Iritzia

MURRIZKETEN UZTARRIA KENTZEKO

Dozenaka lagun elkartu ziren joan den ostiralean, Iruñeko Sanduzelai auzoan murrizketen aurka hango eragileek deitutako manifestazioan. Osasun eta hezkuntza alorretan murrizketarik ez lelopean, auzoko kale garrantzitsuenak zeharkatu zituzten. Nafarroako Gobernuak eta Espainiakoak krisi ekonomikoa arrazoitzat hartuta egin dituzten murrizketak "ez direla" zilegi ohartarazi zuten manifestazioan, "ongizate gizartea desagerrarazten ari direlako".

35

36ko gerran hil zituzten Nafarroako funtzionarioen kopurua. 36ko gerran hildako pertsonen senideen elkarteek esan dutenez, 1936an Nafarroako Diputazioan lan egiten zuten 35 pertsona hil zituzten.

592

2013an Nafarroan itxitako banketxeetako bulegoak. Krisi ekonomikoaren eta, batez ere, finantza krisiaren eraginez, banketxeek Nafarroan dituzten bulegoen zenbatekoa murrizten ari da urtetik urtera. Esaterako, iaz, 592 bulego itxi zituzten, %3,7.

Gure paradisu txikiegia

Berandu samar iristen naiz beti Twiterreko eztabaidetara. Etxean Internet konexiorik ez edukitzearen eta mugikor mantso samarra izatearen ondorioak dira. Kontuak kontu, ez dakit Santiago Cerveraren euskara ikasketa prozesuaren inguruko txio jariorik izan zen ala ez, ezta ze tonutan garatu zen ere. Egia esan, ez dakit ere Cerveraren euskalduntzea benetako gauza ote den, edo nire burutazio hutsa. Baina zin eginen nuke irakurri nizkiola hiruzpalau txio euskaraz, nahiz eta orain horien arrastorik ez topa. Uste dut norbaiti ere komentatu niola kontua, eta baietz erantzun zidala, euskara ikasten ari zela Cervera. Akaso, oharkabean pasatuko zen gaia sare sozialetan; hori litzateke normala, baina ezohikoa.

Nafarroan euskaldunon komunitateak bat egiten du ia-ia homogeneoki, pitzadura bat edo beste salbu, komunitate abertzalearekin. Zoritxarrez. Normalizazioaz ari garelarik, horixe esan nahi dugu: euskara edozein esparru eta eginkizunetan presente eta natural izan dadila, eta ondorioz, baita edozein ideologiatan ere. Baina arrotz egiten zaigu (eginen litzaiguke) Nafarroan sektore espainiazaleak euskaraz mintzatzen entzutea. Agian, ohitura falta baino ez da, baina esanen nuke baduela ere inbasio sentimendutik pixka bat. Gurea guretzako baino gorde nahiko bagenu bezala.

Ez nazazue gaizki ulertu: hizkuntza erraldoien zapalketak —eta horiek lagundu dituzten politikek eta jarrerek— gutxitu gaituzte, eta txiki bihurtu. Ados. Kontua da, batzuetan, gu geu eroso sentitu garela txikitasun horretan. Adibide bat besterik ez: umeetan gure oskolean errefuxiatu eta euskaraz mintzatzen ginen inguruko erdaldunak zer esaten genuen ulertzerik nahi ez genuenean. Delako erdaldun hori urrundu ahala ekiten genion berriro gaztelaniari, sarri gure inkoherentzia handiaz konturatu egin gabe ere. Ezberdintasunak ezberdintasun, uste dut antzeko jokatzen dugula gaur egun ere. Konplizitateak eraiki ditugu gainerako euskaldunekin, hots, abertzaleekin, euskararen bueltan. Kultur emankizun propioak antolatu eta gozatu ditugu, manifetarako leloak idatzi, irratsaioak konpartitu eta harremanak eraiki, den-dena euskaraz. Eta, metaforikoki bada ere, euskaraz egiten jarraitu dugu besteek ez ulertzea nahi izan dugunean. Gure paradisu propioa eraiki dugu, gureaz gozatu eta gurea sufritzeko. Txikitasunarekin zerikusi handia du horrek: euskara txikia ez balitz, ez genuke horrenbeste babestuko, ez genuke aldarrikatuko, ez ginateke egunero borrokatuko. Finean, ez genuke horrenbeste maitatuko. Beldurra diogu hori galtzeari. Euskara ez dugu maite ez dutenen eskuetan (ahotan) utzi nahi.

Horregatik, batzuetan nahiko genuke gurea bere txikitasunean betikotzea, betiere bizirik irautea bermatuz. Baina badakigu zeinen zaila den txiki izan eta bizirik irautea. Hauskorra da haria, eta txikia izanik, tupustean amildu daiteke gure hizkuntza galeraren labarretan behera. Ez, bizirik irauteko ezinbestekoa da handi izatea, edo bederen, handiago izateko saiakeran ekitea, etengabe. Handi izateak gure pribilegio txikiak galtzera eraman gaitzake, bai, baina ez dut ezagutzen ume zaharraren inbidiagatik familia handitzeari uko egin dion gurasorik.

Gure familia ere handitu beharko dugu euskara salbatu nahi badugu. Eta batzuetan, arrotz eta baita mingarri ere eginen zaigu espainiazale amorratuena euskaraz entzutea. Baina horixe izanen da modu bakarra egunen batean gure hizkuntza normalizatu dela esan ahal izateko. Letra handiz "Euskal Herria" dioten postaletan, mahoizko alkandora jantzita portuan agertzen den arrantzalea beharrean, Mendabian zainzuriak biltzen dituen nekazaria ager dadin, modu bakarra izanen den era berean.

ALDAKETA ALDARRI GAZTELUKO PLAZAN

Nafarroako egoera ekonomikoa eta soziala eraldatzeko beharraz ohartarazteko, Aldaketa plaza lelopean Gazteluko plaza "okupatuko" dute hainbat gizarte eragilek bihar. Ainhoa Aznarez ekinbideko kidearen arabera, "herritarrentzat adierazpen eta ekintza g...

%78

Atez atekoarekin Sakanan lortu duten birziklapen tasa. Sakanan duela sei hilabete ezarri zuten hondakinen atez ateko bilketa. Sistema berria jarri baino lehen birziklapen tasa %25 zen, eta gaur egun %78ra igo da.

91

Ingelesezko Ikasteko Programa izango duten zentroak. Nafarroan 61 ikastetxetan eskaintzen dute Ingelesez Ikasteko Programa. Datorren ikasturtean beste 30ek eskainiko dute. Horietako hamazazpi itunpekoak dira.

Kanpaia jo

Nafarroako Unibertsitateko bekadunak ordenagailu aurrean jarraitzen du, burumakur. Nagusietako inor ez da halako eginkizunetarako prest agertu, lotsari ezin aurre eginda. Hargatik bidali dute mutil gominaduna, hizkiak teklea ditzan. Paper batean pasatu diote idatzi beharrekoa, ahoskatze hutsak gorritu ohi baititu. Bekadunak, lotsatuta, banan-banan zanpatu ditu teklak. Pantailan ageri da titulua, hizki handiz: Kaltegarria al da masturbazioa?. Erantzun argiko galdera, Opusentzat. Irakasleak bulegoko aterantz biratu du burua, eta testua lehenbailehen bidaltzeko agindu dio bekadunari, ingurutik sotanarik agertu aurretik. Mutikoak testua bidali du. Bere horretan argitaratu du ABC-k.

Emaitza bost paragrafoko artikulua da; perlen segida asegaitza. Opusen arabera, masturbazioak norberaren autoestimuarekiko poztasunik eza adierazten du, eta ez da "ez ona ez beharrezkoa osasunarentzat". Gainera, ezin du "asetze afektibo osorik ekarri, ez baita elkarren arteko esperientzia". Horregatik dio — ridikuluaren puntu gorena, bestalde— "ez masturbatzea posible" dela. Eta beste artikulu batean, hori lortzeko gomendioak —"inguruneko erotismotik babestu", kirola egin, denbora bete...— zerrendatzen ditu unibertsitateko aditu taldeak.

Opusek hezkuntza sexualaz lezioak ematea Jose Iribas Lars Von Trierren azken filmaren casting zuzendari izendatzearen parekoa da; ez hanka ez buru, eta ridikulua nabarmena. Baina, ongi pentsatuta, baliteke Opusek uste baino gehiago jakitea masturbazioaz. Nafarroan bederen, beti izan du eliz taldeak bere buruari plazera emateko zaletasuna, plazera gainerakoekin konpartitu baino. Bere jarduera eta ekimen oro bertako kide eta ingurukoen aldarte (eta karterak) alaitzera izan da bideratua. Masturbazio kolektiboa, nahi bada, baina masturbazioa.

Elizak —historiari so egitea besterik ez dago— berezko dohaina du gainontzekoen bizitzetan sartzeko. Zuzenean sutan erre edo gurutzetara iltzatzen ez gaituenean, gure gorputzekin zer egin edo ez egin beharko genukeen diosku. Edo agindu. Agian, hori da Opusek elkarrenganako harremanaz ulertzen duena: eurek agindu, gainerakook bete. Dominazio erabatekoa. Elizak, masturbazioa bai, baina bondagea ere baitu gustuko.

Baina guk, izaki hilkorrok, badugu ere ezetz esateko eskubiderik. Horretan, behintzat, bat gatoz sotanadun eta sotanagabeok: elkar borondatezkoa behar du harremanak. Horregatik esaten diegu Opusekoei ahaztu daitezela gurekin, utz gaitzatela bakean, eta bila dezatela beste nonbaiten amorante prestuagorik. Eta lasai egon daitezela bakartuta edo "inguruko erotismoaren" botereen aurrean kondenatuta sentitzen badira. Guk ez baitiegu aurpegiratuko egoera horretan, eta zeruko salbazioaren bila, elizako dorrera igo eta kanpaia joz ibiltzen badira.

USTEKABEKO TXARRIK EZ HARTZEKO

Iruñeko Udalak urpean gera daitezkeen aparkalekuetan kartelak jarri ditu gidariak arriskuaz ohartarazteko. Arga ibaitik hurbil dauden Arrotxapeko bost aparkaleku urpean gelditu dira hainbat aldiz azken urteetan. Hori dela eta, iragarpenen arabera Arga ibaiak gora egiteko arriskua duenean, sakelakora mezuak bidaltzen dituen sistema bat martxan jarri zuen udalak duela lau urte. Karteletan, sistema horretan izena emateko deia egiten zaie gidariei.

85

Volkswagenek Landabenen inbertitutako milioi euroak. Volkswagen Alemaniako auto enpresak 85 milioi euro inbertitu ditu Landabenen duen lantokian. Karrozeriaren margoketa prozesuko teknikak hobetuko dituen aurretratamenduko tailerra eta hondakinen kudeaketa optimizatuko duen araztegi berriak inauguratu dituzte.