Botika zaharra, modako edari

Patxaranak mendeetako historia luzea du. Basaranez egindako pattarra Erdi Aroan asmatu zen, eta XXI. mendean bizirik jarraitzen du, etengabeko garapenean. Azken urteetan, patxaranaren kontsumoa murriztu egin da. Egoera hori irauli nahian dabiltza hainbat ekoizle eta tabernari. Patxaranaren inguruko kultura berri bat garatzeaz gain, beste herrialde eta kontinente batzuetara jauzia egiteko prestatzen ari dira ekoizleak. Baina jauzi hori egitea nahiko zaila ikusten du Mikel Berraondo Nafarroako Patxarana Arautzeko Kontseiluko idazkariak. “Oso edari kulturala da patxarana, beste herrialdeetan badituzte antzekoak diren euren edari propioak, baina horretan gabiltza”. Nazioartean euskal komunitateak bizi diren herrialdeetan dago zabalduta gehienbat.

Patxaranaren existentziaren lehen lekukotasuna 1441ekoa da. Nafarroako erregina Blanca I.ak patxarana eskatu zuen Santa Maria la Real de Nievako monasterioan (Segovia, Espainia) zegoela. Garai hartan, patxaranak ez zuen gaur egun duen erabilera. Blanca I.a erreginak sabeleko mina baretzeko botika gisa hartu zuen patxarana. Erabilera horrek XIX. mendera arte iraun zuen, jendea patxarana edaten hasi zen arte. Jada ez da botika moduan erabiltzen, baina patxarana bazkalondoan kontsumitzen da gehienbat, digestioa egiten laguntzeko.

“Mendeetan, etxeko ekoizpenerako produktua izan da patxarana”, dio Berraondok. Baina XX. mendean, azoketan ere saltzen hasi ziren. Produktuak arrakasta handia izan zuen, eta 1956an lehen patxaran enpresa sortu zen. Baina basaranak basoan eta larreetan hazten dira, elorri beltzetan. Hori arazo bat da ekoizleentzat, ez baitezakete ekoizpena kontrolatu. Arazo horri aurre egiteko, elorri beltzak landatzeko lehen saioak egin zituzten 1992an.

Basotik etxera

Nafarroako Patxarana Arautzeko Kontseilua 1988an sortu zen, laborantza, ekoizpena eta patxaranaren kalitatea arautzeko. Gaur egun, zortzi ekoizlek osatzen dute kontseilua. Haien helburua Nafarroako patxarana %100 Nafarroan egitea da. Horregatik bultzatu zituen kontseiluak elorri beltzaren ikerketak. “1970eko hamarkadako nekazaritzaren krisiak herriak hustu zituen, eta ordurako ez zituen ia inork basaranak biltzen”, dio Adrian Subio Zoco patxaran ekoizleak. Orduan, ekoizleak basaranak kanpotik ekartzen hasi ziren. Gaur egun, Nafarroako patxaran asko Bulgaria eta Errumaniako basaranekin egiten dela azaldu du Subiok. Arautze Kontseilua eta garai hartako Nekazaritza Kudeaketaren Nafarroako Institutua elorri beltza landatzeko probak egiten hasi ziren, eta 1997an lortu zuten lehen landaketak martxan jartzea. Berraondoren arabera, gaur egun 35 nekazarik landatzen dituzte elorri beltzak Nafarroan. Orotara, 140 hektarea daude basaranak ekoizteko. Lur gehienak Lizarraldean daude. “Hasieran, zaila izan zen nekazariak konbentzitzea. Inork ez zekien basaranak irabaziak emango zituen ala ez”, dio Subiok. Nekazaritza produktuek merkatuaren araberako prezioa izaten dute. Baina patxaranaren kasuan, ekoizleek lehenagotik negoziatzen dute prezioa nekazariekin. Horrela, prezioa mantentzen da. Akordio horrek eragiten du patxaranaren prezioa urtetik urtera antzeko mantentzea.

“Gizartean kontsumo ohiturak aldatu dira hainbat arrazoirengatik; besteak beste, alkoholaren aurkako kanpainak eta tabernetan erretzeko debekuak eragin handia izan dute. Bazkalondoa luzatzeko ohitura gutxituz doa, eta orduan kontsumitzen da patxarana gehien”, azaldu du Berraondok. Egoera hori iraultzeko, patxarana kontsumitzeko bide berriak irekitzen ari dira. Duela hiru urte, Nafarroako Patxaranez Egindako I. Koktel Lehiaketa egin zen. Koktel irabazlea patxaranez egindako mojitoa izan zen. Betiko eran edo konbinatuta, patxaranak bizirik jarraitzeko garatu beharra du. Etxeko botika zenak modako pub eta tabernetan bere lekua aldarrikatzen du orain.