen, nolabait, lanean ikusten eta aditzen direnak benetako testigantza batzuetan daudela oinarrituta, fikzioa izanagatik ere. Prostituzioan ari diren emakume horiek kontatu dizkidatenak ekarri ditut filmera, eta argi utzi nahi nuen asmoa ez dela beste norbaiten izenean hitz egitea, inola ere ez.
Nola hasi zenuen proiektua?
Bestela bezala murgildu nintzen bidaia honetan, nahi gabe edo, orain dela zortzi bat urte. Ikus-entzunezkoetan aritu izan naiz beti, eta iritsi zen momentua non gogoa sentitu nuen argazkilaritza eta zinema erotikoa egiteko, genero ikuspuntuarekin betiere, aktibismo feministatik. Jardun horretan ezagutu nituenetako batzuk prostitutak ziren, beren buruak iragartzeko irudiak nahi zituztenak. Sesioetan asko hitz egiten genuen, eta, hara! Kontua da grinez sentitu nuela merezi zuela haiek kontatzen zizkidatenak jende gehiagorengana eramatea. Bozgorailu izatea, alegia.
Zehazki, zer gairi buruz interesatzen zitzaizun aritzea haiekin?
Inprobisazioaren zalea naiz, eta, galderak zehazki prestaturik eraman bainoago, nahiago izaten nuen elkarrizketak ahalik naturalenak izatea. Dena dela, beti ahalegintzen nintzen bi gaitan sakontzen. Batetik, sexualitatean. Interesatzen zitzaidan jakitea, adibidez, zer eskatzen dieten bezeroek, nola bizi duten beren sexualitatea, prostituzioan aritzeak zer eragin izaten duen beren intimitatean, gatazkatsua zaien edo aparteko bi mundutzat dauzkaten. Bezeroen soslaia zein den ere interesatzen zait, baita bezeroek nolako sexu heziketa duten ere. Bestalde, galdera asko bizitza pertsonalei buruzkoak ziren.
Zein ziren galdera horiek?
Ekonomiaz hitz egiten genuen, dituzten premiez, ametsez… Prostituzioan zergatik aritzen diren ere galdetzen nien. Ea arrazak baldintzatuta iritsi ziren horretara, identitateagatik diren hor, bestelako arrazoiengatik…
Elkarrizketatutako biren testigantzetan oinarrituta sortu dituzu filmeko bi protagonistak: Nerea eta Luz. Zer dute komun?
Elkarrizketatuak ez dira emakumeen salerosketaren biktimak. Beren kabuz erabaki dute prostituzioan aritzea, aintzat hartuta, betiere, zein diren sistema kapitalista honek ematen dituen aukerak. Edonola ere, kasu hauetan guztietan prostitutek ez dute inor atzean, beste pertsona bat ez da ari haiengan indarkeria erabiltzen, ez fisikoa, ezta psikologikoa ere, horretan aritzera behartzeko.
Aurrez ordaindutako neskak adiera erabili duzu haiek izendatzeko. Zergatik horrela?
Hain zuzen, horren inguruan galdetzen nien elkarrizketen hasieran, galdetzen nien ea nola nahi zuten izendatzea. Izu puntu batekin egiten nien galdera, hanka sartuko nuen beldur, “zer zarete?” lotsati batez. Kasu honetan, filmerako erabili ditudan testigantzak eman dizkidaten biek horrela definitu zuten bere burua.
Puta hitza iraintzat daukate?
Egia esan, nola izendatzea nahi zuten galdetu bezain laster, putak zirela esan zidaten. Ordea, hasi ziren hausnartzen, eta aitortu zidaten nahiago zutela hitz hori ez erabiltzea, adierak oso zama sozial handia duelako.
Elkarrizketetan, zerk harritu zaitu gehien?
Sexualitateari buruz halako naturaltasunez hitz egitea bera guztiz harrigarria zitzaidan. Pentsa: haiekin sexuaz hitz egitea guztiz konpara liteke zerbitzari batekin kafeaz hitz egitearekin. Begiak ireki zizkidan. Uste dezakezu pentsaera irekia duzula, eta gero ohartzen zara ez zarela hain horrelakoa. Testigantzak aditzean, denetarik sentitu izan dut. Egin dut negar, egin dut irri, eta pasarte batzuek hainbeste harritu naute, ezen shock egoeran izan bainaiz hainbat egunez.
Egiazko testigantzak erabili dituzu gidoiak idazteko, baina bi aktore pantailaratu. Zergatik?
Erabakia guztiz baldintzatua izan da; egoerak hala behartuta egin genuen horrela, alegia. Elkarrizketatu nituenetatik, oso gutxi zeuden prest aurpegiera erakusteko edo ahotsa jartzeko.
Fikzioaren eta errealitatearen artean ibili beharrak ekarri al dizu aparteko buruhausterik?
Fikzioa egiten duzunean, ate bat irekitzen duzu, joko zelai batean sartzen zara, eta, horretan, milaka gauza gerta daitezke. Nik, adibidez, bide hori hartu izana aprobetxatu nahi izan dut jendearen iruditeriari dei egiteko, nolabait erakusteko zer kontraste dagoen errealitatearen eta gure ideien artean. Interesgarria izan da.
Nolakoa da iruditeria hori?
Batik bat, filmetan ikusi dugunagatik, imajinatzen dugu prostitutak kolore gorriz argiztatutako klubetan aritzen direla, lokal hortera eta distiratsuetan. Ideia horrek apenas duen ikustekorik errealitatearekin, baina, hain justu horregatik, jendea ohartu dadin, aktoreak horrelako tokitan ageri dira eszena batzuetan.
Joera dago prostituzioan aritzen diren andreak kolektibo homogeneo gisara ikusteko?
Bai, eta arriskutsua da. Gero, ordea, konturatzen zara dena ez dela zuria edo beltza. Batetik, eraitsi egiten da batzuetan izan dezakezun irudi idealizatu hori, guztiak ez baitira emakume ahaldunduak. Era berean, baina, ikusten duzu denak ez direla biktimak. Askotariko kasuak daude.
Prostituzioaren auzia arantzatsua da, eta abolizionisten eta jarduna erregularizatzearen aldekoen eztabaida oso bizirik da, baita feminismo barrenean ere.
Egia esateko, hain justu hori da gehien kezkatzen nauena, jendeak nola hartuko duen hau. Berriz diot: niri izugarri kostatzen zait auzi honetan jarrera bat hartzea. Oso gai konplikatua da, milaka errealitate daude, eta ezinezkoa zait epai irmo bat ematea; ez dut hori egiteko inolako asmorik.
Zer eragin nahi diozu ikusleari?
Ez dut nahi jendea erabaki batekin ateratzea aretotik. Gustatuko litzaidake aletxo bat jartzea eztabaidarako. Ikerlari baten artikulua irakurtzea, emakumeen salerosketaren biktima den pertsona baten testigantzak aditzea, prostituzioan aritzen den andre batek bere lan baldintzak duindu daitezela eskatzeko kontatzen dituenak entzutea; guztia da aberasgarri, eta nik ekarpena egin nahi dut, hitza emanez.