Beste albiste batzuk

‘Bilketa handia’-ren balorazio ona egin dute antolatzaileek

Egunero 38.000 lagun artatzen ditu Nafarroako Elikagaien Bankuak hainbat parrokia, elkarte eta gobernuz kanpoko erakunderen bitartez. Egoera horri aurre egiteko, Bilketa handia kanpaina martxan jarri du Nafarroako Elikagaien Bankuak. Helburua 300.000 kilo janari batzea izan da, eta, horretarako, 2.100 boluntarioren laguntza izan dute. Datu ofizialen faltan, "oso balorazio ona" egin dute Elikagaien Bankuko arduradunek kanpainaren inguruan.

Azaroaren 29an eta 30ean egin zuten bilketa. Kanpainaren lehen eguna jaieguna zen Iruñean, eta horrek jasotako janari kopurua gutxitu egin zuen, jende gutxiago hurbildu baitzen saltokietara. "Lehenengo eguna asko okertu zen, jaieguna zelako. Jendearen eta boluntarioen borondatea ezin hobea izan da. Baina parte hartzea urriagoa izan da", adierazi du Carmelo Landa Elikagaien Bankuko bilketa arduradunak.

Larunbatean, ordea, jende gehiago egon zela dio Gregorio Iholdi Elikagaien Bankuko operazioen arduradunak. "Jende asko ikusten da, eta larunbat eguerdirako zenbait saltokitako edukiontziak bete egin dira".

Elikagaiak biltzeko postuak Nafarroako 44 herritako 182 saltokitan jarri zituzten, besteak beste, Altsasu, Andosilla, Burlata, Noain, Azkoien, Tafalla, Tutera eta Iruñean. Iholdik boluntarioen lana goraipatu du: "Ikaragarria da egiten duten lana; euren aisialdia erabiltzen dute besteak laguntzeko".

Cordovillako E.Leclerc saltokian egon zen Francisco Javier Ruano. Haren aburuz, pobrezia gero eta hurbilago sentitu, gero eta elkartasun gehiago azaltzen du jendeak. "Afrikako adarrerako laguntza eskatzen baduzu, jende asko ez da fio. Baina, gaur egun, pobrezia parez pare dugu". Elikagaien Bankuak galtzen ez diren elikagaiak eskatzen ditu, hala nola lekaleak, olioa, esnea eta barazkiak kontserbetan. Ruanok uste du jendeak baduela kontzientzia soziala. "Ez dugu inor konbentzitu behar bi pakete arroz erosteko", dio Ruanok. Mertxe Barandikak Iruñeko Eroski batean iragan zuen ostiral arratsaldea. Bigarren urtea da kanpainan parte hartzen duena. "Batzuek barkamena eskatzen dizute dilista pakete bat bakarrik ematen dutelako, eta gehiago ezin dutela eman azaltzen dizute", esan du Barandikak.

Maria Cillerok E.Leclerc supermerkatuan egin zituen erosketak ostiral arratsaldean. Haren ustez, pobrezia saihesteko gobernuak lan gehiago egin beharko luke. "Tristea da herritarrok lagundu behar izatea, eta ez gobernuak", esan du Cillerok. Francisco Javier Alustizak indabak, dilistak eta arroza eman zituen. Haren aburuz, garrantzitsua da jendeak horrelako ekinbideak ilusioz hartzea, elkartasun kanpainak herritarren esku baitaude.

“Koru bat zuzentzeko bi eskuak behar dira, eskuina eta ezkerra”

"Musika egiteak, zuzentzeak bereziki, mundu honetatik beste batera eramaten nau", dio Igor Ijurrak (Etxarri Aranatz, 1973). Horregatik aukeratu zuen ogibide gisa musikagintza. Bera da Iruñeko Orfeoiaren zuzendaria 2005. urtetik. Horretan soilik aritzen den lehen zuzendaria da. Zuzenbide ikasketak bukatu zituen, baina gehiago maite zuen musika. Txiki-txikitatik du Ijurrak musikarekiko zaletasuna. Aitona, ofizioz zurgina bazen ere, Etxarri Aranazko bandaren sortzaileetako bat izan zen. "Ni jaio nintzenerako, aitona erretiratua zegoen, eta zura lantzen zuen bitartean euskal kantak abesten zizkidan: Iparragirreren kantak eta gabon kantak". Aitonak musika zaletasuna piztu zion, baina aitonaren lagun batek azaldu zion koru bat zuzentzeko sekretua: "Koru bat zuzentzeko bi eskuak behar dira, eskuina eta ezkerra. Eskuineko eskuarekin korua zuzentzen da, baina ezkerrekoarekin eraman egiten da". Ijurraren aburuz, zuzendari batek teknika beharrezkoa du. Baina hori bezain garrantzitsua harremanak lantzen jakitea da.

Musika du ogibide Ijurrak. Gaztetatik ikasi zituen solfeoa, txistua eta pianoa jotzen. Iruñeko kontserbatoriora 16 urterekin sartu zen. Bertan harmonia, musikaren historia, estetika, eta abar landu zituen. Solfeo eta Kantu irakasle tituluak lortu zituen. Artean, Zuzenbide ikasketak egiten zituen Ijurrak. Baina unibertsitateko bigarren urtean Etxarri Aranazko Abesbatzako zuzendariak kargua utzi egin zuen. Ijurrak 15 urte zituenetik zeraman abesbatzan eta19 urterekin berari esan zioten zuzendaritza hartzeko. Orduan hasi zuen bere zuzendari ibilbidea. Herriko abesbatzaren zuzendaritza hartzearekin batera hainbat ikasketa egin zituen, zeregin horretan aritu ahal izateko.

Zuzenbide ikasketak bukatu zituen 23 urterekin. Orduan, zirt edo zart egiteko garaia heldu zitzaion: zuzenbidea edo musika. "Konturatu nintzen gogokoago nuela musika. Beraz, gurasoei eskatu nizkien urte pare bat musika tituluak ateratzeko eta gero lanean hasiko nintzela agindu nien". Solfeoko eta Kantuko tituluak atera zituen. Bitartean, Etxarri Aranazko Musika Eskolan klaseak ematen hasi zen. Baina Ijurrak ez zuen bizimodu erosoa. "Han eta hemen ibiltzen nintzen hainbat ikasketa egiten, eta emazteari esan nion ikasketa arautuak egin behar nituela". Ijurra ezkondua zegoen jada eta alaba batekin. Musikene, goi mailako musika ikastegia, ireki berria zuten, eta bertan atera zuen abesbatza zuzendari titulua. "Urte horiek gogorrak izan ziren, 40.000 km egiten nituen urtean. Etxarri Aranazko Musika Eskolan lan egin eta Donostian ikasten nuen. Horrez gain, herriko abesbatza ere zuzentzen nuen". Musikenen azken ikasturtea egiten ari zela, 2005-2006 ikasturtean, Iruñeko Orfeoia zuzentzeko aukera eman zioten. "Liskarrak zituzten Orfeoian, zuzendaria kaleratu behar zuten. Berri bat aurkitu arte, niri esan zidaten", azaldu du Ijurrak. Hasieran hilabete eta erdirako bakarrik kontratatu zuten. Baina, azkenean, bera geratu zen.

"Iruñeko Orfeoia zuzentzea ez da lan erraza. Guztira 285 bat abeslari egongo gara, 100 helduen abesbatzan. Gainera, historia handiko instituzioa da Orfeoia eta hori ere erantzukizun handia da". Iruñeko Orfeoia ez da abesbatza profesionala. Langileak badaude, baina abeslariak amateurrak dira. "Abeslariek ez dute kobratzen, baina maila handia dute. Orkestra profesionalekin lan egiten dugu eta bertako zuzendarientzako Orfeoiko abeslariak musikariak dira". Horrek asko betetzen du Ijurra, talde amateur bat antzoki handietan eta munduko zuzendari onenetariko batzuekin lan egiten ikustea. "Herri txiki batekoak gara, eta New Yorken egon gara. Musika duintasunez egiten eta zorionekoak gara gu. Profesional asko sekula egongo ez diren lekuetan egon garelako".

Ijurraren egunerokoak gora behera asko ditu. "Hau ez da fabrika bat", azaldu du. Ordutegi finko bakarra du egunean: 20:00etan proba saioa dute. Gainerako orduak hamaika beharretara zuzentzen ditu, besteak beste, lan administratiboa, kontzertuak prestatzea eta ikastea.

Carmina Burana izan da Iruñeko Orfeoiari azken urteetan ospea eman dion lana. La Fura Dels Baus antzerki taldearekin batera landu dute musika lan ezaguna. Proiektua 2009. urtean hasi zen, eta lan hori New York eta Washingtonen aurkeztu dute. Datorren urtean bukatuko dute Carmina Burana ikuskizunarekin. Apustu arriskutsua izan da, baina proiektutik indarberrituta atera direla uste du Ijurrak. Hurrengo urteetan, ikuskizunetan errepertorio berria sartu nahiko luke. Bereziki Nafarroako musikarien lanak estreinatu nahi ditu. Egun, horietako asko, nahiz eta 100 urte izan, ez direlako sekula estreinatu. Berak uste du Iruñeko Orfeoiak, instituzio bat den heinean, Nafarroan egindako musika bultzatu beharko lukeela. "Guk ez badugu gure musika egiten, nork egin behar du?", galdetu du Ijurrak.

Iruñeko Ospitaleen Guneko aparkalekua ordainpekoa izango da

Urtarrileko lehenengo hamabostalditik aurrera, Nafarroako Ospitaleen Guneko aparkalekuan autoa uzteko ordaindu egin beharko da. Hala adostu dute Enrique Maia Iruñeko alkateak eta Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak. Orotara, 681 aparkaleku dauden arren, 306 eremu laranja izango dira eta 236 eremu urdina. Gainerakoak, ezinduentzat, anbulantzientzat eta taxientzat izango dira, besteak beste.

Beraz, urtarriletik aurrera, Nafarroako Ospitaleen Gunean ez da autoa doan aparkatzeko aukerarik izango. Hala ere, Verak azaldu duenez, Nafarroako Ospitaleen Guneko langileentzat 2 euroko tarifa berezia jarriko dute. Prezio horren truk, lanaldiak irauten duen denboran aparkatu ahal izango dute autoa eremu laranjan.

Dagoeneko, Iruñeko Udalak eta Osasun Departamentuak zehaztuta dute zein izango den eremu urdina eta zein eremu laranja. Vianako Printzea kontsultategiaren aldeek mugatuko dute eremu urdina. Irunlarrea kaleko sarreraren ondoan, 115 autorentzako tokia izango da, eta 121 kontsultategiaren atzean. Hiriko gainontzeko eremu urdinetan bezala, gehienez bi orduz utzi ahal izango da autoa eta prezioa gehienez 2,10 eurokoa izango da.

G pabiloiaren pareko aparkalekuan, 176 autorentzako tokia izango da, eta eremu laranja gisa izendatzea erabaki dute bi administrazioek. Hala, egun osoz utzi ahal izango da autoa bertan, gehienez 4,35 euroren truke. Horiez gain, erietxeen inguruko zonaldeetan beste 17 aparkaleku laranja izango dira, eta 21 M6-aren alboan. Pabiloi zuriaren inguruneetan 30 toki izatea espero da, eta beste 22 E eta F pabiloietan; 12 pabiloi Urdinaren parean, 21 Mantentze Zerbitzuaren eraikinean eta beste 7 Eskola Profesionalean.

Erregulatutako aparkaleku sistema abian jartzeko, ia 158.000 euroko inbertsioa egingo dutela aurreikusi dute Iruñeko Udalak eta Osasun Departamentuak. Gainera, azpiegitura ustiatzeko, urtean ia 250.000 euro beharko dituzte. Hala, jakinarazi dutenez, bi erakundeek erdibana egingo dituzte gastuak eta aparkalekuen zaintzaz Dornier SA enpresa pribatua arduratuko da.

Gobernuak Zilbetiko meategia babestu izana gaitzetsi dute

Kezkatuta eta haserre agertu dira Seo/BirdLife eta Aldude koordinakundea Pirinioetan egitekotan diren meategien proiektuei babesa adierazi dielako Nafarroako Gobernuak. Bi talde horiek beste behin ohartarazi dute Zilbetin Magnesitas Navarra SA Magna enpresak egin nahi duen silizea ateratzeko meategiak "izugarri kaltetzen" duela ingurumena.

Antzeri eremua Nafarroako Gobernuak hala erabakita, Natura 2000 sarearen barruan dago. Hala, 2005. urteaz geroztik, ZBG Zaintza Bereziko Gune gisa dago izendatuta, besteak beste, dituen balio ekologikoak direla eta. SEO/BirdLife taldeko kide diren hainbat elkarte zientifikok eta aditu ezagunek, ohartarazi dutenez, Nafarroako Gobernuak "sustatutako" meategien proiektuak ez dira bateragarriak eremuari aitortutako ingurumen babes mailarekin.

Oraindik, Zilbetiko Antzeri parajean meategia egiten hasi ez badira ere, heldu den urte hasieran eraikitzen hasteko asmoa agertu du behin baino gehiagotan Magna-k. Dena den, SEO/BirdLife eta Aldude koordinakundeko kideek ohartarazi dutenez, hori hala izan ez dadin "borrokan" jarraituko dute. Nafarroako Gobernuak araudia ez duela betetzen iritzita, Europako Kontseiluan —bere erabakiz sortu zen Natura 2000 sarea— kexa formala aurkeztu dute. Gainera, afera auzitegietan ere badago. Bi taldeek ohartarazi dutenez, justiziak arrazoi emango ez baliete, litekeena da Europako Kontseiluan aurkeztutako kexa formala handitzea.

Oraingoz, Nafarroako Auzitegi Nagusiak zer erabakitzen duen zain daude. Izan ere, Aldude koordinakundeak eta SEO/BirdLife taldeak Zilbetiko meategiaren aurka helegitea aurkeztu zuten. Justiziaren ebazpena urte amaierarako espero dute.

Horrez gain, bi taldeek jakinarazi dutenez, Antzerin egin nahi duten meategiak hainbat erreka kaltetuko lituzke. Hori dela eta, Ebroko Ur Konfederazioaren baimena eskuratu behar izan zuten proiektuaren sustatzaileek. Ramon Elosegi SEO/BirdLife taldeko kidearen arabera, "Ebroko Ur Konfederazioak emandako baimenak oso mugatzaileak dira eta ia ezinezkoa da arau horiek beteta meategia martxan jartzea".

Magna-k Zilbetin meategia martxan jarriz gero, Zubiriko lantegiak martxan jarraitzeko aukera izango duela adierazi du behin baino gehiagotan. Hori gezurtatu dute SEO/BirdLife eta Aldude koordinakundekoek, "Zubiriko Azkarate meategian beste 20 urterako erreserbak daudelako oraindik".

“Fisioterapeutok ezinbestekoa dugu etengabeko formakuntza”

"Jendea gugana dator osasun arazo bat duelako, hori kontuan izan behar dugu beti", dio Garazi Subiza fisioterapeutak (Iruñea, 1989). Osasunaren arloan lan egitea erantzukizun handia dela uste du. "Fisioterapeutok, medikuek eta erizainek bezala, ezinbestekoa dugu etengabeko formakuntza". Horretan ari da, lanean dabilen bitartean. Krisia nabari badute ere, euren lana gero eta ezagunagoa eta errespetatuagoa dela uste du Subizak. "Gero eta informazio gehiago dago, baina instituzioek lan handiagoa egin beharko lukete gure lana ezagutarazteko. Adibidez, jendeak ez du zertan jakin buruko mina fisioterapiaren bidez ken daitekeela; ibuprofenoa hartzen dute, eta listo". Gainera, osasun zientzien artean fisioterapia gutxietsia dagoen arloa dela uste du. Horren adibide moduan, fisioterapiak arlo publikoan duen presentzia eskasa jarri du. "Egun, gure lana egiteko askoz aukera gehiago daude arlo pribatuan publikoan baino. Eta ez da eskari faltagatik".

Subizak batxilergoa bukatu zuenean ez zuen oso argi zer ikasi nahi zuen. Osasun zientziak gogoko zituen, baina hortik aurrera zalantzak ugariak ziren. "Pixka bat itsuki sartu nintzen. Ikasketak bukatu ostean konturatu naiz zer diziplina ezberdinak diren fisioterapia, erizaintza eta medikuntza. Baina erabakitzeko garaian ez nuen horren argi", azaldu du. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasi zuen, Tuterako campusean. Ikasketak bukatu, eta hilabete batzuk barru lanean hasi zen. "Osasunbidean hasi nintzen; lehenengo eta behin ospitaleetan, eta gero zenbait osasun etxetan. Azkenaldian arlo pribatuan baino ez dut lanik aurkitu". Bere lana ganoraz egiteko sektore pribatuan lan egin behar duela uste du Subizak, eta horrek amorratzen du. Gainera, kontsulta pribatuetara joaten den jende asko lehenago zerbitzu publikoetatik pasatu delako.

Orotariko jendea joaten da fisioterapeutarenera. Badaude klinika espezializatuak, besteak beste, ginekologian, pediatrian eta kirol munduan. Horietan, bakoitzaren alor zehatzeko patologiak tratatzen dituzte. Subiza ez da oraindik espezializatu, eta, egun, askotariko kasuak ikusten ditu. Baina badira behin eta berriz errepikatzen diren gaitzak, hala nola bizkarreko minak, gerrialdekoak, zerbikalak, buruko minak, laneko eta kirol munduko lesioak, tendinitisak eta ziatikak. Adin guztietako jendea joaten da horrelako zentroetara, eta gazteak gero eta gehiago dira. Baina, Subizaren aburuz, hori ez da gazteak gero eta okerrago daudelako, baizik eta informazio gehiago dutelako.

Hala ere, Subizak uste du oraindik ere jendeari fisioterapeutarenera jotzea kostatzen zaiola, eta hori gizartean errotuta dauden ohiturengatik dela dio. "Medikuntza tradizionalean oinarritutako osasun sistemak, oro har, mediku eta botikei indar handia ematen die, eta osasun arloko bestelako zientziak bigarren mailan uzten ditu". Hala ere, mina denean Subizak azken momentura arte ez itxoitea gomendatzen du. Baina hori baino garrantzitsuagoa prebentzioa dela dio. Hiru puntu jotzen ditu Subizak beharrezkotzat, gorputzeko gaitzak saihesteko. Lehenik eta behin, ariketa fisikoa eta luzaketak egiteko ohitura hartzea. Horrekin batera, elikadura zaintzea aholkatzen du Subizak. "Elikagai motak eta prestatzeko modua zaintzea, garaian garaiko elikagaiak kontsumitzea eta otorduak errespetatzea gure gorputza zaintzeko gakoak dira". Azken aholku moduan, bakoitzaren egoera psikosoziala zaintzea gomendatzen du. Hau da, egunerokotasuneko estresak eta arazo emozionalak bideratzeko modu eraginkorra izatea.

Etenik gabeko ikasketa

"Fisioterapiak etengabeko formakuntza eta birziklapena eskatzen du", esan du Subizak. Hainbat kurtso egin ditu, eta, horrez gain, Osteopatia ikasketak egiten ari da. "Gehiago dakidan heinean, konturatzen naiz oraindik ikasteko zenbat geratzen zaidan", aitortu du Subizak. Oraindik alorren batean espezializatu ez bada ere, lan egiteko modu batean espezializatzen ari da. Horregatik, Osteopatia ikasketak egiten ari da, bere ezagutzak osatu eta aberasteko. Zientzia zabala baita fisioterapia, eta beste hainbat zientziatatik edan dezake. Horrekin lotuta, Subizak gogoratu du masajeak eman baino gauza gehiago egiten dituztela. "Masajea oso baliagarria den teknika bat da, baina, beste askoren artean, beste teknika bat baino ez da".

Fisioterapeutek jendearen osasunarekin lan egiten dute. Hori kontuz ibiltzeko gaia da. Askotariko jarrerak ikusi ditu pazienteen aldetik. Gainera, pazientearen jarrera giltzarria da norberaren gaitzek hobera egin dezaten. Hori lortzeko, kontsultara joaten direnen konfiantza lortzea da Subizak bilatzen duena. "Bakoitzari zer gertatzen zaion eta zer egingo diodan azaltzen diot. Pazienteak jakin behar du zergatik ukitzen diozun hanka. Informazioa ematea gakoa da".

EHEko kideek itxialdia egingo dute asteburuan

Nafarroako Auzitegi Nagusiak EHE Euskal Herrian Euskaraz-eko kide Itziar Claver eta Haizea Ramirez de Alda zigortu zituen, zirkulazio seinale batzuk ezabatu izana leporatuta. 6.000 euroko isuna ezartzeaz gain, 48 orduz lokalizatuta egotera zigortu zit...

Aldaketa sozialaren beharra aldarrikatu dute Gizakia Herritar fundazioko kideek

"Krisia albo batera uzten ari da gizartearen zati bat", hori uste du Patxi Lasak, Gizakia Herritar fundazioko presidenteak. Bost urte bete berri ditu Gizakia Herritar fundazioaren mendeko Paris 365 elkartasun jantokiak. Aldaketa sozialaren beharra nabarmendu dute fundazioko kideek, eta kritikatu egin dute instituzioak krisia nola kudeatzen ari diren. "Lehenengo, esaten zuten krisirik ez zegoela; gero, baietz, baina denbora gutxirako bakarrik, eta bitartean, legedia gero eta zorrotzagoa egiten ari dira. Ezagutzen genuen ongizate estatua desagerrarazi dute", esan du Lasak.

Azken 21 hilabeteetako balorazioa egin dute fundazioko kideek. Pozik daude euren lanarekin; besteak beste, bost urtean 47 pertsonarentzako aldi baterako lana lortu eta 111.000 bazkari eta afari eman dituztelako. Datozen urteetarako, hiru proiektu berri dituzte esku artean: eskaintzen dituzten zerbitzuen kalitatea egiaztatzea, Europara hedatu eta lan egitea, eta gizarte ekintzailetasuna garatzea. Horrez gain, hurrengo urtean bulegoak eta jantokia lekuz aldatuko dituzte. Bazkideak lortzeko kanpaina jarriko dute martxan urte berriarekin batera. Egun, 415 bazkide inguru ditu Gizakia Herritar fundazioak, eta bi urteko tartean 1.000 izatera heldu nahi dute.

Bost urte pasatu dira Paris 365 elkartasun jantokia martxan jarri zuenetik Gizakia Herritar fundazioak. Baina geroztik beste hainbat ekinbide eta proiektu eraman dituzte aurrera. Fundazioak sei proiektu ditu martxan momentu honetan. Jantokia inauguratu zutenetik 111.000 afari eta bazkari eta 23.203 gosari eman dituzte. Orotara, 1.293 pertsonari eman diete jaten. Elikadurarekin lotua, Oinarrizko Saskia egitasmoa ere martxan dute: horren bitartez, hamabost egunean behin, diru sarrera txikiak dituzten 63 familiari jaki saski bana ematen diete.

Iaz, martxan jarri zuten Txoko Txiki Paris 365 proiektua. Bertan, 35 familia eta 59 umek parte hartzen dute. Txoko txiki integrazio gune bat da. Horretarako, jolas baliabideak eta hezkuntzakoak, jolasak, tailerrak, txangoak, hiri kanpalekuak eta umeentzako laguntza eskolak eskaintzen dira. Horren bitartez, umeak ludotekan dauden bitartean, gurasoek lana lortzeko ikastaroak jaso edo lana bila dezakete.

Hala ere, fundazioko kideek uste dute enplegua dela heldu beharreko gai nagusia. Haien aburuz, enplegu bat lortzean pertsona bakoitzak bere bizitza berrantolatzen du, inoren laguntzarik gabe. "Arazo nagusia lanik eza da. Laguntza eske datorren jendea ez da etortzen erosotasunagatik edo alferkeriagatik, jende askok arduragabeki hala esaten badu ere. Lanik ez duelako etortzen da", azaldu du Lasak.

Enplegua sortzeko helburuarekin Paris 365 Catering iraunkorra sortu zuten. Janari zerbitzu horri esker, 30 pertsonak lana lortu dute. Horrez gain, Taldeentzako Sukaldaritza tailerren bitartez, 15 pertsonak aldi baterako lanaldia izan dute. Nabarmentzekoa da, era berean, 2013ko abuztutik urrira bi lanpostu sortu zituztela San Andres Errota ostatuaren kudeaketa aurrera eramateko.

Bide horretatik jarraitzeko, etorkinentzako aholkularitza zerbitzua eta Paris 365 Bizikasi institutua dituzte. Lehenengoan, etorkinei aholkularitza juridikoa ematen diete, euren egoera hobetu ahal izateko. Bizikasi institutuan, ordea, hainbat prestakuntza ikastaro eskaintzen dituzte.

Eurek egindako lanarekin pozik badaude ere, oraindik egiteko asko dagoela uste dute fundazioko kideek. Iruñerrian jende askoren egoera gero eta gordinagoa dela ohartarazi dute. Hori ikusirik, gizarteari gogoeta "zintzoa" egiteko eskatu diote.

IRUÑEAN BIZIKLETAZ HOBETO IBILTZEKO

Bizikletaren Iruñeko Behatokia sortu du Iruñeko Udalak. Azaroaren 6an egin zuten lehen bilera, eta, gutxienez, urtean bi aldiz bilduko dira. Behatokia Agenda 21eko helburuen bigarren planaren barruan dago. Plan horretan, Iruñeko Udaleko hainbat sailetako teknikariek eta arduradunek parte hartzen dute. Horiekin batera, beste instituzio eta eragileetako kideak ere badaude, besteak beste, Trafiko Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutua, unibertsitateak eta Ermitagañako Txirrindularitza Taldea. Garraiobide gisa bizikleta Iruñean zer egoeratan dagoen aztertzea da Behatokiaren helburua eta, behar izanez gero, hobetzea .

Genero indarkeriaren aurkako kale izenak jarri dituzte bi udalek

Sarrigurenen eta Iruñean genero indarkeriaren biktimen aldeko bina kale inauguratuko dituzte. Horrela erabaki baitute bi udaletako udalbatzek. Kaleen izena Azaroaren 25a izango da, egun hori baita Genero Indarkeriaren Biktimen Nazioarteko Eguna. Iruñean Ermitagaña eta Mendebaldea auzoen artean dagoen pasealekua aukeratu dute. Eguesibarren, ordea, Sarrigurengo kale berri bati jarriko diote izen hori.

Eguesibarreko udalbatzan eztabaida sutsua piztu zen kale izendatzearen inguruan. Udal Gobernuak Nagore Laffage izena jarri nahi zion kaleari, baina udalbatzak Azaroaren 25a hobetsi zuen, oposizioko talde guztien bozkarekin.