Administrazioak herritarrei "kalte" egiten dieten neurriak hartu dituela salatu du Nafarroako Osasunaren Plataformak. Duela zenbait aste, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak eta Iruñeko Udalak Iruñeko Ospitale Guneko doako aparkalekuak eremu urdin izendatzea adostu zuten. Ondorioz, aparkatzeagatik kobratzen hasiko dira datozen asteetan. Plataformaren irudiko, osasun publikora jotzen dutenek gero eta gehiago ordaindu behar dute.
Iritzia
85
• Volkswagenek Landabenen inbertitutako milioi euroak. Volkswagen Alemaniako auto enpresak 85 milioi euro inbertitu ditu Landabenen duen lantokian. Karrozeriaren margoketa prozesuko teknikak hobetuko dituen aurretratamenduko tailerra eta hondakinen kudeaketa optimizatuko duen araztegi berriak inauguratu dituzte.
99
• 2013ko azken hiruhilekoan kendutako salaketak. Nafarroako Auzitegi Nagusiak publiko egin berri dituen datuen arabera, azken hiruhilekoan bikotekidea genero indarkeriagatik salatutako 99 emakumek salaketa kendu dute. Iñigo Alli Gizarte Gaietako kontseilariak aitortu du salaketak kentzeko zioak aztertzen ari direla.
Hau ez da gertatuko
Aldatuko dituzte. Nafarroako eremu mistoan egonik hizkuntz eredu bakarra duten ikastetxe publikoak aldatuko dituzte, eta, 2014-2015 ikasturtetik aurrera, ikastetxe horietan ez da eskainiko eredu bakarra. Horixe iragarri zuen atzo Jose Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak.
Iragan urtarrilaren 9an onarturiko mozio baten bidez, Nafarroako Parlamentuak gobernua premiatu zuen "ikastetxe publikoetan elkarrekin bizi daitezen hizkuntza eredu ezberdinak egoki diren prozedurak taxutu ditzan". Ezkerra taldeak aurkezturiko mozio haren alde talde guztiek bozkatu zuten, Bilduk eta Aralar-NaBaik izan ezik.
Iribasek atzo azaldu zuen mozio horri "albait azkarren" erantzuten saiatu direla eta hartara datorrela Iruñerriko eskola mapa arras aldatuko duen neurri hau. "Aldaketa honi esker zuzenduko ditugu politika segregatzaileak, irakaskuntza hizkuntza ofizial batean ala bertzean jasotzeagatik ikasleen artean hezkuntza nahiz bizikidetasun esperientziak trukatzea eragotzi dutenak".
"Bi ikasturtetan eginen dugu aldaketa", gaineratu zuen Iribasek. "Hurrengo ikasturtean, Iruñerriko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak aldatuko ditugu. Eta, 2015-2016 ikasturtean, Lehen Hezkuntzakoak". Gobernuak ez ditu gaztelaniazko ikastetxeak eredu bakarrekotzat jotzen, halakoetan, G eredua ez ezik (gaztelaniaz bakarrik), A eredua ere baitago (gaztelaniaz, euskara irakasgaiarekin). Hortaz, horiek ez ditu aldatuko. Hizkuntz eredu bakarra eskaintzen dutenak aldatuko ditu; hau da, D eredu hutsezko ikastetxeak.
Iruñeko Biurdana, Eunate eta Iturrama; Burlatako Askatasuna; eta Barañaingo Alaitz. Horiexek dira hurbilen ikasturtean aldatuko dituzten institutuak. Horietan, G eta A ereduko ikasleak sartuko dira 2014ko irailean. Iribasen erranetan, "parlamentuaren gehiengo zabal batek" babestu zuen bide hori, "muturreko abertzaleak" bakarrik agertu baitziren kontra. "Guri, gobernuari, parlamentuak eskaturikoa betetzea bertzerik ez zaigu gelditzen. Are gehiago halako kontuetan, gizarte kohesioa eta elkarbizitza jokoan daudenetan".
Iribasek atzo iragarritako aldaketak ikasleei eraginen die, baina baita ikastetxe horietako lan funtzionamenduari ere. Hala, Iribasek argitu zuenez, hurrengo astean gobernuak foru dekretu bat onartuko du irakasleak ez diren langileen euskara eskakizunak kentzeko. "Orain arte, institutu horietan lan egiten zuten atezainek, bulegariek, mantentze lanetarako langileek eta gizarte hezitzaileek euskaraz jakin behar izaten zuten. Hemendik aurrera ikastetxe horietan eredu guztiak egonen direnez, langileei ez zaie euskara nahitaez eskatuko, hori egiteak euskaraz ez dakitenak diskriminatzea ekarriko lukeelako".
Parlamentuko mozioaren kontra bozkatu zuten taldeek gogor gaitzetsi dute UPNren erreforma, haien aburuz euskarazko murgiltze eredua "goitik behera deseginen baitu". Mozioaren alde bozkatu zutenek, berriz, txalotu egin dute egitasmoa. Geroa Baiko bi parlamentariek izan ezik. Haiek mozio haren alde bozkatu zuten, baina ez dute "begi onez" ikusi gobernuaren erreforma. "D eredua ikastetxe guztietara zabaldu nahi genuen, ez D ereduko murgiltze eredua desegin". Aipaturiko institutuetako irakasleen eta langileen artean kezka da nagusi, hizkuntz ereduak nahasteak nabarmen murriztuko baititu euskaraz lan egiteko eta bizitzeko aukerak.
KARRIKAK ELE BITAN JARRI DITU UDALAK
Kale izendegia ele bitan jartzeko udal ordenantza bat adostu zuten Iruñeko Udalean joan den urtean. Hori horrela, aurrerantzean udala behartua dago kaleak izendatzeko seinaleetan euskarari eta gaztelaniari trataera bera ematera. Iragan astean, Labriteko aldaparen eta zezen plazaren artean dagoen Hemingway pasealekuko seinalea euskaraz eta gaztelaniaz paratu zuten. Iruñeko Euskalgintzaren Taldeak hilabeteak daramatza lanean kale izendegia aldatzeko.
Pirinioak bizirik!
Berriki, Udalbiltzak jendaurrean agertu du euskal Pirinioen magaletako eremuaren garapena sustatzeko asmoa. Gaindegiak euskal herrien gain egindako azterketa batean oinarrituz, biziberritzeko premia handiena duen eremua dela ondorioztatu da.Nabarmentz...
UTZIKERIAREN AURKAKO SALAKETA
Zaldi gaineko zezenketari baten aurka salaketa jarri du Gurelur elkarteak, Itzako Zia herriko zelai batean lau zaldi utzita edukitzeagatik. Elkartearen arabera, azken hilabeteetan abereak utzita zeuden, eta oso argal daude. Batzuek, gainera, apoak oso...
%44
• Etxebizitza librearen prezioaren jaitsiera 2007. urtetik. Krisi ekonomikoaren eraginez, nabarmen jaitsi da Nafarroan salgai dauden etxebizitza libreen prezioa. Zehatz-mehatz, 2007. urtetik %44 murriztu da etxebizitza libreen prezioa. Adituen arabera, 2014an ez da aurreikusten etxebizitza mota horien prezioa handituko denik.