Apirilean eta maiatzean mirotzek labore soroetan egiten dituzte habiak, lurrean. Han babesten dira harrapakarietatik, baina ez uzta makinetatik. Izan ere, uzta sasoiarekin bat egiten du mirotzen umatze garaiak, eta uzta makinen hortz artean bukatzen d...
Iritzia
Sei ergelkeria
Barraskiloa menuan. Aurrekoan, bertze espediente bat ireki zioten Mediterranea de Catering enpresari, Nafarroako Ospitale Gunean gaixo bati zerbitzaturiko zerba plater batean barraskilo bat agertu zelako. Zalaparta sortu zen, noski, barraskiloa menuaren parte ez omen zelako. Nolanahi ere, kasu honetan asaldura bidegabea dela uste dut, jaki ekologikoak jaten ditugunok aski ongi baitakigu gure janarian barraskiloak edo zomorroak agertzea seinale ona dela.
Iruñea ez da Mordor. Neuk ere egin izan dut barre —gogotik egin ere— Iruñea Mordor paraje fantastikoarekin erkatzen duten txisteen kontura. Baina, bat: nahikoa da, ez? Eta, bi: antzekotasunak nahiko zalantzazkoak dira; Mordor beti lainoturik dago, bai, baina ez du euririk egiten, idor-idorra da eta bero handia egiten du. Asmatu bertze zer edo zer, faborez.
Puñalek txupinazoa. Osasuna zalea nauzue; ez amorratua, baina bai zalea. Eta Patxi Puñal Uharteko ganibetaren gola gozatu nuen, gozatu nuenez; Euskalerria Irratiaren kontakizuna entzun zenutenok adituko zenituzten gure oihuak. Bai. Baina horraino. Osasunak ez gaitu krisitik atera. Osasunak ez ditu lanpostu gehiago sortu. Osasunak 30 milioi euro zor dizkigu oraindik. Osasunak ez du txupinazoa botatzea merezi.
Miseria banatzen. Gogoratuko duzue nola Txema Berro Osasunbideko langileari espedientea ireki zion Nafarroako Gobernuak hark ez zuelako onartu bere lanorduak emendatzea. Berro —eta ni— lana banatzearen aldekoa da, eta pentsatzen du —neuk ere bai— langileei lanordu gehiago jartzea bide horren kontrakoa dela. Orain, ematen du Barcina Deshazkundearen aldeko mugimendukoa egin zaigula, baina ez despistatu: haien artean sosak banatu eta gero, orain miseria gure artean banatu nahi dute.
Kaskorik gabeko kaskoak. Askok jakinen duzuenez, Espainiako Gobernua zirkulazio araudi berria prestatzen ari da. Bertako arau asko hagitz polemikoak izaten ahal ziren, baina ika-mika kuota handiena erdietsi duena ziklisten kaskoarena da. Badakizue, Gobernuak nahi du ziklistek hiri barnean kaskoa kaskoan jantzita ibiltzea, horrek ziklisten heriotzak gutxituko dituelakoan. Harrigarriki, bizikletaren aldeko elkarte guzti-guztiak arau horren kontra azaldu dira. Eta, harrigarriki, bizikleta hiriko ibilgailu bezala erabiltzen ez dutenek bizikletazaleak tontoak garela pentsatu dute.
Herriak du pizza. Niri ez zidaten papererako edukiontziaz galdetu, ezta beirarako edukiontziaz, ezta plastiko eta metalerako edukiontziaz, ezta organiko eta gainerakorako edukiontziaz ere. Eta ez didate borzgarren edukiontziaz galdetuko. Ezta Iruñeko entzierroez ere. Egiaren errateko, niri ez didate sekula galdetu gure eguneroko bizimoduaren hobekuntzarako ezein gai zehatzez. Egin beharko luketela uste dut. Hala ere, aizue, zein zaila jartzen diguten herri kontsulten aldekoei zenbait herri kontsultaren emaitzek, dedio!
Auzolana solasgai
Orain dela egun batzuk Leitzan izan ginen, auzolanari buruzko solasaldi batean, Kultur Aroaren baitan. Gaiari buruz teoria-mailan ikasi duguna azaltzen hasi orduko, solaskideen gogoa piztu eta euren ahotik aditu genituen garai ez hain urrun bateko biz...
OLABERRIRENTZAKO JUSTIZIA ESKE
Hogei urte bete dira Atarrabiako Txuma Olaberriri gomazko pilota batek buruan jo zionetik. Lagun batekin Iruñeko Sarasate pasealekuan zegoela, Espainiako Poliziak jaurti zuen pilota hura. Gertakizun horren ondorioz, Olaberri larriki zauritu zen, eta garezurrean ebakuntza egin behar izan zioten erietxean. Ez zen erabat osatu inoiz. Hogei urte igaro diren arren ez dela justiziarik egin salatu dute dozena bat lagunek Atarrabian, joan den astean egindako elkarretaratzean.
Eguraldiaz mintzo
Denak eguraldiaz ari dira, gu ez", zioen hasieran ferrokarril-kanpaina batek, gero ezkerreko ikasleen sindikatu batek, azkenik Hedoi Etxartek. Eguraldiaz mintzatzearen kontrako jarrera lehenagotik dator, dena den. Oscar Wildek Fidel izan beharraz antzezlanean Gwendolen pertsonaia azkar, distirant eta eskarmentudunari atera eta lehen esaldian zera esanarazten dio: "Otoi, ez niri eguraldiaz hitz egin, Mr. Worthing. Jendeak eguraldiaz hitz egiten didan bakoitzean beste zerbait adierazi nahi duela iruditzen zait. Eta horrek oso urduri jartzen nau".
Niri gero eta gehiago gustatzen zait eguraldiaz hitz egitea, zahartzearen albo-ondorioetako bat izango dela susmatzen dut. Auzokideekin atarian edo igogailuan elkartzeari gehienetan ihes egiten diedan arren —oraindik ez naiz hainbeste ere zahartu—, haiekin edo ezezagunekin suertatzen naizenetan, jada ez naiz —hain— deseroso egoten eta lotsagabe ekiten diot atmosferako gertakariei, lehen, orain edota gerokoei, errepasatzeari. Hizkuntzaren funtzio fatikoa delakoaren garrantziaz jabetzea izan daiteke adinak ematen duen irakaspenetarik bakarra. Nik batzuetan esperimentuak egiten ditut hitz aspertu hauen mugekin. Luzera neurtuz, esaterako, halako solasa bat luzatu eta luzatuz bestea deseroso sentiarazi arte. Edo edukiak aztertuz. Esaterako, norbaitek "ba, ematen du freskatzen hasi dela" bota, eta nik baieztatzeko tonuarekin justu kontrakoa esan sistematikoki: "Bai, orain beroago dago", edo ustez zerbait desegokiaz erantzun: "Bai, eta badirudi Palestinari berriz eraso diola Israelek", edo bestearen esaldiarekin errimatzen duena zerbait bota nik "bai, ezin egokiagoa orain franela". Egiaztatu dut ia berdin duela zer diozun.
Agian gurekin ere holako esperimentu bat egiten ari dira komunikabideetako arduradunak. Eguraldiaren espazioa handituz doa, denbora batetik hona. Eguraldia teleberrietatik independizatu zuten —antza, iragarkiak tartean sartu ahal izateko—, baina ezkutuan informatiboetara itzuli da. Diskrezioz hasieran, lotsagabe azkenaldian. Bero sapak ireki dezake informatibo bat, elurte bat iritsi daiteke egunkariko portadara —argazkiak batzuetan zinez dira ederrak—, eskuineko orrialdetako notizia zabal bat eguraldiaren iragarpena izan daiteke "hurrengo asteartetik aurrera 24 gradura jaitsiko da tenperatura".
Lagunartean ere udaberria iristen ez delako kexua maiz erabiltzen dute. Whatssapera maiz bidaltzen dituzte, oraingoz bromazko tonuan, Iruñea eta Mordor lotzen dituzten irudi manipulatuak. "Euskal uda" instalatzen ezin den ordenagailuko programa dela iradokitzen duen txiste irudizkoa zehazki zazpi aldiz bidali didate, baita beren burua euskalduntzat ez daukaten lagun nafarrek ere. Kezkatzen hasita nago.