Asteko Gaiak

Oinarrizko eskubideak jokoan

Iparraldeak hegoaldearekin duen ardura aldarrikatu zuen joan den astean GGKE Garaperako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Nafarroako Koordinakundeko kideek Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian. Nafarroako Gobernuak ardura hori ere bere gain hartu beharra daukala ohartarazi zuten koordinakundeko kideek. Izan ere, nabarmen urritu da hirurogei bat taldek osatzen duten koordinakunde horretara bideratzen duen dirua. 2007tik hegoaldeko herrialdeetan lan egiten duten erakundeek jasotzen duten aurrekontua ia %88 murriztu da.

Duela hamabost urte inguru sortu zen GGKE-en Nafarroako Koordinakundea. "Kooperazioaren eremuan nora joan nahi dugun hausnartzeko elkargunea da koordinakundea", jakinarazi du Mariaje Uizi taldeko idazkari teknikoak. Orotara, hirurogei bat GGKE daude taldean, eta gehienek atzerrian lan egiten dute. Hamabost urte horietan, dozenaka proiektu jarri dituzte martxan atzerrian. Horiek abiatu ahal izateko ezinbestekoa izan da finantzaketa.

Patricia Ruiz ere koordinakundeko kidea da. Azaldu duenez, erakunde publikoen finantzaketarekiko duen menpekotasuna da kooperazioaren arazorik handiena. "Finantzaketa hori bat-batean murriztu da, eta horrek dozenaka proiektu arriskuan jarri ditu. Asko desagertzear daude, eta beste asko desagertu egin dira". Hala ere, Ruizek ohartarazi duenez, Nafarroako Gobernuak kooperaziora bideratutako diru sailetan egin duen murrizketa ez du egin bestelako sailetan. "Jakin badakigu krisi ekonomikoan gaudela, baina alor sozialean egin behar den inbertsioa ezin da murriztu", aldarrikatu du.

Urtetik urtera, Nafarroako Gobernuak kooperazioari eman dion zenbatekoa begiratu besterik ez dago murrizketa zenbatekoa izan den ohartzeko. Izan ere, 2007an —krisi ekonomikoa hasi aurretik— aurrekontuetako 22 milioi bideratu zituen hegoaldeko herrialdeen garapenerako. Aurten, aldiz, 5,5 milioi euro besterik ez. Azkenaldian, izugarri handitu dira txiroak artatzeko ezintasuna duten elkarteen mezu larriak. Esaterako, Iruñeko eta Tuterako Caritasek jakinarazi zuen joan den astean azkenaldian euren bulegoetara laguntza eske jotzen dutenen kopurua izugarri handitu dela eta igoera horri ezingo diotela modu egokian erantzun.

Errealitate horrek asko kezkatzen du GGKE-en Nafarroako Koordinakundea ere. "Eremu politikoan askotan aurrez aurre jarri dira hemengo txiroak eta atzerriko txiroak. Ez koordinakundeak soilik, baizik eta Eragile Sozialen Plataformako kideek ere horren aurka egin dute", dio Ruizek. Oinarrizko eskubideak ukatzen zaizkien lagunak artatzeko eskubidea jokoan dagoela ohartarazi du. "Azken finean, garapenerako erakundeek ez dute dirua kendu nahi, hemen guztiak norabide berean ari gara lanean: hemengoen eta hangoen alde", azaldu du Uizik.

Alor horretan, argi du globalizazioak zerikusi handia duela. "Hemen egiten dugunak atzerrian ere eragin zuzena du". Ildo beretik mintzatu da Amaia Leranoz Bakearen Aldeko Lankidetza Batzordeko kidea ere. "Hemengo politika sozialen diru saila ez da handitu, eta, beraz, atzerrirako laguntza programetan ere murriztu egin da". Horrek kinka larrian jarri ditu hainbat proiektu.

Leranozek berak ohartarazi duenez, atzerrian abian jartzen diren proiektuak ez dira urtebeteko proiektuak izaten, epe luzekoak baizik. Estrategia batzuk jarraitzen dituzte aurrez zehaztutako helburuak lortu ahal izateko. Hala, sarritan proiektuak Euskal Herrian zehaztu arren, atzerriko elkarte zein erakunde publikoekin abiatutako elkarlanaren bidez gauzatzen dituzte. "Diru laguntzen jaitsiera horren zorrotza izan denez, proiektu asko erdibidean gelditu dira". Heldu den urterako aurreikuspenak ere ez dira batere onak. Oraindik, Nafarroako Gobernuak ez du zehaztu zenbat bideratuko duen GGKE-etara. "Oso ataka estuan gaude; ez dugu planifikatzeko aukerarik", dio Leranozek.

Nafarroako Gobernuak kooperazioaren eremuan egindako murrizketen eraginez bertan behera gelditu den proiektuetako bat Tanzanian ugalketa eta sexu osasunaren inguruan martxan zegoena da. "Amaitu gabeko prozesuak dira, eta ikusiko dugu berriz heltzeko aukera izango dugun ala ez", esan du Ruizek. Nafarroako Gobernuari hegoaldeko herrialdeekin duen konpromisoari berriz heldu eta GGKE-etara bideratzen duen diru saila handitzeko eskatu diote, "jokoan giza eskubideak daudelako".

“Caritasek duen independentziari esker egin du egin ahal izan duena”

Laguntza eskariari behar bezala erantzuteko arazoak dituztela ohartarazi du Angel Iriarte Iruñeko eta Tuterako Caritasen gotzain ordezkariak (Iruñea, 1960). Nafarroako Gobernuak martxan jarri duen Gizarte Konprometitua zigiluari uko egin dio Caritasek, ez dagoelako prest erakunde gisa duen "independentziari" uko egiteko. Erabaki horrek eragin ditzakeen arriskuez jakitun direla aitortu du Iriartek.

Zuen laguntza eskatzen duten lagun guztiei artapena emateko arazoak dituzuela azaldu duzue.

Horrela da. Eskariari erantzun ahal izateko mugan gaudela esan genezake. Azken urte eta erdian izugarri handitu da beharrean dagoen lagun kopurua Nafarroan. Horregatik, gero eta gehiago dira gurera laguntza eske etortzen direnak. Diru gehien etxebizitza arazoak ebazteko ematen dugu. Horrez gain, elikadura arazoak ebazteko egiten dugun gastua ere nabarmena da.

Gutxi gorabehera zenbat lagun artatzen dituzue?

2013ko lehenengo bederatzi hilabeteetan, Tuterako eta Iruñeko Caritasen bulegoetan 6.387 familia artatu ditugu. Zenbateko horri elizetan artatzen diren familia kopurua gehitu behar zaio. Iaz epe berean baino 1.000 familia gehiago artatu ditugu aurten.

Azkenaldian krisi ekonomikoaren amaiera iragartzen duten lehenengo argi izpiak atzeman daitezkeela ohartarazi dute zenbait politikarik.

Nik beti esaten dut zifra makroekonomikoak ez ditugula ulertzen. Guk kalean gertatzen denaren inguruan dakigu gehien. Hemen, Nafarroan, azken urte eta erdia oso gogorra izaten ari da, eta argi izpi horiek ez ditugu ikusi ere egin. Beharrean dagoen jende mordoa dago, tamalez.

Nola finantzatzen dituzue zuen proiektuak?

Administrazio publikoetatik jasotzen dugun diru laguntza hutsala da. Bazkide, emaile eta elizetan egiten den diru bilketen bitartez finantzatzen da gehienbat Caritas. Baina inoiz ez gara bizi izan administrazio publikotik. Caritasen finantzaketa beti oinarritu izan da iturri pribatuetan.

Nafarroako Gobernuak Gizarte Konprometitua zigilua jarri du martxan. Zuek zigilu horren aurka azaldu zarete. Zer dela eta?

Nolabait esatearren, Gizarte Konprometitua zigiluak bi aurpegi ditu. Alde batetik, gobernuak dio gobernuz kanpoko erakundeei diru ekarpenak egiten dizkieten herritarrek %40ko onura fiskalak izango dituztela. Zigiluaren bitartez, gobernuak proiektuen eraginkortasuna eta gardentasuna bermatu nahi ditu. Bestetik, zigilua jaso ahal izateko administrazio publikoaren nahiak betetzea ezinbestekoa da. Hau da, gobernuak esandako eremuak lantzen diren proiektuak aurkeztu behar dira, berak nahi duen moduan. Horren ostean, gobernuak onartu egin behar du proiektu hori. Behin proiektua gauzatuta, memoria bat aurkeztu behar da administrazioak bere oniritzia eman dezan. Lehen esan dudan bezala, Caritas beti diru publikorik gabe finantzatu da. Erakunde gisa duen independentziari esker egin du egin ahal izan duena. Independentziari uko eginez gero, ezingo genuke orain egiten ari garena egin.

Zigiluari uko egin izanak kalterik eragingo dizuela uste duzu?

Gure aldetik apustu arriskutsua egin dugulakoan nago. Caritasen ekarpenak egiten dituztenekin fedea daukagu, eta gure erabakia ulertuko dutelakoan gaude. Bizitza honetan, norberak bere ideiekin kontsekuente izan behar du. Ez diegu erakunde hau hamarkadaz hamarkadaz bizirik mantendu duten ideiei uko egin nahi inola ere.

Gobernuarekin biltzeko aukerarik izan duzue?

Gizarte Konprometitua zigilua martxan jarri aurretik, bilera ugari izan ditugu. Baina beti horma handi baten aurka egin dugu talka. Guk egindako iradokizun bakar bat ere ez dute aintzat hartu. Berriz diot ez dugula zigilua jasotzeko eskaera egingo. Gainera, zigilua emateko lehenik eskaera egin behar da, eta ez dugu eskaera egiteko inolako asmorik. Jakin badakit joan den astean zigiluak banatzen hasi zirela. Baina gure identitatearen aurka egitea dela iruditzen zaigu.

Krisi ekonomikoaren ondorioetatik zer ebatzi duzue?

Nik uste krisi ekonomikoaren eraginez etorkizuneko gizartea deskribatuko duten faktoreak daudela jokoan. Krisi garaian oso zaila da talde bakoitzak duen filosofia mantentzea. Baina argi dago norberaren iritziak ez badira mantentzen etorkizunean topo egingo dugun gizarteak egun herritarrok nahi dugunarekin zer ikusteko gutxi izango duela. Nik herritarrei ideiei eusteko deia egingo nieke.

Gurutze Gorriak ehun askari banatzen ditu egunero

2013-2014ko ikasturtea hastearekin batera eta joan den apirilean ekindako bideari jarraituz, Nafarroako Gurutze Gorriak egunean ehun askari banatzen ditu haur desabantailatuen artean. Oraingoz, askaria Burlata, Iruñe, Tutera eta Cascanteko ehun haurri ematen diete. Zerbitzua astelehenetik ostegunera soilik eskaintzen dute 6 eta 12 urte bitarteko haurren artean. Gurutze Gorriak jakinarazi duenez, arazo ekonomikoak dituzten familietako haurren artean elikadura osasuntsua sustatu nahi dute. Horrez gain, gurasoei lana aurkitzeko laguntza berezia eskaintzen die erakundeak. Hala, familiaren zaintza eta lan bilaketa uztartzeko aukera ematen die, besteak beste.

@sarean

Gizakien oinarrizko eskubideen alde lan egiten duten dozenaka erakunde daude Nafarroan, tartean honako bi hauek:

www.congdnavarra.org.Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Nafarroako Koordinakundeko webgunea.

www.caritaspamplona.org.Tutera eta Iruñeko Caritasen webgunea.

“Lau elorri beltz mota dira gehien erabiltzen direnak”

Elorri beltza basoko zuhaixka da. Hortik sortzen dira patxarana egiteko beharrezkoak diren basaranak. Horiek betidanik mendian bildu dira, baina 1980ko hamarkadatik aurrera patxarana ekoizten zuten enpresek Europako ekialdeko herrialdeetara jo zuten basaran bila. Egoera hori iraultzeko, 1992an elorri beltza landatzeko frogak egiten hasi ziren. Proiektu hori Nafarroako Patxarana Arautzeko Kontseilua eta egungo INTIA Nekazaritza Elikagaien Teknologia eta Azpiegituren Nafarroako Institutuaren artean eraman zuten aurrera. Prozesu horretan Alvaro Benito INTIAko Fruitu Hazkuntzaren Unitateko teknikariak (Sartaguda, 1958) parte hartu zuen.

Zein elorri beltz mota daude Nafarroan?

Basoko elorri beltz mota ugari daude, baina Nafarroan soilik sei mota landatzen dira, eta horietatik lau dira gehien landatuak. Elorri beltz motak Nafarroako Patxarana Arautzeko Kontseiluak arautzen ditu. Gehien erabiltzen diren motak 1, 4, 6 eta Villar dira.

Zergatik aukeratu zenituzten elorri beltz mota horiek?

Nafarroako Patxarana Arautzeko Kontseiluak eta orduko Nekazaritza Kudeaketaren Nafarroako Institutuak —gaur egun INTIA— elkarlanean egindako lanarekin aukeratu genituen mota horiek. Prunus spinosa-ren etxekotzea deitu zen proiektua, eta hiru atal zituen. Lehenengo eta behin, Nafarroa osoa zeharkatu genuen aldaera interesgarrienen bila. Behin lan hori eginda, Sartagudan landatu genituen aukeratutakoak. Bukatzeko, mota ezberdinen garapena aztertu, eta lau onenak aukeratu genituen.

Nola lortu zenuten basoko zuhaixka zena modu industrialean landatzeko produktu bilakatzea?

Landareak ugaltzeko hainbat teknika daude. Adibidez, in vitro laborantza edo biderketa begetatiboa. Teknika hori landare baten zatietatik beste landare batzuk sortzean datza. Baina teknika zaila eta garestia da hori. Horregatik, patroiekin lan egitea erabaki genuen. Teknika horren bidez ugaldu nahi den landarearen sustrai nagusia landatzen den beste landare bati txertatuz lortzen da. Elorri beltzaren kasuan, Mirabolan aranondoarekin txertatu da.

Zer gaixotasun eta izurri paira ditzake elorri beltzak?

Gaixotasunei dagokienez, elorri beltzak jasaten duen gaixotasun nagusia Taphrina deformans edo maspildura onddoa da. Gaixotasun horrek fruituak deformatu eta erorarazten dizkio landareari. Onddoari aurre egiteko nekazariek baimendutako fungizidak erabiltzen dituzte loratzearen ostean, hau da, apiril eta maiatz artean. Izurrite nagusiak, ordea, hiru dira: landare zorriak, armiarma txikiak eta harrak. Oro har, kontrolatuta daude arazo horiek, baina urtero suertatzen da arazoren bat nekazari batekin edo bestearekin.

Patxarana nazioarteko koktel sariketetan lehiatzen ari da

Astelehenean hasi zen Nazioarteko XVII. Koktel Lehiaketa Panamerikarra, Puerto Ricon, eta gaur bukatuko da. Lehiaketan hamabost herrialdetako partaideak izan dira, eta bost mailatan lehiatu dira. Horrez gain, mintegiak eta beste hainbat ekinbide egin dituzte. Parte hartzen ari den euskal herritar bakarra Iñigo Cochero Ataun Nafarroako Barmanen Elkarteko kidea da. Lehiaketan herrialde bakoitzak likore bat aurkeztu behar du, eta horrekin hainbat konbinatu egin behar ditu. Cocherok patxarana aurkeztu du likore moduan, eta edari horrekin egindako hainbat koktel erakutsi ditu, besteak beste, mojitoa eta butanitoa —patxarana, laranja freskagarriarekin nahastua—.

@sarean

Patxaranarekin lotura duten Interneteko hainbat helbide.

www.pacharannavarro.org. Nafarroako Patxarana Arautzeko Kontseilua.

www.pacharanzoco.es. Zoco patxaran enpresa. Zocok bere upategietan bisita gidatuak antolatzen ditu, eta dastatze eta koktel tailerrak ere egiten ditu.

Botika zaharra, modako edari

Patxaranak mendeetako historia luzea du. Basaranez egindako pattarra Erdi Aroan asmatu zen, eta XXI. mendean bizirik jarraitzen du, etengabeko garapenean. Azken urteetan, patxaranaren kontsumoa murriztu egin da. Egoera hori irauli nahian dabiltza hain...

@sarean

Ludopatiarekin lotutako webguneak.

www.asociacionludopatasdenavarra.es. Aralar Nafarroako Ludopaten Elkartearen webgunea.

http://ohiturenberriketan.blogspot.com.es/. Ludopatiaren inguruko informazioa euskaraz lantzen da blog honetan.