Beste albiste batzuk

“Itzulerako egunik gabe, askoz hobeto ezagutzen ari gara guztia”

Inoiz egin duten bidaiarik luzeena egiten ari dira. Motxila sorbaldan eta mapa eskuan, herrialdez herrialde ari dira ezagutzen Latinoamerika. Pausoz pauso eta presarik gabe, bideko sentipen guztiak harrapatzeko. Rebeca Itoiz (Agoitz, 1988) eta Iñaki Zalba (Agoitz, 1983) dira. Duela urtebete baino gehiago hasi zuten abentura. Zalbak hasi zuen bidaia bakarrik, 2011ko azaroaren 29an, eta hilabete batzuk geroago Itoizek bat egin zuen berarekin. "Zergatik Latinoamerika? Hizkuntzak erraztasunak ematen dizkigu, eta hemengo kulturak, historiak eta musikak erakartzen gaitu".

Brasil izan zen lehenengo geldialdia, eta ordutik beste zazpi herrialde bisitatu dituzte: Uruguai, Argentina, Txile, Paraguai, Bolivia, Peru eta Ekuador. Orain, Bogotan (Kolonbia) daude. "Oraingoz, Venezuela da gure helmuga, baina bidaiaren bukaera baino beste baten hasiera izan daiteke: Guyana, Surinam eta Guyana frantsesa ezagutu, Erdialdeko Amerikara joan, Karibeko uharteak bisitatu... Eta noizbait etxera itzuli beharko dugu", diote zalantzati. Lasai daude, eta gero eta urrunago ikusten dute itzultzeko eguna.

"Itzulerako egunik gabe, askoz hobeto ezagutzen ari gara guztia". Egunerokoak zehazten du zer, nola eta noiz: libre dira horrela. "Bizpahiru egunez egon nahi genuen leku batean bi aste igaro ditugu, eta ezagutu nahi genituen leku batzuk bisitatu gabe ere joan gara". Hilabete oso bat igaro zuten Achocallan (Bolivia), adibidez. "Lagun batzuen etxean egon ginen, aterpeak eraikitzen ari dira hango emakumeekin batera. Oso berezia izan zen hilabete osoa".

Hara eta hona, bidaia "modu onean" ari dira egiten. Lo egitearen truke sosik ordaindu gabe munduari bira ematea posible da, eta horrela ari dira ezagutzen Latinoamerika. Couch Surfing erabiltzen dute askotan, eta, doan, bertakoen etxeetan lotarako sofa bat (edo ohe bat) lortzen dute. Abantailak ikusten dizkiote, gainera, horrela bidaiatzeari: herrialde bateko errealitatea gertuagotik ezagutzeko aukera dute. "Lagun asko egin ditugu, eta hobeto ezagutu ditugu herriak eta hiriak: haiek eramaten gaituzte lekuak ezagutzera, adibidez. Ez da, soilik, etxe batean lo egitea, harreman politak sortzen dira".

Finantziazioa ere lortu dute bidaia aurrera ateratzeko: eskulanak saltzen dituzte. Brasilen zeudenean Itoizek hazi bitxi eta polit batzuk aurkitu zituen hondartza batean eta "zerbait" egitea pentsatu zuten. Materialak erosi, eta trebatzen hasi ziren. "Poliki poliki lepokoak, eskumuturrekoak eta belarritakoak egiten hasi ginen; orain kalean saltzen ditugu. Oso ongi ateratzen ari zaigu", azaldu dute. Kalean oihala zabaldu, eta erosleak etortzea besterik ez dute behar. Orain, gainera, musika jo nahi dute, eta abestiak prestatzen ari dira.

Zaila egiten zaie Zalba eta Itoizi ezagutu dituzten herrialde guztien artean bakarra aukeratzea. "Ahaztezinak" izan dira guztiak haientzat, eta bakoitzean "zerbait berezia" bizi izan dute. Hala ere, bat aukeratzekotan, Ekuador aukeratuko lukete. "Paisaia mota guztiak ditu: hondartzak, mendiak, oihanak, sumendiak... Gainera, jendeak izugarri ondo hartu gintuen". Herrialdea txikia denez, txoko guztiak ezagutzeko aukera izan zuten diru gutxirekin. Horretaz gain, Txile eta Argentina asko gustatu zitzaizkien. Bai naturaren aldetik eta bai jendearengatik ere. "Oso herrialde bereziak izan dira, han ditugun lagunengatik; erraztasun guztiak eman zizkiguten".

Bikotearen iritziko, Boliviako hiriburua, La Paz, derrigorrean bisitatu beharreko hiria da. Bolivian ere, La Higuera herrixka ezagutu zuten. 1967. urteko urriaren 9an, Ernesto Guevara, Che gerrillari iraultzailea hil zuten han, Bolivia hegoaldeko oihanean armadak harrapatu ondoren. "Haren bizitzako azkeneko uneak oroitzeko aukera izan genuen, hango museoen bidez eta hango jendearekin hitz egiten; esperientzia ederra izan zen". Bereziki oroitzen dute herriko garbitegira joan zirenekoa. Hara eraman zuten Che, hil zenean, eta, harrezkero, hara doan jendeak idatzita uzten ditu esaldiak, haren oroimenez.

Hamaika dira ezagutu dituzten txokoak, eta oraindik ere denbora izanen dute beste hainbat aurkitzeko. Hala ere, sustraiak izaten dituzte gogoan maiz, familiak eta lagunak, bereziki. Dena den, Argentinako lagun batzuekin bidaiatzen ari dira, eta aitortu dute haien "egungo familia" direla. "Luxuak" ere izaten dituzte mintzagai: ur beroa, ohe bat, garbigailua, bainugela... Euskal Herrian zituzten eta han ez dituzten gauzak dira. Baina duela gutxi izan zuten luxu horiek eta beste batzuk erabiltzeko aukera. Itoizen ahizpa joan zen bisitan Ekuadorren zeudenean, eta azken unean itzulerako hegazkina aldatu zioten. Beraz, konpainiak Quitoko hotelik ospetsuenean gaua pasatzea eskaini zion. Baietz esan, eta hirurak joan ziren hotelera: "Xeke arabiarrez betea zegoen, eta inoiz ikusi ez dugun luxua ikusi genuen; aukera probestu genuen, nola ez".

Iruñeko Udalak ez du martxan jarri hutsik dauden etxeen erregistroa

UPNk oraindik ez du martxan jarri Iruñean benetan hutsik dauden etxeak zenbatzeko erregistroa. Joan den urteko urriaren 31ko udal bilkuran alderdi guztiek aho batez onartu zuten Iruñeko Udalak sei hilabeteren buruan etxe hutsen erregistroa osatuko zuela. Dena den, oraindik ez du egin, eta ekainera arte du epea. Guztira, Iruñean 88.896 etxebizitza daude erroldaturik. Horietatik, Iruñeko Udalaren datuen arabera, 14.975 etxetan ez dago inor erroldatuta.

Gehienak, erabilerarik gabeko etxebizitzak dira, etxe hutsak. Esaterako, Alde Zaharrean 1.538 etxebizitza hutsik daude; Zabalgunean, 1.729, eta Ermitagaña eta Mendebaldean, 1.599. Horretaz gain, Buztintxurin lau etxebizitzetatik bat hutsik dago. Datu horien aurrez aurre, eraikiko diren etxebizitzen datuak ageri dira. Abiadura Handiko Trenaren planak 9.000 etxebizitza aurreikusten ditu, Etxabakoitzen eta Sanduzelain. Lezkairun, Erripagañan eta Arrosadian, etxebizitzak ari dira eraikitzen. Iruñean, batetik, etxe kaleratzeak gertatzen dira, eta bestetik, inork erabiltzen ez dituen etxebizitzak daude.

Dena den, aipatu 14.975 etxebizitza ez daude "guztiz" hutsik. Batzuk alokatuta daude, beste batzuk jabeen bigarren etxebizitzak dira, badira saldu gabekoak ere, eta, azkenik, negozioak daude. Horregatik, etxebizitza horien egoera eta errealitatea jakiteko, NaBaik joan den urrian eskaera egin zuen, eta hiriko etxebizitzen erregistroa egiteko eskatu zion Iruñeko Udalari. Ez da lehenengo aldia oposizioko taldeek udalari hori eskatzen diotena. 2011n, PSNk etxe hutsen errolda egitea eskatu zuen, eta, udalak onartu arren, ez zuen aurrera eraman eskaera.

Udalak etxeen erregistroa egin ez duenez gero, ezin die zergarik kobratu etxe hutsen jabeei—udal zergak, adibidez—. Toki Ogasuneko 2/1995ko foru legeak biltzen ditu xehetasun horiek, eta Iruñeko Udalak ekainera arteko epea izanen du, hutsik dauden etxeen erregistroa egiteko. Urtebetez lau hilabete edo gutxiago erabilitako etxeak etxe hutsak konsideratzen dira. Horretaz gain, inolako kontraturik ez duten etxeak ere hutsik dauden etxeak dira. Aste honetan bertan, Iruñeko Udaleko Ogasun alorreko arduradunek esan dute lanean ari direla erregistroa sortzeko, baina ez dute azaldu noizko izanen duten egina.

Ana Elizalde UPNko zinegotziak, esaterako, joan den urriko bilkuran esan zuen merkatua "berpiztea" dela hutsik dauden etxebizitzen ordenantzaren helburua, eta dagoeneko merkatu hori existitzen dela. Hortaz, ez du uste beharrezkoa denik erregistroa egitea. Gainera, NaBairi leporatu zion jabetza pribatuko etxebizitza bat alokatu nahi dutenei zerga gehiago ordaindu nahi izatea. Javier Leoz NaBaiko zinegotziak, berriz, erantzun zion zergak bakarrik ordainduko dituzteela inolako erabilerarik ez duten etxebizitzen jabeek. "Gaur egun, etxebizitza bat eskuratzea ez da batere erraza, eta Iruñean hutsik dauden pisuak alokatzen badira, prezioak merkatuko dira", azaldu zuen Leozek. NaBairen ustez, kontua ez da zerga gehiago kobratzea, baizik eta etxebizitza guztiak "okupaturik" egotea. Hortaz, benetan erabiltzen diren etxeak zeintzuk diren jakiteko, jabeei jakinarazi behar zaie, eta erakutsi beharko dituzte agiriak etxebizitzaren erabilera frogatzeko.

Auzoz auzo

Esan bezala, 88.896 etxe daude erroldaturik Iruñean, eta horietatik 73.921etan norbait erroldaturik dago. Gainerako etxebizitzak, ia 15.000, hutsik daude. Azpilagañan, 565 etxe hutsik daude; Buztintxurin, 1.181; Alde Zaharrean, 1.538; Txantrean, 1.106; Zabalgunean, 1.729; Ermitagaña-Mendebaldean, 1.599; Etxabakoitzen, 476; Iturraman, 1.316; Mendillorrin, 688; Arrosadian, 1.251; Arrotxapean, 1.618; Sanduzelain, 599; eta Donibanen, 1.289.

SEGURTASUNIK EZAK IRTENBIDE NEKEZA

Olabe bitan banatzen du N121-A errepideak. Egunero, ehunka ibilgailu ibiltzen dira handik. Olabeko Kontzejua duela dezente hasi zen oinezkoentzako pasabidea eskatzen. Hainbat bilera bertan behera gelditu ostean, badirudi astelehenean bilduko direla Lu...

Lege erreforma aldarrikatu dute taxilariek

Taxilarien sektoreak Nafarroan egoera "larria" bizi duela jakinarazi du Tele Taxi San Fermin Elkarteko kudeatzaileak, Juan Luis Garciak. 2005ean onartu zen Taxiaren Legea berriztatu beharra dagoela ohartarazi du, sektoreak aurrera jarraitu ahal izatek...

“Suediako herritarrek natura asko zaintzen dute, maite dute”

Eguzkiak berotu bezain pronto, suediarrak kalera irteten dira; eskuoihala eta ogitartekoa eskuan, hiriko lorategi guztiak betetzen dituzte eguzkia hartzeko. Argiaren beharra eta desioa dute". Udaberria iritsi den arren oraindik hotz egiten duela azaldu du Estrella Rydmanek (Larraga, 1958). Baina, suediarrek bezala, eguzkiaren lehenengo argi izpiak aprobetxatzen ditu.

1979. urtean ezagutu zuen lehenengo aldiz Suedia. Lagun bat bisitatzera joan zen, eta atzerritarrentzat suediera ikasteko ikastaro batean eman zuen izena. "Orduan, hemengo institutu batean gaztelaniazko irakaslea izatea proposatu zidaten, eta hemen gelditu nintzen". Urte eta erdiz egon zen, eta gero Nafarroara itzuli zen. Dena den, ez zuen harremanik galdu herrialdearekin, eta maiz joaten zen lagunak bisitatzera. 1984. urtean erabaki zuen "behin betiko" Suedian geratzea. Goteborgeko arte plastikoen eskola batean izena eman zuen, eta ikasten hasi zen.

Egun, artelanak egiten ditu, eta, catering negozio bat ere badu Rydmanek — www.izarcatering.com—. Bertan, besteak beste, pintxoak eskaintzen ditu. "Zazpi pintxo buffet diseinatzen ari naiz; herrialde bakoitzeko, bat". 2005ean zabaldu zuen lokala Rydmanek: "Chef gisa lan egiten hasi nintzen, kasualitatez. Hasieran lagunentzat prestatzen nituen catering-ak, eta haiek gomendatuta lana aurkitu nuen. Gero, nire enpresa sortu nuen". Pintxoak suediarrei asko gustatzen zaizkiela dio Rydmanek. Hala ere, haiek snittar-ak dituzte, eta nahiko antzekoak direla azaldu du.

Danimarkako eta Norvegiako sukaldaritzaren antza du Suediakoak. "Sinplea da, eta patatak, arraina eta azak beti erabiltzen ditugu". Barazki fresko gutxi erabiltzen dituztela jakinarazi du Rydmanek. "Hala ere, ia denetarik dago, Gernikako piperrak izan ezik".

Euskal komunitatea dago Suedian. Ehun lagun inguruk osatzen dute, eta Zazpiak Bat da taldearen izena. Stockholm hirian sortu zuten, eta bertan egin dituzte ekitaldi gehienak. "Lan handia egiten ari dira, baina ni oraindik ezin izan naiz ekitaldietara joan". Goteborg urrun dago hiriburutik.

Gustura bizi da Rydman Suedian. Natura izugarri gustatzen zaio. Behin, baso batean zegoela, orein-handi batzuk gerturatu zitzaizkion. "Gelditu ginen, eta gugandik metro gutxira igaro ziren; harrigarria izan zen". Basoak "dar-dar" egin zuela gogoan du Rydmanek. 120-150 kilo inguru pisatzen dute animaliek. Slottskogen parke erraldoiaren ondoan bizi da Rydman, Goteborg hiriaren erdialdean. "Ohikoa da etxetik ateratzea eta untxiak korrika ikustea edo ahate familia bat zure parean igarotzea. Lorategian sartzen bazara, oreinak daude".

Hamaika adjektibo ditu Rydmanek suediarrak nolakoak diren azaltzeko. "Independenteak, neutralak, diplomatikoak, eskuzabalak, nobleak, errespetuz beteak, langileak, lotsatiak eta ederrak. Natura asko zaintzen dute, maite dute". Eta naturarekin oso konprometituak direla dio.

Hainbeste urtez kanpoan bizi izan arren, urtero sanferminetara etortzen saiatzen da Rydman. Udan etorri ohi da Nafarroara, eta negua igarotzen du Suedian. Gogorra izaten da urtaroa, sei orduz baino ez dagoelako argia. Udan, aldiz, egunak 18 ordu irauten du. "Ohituta nago, baina eguzkia eta beroa desiatzen gaude".