Iritzia

Iritzia: Karpanta doktorea M-8an

Tania Arriaga Azkarate

Lana besterik ez dudala egiten iruditzen zait; halere, sakeletan inoiz baino diru gutxiago dut. Lana besterik ez dut egiten, baina esanen nuke ikasleek ez dutela sentitzen irakasleon esfortzua. Lana besterik ez dut egiten, baina lankideak, lankide baino, lantokikideak zaizkit. Nirvana talde grunge zaharrunoaren eta medikatuaren kanta bat izan zitekeen, baina egoera hau pertzepzio pertsonaletik harago doa. Gaurko zutabean, auto-laguntza marxistari ekinen diot, konstelazio Molotov-ari, klase mind-fullnessari.

Euskal Herriko Unibertsitatearekin sei orduko kontratua (hilabeteko 24 ordu) sinatu dudan arren, 40 lanordu baino gehiago ematen ditut klaseak prestatzen, irakasten, tutoretza orduak atenditzen, 160 ikasleen lanak zuzentzen eta, gauari lapurtutako tartetan, ikerketatxoren bat burutzen, noizbait zortzi orduko kontratu finkoa izateko esperantzarekin. Horregatik guztiagatik, EHUk 771 euro ordaintzen dizkit. Lagunek "pozik egon behar duzu" esaten didate, estatuko gainerako unibertsitate publikoetan, NUPen barne, gu baino okerrago daudelako.

Ez dut hemen nire curriculumaren ingurukoak plazaratzeko asmorik, baina lortutakoarekin aski harro nagoela esan dezaket; besteak beste, lanari, jakin-minari, ausardiari eta nire ingurukoen laguntzari esker eraikia izan delako. Hortaz, pentsatzekoa da, orain arte bildutako prestakuntza eta esperientzia transmititzeko gai izan beharko nukeela, 771 euro miserableengatik bada ere. Susmoa dut, tamalez, informazio hori guztia airean gelditzen dela. Gazteei XX. mendeko irakaspenak ez zaizkie interesatzen, edo akaso gu gara, botoxik gabeko sasi-pertsonak, interesgarriak ez garenok. Esanen nuke ikasle asko klasera etortzen direla bizitzaren inguruan hitz egiten duen youtuber gazte, arin eta dinamiko, oso dinamikoen bila. Unibertsitatean, aldiz, 80 lagunen klaseak, testuak, esaldi luzeak eta irakasle grisak topatzen dituzte, ("putas viejas" eta "putos cerdos", autobusean entzundakoa). Azken buruan, ekintzaile arrakastatsuen unibertsoan, eskola-emaileok aspergarriak, motelak eta batere glamour-ik gabeko galtzaile porrokatuak gara. Eta arrazoia dute, besteak beste sistema akademikoak irakaskuntzari oso balio txikia ematen baitio.

Egoera ezegonkor, behin-behineko, larri eta eskas honetan, unibertsitateko irakasleon arteko elkartasunak inoiz baino indartsuagoa izan beharko luke. Nik ez dut horrelakorik ikusi; irakasle berrien arteko lehia itogarria da. Marka pertsonalak solidaritatea zapaltzen du, eta katedra/kontratu-grinak ahizpatasuna. Seniorrek tristuraz eta harriduraz ikusten gaituzte, eta sindikatuak… atx sindikatuak… behin-behinekotasunari barkatzen dizkiete zorrak, guc, gure çordune barkhatcen dioztegun beçala.

Ezagutzaren Ekonomiak (esamoldea trufatzeko aukeratu dut), prekaritate ekonomikoa globalizatzeaz gain, denbora lapurtu digu eta, deskuidatzen bagara, gelditzen zaigun duintasun gramoa laster sudurretik sartuko du; hipotekei buruzko bideo dinamikoa oso dinamikoa igotzen duen bitartean. Errealitate distopiko hau olio orban baten gisa zabaltzen ari zaigu. Horregatik, 2018ko martxoaren 8a egun handia izan da Karpanta doktorearentzat. Feminismoaren eskutik, XXI. mendeko "lurrean kondenatu garen langile tristeok" bildu eta troll-ei aurre egin diegulako. Zapalkuntza berriek neurriko erantzuna jaso dute: mundu osokoa, anitza, askatzailea, eskuzabala!

Martxoaren 8a XXI. mendeko Maiatzaren Lehena izan da.

Iritzia: Erranen diegu

Jon Barberena

Erran izan zieten emakumea isila, garbia eta langilea izan behar zela; gizartearen arauen moldean sartzen zen horietakoa. Erran izan zieten gizonek ezin zutela publikoki negarrik egin. Erran izan zieten ilun-ezkilak jotzerakoan etxeratzen ez zirenak, desordutan eta deslekutan zebiltzala.

Erran izan zieten ohiturak bere horretan hartu behar zirela, nahiz eta norbere askatasuna eta nortasuna urratuak izan, onartu beharrekoak zirela. Erran izan zieten masturbatzeak pikorrak ateraraziko zizkiela aurpegian eta haragia bekatarien galbide eta tentazio zela. Erran izan zieten Antonio Machado Frantziara bere familiarekin borondatez joan zela eta Lorca bat-batean hil zela. Baina gogoz kontrako borondaterik ez dago eta hiltzetik erailtzera, h-aren galera baino zer edo zer gehiago dago.

Erran izan ziguten 1512an ez zela gurean konkistarik izan, anexioa baizik; Fernando Katolikoak eskubide osoz bereganatu zuela Nafarroa Gaztelarendako. Urte batzuk geroago, erran ziguten konkistaren 500. urteurrenaren harira, konkista ez zela bereziki odoltsua izan (behinik behin konkista hitza erabili zuten). Erran izan ziguten Gerra Zibila 1936. urtean hasi eta 1939. urtean akitu zela eta buruz ikasi genituen datak, baina inork inoiz ez zigun erran Matilde Landa andaluziarrak zergatik egin zuen bere buruaz bertze eta nork eta nola hil zuten Maravillas Lamberto nafarra.

Erran izan zigun Jose Iribasek, Hezkuntza kontseilari ohiak, zein liburu erabili behar genuen Nafarroako D ereduko ikastetxe eta eskoletan. Euskal Herriko mapa bat agertzea nahikoa zen liburu horren erabilera galarazteko. Hau ez zen XVII. mendean pasatu, 2013. urtean baizik.

Erran izan digu, LOMCE erreformak, libreki adierazteko eta hausnartzeko bide ematen diguten ikasgaiek ez dutela lekurik gurean. Musikak, Arte Plastikoek eta Filosofiak ez omen dute baliorik egun. Enpresen mundurako hezi nahi dituzte gazteak, denak berdin. Pentsamendu kritikoari, adierazteko bideei eta aberastasunari ateak itxiz.

Berriki erran digute Telleria eta gero zer? liburua D ereduko zenbait ikasle talde adoktrinatzeko tresna izan dela. Baztanen indarrean dagoen (H)ilbeltza ekimenarekin bat eginez hiru nobela beltz proposatu zaizkie ikasleei ikastetxe batean eta horietako bat izan da Pratek idatzitako hau. Nobela beltza hauspotzea eta irakurzaletasuna indartzea izan dira fikziozko nobela honen bidez erdietsi nahi izan diren helburuak, baina UPNko hautetsiek mamuak marraztu nahi izan dituzte matrikulazio kanpaina hastear zela.

Nafarroan eta, oro har, Euskal Herrian bizi den egoera politiko berria dela medio, diskurtsorik gabe gelditu dira UPNko agintariak, eta arriskurik ez egonagatik, beldurra elikatzea eta jendea larritzea hartu dute beren helburu. Errealitatea distortsionatzen duen eskizofrenia hedatu nahi dute.

Erran izan zieten, erran izan ziguten, erraten digute… baina guk ere erranen diegu ez dugula inor adoktrinatzen eta ez dugula inor adoktrinatu nahi.

Iritzia: Tratu ankerrak

Lohizune Amatria
Ez dago torturaren argazkirik, ez dago torturaren aktarik, tortura, definizioz, denik eta jarduerarik gordeena baita. Gizarteak erabaki behar du torturatuari edo torturatzaileari sinesten ote dion". Era labur eta zuzenean laburbildu du...

Iritzia: Plastikozko euskaldunok

Saioa Alkaiza

Pplastikozko" euskara horren hiztuna naiz. Solas "artifiziala" daukat. Nire mintzairak ez du sentimenduak adierazteko balio. Ez da naturala, ez da berezkoa, ez da betitik nire familian hitz egin izan dena. Ez dakit gure baserrian X eta Y nola esan izan diren, etxalderik gabeko sendi batekoa naizelako. EITBko fikziozko serie gutxi horiek ikusterakoan, hizkuntza ez zait arrotza egiten. Euskal literaturan irakurritako elkarrizketak ere ez. Komunikatiboa ez den euskara horren jabea naiz. Ez omen du besteen xarmarik, ez gertutasunik, ez kolorerik, ez ñabardurarik. Hiztegi lau bezain antzu baten erabiltzailea nauzue. Bai, aitortuko dut, euskara batua baino ez dakit. Horietako bat naiz ni.

Dena dela, askotan izan dut zalantzarako ohorea; uler bedi, euskarazko hedabideetan lan egiten dut, irratiko esataria naiz, ez ditut -z eta -s nahasten, -tt ahoskatzeko mingain mugimendua kontrolatzen dut eta ongitxo dakit non jarri behar den k. Horregatik, labeleko euskaldunek behin baino gehiagotan galdetu didate ea nongoa ote naizen. Iruñekoa. Horra, erantzuna. Orduan, arbasoen bila hasten dira: eta gurasoak? Badakit galdera deszifratzen, ordea: zalantza ez baita gurasoak nongoak ditudan, baizik eta ea herri euskaldun batekoak ote diren. Halakoetan harro erantzuten dut: erdaldunak. Eta erdaldunak direla nabarmentzen dut, zalantzan jartzen ari direna euskara bera delako, hiri bateko pertsona batek, batua baino ez darabilen batek, euskara zuzena eta egokia menperatzea.

Ez dut euskalkia versus batua eztabaidan alerik jarriko, ez dut bataren zein bestearen balioa gutxietsi nahi, ez naiz erregistro zein helburu komunikatibo kontuetan sartuko, ez dut ezbaian jarriko pertsona bakoitza eroso senti daitekeela era batean, areago ez dut esanen zer iruditzen zaidan baloi bati ostikoak ematearren gizon batek kobratu dezakeena gizon batek, bai. Barne arrakalak sortu dizkit eztabaidak, baina.

Nola sentitzen gara batua baino menperatzen ez dugunok ika-mika honen aurrean? —eta pribilegiotik diot hau: kazetaritzan lan egiten duen pertsona euskaltzale baten ikuspegitik, bertsotan aritzen den baten ahotik, hizkuntza ikasteko batere arazorik izan ez duen horren larrutik—. Nola sentituko dira gure institutuko klasean Nik naiz idatzita ere euskaraz ahalegintzen zirenak? Euskarazko prentsarik irakurriko ote dute? Zer sortuko zaie euskaltegiko ikasleei jakiterakoan inoiz ez dutela benetako euskararik jakinen? Zein hizkuntzatara joko du ergatiboa non jarri asmatzen ez dakienak, euskara egunero erabiltzen badu ere, entzuten duenean berea artifizio hutsa baino ez dela? Inguruko herri euskaldunetako euskalkia kopiatzen segituko al du soilik batua dakien gazte euskaldunak familia belarrimotz batekoa dela nabaritu ez dadin? Erdarara jotzea ez al da errazagoa inbentatutako euskara hori baino ez dugunok purutasunera eta naturaltasunera iritsiko ez garela jakinda?

"¡Qué jarto, primo, con tol tiempo que'usau pa politizar lo de usar el euskara yahora vuelvo al castellano!". Zergatik ez? Total, niretzat hori da naturalena.

Iritzia: Planto

Lur Albizu Etxetxipia

Duela hilabete gutxi batzuk hasi zen dena, eta dagoeneko aste gutxi batzuk besterik ez da falta. Urteroko borroka-egunaren forma aldatu eginen da aurten. Dena gelditzera goaz. Martxoaren 8an greba feminista eginen dugu Euskal Herrian, lelo argi batekin: Emakumeok* planto, nosotras paramos!.

Mugimendua gara, eta mugimenduan gaude: Nafarroan lehenengo asanblada egin zenetik beste txoko askotan hasi dira haien elkargune propioak osatzen, Iruñerriko auzo eta herrietan, Tuteran, Tafallan, Sakanan... Ez bakarrik hori, ikasleak ere ari dira haien espazioetan saretzen, lau ardatzen inguruko lantalde eta lanketak egiten ari gara, batzordeak eratu dira... Bi hilabetean horrelako lanketa eta zabalpena izatea, emakumeen* saretzean sakontzeko elkarguneak sortzea, aniztasuna oinarri lanean aritzea ez da gauza makala. Zenbat aldiz parte hartu dugu 80 pertsonako batzarretan?

Kalera ateratzeko arrazoiak asko dira: gure gorputzen gaineko indarkeria motak, egunero egiten ditugun ezkutuko (eta doako) lan guztiak, doan egiten ditugun zaintza-lanak, ezkutuan jarraitzen duten emakume erreferenteen desagerpena, soldata baxuagoak, kontsumismoa eta geure gorputzen merkantilizazioa... esaldi bakarrean laburtu beharko banu, esanen nuke ez dugula bigarren mailako izan nahi, ezkutukoak izateari utzi nahi diogula. Ez dugu menpeko izan nahi. Bagara nor.

Ez da greba feminista bat egiten den lehen aldia, guretzat berria bada ere. 1975ean, Islandian, emakumeak (%90!) ez ziren lanera joan, ez zuten bazkaria prestatu, ez zituzten haurrak zaindu. Atzerago egiten badugu, Bartzelonan ere topa dezakegu; duela 100 urte, emakume langileek piztu zuten greba bat, oinarrizko produktuen garestitzea zela eta. 2015ean, Vaga de totes deitutakoa izan zen hiri horretan. Iaz... Iaz deialdi internazionala egon zen. Ehunka mila emakume* atera ziren gure aldarriak kalera ateratzera. Hemen keinuak egin ziren iaz. Aurten... Planto egitera goaz.

Eta nolakoa izanen da greba feminista? Nola imajinatzen dugu greba feminista? Nolakoa izanen da? Zergatik aterako gara? Galdera berdinak egin zizkieten duela pare bat aste Iruñerriko emakume* batzuei. Pertsona adina erantzun: borrokarako tresna delako, emakumeen* boterea ikusarazteko, beharra delako, indarkeriez nazkatuta gaudelako, ez gaituztelako kontuan hartzen, sistemaren kontra joateko, mundua geldiarazteko, emakume anitzekin eraiki eta ikasiko dugulako, beste sistema bat posible dela erakusteko aukera delako... Gure eskubideak defendatzera aterako gara, indarkeriei aurre egitera, sistema iraultzera, munduko emakumeen borrokekin bat egitera, kapitalismo patriarkalari aurre egitera.

Egitera goazena berria eta berritzailea da. Herri eta auzoak, Nafarroa, Euskal Herria, mundua eraikitzeko modu bat. Sistemari aurre egin eta batera borroka egiteko eguna. Agian ez da handiena izanen, baina jarraituko dugu, mundua gelditu eta geldiarazi arte. Gu gelditzen bagara mundua gelditzeko (eta eraldatzeko, iraultzeko) gai garelako.

Iritzia: Gaurkotasun testak

Tania Arriaga Azkarate

Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean, lau-hilabete berria hasi da aste honetan, eta niri Informazio Generoak ikasgaia ematea egokitu zait. Lehendabiziko mailako gaia izanik, laurogei ikasle inguru izanen ditut klasean: energiaz beteriko ia ehun gazte, 2000. urtean jaiotako xamalko bizkorrak. Aspaldidanik, Informazio Generoen atal garrantzitsua, astero astero, ikasleek egin beharreko gaurkotasun testa da. Munduan eta hemen inguruan gertatutakoen gainean galderak egiten dizkiegu baina oso erantzun zuzen gutxi jasotzen ditugu. Egoera irudika dezazuen, ondoren irakurriko dituzuen moduko galderak prestatzen ditugu: "Zein herrialdek bonbardatu ditu Siriako kurduak, azken astetan?"; "Zer gertatu zen urriaren 1ean?"; "Nafarroako gobernuko zein alderdik ditu barne arazoak?"; "Iruñeko oinezkoentzako bideak berrikusiko dira, egia ala gezurra?".

30 urte gorakoentzat erantzutea aski erraza izan daiteke. Gure gazteei, ordea, galdera hauei ihardespen zuzenak topatzea oso zaila egiten zaie eta, gutxi gora behera, soilik %20k asmatuko lukete ongi erantzuten. Bai ikasle eta baita irakasleentzat ere, okerrena da hilabeteak pasatu ahala ez dugula lortzen ehunekoa igotzen. Aldiz, manga film, National Geographic-en azken zenbaki edo norberaren youtuber gogokoenen azken emanaldiaren inguruan galdetuko bagenie ederki erantzunen lukete; eta ez naiz balio judiziorik egiten ari.

Azterketa horien emaitza kaskarrek hamaika konturen berri ematen digute. Lehendabizikoa: irakasleon abilidade eskasa gaurkotasunaren inguruan interesa pizteko. Bigarrena: hori lortzeko erabiltzen ditugun baliabideen berrikuspenaren beharra. Hirugarrena: 80 ikasle kudeatu behar ditugunez, eskolak diseinatzeko dugun maniobragarritasun eskasa. Hala ere, mea culpa horiei beste zenbait faktore gehitu behar dieguela iruditzen zait. Esate baterako, gaur egungo informazio iturrien atomizazio basatia eta hortaz agendaren poliedrikotasuna eta horren berritze/aldatze erritmo azkarra. Horregatik guztiagatik, ikasleen gaurkotasuna eta helduona bi unibertso paralelo bezain ezberdinak dira.

Gainera, berriak kontsumitzeko euskarri tradizionalen krisialdia bizi dugu. Hori dela eta, kazetaritza edo ikus-entzunezko ikasle batek komunikabideen formatuen inguruko oinarrizko jakintza etxetik zekarren lehen; adibidez, irakasleak egunkariaren nazioarteko atala irakurtzeko esanez gero, gazteak jakinen luke zer egin. Orain, hori bera galdetuta ez dut uste zertaz ari garen ulertuko luketen, paperezko prentsarik ez baitute erabiltzen; berriak sare sozialen bitartez iristen zaizkie, testuingururik gabe.

Saileko irakasleok horren inguruan maiz hitz egten dugu. Batzuek, gaurkotasun gutxiengoa lantzen ez duenarentzat gutxiegi koertzitiboak defendatzen dituzte: jakintsu da astua, makilla du maixua. Beste batzuk, ikasle bakoitzak nahi duen gaurkotasun albisteak lantzea proposatzen dute, espezializatze aldera. Gaiak gizarte osoaren hausnarketa mereziko luke, nongo, nolako, zein ikuspuntuko berriak nahi ditugun zehazteko. Bitartean, aukeren arteko nahas-mahasarekin aurrera jarraituko dugu. Gaurkotasun gutxiengoa jasotzen ikasi, agenda orokorra jarraitzen saiatu eta, gisa horretan, norberaren berezko interesa aurkitu, sakondu eta lantzeko asmoz.

P.D. Ikasleren batek hau irakurri eta gelara ekartzen badu, puntu bat emanen diot.

Iritzia: Euskaldunon estilo-baliabideak

Jon Barberena

Leteren azken liburuak bezala, Elurra ikusi dut nik ere, egun hotz hauetan. Gripeak gorputz andanetan hartu du ostatu, eta haragi eta hezurrekin batera hitzak eritu zaizkigula sentitu dut. Poetikotasun gutiko gizartea da gurea. Estilo-baliabideei erreparatuz gero, estilo (moda) handikoa eta baliabide gutikoa. Itxurak egiten gaitu nor. Azala dugu neurgarri bakarra. Halere, begietako sismografoa martxan paratuko bagenu, ikusiko genuke pertsonon egiazko indarra eta hipozentroa barnean daudela. Bigarren mailan paratu eta gutiesten ditugu hitzak, literatura eta sentimenduak. Mundu bat sar daiteke poema ttipi baten lerroetan, baina mundu osoan ez da lekurik poema ñimiño batendako.

Beti doinu eta neurri berdinean kantari. Betikoei, beti bezala. Zenbait estilo-baliabide higatu ditugu etengabe erabiliz eta gehienak betiko zokoratu. Testu pobreak dira gureak! Metaforek ez dute baliorik, konparazioek hartzen dute protagonismoa. Ondokoaren gabeziek gure harrotasuna hauspotzen dute, nia elikatu eta zoriontasunera hurbildu. Bekaizkeriak bideratutako (sasi)zoriontasunera. Ondokoarena baino auto handiagoa nahi dugu, barrideak baino diru gehiago desio sakelan eta lagunarena baino gerri estuagoan kabitu. -Ago-ak ahoa eta egoa handitzen ditu.

Aho kontuak aipatu eta ahoz aho dabiltzan hiperboleak etorri zaizkit burura. Maialen Lujanbiok Irunen kantatutako gin-tonic barneko hormak ez baitira ahorik aho dantzan dabiltzan bakarrak. Ez dakit txantxarrik sor dezaketen, baina tamainaz handiak izanagatik ere, ahoan kabitu eta gustura darabilzkigu. Esajerazioz apaintzen ditugu eguneroko ekintza xumeak. Enfasi berezia paratzen diogu eguneroko errutinari, eta irudi poetikoa sortzeko ezintasunean, modu digitalean izozten ditugu irudiak. Sare sozialetan zintzilikatzen ditugu mendi irteerak, lagunarteko afariak edo hondartza galduetako harea pikorrak. Bertzeen begiradek eta onespenek gure ekitzen dimentsioa handitzen dute.

Bertzalde, etengabeko sinestesia sufritzen dugu. Medikuaren koloreetako pilulek ezin dute deus egin gaitz honen kontra! Apokalipsia ote? Galdua dago XXI. mendeko gizakia. Irudia jainkotzen dugu, eta begiekin aditzen, usaintzen, ukitzen eta dastatzen dugu den-dena. Zentzumen bakarra nahikoa da sare sozialen oihanean bizirik irauteko.

Modu berean, aski trebeak gara hiperbatonak erabiltzen. Hitzen ordena aldatzea ikaragarri gustatzen zaigu. "Dago Amaia?", "Daude goxo-goxoak!". Hainbertze menperatzen dugu gure hizkuntza, non jostatzerat atrebitzen garen eta hitzen ordena logikoa aldatzen dugun. Aberastasun eta maila handiko hiztunak gara! Euskara salbu dago! Hobe genuke mugarik eta etenik gabeko elipsi batean bizi. Isilik. Ezinezkoa. Pako Aristik idatzi zuen bezala: "Hitzak behar ditugu isiltasuna maite dugula errateko ere".

Ama hil zaigu poemaren egilea hil zaigu. Joxan Artze joan zitzaigun egunean, lainoak ezkutatzen zituen Gure bazterrak ordu ttipietan. Kasualitatea? Ez dut uste. Zaude lasai, Joxan, segur naiz Baztan zarela gorputzetik alde egin duzunetik. Zoritxarrez, inguruko anitzek ez dute jakinen kantatzen dituzten Txoria txori eta Gure bazterrak zuk idatziak direla. Hori bai, barridearen autoak zenbat zaldi dituen edo lagunaren lurrunak zenbat sos balio duen ikasia izanen dute.

Iritzia: Panpinak

Lohizune Amatria
Zebra bidea zeharkatzera nindoala, aurreko astean, haur baten aulki eramangarria ikusi nuen espaloiaren beste aldean. Hutsik. Eta, inguruan, inor ez. Gaizki sentiarazi ninduen objektuak, segur aski hainbat arrazoi bururatu zitzaizkidal...

Iritzia: Zenbat torturatu daude Nafarroan?

Saioa Alkaiza

Tentsioarekin hilerokoa jaitsi zitzaidan, eta ez zidaten aldatzen utzi. Galtzak odoletan nituen. Biluztera behartu ninduten, eta, zutik, tanpaxa kendu eta ahoan jartzera behartu ninduten". 1983an torturatua izan zen Mertxe Gonzalezek egin zituen hitzok Nafarroako Parlamentuaren egoitzan, iazko apirilean, Foro Sozialak bost emakume torturaturen testigantzak entzuteko antolatutako hitzorduan. Adibide bat baino ez da.

Beste bat Guardia Zibilaren eskuetan bost egun eman zituen Ainara Gorostiagaren kasua da; poltsa buruan ito zuten, eta hori eta beste hamaika krudelkeria salatu zituen Nafarroako Parlamentuan egindako saioan: "Barkamenak ez dit balio. Mina eginda dago jada. Beharrezko ikusten dut gizarteak begiak irekitzea eta torturaren mozorroa kentzea. Tortura ez da bakarrik Guantanamon gertatzen. Estatuaren babesarekin, Euskal Herriko eta Espainiako espetxeetan ere torturatu da".

Torturak azalean pairatu dituzten bi pertsonaren samina. Latzak izan ziren Gloria Bosque, Mertxe Gonzalez, Marilo Gorostiaga, Ainara Gorostiaga eta Izaskun Goñi torturatuek hitzordu horretan kontatutakoak: kolpeak, bortxaketa mehatxuak, indarra akitzerainoko ariketa fisikoak, tortura psikologikoa... Haien gisan sufrituta, zenbat ote dira torturatutako nafarrak? Zenbatek idatziko zuketen aztnugal inkomunikazioan, horretarako aukera izan balute? Zenbatek ezagutu zuten infernua ziegara heldu aurretik? Ez dakigu. Ez dago dokumentatuta. Ez dugu daturik; eta izenik ez duen hori ez bada, izanik ere ez du jaso gabeko horrek.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, jakina zena agerira ekarri du Francisco Etxeberriak, Eusko Jaurlaritzaren aginduz, torturari buruz egindako txostenak: egindako lan horretan 4.113 tortura kasu dokumentatu ditu Francisco Etxeberriak, 1960. urtetik 2014. urtera —eta jaso ahal izan dituenak dira horiek; egileak berak aitortu du "askoz gehiago" direla, alegia, "halako bost" izan daitezkeela—. 4.113. 4.113. 4.113. Bai. 4.113, dokumentatuta daude, eta izan daitezke "halako bost".

Falta diren datuetako batzuk Nafarroakoak dira, memoriaren arloan UPNk zokoratutako herria izan baita gurea, sasiak beteta, kontakizun aniztunak ezeztatuta eta bestearen ukazioan oinarrituta. Memoria ezabatu nahi izan digute. Egia bakarra dagoela sinetsarazi.

Orain, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologia Institutuko kideek Nafarroako tortura kasuak ere ikertuko dituzte: dokumentuak bildu eta analizatu, torturatuen zerrenda osatu, eta Istanbulgo Protokoloa ere aplika dezakete, zenbait kasutan, sinesgarritasuna frogatzeko.

Lazgarria da 4.113 tortura kasu egon izana Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina zenbateraino puztu daiteke zenbaki hori orain? Zenbat ote dira hemengo, Nafarroako, tortura kasuak? Euskal Herriaren zer-nolako erradiografia geratuko zaigu torturaren ikerketa osatzen dutenean? Imajinatze hutsak beldurra ematen du.

Iritzia: Keinuak

Lur Albizu Etxetxipia
Askotan keinuek baizik ez gaituzte definitzen. Ez haiek bakarrik, baina borobiltzen gaituzte, osoago egiten. Benetakoago. Bizitza azkarraren garaiotan, erritmo neurtu, pauso motz, bizkor, luzeetan, markatutako bidetik ateratzeak b...