Iritzia

ZORRA ETXEAREKIN KITATU EZINIK

Dozena bat lagun bildu ziren, tartean hainbat politikari, Laboral Kutxak Iruñean Arrotxapea auzoan duen bulegoaren aurrean, Hipotekak Kalte Egindako Plataformak eskatuta. Izan ere, Atarrabiako emakume bat etxetik kaleratzekoak dira hipoteka ordaindu ezinik dabilelako. Elkarretaratzean, zorra bankuari etxea emanda kitatu ahal izatea eskatu zuten. Hala ere, Laboral Kutxakoek ez zuten plataformako kideekin bildu nahi izan egoera bideratzeko.

102

2008tik 2012ra Nafarroan itxi dituzten banku bulegoak. Aurrezki kutxak dira bulego gehien itxi dutenak. Herrialde osoan itxi diren 102 bulegoetatik 73 aurrezki kutxetakoak dira, finantza erakunde horiek orotara dituzten bulegoen laurdenak, hain justu.

7.974

Errenta aitorpeneko dirua itzuli ez dieten lagunak. 2012ko errenta aitorpena egiteko epea joan den ekainean amaitu zen. Aitorpena egin, eta administrazioak dirua itzuli zain daude 7.974 lagun.

Bi burutazio

Azkenaldian, Iruñerriko Mankomunitateak bi ateraldi xelebre izan ditu, bat garraio publikoaren zulo beltza estaltzeko zerga berri bati buruzkoa eta bertzea hondakinen bilketan borzgarren edukiontzia ezartzearen ingurukoa. Lehenbizikoak oihartzun eskasa izan zuen —gehiegi hausnartu gabeko bat-bateko ideia izan zelako, akaso—, eta ikusteko dago bigarrenak zer erantzun dakarren.

Billabesena. Garai batean, Cotup izeneko kooperatibak kudeatzen zuen Iruñerriko Billabesen garraioa. Gero, La Montañesa bertako enpresak irentsi zuen kooperatiba; baina segituan azken hori Veolia enpresa frantsesak fagozitatu zuen. Azken lehiaketan, TCC kataluniarrek kendu zieten frantsesei gure garraioaren kudeaketa. Eta bide malkartsu horretan, Iruñerriko garraio publikoa putzu ekonomiko sakon eta ilun batean hondoratu da. Apirilean, Nafarroako Gobernuak erran zuen ez zuela zuloa estaltzeko diru gehiago jarriko, eta Mankomunitatekoek adierazi zuten garraioaren gaineko zerga berri bat ezartzea aztertzen ari zirela.

Iruñerriko etxe bakoitzak 10 euro urtean. Horixe izan zen burutik pasatu omen zitzaien lehenbiziko zenbakia. Egia da Mankomunitateko arduradunek aipatu zutela zerga hori, ezartzekotan, "oso ongi" aztertu nahi dutela. Baina egia da, era berean, aipatu izan zen zifra bakarra 10 eurokoa izan zela. Egunero lanera bizikletan doan baina billabesa sekula hartzen ez duen bi seme-alaben amak, hamar euro. Ogia erostera ere autoan doan eta billabesa sekula hartzen ez duen mutilzaharrak, hamar euro. Zerga orekatua, ezta?

Borzgarrena. Abuztuan jakin genuen Mankomunitateak azaroan hasiko dituela Iruñerri osoan borzgarren edukiontzia ezartzeko lanak. Barañainen hasiko dira. Badakizue, orain lau edukiontzi ditugu: lehenbizikoan ontziak, metalak eta plastikoak bota behar ditugu; bigarrenean, beira; hirugarrenean, papera eta kartoia; eta laugarrenean, materia organikoa eta gainerakoa (errefusa). Sistema hori dela eta, apenas birziklatzen den materia organikorik, gauza askorekin nahasita biltzen baita. Konparazio batera, 2012an, jasotako materia organikoaren %18,3 berreskuratzea lortu zuten.

Europak behartuta, Mankomunitateak jasotako organikoaren %50 berreskuratu nahi du, eta hartara ezarriko du borzgarren edukiontzia, ontzi horretan bakarrik materia organikoa biltzeko. Eta gauza polita litzateke, zinez ederra, baldin eta amarrua ez balu: Mankomunitateak ez ditu herritarrak borzgarren edukiontzi hori erabiltzera behartuko. Mankomunitatearen asmoekin bat egiten duten herritar engaiatuei (engainatuei?) giltza emanen diete, eta beraiek bakarrik erabiliko dute borzgarrena. Gainerakoek lasai asko segitu ahal izanen dute ontzi berean elkartzen materia organikoa eta sudur puntan jartzen zaien edozer gauza. Gauzak ongi ala izugarri gaizki egin, denok berdin-berdin ordainduko dugu, Mankomunitateak ez baitu aurreikusten diru sariak ematea edo isunak jartzea. Sistema orekatua, ezta?

700

Irakasle gutxiago daude urte eta erdian sare publikoan. Nafarroako Gobernuaren arabera iaz, 9.132 irakaslek egiten zuten lan sare publikoan. Aurten, ordea, 8.437 ariko dira 2013-2014ko ikasturtean.

18

Hilabeteko kartzela zigorra Estafetako laurentzat. Iazko martxoaren 29ko greba egunean Estafeta kaleko Chez Belagua tabernan gertatutako istiluengatik 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri diete lau herritarri. Epaileak ontzat eman du poliziaren bertsioa.

Haztekotan omen da

Ekonomiari buruz, azken urteotan behera egin duela baina azken hilabeteetan beherakada hori moteltzen ari dela agertu da egunotan albiste gisa. Barne produktu gordina adierazleari buruz ari dira, noski, hori baliatzen delarik lurralde bateko ekonomiar...

MURRIZKETEN AURKA, LEHEN EGUNEAN

Joan den irailaren 5ean hasi zuten Iruñeko Bernart Etxepare ikastetxeko ikasleek ikasturtea. Eskolak hasi aurretik, zentroko dozena bat langilek elkarretaratzea egin zuten kalitatezko hezkuntza publikoaren alde eta murrizketen kontra. Ohartarazi dutenez, ikasturte hasiera ez da "ez arrunta ezta ohikoa ere". Izan ere, Hezkuntza Departamentuak kontratatu berri dituen 330 langileen lan baldintzak "oso kaxkarrak" direla salatu dute.

15.000

Iruñeko berdeguneak konpontzeko gastua, eurotan. Sanferminetan hondatutako berdeguneak, zuhaiztiak eta landareak lehengoratzeko lanean dabil Iruñeko Udala. Guztia moldatzeko, 15.000 euroko gastua aurreikusten da.

2,2

Alokatzeko etxebizitzen prezioen jaitsiera, ehunekotan. Nafarroan, 2013ko bigarren hiruhilekoan %2,2 jaitsi da alokatzeko etxeen prezioa. Ekainean, alokairua batez beste metro koadroko 6,99 euroan zegoen, 2008an baino %23,2 gutxiago.