Hezkuntza

Hasieratik nahi dute euskara

Hasieratik nahi dute euskara

Asier Garcia Uribarri

San Frantzisko eskolako matrikulazio datuek argi hitz egiten dute: aurten, 3 urteko gelan 29 haur daude D ereduan, eta bederatzi A eta G ereduetan", azaldu du Zaloa Basabe Alde Zaharrean Haur Eskola Euskaraz plataformako kideak. Iaz Iruñeko Udalak bi haur eskola gehiagotan jarri zuen eredu euskalduna. Hala ere, aldaketa horrek ez zuen bete haur eskoletako euskara eskaria, udalak berak egindako ikerketaren arabera. Alde Zaharreko haur eskola Nafarroako Gobernuaren esku dago, Iruñeko beste lau bezala, eta guztietan dago eredu erdalduna. Euskarazko ereduaren alde sinadurak biltzen ari dira, eta heldu den asteartean jende katea egingo dute; Alde Zaharreko haur eskola eta parlamentua elkartuko dituzte.

"Haur eskolarena auzo aldarrikapen historikoa da", adierazi du Basabek. Urteetan, haur eskoletako gurasoek eraman dute aurrera aldarrikapena, baina horrela zaila zen luzera begirako plangintzak egitea. "Gurasook denbora gutxi pasatzen dugu haur eskolan; beraz, zaila da guk geure kabuz aritzea. Horregatik, 2011n plataforma sortu genuen guraso, euskalgintza eta auzoko eragileen artean".

Ordutik, hainbat mobilizazio eta kanpaina egin dituzte, baita unean uneko gobernuko arduradunekin bilerak ere. Baina salatu dute UPNren erantzuna beti izan zela "oso itxia". Hala ere, gobernu aldaketarekin beste ahalegin bat egitea erabaki zuten. Ekainean Hezkuntza Departamentuaren lan saio batean parte hartu zuten, eta han lantalde bat sortzea erabaki zuten. Horren ostean, elkartu ziren haur eskolen arlo teknikoan lan egiten duten beharginekin eta Txema Mauleon Gizarte Eskubideetako Departamentuko kabineteburuarekin. Azken bilera gobernua babesten duten lau taldeekin izan zuten.

Plataformako kideek bileren balorazio gazi-gozoa egin dute. "Behin eta berriz baietz esaten digute. Gure eskaria arrazoizkoa dela esaten dute, baina gero ez dituzte beharrezkoak diren neurriak hartzen", dio Basabek. Plataforma ahalegin berezia egiten ari da heldu den urtean haur eskola euskalduna izan ahal izateko, baina horrek erabakiak data zehatzetan hartzea eskatzen du. "Matrikulazio kanpaina otsailean hasiko da; beraz, askoz jota, urtarrilean hartu beharko lukete erabakia. Oraindik garaiz gaude, baina denbora aurrera doa", ohartarazi du Garikoitz Torregrosa euskalgintzako kideak.

Torregrosak garrantzitsutzat jo du erabakia aurten hartzea, datozen urteetan zailagoa izan daitekeelakoan. "Hurrengo urtean hauteskunde zikloa gertuago egongo da, eta horrelako erabakiak hartzea zailagoa izango da. Hala ere, ez litzateke ezinezkoa izango".

Datu kontrajarriak

Txema Mauleon Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideetako Departamentuko kabineteburua da, eta departamentu horrek kudeatzen ditu Nafarroako Gobernuaren esku dauden haur eskolak. "Anakronismoa da; antolaketa hau haur eskolak familia kontziliaziorako baliabidetzat hartzen zirenekoa da. Aldatzen saiatzen ari gara, baina burokrazia oso konplexua da", azaldu du Mauleonek. Haren arabera, datu kontrajarriak dituzte haur eskoletako eskariari dagokionez. Iaz, Iruñeko Udalak haur eskoletako hizkuntza ereduari buruzko galdeketa egin zuen aurrematrikula kanpainarekin bat. Galdeketen emaitzek adierazi zuten gurasoen %37,7k euskarazko eredua nahi zutela. Udalak iaz egindako aldaketekin, soilik eskariaren %27 betetzea lortu zuen.

Hala ere, Mauleonek adierazi du Nafarroako Gobernuak bestelako datuak dituela. "Matrikulako datuek esaten digute itxaron zerrenda luzeagoa dagoela ingelesa eta gaztelania eta gaztelaniako haur eskoletan euskarazkoetan baino". Hori dela eta, Gizarte Eskubideetako Departamentuak azterketa berri bat egingo du udalarekin elkarlanean, benetako eskaria zein den jakiteko. "Azterketa berri horretan lokalizazio faktorea kontuan hartuko dugu. Jendeari galdetu nahi diogu: zure auzoan eredu guztiak izango bazenitu, zein aukeratuko zenuke?". Azterketa hori aurrematrikula garaiaren aurretik hasiko dute, eta aurrematrikulako datuak ere kontuan hartuko dituzte. Emaitzak uda aurretik izango lituzkete.

Plataformako kideek nabarmendu dute Alde Zaharreko haur eskolan eredu euskalduna jarriko balute, udalak iaz egindako azterketan ateratako eskari datuak beteko lituzketela. Hala ere, gogoratu dute eskaria betetzea gutxiengo bat dela. "Eskaria bete behar da, baina ezin gara horretara mugatu. Nafar guztiek dute eskubidea euskara ikasteko. Eredu erdaldunek herritarrei ukatu egiten diete Nafarroako hizkuntza ofizialetako bat jakitea, eta etorkizunean lan eta harremanetarako aukerak", salatu du Torregrosak.

Kezkaz bizi dute euskalgintzako eta plataformako kideek gobernuak euskararekiko duen jarrera. "Badirudi gobernua beldur dela. Oposizioak euskara jomugan du. Guk ausardiaz jokatzeko eskatzen diogu, euskararen eremuan pausoak eman behar baitituzte nafarren eskubideak direlako", azaldu du Torregrosak.

Hala ere, oposizioak euskararen gaiarekin gogor jokatzen badu ere, Torregrosak gogoratu du Nafarroan badagoela euskararen aldeko gehiengo bat. "Nafarroan badago gehiengo bat euskararen alde, eta gobernuak haren babesa izango du. Zarata sor daiteke, baina horrek gutxi irauten du. Gu lanean ari gara, eta horretan jarraituko dugu".

Datak estuak dira, eta Nafarroako Gobernuan, berriz, zalantzak ugari. Baina Alde Zaharrean argi dute: hasieratik ikasi nahi dute euskaraz.

Nor garen, zer nahi dugun

Nor garen, zer nahi dugun

Edurne Elizondo
Sexu heziketa ez da kondoi bat jartzen irakastea". Esaldi bera errepikatu dute Andraizeko sexu hezitzaile Montse Velascok eta Kattalinguneko sexologo Erika Salvatierra Urtasunek. "Nor garen, zer nahi dugun, hori aztertzea da kontua; gur...

Urratsez urrats, Perura heldu arte

Urratsez urrats, Perura heldu arte

Kattalin Barber
Boluntarioa izateko grina izan du Iraide Sagardiak betidanik, eta, uda honetan, bere ametsa errealitate bihurtu du Peruko Pamparomas eskualdean hilabeteko boluntariotza egin eta gero. Are gehiago, bere esperientziaren ostean, Pamparomas...

Euskaraz eta lasai hasi dute ikasturtea

Euskaraz eta lasai hasi dute ikasturtea

Kattalin Barber

Harrera garaia izaten ari da Arrosadiako Printzearen Harresia eta Donibaneko haur eskoletan. Lan taldea berria baita bi eskoletan, eta haur gehienak ere bai. Elkar ezagutzen ari dira orain. Aurten, gainera, euskara da berritasuna. Polemiken ondoren, ikasturtea lasai eta bare hasi dutela diote haur eskoletako zuzendariek eta gurasoek. Euskarazko eskaintza zabaltzea erabaki zuen Iruñeko Udalak otsailean, baina hainbat alderdi kexu azaldu ziren erabakiarekin.

90 ume daude Printzearen Harresia haur eskolan. %30 iazkoak dira, eta %70, berriak. "Harrera garaian gaude, eta ongi doa. Haurrek ez dituzte hezitzaileak ezagutzen, lantalde berria garelako, baina pozik eta gogoz gaude", dio Garikoitz Torregrosa Printzearen Harresiko zuzendariak. Dioenez, aurtengo matrikulazio berrien ehunekoaren zati batek euskararen aldeko apustua egin du, beste zati batek gertutasunarengatik aukeratu du haur eskola, eta gainerakoek plaza lortu dutelako. Torregrosak badaki oraindik erabakia auzitegian dagoela guraso talde baten salaketa dela medio, baina ez dutela horretan pentsatzen adierazi du: "Egunetik egunera lan egiten dugu, eta ez dugu hori buruan. Zerbait gertatzean erantzuna emanen diogu".

Txema Unzuek aurten lehenengo aldiz eraman du bere haurra haur eskolara. Argi zuen euskarari lehentasuna eman nahi ziola, eta plaza lortzean poztu ziren. Harrera prozesua ongi joaten ari dela dio Unzuek: "Egia da dena berria izan dela bai guretzat eta bai haur eskolako hezitzaileentzat ere, tokia eta umeak ez zituztelako ezagutzen, baina pozik eta gustura gaude".

Iritzi berekoa da Leire Ugarte. Ametsek ikasturtea hasi du Printzearen Harresian. Iaz Burlatako haur eskolan zegoen, gazteleraz. "Euskaraz aritzeko aukera ikusi, eta ez genuen birritan pentsatu; gertutasunarengatik ere ederki datorkigu Arrosadiako haur eskola", azaldu du. Pozik agertu dira bi gurasoak euskarazko eskaintza zabaldu delako Iruñean eta horrela mantentzea nahi dute. "Heldu den urtean gehiago badira, hobeto", esan du Ugartek.

Torregrosak azpimarratu du, halaber, atzerritar askok eman dutela izena euskaraz. "Gurasoak etorri zaizkigu haien seme-alabek euskaraz ikasi nahi zutela komentatzen, eta plaza lortzean erabat poztu dira". Lehenengo egunetan haur eskolan urduritasuna nabari zela dio, baina horrelakoetan "normala" dela jakinda, lanean aritzeko gogo handiarekin daude hezitzaileak. Harrera prozesuan daude orain, umeak egokitu arte.

Edurne Lekunberri Urmeneta Donibaneko haur eskolako zuzendaria da. Torregrosarekin bat egin du, eta ikasturtea normal hasi dela adierazi du. "Iaz zeuden haur batzuen gurasoak kezkatuta agertu ziren hasieran, haien seme-alabek euskaraz ez zekitelako. Baina bi aste pasatu dira, eta lasai daude orain. Ongi joan dela konturatu dira". Gainera, Lekunberrik azaldu du umeentzat gazteleraz egitea lasaigarria bada, horrela egiten dietela. Iazko haurrek martxa hartua dute, eta familiak lasaiago daude horrekin. Guztira, 97 haur daude Donibaneko haur eskolan. %31 iazkoak eta gainerakoak berriak.

Jauzia ingelesezko eredutik

Gehienek hurbiltasunarengatik aukeratu dutela uste du Lekunberrik, baina baita euskararen apustu garbia egin dutela ere askok. Lekualdatzeak izan dira, eta Hello Rochapeako, Mendebaldeko eta Sanduzelaiko eskoletatik jaso dituzte umeak. "Bitxia iruditu zaigu, batez ere, ingelesezko eredutik hona etortzea", esan du. Lantalde osoa berria den arren, elkar ezagutzen dutela nabarmendu du zuzendariak eta horrek egunerokoa errazten laguntzen duela. Ilusio handiarekin eta euskaraz lan egiteko gogoz hasi baitute ikasturtea Iruñeko euskarazko bi haur eskola berriak.

Lehendik martxan ziren euskarazko haur eskolak Txantrea eta Arrotxapea auzoetan daude. Denera, haur eskoletan 954 toki eskaini dituzte gazteleraz eta 378 euskaraz. Hartara, euskarazko plazen eskaintza %10 zen kehen, eta %30 da orain. Udalak adierazi du haur eskolen okupazioa %93,2koa dela gaur egun, eta bigarren matrikulazio epea urtarrilaren 31n bukatuko da. Euskarazko haur eskola gehiago irekitzeko eskatu dute urte luzez Iruñeko euskalgintzako eragileek eta ehunka gurasok.

Erizainak, eskolako kide izateko bidean

Erizainak, eskolako kide izateko bidean

Kattalin Barber

Nafarroako ikastetxe publikoetan erizainak egon daitezen. Horixe eskatzen du Nafarroako Erizainen Elkargoak; haien ustez, ezinbestekoak baitira haur eta gazteen osasunaren prebentzioan eta sustapenean. Nafarroako Gobernuarekin bilerak egin dituzte dagoeneko, eta oniritzia jaso dute.

Egun, Nafarroako bost eskolatan lanean ari dira erizainak. Bi ikastetxe publikotan: Hezkuntza Bereziko Andres Muñoz ikastetxean (Iruñea) eta Torre Monreal Hezkuntza Bereziko zentroan (Tutera). Horietaz gain, erizainak daude San Fermin ikastolan, eta Maristas eta San Cernin itunpeko ikastetxeetan ere. Carlos Sesma Nafarroako Erizainen Elkargoko presidenteak argi du hezkuntza komunitatearekin batera egin beharreko bidea dela, eta iragarri du sindikatuekin eta gurasoen elkarteekin batzartuko direla heldu den ikasturte hasieran. Erizainen Elkargoaren iritziz, erizainek "osasun prozesuari ekarpen handia" eginen liokete.

Sergio Iribarren Sortzen elkarteko Nafarroako koordinatzaileak begi onez ikusi du proposamena. "Oraindik gauza asko zehazteke badaude ere, uste dugu erizainek eskolei mesede handia egin ahal dietela". Hortaz, bide beretik, hezkuntza eta osasun komunitatearekin gaia jorratzeko eskaera egin du. Iribarrenek adierazi du premia berriak sortzen ari direla eta horiei aurre egiteko ikastetxeek laguntza behar izaten dutela.

Erizainen Elkargoak txosten bat aurkeztu die Osasun eta Hezkuntza Departamentuei. Sesmak adierazi du harrera ona izan dutela oro har. "Gure proposamena ez da guztiz egokitzen haiek nahi dutenarekin, baina erizainen aldeko apustua egin dute", adierazi du. "Oraindik zehazteke dago zenbat erizain, non, nola, noiz...". Izan ere, argi dute ezinezkoa dela eskola guztietan erizainek lan egitea, eta, hortaz, zentro handietara mugatu beharko dutela egindako proposamenaren aldeko apustua.

Herrietarako eta eskola txikietarako beste irtenbide bat bilatu behar dute: "Adibidez, osasun etxeekin zerbitzuak hitzartzea". Sesmak jakinarazi du egun horrelako hitzarmenak existitzen direla baina askotan ez dutela behar bezala funtzionatzen. "Askotan, osasun etxeak gainezka daude, eta ezin dituzte beren gain hartu ikasle guztiak, ezta osasun programak bete-betean garatu ere". Hori saihestu nahi dute, eta, horretarako, "ezinbestekoak" iruditzen zaizkie eskoletako erizainak.

Bost ardatz

Gobernuari aurkeztu dioten dokumentua lantzeko, bilerak egin dituzte Nafarroan egun eskoletan lan egiten duten erizainekin, eta, horretaz gain, lehen mailako arretako datuetatik abiatuta, osasun txosten bat garatu dute. Espainian eta Europako beste herrialde batzuetan dauden ereduak ikuskatu dituzte. "Informazio guztiarekin, gure ustez, Nafarroarentzat eredurik egokiena dena garatu dugu".

Dena den, Sesmak ohartarazi du oraindik ez dela finkoa, eta aldaketak izanen dituela aurreikusten du. "Hau oinarria izan da". Familia eta pazienteen hainbat elkarterekin jorratu dute gaia, eta haien babesa jaso dute. Bost ardatz jorratuko lituzkete eskoletako erizainek: osasunaren sustapena, prebentzioa, osasun heziketa, zainketa eta laguntza. Sesmak aipatu bezala, gero eta ikasle gehiagok dute gaitz kronikoren bat, eta irakasleek ez dute normalean izaten ez informaziorik ez prestakuntzarik larrialdiak garaiz aztertu edo oinarrizko tratamenduak bideratzeko. Ez baita haien egitekoa, finean.

Europako eskola osasungarriak deituriko programaren kudeatzaileak lirateke erizainak, eta, ikasleekin ez ezik, eskoletako langileekin eta familiekin ere zuzenean lan eginen lukete. "Beste herrialde batzuetan, ohikoa da erizainak izatea eskoletan; hemen, aldiz, ez. Haien lana aldarrikatu nahi dugu", nabarmendu du.

Enpresekin konparatu du Sesmak auzia: "100 langile baino gehiagoko enpresetan derrigorrean erizain bat behar dute izan; ordu batzuetan, gutxienez. Zergatik eskoletan ez?".

Nafarroako Erizainen Elkargoaren iritziz, Osasun Departamentuak hartu beharko luke ardura; betiere, Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean. Gainera, erizainek osasun komunitarioan eta pediatrian prestakuntza izan beharko lukete. "Gure helburua orain proposamena ezagutaraztea eta lege esparrua aztertzea eta zehaztea da". Sesmak ez du dudarik onura handiak ekarriko lituzkeela, eta duela gutxi Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri den tesi bat izan du ardatz. Izan ere, Raquel Saenz Erizaintza diplomadunaren ikerketak adierazi duenez, eskolako erizainaren irudia sortzeak eskoletako istripuei aurrea hartzen lagunduko luke.

Lehen urratsak egin ditu proposamenak, eta heldu den ikasturtean itxura hartzeko nahia adierazi dute eragileek.

Aurrea hartu diete sanferminei

Aurrea hartu diete sanferminei

Edurne Elizondo

Tradizioak eta berrikuntzak eskutik helduta egin dute aurrera Udako Euskal Unibertsitatearen historian. 1973. urtean egin zituzten udako ikastaroak, lehendabiziko aldiz, Donibane Lohizunen (Lapurdi). 1977an ailegatu ziren Iruñera. Eta, geroztik, ez dute Nafarroako hiriburua utzi. Urtetik urtera egokitzen joan dira, halere; garaian garaiko beharretara eta testuingurura moldatzen. Aurten, aurrenekoz, aurrea hartuko diete sanferminei: hilaren 27an, 28an eta 29an eginen dituzte Iruñeko ikastaroak, hiriko Alde Zaharreko Kondestablearen jauregian.

"Aldaketak ulertu behar ditugu ikastaroen eboluzioaren barruan". Horixe nabarmendu du Irati Iziarrek, UEUko udako ikastaroen arduradunak (Oñati, 1975). Eboluzio horrek azaltzen du 1977ko ikastaroen eta oraingoen arteko aldea. "1977. urtean euskaraz ikasteko aukera ia bakarra ziren UEUko ikastaroak; oasi baten modukoak ziren euskaldunentzat", gogoratu du Iziarrek. Egoera aldatu da. Euskarak bere tokia hartu du unibertsitatean ere, nahiz eta herrialdez herrialde ezberdintasunak nabarmenak izan. Formakuntzaren esparruan izan diren aldaketak mahai gainean jarri ditu Iziarrek ere. "Oraingo eskaintza ordukoa baino askoz ere zabalagoa da; etengabeko formakuntzara ohitu gara, eta hamaika motatako ikastaroak ditugu eskura, hamaika erakundek antolatuta".

1977an Larraona ikastetxean aurkitu zuen UEUk udako ikastaroak egiteko behar zuen aterpea. Hasierako garai hartan, bi astez garatzen zituzten ikastaroak, eta ehunka ikaslek parte hartzen zuten. Euskal Herri osoko jendea etortzen zen Iruñera. "Oporrak hartzen zituzten ikastaroak egin ahal izateko!". Larraonan zituzten ikasteko gelak, bai eta lo egitekoak ere. "Garai hartan helduentzat behar genuen barnetegia ziren UEUko ikastaroak", erran du Iziarrek.

Horrek giro berezia sortzen zuela dio. Eta jende anitz giro horrekin oroitzen dela, oraindik ere. "Ez dut uste, ordea, egungo ikastaroei orduko giro hori eskatzea errealista denik; egia da hasierako garai hartan euskaldunen arteko sarea sortzeko balio zutela ikastaroek, baina horretan ere egin dugu aurrera, eta badaude bestelako aukerak eta foroak".

Aldaketak

Aldaketek lortu dute UEUko udako ikastaroei eutsi ahal izatea. Horixe argi eta garbi du Itziarrek. Horregatik erabaki dute aurten, adibidez, ikastaroak ekainean egitea, lehen aldiz. "Azken urteotan sumatu dugu Iruñeko matrikulen kopuruak behera egin duela; uste dugu data izan daitekeela arrazoia". Uztailean, sanferminen ondotik egiten ohi zituen UEUk Iruñeko ikastaroak; hasieran, bi astez. Egoitza aldatu zuten gero, eta Iturrama auzotik Alde Zaharrera mugitu ziren, Iruñeko Hizkuntza Eskolaren egoitzara. Aste bakarreko bilakatu zituzten ikastaroak. Azken urteotan, berriz, Jaso ikastola izan da UEUren udako egoitza. "Eskuzabaltasun osoz jokatu dute ikastolako kideek gurekin".

Erakunde publikoen jarrerari buruz ezin du gauza bera erran Iziarrek. Azken hamalau urteotan izan da bera udako ikastaroen arduradun. "Euskalgintzako gainerako taldeek izan dituzten oztopo berak izan ditugu guk ere". Azpiegiturak eskatutakoan jasotako ezetzak nabarmendu ditu, adibidez, eta Iruñeko Udalak eta UEUk zuten hitzarmena desagertu izana. Udaletxean duela urtebete gertatu zen aldaketak izan du eragina, eta eskertu du Iziarrek. "Beste jarrera bat dute oraingo arduradunek. Iaz, hain zuzen ere, Iruñeko Udalak harrera egin zion UEUri; hogei urte ziren horrelakorik gertatzen ez zela".

Nafarroan gertatu den aldaketa politikoa jorratuko dute aurtengo ikastaroetan, hain zuzen ere. Eugenio Arraizari buruz jardunaldia eginen dute, halaber. UEUko kide eta bazkide zen Arraiza, eta iazko abuztuan zendu zen. "Bazkide sutsua izan zen, eta omenaldia egin nahi izan diogu; ezohiko omenaldi bat, halere. Euskalgintzak egindako bidea jorratzeko baliatuko dugu jardunaldia", azaldu du Iziarrek.

Ikastaro horien eta gainerakoen bitartez, euskal komunitate zientifikoari aurrera egiten lagundu nahi dio UEUk. Unibertsitatea osatzen duten profesionalen, bazkideen, boluntarioen eta ikasleen "ilusioa" eta "gogoa" nabarmendu ditu Iziarrek. "Hori da gure altxorra". Historia saileko kide gisa hasi zuen ikastaroen arduradunak bere bidea UEUren barruan. Saileko zuzendari izendatu zuten gero, eta ikastaroen buru da orain. Lana badu, bai eta egiteko gogoa ere.

“Benetako eskola izan zen niretzat”

“Benetako eskola izan zen niretzat”

E. Elizondo

Erraz egiten du denboran atzera Martin Orbek (Errigoiti, Bizkaia, 1934). Fresko ditu gogoan UEUren eskutik Iruñean bizi izandakoak. 1976an bat egin zuen Orbek Udako Euskal Unibertsitatearekin, eta urte hartan hartu zuen erakundearen ardura bere gain. UEUko bigarren idazkari nagusia izan zen, Manex Goienetxeren ondotik. 1977an egin zituzten udako ikastaroak Nafarroako hiriburuan lehendabiziko aldiz. Iparraldean ezagutu zuen Orbek erakundea, Zamorako (Espainia) apaiz kartzelan preso egon eta gero mugaz bertzaldera ihes egin baitzuen. Gogor apaiz taldeko kide izan zen Orbe. 1969tik 1972ra egon zen espetxean.

Ipar Euskal Herrian hasi ziren UEU mamitzen. Nolakoa izan zen prozesu hura?

UEUren aurrekari gisa aipatu behar dira Baionan egin zituzten hiru euskal asteak, 1970etik 1972ra. Hirugarren astean, 1972koan, Carlos Santamariak bota zuen ideia, mahai gainean jarri zuen Katalunian bezala udako euskal unibertsitate bat sortzeko asmoa. Eta aurrera egin zuen. Ni orduan itzalpean nintzen, kartzelan.

1973an egin zituen UEUk udako ikastaroak lehen aldiz. Iparraldean zinen zu ordurako.

Bai. Iparraldean nintzen, eta ezagutu nahi izan nuen sortzen ari zen unibertsitate hori. Lehendabiziko bi urteetan Donibane Lohizunen egin zituzten ikastaroak, eta hurrengo bietan Uztaritzen. Han egin nuen nik bat UEUrekin, laugarren edizioan.

Bat egin, eta ardura hartu. Ez zenuen ardura hartzeko beldurrik?

Manex Goienetxe izan zen lehen idazkari nagusia. Laguntzaile talde bat bazuen ondoan; harekin aritu ziren Jean Haritxelar, Piarres Xarriton, Joseba Intxausti eta Jose Luis Lizundia, besteak beste. 1976ko edizioan Goienetxek esan zuen ezin zuela UEUko buru izaten jarraitu, eta ni aukeratu ninduten. Beldurtua nintzen, bai, ardura nire gain hartu nuenean. Lagunduko zidatela esan zidaten, eta lanean hastea erabaki nuen.

Zuk egindako urrats nagusietako bat izan zen ikastaroak Iparraldetik Iruñera ekartzea. Nola hartu zenuten erabakia?

Kosta egin zitzaigun erabakia hartzea, zalantzak bagenituelako. Zenbaitek proposatu zuten ikastaroak bi egoitzatan egitea, Iparraldean eta Hegoaldean. Azkenean, Iruñera joatea erabaki genuen. Batetik, ikusi genuen Iparraldeko ikastaroetan parte hartzaile gehienak Hegoaldekoak zirela; bestetik, UEUrentzat biltzen zen diru apurra ere gehienbat Hegoaldean batzen zen. Eta Euskal Herriaren batasunaren ikuspuntutik ere interesgarria iruditu zitzaigun ikastaroak Iruñean egitea.

1977an egin zenituzten udako ikastaroak Iruñean lehendabiziko aldiz. Erraza izan zen baimenak lortzea?

Asko lagundu zigun Javier Urmenetak, Jose Maria Satrustegiren bitartez. Gogoan dut Rodolfo Martin Villa Espainiako ministroari gutuna bidali geniola. Erantzun zigun ez zela bere ardura, eta hitz egingo zuela Hezkuntza Ministerioko arduradunekin. Ekain aldera ailegatu zitzaizkigun baimenak. Uste baino oztopo gutxiago jarri ziguten. Ez dakit Urmenetak isilean zer-nolako lana egingo zuen.

Larraona bilakatu zen UEUren udako ikastaroen egoitza, ia 25 urtez. Zer oroitzapen duzu zuk hasierako garai horri buruz?

Ni idazkari nagusi izan nintzen 1983ra arte, eta urte horietan guztietan han egon ginen. Eta oroitzapenak ezin hobeak dira. Euskal Herri osoko jendeak bat egiten zuen. Lana ondo eginda joaten ginen gu, gainera. Giro polita sortzen zen. Intxaustik esaten zuen lortu genuela halako lotura bat ahalegin akademikoaren eta ahalegin ludikoaren artean. Benetan hunkituta gelditu nintzen lortutakoarekin. Benetako eskola izan zen niretzat.

UEU Iruñera etorri zenean ikastaroen egitura ere aldatu egin zenuten.

Bai. Ordura arte hitzaldiak egiten genituen. Eta parte hartzaile guztiak joaten ziren hitzaldi guztietara. Iruñean hasi ginen ikastaroak sailka antolatzen. Bakoitzak bere interesen arabera aukeratzen zuen zer ikastaro egin. Saio osagarriak ere egiten genituen. Mus txapelketak eta futbol txapelketak ere antolatzen zituzten. Jende gaztea aritzen zen, eta sortzen zen giro ederra. Giroa ere euskaldundu genuen.

Larraonan bertan, giroa erdalduna zen oro har, ezta?

Bai. Baina guk asmatu genuen egoera horri buelta ematen. Egoitzan sartu, eta Recepción idatzia zuen kartel handi bat zegoen. Guk Harrera gela ere idatzi genuen. Gogoan dut, halaber, Olariagak aurreko eguneko ekitaldien laburpena egiten zuela, egunero, bere marrazkien bidez, eta korridorean zintzilikatzen zituen.

1983an utzi zenuen idazkaritza nagusia. Zergatik?

Esan nuen nekatuta nengoelako utzi nahi nuela, baina ez zen egia.

Zergatik utzi zenuen ba?

Uste nuelako idazkari nagusiak izan behar zuela lotura estuagoa unibertsitatearekin. Gero egitura aldatu zen, zuzendaritza taldea osatu zen, eta nik han jarraitu nuen hainbat urtez.

Anitz aldatu da geroztik UEU?

Asko, bai. Nire sasoian UEU zen auto txiki bat, eta nik banuen halakoak gidatzeko baimena. Egun, UEU trailer bat da. Ezingo nuke gidatu! Halere, uste dut garrantzitsua dela esatea UEUtik pasatu direla euskal kulturan izen bat izan duten guztiak. Harro sentitzen naiz.

Ikasmahai bat euskararentzat

Ikasmahai bat euskararentzat

Edurne Elizondo

Eneko Espartza Igantzikoa da. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aritu da oraingo ikasturtean. Soziologiako ikasketak ari da egiten. Lehendabiziko lauhilekoan zazpi ikasgaietatik bost egin ditu euskaraz. Bost horiek, hala ere, Soziologiak Irakasletzarekin elkartuta dauzkan ikasgaiak dira. Bigarren lauhilekoan bi bertzerik ez dira izan euskarazko ikasgaiak Espartzarentzat. "Eta hortik aurrera, dena gaztelaniaz".

Espartzak onartu du hizkuntza "sakrifikatu" egin duela Iruñean ikasteko. "Hurbiltasunagatik" erabaki du Nafarroako hiriburuan gelditzea, euskaraz ikastera Bilbora joan beharrean. D ereduan aritu da beti. "Ez hori bakarrik; euskaraz bizi naiz, eta euskaraz garatzen ditut nire harreman gehienak". Ondorioz, unibertsitatean euskaratik gaztelaniara jauzi egin behar izatea "gogorra" egin zaio, zenbaitetan.

NUPen, Irakasletza da euskaraz egin daitekeen gradu bakarra. Bertze hainbat ikasketatan badira euskarazko ikasgaiak, batez ere lehen mailan, baina ez, ordea, gradua osorik euskaraz ikasteko aukera. "Eskaintza urria da goi mailako ikasketetan", salatu du Espartzak.

Ikasle Abertzaleak taldeko kide da Igantzikoa. Erakunde horretako arduradunekin egon dira Espartzaren kezka bera agertu duten D ereduko hainbat guraso. Taldea osatu dute, hain zuzen ere, kezka horri bidea emateko. Ikasmahai bat eskatzeko euskararentzat, NUPen. Taldeko kideetako bat da Josune Bizkai. Batxilergoko bigarren maila bukatu berri du haren alabak. Asteazkenetik NUPen selektibitatea egiten ari diren ia 3.000 ikasleetako bat da. Asteazkenean hasi zituzten azterketak, eta gaur amaituko dituzte. "Alabak zuzenbidea ikasi nahi du. Euskaraz aritu da orain arte, baina Iruñean ez du Zuzenbidea euskaraz ikasteko aukera. Donostiara joan beharko luke. Oraindik ez du erabakia hartu; horretan ari gara, zer egin pentsatzen. Ekonomiaren ikuspuntutik erabaki horrek ekartzen duena ere hartu beharko dugu kontuan", azaldu du Bizkaik.

Egoera berean dira bertze hainbat guraso Iruñean. Horregatik egin dute bat. Eta lanean hasi dira, institututik unibertsitaterako bide horretan euskara bazter gera ez dadin. Hasteko, datuak jaso eta mahai gainean jarri nahi izan dituzte. Datu horiek aurretik uste zutena berretsi egin dutela nabarmendu du Bizkaik. Zehazki, inkesta bat egin dute Iruñeko D ereduko zazpi ikastetxetan. Sare publikokoak eta pribatukoak aukeratu dituzte. Zentro horietako gurasoei lau galdera egin dizkiete. Denera, 408 erantzun jaso dituzte. Lehen galderaren harira, 408 horietatik 397k argi utzi dute seme-alabek euskaraz ikasten jarraitzea nahiko luketela. Batek bakarrik erran du ez lukeela hori nahi, eta bertze hamarrek, berriz, ez dakitela erantzun dute.

Inkesta erantzun duten gurasoen ia %58k erran dute nahiago luketela seme-alabak kanpora bidali, euskaraz ikasteko aukera izan dezaten. Ia %39k, berriz, Iruñean gelditzeko aukera lehenetsiko lukete, hizkuntza sakrifikatuta.

Iruñean gelditu edo kanpora joan aukerari buruzko arrazoiak galdetu dizkiete gurasoei. Iruñean gelditzea lehenetsi dutenen artean, gehienek arrazoi ekonomikoak jarri dituzte mahai gainean (%75,3). Iruñetik kanpora joateko aukera babestu duten guztiek, berriz, "hezkuntzari lotutako arrazoiak" aipatu dituzte.

"Hezkuntzarekin lotutako arrazoien artean dago hizkuntzarena, noski", azaldu du David Dominguezek. Inkesta martxan jarri duen guraso taldeko kide bada Dominguez ere, eta Iturrama institutuko irakaslea, gainera. "Ziklo guztietan euskaraz ikasteko eskubidea izan beharko genuke".

"Eskaintza urria"

Lehen Hezkuntzan bi alaba ditu Dominguezek. Unibertsitatera joateko aukera urrun du, oraindik, baina argi utzi du kezkatzen dutela goi mailako ikasketetan alabek euskaraz ikasten segitzeko izan ditzaketen zailtasunek. Oraina ez du ongi ikusten. NUPen eskaintza urria dela uste du. Inkesta erantzun duten gurasoek ere uste dute eskaintza hori ez dela nahikoa. Horixe azaldu dute parte hartu duten gurasoen %84,55ek, hain zuzen ere.

Egia da euskarazko ikasgaien kopuruak gora egin duela NUP sortu zenetik. Iazko datuen arabera, 216 ziren, denera. Gauza bat da ikasgai bat euskaraz egiteko aukera paperean jasota egotea, eta bertze bat aukera hori errealitatean gauzatzeko modua, hala ere. Horixe nabarmendu du IAko Eneko Espartzak. "Nire kasuan, adibidez, gertatu zait eskolak euskaraz jasotzea, baina ikasgai horretako material guztiak, berriz, gaztelaniaz izatea".

Euskaraz irakasten duten hainbat irakasle DBHn ere aritzen direla erantsi du Espartzak, eta horrek eragina duela euskaraz ikasi nahi dutenen ordutegietan. "DBHn ari direnak arratsaldez etortzen dira unibertsitatera; lehen lauhilekoan eskola guztiak nituen arratsaldez; bigarrenean, berriz, goiz eta arratsaldez; hagitz ordutegi txarra zen".

Geletatik kanpo ere euskarak toki gehiago izan beharko lukeela uste du IAko kideak. "Kafetegian inork ez daki; liburutegian zenbaitek egiten dute euskaraz, baina joaten zarenean langile horiek ez badaude, zerbitzua euskaraz jasotzeko aukera galtzen duzu".

NUPek eskaintzen dituen graduondokoei buruz ere hainbat kontu mahai gainean jarri nahi izan dituzte hainbat ikaslek. DBHko irakasletzarako graduondokoan, adibidez, hamabi kide ari dira aurten; sei dira gaztelaniazkoak, eta bertze sei euskarazkoak. Azken horiek ez dute aukera izanen ikasketen amaierako proiektua euskaraz aurkezteko, "epaimahaia ez delako euskalduna". Bertze hainbat urtetan aukera hori izan dute parte hartzaileek. "Tutoreen borondatearen araberakoa izaten ohi da aukera hori".

Euskara, anitzetan, borondate kontua dela nabarmendu du David Dominguezek. "Gertatu da euskarazko irakasle batek gaixo-agiria hartu behar izatea NUPen, eta ordezkoak euskaraz ez jakitea; ez dago jarrera serio bat hizkuntzarekiko unibertsitatean", salatu du guraso taldeko kideak. "Ia 30 urte joan dira NUP martxan jarri zenetik; bada garaia gauzak beste modu batera egiteko".

Administrazioak ere zer egin baduela uste dute inkesta bultzatu duten gurasoek. Iritzi horrekin bat egin du Espartzak ere. "Unibertsitatean ez dut egungo errealitatea aldatzeko borondaterik ikusten; ea aldaketa famatuaren gobernuak presioa egiten duen", erran du.

IAko kideak argi du gizarte osoak egin behar duela presioa, NUPen euskarak toki gehiago izan dezan. Ontzat jo du D ereduko gurasoek egin duten lana, eta elkarlanaren aldeko apustua egin du, hain zuzen ere, urratsak egiten jarraitzeko.

Gurasoek, orain, unibertsitateko arduradunekin bilera egiteko asmoa azaldu dute, inkestaren bidez lortutako datuak haiekin lantzeko, eta beren aldarrikapenen berri emateko. NUPek onartu berri duen Plan Estrategikoan ere parte hartu dute. Aurten, lehen aldiz, herritarrek ekarpenak egin ahal izan dizkiote unibertsitateak aurkeztutako zirriborroari, eta D ereduko guraso taldeko kideek aurkeztu dituzte NUPek kontuan hartu dituen hainbat auzi. Ekarpen horien harira, euskal kulturari buruzko erreferentzia orokor bat jaso du testuak, bai eta euskararen plan gidaria egiteko asmoa ere, bertzeak bertze.

Euskaraz bizi

Unibertsitateari egin diote so D ereduko guraso horiek, baina NUPen euskaraz ikasi ahal izateko aldarrikapena bertze eskaera orokorrago batekin lotu dute. "Euskaraz bizitzeko dugun eskubideaz ari gara, finean", azaldu du Dominguezek.

Horri lotuta, Iruñean haur eskolak euskaraz izateko eskubidea defendatzen ari diren gurasoen egoera ekarri du gogora Dominguezek. "Haur eskoletan eta goi mailako ikasketetan dagoen hutsunea nabarmena da", azaldu du, eta horrek euskaraz bizitzeko apustua zaildu egiten duela erantsi du. "Nik argi dut nahiko nukeela nire alabek euskaraz ikastea, baita unibertsitatean ere; haien esku ere badago erabakia, baina, behintzat, egon daitezela aukera guztiak mahai gainean".

Oraingoz, ez daude. Edozein gradu euskaraz ikasteko aukera nahi du Espartzak. Urrun ikusten du, oraindik ere. "Hori lortzeko jarraitu beharko dugu lanean", erran du Bizkaik. D ereduko gurasoek egin dute lehen urratsa. Administrazioari eta unibertsitateari eskatu diete bigarrena.