Asteko Gaiak

Errimaren taldekako jokoa

Nafarroako bertsolaritza sustatzeko xedez antolatu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak, lehenengoz, Bardoak taldekako bertsolari txapelketa. 2012an abian jarritako lehiaketaren emaitza "oso ona" izan zela ebatzita, aurten ere esperientzia errepikatzea erabaki dute. Bardoak-en bitartez bestelako txapelketetan parte hartzen ez duten bertsolariek parte hartzea lortu dute, batez ere. Tamaina txikiko bertso saioak izaten dira, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko tentsio unerik gabekoak. Orotara, hamasei taldetan banatutako 110 lagunek parte hartuko dute. Horietatik hirurogehi bertsolariak izango dira, eta gainontzekoak aurkezleak, ordezkariak eta gai-jartzaileak. Lehia gaur hasiko da, iluntzean, eta Lesakan, Arbizun, Zubietan eta Erratzun izango dira saioak. Bardoak-en bigarren edizioan ere errimarekin eta gaiekin asmatzen duen taldea izango da garaile.

Beharrak aginduta jarri zuen martxan Nafarroako Bertsozale Elkarteak Bardoak txapelketa. "Gure artean bazegoen kezka urtero-urtero Nafarroako Bertsolari Txapelketa egitea ez ote zen nekagarria izango", aitortu du Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak. Izan ere, 2012 arte, urtero egiten zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Hausnarketa prozesu baten ostean, txapelketa nagusia bi urtean behin egitea erabaki zuten. "Azkenean, taldekako txapelketaren aldeko apustua egitea erabaki genuen", azaldu du Rekondok. Apustuaren emaitzak onak dira, eta beste bertso elkarte batzuek ere eredu bertsuaren aldeko hautua egin dute, Arabakoak esaterako.

Erronka handia izan da taldekako bertso txapelketa, baina Rekondo ziur da bete-betean asmatu dutela. Izan ere, saioak tamaina txikikoak izaten direnez, bertsolariek ez dute euren burua horren "estututa" ikusten. Gainera, elkarteak bertso zaletasuna sustatzea du xede nagusi. Kontuan izan behar da Nafarroan euskarak zein egoera duen eta horrek bertsolaritzan eragin zuzena duela. Dena den, azken urteetan, herrialdean errimen jokoak duen egoera hobetzen ari delakoan dago Rekondo.

Bardoak-en parte hartuko duten taldeak oso aniztunak dira. Bertsolariez gain, kideetako batzuek ordezkari lana edota gai-jartzaile lana egiten dute. Beraz, bertsogintzan behar diren bestelako eragileak ere presente izango dira taldekako lehian. Alde horretatik, ohiko txapelketak ematen ez dituen aukerak ematen ditu taldekakoak.

Lehen taldekako txapelketak bere fruituak eman zituen, eta bigarren edizioak bide bertsutik joko duela irizten dio Rekondok. Izan ere, 2012an Bardoak-en parte hartu zuten lau bertsolarik Nafarroako Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuten lehenengoz, eta batek finalera iristea erdietsi zuen, Eneko Fernandezek, hain zuzen ere.

Gainera, gero eta gehiago hasten dira 18 urte beteta bertso eskolan. Esaterako, Iruñeko Hizkuntza Eskolan halako lagunak biltzen dituen bertso eskola dago. Hainbat kide euskaldun berriak dira, gainera. Bertsoaren afizioak Nafarroan goranzko joera nabarmena duen arren, Rekondo kezkatuta dago Nafarroako Gobernuak duen jarrera dela eta. Izan ere, gero eta murritzagoa da hezkuntza arautuan bertsolaritza eskolak emateko Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ematen duen diru saila. Nafarroako Bertsozale Elkarteko buruak ohartarazi duenez, litekeena da heldu den ikasturtean kolokan egotea hezkuntza arautuan bertsolaritza eskolak emateko aukera. Dena den, oraindik egoera bideratzeko aukera izatea espero du.

Txapelketa luzea

Txapelketa gaur arratsaldean hasiko da, eta lau saio izango dira: Lesakan, Zubietan, Erratzun eta Arbizun. Asmoa tamaina txikiko saioak egitea denez, antolatzaileek areto txikien aldeko hautua egin dute. "Kontuan izan behar da askok lehenengoz abestuko dutela publiko aurrean, eta areto txikiek ez dute horrenbesteko errespeturik eragiten", azaldu du Rekondok. Denera, 23 saio izango dira. 2012an bezala, talde lana izango da txapelketaren oinarria. Gutxienez bost kide ditu talde bakoitzak: hiru bertsolari, gai-jartzailea, aurkezlea eta ordezkaria.

Txapelketak hainbat fase ditu. Lehen fasean, sei ligaxkatan banatuta daude hamasei taldeak. Bigarren fasea, berriz, sei taldek jokatuko dute. Talde horien artean, sailkapenean lehen hiru postuak erdiesten dituztenak iritsiko dira final nagusira: apirilaren 12an jokatuko da, Lesakako pilotalekuan.

Azken saioa, finala alegia, arratsaldez izango da, baina egun osoko festa eguna antolatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. "Azken urteotan, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala bertsolaritzaren eta euskal kulturaren ezinbesteko ekitaldi bilakatu da, eta Leitzan lehen edizioan gertatu bezala, Bardoak taldekako txapelketako 2014ko final hau ere lehiaz haratago dagoen bertsolaritzaren festa handia izatea nahi dugu", jakinarazi du Rekondok. Beraz, apirilaren 12rako egitarauaren berri eman ez duten arren, egun osoz izango da zertaz gozatu eta zer ikusi.

Duela bi urteko esperientzian, taldeen arteko harremana eta giroa nabarmendu ziren. Gainera, bertsolaritza sarritan iristen ez den tokietara iristea ere erdietsi zen. Orain ere, bide horri jarraituko diote. Gainera, abenduan izan zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiak bertsozaleengan eragin zuen olatuaren ubera profitatzeko parada izango da Nafarroan ere.

@sarean

Bertsolaritzaren inguruko gaiak lantzen dituzten hainbat webgune daude.

www.bertsozale.com/eu. Bardoak txapelketako saioen bideoak eta albisteak aurki daitezke, besteak beste.

www.bertsoa.com. Bertsolaritzaren plaza digitala da atari hau. Hainbat baliabide eskaintzen ditu.

Arabako kuadrillen arteko bertso saioak hasi dira

Joan den asteburuan hasi ziren Arabako kuadrillen arteko bertso saioak. Aurten, taldeen artean ez da lehiarik izango, lagunarteko formatuaren aldeko hautua egin baitute antolatzaileek. Hain justu, bat-bateko modalitatean arituko diren hamabost taldeak...

“Niretzat erronka pertsonala izanen da Bardoak txapelketan parte hartzea”

Barañaingo taldearekin arituko da bertsotan Lizar Aleman (Artika, 1986). Hasiera batean aurkezlea izango zela aurreikusia bazegoen ere, jakinarazi du bertsolari gisa parte hartuko duela. Hasi berria da bertsotan hura ere. Dena den, aitortu du lehian garaile izatea ez dela garrantzitsua berarentzat.

Aurten parte hartuko duzu Bardoak-en lehenengoz. Aurreko edizioko saioren bat ikusteko aukerarik izan zenuen?

Bai, ikusi nuen duela bi urteko saioren bat. Gainera, bertso eskolako lagun batek parte hartu zuen, eta haren saioak ikusi nituen.

Zer iruditu zitzaizun ikusle gisa edizio hura?

Niri oso txapelketa egokia iruditu zitzaidan. Lehenengo aldia zen taldekako bertsolari txapelketa bat ikusten nuena. Lehen esan dudan bezala, bertso eskolako kide batek parte hartu zuen, eta polita iruditu zitzaidan. Molde horretako lehiak ez dira orain arte batere ohikoak izan.

Bertsolaritza sustatzeko modu bat izan daitekeela uste duzu?

Bai. Azken finean, parte hartzeko nahikoa da bertsotan egitea. Ez dute maila jakin bat eskatzen. Horrek bertsozaletasuna sustatzen duela uste dut.

Nola bizi duzu lehenengo parte hartzea?

Niretzat Bardoak-en parte hartzea erronka pertsonala izanen da. Gehiegi pentsatu gabe erabaki nuen parte hartzea. Hala ere, ez naiz damutu.

“Zaila da guk proiekturen bat aurkeztu ahal izatea”

Udalbiltzak martxan jarriak dituen hiru laguntza programetakoren batean parte hartzea zaila iruditzen zaiola aitortu du Elena Calvo Burgiko alkateak (Burgi, 1979). Hala ere, martxo amaiera arteko epean proiekturen bat aurkezten saiatuko direla jakinarazi du.

Zer iritzi duzu Pirinioetako egoera zaila dela-eta Udalbiltzak abian jarri duen ekinbideaz?

Nik uste dut oso proiektu ona dela. Ez dago diru asko proiektuak gauzatzeko, baina hobe da gutxi batere ez baino. Programak aztertzen ari gara, baina orain nahiko zaila ikusten dut proiekturen bat aurkeztu ahal izatea. Hala ere, saiatuko gara zerbait egiten. Gainera, kontuan izan behar da Nafarroako Pirinioetako herriak oso txikiak direla eta biztanleria nahiko zaharra dela. Hala ere, aurrera egiteko gogoz gaude.

Nolakoa da Burgiko egoera?

Burgi oso herri txikia da. Lanpostu gutxi dago. Horren eraginez, gazteak ez dira herrian gelditzen, eta Iruñera joaten dira, han topatzen dutelako lana. Horrez gain, herrian bizi direnen batez besteko adina oso altua da. Aurrera egin ahal izateko, lanpostuak behar ditugu. Batez ere, lana da behar duguna.

Zenbat lagun bizi zarete Burgin?

Astez, 140 lagun inguru bizi gara herrian. Asteburuetan, 200 inguru izatera iristen gara. Hala ere, egia da gazteak izugarri etortzen direla larunbat eta igandetan, lagun kuadrilla hemen dutelako. Herriko biztanleria apenas hazten den; beheranzko joera du, batez ere.

Udalbiltzak, proiektu berriaren bitartez, Pirinioen bi aldeetako harremanak sustatu nahi ditu.

Niri helburu hori oso garrantzitsua iruditzen zait. Hala ere, Burgiko herritarrok ez dugu ia harremanik Pirinioen beste aldeko herritarrekin. Muga oraindik oso sendoa da. Akaso, Zaraitzu eta Aezkoakoek harreman handiagoa dute, historikoki ere hala izan delako. Apurka-apurka harreman horiek indartu behar direla iruditzen zait; aurrerantzean alor horretan lanean jarraitu nahi dugu Pirinioetako gainontzeko herriekin.

Herrietako biztanle galeraz ohartarazi du Gaindegiak

Euskal Herrian, 1.000 biztanle baino gutxiago dituzten 409 herri daude, eta horietatik 21 desagertzeko arriskuan. Imanol Esnaola Gaindegiako idazkariaren arabera, Estellerriko ekialdean eta mendebaldean, Auñamendin, Erronkari-Zaraitzun, Zangozerrian eta Bidasoa Garaian daude herri horietako gehienak.

“Baikorra da elkarrekin buru egitea gure nekeziari”

Garazi-Baigorriko herri elkargoko presidente eta Azkarateko auzapeza jadanik Udalbiltzako kide zen 2000. urtean. Orain ere, beti prest da Jean Michel Galant orduko esperientziak sortu zailtasunak gainditzeko.Laguntza honek zer ekartzen ahal dio lurral...

@sarean

udalbiltza.info. Udalbiltzaren web gune ofiziala. Deialdiaz jakin beharrekoak hor daude. Irizpide zehatzak, baita lehiaketarako kontaktu eta datuak.

udalbiltza.info/eu/euskal-herriari-begira/pirinioak.103 udalerrietako datuak, mapak edota grafikoak daude, eta herrien arteko aldeak.