gaiak

Koska bat igotzeko prest

Koska bat igotzeko prest

Edurne Elizondo

Datorren otsailaren 9an hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Denera, 24 bertsolari ariko dira lehian, aurten. Azken seirak hautatzeko kanporaketa aurrekoak gaur eta bihar eginen dituzte, hain zuzen ere; Iruñean eta Irunberrin izanen dira saioak. Txapelketan lehendabizikoz aritzeko asmoz izena eman duten sei bertsolari beren bidean bertze koska bat igotzen saiatuko dira bi kanporaketa horietan.

Aitor Irastortza Arrizurieta (Azpirotz), Mintxo Astiz Goñi (Barañain), Idoia Granizo Uribarrena (Altsasu), Xabat Illarregi Marzol (Leitza), Endika Legarra Nuin (Iruñea) eta Ander Baiano Saralegi (Barañain) dira txapelketan lehengoz aritzeko aukera irabazten ahaleginduko diren sei bertsolariak. Haiekin lehian ariko dira, gaur eta bihar, duela bi urteko txapelketako azken sei sailkatuak.

Gaur, Iruñeko Txantrea auzoko Auzotegin eginen dute lehendabiziko kanporaketa aurrekoa. 19:30ean hasiko da saioa. Parte hartuko dute Joana Ziganda Olano (Oskotz), Diego Riaño Barroso (Leitza), Aitor Irastortza Arrizurieta, Sahats Aleman Sadaba (Iruñea), Mintxo Astiz Goñi eta Idoia Granizo Uribarrena bertsolariek.

Bigarren kanporaketa aurrekoa bihar eginen dute, Irunberriko gizarte etxean, 17:30ean hasita. Bigarren saio horretan ariko dira Xabat Illarregi Marzol, Endika Legarra Nuin, Oskar Sanz de Acedo Pollan (Iruñea), Ander Baiano Saralegi, Egoitz Gorosterrazu Elizagoien (Ituren) eta Saats Karasatorre Martinez (Etxarri Aranatz).

Arkaitz Goikoetxea, Joseba Beltza eta Saioa Mitxelena izanen dira epaimahaiko kide kanporaketa aurreko bi saioetan. Bertsolariek egin beharreko lana zehaztu dute: zortziko handian, binaka, hiruna bertso osatu arte; zortxiko txikian, binaka, hiruna bertso osatu arte; eta hamarreko txikian, binaka, hiruna bertso osatu arte. Kartzelako lana ondokoa izanen da: zortziko txikian, bi punturi erantzun; eta gaia emanda, bakarka, bi bertso.

Kanporaketa aurrekoetan sailkatuko diren sei bertsolariek osatuko dute aurtengo txapelketan lehian ariko den taldea. Denera 24 izanen dira. Lau final-laurden eginen dituzte. Otsailaren 9koa izanen da lehendabizikoa, eta hori Tuteran eginen dutela azaldu du Nafarroako Bertsozale Elkarteko kide Ander Perezek. "Zabaldu nahi dugu txapelketaren egoitza izanen diren herrien zerrenda".

Gainerako final-laurdenak otsailaren 10an, 16an eta 17an eginen dituzte; hiru final aurreko izanen dira, martxoaren 3an, 9an eta 10ean, eta, finala, berriz, martxoaren 23an eginen dute, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Zortzi bertsolari ariko dira lehian.

Bi urtean behin

Eneko Fernandez, Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Xabier Terreros Terre eta Julen Zelaieta aritu ziren duela bi urteko finalean, eta Sotok jantzi zuen txapela. 2012. urtetik, hain zuzen ere, txapelketa bi urtean behin baino ez dute egiten Nafarroan. Bi urtean behin antolatzen dute, halaber, txapelketa ez dagoenean, Bardoak izeneko taldekako lehiaketa.

Bardoen bidez, txapelketa bezain ofizial eta zurrun ez den lehiaketa bat eman nahi izan die Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak herrialdeko bertsolariei. Bardoak antolatzen hasi ziren plazan aritzeko aukera eskaintzeko bertsolari hasi berriei, txapelketan hasi aurretik esperientzia izateko. "Horrek ez du esan nahi, halere, Bardoak direnik txapelketara jauzi egiteko ezinbesteko koska", nabarmendu du Perezek.

Izan ere, lehiaketa bakoitzak badu bere giroa, bai eta bere publikoa ere. Besta eta umore giroa izaten da nagusi, anitzetan, Bardoen saioetan; bertzelakoa da, noski, txapelketak ematen eta eskatzen duena.

"Prestigiatu nahi dugu", erran du Perezek. Elkarteko kideek argi dute bertsolari gazteek eta hasi berriek izan behar dutela beren tokia lehiaketa nagusian; baina argi utzi dute, halaber, garrantzitsua dela txapelketak bere mailari eustea. Asmo horrekin lotu du Perezek kanporaketa aurrekoak egiteko urratsa, hain justu. "Nolabaiteko hautaketa egin behar dugu", erran du.

Gaur eta biharko kanporaketa aurreak egin eta gero, otsailaren 9an hasiko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako final-laurdenak, eta guztien inguruko xehetasun gehiago emanen ditu Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak. Perezek gogoratu du bertsolaritzaren aldeko ekinaldia ez ezik, euskararen aldekoa ere badela txapelketa. Martxoaren 23ra bitarte, zaleek izanen dute bertsolari nafarren lanarekin gozatzeko aukera. Berriak ere koska bat igotzeko prest dira.

Desagerrarazi ezinezko arazoa

Desagerrarazi ezinezko arazoa

Ane Eslava

Urte berriarekin, balantzea egiteko garaia heldu da, eta hori egin du Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiak ere. 2018an Nafarroako errepideetan izandako ezbeharren berri eman du: iaz, orotara, 34 pertsona hil ziren auto istripuetan herrialdean; 2017an baino sei lagun gehiago. Istripu horietako gehienak hiriarteko errepideetan izan ziren. Aurreko urtean baino heriotza gehiago izan arren, datua urrun dago mende hasierako zifretatik: 2000. urtean, 118 lagun hil ziren Nafarroako errepideetan.

Iaz istripuetan egondako heriotza gehienak hiriarteko bideetan izan ziren: zehazki, 27 (%79,4). Hiri barruko bideetan sei pertsona hil dira, eta landa bideetan, berriz, bakarra. Bestalde, hildako bat baino gehiago eragin duten zazpi ezbehar izan dira Euskal Herrian, eta horietako bat Nafarroan gertatu da, Cintruenigon: apirilean, bi autok izan zuten istripua, eta hiru lagun hil ziren. Era berean, azpimarratzekoa da istripuetan hildakoen artean gehienak gizonezkoak zirela: %85. Gainera, 25 urtetik gorakoak ziren biktimen %80.

2000. urtetik istripuek beheranzko joera izan dute Nafarroan. Datuak laurtekotan aztertuta, argi ikusten da beherakada: azken lau urteetan 113 hildako zenbatu dituzte Nafarroan; 2011. eta 2014. urteen artean, 148, eta 2000. eta 2003. artean, berriz, 294. Hala ere, azken urteetan jaitsiera mantsotzen hasi da, eta, 2018an gertatu den bezala, zenbaitetan gorakada puntualak jazo dira. Horrek kezka sortu du gizartean.

Mario Garcia RACVN Hego Euskal Herriko Automobil Klubeko bozeramaileak, ordea, ez du uste gorakada hori "alarma pizteko modukoa" denik. Halako igoera puntualak hainbat faktoreren ondorio direla azaldu du: "Krisialdi ekonomikotik ateratzen ari gara, eta, ondorioz, gehiago mugitzen gara errepidean. Baina ibilgailu zaharrak erabiltzen ditugu, eta azken urteetan gaizki zaindu dituzten errepideetatik mugitzen gara". Horrek guztiak eragina du istripuetan, haren hitzetan.

Bestalde, 2018ko datuei erreparatuta, zenbait aldaketa ikus daitezke arrisku taldeetan. Oinezkoei dagokienez, azpimarratzekoa da Iruñeko egoera: bost lagun hil dira ibilgailuek harrapatuta. Urte hasieran alarma piztu zen, urteko lehen 24 egunetan hiru lagun hil baitzituzten beste hainbat ibilgailuk Nafarroan. Azkenean, ordea, zendutako oinezkoen kopurua aurreko urtekoa baino baxuagoa izan da: zortzitik seira jaitsi da.

Arrisku handia jasaten duen beste talde bat txirrindulariena da. 2018an ez da txirrindularirik zendu errepide istripuetan, nahiz eta bizikletan ibiltzen direnen kopuruak gora egin duen. Hala ere, azken urteetako datuak kezkagarriak dira: 2010etik, hamalau txirrindulari hil dira Nafarroako errepideetan gertatutako ezbeharretan. 2017. urtean, lau txirrindulari hil ziren herrialdean: haietako bi auto banak harrapatuta zendu ziren, eta beste biak berez hil ziren errepidean. Ezbehar horiek kezka handia eragin zuten; hori dela eta, Nafarroako Gobernuak bilerak egin ditu txirrindularien taldeekin, eta hainbat neurri hartu ditu horiek babesteko; besteak beste, seinaleak jarri ditu hainbat errepidetan.

Istripuen kontrako neurriak

"Talde kalteberekin gertatzen diren ezbeharrak murrizteko bidea trebakuntza da". Hori uste du Mario Garciak. RACVNko kidearen hitzetan, talde horietako lagunak mugikortasunaren eta trafikoaren partaide dira, eta, gidariek bezala, oinarrizko ezagutzak behar dituzte. "Eskubideak dituzte, baina baita betebeharrak ere". Hori dela eta, egokitzat jo du derrigorrezko hezkuntzan mugikortasunaren inguruko heziketa eranstea. Bestalde, Garciak zenbait hutsune ikusten ditu bizikleten, patineteen eta halako ibilgailuen inguruko araudian, eta premiazkotzat jo du horiek betetzea.

Heriotza kopuruen jaitsiera mantsotu dela ikusita, Nafarroako Gobernua hasia da neurriak hartzen. Batetik, Bide Segurtasunaren Nafarroako Estrategiak errepide istripuen kontrako hamasei kanpaina antolatu zituen iaz. Bestalde, ekainean abian jarri zuten distrakzioen kontrako kanpaina instituzional bat, eta laster jarriko dute martxan berriz ere: 400.000 orri-markatzaile banatuko dituzte, Mugikorrak beti itxaron dezake, zure bizitzak ez leloarekin.

Kanpainaren helburua da kontzientzia zabaltzea gidatzerakoan sakelako telefonoa erabiltzeak dakarren arriskuaren inguruan. Izan ere, azken urteetan gora egin duen arazo bat da hori. Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, distrakzioek eragiten dute hildakoak dauden hiru istriputik bat, bai eta biktimarik gabekoen erdiak ere.

Kanpaina horrekin batera, Nafarroako Gobernuak bide segurtasunaren inguruko hiru lantalde sortzea aurreikusten du. Lehenak aztergai izango du zer eragin duten arau-hausteek istripuetan, ondoriorik larrienak dituzten arau-hausteak antzemateko eta horien kontrako kanpainak antolatzeko. Era berean, biktimek ezbeharretan nolako arreta eta laguntza jasotzen duten aztertuko dute, beharrezkoak diren hobekuntzak egiteko.

Beste lantalde batek Bide Heziketa landuko du, Nafarroan arlo horretan egiten diren jarduera guztiak biltzeko xedez. Azkenik, hirugarrenak alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzearen kontrako kanpaina bat egingo du, gidarien eta oinezkoen droga kontsumoa baita istripuen bigarren kausa. Zehazki, 2017. urtean errepide istripuetan zendutakoen %44 drogen eraginpean zihoazen.

RACVNko bozeramaileak egokitzat jo ditu neurri horiek guztiak, baina uste du falta dela kanpoko faktoreei ere heltzea. "Egia da gidaria dela istripuen zentroa, baina badira haren menpe ez dauden alderdi batzuk, eta horiek ez dira konpontzen", adierazi du. Haren taldean zenbait neurri eskatu dituzte; besteak beste, PIVE planak eta zerga onurak ibilgailuak berritu ahal izateko, eta errepideen eta seinaleen hobekuntza.

Izan ere, auto istripuak saihesteko hartzen diren neurri gehienak zigorrarekin lotuta daude. "Eta hori azken urratsa izan behar litzateke", Garciaren ustez. "Aurretik egon behar lirateke trebakuntza eta informazioa, jendartea kontzientziatzeko". Garciak horien alde lan egiten jarraitzeko asmoa duela ziurtatu du. "Hildako bakar bat dagoen bitartean ezingo baikara erlaxatu".

Etxe bat Iruñeko emakumeentzat

Etxe bat Iruñeko emakumeentzat

Edurne Elizondo

Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek 2015. urtean sinatutako akordio programatikoan jasota zegoen; Iruñeko Udalak 2016. urtean onartutako III. Berdintasun Planean ere bai. Orain arte, halere, oztopoak izan dira nagusi Emakumeen Etxea errealitate bilakatzeko bidean. Iruñeko Udalak, azkenean, Pablo Sarasate musika kontserbatorioaren egoitza zaharra moldatzeko eta atontzeko lanak egiteko txostena onartu du, eta 2019ko aurrekontuko 142.300 euroko diru saila zehaztu du horretarako.

Iruñeko Udalak 2017ko abenduan jarri zuen martxan Emakumeen Etxea egiteko proiektua garatzeko parte hartze prozesua. Hogei eragile baino gehiago aritu dira lanean, geroztik. Azken berdintasun plana onartu baino lehen, diagnostikoa egin zuen Iruñeko Udalak, eta azterketak agerian utzi zuen Iruñean bazela emakumeentzat etxea martxan jartzeko beharra. Nafarroa osoan gisakorik ez da.

Parte-hartze prozesua martxan jarri zuenetik, Iruñeko Udalak Donostiako, Zaragozako eta Madrilgo emakumeen etxeak bisitatu ditu, hiri horietan egindako bidea ezagutzeko asmoz. "Gure asmoa izan zen etxe autonomo eta horizontal bat sortzea; behetik egindako proiektu bat izatea", erran du Aranzadiko Laura Berrok.

Iazko uztailera arte, Berro izan da Iruñeko Udaleko Berdintasun eta LGTBI zinegotzia, eta haren sailaren esku egon da, ondorioz, etxea egiteko proiektua. Uztailean, baina, krisia piztu zen hiriko gobernuan, eta Joseba Asiron alkateak udal gobernutik kanpo utzi zituen Aranzadiko zinegotziak eta Ezkerrako Edurne Egino.

Uztailaren 5ean hautsi zuen Asironek udal gobernua. Ordura arte Aranzadiko zinegotzi Laura Berroren esku egondako Berdintasun eta LGTBI sailaren ardura hartu zuen Asironek. Krisiak agerian utzi zituen udal gobernuko taldeen arteko aspaldiko tentsioak. Uztaileko gertaeretan, halere, Emakumeen Etxearen inguruko erabakiek zerikusi handia izan zuten.

"Mugimendu feministaren aspaldiko eskaera da Emakumeen Etxearena; guk jaso genuen; udalaren berdintasun planak ere jaso zuen, baina argi dago egungo gobernu taldearentzat ez dela lehentasuna", erran du Berrok.

Asironek Aranzadiko eta Ezkerrako kideak udal gobernutik kanporatu baino lehen, haustura ekarri zuen bozketa egin zuten udaletxeko osoko bilkuran. 2017. urteko sei milioi euroko superabita zertan inbertitu eztabaidatu eta bozkatu behar zuten, zehazki. Aranzadik 500.000 euro bideratu nahi zituen Emakumeen Etxea egiteko; EH Bilduk, berriz, 50.000. Iruñeko Udalak, azkenean, irailean egindako osoko bileran, 150.000 eurora igo zuen saila.

Lanak, eskas

Uztailetik Asiron da Berdintasun eta LGBTI arduraduna. Irailean ezagutarazi zuen udalak Pablo Sarasate kontserbatorioa moldatzeko asmoa bazuela, Emakumeen Etxe bihurtzeko. Proiektua garatzen aritu diren emakume taldeek, talde feministek eta emakumeek erdigunetik gertuago nahi zuten etxea, baina udalak ezinezkotzat jo zuen aukera hori. Sarasate kontserbatorioa hautatuz gero, ekitaldi aretoa moldatu eta erabili ahal izanen zutela azaldu zuen, trukean. "Zehaztutako diruarekin ezin izanen dute obra hori egin, ordea", salatu du Berrok.

Iruñeko Udalak ere onartu du hori. Zehaztu duenez, onartutako diru sailarekin, eraikinaren kanpoko aldean lanak eginen dituzte, batetik, egoitza denentzat irisgarri bilakatu ahal izateko; bertzetik, zorua konpondu eta paretak atondu eta margotuko dituzte; azkenik, komunak ere berrituko dituzte, eta, gainera, etxea bere funtzio berrietara egokitzeko bertze hainbat lan eginen dituzte. Ekitaldi aretoan egin beharreko lanik ez du zehaztu udalak, ordea.

Berrok nabarmendu du Emakumeen Etxeak "horizontala eta autonomoa" izan beharko lukeela, eta, horretarako, etxea moldatzeko ez ezik, kudeaketarako ere diru saila bideratu beharko lukeela udalak. "Milioi bat euro eskatu ditugu guk", erran du.

Berrok argi utzi nahi izan du orain arteko bidean emakumeek eta emakume taldeek eta talde feministek izan duten garrantzia. "Haiei esker egin da egin den guztia; emakume anitzek eta askotarikoek parte hartu dute prozesuan". Udalak "huts" egin duela uste du Berrok, ordea. "Berandu ari dira, eta argi utzi dute ez dutela lehentasun", erran du Aranzadiko kideak udal gobernuko taldeei buruz.

"Etxe fisiko bat behar da hirian, bai eta ikur bilakatu den etxe bat ere, emakumeak norbanako eta talde gisa ahalduntzeko", erantsi du Berrok. Zinegotziak uste du aldaketaren aldeko gobernua ez dela aritu zegokion mailan.

Elkarretaratzea, pediatra eskatzeko

Elkarretaratzea, pediatra eskatzeko

Edurne Elizondo
Pediatra gabe. Halaxe daude Goizuetako eta Aranoko bizilagunak, joan den otsailetik. "Ordura arte, astean behin etortzen zen herrira; orain, zerbitzurik ez dugu", salatu du Goizuetako Eli Salaberriak. Ez da kexu agertu den bakarra. Goiz...

Azken agurra militanteari

Azken agurra militanteari

Edurne Elizondo
Hamaika arlotan eta proiektutan murgildu zen Josu Goia. Politikaria, musikaria, eskultorea eta idazlea izan zen, bertzeak bertze. Gizon polifazetikoa. Igandean, halere, Josu Goia militantea omenduko dute, Beran, haren sorterrian. Sortuk...

Turismoa mugatzeko garaia

Turismoa mugatzeko garaia

Ane Eslava

Kezka areagotzen ari da Iruñeko Alde Zaharreko biztanleen artean. Azken urteetan aldaketa handiak gertatzen ari dira auzoan: ostatuak, saltoki handiak eta tabernak ugaritzen ari dira, eta bizilagun askok alde egin behar izan dute, etxebizitza bat eskuratzea geroz eta zailago bilakatzen ari delako. Egoera ez da Donostiakoa, Bartzelonakoa eta beste hainbat hiritakoa bezain larria, baina auzotarrek ohartarazten dute joera "arduratzeko modukoa" dela. Horri aurre egiteko, Alde Zaharreko kolektiboak auzo bizigarri bat lortzeko lanean ari dira, eta, besteak beste, Iruñeko Udalarekin elkarrizketak izaten ari dira. Urrats batzuk lortu dituzte; azkenekoa iragan astean heldu zen: udalak jakinarazi zuen hainbat neurri hartuko dituela legez kanpoko pisu turistikoen eskaintza geldiarazteko.

Neurri horien artean daude, besteak beste, hiriko ostatuen eskaintzaren eboluzioa jarraitzea, Turismo Zerbitzuaren eta Udaltzaingoaren arteko lantalde bat sortzea, Nafarroako Gobernuaren aurrean salaketak jartzea —hark baitu salaketak gauzatzeko eskumena, eta Internet bidez legezko etxebizitza turistikoen eskaintzaren berri ematea. Horrekin batera, laguntza eskatu diete bizilagunei, legez kanpoko etxebizitza turistikoak aurkitzen laguntzeko.

2017-2019rako Iruñeko Turismo Plan Estrategikoaren barruan daude neurri horiek guztiak, eta helburu dute "Alde Zaharreko etxebizitzak eta elkarbizitza babestea", Patricia Perales Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotziaren hitzetan.

Dagoeneko aztertu egin dituzte Airbnb, HomeAway, Tripadvisor eta Booking plataformetan eskaintzen dituzten etxebizitzak, eta legez kanpo alokatzen dituzten 52 pisu aurkitu dituzte. Horrekin batera, udalaren webgunean ikusgai jarri dute legezko eskaintza biltzen duen zerrenda bat, Iruñean ostatu hartu nahi dutenei erraztasunak emateko.

Auzoko biztanleak pozik agertu dira udalaren urratsarekin: "Iruñeko gainontzeko auzoekin alderatuta, oso egoera desorekatuan gaude; horregatik, etxebizitza turistikoei ezartzen dieten edozein muga ongi iruditzen zaigu", adierazi du Javier Hualde Bizitzeko Alde Zaharra taldeko kideak. Haren ustez, udalak tresna ugari ditu legez kanpoko pisuak aurkitzeko; horregatik, erantzukizuna hartu eta pausoak eman behar ditu. "Plataformen informazioa aztertuz, ez da zaila pisu horiek aurkitzea; baina, horiek geldiarazteko, baliabideak behar dira, eta udalak baditu". Bestalde, ez dago ados proposatu duten neurrietako batekin: herritarren parte hartzea. "Ez dut uste ideia ona denik bizilagunok polizia gisa ibili behar izatea; erantzukizuna gugan jartzen ari dira".

Arazoaren erroetara joatea

Udalak egindako urratsa positibotzat jo badu ere, Hualdek gogorarazi du legez kanpoko pisu turistikoen auzia arazo handi baten zati bat baino ez dela. Arazoaren jatorria ulertzeko, beharrezkoa da urte batzuk atzera egitea: 2006ra, zehazki. Urte hartan, UPNk PEPRI Alde Zaharreko Babeserako eta Barne Erreformarako Plan Berezia aldatu zuen, eta, hala, araudia malgutu egin zuen, auzoaren lehiakortasun ekonomikoa bultzatzeko xedez. Aldaketa horren ondorioz, tabernak irekitzeko debekualdia kendu zuten, eta etxebizitza turistikoak eraikinetako edozein solairutan jartzea ahalbidetu zuten soilik Alde Zaharrean gertatzen da hori. Urteekin, aldaketa horiek auzoaren turistifikazioa eragiten ari dira.

Udalak dio Iruñean arazoa oraindik txikia dela tamaina bereko beste hiri batzuetan dutenarekin alderatuta. Baina, Alde Zaharreko bizilagunek salatzen duten moduan, auzo horrek du hiriko ostatu metaketarik handiena. "Udalaren datuen arabera, Iruñe osoan eskaintzen dituzten ostatu plaza guztien %40 inguru Alde Zaharrean daude; eta han, 1.000 biztanle bakoitzeko 200 toki daude; gainontzeko auzoetan, berriz, 17", zehaztu du Hualdek. Turismoaren gorakadak ondorio nabarmenak izan ditu auzoan, batik bat populazioaren bilakaeran: 2006ko urtarriletik, biztanleen %10,2k alde egin dute, eta Iruñe osoan, berriz, populazioak %4,3 egin du gora. "Ez dugu alarmistak izan behar, baina kezkatzeko moduko sintomak ikusten ditugu", adierazi du Hualdek.

Egoera konpontzeko, otsailean, udalak ostatuen inguruko araudia aldatzeko prozesua abian jarri zuen. Bi neurri proposatu zituen: etxebizitza turistikoak eraikinetako lehen solairuetara mugatzea, eta turismora bideratutako eraikin osoak distantzien arabera mugatzea. Aldaketa horiek onartu ondoren, parte hartzeko prozesu bat egin zuten, eta alegazioetarako tarte bat utzi zuten.

Behin betiko onarpena abenduko osoko bilkuran egitea aurreikusten zuten, baina atzeratu egin da. Izan ere, Geroa Baik zuzenketa bidezko aldaketa bat aurkeztu berri du, helburu duena turismorako eraikinen arteko tarteen puntua aldatzea: Alde Zaharreko etxadi bakoitzaren %25 ostatuentzat izatea proposatu du. "Mugatzen ez duen muga bat da hori", salatu du Hualdek. Haren ustez, Geroa Bairen jarrera aldaketa horren helburua da Unzu ostatuari bidea irekitzea, udalak proposatzen dituen arau aldaketekin ezingo luketelako eraiki. Burgoen plazan jarri nahi duten ostatu hori hiriko hirugarren handiena izango litzateke: 277 toki izango lituzke. "Beldur gara, Alde Zaharrak oso araudi kaltegarria jasan dezakeelako Unzu ostatuaren eraginez".

Ondorioz, bizilagunek onartzen dute udalak proposatu dituen neurriak bide onetik doazela, baina, auzoan jazotzen ari den bilakaera ikusita, legezko eta legez kanpoko ostatuen arteko bereizketaz harago joatea eskatzen dute, turismoari benetako mugak jartzeko. Hualdek azpimarratu du oraingoa oso abagune garrantzitsua dela, araudia aldatuta, luzerako iraungo duelako. Horregatik, ezinbestekotzat jo du herritarrek kontzientzia hartzea eta kalera ateratzea. Datorren astean, gaiari lotutako bi saio dituzte auzoan: astelehenean, Unzu proiektuari lotutako hitzaldia egingo dute, 19:30ean, udalak Caldereria kalean duen aretoan. Asteartean, ordu berean, proiektu horren aurkako elkarretaratzea egingo dute, Udaletxe plazan. Arazoa berandu baino lehen konpontzeko.

Paperak dirua behar du lagun

Paperak dirua behar du lagun

Edurne Elizondo

Borondate eta konpromiso politikoa behar da, lehenik eta behin, indarkeria matxistari aurre egiteko. Baina hori ere ez da nahikoa. "Konpromisoek, egia bilakatu ahal izateko, aurrekontua behar dute". Horixe erran du Elena Saura ekonomialari feministak, Iruñean. Zehazkiago, nabarmendu duenez, lege bilakatutako neurriak benetan eraginkor izan daitezen, "ezinbertzekoak" dira neurri horiek bete ahal izateko diru sailak. Paperak dirua behar duela lagun, alegia. Indarkeria Sexistaren Aurkako Nafarroako Plataformak antolatutako bilkura sozialean mintzatu da Saura, Nafarroako Parlamentuaren egoitzan.

Saurak, zehazki, Nafarroan indarkeria matxistari aurre egiteko indarrean dauden legeetan jasotako konpromisoak aztertu ditu, eta, aldi berean, konpromiso horiek bete ahal izateko Nafarroako Gobernuak 2019rako prestatu duen aurrekontu nagusien proiektuan jasotako diru sailak jorratu ditu. Ondorio nagusia da baliabide gehiago behar direla indarkeria matxistaren aurka lan egiteko.

Indarkeria matxista sufritzen duten emakumeekin lan egiten duten profesionalek baieztatu dute behar hori benetakoa dela. Egun jada baliabideak urriak direla, alegia. Bilkura sozialean parte hartu dute Olga Aroz gizarte langileak eta Izaskun Esparza gizarte hezitzaileak. Azaldu dute indarkeria jasan duten emakumeak artatzeko hiru baliabide nagusi daudela herrialdean: larrialdietarako zentroa, harrera etxea eta egoitza etxea. "Baliabide guztiak daude azpikontratatuta, eta ez dira nahikoa", salatu dute.

Saurak argi du kanpora ateratzeak kalte egiten diela zerbitzuei. Bat egin du Arozekin eta Esparzarekin, eta azpikontratazioaren bidea ez du, inondik inora, egokitzat jo.

Hori aipatu du arazo orokor gisa. Aurrekontu proiektuak zehaztutako sailei so eginez, berriz, arloz arloko egoera jarri du mahai gainean ekonomialari feministak. Hezkuntzaren esparruan, Saurak nabarmendu du departamentuaren aurrekontuaren %0,05 bertzerik ez dela hezkidetzarako eta genero berdintasunerako. Nafarroan indarkeria matxistaren aurkako legeak jasotzen ditu konpromiso zehatzak hezkuntzaren alorrean, bertzeak bertze irakasleen formakuntzarako, curriculumak egokitzeko, indarkeria matxistak jotako haurrak eskolaratzeko eta sentsibilizazio kanpainak egiteko.

Saurak gogoratu du Nafarroan 10.000 irakasle baino gehiago daudela lanean unibertsitatetik kanpoko hezkuntzaren esparruan, eta, denera, 106.800 ikasle baino gehiago artatzen dituztela. "Departamentuaren aurrekontuaren %0,05ak, beraz, ekartzen du eskujokoak egin behar izatea konpromisoak bete ahal izateko", erran du Saurak.

Formakuntza, kolokan

Osasunaren eta gizarte zerbitzuen arloak ere jorratu ditu ekonomialari feministak. Legean jasoa dago indarkeria matxista antzemateko estrategiak martxan jartzea, bai eta indarkeria sufritzen duten emakumeak artatzeko planak egitea, profesionalak trebatzea eta protokoloak prestatzea ere. "Legeak arreta osoa bermatzen du, eta horrek ekartzen du emakumeen osasun fisiko eta mentala zaintzea, bai eta emakumeon beharrak kontuan hartzea ere ekonomiaren, etxebizitzaren eta enpleguaren arloetan", erran du Saurak.

Ekonomialariak mahai gainean jarri ditu Osasun Departamentuak zehaztutako diru sailak: formakuntzarako, 370.000 euro jasotzen ditu aurrekontuen proiektuak. "Ez dago zehaztuta, halere, formakuntza hori benetan izanen ote den indarkeria sexista guztien biktimak identifikatzeko eta artatzeko eduki espezializatuen ingurukoa", azaldu du Saurak.

Gizarte Eskubideen Departamentuaren esku gelditzen den esparruan ere bada zer hobetu, ekonomialariaren hitzetan. "Legeak dio osatu arte duela emakumeak arreta soziala jasotzeko eskubidea. Aipatzen da gutxieneko neurriak jarriko direla martxan indarkeria matxistari aurrea hartzeko eta aurre egiteko, eta jasoa dago, halaber, formakuntza garatzeko programazioa eginen dela". Helburu edo konpromiso horien inguruan inolako zehaztasunik ez du aurkitu Saurak aurrekontu proiektuan. "Aipamen zehatzik ez dago Gizarte Eskubideen Departamentuaren aurrekontuan". Saurak erantsi du Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sailak baietz, jasotzen duela emakumeei harrera egiteko baliabideen kudeaketa (608.680 euro) eta bertze hainbat laguntza (143.000 euro). "Gizarte zerbitzuetako profesionalentzako formakuntza espezializaturako dirurik ez dago, ordea", salatu du.

Segurtasunaren eta laguntza juridikoaren arloa ere aztertu du Saurak. Arlo horietan ere Nafarroako legeak jasotzen du formakuntza bermatzeko konpromisoa. "Aurrekontuetan Foruzaingoaren ikastaroak aipatzen dira, baina ez, zehazki, indarkeria matxistaren ingurukorik. Diru saila 5.000 eurorena da. Genero indarkeriaren aurkako segurtasun zerbitzuen inguruko aipamen zehatza bada, bertzalde, baina kopurua hamar eurorena baino ez da". Pleno sozialean parte hartu duten bertze hainbat profesionalek gogoratu dute, gainera, salaketa jartzeko ere zailtasunak badirela Foruzaingoan, indarkeria matxistari aurre egiteko talde bereziak dituen baliabideak "urriak" direlako.

Justiziaren esparruan ere kopuruak ez dira hagitz handiak, Saurak agerian utzi duenez: departamentuak 375.000 euroren saila du indarkeria matxistaren auzirako. "Bere aurrekontuaren %0,01".

Parlamentuan beren bidea egin behar dute 2019rako prestatutako aurrekontuek, behin betiko onartu baino lehen. Gobernua osatzen duten taldeei "gogoeta" egiteko eskatu die Saurak. "Aurrekonturik gabe, konpromisoak asmo bilakatzen dira". Eta asmoak ez dira nahikoa.

Milaka kurriloren bidaldi zaratatsua

Milaka kurriloren bidaldi zaratatsua

Edurne Elizondo

Kur, kur, kur". Lehendabizi entzun, eta gero ikusi. Kurriloen kantuak ez du parekorik, eta aditu orduko zerura bideratzen ditu denen begiradak. Negua ekartzen dute hegaztiok, hotza hasten denean hartzen baitute Europa iparraldeko herrietatik hegoalderako bidea. Nafarroatik igarotzen dira haietako anitz bidaldi horretan. Jada 120.000 inguru pasatu dira herrialdeko zeru gainetik. Denek ez dute aurrera eginen, eta hemen geldituko dira. Figarol herri ingurua dute gustuko, hango arroz soroetan zer jan izaten baitute neguan.

"2016an, Figarolen, 6.000 kurrilo baziren neguan; gero eta gehiago gelditzen dira herrialdean", erran du Jesus Mari Lekuona biologoak. Nafarroan, Lekuona da kurriloen errolda egiteko lanen koordinatzailea. Berez, herritar orok parte hartzen ahal du zeregin horretan. "Gogoa da behar den gauza bakarra", azaldu du Lekuonak. Zeruari behatzeko, kurriloak zenbatzeko eta datuak jasotzeko gogoa, alegia.

Jasotako datu horiek guztiak aztertzen ditu biologoak gero; hau da, batek hemen eta bertzeak han ikusitako kurrilo taldeen inguruko informazioa hartu, eta errepika daitezkeenak bazter uzten ditu, datu ahalik eta zehatzenak eduki ahal izateko. "Batek Iruñean ikusi badu kurrilo talde bat, eta handik hogei minutura bertze batek Tafallan ematen badu antzeko bertze talde baten berri, ziurrenik hegazti multzo berari behatzen ari dira", azaldu du.

30.000 egun bakar batean

Irailaren erdialdean hasi ziren kurriloak herrialdetik pasatzen. Hegazti gehienak, halere, urrian eta azaroan igarotzen dira Nafarroa gainetik. Hilaren 4an, adibidez, Aurizko Lindus tontorrean zeruari so ziren Lindus 2 proiektuko ornitologoek 26.700 kurrilo zenbatu zituzten, gutxienez. "Bertze egun batean 30.000 pasatu ziren", erran du Lekuonak. 240-260.000 kurrilok pasatzen dute negua, denera, Iberiar penintsulan; gehienek Andaluzian, Extremaduran eta Gaztela-Mantxan. "Nafarroatik 120.000 pasatzea, beraz, ez da datu txarra".

Udaberrian kontrako bidea eginen dute kurriloek. Hegaztion migrazioei buruz gero eta datu gehiago dituzte adituek, teknologiak haien bideari jarraitzeko gero eta aukera gehiago ematen duelako. Jatorria ezagutzeko aukera ere bada. "Hemen izan ditugu Norvegia, Alemania, Lituania, Letonia eta Poloniatik etorritako kurriloak", erran du Lekuonak.

Hegaztion bideari so eginez, adituek jakin dute uste baino ordu gehiago pasatzen ahal dituztela hegan. "Jakin dugu zortzi eta bederatzi ordu eman ditzaketela zeruan; eta 80-100 kilometro mugitzen dira, orduan", erran du biologoak, kurriloen ingurukoek liluratuta. "Kur, kur, kur". Zeruari egin dio so.

Kirola euskalduntzeko ariketa

Kirola euskalduntzeko ariketa

Edurne Elizondo

Proposamenak eta esperientziak badira, eta horiei egin behar diegu so". Horixe erran du Maite Indak, Emun taldeko aholkulariak, Nafarroako Gobernuak Ultzamako Larraintzarren egindako Euskara eta kirola izenburuko jardunaldian. Kirolaren esparruan euskararen erabilera bermatzeko eta sustatzeko proposamenei eta esperientziei buruz aritu da. Lana egiteko badela nabarmendu du, baina badela, halaber, nondik ikasi.

Indak euskarari eta kirolari buruzko ikerketa baten emaitzak aurkeztu ditu, Ultzaman. Euskarabideak eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eskatuta egin dute ikerketa hori. Zehazki, eremu euskalduneko eta eremu mistoko egoera ezagutu nahi izan dute. Horretarako, galdetegia bidali dute bi eremuotako udal eta kirol elkarteetara, eta, gainera, hiru eztabaida saio egin dituzte, Donezteben, Irurtzunen eta Iruñean. Indak argi utzi nahi izan du ikerketaren bidez aztertutako bi eremuetan dauden hutsuneak eta indarguneak ezagutu nahi izan dituztela. "Errealitatera hurbiltzeko lehendabiziko urratsa izan da, baina jasotako galdetegi kopuruak ez du aukera ematen emaitzak orokortzeko", zehaztu du. 123 galdetegi bidali, eta 68 jaso dituzte bueltan, erantzunekin, hain zuzen ere.

Ikerketak egungo egoeraren zertzelada nagusiak ezagutzeko parada ematen duela erantsi du Indak, halere. Dauden hutsuneak eta indarguneak ezagutzekoa, alegia. Datuek agerian utzi duten irudiari buruz, Indak azaldu du "bi errealitate ezberdin" azaleratu dituela ikerketak; bat da eremu euskaldunekoa, eta bertzea mistokoa.

Oro har, euskararen erabilera eta aintzat hartzeko ahalegina handiagoa da eremu euskaldunean mistoan baino. Eremu euskaldunean, gainera, euskararen presentzia are nabarmenagoa da udaletatik edo mankomunitateetatik bultzatutako kirol jardueretan.

Ikerketak agerian utzi du, halaber, adin tarteak aurrera egin ahala, behera egiten duela euskarazko kirol eskaintzak. Jaitsiera are nabarmenagoa da eremu mistoan. "Hainbat faktorek eragiten dute egoera hori. Batetik, euskaldunen dentsitateak, eta, bertzetik, kirol esparruan gora egin ahala eskakizun gehiago badela betetzeko; profesionalizatuz doa jarduera, eta, horren ondorioz, zailagoa izaten da arduradun euskalduna izatea".

Federazioetan, hutsunea

Herri askotan gertatzen dena jarri du horren adibide Maite Indak. "Entrenatzaile lanetan boluntario ari den pertsona euskaldunak izan dezake haurrek osatutako talde bat; ez du titulurik, ordea, eta, kirol eskakizunak zorrozten direnean, titulua izatea nagusitzen da hizkuntzaren ezagutzaren gainetik".

Ikerketaren barruan egindako eztabaidetan parte hartzaileek nabarmendu duten hutsune nagusietako bat da kirol federazioen eragina. Euskararen erabilera urria da erakunde horietan, eta, horren ondorioz, udalek edo kirol elkarteek antolatutako kirol jarduerak erdalduntzen dituzte. "Hor hutsune nabarmen bat dago; gobernutik ez da inolako lanik egin esparru horretan, orain arte. Azken urtean hasi dira ahalegin bat egiten, federazioei, besteak beste, itzulpen zerbitzua eskaintzen, baina lan handia bada, oraindik ere, egiteko", azaldu du Maite Indak.

Euskara eta Kirola izenburupean egindako jardunaldia ere bada Nafarroako Gobernuak azken urteotan egindako urratsen adibide. Bigarrenez egin dute aurten. Balio izan du jada martxan diren jarduerak eta proiektuak ezagutzeko, bertzeak bertze, Indak nabarmendu duenez.

Emun taldeko aholkulariak nabarmendu du, batetik, Sakanako Mankomunitateak egiten duen lana. "Programa oso bat garatu dute; sekulako lana egiten ari dira, eta merezi du nabarmentzea". Kirol jarduera batean izena eman dutenen %70 euskaldunak badira, gutxienez, kirol jarduera hori euskara hutsean eskaintzen dute, adibidez. Baztanen egiten duten lana ere aipatu du Indak.

Eremu euskalduneko lana jarri du mahai gainean, bereziki, baina argi utzi du eremu mistoan ere badirela esperientzia interesgarriak. "Garesen, adibidez, Tortotxiki Fundazioa ari da euskara sustatzen kirol jardueretan; Lizarran, berriz, Brinka izeneko programa jarri du udalak martxan, herriko lau ikastetxeetan, kirol jardueretan euskaraz aritzeko".

Gisa horretako esperientziak partekatzeko beharra nabarmendu du Indak. Azaldu du kirolaren esparruan ari diren udalek eta elkarteek ere eskatu dutela elkarlanean aritzeko espazio bat. "Gauzak egiten ari dira han eta hemen, baina ez dute elkarren berri, eta hori aldatzeko nahi dituzte halako espazio komunak". Prestakuntzaren arloan urratsak eskatu dituztela gaineratu du, eta baliabideak ere galdegin dizkiotela Nafarroako Gobernuari. Ikerketaren bidez, lehen urratsa egin du Euskarabideak. "Bidean jarraitzea da orain kontua".

Bide segurua nahi dute

Bide segurua nahi dute

Edurne Elizondo

Ez dago biderik oinezkoentzat; ez dago deus". Horixe salatu du Orkoiengo bizilagun Cristina Indabereak, herriko auzokideen batzarreko ordezkariak. Karrikara atera dira azken asteotan, herria eta Iruñea lotuko dituen pasabide seguru bat exijitzeko. Eskaera hori ez da oraingoa. Azken hamar urteotan egin dute horren alde Orkoiengo Udaletik, hain zuzen ere. "Herri txikia gara, eta bizilagunok kalean mobilizatzea erabaki dugu, indar handiagoa egiteko", erran du Indabereak.

Presio horrek emana du bere emaitza jada. Joan den ostegunean jakin zuten Orkoiengo bizilagunek Nafarroako Gobernuak 100.000 euroko diru saila zehaztu zuela 2019. urterako aurrekontu nagusien proiektuan, pasabide hori egin ahal izateko. "Urrats positiboa da, baina ez da nahikoa, ordea; kalean jarraituko dugu bizilagunok lanean", azaldu zuen Indabereak, horren berri izan eta gero. Laukoak saila handitzea erabaki du asteon, hain zuzen ere, eta bertze 350.000 euro zehaztu ditu lan hori egiteko. "Kontent" agertu da Indaberea, baina ohartarazi du "adi" jarraituko dutela, lanak "ahalik eta azkarren" has ditzaten. "Obra eslei dezatela, behintzat, hauteskundeen aurretik, proiektua ez gelditzeko", eskatu du.

Mahai gainean bada Orkoien eta Iruñe arteko PA-30 errepidea arriskurik gabe zeharkatu ahal izateko proiektu bat. Errepide horren gainetik pasabidea egitea da asmo zehatza. Aurrekontua 500.000 eurorena da. Nafarroako Gobernuak du obra hori egiteko eskumena eta ardura.

Orkoiengo bizilagunak gogoratu du, azken urteotan, herritarrek jarri izan dituztela mahai gainean bertzelako konponbideak —pasabidea egiteko obra baino merkeagoak, gainera—, baina atzera bota dituztela. "Parlamentuan izan ginen behin, eta argi esan genuen semaforo bat jartzea ere ontzat joko genukeela, baina alderdiek esan ziguten hori ezin zela egin. Arrazoia zen semaforo batek industrialderako sarbidea mantsotuko lukeela", azaldu du Indabereak. Orkoiengo bizilagunak argi du herritarren segurtasunak izan beharko lukeela lehentasuna.

Bakartuta

Egun, ez semafororik, ezta zebra biderik ere: errepidea segurtasunez gurutzatzeko ez dago deus. "Oinezkoek arriskurik gabe pasatu ahal izateko ez dago biderik", salatu du bizilagunak. Eta ez dira gutxi errepidea egunero gurutzatzen duten herritarrak. Orkoiengo D ereduko ikasleek, adibidez, Sanduzelain egin berri duten institutuan jarraitzen dituzte ikasketak. "Oinez, bide motza dute, baina ez da segurua. Busez edo autoz egin behar dute, ondorioz". Gaztelaniaz aritzen diren ikasleak ere Sanduzelai eta Donibane arteko Pio Baroja institutuan aritzen dira, eta haiek ere behar dute pasabide seguru bat.

Indabereak nabarmendu du eskualdean lotura segururik gabe gelditu den herri bakarra dela Orkoien. "Herri inguruko lur sailetan industrialdeak egin dituzte azken hamarkadetan; hiriburuarekin lotzeko zeuden bideak desagertuz joan dira". Herria bakartuta gelditu arte.

Horren ondorioz, oinez mugitzen diren herritarrek oinezkoentzako pasabiderik ez duen errepidea gurutzatu behar dute. "Jende asko joaten da Sanduzelaira erosketak egitera; oinez hamar minutu eskasera dago. Jende gaztea ere, udan batez ere, oinez mugitzen da Sanduzelaitik eta Iruñeko beste auzoetatik. Zirkulazio handiko errepidea da, eta premiazkoa da pasabide seguru bat izatea", erran du.

Indabereak erantsi du garraio publikoak ere ez dituela Orkoiengo bizilagunen beharrak behar bezala asetzen. "Ordu erdi oro pasatzen dira busak. Gehiago behar ditugu".

Urte hasieran erabaki zuten Orkoiengo bizilagunek ordura arte udalak esparru instituzionalean egindako eskaera karrikara eramatea. Martxoan egin zituzten lehendabiziko mobilizazioak, eta azken asteotan ere hamaika protesta antolatu dute. Lortu dute nahi zutena.

Indabereak gogoratu du herriko udala prest dela 100.000 euro jartzeko pasabidea eraikitzeko. Asteon jakin dutenez, gainera, Iruñeko Udalak ere agertu du diru sail bat bideratzeko asmoa. Indabereak argi du herritarrentzat pasabidea ezinbertzekoa dela, eta badutela errepidea segurtasunez gurutzatzeko eskubidea.

Laukoak zehaztutako diru saila, orain, nahikoa litzateke proiektua martxan jartzeko. Herritarrek, hala ere, oraindik ez dute erabaki mobilizazioak bertan behera utzi edo ez. "Ez dugu dena lortutzat eman nahi; uste dugu presioa egiten jarraitu beharko dugula, behar dugun pasabidea ahalik eta azkarren eduki ahal izateko".