Asteko Gaiak

Gorrentzat egokitutako bisita egingo dute Ataunera

Asorna Nafarroako Pertsona Gorren Elkarteak gorrentzat egokitutako bisitabat antolatu du Ataungo (Gipuzkoa) Uribitarte sagardotegira heldu den urriaren 6an. Iruñeko Donibane auzoan duten egoitzatik irtengo da autobusa 10:30ean. Besteak beste, sagarrak nola biltzen diren eta sagardoa nola egiten den gertutik ikusteko aukera izango dute bisitara joaten direnek. Azalpenak hitzez zein keinu hizkuntza bidez eskainiko dituzte. Gainera, nahi duenak sagardo egin berria probatu ahal izango du. Horrez gain, sagardotegiko menuaz gozatzeko aukera ere izango da. Bazkalostean itzuliko dira Iruñera. Izena astelehena baino lehen eman behar da Asornaren egoitzara deituta.

@sarean

Nafarroan gorrekin lan egiten duten bi elkarte daude. Bakoitzak bere filosofia propioa dauka eta bere lan egiteko modua.

www.eunate.org.Entzumen Urritasuna duten Senideen Nafarroako Elkartea.

www.asorna.org.Nafarroako Pertsona Gorren Elkartea.

3Blai aisialdi programan izena emateko epea ireki dute

Gazteentzako aisialdi programa da 3Blai. Ikasturtean zehar aisialdirako talde egonkorra sortzea da ekinaldiaren helburua. Oraingoz, taldeak Aranguren ibarrean, Antsoainen, Berriozarren, Burlatan, Olatzagutian, Bakainkun, Iturmendin eta Urdiainen daude...

@sarean

Landa eremuko eskolen inguruan informazioa lantzen duten zenbait webgune.

http://www.hikhasi.com/artikulua/1937. Artikulu honetan Hik Hasi hezkuntza aldizkarian Nafarroako landa eremuko eskolen kasua lantzen du.

www.escuelarural.net .Gaiaren inguruko zenbait artikulu daude.

Txikitasunean dago aldea

Ez dira asko, baina bai nahikoak. Duela zenbait urte ixtekotan izan ziren, baina aurrera jarraitzeko moduan izan ziren. Hemeretzi ikaslek ikasten dute egun Arraiozko eskolan. Ikastetxe berezia da, landa eremuan dagoelako. Baztanen, Zugarramurdin eta Urdazubin dauden hamaika eskola txikietako bat da, hortaz, Arraiozkoa.

Bi ikasgela besterik ez daude. Junkal Iparragirre aritzen da 3 eta 6 urte arteko ikasleekin eskolaren egoitzaren goiko solairuan irakasle lanetan. Zuzendaria ere bada. Behekoan, berriz, Miren Goñi aritzen da Lehen Hezkuntzakoekin. Igandean, Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango herrietako eskolen festaren ospatuko dute seigarren aldiz Arraiozen bertan.

09:30ean hasten dute jarduna Arraiozko eskolako haurrek. Iparragirrek goxo egiten die harrera haurrei. Aurten 3 urteko bost ikasle berrik hasi dute ikasturtea; tartean, Igor eta Uxue anai-arreba bikiek. Oraindik negarti dabiltza, baina irakasleak laster goxatzen ditu. Hamahiru urte daramatza Arraiozko eskolan lanean Iparragirrek, eta agerikoa da denbora horretan pilatu duen esperientzia. Datozen urteetarako eskolaren iraupena ziurtatuta dagoela jakinarazi du pozik, herrian haurrak jaiotzen ari direlako.

Iparragirreren gelan 3 eta 6 urte bitarteko haurrek ikasten dute. Guztiak gela berean. Hiri handietako eskoletako ereduarekin alderatuta, oso ezberdina da. Adin aniztasunari onura asko ikusten dizkio Arraiozko eskolako zuzendariak. "Adin ezberdinak gela berean izatea abantaila handia da, eta hagitz egoera aberatsa da. Gehienetan, handiak eredu arrunt onak dira txikientzat, elkar imitatzen dutelako".

Hezkuntza aldetik ona den arren, noiz edo noiz zailtasunen bat ere sortzen da beste ikastetxeetan bezala. Izan ere, handiek beren handitasuna baliatzen dute txikiak mendean hartzeko. Hala ere, irakasleak, joera horren jakitun, ez ditu ikasleak bistatik galtzen.

Lehen Hezkuntzako gela eskolaren beheko solairuan dago. Duela lau urtetik hona, Goñi da irakaslea. Ikasgela bakarra duten arren, kurtso bakoitzak bere txokoa du. Azkar batean egiten du salto Goñik lehenengo mailan daudenei geometriaren inguruko zalantza bat argitzetik batuketak nola egin behar diren esplikatzera. Bera ere, eskola txiki batean ikasitakoa da, Oronozko eskolan ikasi baitzuen.

Eskolen arteko elkarlana

Hamabi urte betetzean, eskualdeko eskola txikietako haurrak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikastera Lekarozko institutura joaten dira. Gainontzeko eskoletako ikasleekin harremanak sendotzeko asmoz, asteazkenero 6 urtetik gorako ikasleak Iruritako erreboteko eskolan izaten dira, ingelesa, gorputz hezkuntza eta musika lantzeko. "Iruritan elkartzen dira hamar eskoletako lehenengo mailatik seigarren mailako ikasleak. Arrunt antolatua dago eta arrunt esperientzia aberasgarria da". Adin bereko hogei bat ikasle izaten dira gela bakoitzeko Iruritako eskolako saioetan.

Asteazkenak profitatzen dituzte eskualdeko ikasleen arteko harremanak sendotzeko. Horrez gain, irakasleak astero biltzen dira, besteak beste, ingurumenarekin lotutako gaiak proiektuen bidez lantzeko. Hala ere, hartu-eman horietan gurasoen artekoak indartzea falta zela ohartu ziren.

Horregatik, duela sei urte Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubiko eskolen festa antolatzen hasi ziren. "Irakasleak, haurrak, gurasoak denak batera egoteko modua da", dio Iparragirrek. Amaiur, Zugarramurdi, Irurita, Oronoz eta Erratzuren ondotik iritsi da Arraiozen garaia. Beste behin, igandean, txiki izatearen handitasuna aldarrikatuko dute.

Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute lasterka

Iragan urteko arrakastari esker, aurten bigarren aldiz antolatuko ditu Kotseiluak herri-lasterketak. Euskaraz bizi nahi dut dinamikaren zati dira lasterketa horiek. Euskaraz bizitzeko egindako hautu hori harrotasunez, herri-lasterketen bidez adierazi ahal izango da Euskal Herriko hainbat herritan. Maite Inda Kontseiluko Ildo Sozialeko buruak azaldu duenez, oraingoz, Nafarroan Aezkoan, Larraunen, Goizuetan, Baztanen, Bortzirietan, Iruñean eta Malerrekan izango dira. Datak eta orduak guztiz zehaztea falta da zenbait kasutan. Iruñean, hala ere, zita irailaren 28an, 11:30ean izango da, San Fermin Txiki jaiekin batera. Dagoeneko, eman daiteke izena lasterketa horretan parte hartzeko.

Euskaltegian izena ematera dei egin dute Kontseiluko eragile guztiek

Udako oporrak amaitzearekin batera, euskaltegiek ireki dute matrikulazio epea. Hilabete amaiera arte eman ahal izango da euskaltegietan izena, tartean AEK eta IKAkoetan. Matrikulazio epea irekita dagoela profitatuta, Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak erakundeko kideen izenean euskara ikasteko deia egin du."Euskaraz bizitzeko abenturari ekiteko garaia da".

Azken 40 urtean, milaka lagunek ikasi dute euskara Nafarroako euskaltegietan. Lorpen hori AEK eta IKAren ahaleginarekin lotu ditu zuzenean Bilbaok: "AEK-k eta IKAk euskararen berreskurapen-prozesuari egin dioten eta egiten dioten ekarpena zoriontzekoa da". Gainera, gizartea euskalduntzea herri mugimenduen bitartez erdietsi dela, eta ez Nafarroako Gobernuaren laguntzari esker jakinarazi du.

Izan ere, enegarrenez, Yolanda Barcina buru den gobernuaren hizkuntza politika salatu du. Izan ere, Bilbaoren irudiko, "jakina da ez Nafarroako Gobernuak, ez eta bere hizkuntz politikak ez dutela euskalduntzen laguntzen; are gehiago, gehienetan gure kontra datoz".

Helduen zein haurren euskalduntze prozesuan herrialdeko administrazioaren oztopoak hamaika dira. Esaterako, Kontseiluko kide den Sortzen-ikasbatuaz taldeak hamaika aldiz gaitzetsi du Nafarroan euskarak duen zonifikazioa. Izan ere, euskaraz ikasteko eskubideari dagokionean, lehenengo eta bigarren mailako nafarrak daudela dio. Hain justu, politika horren ondorioz, txikitan eskoletan euskara ikasi ezin duten haurrek, heldu bilakatzen direnean euskaltegietara joan behar izaten dute euskalduntzeko.

Ia urte eta erdi igaro da Kontseiluak Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean agerraldia egin zuenetik, baina ordutik apenas aldatu da egoera. Orduan Bilbaok argi esan zuen: "Nafarroako Gobernuak gutxi eta gaizki gastatzen du euskararen alde". Salatu zuen, euskarazko hedabideentzako diru laguntzak erabat desagertu zirela, euskaltegietakoak %23 murriztu... Alor horretan Bilbaok tinko adierazi zuen, Nafarroako Gobernuak euskararekin lotutako eremuetan egindako murrizketek arriskuan jartzen dituztela herritar askoren lanarekin eta ahalegin ekonomikoarekin bultzatutako mota guztietako proiektuak, tartean euskaltegienak.

Azken horientzat, aurtengo diru laguntzak aurreikusi ziren arren, oraindik ez dutela deialdirik egin jakinarazi du Joxerra Olano IKAko kideak. Hala, datozen ikasturtean zer gertatuko den ez dakite, ez baitu Nafarroako Gobernuak horren inguruan ezer ofizialik esan. Hala ere, oztopo horiek gainditu, eta orain arte bezala, Nafarroako gizartea euskalduntzeko konpromisoa agertu dute Kontseiluko bi kideek.

Eskaintza pertsonalizatua

Ikaslearen beharretara egokitutako euskara eskolak eskaintzen dituzte bai AEK-ko zein IKAko euskaltegiek. Helios del Santo AEK-ko Nafarroako koordinatzaileak jakinarazi duenez, erabileran oinarritutako metodologia dute. Hala, ikasleek ia lehen eskola egunetik hasten dira euskaraz hitz egiten, nahiz eta hitz gutxi batzuk izan. Nafarroan barrena 25 bat euskaltegi dituzte.

IKAko ikasleek ere, urri hasieran hasiko dute 2013-2014 ikasturtea. Nafarroan Atarrabian, Barañainen, Lesakan, Leitzan eta Iruñean dituzte euskaltegiak. Euskara ikasi edota hobetu nahi dutenei zuzendutako ikastaro bereziak dituzte, batzuk aurrez aurrekoak eta denboraz larriago dabilenarentzat autoikaskuntza deituriko sistema dute.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak argi du euskaraz bizi nahi duten herritarrak gero eta gehiago direla, baina euskaraz bizitzeko euskaldun gehiago behar direla ohartarazi du. Hala, AEK-ko zein IKAko euskaltegiak "leporaino" betetzeko deia egin du, azken 40 urtean nafarrak euskalduntzea lortu bada horiei esker izan delako.