Iritzia

Bagoaz inora

Berripaper honen irakurle fidelok honezkero jakinen duzue Nora aldizkariarenak egin duela. 2008an sorturiko bidaia eta paisaia hilabetekari ederrak ezin izanen du bere borzgarren urtebetetzea egin "gaur egungo baldintzek" ez dietelako "aurrera egiteko aukerarik laga". Bertze bat zulora.

Gogoratzen Matraka gazte gehigarri ausarta? Gogoratzen astialdi aukera saldoa egunero biltzen zuen Tartea gehigarri koloretsua? Horiek ere zulora joan ziren. Berez, 2003ko ekainean jaio zenetik, BERRIA egunkaria txikitzen joan da gutxika-gutxika. Hemendik gutxira 10 urte beteko ditu eta, "bertze hamaika egiteko asmoa" dutenez, Zure ziztada behar dugu bezalako kanpainak egin behar izaten dituzte. Oso egoera ekonomiko larrian baitaude. Benetan.

BERRIAko lagunak kanpaina polita egiten ari dira eta, dagoeneko, 4.200 lagunek erabaki dute kanpainarekin bat egitea. Ziztadak lortu nahian, hitz ederrak erabiltzen ari dira, esaldi aski ongi biribilduak, bihotzak samurtzeko eta dirua erakartzeko.

Bada, nik alde batera utziko ditut hitz politak. Zuzenagoa izanen naiz. Bortitzagoa. "Euskaraz bizi nahi dut" lelo horrekin bat egiten duzu? BERRIA Interneten, liburutegian, euskaltegian edota institutuan dohainik irakurtzen duzu? Egunkaria euskaraz irakurtzen segitu nahi duzu? Twitterren edo Facebooken BERRIAren albisteak zabaltzen dituzu? Bada, benetako konpromisoa erakusteko tenorea ailegatu da: egin ezazu oraintxe berean BERRIAren harpidetza, urtean 381,91 euro astinduz. Zer nahi duzu erratea? Ez dago bertzerik.

Edukiak dohainik ematen omen dituen Internet ahalguztidunaren garaiotan zaila egiten da hau esplikatzea. Baina, aizue, BERRIA egunkariarenak egiten badu, akabo Berria.info; eta Argia aldizkariarenak egiten badu, akabo Argia.com. Adibidez. Alegia, ordaindutako kazetaritza bukatuz gero, akabo doako Internet.

Aurrekoan BERRIA egunkariko Komunikazioa atalean soldatapeko kazetari batek primeran azaldu zuenez, Madrilgo Prentsa Erakundeak egindako txosten baten arabera, 2012an 1.916 kazetari zeuden Hego Euskal Herrian langabezian —horietako 333 Nafarroan—; 2011. urtean baino 984 gehiago. Hortaz, azken urtean, langabezia tasa %105 handitu da hegoaldeko kazetarien artean.

Nahi baduzue, alimaleko langabezia tasa horren erdia krisi ekonomikoak esplikatuko du. Baina bertze erdiaren azalpena arestian aipatu dugun joerak ekarri du; gure munduaren ikuskeratik gertu dagoen informazioa ere dohainik ekoitz daitekeela dioen uste ustelak.

Erran gabe doa langabezian edo prekarietatean zaudetenok ez duzuela zertan halako diru ahalegina egin. Baina gainerakook, bai. Bada ordua gustuko dituzuen hedabideen harpidetza egiteko. Iraun dezaten nahi baduzue, bederen.

Nora zulora joan zaigu. Baina gu, ez. Gu bagoaz norabaitera. Bagoaz inora. Bidean gure hedabideek lagunduta, haiek gabe biderik ez baitago.

Tira, erran dut.

85

Merkealdian bezero bakoitzak gastatuko dituen euroak. Kontsumitzaile Independenteen Federazioak egindako ikerketa baten arabera, merkealdian erosle bakoitzak 85 euro baliatuko ditu erosketak egiteko; 2012ko neguko merkealdian baino 9 euro gutxiago.

3.790

Nafarroako Unibertsitate Publikoko bisitariak. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2012an egindako ate irekien egunetan 3.790 lagunek bisitatu dituzte NUPen Arrosadiko eta Tuterako campusak.

Aipu gaizki aipatuak

1. Zerbait ustelik dago Nafarroako erresuman. James Willion Shakespeare.

2. Paradoxa bati gerta dakiokeen txarrena onegia izatea da, inork ez bailuke ulertuko. G. K. Chesterton.

3. Iruñeko gaua Shanghaiz mintzatzeko bereziki egokia da. Jasan duten guztiek badakite. Izan ere, anitz hitz egiten da Iruñean Shanghaiz eta leku urrunez. Modu konpultsiboan hala egiten dute, txorikeriez eta euskaldun, espainol, nafar, eta abar izateaz eta ez izateaz aritu nahi ez dutenek. Solasaldi benetan astunak. Miguel Sanchez-Ostiz.

4. Nafarroaren presidenteen historia laburra: Barcinak Dolores de Cospedal izan nahi zuen./ Juan Cruz Allik Amadeo Marco izan nahi zuen./ Sanzek Alli izan nahi zuen./ Otanok Urralburu izan nahi zuen./ Urralburuk Alaska izan nahi zuen. Suetonio.

5. Deus irakurri ez duenaz baino gutxiago fida zaitezke liburu bakar bat irakurri duenaz. Korana.

6. Gerra ondoren Iruñean bazen maritxu bat, merkatura zihoana poltsa batekin. Badakizu, Angel Mari, zer den maritxu bat? Gizonak emakumeei baino gehiago gustatzen zaizkion gizona. Amatxi Rosalia.

7. Guk ez genuen porrot egin; balio ez duten milaka modu topatu ditugu. Nafar abertzale izengabea.

8. Eraiki, eraiki ezazue fedearen bidea, baina batez ere eraitsi itzazue fedegabekoen eraikina. Josemaria Escriva de Balaguer.

9. Javier Ciga pintoreak nezeser batean pintzelak eta koloreak beti zeramatzan aldean, bere margoei azken ukituak emateko, edonon, erakusketa batean, adiskideen etxeetan, museoan... Zergatik inoiz ez zituen bukatutzat jotzen galdetu ziotenean, perfekzioa, erantzun zuen, betebeharra da enetako. Pello Fernandez.

10. Munduan den guztia bi zatitan bana daiteke. Esaterako, bi zatitan banan daitekeena eta beste guztia. Groucho Marx.

11. Faites vos jeux, messieurs. Rien ne va plus. Banca Civicako zuzendaria.

12. Halatan Marzial poetak erran zeraukan egun batez Legna poeta gaixto eta harroari: "Zergatik, jende aitzinean irakurtzera zoazelarik, fularra duzu lepo ingurura biltzen? Oihala hobeki letorkie gure beharriei". Axular.

13. Ez dok bi mila eta hamairurik. Maien profezia.

14. Akiles, orpo ospetsua baino ez zuena zaurgarri, ia hilezkorra zen; hau da, hilkorrak berek baino hilkorragoa. Roberto Calasso.

15. Miretsi, nik Iñigo Astiz eta Hedoi Etxarte miresten ditut, eta hauek miretsitako guztiak ere miresten ditut, eta beste hauek miretsi dituzten guztiak ere, eta abar. Angel Erro.

16. Euskara oso gurea sentitzen dugu eta defendatu egiten dugu. Yolanda Barcina.

ITXIALDIAREN ONDOREN, ADOSTASUN ESKE

Iruñeko San Juan de Dios erietxe pribatuko langileek joan den asteburuan itxialdi bat egin zuten Done Laurendi elizan, 48 orduz. Modu horretan protesta egin zuten Osasunbideak azken hilabeteetan erietxe pribatuarekin zituen hitzarmenean egindako murrizketengatik eta negoziazio prozesua gelditzeagatik. Emandako hitza bete dezala eskatu dio Marta Vera Osasun kontseilariari San Juan de Dioseko langile batzordeako kide Teresa Diaz-Faesek.