Beste albiste batzuk

Ezkabako espetxea Nafarroarena izatea nahi du Geroa Baik

Ezkaba mendiko gotorlekua berriro Nafarroarena izan dadin, Espainiako Diputatuen Kongresuan proposamena aurkeztu du Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak. Eskaera zehatza egin du: Espainiako Gobernuak prozedura bat abiaraz dezala Nafarroako Gobernuari ahalik eta lasterren Ezkabako gotorlekua eta bere lurrak itzultzeko. Izan ere, Madrilgo Defentsa Ministerioarena da Ezkaba mendiko Alfontso XII. gotorlekua.

Uxue Barkosen ustez, Espainiako Defentsa Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak ez dute agertu "inolako interesik" urte hauetan guztietan. Bai, ordea, Ezkaba mendiaren inguruan dauden herriek. Izan ere, inguruko zazpi udalek gune natural bat egin nahi dute eremu horretan. "Aisialdirako eta kirola egiteko leku ezin hobea izan daiteke", esan du Barkosek. Gainera, diputatuak gogora ekarri du 2011ko azaroan gotorlekua kultur interesa duen ondare izendatu zutela, eta, gainera, Nafarroako historiako pasarte askoren lekuko izan dela —1938ko ihesaldia, kasu—.

"XX. mendeko amaieran Espainiako armadak bazterrean utzi zuen toki hau, inguruan zeuden zaintalde guztiak kenduz. Hortaz, gaur egun, gotorlekuak ez du inolako erabilerarik Espainiako Defentsa Ministerioari ez zaiolako interesatzen", dio Barkosek Madrilen aurkeztutako proposamenak.

“Nire etorkizunerako inbertsioa izan da Shanghaira etortzea”

Atzerrian ibilbide luzea egin du Leire Jimenezek (Iruñea, 1980). Ikasketak sakontzeko edo lan egiteko ibili da urte hauetan guztietan herrialdez herrialde. Beti izan du atzerrira joateko interesa, eta izan dituen aukera guztiak baliatu ditu. Egun, Shanghain (Txina) bizi da Jimenez.

Hamar urte zituenetik udak kanpoan igaro ditu, ikasten edo lan egiten, eta unibertsitate ikasketak —Humanitateak eta Enpresa— bukatuta, Australiara joan zen nazioarteko harremanetan master bat egitera. Ordutik etenik gabe bidaiatu du. Mapfre enpresan hasi zen lanean, eta Espainian eta Miamin (Ameriketako Estatu Batuak) aritu zen denbora batez. Londresen egon zen zazpi urtez enpresa berarekin, eta Frantzian sei hilabetez aritu ostean, duela bederatzi hilabete iritsi zen Shanghaira. "Beti nahi izan dut nazioarteko giroan lan egin; atzerriak erakartzen nau".

Erronka moduan hartzen ditu bidaiak. Izan ere, kultura eta giro berri batean bizitzea eta lan egitea ez da batere erraza, baina horregatik gustatzen zaio: "Ingalaterran nengoenean egoera guztiz erosoa izatea lortu nuen, baina erosotasun hori utzi nahi nuen, erronkak izan, eta Shanghain nago orain". Jimenezen ustez, Txina oraindik ez da norako guztiz "ezaguna" Ameriketako Estatu Batuekin konparatuz. Lanean eskaini zioten Shangaiko postua, eta baiezkoa eman zuen azkar. Mapfreko asistentziako kudeatzailea da.

Beti interesatu zaio Asia, eta bereziki Txina. Duela urte asko hasi zen txinera ikasten, eta, Jimenezen iritziko, Txinan lan egiteak eta txineraz hitz egiteak munduko ateak zabaltzen dizkio. "Nire etorkizunerako inbertsioa izan da hona etortzea". Aitortzen du, egun, askoz gehiago kostatuko litzaiokeela Nafarroan lana aurkitzea Txinan beste lan bat topatzea baino. "Eta ez da krisi ekonomikoarengatik".

Han eta hemen ibili da. "Herrialde askotan lan egitean, ohitzea erraza da, eta dinamika horretan murgiltzea askoz gehiago". Gainera, enpresak bidaiatzeko prest dagoela jakitean, aukerak nonahi daudela uste du Jimenezek. "Eta gaizki ateratzen bada, beti itzultzeko aukera dago".

Hazkunde handia du Txinak. Gero eta gehiago. Diotenez, 2020. urterako munduko lehenengo potentzia izanen da. Herrialde komunista da, baina Europan askotan kolokan jarritako eredua da, eta komunismo kapitalista dela diote askok. Argi du Jimenezek: "Bere erara ulertzen dute komunismoa; hau da, alderdiak komunismoa dela esaten badu, hala da". Atzerrian harridura sortzen duen gaia da, baina, Jimenezek adierazi duenez, Txinako Alderdi Komunista kritikatzen duten txinatarrek ez diote garrantzi handirik ematen gaiari.

Txinera gutxi gorabehera menperatzen du. Ez da ezinezko hizkuntza, baina ahalegin handia eskatzen duela aitortu du. Hark egunero ikasten du: "Lanera joan aurretik eskola partikularrak jasotzen ditut, eta gauean nire kabuz ikasten saiatzen naiz". Idazten ez daki oraindik, baina zertxobait irakurtzen bai, eta eguneroko gauzak eskatzeko aise moldatzen da. Lanean ingelesez mintzatzen da, baina enpresako langile guztiak txinatarrak dira, baita bezero gehienak ere. Hortaz, ahalegina egiten du, behintzat, ulertzeko. "Hemengoek asko lagundu naute, eta beti prest daude edozertarako. Oso adeitsuak dira".

Behin gaixo jarri zen Jimenez bulegoan, eta bat-batean lankide guztiak gerturatu zitzaizkion. "Momentu batean mahai gainean hamaika sendagai nituen, baina katarroa baino ez zen nik nuena. Horrelakoak dira". Txinatarren lan egiteko era, gainera, guztiz desberdina dela uste du. Esaterako, bezeroekin dituzten bilerak "oso formalak" dira. "Ohitu behar duzu, egokitu, beste herrialde batean zaudelako. Azken finean, kodeak baino ez dira, mendebaldeko ikuspuntutik begiratzen ditugulako".

Shanghai da Txinako motor ekonomikoa eta komertziala. Hiria oso handia da. "Erraldoia". Huangpu ibaiak erdibitzen du: Puxi, erdigunea eta hiri "zaharra", eta Pudong, finantza gunea eta luxuzko hotelen eremua. "Hiri oso dinamikoa da".

Hala ere, alde handia dago Txinako hiri eta herrien artean. Landa guneak "pobreak" dira, eta osasun eta hezkuntza arloetan badute zer hobetu. Gobernuak ahaleginak egiten ditu oreka lortzeko, baina erronka oso handia da. Gainera, herrietatik Shanghaira joaten diren herritarrek ez dute hezkuntza publikorik ezta osasun publikoan arretarik ere.

Tradizioek indar handia dute herrietan. Festen ohitura azaldu du Jimenezek. Izan ere, ohitura handia dute edozer gauza ospatzeko: txerri baten jaiotza edota uzta bilketa. Eta horrek ondorioak ditu: "Gonbidatuek opari moduan dirua eman behar diote familiari, eta, ondorioz, herritar asko dirurik gabe gelditzen dira. Izan ere, nahiago dute dirurik gabe geratzea festara ez joatea baino. Lotsarengatik".

Hamar euroko zerga berria ezarri nahi du Iruñerriko Mankomunitateak

Iruñerriko garraio publikoaren zorra kitatzeko asmoz, Iruñerriko Mankomunitateak hamar euroko zerga berri bat ezarri nahi du. Etxebizitza bakoitzak hamar euro ordainduko lituzke. Dena den, Iruñerriko Mankomunitateak jakinarazi du neurria ezartzen badute arazo ekonomikoak dituzten pertsonek ez dutela zerga berria ordaindu beharko. Iruñerriko Mankomunitatean parte hartzen duten alderdiek oraindik ez dute inolako jarrerarik hartu, eta neurria aztertuko dutela adierazi dute guztiek.

Izan ere, uste dute Iruñerriko garraioari "lehenbailehen" irtenbide bat bilatu behar zaiola finantzatzeko. "Finantzaketa egonkorra" izan behar du, Itziar Gomez NaBaiko kidearen ustez. Hortaz, zerga berria aztertuko dutela adierazi du, baina esan du NaBaik nahiago duela mugikortasunari eta ingurumenari loturiko zerga bat, eta errentaren arabera ezartzen dena. Berdin mintzatu da PSNko Jorge Mori, eta finantzaketak "bermatuta" egon behar duela azpimarratu du.

Horretaz gain, Iruñerriko Mankomunitateko teknikariak autobus zerbitzuan txartel berri bat egitea aztertzen ari dira. Txartel horrek hilabete osoko iraupena luke, eta bidaiak mugagabeak lirateke. 2014. urteko bigarren lau hilekoan ezarriko lukete.

Autobus hibridoa

Joan den astelehenetik autobus hibrido bat probatzen ari dira Iruñerrian. Zehazki, 5 eta 6 lineatan arituko dira autobusa probatzen. Autobusaren fabrikatzaileek esan dutenez, garraio mota horrek erregaia aurrezten du, eta askoz gutxiago kutsatzen du. Izan ere, motorra diesela eta elektrikoa du. Joan den urteko abenduan beste autobus hibrido batekin egin zituen probak.

Sanferminetako “jazarpenen” aurka herri dinamika berria aurkeztu dute

Iruñea askatasunez, baita sanferminetan ere mugimendua aurkeztu dute, sanferminetako festetako "jazarpenen" kontra. "Eskubide urraketei" eta "murrizketei" aurre egiteko sortu da dinamika. Izan ere, azaldu dutenez, sanferminetako jazarpenen zerrenda luzea da, eta Iruñeko eragile askori eragiten die. Sortu berri den mugimenduak urraketa hauek guztiak salatzea eta gainditzea du helburu. Gainera, "jai giroko manifestazio koloretsua" iragarri dute, uztailaren 5erako.

Besteak beste, hauek dira salatu dituzten "eskubide urraketak": peñei eta festa batzordeei egindako murrizketak, Riau-riauaren erabilera, txupinazoaren militarizazioa, tabernariei ezarritako araudiak, Gora Iruñea!-ri ezarritako debekuak, etorkinen aurkako jazarpena, eraso sexisten aurreko anbiguotasuna eta Villabesaren entzierroko errepresioa.

Sanferminetan urraketa hauek jasan dituztenek aurkeztu dute mugimendua. "Gu eskubide urraketak pairatu ditugun iruindarrak gara, kaltetuak izan diren lagunen lagin txiki bat besterik ez, eta eskubide urraketa hauekin amaitu nahi dugu, Iruñean askatasunez bizi nahi dugulako", azaldu du Mikel Anza mugimenduko kideak. Datozen asteetan eragile sozial, kultural eta politiko desberdinekin bilduko dira, jardun errepresibo guztiekin bukatzeko asmoz.

Hiri "herrikoia, anitza eta alternatiboa" eraiki nahi dute, gizartea oinarri hartuta eta herritarren parte hartzearekin. "UPNren bidegabekeria gero eta ageriago dago, eta hiri eredu berria garatzeko proposamenak eta alternatibak mahai gainean jartzeko garai ezin hobean gaude", azaldu du Anzak. Hartara, dinamikaren lehenengo pausoa uztailaren 5ean eginen da. Izan ere, egun horretarako manifestazioa antolatu dute. "Iruñea hiri bizia, anitza eta parte hartzailea da; azken urteetan, ordea, oztopoak besterik ez ditugu topatu, askatasun demokratikoaren urraketak gero eta ugariagoak baitira".

Horretaz gain, Iruñea askatasunez, baita sanferminetan ere mugimenduak atxikimenduak jaso nahi ditu eta blog bat —iruneaaskatasunez.wordpress.com— jarri du martxan. Ahalik eta atxikimendu gehien lortzea dute helburu eta manifestu bat plazaratu dute. Pertsona ororen askatasun demokratiko guztiak bermatuta izanen duen hiria nahi dute, baita sanferminetan ere.

“Asko aldatu da presoen aldeko jaialdia urte hauetan guztietan; hobera egin du”

Hatortxu Rock jaialdiak saio berezia egingo du bihar, Atarrabian, hamabosgarren urteurrena ospatzeko. Egun bateko jaialdia izanen da, eta Fermin Muguruza, Berri Txarrak, Riot Propaganda (Los Chikos del Maiz + Habeas Corpus), La Jodedera, Iheskide eta DJ Jotatxo ariko dira agertokian. Hatortxu Rock jaialdiaren antolatzaileetako bat da Iker Isiegas (Iruñea, 1976), eta azpimarratu du presoen egoera berdin dagoela hamabost urte igaro eta gero ere.

Bihar, Hatortxu Rock jaialdiaren hamabosgarren urteurrena ospatuko duzue. Berezia izanen da?

Hamalaugarren aldia bukatu bezain pronto hasi ginen hau prestatzen. Horrelako egitasmoak inoiz baino beharrezkoagoak dira, presoek behar ekonomiko handia dutelako, batez ere. Fermin Muguruzarekin kontzertu berezi bat egiteko aukera suertatu zitzaigun, eta hortik aurrera hasi ginen osatzen. Muguruzari orain dela urte asko proposatu genion jaialdian jotzeko, baina hainbat gauza tarteko, ezin izan du inoiz. Aurten ahal izan du, eta bere itzuliaren barruan joko du Atarrabian. Orain dela hamabost urte hasi ginen jaialdia antolatzen, eta horrek izugarrizko esperientzia eman digu. Horregatik, esan dezakegu urte hauetan guztietan jaialdia finkatu eta sendotu dela.

Eta urte hauetan guztietan ere jaialdia aldatu da?

Hasieran lagunarteko kontu bat zen, eta zerbait txikia. Alde batetik, presoen egoerak eta beharrak bultzatu gintuen hona, eta, bestetik, musikak. Beraz, biak elkartu eta Hatortxu Rock jaio zen. Zaleak ginen, baina egun esan dezakegu jaialdia erabat profesionala dela. Asko aldatu da, baina hobera egin du.

Baina jaialdiaren helburua berbera da oraindik?

Bai, hala da. Preso politikoen kolektiboari eta haien senide eta hurbileko pertsonei gure elkartasun guztia adierazi nahi diegu. Presoen aldeko ekinaldi erraldoia da, eta Iruñerriko indarra irudikatu nahi dugu. Behar ekonomiko handia dago, eta badakigu ur tanta bat garela itsasoan, baina ezinbestekoa da. Gainera, asteburu hau elkartasun asteburua izanen da. Igandean, presoen aldeko lasterketa eginen dute Oiartzunen [Gipuzkoa].

Zer ekarpen egiten dio jaialdiak presoen egoerari?

Saiatzen gara jaialdiko berotasuna kartzeletako ziega bakoitzera helarazten. Aurten, adibidez, ekinaldi berri bat eginen dugu. Sarrera bakoitzarekin postal bat banatuko dugu, eta gure helburua da bertaratzen direnek zerbait idaztea eta presoen ziega guztietara iristea. Guztira, 596 preso dira; beraz, 596 postal, 596 elkartasun mezu. Senideei ere gure babes osoa erakutsi nahi diegu; izan ere, asko bihar lanean arituko dira jaialdian, eta hurrengo egunean bidaia eginen dute kartzeletara. Jaialdia jaio zenetik gure asmoa izan da beti azkeneko edizioa izatea. Guretzat albiste onena litzateke. Baina zoritxarrez hamabost urte daramatzagu, eta seguruenik hemen jarraituko dugu, egun arazo berak daudelako. Senideen eta presoen egoera oso larria da, eta lanean jarraituko dugu.

Beste urte batzuetan antolatu duzue bi eguneko jaialdia. Aurten, egun bakarrekoa. Zergatik?

Egun bakarrekoa egitea aproposagoa iruditu zitzaigun, baina seguruenik datorrenak bi egun izanen ditu. Aitortu behar dugu hasieran ez genuela indar handirik guztia prestatzeko, baina beharra zegoela ikusi genuen, eta, azkenean, inertziak ekarri gaitu hona. Kartel borobila osatu dugu.

Dena prest duzue biharko?

Sarrerak agortzen ari dira leku guztietan. Zortzi mila pertsonarentzako lekua dugu; ea lortzen dugun betetzea! Jaialdian boluntarioen lana oso garrantzitsua da. Laurehun lagun inguru aritzen gara jaialdia prestatzen, eta jasotzen dugun babesa ikaragarria da. Aurten, gainera, sarrerekin ohar bat banatuko dugu, ez dugulako inolako erasorik izan nahi jaialdian.

Obrengatik hegala mugitzen dela onartu du CHE-k

"Beti egon dira mugimenduak Esako urtegian, eta euriteen eraginez mugitzen da urtegiko eskuin hegala". Hori esan zuen otsailean Ebroko Ur Konfederazioak, mugimenduei garrantzia kentzeko. Hala ere, orain jakin da erakundeak berak onartzen duela Esako urtegiaren handitze lanek eskuineko hegalaren mugimenduak eragiten dituztela. Ebroko Ur Konfederazioak urtarrilaren 9an egindako barne txosten batean azaltzen da baieztapena. "Eskuineko hegala zimentatzeko eta egonkortzeko lanek eragin dituzte mugimenduak", dio txostenak.

Joan den udan sumatu zuten eremu horretako mugimendua lehen aldiz —50 metroko sakoneran—, baina abendura arte ez zuten erabaki irristatzeari aurre egiteko neurriak hartzeko beharra zegoela.

Horretaz gain, txostenean Ebroko Ur Konfederazioak dio eskuin hegalaren mugimenduek Esako etxebizitzen hondatzea eragin dezaketela. Otsailean Esako bi urbanizazio hustu zituzten, baina Ebroko Ur Konfederazioak esan zuen "badaezpadako" neurria izan zela. Gainera, abenduan urtegiaren larrialdietako plana zero mailatik —apalenetik— batera igotzea erabaki zuten, baina Ebroko Ur Konfederazioak ez zien herritarrei jakinarazi hartutako neurriaz. Astean bi zentimetro mugitzen da eskuineko hegala, eta batez beste, urtean bi metro higatuko da eremu hori adituen arabera.

Zangoza hutsarazi

Azken asteetan Antonio Casas geologoa Esako urtegiaren arriskuaz mintzatu da. Casasek lehenbaitlehen Zangoza, Esa eta inguruko herriak hutsarazi behar direla esan du, eta "berehalako arriskuaz" ohartarazi du. "Egoera ez da arriskutsua, dramatikoa da. Eta ez dut nik bakarrik esaten, Ebroko Ur Konfederazioak egindako txostenek ere hala diote". Izan ere, Casasek Esako hegalaren material ez egonkorrei buruz hitz egiten du, eta hori ere jasotzen du Ebroko Ur Konfederazioak egindako txostenean. "Esako flyschak zonaldea ahultzen du", azaldu du geologoak.

Dena den, Ebroko Ur Konfederazioak "alarmistatzat" jo du Casasek esan duena. "Esa handitzeko lanek egonkortasuna ekarriko dute urtegian", ziurtatu du.

Sanferminetako museoan lau milioi euro gastatu direla dio Barkosek

Iruñeko sanferminetako museoa ezerezean gelditua dela eta UPNk lau milioi euro gastatu dituela salatu du Uxue Barkos Iruñeko Udaleko GeroaBaiko bozeramaileak. Joan den astean behin betiko proiektua baztertzea erabaki zuen gobernu batzordeak; izan ere, krisiak egitasmoa kolokan jarri du behin eta berriz, eta azkenean alde batera utzi dute Iruñeko jaien inguruko proiektua.

GeroaBaik sarri kritikatu ditu sanferminetako museoaren inguruko gorabeherak. "Oraindik ere inork ez du azalpenik eman gai honen inguruan, baina Iruñeko herritarroi lau milioi euro kostatu zaigu azkenean belardi bat izanen dena", esan du Barkosek. Horregatik auditoria bat eskatu du, Iruñeko Udalak urte hauetan guztietan ordaindutakoaren berri izateko. Barkosek gogorarazi duenez, UPNren legegintzaldiaren "proiektu izarra" zen sanferminetako museoa, eta alderdi beraren kudeaketa txarrak hondoratu du proiektua. "Iruzur hutsa izan da guztia".

Media Luna parkean 1.500 metro koadroko orube bat du udalak. Han egin nahi zuen museoa, baina orain beste proiektu batzuk aztertzen ari da bertan egiteko. Seguruenik txakurrentzako eremu bat izanen da. Txakur jabeentzako esparru ireki bat, animaliekin bertara joateko aukera izan dezaten.

“Ikasketak baditugu, baina ez dugu lanik; horregatik gaude hemen”

Egoera ekonomikoak behartuta, gazte askok hartu dute atzerrirako bidea, eta kanpoan aurkitu dute Euskal Herrian topatu ez dutena: lana. Gazte horietako bat da Andrea Zuñiga (Zizur Nagusia, 1988). Urtarrilean joan zen Edinburgora (Eskozia) mutil-lagunarekin, eta, dagoeneko, lana lortu du.

"Mutil-laguna langabezian zegoen, eta nik aldaketa behar nuen, esperientzia berriak izan". Horrek guztiak bultzatuta abiatu zen Ibañez Eskoziara, baina baita ingelesa hobetzeko ere. Erizaina da Ibañez, baina ez du lanik topatu Nafarroan. Aukera gutxi daudela dio, eta murrizketen ondorioz egoera "ezin makurragoa" dagoela. Berak zortea izan du Edinburgon, eta hotel bat garbitzen aritzen da. Hor hasi baino lehenago, hala ere, ingelesa ikasten aritu zen. "Hona iritsi nintzenean, pentsatzen nuen ingelesez banekiela, baina eskoziar batekin hizketan hasi bezain pronto, konturatu nintzen ez nekiela ezer. Azentu oso itxia dute hemengoek". Orain, lankideekin praktikatzen eta hobetzen du.

Ez da euskal herritar bakarra Edinburgon, ezta nafar bakarra ere. Hark jarraitutako bidea egin dute askok, eta gaztelera eta euskara nonahi entzuten dira hirian. Gehienak arrazoi berarengatik joan dira: lan etorkizun oparoaren bila. Eta Ibañezek uste du aukera ezin hobea dela hizkuntza ikasteko, nahiz eta ikasi dutenarekin zerikusirik ez duten lanetan aritu. "Horrela, behintzat, denbora aprobetxatzen dugu. Ikasketak baditugu, baina ezin lanik aurkitu gure herrialdean. Horregatik gaude hemen". Gehienak denboraldi baterako joaten dira, eta Edinburgo aukeratzen dute, ez dagoelako oso urrun. Ibañezek ez daki noiz itzuliko den; hasieran, itzultzeko eguna zuen, baina gauzek ongi jarraitzen badute, han geldituko da. "Giro handia du hiriak, eta oso turistikoa da. Hortaz, sektorean lan egiteko aukerak daude".

Gustatzen zaio hiria. Xarma handia du, eta eraikin zaharrak oso ongi zaintzen dituzte. "Erdi Aroko hiria dirudi, gaztelu asko dituelako". Egun osoan, kalean giroa dago, eta hiri "alaia" iruditzen zaio. "Klima hain gogorra izan arren, jendea ez da etxean geratzen. Batez ere eguzkia ateratzen denean, lorategiak bete egiten dira". Lau urtaroak goiz bakar batean ikusi ditu Ibañezek, adibidez. Eta harrituta geratu da uda eta neguko argi orduekin: "Neguan, ia erabateko iluntasuna dago, eta, udan, alderantziz; aldaketa handia da".

Bigarren eskuko denda asko daude Edinburgon. "Nafarroan ez bezala, ohitura handia dute hemen gauza zaharrak saltzeko eta erosteko". Adibidez, igande guztietan, bigarren eskuko azoka erraldoia antolatzen dute lur azpiko aparkaleku batean. Jendeak garajeko leku bat alokatzen du, eta denetarik saltzen dute; oso merke, gainera. "Arropa, liburuak, bitxiak, etxeko tresnak... Denetarik dago, eta izugarria da ikustea zenbat jende joaten den".

Hilabete hauetan, bidaiatzeko denbora izan du Ibañezek. Eskoziako mendietara joan da —Highlands—, eta izugarri gustatu zaizkio. Laku asko daude, eta gazteluek paisaia ederrak sortzen dituzte.

"Adeitsuak, baina ez adiskidetsuak". Horrela definitu ditu eskoziarrak Ibañezek. Haiekin gertuko harremanak egitea kostatzen zaio, eta beste atzerritarrekin ibiltzen da. "Hasieran, saiatzen ginen sorterriko jendearekin elkartzen, ingelesez mintzatzeko, baina askoz errazagoa da atzerritarrekin ibiltzea. Egoera berean daude, eta elkar laguntzen dugu".

Heldu den urtean eginen dute Eskozian independentziaren erreferenduma —2014ko irailaren 18an—, eta egun historikotzat jo du Ibañezek. "Jendeak gero eta gehiago hitz egiten du gaiari buruz, arrazoi ekonomikoengatik, ideologikoengatik edo lurraldekoengatik. Sumatzen da eguna gertu dagoela". Hala ere, ez du ikusi giro berezirik. "Guztiaren gainetik, hemengoak eskoziarrak dira. Beste kontu bat da independentzia nahi duten edo ez". Ohiturez eta ikurrez mintzatu da Ibañez. Egunero ikusten ditu kilta —eskoziar gona— daramaten gizonak kalean, eta, batez ere, ospakizunetan eta errugbi partidetan janzten dute. Eskoziar liberak dira herrialdeko beste ikurra. Izan ere, berezko billeteak dituzte, eta, Ingalaterran osoan onartzen badira ere, gehienbat Eskozian erabiltzen dituzte. Libera esterlinen balio bera dute.

Ingelesen eta eskoziarren artean "lehia" dagoela konturatu da Ibañez. "Eskoziarrei ez zaie gustatzen ingelesak direla esatea; beren sustraiak oso errotuak dituzte". Gainera, ingelesak "serioagoak" direla uste du Ibañezek. "Ez dute hainbeste girorik". Aukera izan zuen errugbiko Sei Nazioen torneoko partida bat ikusteko, eta "ahaztezina" izan zela dio Ibañezek. "Izugarria izan zen giroa, eta, batez ere, Eskoziaren ereserkia abestu zutenean". Eskoziarren ohituren artean, garagardoarena aipatu du Ibañezek. Izan ere, "edozein egunetan eta edozein momentutan", jendea pubetara joaten da garagardoa edatera.

“Hemengoa zaindu, eta hangoa errespetatzen dute suitzarrek”

Zurich Suitzako hiririk handiena da, bai eta interesgarriena ere. Ez litzaidake gustatuko Suitzako beste hiri batean bizitzea". Argi du Miren Garatek (Lizarra, 1966). Duela hogei urte iritsi zen Suitzara, eta han eraiki du bere bizitza. Lana, lagunak, senarra...: "Hona etorri nintzen suitzar batekin maitemindu nintzelako".

Hogei urte hauetan denetarik egin du Zurichen. Arkeologia ikasketak ditu Garatek, eta hasieran arkeologia indusketetan aritu zen. Hamaika urtez, gaztelerazko irakaslea izan zen ikastetxe batean, eta, egun, Frantziako lagun batekin hizkuntz eskola bat sortu du Zurichen. "Bost hizkuntza irakasten ditugu, eta gure bezero gehienak banketxeetako langileak dira". Izan ere, garrantzitsuak dira hizkuntzak Suitzan. Lau dira ofizialak: italiera, frantsesa, alemana eta erromantxera. Gehien erabiltzen dena alemana da, baina suitzar gehienek hizkuntza bat baino gehiago dakite. Garatek italiera eta alemana menperatzen ditu. Zurichen gehien hitz egiten diren hizkuntzak erromantxera eta alemana dira. Erromantxerak dialektoak ditu, eta, batik bat, ahozko hizkuntza da. Garatek dio suitzarrak oso harro daudela haien hizkuntza guztietaz, eta, gainera, politikariak hizkuntza guztietan mintzatzen direla. "Hemengo kultura eta identitatea zeharo babesten dituzte; hemengoa zaindu, eta hangoa errespetatzen dute".

Suitzako Alpeak dira, dudarik gabe, herrialdeko lekurik erakargarriena. Alpeetako amildegi malkartsuek, beti elurrez estalita dauden mendi garaiek eta glaziar handiek postalak dirudite. Hala ere, Garatek hirietako "xarma" maite du. Zurichek, adibidez, kultur eskaintza "zabala" du. "Oso aberatsa da, eta denetarik egiteko aukera dago. Bizi-kalitatea oso ona da". Garraio publikoak oso ongi funtzionatzen du, eta hiriak oso garbiak daude. Gainera, Zurichen erdialdean laku handi bat dago, eta, udan, jende andana joaten da eguna pasatzera.

Multikulturalitatea da Zuricheko beste ezaugarri bat: "Hemen herrialde guztietako jendea bizi da, eta ongi integratzen dira. Ezagutu ditudan suitzar gehienak atzerritarrekin daude ezkonduta". Hala ere, arrazismoa badagoela dio Garatek. "Modu sotilago batean, hori bai".

Dena den, oro har, suitzarrak begirunetsuak eta hezibide onekoak dira. "Hemen denetarik dago, mundu guztian bezala". Baina, nafarrekin alderatuz, Garatek uste du ez direla batere "espontaneoak". Dena dute antolatua. Esaterako, norbaitekin afaltzeko edo zerbait hartzeko, hilabete lehenago egiten dute plana. Bitxia egiten zaio Garateri suitzarrek beti topa egiten dutelako ospakizunetan. "Nafarroan ez bezala, hemen banaka egiten dute topa, begietara begiratzen eta bakoitzaren izena esaten. Behin gertatu zitzaidan kopa hartu nuela, eta topa egin gabe edaten hasi nintzela".

Esan bezala, herrialde aberatsa da Suitza, eta aukera handiak eskaintzen dizkie herritarrei. Erosteko ahalmena oso altua da, eta asko bidaiatzen dute. Denek dute lana —langabezia tasa %3,2koa da—. "Herritarrek Europako Batasuneko beste herrialdeetan baino askoz gehiago kobratzen dute, eta, horregatik, oso garestia da: etxea, osasuna, janaria... Dena". Hirietako azpiegiturak "ezin hobeak" dira, eta burokrazia, "eraginkorra". Adibide bat jarri du Garatek: "Pasaportea berritu nahi baduzu, deitu eta hamar minutuan egiten dute". Herrialdeko segurtasuna ere abantaila da. "Nik ez dut inoiz beldurrik sentitu gauean bakarrik ibiltzen". Delinkuentzia badago, baina gutxi. Politikan, Nafarroan baino kontserbatzaileagoak direla iritzi dio Garatek, baina Suitzako "zuzeneko demokrazia" goraipatu du.

Baina dena ez da urre kolorekoa, eta bere alde "ilunak" ditu Suitzak. Politikoki, herrialde "neutrala" da, baina biztanleko arma gehien duen Europako herrialdea da: 46 arma 100 biztanleko. "Herritarrek etxean gordetzen dituzte armak", azaldu du Garatek. Gizonentzat derrigorrezkoa da zerbitzu militarra —aukerakoa da emakumeentzat—, eta han eskuratzen dituzte armak. "Hamabost urte irauten du zerbitzu militarrak, bi edo hiru aste joaten direlako urtean. Tarte horretan izan ditzazkete armak etxean". Dena den, Garatek uste du egoera aldatzen ari dela Suitzan. Bai Ameriketako Estatu Batuetan eta bai Suitzan gertatu diren sarraskiek herritarren kontzientziazioa eragin dute. "Armak etxean izatearen arriskuez mintzatzen dira orain".

Etorkizuna han ikusten du Garatek, baina ez du baztertzen "noizbait" Nafarroara itzultzea. "Agian zahartzen naizenean, eta lanik ez dudanean. Egia esan, Nafarroako bizitza gustatzen zait: lasaitasuna, natura, usainak, zaporeak, koloreak, jendea...". Herrimina sentitzen du maiz, eta, normalean, urtean bi aldiz etortzen da sorlekura. Nafarroa ezagutu duten lagun suitzarrak ditu Garatek, eta guztiek esaten diote "harrituta" geratu direla hemengo hiri eta herrietako kaleak oso garbiak daudelako.