Iritzia

Mundiala ez den ‘mundiala’

Nahigabea, atsekabea, tristura, hiramendua. Ez dago hitzik momentu honetan sentitzen dudana adierazteko. Futbolzale asko datorren ekainaren 12a iristeko irrikaz egonen dira jada; bufandak, danborrak, kamisetak, banderak eta abar hartu eta bakoitzaren selekzioa animatzeko gutiziaz beterik. Seguruenik baten batek duela lau urteko bubuzelari ere hautsa kendu izanen dio, zarata ateratzeko xedez. Kamerun, Korea, Ghana, Honduras… guztira 32 selekzio, eta mundu oso bat hogeita bi gizonek egiten dutenari arretaz begira, ia begiak kliskatu ere egin gabe, hipnosi egoera itsuan.

Izua, ikara, beldurra, zukurutza. Aurten, Brasil izango da munduko txapelketa erraldoienari lekua utziko diona. Utzi diot, zer edo zer esateagatik, futbolak ia konkistatu egin baitu herrialde osoa. Guztion ahotan dabilen mundialak zer dauka mundialetik? Galdera horren erantzuna brasildar batek ematea gustatuko litzaidake, baina zoritxarrez ez dut inor ezagutzen. Bueno, bai, Neymar, Ronaldinho, Alves, Kaka, Marcelo eta Pele ezagunak ditut, baina ez dut uste egokienak direnik txapelketaren atzealdean gertatzen ari dena kontatzeko; benetako Brasil ordezkatzeko.

Nazka, higuina, gohaindura, narda. Izugarria da Hego Ameriketako estaturik populatuena pairatzen ari dena. Polita izan daiteke 90 minutuz zelai zoragarri bateko giroa sentitzea, baina zein preziotan? Brasilek dagoeneko 2.500 milioi euro inbertitu ditu hilabete eskas batez erabiliko dituzten instalazioetan. Ni bezain ezjakinak zaretenontzat, jakizue gastu horrekin munduko azken bi txapelketek elkartuta inbertitutakoa gainditzen dela.

Amorrua, errabia, ernegazioa, sumina. Zer ari da gertatzen estatuko egiazko ordezkariekin? Barrua sutzeko modukoa da hango egoera: garraio publikoa igo da; lan baldintzak jaitsi dira; proiektu sozialak alde batera utzi dira; etxebizitzak indarrez hustu dira; adingabeak sexua eskaintzera behartu dituzte… Laburbilduz, badirudi futbolaren ikuskizun erraldoia prestatzea baino, herrialde osoan zehar pobrezia sustatzea izan dela Gobernuaren helburua. Ez dira gutxi izan brasildarren erantzunak, ordea. Adorez bildu, eta kalera irteten ari baitira ia egunero, euren eskubideak aldarrikatuz.

Gorrotoa, aiherra, kolera, haserrea. Aurreko guztia gutxi balitz, askok bizia ere galdu dute hil osoan dena "perfektua" izan dadin. Esplotatutako zortzi bat langileren heriotzaz gain, Mikkel Jensen kazetari daniarraren adierazpenak aintzat hartzekoak dira. Hotzikara zorrotz eta samin batek gorputz osoa zeharkatzen dit haren hitz garratzak irakurtzen ditudan bakoitzean. Izan ere, Gobernua kalean errotiko garbiketa egiten ari da, turistei itxura "ona" ematearren. Kale horietan ume andana bizi ziren, baina bat-batean desagertu egin dira; seguruenik heriotza izanik haien patua. Zaborra balira bezala baztertu dituzte, herritarrengan mina, mespretxua eta arrangura sortuz.

Hitzak sobran daude, beraz; ekintzak behar dira. Ez dizuet Munduko Kopari boikot egiteko eskatuko, baina bai une batez hausnarketa egiteko. Marxen hitzak eraldatuz, futbola herriaren opioa bilakatu da, eta menpekotasun hori desagerrarazi behar dugu. Gozatu kirolaz, baina begiak irekita!

BIHAR IREKIKO DUTE TONBOLA

Caritasen tonbolarik gabe ezin dira sanferminak hasi. Bihar irekiko dute tonbola ofizialki. Erdietsitako dirua bazterkeria sufritzeko arriskuan dauden pertsonei laguntzeko baliatuko dute. Hamabost egun baino gehiago behar izan dituzte egitura guztia m...

437

Osasunbidean 2010. urtetik galdu den lanpostu kopurua. Duela lau urte, 9.950 langile zituen Osasunbideak. Iazko urtea bukatu zenean, 9.513 langile baino ez zeuden. Hau da, hiru urtean 437 lanpostu galdu dira Osasunbidean. Langileen %62,7k lanpostu finkoak dituzte, eta %37,2k, behin-behinekoak. Langile gehienak, %76,78, emakumeak dira.

50.394

Gobernuak irrati lehiaketan helegiteetan gastatutakoa. Kontuen Ganberak esan du datu zehatzik ezin dela ezagutu. Baina Nafarroako Gobernuak onartu du, gutxienez, 50.394 euro gastatu dituela irrati lizentzien lehiaketaren harira jarritako helegiteetan.

3.496

Langabezian eta DBH bukatu gabe dauden gazteen kopurua. Nafarroan 25 urte baino gutxiago dituzten 3.496 gazte langabezian daude, eta ez dute bukatua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

Wilsonen irakaspenak

Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko bozeramaileak jakinarazi du gobernuak Euskalerria Irratiari lizentzia emateko prozedura martxan jarri duela, azken urteetako jarrera diskriminatzailea izan dela aitortu ostean. Luis Zarraluki Sustapen kontseilariak AHTko lanak bertan behera uzteko agindua eman berri du, Iruñean hasi eta Kastejonen amaitzen den 80 kilometro eskaseko korridoreak zentzurik ez dutela diotenen argudioak errepikatuz. Enrique Maiak kargutik kendu du Simon Santamaria udaltzainburua, eta informazio brigadaren paperak desklasifikatzeko agindua eman du, hiritarrek azken hamasei urteetan euren azaletan bizitako jazarpen eta espioitzak kontsultatu ahal izan ditzaten. Roberto Jimenezek Yolanda Barcinaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu berri du, bizkarrez eta oharkabean, Nafarroako jendartearen gehiengoaren borondatea hori dela "konstatatu ostean" eta martxoan hartutako erabakiarekin okertu egin zela ametituz. Gallardonek izozkailuan gorde du abortuaren legea berritzeko (zaharkitzeko) proposamena, hemezortzi urteko alabak pasa den larunbat gauean antisorgailu pitzatuekin bizitakoak gorabehera. Gary Wilsonek, Eskoziako Elkarrekin hobeki unionisten kanpainako koordinatzailea kargua utzi eta independentziaren alde lerrokatu da, "argudio guztiak entzun ostean".

Aurreko baieztapenetatik bakarra da egiazkoa; azkena. Eta ez da kasualitatea gure mugetatik urrun gertatu den bakarra izatea. Zailagoa da hemen halakoak jazotzea. Autokritikarik ezaren erresuman bizi gara, atzera begira, eta gaizki egindakoa konpontzea zer den ez dakiten agintarien lurraldean. Dimisioak, ematekotan, Twitterreko despisteren batean esandakoagatik ematen dira. Esandako hori bera esan ez baina praktikan egiteagatik, ordea, inork ez du dimisiorik ematen. Irudiak inporta du. Agintariak egiten duenaren gainean ematen duen irudia, alegia, eta ez egiten duena bera.

Wilsonenak, jarrerak egokitzeko eta aldatzeko gaitasunetik harago, beste irakaspenik ere badakarkigu bestelako Nafarroa bat nahi dugunontzat. Bai, behintzat, Sanzen gaztatxoaren heren horretatik harago hazi nahi dugunontzat. Abertzaletasuna ez da unionismoari aurre egiten dion bloke zurrun eta identitario hutsa, beti homogeneoa. Abertzalea jaio daiteke, baina egin egiten da batez ere. Eta argudioak behar dira horretarako. Ez da erraza, baina ez zen askoz errazago izanen eskoziarrak Londresera batuta segi zitezen konbentzitzeko ardura zuena Eskoziaren independentziarako konbentitzea. Wilson ohartu da, nonbait, unionistekin, hots, ordezkatzen zituenekin ez duela "ezer komunik". Nafar langileak, langabeak, ikasleak, emakumeak eta gazte prekarizatuak UPNk babesten duen erregimen eta pribilegioekin "ezer komunik" ez dutela ohartaraztea falta zaigu orain.

HERRIAN BARRENA KANTUA AURKEZTEN

Heldu den urriaren 19an izango da Nafarroa Oinez, Nafarroako ikastolen jaia, Zangozan. Jaiaren bideoklipa eta abestia, esaterako, joan den larunbatean ezagutarazi zituzten, modu berezian gainera. Tafallako Zartakok taldeko kideek —haiek arduratu dira abestia egiteaz— kamioi baten gainean zeharkatu zuten Zangoza, herritarrek abestia ezagut zezaten. Antolakuntzak balorazio oso baikorra egin du, halako aurkezpena egiten den lehen aldia izan delako.

7

Prozesio bat parodiatzeagatik salatu dituzten lagunak. Apirilaren 17ko gauerdian, Aste Santua zela profitatuta, ehun lagun inguruk Iruñeko Alde Zaharrean prozesio baten parodia egin zuten, aita santuaren irudi eta guzti. Udaltzainek zazpi lagun salatu dituzte sentimendu erlijiosoaren aurkako delituak leporatuta.

Eraso sexistak eta gorrotoa

Begiak ireki ditut, betazalak erdi itsatsita dauzkat, eta zintzurra lehor, bestondoaren eraginez ziurrenik. Izan ere, Txantreako jaietan egon nintzen atzo. Erdi zonbi, telefonoa hartu dut, gailu elektroniko horren laguntzarik gabe zein ordutan bizi ga...

IKASTOLA DIRUZ LAGUNTZEKO ARTEA

Badira urte batzuk Nafarroa Oinez-en harira Artea oinez erakusketa egiten dela. Duela aste batzuk, Iruñeko Ziudadelan izan ziren ikusgai erakusketa hori osatzen duten artelanak. Joan den ostiraletik, margo eta eskulturak Zangozako Vallesantoro kultur etxean daude ikusgai. Orotara, hemezortzi artistaren lanak erosteko aukera izango da. Artelan horien balioaren ehuneko bat Zangozako ikastola diruz laguntzeko baliatuko dute.