“Beharrak identifikatzeko balio behar du gertatu denak”

“Beharrak identifikatzeko balio behar du gertatu denak”

Edurne Elizondo

Krisiak agerian utzi ditu sistemaren gabeziak. Hori nabarmendu du Afan alzheimerra dutenen senitartekoen elkarteko psikologo Ana Remirez de Ganuzak (Tutera, 1982). Doako zerbitzu berri bat jarri dute martxan, zaintzaileei laguntza emozionala emateko. 948-27 52 52 eta 948-41 02 99 telefono zenbakietara dei dezakete.

Nolakoak izan dira itxialdiko egunak alzheimerra dutenentzat eta haien familientzat?

Konfinamenduak iraun bitartean, egoerara moldatu behar izan dugu, eta etxetik aritu gara lanean. Argi genuen lehentasuna zela laguntza eske deitzen zutenak artatu ahal izatea. Eta anitz izan dira deitu dutenak. Herritarrentzat itxialdia gogorra izan da, eta are gehiago gure kolektibokoentzat, egoera bereziki zaurgarrian direlako.

Nola eragin die egoerak gaixoei?

Konfinamenduak eragin du okerrera egitea gaixo direnen narriadura fisikoak eta kognitiboak. Dementziaren bat dutenentzat, kaltegarria da beren errutinak bertan behera uztea; bakartzeak ere egin die kalte, bertzeak bertze, beren gaitasunak lantzeko eta haiei eusteko terapiak ezin izan dituztelako jaso, eguneko zentroak itxita zirelako. Itxialdiak ekarri du, kasu anitzetan, gaixoaren jokabidea aldatzea, eta zaintzaileentzat zaila izan da egoera kudeatzea.

Zaintzaileek, anitzetan, ezin izan dute lan hori partekatu. Nolakoak izan dira hilabeteok senideentzat?

Gogorrak izan dira, zalantzarik gabe. Elkartera deitu dutenen kopuruak nabarmen egin du gora. Batez ere, sentitu duten gainkargaz aritu zaizkigu, eta kontatu digute antsietateak edo beldurrak jota bizi izan dutela itxialdia. Hagitz gogorra izan da, eta anitz sufritu dute.

Horregatik jarri duzue martxan zerbitzu berria?

Bai, argi ikusi dugulako horren beharra dutela elkarteko kideek, bai eta gure bazkide ez diren herritar anitzek ere. Beharra duten guztiengana heldu nahi dugu.

Lehendik ere ematen zenuten laguntza psikologikoa; arlo hori indartzea da kontua?

Batez ere, asmoa da elkartetik kanpo ere aritzea. Hau da, Iruñetik edo Tuteratik kanpo, gure asmoa da landa eremuko herri txikietan ere aritzea, jendeari behar duen babesa emateko.

Ezberdina da batzuen eta bertzeen egoera?

Kasu guztiak dira ezberdinak. Noski, ezberdina izan da itxialdia dementzia duen pertsona etxean duen familiarentzat edo egoitza batean duenarentzat. Argi dago osasun krisiak gogor jo dituela zaharren edo mendekotasuna dutenen egoitzak. Egoera horri aurre egitea kanpotik, egoitzan dagoen senidearekin egoteko aukerarik gabe, ez da batere erraza izan.

Konfinamendua arautu duten dekretuek ere ez dute ongi azaldu, anitzetan, zer egin zitekeen eta zer ez. Sumatu duzue hori?

Dei anitz jaso dugu galdetzeko mendekotasuna zuen pertsona karrikara ateratzen ahal zen edo ez. Hasieran, informazioa ez zen argia, eta zaintzaileek ez zekiten zer egin. Horrek ere eragin die ezinegona, hagitz garrantzitsua baita anitzentzat karrikara atera ahal izatea.

Zaintzen zutena galdu dutenek ere deitu dute?

Bai. Senidea galdu dute, baina hagitz egoera berezi batean. Ezin izan diote agur erran, ezin izan dute familiaren eta lagunen babesa jaso. Hagitz zaila izan da. Parte hartu nahi izan dugu, pertsona horien oinazea dolu patologiko bilaka ez dadin.

Senideak egoitzetan dituztenek, bertzalde, ezin izan dituzte ikusi denbora luzez.

Hori izan da gauzarik gogorrenetako bat. Egoitzetan ahaleginak egin dituzte komunikazioari eusteko, telefonoz edo bideo deien bitartez. Baina maite duzun hori bisitatzera ezin joatea gogorra izan da. Kasu batzuetan gertatu da konfinamendua hasi dela dementzia duen senide hori egoitza batean utzi berritan, eta horientzat egoera are gogorragoa izan da. Telefono edo bideo deien bidezko komunikazioa, anitzetan, zaila izan da, eta horrek areagotu egin du gaixoen eta senideen ezinegona.

Elkartean eta elkartetik kanpo nahi duzue garatu zuen laguntza zerbitzu berria. Nola?

Gure asmoa da, batetik, gisako zerbitzua ez duten egoitzetan lagundu ahal izatea. Bertzetik, osasun etxeekin edo eguneko zentroekin ere jarri nahi dugu harremanetan, espazio horietan lagundu ahal izateko. Hirugarrenik, ospitaleetako neurologia edo geriatria zerbitzuekin lan egiteko prest gara. Nafarroa osoan aritu nahi dugu. Herri txikietara mugitzeko prest gara, gutxieneko jende kopuru bat lortuz gero. Finean, beharra duen orori gure babesa eman nahi diogu.

Egoerak agerian utzi ditu sistemaren gabeziak?

Bai. Uste dut gertatu denak balio behar duela denok gogoeta egiteko eta zer behar dauden identifikatzeko. Antzeko pandemiak gerta daitezke, berriz ere, eta inportantea da oraingo egoerak irakatsitakoa baliatzea hurrengoari hobeki aurre egin ahal izateko.

Zer erakutsi dizue osasun krisiak?

Gure kasuan, adibidez, erabaki dugu Nafarroako Geriatria eta Gerontologia Elkartearekin batera ikerketa bat abian jartzea, inkesten bidez, dementzia dutenek eta beren senideek izan dituzten behar guztiak identifikatzeko. Jakin nahi dugu zer izan den gogorrena, zerk eragin dien beldur gehien. Hori guztia jakin nahi dugu etorkizunerako hobeki prestatzeko. Administrazioak ere egin beharko luke gogoeta, egindako hutsak zuzentzeko.

Zuek zer moduz zaudete?

Guretzat ere gogorra izan da hau guztia. Ordu anitz egin dugu lan. Baina ezin genuen jendea bakarrik utzi. Babesa behar zuten.

Iritzia: “Baina jarraitu zuten”

Iritzia: “Baina jarraitu zuten”

Lohizune Amatria
Ez da erraza izan egun horiek gogoratzea, bizi izandakoa ahazten edo, gutxienez, horrekin bizitzen ikasten saiatu ondoren". Aurpegian, ahotsean ere nabaritzen zitzaion Ainara Gorostiaga iruindarrari hala zela. Hitz egiten ausartu direl...

11 PROPOSAMEN

11 PROPOSAMEN

Sustrai Erakuntza fundazioak eta Urbizik proposamen zehatzak helarazi dizkiote Nafarroako Gobernuari:Emari ekologikoa. Egin dezala ur emari ekologikoen inguruko ikerketa, Natura 2000 Sareko helburuak betetzeko.Ureztatzeko lurrak. Ureztatzeko lurren za...

Larreglaren konpasean

Larreglaren konpasean

Edurne Elizondo

Medikua zuen aita, eta horregatik jaio zen Irunberrin. Herri horretara mugitu zen Domingo Larregla Garesko sendagilea, lanera, familiarekin, eta han sortu zen Joaquin Larregla, 1865. urtean. Aitak, gainera, Emilio Arrieta musikaria zuen lagun, eta harreman horrek bultzatu zuen Larregla musikaren bidera, neurri handi batean. Piano jole aparta eta konpositorea izan zen. Irunberritik Iruñera joan zen ikastera, eta handik, Madrilera. Hiri horretan zendu zen, 1945. urteko ekainaren 24an.

Larregla oroitu nahi izan du Nafarroako Artxibo Nagusiak, musikagilearen heriotzaren 75. urteurrena betetzen den honetan. Horretarako, musikariari buruzko erakusketa bat osatu du. Hilaren amaierara bitarte bisitatu ahal izanen da. Artxiboak Larreglarekin lotutako partiturak, objektuak eta agiriak jarri ditu ikusgai.

Haurtzaroan piztu zitzaion Larreglari musikarekiko zaletasuna, eta etxekoek sustatu egin zuten. Iruñean, batxilergoarekin batera egin zituen ikasketak, hiriko udal musika eskolan, eta handik joan zen Madrilera. Larreglaren aitak Nafarroako Diputazioko agintariengana jo zuen laguntza bila, semeak Madrilgo Musika Kontserbatorioan aritzeko aukera izan zezan. "Benetako pasioa du, eta jenio bat da", idatzi zien laguntza eskaeran. Aitaren hitzek izan zuten profesionalen iritzien babesa ere, eta garai hartako Santa Cecilia orkestrako Joaquin Maia musikariak, adibidez, Larregla gaztearen talentua nabarmendu zuen diputaziora bidalitako gutunean.

Eskatu, eta jaso: Nafarroako Diputazioak 2.000 erreal eman zizkion Joaquin Larreglari ikasketak Madrilen egiten segitzeko. Maiarekin Nafarroan hasitako harremana ez zuen moztu, halere, eta, gerora ere, piano jole eta konpositore gisa nabarmentzen hasi zenean, hamaika lan egin zituen Santa Ceciliarekin. Iruñeko Orfeoiarekin ere harreman estua izan zuen musikariak, eta erakunde horri eskaini zion Siempre P'alante izenburuko konposizioa. 1899an burutu zuen. Lan horrekin batera, lau urte lehenago sortutako ¡Viva Navarra! jota da haren obrarik ezagunenetako bat.

Larregla eta Zubeldia

Konpositore ez ezik, piano jotzaile aparta ere izan zen Joaquin Larregla. Talentu horrek batu zituen, bertzeak bertze, Irunberriko musikariaren eta Emiliana Zubeldia konpositore eta piano jotzailearen bideak. Jaitzen sortu zen Zubeldia, 1888an, baina, Larregla bezala, laster mugitu zen familiarekin Iruñera. Han hasi zituen mundu osora eraman zuten ikasketak.

Jose Gonzalo Zulaika Arregi Aita Donostiarekin ere izan zuen harreman estua Joaquin Larreglak. Aita Donostiaren lanik ezagun eta arrakastatsuenak Preludios vascos sailekoak dira: herri kantuen pianorako harmonizazioak dira, 21 guztira, eta 1912tik 1916ra bitartean eginak gehienak. Joaquin Larreglak estreinatu zituen lan horiek Madrilen, eta, izan zuten harrera beroaren ondorioz, orkestrarako harmonizazioak eskatu zizkioten Aita Donostiari.

Larreglak ez ezik, Emiliana Zubeldiak ere jo zituen aita Donostiaren Preludios vascos obrako piezak bere kontzertuetan, 1916tik aurrera. Aita Donostia bisitatzera joan ziren biak Lekarozera, behin baino gehiagotan, eta bisita horiek aprobetxatu zituzten musikariek beren lanak aita Donostiari erakusteko.

1945. urtean zendu zen Joaquin Larregla, Madrilen, musikaren esparruan ibilbide luze eta aberats bat egin eta gero. Arrasto sakona utzi du bide horrek kulturaren arloan. Irunberriko Udalak nabarmendu eta oroitu nahi izan zuen bide hori, 2015ean, konpositorearen jaiotzaren 150. urteurrena bete zenean, hain zuzen ere. Omenaldian parte hartu zuen Fermin Bernetxea piano jotzaileak, bertzeak bertze: Joaquin Larreglaren, Emiliana Zubeldiaren eta aita Donostiaren piezak jo zituen.

Larreglaren pieza horietako batzuen partiturak ikus daitezke Nafarroako Artxibo Nagusiak osatu duen erakusketan. Musikariaren inguruko objektu eta agirien lagin txiki bat da Alde Zaharreko espazioan ikusgai jarri dutena. Oroitzea du helburu.

Zabaldu, berriz ere loratzeko

Zabaldu, berriz ere loratzeko

Edurne Elizondo

Kultura ere bada konfinamendutik ateratzeko gogoz; koronabirusaren pandemiak ekarri duen osasun krisiak arlo guztietan izan du eragina, eta karrikak beren jarduera garatzeko erabiltzen dituzten artistek anitz sumatu dute espazio horien falta. "Etxean gelditu behar genuela errepikatzen ziguten, baina gure lana kalean da", azaldu du Jabi Landa kale artistak.

Horregatik, Civican zentroaren inguruko espazioa bere egin du Landak, asteon, Open/Ireki proiektuaren bidez; gogoz, gainera. Xabier Latasa, Leire Urbeltz, DJ Reimi eta Yummygyals taldeko dantzariak ere batu dira ekinaldira. Lanean ariko dira, hilaren 30ean proiektua burutzeko besta egin arte.

Osasun krisiak ekarri duen oraingo egunerokora egokitzeko beharra dago Open/Ireki proiektuaren atzean. Zehatzago erranda, moldatzeko behar horren inguruko gogoetak ekarri du astelehenetik abian den ekinaldia. Aldebikoa izan da hausnartzeko lan hori, gainera: batetik, parte hartzen duten artistek egin dute; eta, bertzetik, Civican zentroko kideek, beren espazioa moldatzeko eta segurtasunez zabatzeko ardurak bultzatuta.

Ondorioz, zentroaren ondoko Civican plaza egokitu egin dute erakunde horretako arduradunek: publikoa egoten ohi zen espazioa artistek hartuko dute aurrerantzean, eta ikus-entzuleak, berriz, agertokia zen eremuan kokatuko dira.

Espazioa aldatu da berriz ireki ahal izateko, eta ideia hori da proiektuan parte hartzen duten artistek garatu dutena, hain zuzen ere. Latasak eta Landak bat egin dute, neurri batean: "Ideia beraren inguruan aritu gara: hiria berriz zabaltzeaz, espazioak irekitzeaz, baita hiria osatzen duten dendari txikiek zabalik jarraitzeko duten beharraz ere. Horren guztiaren inguruko hausnarketa egin dugu, baina estilo eta teknika ezberdinak erabili ditugu", kontatu du Latasak.

Bera izan da lanean hasten lehendabizikoa. Astelehenean hasi zen Civican plazan kokatutako hiru prismetako bat margotzen. Koronabirusarekin estu lotu den hitz baten inguruko gogoeta islatzea hartu du helburu, egun duen zentzu negatiboari buelta emateko: "Agerraldi hitz madarikatu bilakatu da egunotan; birusaren agerraldien beldur gara; berriz agertzea, baina, gauza hagitz polita izan daiteke, eta hori nabarmendu nahi dut nik; kultura bera ari dela berriz agertzen gure artean", erran du.

Jabi Landak ideia beraren inguruko hausnarketa hartu du abiapuntu. Bertze hitz bat jarri nahi izan du artistak, halere, bere lanaren erdigunean: "Loratzeko beharraz aritu nahi dut". Latasaren ondotik, Leire Urbeltzek ekinen dio lanari, eta Landa izanen da bere prisma margotzen azkena.

Musika saioak eta besta

Ekainaren 26an amaituko dituzte Latasak, Urbeltzek eta Landak beren obrak. Proiektuak, halere, baditu adar gehiago, eta horien bidez ere, Civican plazako espazioa okupatzeko bertzelako moduak saiatuko dituzte.

Gaur, 18:00etan, Aitor Burgi, DJ Set, ariko da Civican plazan. Eta hurrengo ostiralean, berriz, ordu eta toki berean, Iñaki Kreatorrek eginen du bere saioa.

Azken ekinaldia hilaren 30ekoa izanen da. Egun horretan, Urbeltzek, Latasak eta Landak egindako obrak izanen dira erdigunean, berriz ere. Kaleko artearekin lotutako bertze hainbat diziplinak ere eginen dute bat proiektuaren azken txanpa horretan, eta margoen, musikaren eta dantzaren arteko solasaldia proposatuko dute parte hartzaileek.

"Elkar ezagutzen dugu, eta aritu izan gara bertze hainbat alditan elkarrekin; ongi funtzionatzen dugu", azaldu du Jabi Landak, hilaren 30eko azken besta horretan ariko diren artistei buruz. Batetik, Xabier Apestegi DJ Reimik hartuko du bere gain musikaren ardura. Ez da ohiko DJ bat, bizikleta bat baliatzen baitu bere musika zabaltzeko. "Bozgorailuak jarri dizkiot; beraz, espazioan alde batetik bertzera mugitzeko aukera izanen dut nik".

DJ Reimik jarriko die musika Yummygyals taldeko kideek Mimeticos izenburupean prestatutako proiektuan ariko diren hiru dantzariei: Dhelia Aranaz, Aitziber Ganuza eta Marina Otamendi izanen dira 30ean, Civican plazan, zehazki. "Taldean zazpi gara, baina oraingoan hiruk parte hartuko dugu. Gogoz gara, kaleko artearen inguruko jarduera ezberdinek eginen dutelako bat proiektuan. Landarekin egin izan dugu lan, eta ongi moldatzen gara", azaldu du Aranazek.

Landak ere parte hartuko du azken bestako performancean, eta dantzariekin batera ariko da, aurretik margotutako lanen inguruan. "Dantzarien arropa margotuko dut, eta, modu horretan, Latasak, Urbeltzek eta nik egindako muraletan barnetatuko dira".

Egun horretarako propio sortutako koreografia bat ere eskainiko dute dantzariek. "Hamar minutuko pieza bat osatu dugu; erronka bat izan da guretzat, gure ohiko esparrutik atera garelako", aurreratu du Aranazek.

Xehetasun guztiak bestaren egunean argituko dira. Bitartean, artisten margoen garapena ikusteko aukera izanen dute Civican plazara hurbiltzen diren herritarrek, jendaurrean ariko baitira lanean, hilaren 26ra bitarte. Karriketara itzuli nahi zuten, eta Open/Ireki proiektuk eman die lehendabiziko aukera. Espazioak eta moduak moldatzen segitu beharko dute, loratzeari ez uzteko; kultura agertzen jarraitzeko.

“Bateratuko ditugu protokoloak, beharrei ongi erantzuteko”

“Bateratuko ditugu protokoloak, beharrei ongi erantzuteko”

Uxue Rey Gorraiz

Azaroan ekin zioten proiektua diseinatzeari, eta, koronabirusaren pandemiak eragindako etenaldiaren ondotik, hilaren hasieran bueltatu dira lanera: Pirinioetako lurraldeetan larrialdietako eta hondamendietako laguntza medikoa hobetzeko Europako sare batean parte hartuko du Nafarroak, Egalurg proiektuaren barruan. Nafarroako taldeko kide eta arduradun da Tomas Belzunegi sendagilea (Iruñea, 1956) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzien Fakultateko dekanordea.

Zein da prestatzen ari zareten sare horren helburua?

Pirinioetan gertatzen diren larrialdietako eta hondamendietako osasun laguntza hobetzea da helburua, arrisku handiko egoeretan bereziki, edota jende kopuru handia pilatzen den kasuetan. Horietan, eta beste guztietan, kalitatezko zerbitzua bermatu nahi dugu, eta eremu guztietan baldintza beretan egiten dela ziurtatu. Protokoloak bateratuko ditugu beharrei ongi erantzun ahal izateko.

Zer eskualdek hartuko dute parte?

Elkarlanean arituko gara Okzitaniako, Akitania Berriko, Kataluniako eta Nafarroako profesionalak. Zehazki, Tolosako Ospitalea, Baionako Ospitalea, Kataluniako larrialdi zerbitzuak eta gu, Navarrabiomeden gaudenak, hots, Nafarroako Gobernuaren ikerketa biomedikoko zentroko kide garenak.

Zergatik ikusi duzue horrelako sare bat sortzeko premia Pirinioetan?

Halakorik gabe, bakoitza bere burbuilan sartuta geldituko litzateke; ez genuke jakinen ondoko eskualdean nola ari diren lanean, ez genukeelako halako harreman zuzenik izanen haiekin. Bizitzako edozein arlotan bezala, larrialdietarako osasun laguntzarako oso inportantea da albokoari erreparatzea eta, ahal den heinean, harengandik ikastea.

Alde handia dago eskualde desberdinetako larrialdi zerbitzuen artean?

Bai. Jendeak uste du larrialdi zerbitzu guztiek berdin funtzionatzen dutela, baina hori ez da egia. Frantziako Estatuan, esaterako, orain dela urte mordoa jarri zituzten ZIU mugikorrak martxan. Nafarroan, berriz, duela hamabost bat urte hasi ginen; haiek baino askoz beranduago, alegia. Haiek askoz esperientzia handiagoa dute arlo horretan; ez hori bakarrik: haiek guk baino askoz helikoptero gehiago dituzte, adibidez.

Sare honekin, baina, indarrak batuko dituzue.

Bai, protokoloak harmonizatuko ditugu horretarako. Gainera, datu base komunak sortuko ditugu, larrialdiak daudenetan, gaixoen datu klinikoak biltegi bakar batean izateko gordeak, lana errazteko eta lasterrago erantzun ahal izateko.

Elkarlanerako sarerik gabe, zer arazo sortzen da eskualde horietan larrialdietarako lan egiteko orduan?

Egoera jakin batzuetan oso zaila izaten da normaltasunez aritzea lanean. Adibidez, nik ezin dut legez Frantziako Estatuan mediku gisa lan egin. Anbulantzia batekin bertara pasatzen banaiz ere, ezin dut hemen bezala jardun. Arazoa burokratikoa da, eta oztopo horiek gainditzeko lanean ari gara orain, uste baitugu ezinbestekoa dela baldintza horiek aldatzea. Une honetan, Kataluniako kideak hasiak dira helburu hori erdiesteko urratsak egiten.

Tresna berritzaileak sortuko dituzuela iragarri duzue. Zein dira tresna horiek?

Egitasmoaren barrenean den kide bakoitzari eginkizun batzuk esleitu zaizkio; hau da, nork bere ardurak ditu. Esate baterako, Tolosako Ospitaleak ospitale mugikor bat diseinatu eta egin behar du, hondamendi bat gertatuz gero osasun laguntza emateko. Haiek diseinatuko dute, baina guztiok erabili ahalko dugu. Hori da gakoa. Bestalde, Nafarroako taldeak simulaziorako baliabideak sortuko ditu. Oso proiektu interesgarria da.

Eta zertan datza, zehazki?

Nahiko arrunta da robotak edukitzea larrialdietako profesionalak entrenatzeko, eta horiek espazio ezagun batean egon ohi dira. Alegia, suspertze geletan edo ebakuntza geletan izaten ditugu horrelakoak, baina ez beste agertoki batzuetan; anbulantzietan edo helikopteroetan, kasurako. Horrelakoak sortu nahi ditugu, mugikorrak, jakina, besteek ere erabil ditzaten, beharra dutenean.

Nola laguntzen dute horrelako simulazioek?

Simulazioak behar-beharrezkoak dira larrialdietan nola erantzun ikasteko, profesionalak trebatzeko. Horientzako aurrekontua antolatzen ari gara gaur egun, baina aurreikusi dugu 2021ean hasi ahalko garela simulazio ekitaldiekin.

Adierazi duzue ez duzuela nahi hizkuntza aniztasuna oztopo izatea. Zer esan nahi duzue horrekin?

Eskualdearen arabera, profesionalek gai izan beharko dute gaztelaniaz edo frantsesez hitz egiteko, edo, jakina, beste eskualde batzuetan, euskaraz eta katalanez ere bai. Langileek aukera izanen dute beste eskualde batzuetara mugitzeko hizkuntza gaitasunak hobetzeko, beti toki berean gelditu beharrean.

Noiz jarriko duzue sarea martxan?

Hogeita hamar hilabete ditugu proiektua amaitzeko. Erritmo onean ari gara prestaketa lanetan, eta bukatu bezain laster aktibatuko dugu. Hori da gure helburu nagusia. Egia da koronabirusak eragindako osasun krisiak prozesua moteldu egin duela, baina gogotsu ekin diogu berriz gure lanari.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Medikuntzako graduko arduradunetako bat ere bazara. Zer moduzkoa izan da estreinako ikasturtea?

Ikasleen balorazioa oso ona izan da. Are gehiago, NUPeko graduetatik Medikuntzakoa da balorazio onena jaso duena, aurten. Oso kontent gaude denok.

Gradu osoa prest duzue dagoeneko?

Urtez urte ari gara prestatzen. Lehenbiziko ikasturtea egin dugu, eta aurki prest izanen dugu bigarrena. Gainera, zorionez, ongi bidean, klaseak presentzialak izanen dira irailean, taldeak nahiko txikiak baitira.

Berriki jakin dugu Erizaintzako lehen mailako lehendabiziko seihilekoa euskaraz egin ahalko dela datorren ikasturtean. Bada asmorik Medikuntzako gradua ere euskalduntzen hasteko NUPen?

Nahi genuke, baina graduko ikasleetatik oso gutxi dira euskaldunak, oraingoz. Ikusiko dugu aurrerago, baina oraintxe ez dugu masa kritiko nahikorik. Etorkizunean, euskaldun gehiago badago, jakina, eskariari erantzun beharko diogu.

Iritzia: Itzulera

Iritzia: Itzulera

Naiara Elola
Astelehenean hasiko da normalatasun berria deiturikoa. Abisu berriren bat eman bitartean, ohiko izaten jarraituko du kalean, lanean zein dendetan musukoa jantzita ibiltzeak. Denbora batez, ezin izango diegu familiakoei eta lagunei muxurik...

Hezitzaileak, berriz estualdian

Hezitzaileak, berriz estualdian

Uxue Rey Gorraiz

Behingoz aditu ditzaten atera dira berriz kalera protesta egitera. 0-3 zikloko hezitzaileek jasaten duten diskriminazioari kontra egiteko borrokan jarraitzen dute Nafarroako 0-3 Plataformako kideek. Urteak dira lan baldintza hobeak eskatzen ari direla, eta orain pandemiak nabarmen kaskartu du hezitzaileen egoera. Itxialdiak normaltasunez lan egitea galarazi dien honetan, kontratua eten diete askori, eta apenas duten etorriko denari buruzko informaziorik. Etorkizunari so, ziurgabetasuna da nagusi, epe motzean zein luzean. Plataformako kideek eskatu dute langileak berehalakoan itzul daitezela lanera. "Kinka larrian" daudela salatu dute.

"0-3 zikloa oso zaurgarria izan da beti, eta, zaurgarritasun hori areagotu egin da orain, pandemia garaian", azaldu du Steilas sindikatuko Diana Bruñok. Krisialdia iritsi aurretik ere asko ziren, plataformako kideen esanetan, zikloan hobetu beharrekoak. Batik bat, soldatak igotzea eta lan baldintzak hobetzea aldarrikatzen dute aspaldi hezitzaileek, baita ratioak jaistea ere. Salatu dute, gainera, haur eskolak kudeatzeko eredu desberdinak izateak kalte nabarmena egin diela, beste behin, profesional batzuei.

Hiru urte arteko haurrentzako zikloa ez dago Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren barrenean, eta, hortaz, udalen esku dago haur eskola bakoitzaren kudeaketa. Udal batzuek modu zuzenean egiten dute lan hori, baina askok enpresa pribatuen bitartez kontratatzen dituzte hezitzaileak. Udal haur-eskola gehienek funtzionatzen dute horrela (zehazki, %92k), plataformako kideen arabera. Hain justu, plataformak salatu du kudeaketan enpresa batek parte hartzen duen kasu horietako askotan kontratuak eten egin zaizkiela hezitzaileei, eta kexu dira hori ikusita.

Plataformak eskatu du martxoaren 25eko Errege Dekretuak jasotzen duena betetzeko. Izan ere, dekretu horren arabera, ezin da aldi baterako enplegu erregulaziorik egin Administrazio Publikoarentzat lan egiten duten enpresetan, baina hezitzaileek salatu dute baldintza hori ez dela bete, hori baita askok egun bizi duten egoera.

Azaldu dute "premiazkoa" dela langileak "berehalakoan" lanera itzultzea. "Ikasturtea ixteko eta datorrena antolatzeko garaia da orain", esan du, kezkatuta, LAB sindikatuko Amaia Urzelaik. Haren esanetan, "ezinegona" da nagusi hezitzaileen artean.

Itzuli beharra argudiatzeko asmoz, plataformako kideek zerrenda bat osatu dute, erakuste aldera egiteko asko dituztela haurrak eskoletara itzuliko ez badira ere. "Memoria idaztea, familiak agurtzea, materialak itzultzea, telefono bidezko arreta ematea, matrikulazioa antolatzea… Lan handia dago orain", zehaztu du Bruñok. Gainera, orain ekin behar liokete, haien esanetan, abuztuan hastekoa den ikasturtearen antolaketari; esaterako, koronabirusaren eraginez aintzat hartu beharko diren protokoloak prestatzeari.

"Baztertuta gaude"

"Krisialdi honek agerian utzi du inoiz baino beharrezkoagoa dela udal haur-eskolak kudeaketa eredu bakarraren menpe egotea, eta argitu du kudeaketa horrek zuzenekoa izan behar duela", adierazi du Bruñok. Hezitzaileek maiz kritikatu dute handiak direla 0-3 eta 3-6 zikloen artean dauden desberdintasunak, "biak borondatezkoak izan arren". Horregatik, plataformaren eskakizun nagusia da Hezkuntza Departamentuak osorik har dezala 0-6 zikloaren gaineko kudeaketa, finean bi adin-tarteetan baldintza beretan aritu daitezen. Hala balitz, egungo egoera oso bestelakoa litzateke, Bruñoren iritziz. "Hezkuntza Departamentuak esan izan balu ziklo hau premiazko zerbitzua dela, 3-6 zikloarekin esan duen bezala, udalek beste modu batean jokatu izanen lukete, eta hezitzaileak etxetik lanean arituko ziren behintzat".

Errealitatea oso bestelakoa da, ordea, LABeko Urzelaik erantsi duenez: "Dena airean dago, eta, kasu batzuetan, langileek ez dakite abuztuan lanera itzuliko diren ere". Zalantzaz beteak daude, eta erantzun premian dira, ezinbestean.

Hain zuzen ere, erantzun eta irtenbide bila, 0-3 Plataformak hainbat erakunderi helarazi dizkie bere aldarrikapenak, Hezkuntza Departamentuari berari, kasurako, udal haur-eskolak hark kudeatu beharko lituzkeela sinetsita daudenez gero. Bestalde, eta udalez gain, alderdi politikoekin ere saiatu dira harremanetan jartzen.

Oraingoz, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa da plataformari modu zuzenean erantzun dion bakarra. Helarazitako gutunean, federazioak nabarmendu du Nafarroako Gobernuak erabaki duela udal haur-eskolak aurtengo ikasturtean berriz ez irekitzea, eta gaineratu du toki-entitateek, hau da, udalek, "ahalmen txikia" dutela horren gainean bestelakorik egiteko. Era berean, azaldu dute hezitzaileen lanari dagokionez ere Nafarroako Gobernuak zehaztutakoa errespetatu behar dutela, eta, haur eskoletarako matrikula eta aurrematrikula abian den honetan, prozedurak egoki funtzionatzeko behar adina langile ari direla lanean dagoeneko.

Dena dela, Udal eta Kontzejuen Federazioa prest agertu da 0-3 Plataformako kideekin bilera bat egiteko, plataformakoen aldarrikapenak "xehetasun handiagoz" zein diren jakiteko.

Plataformari ongi iruditu zaio federazioa hitz egiteko prest agertu izana, baina kideek argitu dute ez dutela askorik espero. "Oso errealistak gara. 0-3 zikloa azkeneko postuan dago Hezkuntza Departamentuaren lehentasunen zerrendan", esan du Bruñok. Bestalde, gaineratu du udalak "lanez gainezka" daudela orain, eta ez dela erraza gaiari heldu ahal izatea. Kideek adierazi dute, ordea, aldarrikapenei eutsiko dietela, "langileen eta haurren eskubideengatik".