Beste albiste batzuk

“Emakumeen militantzia bigarren mailan utzi dute beti”

Biktima gisa irudikatzen dira askotan gerrek harrapatzen dituzten emakumeak. Izan ere, gerra gizonek egiten dute. Jarrera aktiboa ukatzen zaie emakumeei; ama, arreba, alaba edo emazte dira. Ezkabako espetxean gizonak sartu zituzten, baina preso horien bizitza askoz gogorragoa izango zen haien inguruan sortu zen laguntza sarea sortu izan ez balitz. Laguntza sareek presoak eta haien familiak laguntzen zituzten, eta emakumeek sortu zituzten. Askok senideak zituzten barruan, baina beste batzuek ez: militantzia politikoagatik egiten zuten. Historiaren bigarren mailan geratu diren gertaera horiek gogora ekarri nahi ditu Amaia Kowasch antropologia ikasleak (Iruñea, 1990).

Zer ari zara ikertzen?

Ezkabako espetxean 1934an hasi ziren presoak sartzen, Asturiasko iraultzaren ostean. Horren inguruan, hainbat emakumek laguntza sareak osatu zituzten. Oro har, bi sare mota daude. Alde batetik, Iruñeko emakumeek beren ideologiagatik eta militantziagatik hamaika gauza egiten zituzten Ezkabako presoak laguntzeko; besteak beste, janaria eta arropa eraman, eskutitzak atera, Iruñeko berriak kontatu eta bisitan joan. Bestalde, Espainia osoko emakumeak zeuden. Nik ikertu dut Segoviako hainbat herritan zuten antolakuntza. Senideak Ezkaban preso zituzten emakumeak antolatu egiten ziren bisitak egiteko. Guztien artean dirua eta janaria jartzen zuten, eta txandaka igotzen ziren. Nik Segoviako kasua ikertu dut, baina Espainia osoan sortu ziren horrelako sareak. Badakit Valladoliden ere antzeko sare bat egon zela.

Nolakoa zen Segoviatik Iruñerainoko bidaia?

Komunikazioa ez zen gaur egungoa bezalakoa. Nik hiru herritako emakumeak elkarrizketatu ditut: Cuellar, Cova eta Nava de Asuncionekoak. Lehenengo eta behin, Segoviara joan, han trena hartu, eta Medina del Campora heltzen ziren. Bertan trenez aldatu, eta Altsasuraino joaten ziren. Han, berriz ere trenez aldatu, eta Iruñeraino. Bidaia luzea zen, 24 ordukoa. Etxera itzultzeko, beste horrenbeste. Beraz, gutxienez hiru egun behar zituzten bidaia egiteko. Emakumeek lana baldin bazuten, lanegunak galtzen zituzten. Kanpotik zetorren jendeak harremana zuen bertako laguntza sareko emakumeekin. Tren geltokira joaten ziren bila; etxean hartu, eta jateko pixka bat ematen zieten. Espetxera nola igo ere esaten zieten.

Zenbatean behin egiten zuten bidaia?

Bi astean behin egiten zuten bidaia. Lehen esan bezala, emakume guztien artean dirua eta janaria jartzen zuten, eta binaka igotzen ziren. Nik ez dut testigantzarik lortu, baina, dirudienez, batzuetan ez ziren joaten espetxe bakarrera. Behin bidaia egiten zutela, Saturraranera joaten ziren [Mutriku, Gipuzkoa], gero Iruñera, eta bueltan baita Madrilgo Las Ventaseko espetxera ere.

Sare bakarra zegoen, edo bat baino gehiago ziren?

Nik Iruñean bi testigantza ditut orain arte. Bakoitzak era batera laguntzen zuen. Lehena emakume abertzalea zen; emakume horrek bere ideologiakoak bakarrik laguntzen zituen. Ezkabako espetxea brigadetan banatua zegoen; Bilboko jende abertzalea zegoen brigada batean. Bilboko emakumeak etortzen ziren haien etxeetara, eta, gaur egun, oraindik badute harremana. Bigarrena nire amona da. Hura Laguntza Gorrikoa zen, garaiko erakunde batekoa. Abertzalea zen, baina ez zuen ideologia kontuan hartzen laguntza emateko garaian. Bartzelonako anarkista baten familiarekin egon zen, Madrilgo beste batekin, eta beste hainbatekin.

Zer arrisku zituen laguntza hori emateak?

Oso bizimodu gogorra izan zuten emakume horiek. Gizonak espetxean egon ziren, eta garrantzi handia eman zitzaien. Emakumeen militantzia bigarren mailan utzi dute beti. Gainera, askotan modu biktimistan agertu dira, ilea mozten zietelako eta abar. Badaude ikerketak emakumeen aurkako errepresiorik gogorrena aztertu dutenak, baina ez da inon agertzen emakume horiek egin zuten borroka senarra edo semea espetxetik ateratzeko eta, aldi berean, familia aurrera ateratzeko. Badirudi espetxean egon ez zirenez ez duela inporta. Baina asko borrokatu ziren. Lan egiten zuten ahal zuten tokian; edozer egiten zuten Iruñera etorri ahal izateko. Denak ez ziren emazteak; bazeuden 16 urteko presoak ere. Horiek ez zuten ez bikoterik ez ezer, eta familia arduratzen zen guztiaz. Niri testigantza batean esan didate: "Preso nituen osaba, aitona, aita eta neba: familiako gizon guztiak". Emakume batzuk hona etortzen ziren bizitzera herrian ez zutelako ezer, eta, gainera, jazarriak ziren. Mundu guztiak zekien haien familia preso zegoela beste aldekoa izateagatik. Hainbat kasutan, argia, ura eta etxea kentzen zieten, edo lanik gabe uzten zituzten. Egoera horretan, nahiago zuten Iruñera etorri. Horrez gain, laguntza sareetako emakumeak atxilotu, polizia etxera eraman, eta torturatu egin zituzten. Ezkabako presoak laguntzeagatik edo haiekin hitz egiteagatik salatzen zituzten. Hainbatetan, laguntza sareko emakumeak ez ziren sartzen presoen familietakoak eta senideak izango balira bezala. Asko arriskatzen zuten.

Zer jarrera izaten du jendeak galdezka zoazenean?

Hitz egin nahi duten emakumeek asko hitz egiten dute. Gainera, hitz egin ostean burutik pisu bat kendu dutela dirudi. Alde batetik, ez dute uste norbaiti interesatu ahal zaionik beren historia. Baina, beste alde batetik, pentsatzen dute badela garaia norbaitek haiek egindako lanaz galdetzeko: zeinen gaizki pasatzen zuten Ezkabara igotzen, edo nola egun batean ia bertan geratu ziren elurra zela eta. Gero, badaude emakumeak hitz egin bai, baina testigantzarik eman nahi ez dutenak. Oso testigantza gogorrak dituzte, eta oraindik beldur dira. Nik esaten diet nahi izanez gero ez dudala izenik jarriko, baina grabazioa gutxienez egin behar dudala. Hainbatetan, elkarrizketa bukatu eta galdetzen didate ea zerbait gertatu ahal zaien hori kontatzeagatik.

Ia hiru hileko zigorra jarri nahi die TCCk greba egiteagatik espedientea zabaldutakoei

Orotara, 24 egunez egon ziren greban Iruñerriko autobus zerbitzuetako langileak, lan hitzarmen "duina" aldarrikatzeko. Greba horren harira, hamahiru langileren aurka zigor espedientea zabaldu du TCC enpresak, besteak beste, pikete taldeetan parte hartzeagatik eta bidaia txartela kobratzeko makinetako kableak mozteagatik. Azken egunetan, espedientea zabaldutako langileei zein zigor jarri aztertzen ari da Kataluniako TCC enpresa —hark kudeatzen du billabesen zerbitzua—. Ia hiru hilabetez lanik gabe zigortzea aztertzen ari da.

Greba bertan behera uzteko, hamaika puntuko hitzarmena sinatu dute TCCk eta langile batzordeak, eta, bertan jasotzen denez, enpresak hitza eman zuen zabaldutako zigor espedienteak bertan behera uzteko. Baina billabesen kudeatzaileak adostutakoa aintzat hartzen ez badu, hamahiru langilek etxean gelditu beharko dute bi hilabete eta erdi eta hiru hilabete artean.

Hala, langileen ordezkariek eskatu dute zigor espedientea zabaldutako hamahiru lagunetik hamabi ez zigortzeko. Hamahirugarren langilea Patxi Goñi da, eta hedabideetan aitortu zuen autobusetako bidaien txartelak kobratzeko makinen kableak moztu zituela. Goñiren kasuan, zigor "txiki" bat jartzea onartuko duela jakinarazi du langile batzordeak. Oraingoz, hirurogei egunez lanik eta soldatarik gabe zigortzea dago aurreikusia.

Dena den, Goñirekin enpresak duen jarrera salatu du langile batzordeak. Autobus gidariak ekintzen ardura bere gain hartu zuen arren enpresak adostutakoa baino gehiago "zigortu" nahi duela salatu dute.

Datozen egunetan bi aldeek bilera gehiago egiteko konpromisoa hartu dute, zigorren afera adostu eta grebaren eraginez sortutako gatazkari "irtenbidea" aurkitzeko xedez.

Gobernuak ez du estaliko Biurdana institutuko patioa ikasturte honetan

"Nik espero dut beranduenez Eguberrietarako konponbide bat zehaztu ahal izango dugula", esan zuen azaroaren 14an Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak. Nekane Perez Aralar-NaBaiko parlamentariak Biurdana institutuan dituzten Gorputz Heziketa egiteko azpiegitura faltaren inguruan galdetu zion parlamentuan. Iruñeko institutuan, Gorputz Hezkuntzako 52 saio egin behar dituzte astean, baina 33 eskola ordutan baino ezin daiteke gimnasioa erabili. Gainera, eskola ordu bakoitzean talde bakar batek baino ezin dezake erabili gimnasioa, nahiko txikia delako. Hori dela eta, 19 saiotan bi taldek ordu berean dute klasea. Horietako batek gimnasiotik kanpo egin behar du Gorputz Hezkuntzako saioa. Biurdanan ez dute beste babestutako leku handirik. Baina gobernuak ez du patioa estaliko, guraso elkarteek eskatzen duten bezala. Beraz, euria egiten duenean, gimnasioan ez dagoen taldeak ezin du "ganorazko" saiorik egin.

Arazoak ez dira berriak Biurdanan. Institutua Iruñeko Donibane auzoan dago, eta 1995. urtean ireki zuten Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko zentro gisa. Lehenago, eraikina Lehen Hezkuntzako eskola izan zen. Hainbat tokitako ikasleek ikasten dute han: besteak beste, Arrotxapea, Donibane, Sanduzelai, alde zaharra, Irurtzun, Lekunberri eta Berriozar. Aurreikusitakoa mantentzen baldin bada, bi urte barru Orkoien eta Buztintxuriko eskoletako haurrak ere Biurdanara joango dira Bigarren Hezkuntzako ikasketak egitera.

Biurdana institutuak hainbat eskolatatik jasotzen ditu ikasleak. Eskola horietako Guraso Elkarteek Institutuaren Ipar Eremuko Batzordea osatzen dute; urteak daramatzate beste eraikin bat eskatzen. Eduardo Markotegi batzordeko kidea da. "Urteak daramatzagu institutu berria eskatzen. Orain dirurik ez dagoela diote, baina dirua zegoenean ez zuten ezer egin", dio Markotegik. Orain, Gorputz Hezkuntzako klaseak emateko toki falta da haien ardura nagusia. "Gaur egun gimnasioa dena jantokia zen Lehen Hezkuntzako eskolan. Gela txikia da, eta talde bakar batek erabil dezake. Hori dela eta, bi talde elkartzen direnean, astean 19 saiotan, talde batek gimnasiotik kanpo eman behar du klasea", azaldu du Markotegik.

Iribasek parlamentuan Biurdanari buruzko galdera erantzun zuenean, hainbat toki aipatu zituen gimnasioaren alternatiba modura. Horietatik bi baino ez daude estaliak: areto nagusia eta jolastokiko portxea. "Aterpean ezin daiteke inolako klaserik eman, eta areto nagusia ere txikia da. Gainera, gimnasio gisa erabiltzen bada, ezingo da areto nagusi gisa erabili, aulki guztiak batu behar direlako". Institutuaren Ipar Eremuko Batzordeak kirol zelaiak estaltzeko eskatu du; horrela, euria egiten duenean, ikasleek kirol zelaietan egin ahal izango dute Gorputz Hezkuntzako klasea. Iruñerriko beste institutuetan badituzte patio estaliak. "Beste ikastetxeetan dutena baino ez dugu nahi", dio Markotegik. Abenduaren 18an, batzordeak 708 instantzia aurkeztu zituen Hezkuntza Departamentuan, gimnasioko toki faltaren arazoa konpontzeko. Oraingoz, ez dute erantzunik jaso.

Irtenbidea lortu nahian

Urtarrilaren 10ean, David Herrero Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusiarekin bildu ziren Javier Perez eta Asier Azpilikueta, Biurdana institutuko zuzendaria eta ikasketaburua, hurrenez hurren. Herrerok bileran berretsi zuen gauza bakarra da aurten ez dutela lanik egingo, diru falta dela eta. "Ikasturte honetarako eta hurrengoaren hasierarako ez dugu kirol pista estalirik izanen. Hala ere, Herrerok esan du behin-behineko hainbat irtenbide aztertzen ari direla: besteak beste, Biurdana ondoan dagoen Donibane institutuaren kirol pista eta Anaitasuna kirol elkartea erabiltzea", azaldu du Azpilikuetak. Aste honetan, Hezkuntza Departamentuko ikuskari batek zentroa bisitatu behar zuen. Biurdanan patio estalia nahi dute, baina, aurrera begira, beste institutu bat beharko dute, aurreikusten baitute urtez urte ikasle "uholdeak" jasoko dituztela datorren hamarkadan.

Bortziriarren historia klinikoa partekatuko dute Nafarroak eta Gipuzkoak

Osasunbideak eta Osakidetzak elkarlan hitzarmena sinatu dute Bortzirietako biztanleen historia klinikoak partekatzeko. Gertutasun geografikoa eta errepideen loturak direla-eta, Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako biztanleak Osakidetzako laguntza sareko zerbitzuetan artatzen dituzte. Hala ere, aurreko urtean, hainbat gaixori medikua aldatu eta Iruñera joateko agindua eman zieten. Horrek hainbat kexa eragin zituen Bortzirietako biztanleen artean, Donostia Iruñea baino hurbilago baitute.

Zehatz-mehatz, Osakidetzak eta Osasunbideak beren Bortzirietako gaixoen historia klinikoak partekatzeko arazo administratiboak gainditu dituzte. Izan ere, bertako herritarrak batzuetan Nafarroan eta besteetan Gipuzkoan artatzen dituzte. Egoera horrek berekin ekarri du hainbat herritarrek bi historia kliniko izatea. Horren eraginez, lurralde batean egindako proben informazioa ez zen igortzen beste lurraldeko osasun zerbitzura; gaixoek berek eraman behar zuten dokumentazioa. Orain, hori aldatuko da. Hitzarmena behar bezala betetzen dela ziurtatzeko, jarraipen bat egingo duen batzordea sortuko da. Akordioa urtebetekoa da, eta automatikoki berrituko da.

Bat-bateko mediku aldaketak

Hitzarmen berriaz gain, Bortzirietan hamaika arazo dituzte oraindik ere osasun arloan. "Hitzarmena erabat teknikoa da; ez ditu konponduko bortziriarrok ditugun arazoak", dio Marisol Taberna Berako alkateak. Tabernaren arabera, bortziriarrek "betidanik" jo dute Gipuzkoara hainbat mediku zerbitzu jasotzeko. Baina, 2012an, Iruñera bidali zituzten hainbat gaixo. Horrek kexak eragin zituen herritarren artean. "Nafarroako Gobernuak beti esan du ez dela ezer aldatu, baina egia da orain Iruñera jo behar dugula, eta lehen ez", azaldu du Tabernak. Horretaz gain, aspaldiko hainbat gabezia salatu ditu Berako alkateak: adibidez, zenbait tratamendutarako eta eguneko zentroetarako garraiorik eza.

“Ez dira panpina hutsak; izaera propioa duten pertsonaiak dira”

Ezinegona, eztabaida eta gogoeta. Horrela hasten dira proiektu guztiak, txiki zein handi. Ainara Escudero (Iruñea, 1982) eta Rakel Villadangos (Lesaka, 1976) kezkatuak zeuden euskal jantzien gaiarekin. Orain dela urtebete gaiaren inguruan zerbait egin behar zutela pentsatu zuten, jendeak jantzi tradizionalak errespetatzen ez zituztela iritzita. Horrela sortu zuten Kaxeraz proiektua. Baserritar jantzitako panpinak egiten dituzte, apaingarri gisa. Oraingoz, bost pertsonaia egin dituzte: Maritxu, Sara, Ane, Amaia eta Lur. Beste proiektu batzuk ere pentsatuta dauzkate. Orain mutikoak diseinatzen ari dira, eta gerorako hainbat ideia dituzte. Baina poliki ari dira, detaile guztiak zaindu nahi dituzte eta. Haien helburua ez da panpinak bakarrik egitea. "Ez dira panpina hutsak, izaera propioa duten pertsonaiak dira", azaldu du Escuderok.

Orain dela urtebete ez Escuderok, ezta Villadangosek ere ez zekiten panpinak nola egiten ziren. "Ez genekien josten, ez patroiak egiten, ezta margotzen ere. Prozesu guztia ikasketa izan da", dio Escuderok. Prozesu gogorra izan dela diote, eta hainbatetan frustrazio handia eragin die. Baina pozik daude lortutakoarekin. "Balantze positiboa egiten dugu; oso dibertigarria izan da. Baina hutsetik hasi behar izan dugu, horrek eragiten duenarekin", azaldu du Villadangosek. Bien arteko elkarlana nabarmendu dute. "Aurrera egin badugu, bi ginelako egin dugu", ziurtatu dute. "Hainbat unetan geure onetik ateratzen gintuen lanak, eta uzteko gogoa izaten genuen. Baina bat-batean Rakelek [Villadangos] deitzen ninduen esateko, adibidez, atorra ateratzen zitzaiola, eta berriz ere animatzen ginen", dio Escuderok. Behin planteamendua eginda, helburua argi zeukaten, eta Eguberrietara heldu nahi zuten. Azaroan ezagutzera eman zuten proiektua, web orria martxan jarrita. Lanak bere fruituak eman dituelako, pozik daude. "Kanpotik ikusita oso erromantikoa eman dezake, josten ikastea eta hori guztia, baina nik ez dut horren lasai bizi prozesua. Oso motela izan da dena", dio Escuderok.

Baserritar jantzitako panpinak egiten dituzte. Horretarako, hainbat material erabiltzen dituzte, besteak beste, hainbat motatako oihalak, kotoia, lihoa, artilea eta zeta. Panpinak berak eman die lan handiena; gorputzak, zehatz- mehatz. "Gorputza egitea da aspergarriena, eta, gainera, ez da ikusten. Zailtasun handia du, eta ez bada ondo egiten... dena izorratzen da", azaldu du Escuderok. Hasieran, panpinak erostea pentsatu zuten, han eta hemen bila ibili ziren. Baina, azkenean, eurek egitea erabaki zuten. "Panpinak egiteko, leku askotan begiratu dugu, munduan egiten diren hainbat panpina: arabiarrak, asiarrak...", azaldu du Villadangosek.

Josteaz eta eskulanak egiten ikasteaz gain, euskal jantziez asko ikasi dute. Euskal jantziari "duintasuna" eman nahi diote Kaxeraz proiektuarekin, eta horrek jantziei buruz ikastera behartu ditu. "Ane Albisuren Atondu liburua inspirazio handia izan da. Albisuk lan handia egin du euskal jantzien inguruan. Oso ondo deskribatzen ditu jantziek dituzten ezaugarriak, koloreak, oihalak, parpailak non jarri, eta abar. Behin hori guztia azalduta, XXI. menderako proposamena egiten du, jatorrizko jantzietan oinarrituta. Guk liburua hartu dugu eredu, baina azkenean gure irudimenarekin ere jokatu dugu. Hori izan da parterik politena, sortzaileena", azaldu du Villadangosek.

Panpinak badira ere, apaingarriak dira, ez jostailuak. "Hasieran, saiatu ginen haurrentzako panpinak egiten, baina gero gertatu zitzaigun eskulan guztiekin gertatzen dena, prezioak beste publiko batentzat eskatzen zigula", azaldu du Escuderok. Horrez gain, jostailuak egitea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. "Arau batzuk bete behar dira jostailuak egiteko, haurrentzako zerbait egiteko. Oraingoz ez gara horretan sartu", dio Villadangosek.

Azaro bukaeran hasi ziren panpinak saltzen, www.kaxeraz.com webgunearen bidez. Facebookeko kontua ere badute. Interneteko gaiak ez zaizkie askorik gustatzen, baina beharrezkoa dute horiek lantzea, ez baitute denda fisikorik. Komunikabideetan agertzeak lagundu egin die. "Hedabideetan agertzea ez zaigu asko gustatzen, baina ikusten dugu ona dela jendeak gure produktuak ezagut ditzan", dio Escuderok. Hala ere, harrituta daude deitu dieten hedabide kopuruagatik; ez dute ulertzen zer dela-eta izan duten horren harrera ona. Egunen batean Kaxeraz proiektua beren ogibidea izatea nahi dute. Oraindik hori ez da posible, baina azaroan hasi ziren, eta ustekabeko arrakasta izan dute.

"Panpinak bakarrak dira, eta politak. Ez dakit nik hori esan dezakedan, bakoitzak bere gustuak baititu. Baina jendeak hori esaten digu", dio Escuderok. Denetariko erosleak izan dituzte, baina sorpresa handia hartu dute ia erosleen erdiak gizonezkoak direlako.

Adoptatu zain daude 23 txakur eta zazpi katu Iruñean

Orotara, 23 txakur eta zazpi katu daude egun Iruñeko Animaliak Artatzeko Zentroan. Horien adopzioa sustatzeko asmoz, Eraman nazazu etxera lelopean kanpaina abiatu du Iruñeko Udalak, animalia horiei familia bat bilatu nahian. Udalak ohar batez jakinarazi duenez, euren denbora eta tokia animalia batekin partekatu nahi duten familiak erakarri nahi dituzte.

Egun zentroan 30 animalia dauden arren, Iruñeko Udalaren arabera, urtean laurehun baino gehiago igarotzen dira zentrotik. Horietako gehienak txakurrak eta katuak izaten dira, arraza eta adin ezberdinetakoak gainera. Adopzioa sustatzeko asmoz, adoptatuak izateko moduan dauden animalien irudiak jartzen ditu Iruñeko Udalak www.pamplona.net atarian.

Programa hori 2007. urtean jarri zuen martxan udalak. Ordutik, Animaliak Artatzeko Iruñeko Zentroan zeuden 976 txakur eta katu adoptatu dituzte. Bide horretan jarraitu nahi duela ohartarazi du.

Hala ere, Iruñerrian animaliak adoptatzeko aukera eskaintzen duen zentro gehiago ere bada, tartean Animaliak Babesteko Etxauriko zentroa. Egun albaitaritza klinika pribatu batek kudeatzen duen arren, Etxauriko Neskak izeneko boluntario talde bat buru-belarri aritzen da zentroan dauden txakurren adopzioa sustatzen.

Berez, Nafarroako Gobernuarena da zentro hori, baina azken urteetan Etxauriko Neskek behin eta berriz ohartarazi dute bertan dauden animalien bizi-baldintzak ez direla batere onak. Esaterako, joan den otsailean izandako euriteen eraginez, hainbat txakur itota hil ziren. Zentroko bizi-baldintzak hobetzeko beharra dagoela aldarrikatu dute.

Gabonetan, kanpaina bat ere izan dute martxan, animalia bat etxean hartzean "arduratsu" jokatu behar dela ohartarazteko. Egunero-egunero izaten dira Etxauriko zentroan kalean utzitako edo bertara eramandako txakurren kasuak. Etxauriko Neskek Facebook gunea ere badute: www.facebook.com/txikasdeetxauri da helbidea.

Jos eta josta

Mahai gaina estalia, kolore guztietako paper muturrak denean barrena, kartoi puskak forma orotan han eta hemen, aizturrak lurrean, akuarela ontziak destapaturik, hari piruak barreiaturik, isipuak ur zikinetan xutik, ile idorgailua pizturik, kolore orotariko zinta itsaskorrak, etengabeko mugimenduan diren esku margotuak, joste makina taka-taka... zer gertatzen da hemen? Zer ateratzen da horretatik guztitik?

Euskal Herriak ere irentsi du Ameriketako Estatu Batuetatik datorren arte mota hau. Scrapbooking delakoa. Itzulpen literala puska txikiz egin liburua litzateke. Gaztelerak eta frantsesak anglizismoa darabilte.

Bai eta euskarak ere: eskrapa. Baina edozein dela ere ematen zaion izena, ulertzeko ikusi eta hunkitu egin behar da.

Betidanik praktikatu izan da. "Nork ez ote du sekula oporretako argazkien albuma apaindu koloreztatuz, oharrak eta datak bazterretan gehituz, museo edo bidaia txartelen bat itsatsiz?", dio Helena Xurio Arburua eskrapalariak (Zugarramurdi, 1970). Xareta eskualdean barna, Nafarroatik Lapurdira eta Lapurditik Nafarroara ibiltzen da teknika hori erakasten.

Hori da scrapbooking-a, argazki bat hartu eta nahi denarekin apainduz bereganatzea. Baditu adar aunitz: digitala eta hibridoa, bertzeak bertze. Baina artistak dio eskuak zikintzea izugarri maite duela. Horretan zaletzeaz gain, bere burua formatu du Xuriok: ikastaroetan parte hartuz; lehenik Donostian, gero Miarritzen, eta, azkenaldi honetan, nazioartera ere joan da (Katalunia, Okzitania eta Frantziarat). Teknikak ikasi, irudimena landu eta bertzeekin partekatzen du orain.

"2007an jakin nuelarik Miarritzeko eskulan saltoki batean ikastaldiak bazirela, ziztuan izena eman nuen, xuxen zer zen jakin gabe oraino". Unibertso bat zabaldu, baina denda hetsi.

Arlo horretan Euskal Herrian ez zegoenez bertze aukerarik, garai luze batez autodidakta izan zen: "Basamortua zen", dio. Baina horrek bertze gisa batez sakontzea ekarri zion: eskura zeukanarekin sortzea, materiala erosi gabe. Manera merke batez lan pertsonalizatua egiten ikasi zuen.

Beretzat eskrapa terapia dela dio; orenak airez aire pasatzen zaizkio, eta jatea ere ahanzten zaio zenbaitetan. "Eskrapak nire bi gozamenak uztartzen ditu: argazkilaritza eta eskulana".

Horrela, 2009ko apirilean Europako scrapbooking lehiaketaren bigarren saria eman zioten Parisen. "Mugarria izan zen niretzat. Gauza bat baita norberarentzat aritzea, plazerarentzat, eta bertzea, horretan aditua den jendeak baloratu eta saria ematea. Konfiantza ematen dizu".

Ikaslea zen ordura arte, baina irakasle bihurtu zen orduan; haurrideei opariak egiten hasi zen, gero adiskideei, gero eskaerak jasotzen hasi zen, ikastaroak emateko galdeak etorri ziren ondotik... Gero eta jende gehiago kateatzen baitzuen aisialdi horretan.

Eskaera berriena, berriz, oso berezia da, eskrapalari ororen ametsa: galeria batean agertzea; galeria birtualean. "Diseinatzeko deitu naute Kits de Somnirako; sekulako ilusioa dut abentura horretarako". Kataluniako Kits de Somni scrapbooking taldeak AEBetako Studio Calico galerian —munduko ezagunenetarikoa— ezagutu zuen Xurioren lana. Berehala, diseinatzaileen taldean sartzea gomitatu dute. Euskal Herritik nazioartera salto egin du, Internet dela medio mundu osora doalako.

Baina denbora asko behar da horretarako, eta hiru seme-alabaren ama denez, ezin nahiko lukeen astia hartu eskulanetan aritzeko.

Ikasitakotik erakasten

Abenduan, aspaldiko partez, ikastaro bat antolatu zuen Zugarramurdiko Sorginen Museoan. Parte hartzaile zenbaitek kanpoan gelditu behar izan zuten, gehienez ere hamabortz lagun onartzen baititu aldi guztiz; denei ongi kasu egin ahal izateko. Ikasle guztiek, aldi honetan denak emazteak, etxeko lana eginik ekarria zuten: norberak bere argazkiak hautatuak, neurri egokian moztuak, aizturrak, kola, isipua...

Hasi da beroketa lana: Xuriok aitzinetik burutua zuen argazki album eskrapatua erakusten die, denek ikus dezaten zer duten egunaren bukaeran etxera eramanen. Gutun azalak hartu, bitan tolestu, eta zuriz pintatu lehenik. Idorturik, pizten da orduan sormenaren makina: edozein gauzaz apaindu. Norberak bere buruari utz diezaiola askatasun osoa: igeltsuzko formak sortu moldeei esker, akuarelazko irudiak, oihal puskak josi, paper inprimatuei zulagailuaz eman formak itsatsi, kolorezko tatxa zenbait... dena da haizu; mugarik ez da. Argazkiak gehitu ondoren, segitzen du apainketak. Hondarreko lana hitzak gehitzea da, hori norberak egin baitezake, etxean, material berezirik eta irakaslerik behar izan gabe. "Horrelako ikastaldietatik", dio Xuriok, "ezinezkoa da albuma bururaturik etxerat eramatea". Ezin akituz ari diren ikasleak lasaitu nahian dabil; tenorea baita, jada, museoa hesteko eta pusken biltzeko.

Parte hartzaileak barneak husturik itzuli dira beren herrietara: Sara, Arberatze, Hendaia, Arizkun, Elizondo, Senpere... Izan ere, urteak iragan ahala, bada eskualdean gero eta hedatuagoa den ikasle sare bat. Denak euskaldunak edo ikasten ari direnak dira, ikastaldiak segitu ahal izateko. Aurten, gainera, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko ikasleekin proiektu bat muntatu dute San Juan Balentziaren erreplikaren prozesuaz. Karia horretara, ikasle bakoitzak liburuxka bat sortuko du Xurioren laguntzaz. Heldu den urtean, emendatu eginen dituzte ikastaro orenak.

Euskal Herrian bada gero eta aukera gehiago arte mota hau praktikatzeko: Baionako La Scrap Peña elkartea, batetik —larunbatero elkartzen dira—, Scrapbooking Navarra-Euskadi, bertzetik. Eskraperako materiala saltzen duten guneetan ere ikastaldiak proposatzen dituzte usu, hiri gehienetan. Baina Xurio izan da horretarako parada euskaraz eman duen lehena, eta luzaz bakarra; hauxe da haren bloga: helenareneskrapa.blogspot.fr.

“Agindutakoa gaizki eta berandu bete du Nafarroako Gobernuak”

Ustelkeria kasu batean auzipetu ostean, Josetxo Andia UPNko Eguesibarko alkateak dimisioa eman zuen joan den martxo hasieran. PSN, Ezkerra, Bildu eta NaBairen babesari esker, Alfonso Etxeberriak (Iruñea, 1965) eskuratu zuen Eguesibarko alkatetza. Bederatzi hilabete igaro diren arren, udalaren egoera "dezente" aldatu dela irizten dio Etxeberriak. Udatik Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen aritu da heldu den ikasturterako Sarrigurenen beste eskola publiko bat eraiki dezan. Baina, ia dena hitzartuta zeukatela zirudienean, proiektua bertan behera gelditu da. Etxeberriak ohartarazi du Sarrigurengo eskola publikoan behar baino haur gehiagok ikasten dutela.

Hilabete gutxi batzuk daramatzazu Eguesibarko alkate gisa. Zer-nolakoa da balorazioa?

Hilabete hauetan egin dugun lana guztiz baikorra izan dela esango nuke. Alor ekonomikoari dagokionez, udalera iritsi ginenean, egoera ekonomikoa defizitarioa zen. Soldatak ordaindu ahal izateko kredituak eskatu behar izan genituen. Gastu eta diru sarreren artean desoreka izugarria zegoen. Urtea bukatuko dugu gastuak eta diru sarrerak orekatuta.

Zer egin duzue diru sarrerak eta gastuak orekatzeko?

Udalak dituen gastuak aztertu ditugu. Horrez gain, abian dauden lehiaketa publikoen bitartez egin diren esleipenak aztertu ditugu. Kasu askotan, lehiaketan jasotakoa ez da betetzen. Udala ordaintzea ez zegozkion ur eta elektrizitate fakturak ordaintzen aritu da. Halako gastuak urtean ia 100.000 eurorenak izan dira. Gizarte zerbitzuetan ez dugu murrizketarik egin nahi izan.

Zeintzuk dira eskuartean dituzuen proiekturik garrantzitsuenak?

Hainbat proiektu ditugu eskuartean. Baina lehenik eta behin euskararen ordenantza jarri nahi dugu martxan. Hala ere, ordenantza gauzatzeko arazoak ditugu. Ezinbestekoa iruditzen zaigu euskara teknikari bat kontratatzea. Finantza Egonkortasunerako Legea dela eta, 2011 baino lehen ez zeuden lanpostuak ezin dira eskaini. Beraz, oraingoz, ezin dugu euskara teknikaririk kontratatu. Hala ere, beste aukera batzuk aztertzen ari gara.

Eguesibarko proiekturik handiena Sarriguren izan da. Hilabeteetan auzorako beste eskola publiko baten alde lanean aritu ostean, proiektua bertan behera gelditu da behin-benean. Zer dela eta?

Sarriguren eraikitzeko proiektua egin zenean, erabat zehaztu zen zer azpiegitura eraiki behar ziren eta zein epetan. Hitzarmen horren arabera, Nafarroako Gobernuak Sarrigurengo bigarren eskola publikoa eraikita eduki behar zuen dagoeneko, baina ez da horrela. Agindutakoa gaizki eta berandu bete du Nafarroako Gobernuak. Martxoaren 19an udal gobernura iritsi garenetik, Sarrigurenen beste eskola bat behar dela esan dugu. Horregatik jarri ginen Hezkuntza Departamentuarekin harremanetan.

Nolakoak izan dira negoziazioak?

Bilera mordoa egin dugu, eta mezu elektroniko eta dei asko izan dira. Hezkuntza Departamentuaren jarrera ona izan da. Udal akordio baten ostean, sanferminak pasatuta deitu nion Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusiari. Abuztuan ere hitz egin genuen. Segituan esan ziguten arazoa ekonomikoa zela. Beti lotu izan dute eskola berriaren proiektua Ogasunarekin. Baina, azkenean, Ogasunak esan zuen euren aldetik ez zegoela inolako arazorik eta eskola berria egin zitekeela. Urriaren 16tik aurrera, gorabehera ugari izan ditugu, bi administrazioen arteko itunaren harira. Ia guztia itxita zegoenean, asteartean [azaroaren 26an] proiektua bertan behera gelditu zen, eta herritarren atsekabea erabat ulergarria da.

Orain, noizko espero da eskola berria?

Guk 2014-2015eko ikasturterako eskola berria martxan egotea nahi genuen, eta horregatik aritu gara azken asteetan negoziatzen, denboraz larri genbiltzalako. Badirudi, 2015-2016ko ikasturterako egina egongo dela. Kontuan hartu behar da Sarrigurengo eskolan behar baino ikasle gehiagok ikasten dutela, horregatik da eskola berria presazkoa. Guraso elkarteari erabateko babesa adierazi diogu, eta antolatutako ekinbideetan gure babesa izango dute.