Gorosti natur zientzien elkarteak 15 parke eta lorategi aukeratu ditu Nafarroako parke eta lorategien gida egiteko. Nafarroako hainbat herri eta hiritan daude parkeak, hala nola Iruñean, Lizarran eta Tafallan.
Asteko Gaiak
@sarean
Nafarroako parke eta lorategiekin zerikusia duten webguneak.
• sites.google.com/site/scngorosti/?. Gorosti natur zientzien elkartearen webgunea.
• http://www.navarra.es/. Nafarroako Gobernuaren webgunea; parke zein naturguneen informazioa dago.
Nafarroa, parkerik parke
Parkeak ez dira soilik hiriak edertzeko, beste hamaika eginkizun dituzte", dio Oscar Perezek, Gorosti natur zientzien elkarteko kideak. Azaroan, Nafarroako parke eta lorategien gida argitaratu zuten. Lau urtez aritu dira lanean Gorosti elkarteko flora ataleko sei kide. Nafarroa osoko hamabost parkeren gidak osatu dituzte, gehienak Iruñerrikoak. Egileen aburuz, "edozeinentzat" da gida. "Ez da soilik landareekiko interesa duen jendearentzat, mundu guztiarentzat da, besteak beste, parkeen ondoan bizi direnentzat eta kanpotik datorren jendearentzat", dio Perezek. Hala ere, norbaitek gida berria eskuratu nahi izanez gero apur bat itxaron beharko du. Hilabete batean ale guztiak agortu zitzaizkien. Orain, hainbat udalekin negoziatzen ari dira gida berriz argitaratzeko.
Parkeek garrantzi handia dute hirien egunerokotasunean. Gehienetan, arlo estetikoari baino ez zaio arreta jartzen, baina hori baino askoz gehiago dira. "Parkeek, besteak beste, udan hiriko tenperatura freskatu, ingurumeneko kutsadura gutxitu eta ur azpiko lurrak mantentzen laguntzen dute", azaldu du Perezek. Nafarroan ehunka parke daude, baina Gorosti elkarteko kideek hamabost aukeratu dituzte gida osatzeko. Parkeak aukeratzeko orduan, garrantzia, gertutasuna eta norberaren sentimenduak izan dira irizpide nagusiak. "Nafarroako parke guztien artean, zeintzuk jarri erabaki behar genuen; ehunka parke daude, eta egiten ari diren auzo berri guztiekin, gero eta gehiago", dio Perezek. Lantaldea osatzen duten gehienak Iruñean bizi dira, eta hori nabaritzen da gidan, hamabost parketatik gehienak Iruñean baitaude. Adibidez, Media Luna, Runa, Maiteminduak, Yamaguchi, Mendillorri eta Takonera parkeak daude gidan. Iruñetik kanpo zazpi parke daude. Hala ere, horietako hainbat Iruñerrian daude: Burlatako Uranga, Noaingo Zentzumenena, Artikako Lurrunena eta Barañaingo Lakukoa. Iruñerritik kanpoko parkeak Lizarrako Los Llanos, Tafallako Kondearen parkea eta Tuterako El Bocal dira.
Parke bakoitzeko gida bat egin dute Gorosti elkarteko kideek. Gida horietan, parke bakoitzeko mapa dago, eta horrekin batera, bertan aurki daitezkeen hainbat zuhaitz eta zuhaixkaren argazkiak eta azalpen txikiak. "Zuhaixka eta zuhaitzekin parkeekin bezala gertatu zitzaigun. Zenbat jarri behar genituen? Eta zeintzuk? Azkenean, parke bakoitzeko 24 espezie jartzea erabaki genuen. Horrela, jarri ditugun argazkiak ondo ikusten dira", azaldu du Perezek. Espezie bakoitzeko bi argazki jarri dituzte. Lehenengoan, landarea bere osotasunean agertzen da, eta bigarrenean, xehetasunen bat, hostoa edo lorea adibidez. Landare bakoitzak, argazkiarekin batera, izen zientifikoa eta izen arrunta dauzka jarrita. "Guk jendarteratzeko lana egin nahi dugu. Horregatik jarri ditugu izen arruntak. Baina ezinbestekoa zen izen zientifikoa jartzea, hainbatetan izen arruntak zehaztasun falta dakarrelako", adierazi du Perezek.
Gida sei lagunen artean egin dute: Ana Blanco, Anika Meyer, Gorka Arribas, Isabel Izkue, Stella Lopez de Vinuesa eta Oscar Perezen artean. Zenbat buru, hainbat aburu. Hori izan da lanaren alderdirik gogorrena Perezentzat, ados jartzea. "Bakoitzak modu batera egin nahi genuen. Orduak eman ditugu gauzak nola egin nahi genituen eztabaidatzen. Batzuetan ezinezkoa izan da. Planoak bi pertsonaren artean egin dituzte. Ez ziren ados jarri, eta azkenean nork berea egitea erabaki zuten", azaldu du Perezek. Hala ere, elkarlanean aritzeak gauza onak ere badituela uste du. "Diseinu aldetik nahiko ondo atera dela uste dut. Horrenbeste jenderen artean xehetasun guztiak lotzea errazagoa da".
Gidan dauden parkeak oso ezberdinak dira euren artean. Batzuk jendearen aisialdirako gune berdeak dira, Iruñeko Arrotxapea auzoan dagoen Runa parkea bezala, eta beste batzuk lorategiak, helburu estetiko handiagoa dutenak. Horietako bat Burlatako Uranga parkea da. "Sartu bezain laster konturatzen zara Uranga parkea ezberdina dela. Arreta handiarekin eginda dago, estatuak daude, belarguneak mugatuak daude, landare apaingarriak eta abar", dio Perezek.
Nafarroako parke eta lorategien gida Gorosti elkartea osatzen ari den Nafarroako ondasun giden bildumaren laugarren zenbakia da. Orain arte, flora, onddo eta hegazti eta ugaztunen gidak publikatu dituzte. Parke eta lorategien gida argitaratzeko hainbat arazo izan dituzte, gehienbat ekonomikoak. Orain arteko lanak Nafarroako Kutxaren laguntzen bidez argitaratu dira. Baina azkena ateratzeko laguntzak asko jaitsi ziren, eta nola edo hala aurrera ateratzea lortu zuten. "Editorialak giden prezioa jaitsi zuen, eta elkarteak ere dirua jarri zuen; horrekin lortu genuen lana argitaratzea. Baina ez genekien zer-nolako harrera izango zuen parke eta lorategien gidak, eta, horregatik, ehun bat baino ez genituen atera. Nik uste nuen gutxi zirela, baina ez horren gutxi. Hilabete batean denak agortu dira", esan du Perezek. Gorosti elkarteko kideak pozik daude jasotako harrerarekin, euren helburua egindako lana ahal bezainbeste zabaltzea baita. Horregatik nahi dute gida berriz argitaratu.
Zeintzuk dira Gorosti elkartearen helburuak?
Gorosti natur zientzien elkarteak zabaltzeko helburua du. Horretarako, liburu eta ikerketa lanen aurkezpenak, hitzaldiak, txangoak eta ikastaroak egiten dituzte. Horrez gain, ikerketa taldeak dituzte. Gaur egun, lau talde daude: mikologiaren, hegaztie...
Hainbat udalerrik bat egin dute hariztien garapenean
Aritz proiektua eta Aritzaren Mahaia sortu dute Garrapo eta Itanatura enpresek, Orotz-Betelu eta Leitzako Udalek eta Baztan-Bidasoko ordezkariek. Euren xedea da Nafarroako iparraldean dauden hariztiak zaintzea eta garatzea. Ekologikoki eta ekonomikoki...
“Bitartekorik ez duen artea eros daiteke Dormitalerian”
Bere estudioa ere baduen arren, Dormitaleria 54 galerian bitartez jende gehiagorengana iristea lortu duela aitortu du Lola Herrera (Murcia, Espainia, 1961). Urte osoan berak egindako orratz apainduak erosi ahal izan dira galeria alternatiboan, eta hor...
“Ekintzaileen argazkiak ateratzea gustatzen zait”
Iñaki Basterrak (Zaragoza, Espainia, 1974) egindako bi argazki daude Dormitaleria 54 galeriaren urteurrenaren harira atzotik martxan dagoen erakusketan. Pozik dago, diziplina ezberdinetako artisten arteko harremana indartzea lortu duelako.
Noiztik zara Dormitaleria 54ko kidea?
Ia-ia galeria sortu zenetik naiz bertako kide. Urtarrilean-edo hasi nintzen. Batez ere, argazkigintzan aritzen naiz, eta nire lana ezagutarazteko modua izan da.
Atzotik zure bi lan ikusteko aukera dago galerian. Zein bi argazki aukeratu dituzu erakusketarako?
Taldean osatu dugun erakusketa denez, parte hartu duen lagun bakoitzak bi lan soilik aurkeztu ahal izan ditu erakusketara. Lehenik eta behin, bikote bat tangoa dantzatzen ageri den argazki bat hautatu dut. Bada Bayaderos izena duen Barañaingo dantza talde bat, eta hango bi kide ageri dira dantzan. Bigarren argazkia Hutsun txalaparta taldeak Txantreako Akelarrean emandako kontzertu batean ateratakoa da.
Zergatik hautatu dituzu bi argazki horiek?
Lehenik eta behin, jende ezaguna delako. Batez ere, niri pertsonalki autogestio ekinbideak asko interesatzen zaizkit. Gizarte eremu ezberdinetan ekintzaile izaten saiatzen naiz. Arrazoi horregatik, ekintzaile diren pertsona horien argazkiak ateratzea gustatzen zait bereziki.
Zer onura ekarri dizu Dormitaleria 54ko kide izateak?
Akaso, argazkigintza artistikoan berri xamarra naizenez, inoiz ez zait interesatu galeria pribatuetan parte hartzerik. Administrazio publikoak artista bati laguntzeko, izen handikoa izan behar du, eta, bestela, ideologiak baldintzatzen du. Beraz, Dormitaleria 54 bezalako proiektuek artista erabat aske sentiarazten dute, inolako baldintzarik gabe. Hala ere, nik elkarteko beste kideek bezalako esperientziarik ez dudanez, galeria alternatibo bat oso interesgarria dela iruditzen zait. Izan ere, oso eremu eta mota ezberdinetako jendea elkartu da, talde moduan proiektu bat pentsatu, martxan jarri eta apurka-apurka gauzatzeko.
Dormitaleria 54n salgai dauden artelanen gehienezko prezioa, eurotan.
Dormitaleria 54 galeria berezia denez, artista eta bezero artean ez dago bitartekaririk. Artelanei gehienezko prezioa jartzen diete. Galerian ezin da 300 euro baino garestiagoa den artelanik saldu.
Artea edonoren eskura egoteko
Ziurrenik, Iruñeko Dormitaleria kaleak ez du Estafetak edota Mercaderesek duten sonarik. Katedralaren albo batera dagoen kalea da, askorentzat ezezaguna. Baina, azken urtean, artearen eta artisten kalea bilakatu da. Hainbat artisauk ere bertan dituzte euren tailerrak. Horrez gain, badira bi galeria. Horietako bat da Dormitaleria 54. Artea negozio gisa ulertzen ez duten artisten bilgune da galeria hori. Izan ere, artea edonork eskuratu ahal duela nabarmentzen dute. Hilabete hasieran, urte bat bete zen galeria berezi horren ibilbidea hasi zenetik. Ia hiru astez, Xabier Morras, Belen Arevalo, Juan Gorriti eta Jose Luis Zumetaren obrak izan dira ikusgai. Urtarrilera bitarte, aldiz, galeriako kide direnen lanak ikusteko aukera izango da.
Orain arte egin duten lanarekin pozik daudela aitortu dute Sara Casadok eta Mila Bojek. Dormitaleria 54 galeriako kideak dira, eta euren lanak ere ikusgai daude atzotik martxan duten erakusketa berrian. "Egia esan, urtea azkar joan da, baina egindako lanarekin pozik gaude", azaldu du Bojek. Gaineratu duenez, Dormitaleria bezalako arte galeriarik ez da Iruñean. "Azkenaldian, Iruñeko galeria kopurua izugarri murriztu da; oker ez banago, lau besterik ez dago", ohartarazi du Bojek.
Dormitaleria 54ko kideek ez dute artea negozio gisara ulertzen. Euren lana erakusteko zailtasunak dituzten artisten txokoa da bereziki. Bojek azaldu duenez, galeria askotan artelanen prezioak "puztu" egiten dituzte, galeristek ere dirua irabaz dezaten. Baina haiek ez dute bat egiten filosofia horrekin. Izan ere, artelanek gehienez izan dezaketen prezioa zehaztuta dago: 300 euro. Dormitaleria 54n ez dute 300 euro baino garestiagoa den artelanik. Izan ere, artearen demokratizazioan sinesten dute. "Artea poltsiko guztien eskura egon ahal izatea nahi dugu", aitortu du Casado galeriako kideak.
Dormitaleria 54 galeria irabazi asmorik gabeko elkarte batek kudeatzen du, eta, orotara, 56 bazkide ditu. Oraingoz, bazkideen ekarpenekin eta Fiare banku etikoan eskatutako mailegu baten bidez finantzatzen da proiektua. Beste diru iturri batzuk bilatzeko beharra dutela aitortu du Bojek. Izan ere, orain arteko diru sarreren bidez justu-justu aurre egiten diete dituzten gastuei. Hala, Bojek jakinarazi du ez dutela baztertzen erakunde publikoetan diru laguntzak eskatzeko aukera.
Galeria berria abian jarri zutenetik urtebete soilik igaro den arren, hainbat tailer, ikastaro eta erakusketa jarri dituzte abian. Izan ere, Casadok adierazi duenez, Dormitaleria 54 gune aktiboa izatea nahi dute. Horregatik, gutxi gorabehera hiru astean behin galeriako erakusketa aldatu egiten dute. "Galeriako txoko batean erakusketa iraunkorra izaten dugu, eta gainontzeko txokoetan hiru astean behin berritzen ditugu ikusgai dauden lanak". Ziurrenik, orain arte egin duten erakusketarik bereziena asteazken arte ikusgai izan den Lau haizeetara erakusketa izan da. "Hainbat artista ezaguni gurean euren lanak erakusteko proposatu genien, eta inolako zalantzarik egin gabe baietz esan ziguten", azaldu du pozik Casadok.
Artista horiek Morras, Arevalo, Gorriti eta Zumeta dira, eta euren lanak izan dira ikusgai Dormitaleria 54 galerian hiru astez. Horri esker galeria ezagunagoa egitea lortu dutela nabarmendu du Bojek. Gainera, lau artista horiek, galeriako arduradunen eskaerak aintzat hartu, eta 300 euro baino merkeago saldu zituzten euren obrak, Zumetaren koadro bat salbu. Kolore morea nagusi zen koadro horretan. "Jende asko gerturatu da erakusketa martxan izan denean Zumetaren koadro horrek zenbat balio zuen galdezka, baina ez zegoen salgai, 300 euro baino garestiagoa zelako", zehaztu du Bojek.
Hala ere, orain, Morras, Arevalo, Gorriti eta Zumetaren lanen tokia Dormitaleria 54ko bazkideen lanek hartu dute. Bazkide bakoitzak bi lan erakusteko aukera besterik ez du izan. Atzotik daude ikusgai, tartean Bojerenak eta Casadorenak. Hala ere, erakusketaz gain, urteurrena ospatzeko tailerrak, aurkezpenak eta dastatzeak prestatu dituzte. Esaterako, bihar, 21:00etan, elkarteko bazkide baten bitartez, garagardo dastatzea egingo dute. Besteak beste, dastatzean parte hartzen dutenek garagardo on baten ezaugarriak zeintzuk diren ezagutu ahal izango dute. Horrez gain, heldu den ostegunean, 19:00etan, 81 amama dokumentalaren aurkezpena egingo dute.
Aurrerantzean, orain arte lan egin duten ildotik jarraitu nahi dute. Horrez gain, Dormitaleria kalea ezagutarazten jarraitu nahi dute. Gainera, Alde Zaharrarekin lotutako ekinbideetan parte hartzen segitzeko asmoa dute, "arte sorkuntza auzokideei hedatzeko". Erronkak ere badituzte. Tartean, lokal handiago bat nahiko lukete, egun dutena txiki gelditu zaielako. Helburu eta erronkak badituzten arren, orain arte egindako bidean jarraitu nahi dute. Batez ere, artista ezberdinen bilgune izaten eta "denek eskuratu" dezaketen artea saltzen.
’81 amama’ dokumentala aurkeztuko dute ostegunean
Euskal emakumearen inguruan eraikitako iruditegiari buruzko proiektua da 81 amama. Iloba eta amonen arteko harremana aztertzen du. Dokumentalak, batez ere, XX. mende hasieran jaio ziren amonen bizimodua aztertzen du, bereziki nekazaritza eremuko bizim...