Iritzia: “Gu, sortzaileok”

Iritzia: “Gu, sortzaileok”

Amets Aranguren Arrieta

Aitortu behar dut pixka bat nekatua nagoela sortzaile terminoarekin edo, terminoarekin baino gehiago, azkenaldian hitz horri eman zaion erabilerarekin. Iruditzen zait artista hitzaren lekua hartu duela, baina are zentzu zabalago bat emanez.

Hasteko eta behin, ez dut ongi ulertzen jende batek bere burua sortzailetzat izatea edo hala azaltzea gainontzekoen aurrean. Nor ez da, bada, sortzaile?

Guztiok ari gara une oro zerbait sortzen, eraldatzen edo birsortzen (sortu, sortu… egia esan, ezer gutxi). Zaila da esaten zerk edo nork esan behar duen zer garen edo zer ez garen, eta, normalean, norberak definitzen du bere burua, norberak aukeratzen du bere etiketa hori, zer den.

Dendaria zara baldin eta denda batean lan egiten baduzu. Baina nork esan dezake "ni sortzailea naiz"? Musikariak, aktoreak, margolariak, idazleak… Baina, eta arkitektoak? Eta sukaldariak? Horiek ere esan dezakete?

Zerk determinatzen du sortzaile izaera hori: atzean dagoen asmoak egiten du, prozesuaren nolakotasunak, emaitzaren kalitateak…? Sortzailea al da zure amatxi neguan egin zizun jertseagatik? Jende gehienaren erantzuna ezezkoa litzatekeelakoan nago.

Lan serioak izan ez daitezkeen ogibideak edota diziplinak biltzeko erabiltzen den hitza dela iruditzen zait. Sortzaile izateak zaku batean sartzen zaitu, eta orduan ez zara gehiago aktore edo idazle, baizik eta sortzaile. Agian egun batean musikaria zara eta hurrengo egunean Twitterren topatzen duzu zure izena, idazleen munduko txapelketa batean, lehian (?).

Edo agian margolaria bazara, baina, zeure burua sortzailetzat duzunez, uste duzu zurea ez den beste diziplina batean aritzea ere zilegi zaizula, baldin eta zure intentzioa zerbait sortzea bada, betiere.

Ba ez lagunok, ez. Ni musikaria banaiz, eta musikaritzat baldin badut nire burua, ez zait iruditzen sortzaileen zaku horretan egote hutsagatik aritu naitekeenik aktore lanetan, esate baterako.

Eta berdin gustatuko litzaidake bertsolaria dena bertsotan ikustea, eta ez flamenkoa kantatzen saiatzen. Kasu honetan iruditzen zait, ausarkeria izateaz gain, diziplina horretan lanean ari den jendearekiko errespetu falta ere badela, baita jarduera horri prestigioa kentzea ere. Eta ez dut ukatzen pasioa denik hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori, baina baita kalitate minimo bat bermatzea ere.

Eta egin dezala bakoitzak nahi duena, noski, baina kontuan izanik sortzaileen zaku horretan ere badirela poltsa desberdinak, eta, agian, batetik bestera salto egiteko, asmoarekin ez dela nahikoa izanen.

Konparaketa kutre bat eginen dut, baina niri honek guztiak gogorarazten dit txikitan Disney Channel-en ikusten nituen serie horietako asko bukatutakoan nola bat-batean aktoreak abeslari bilakatzen ziren. Ez nuen ulertzen eta ulertu gabe jarraitzen dut.

Ez naiz ni izanen jendeari zer den ala zer ez den esanen diona, eta ez naiz ni izanen hori nork determinatu behar duen esanen duena ere. Baina uste dut norberak bere burua izendatzen duen heinean gainontzekoak ere izendatzen ari dela, eta horrek ere, egia esan, ez nau gehiegi konbentzitzen.

Baina bueno, jaten duguna ere bagarela esaten ohi dutenez, ni orain jogurt natural erraldoi bat naiz: ikusiko dugu bihar zer naizen.

Itzulerak doinua behar baitu

Itzulerak doinua behar baitu

Uxue Rey Gorraiz

Pantailaz bestalde kontzertuari so ari dena ikusi ezinik ari dira musika taldeak Km Zero Musik Fest jaialdian beren kantuak jotzen, Baluarten. Jakin badakite, ordea, aurrean dituzten eserlekuak hutsik izanagatik ere kontzertuko musika doinuak aretoko lau paretek biltzen dutena baino gehiago girotzen dutela. Nafarroako Gobernuak eta Baluarte auditoriumak antolatu dute jaialdia, gaur egungo baldintza berrietara hobeki egokituko diren euskarriak probatzeko asmoarekin, batik bat. Guztira hamar talde nafarrek kontzertu bana emanen dute streaming bidez, zuzenean. Itzuleraren hasiera da musikari zein musikazale askorentzat.

Cobardes taldeak eman zion hasiera jaialdiari, maiatzaren 21ean, eta, haren ondotik, Iker & Alfredo Piedrafita eta Zetak taldeek jo zituzten kontzertuak joan den asteburuan. El Columpio Asesino izanen da azkena. Izan ere, talde iruindarrak itxiko du jaialdia, ekainaren 20an.

Antolatzaileek adierazi dutenez, printzipioz bederen ez da ikuslerik izanen aretoan, eta streaming bidez baizik ezin izanen dute entzuleek kontzertuez gozatu. Dena dela, azaldu dute asteek aurrera egin ahala eta konfinamendua arintzeko neurriek ahalbidetzen badute, aztertu eginen dutela ikusleak aretoan egoteko aukera.

Edozein gailu eramangarritatik ikusi eta aditu daitezke Baluarten grabatzen arituko diren musika emanaldiak, zuzenean. Beharrezkoa da aldez aurretik sarrera ordaintzea: saio bakoitzeko 1,99 euro.

Ekainaren 5ean Kai Etxanizen musikak girotuko ditu Baluarteko areto nagusia eta entzuleek kontzertuaz gozatzeko aukeratutako txoko kuttunak. Artista "irrikan" da eguna iristeko, kontzertu-gosez baitago pandemiaren eraginez emanaldiak bertan behera utzi behar izan zituenetik. Geldialdiaren ondotik, Baluartekoa izanen du estreinako aldia areto batean. "Honen berri izan aurretik, oso urrun sentitzen nuen agertokira berriz igotzeko aukera", esan du Etxanizek, pozik, eguna hurbil duela ikusita.

Aldi berean, ordea, Etxanizek aitortu du erronka handia ere badela aurrean entzulerik izan gabe kontzertu bat ematea, eta uste du "polita bezain arraroa" izanen dela. "Beti saiatzen naiz publikoarekin lotura estua izaten, eta zaila zait hori lortzea pantailak bitartekari izanik. Asko laguntzen du publikoak zure musika nola sentitzen duen ikusteak, txaloak entzuteak… Ikasiko dugu moldatzen".

Nahia ez ezik, "beharra ere" sentitzen du Etxanizek eszenatokietara bueltatzeko. Nabarmendu du koronabirusaren krisiak erabat gelditu duela bere jarduna, eta hori gertatu zaiela, noski, artista gehienei. Ia diru sarrerarik gabeko garaia da oraingoa.

Are gehiago, azken lana aurkeztera zihoanean harrapatu du itxialdiak Etxaniz. "Urte batzuk eman ditut abeslari gisara eszenatokietatik aldendua, eta, hain zuzen ere, orain ari nintzen nire proiektua berriz martxan jartzeko lanean". Egoerak eskatuta, bere lanetako batzuk euskarri digitalak baliatuz estreinatzea erabaki du Etxanizek.

Berritzera behartuak

Kai Etxanizek kontatzen dituen horiek oso ezagun zaizkio Patxi Goñiri ere. Hainbat taldetan musikari izan da, eta Gor diskoetxeko arduraduna da Goñi. Aspaldi ezagutzen ditu sektorearen argi-ilunak, eta, gainera, hurbiletik ezagutzen ditu artistek koronabirusaren krisiak harrapatuta bizi dituzten estutasunak. "Dena eten du krisiak, eta geldialdi honek oso bortizki egin die kalte musikariei eta haien diru sarrerei". Azpimarratu du musika talde askok ia irabazirik gabe eman dutela itxialdia, eta gogorra izanen dela hori gainditzea. Haren esanetan, "kolpe oso latza" izan da udaberriko kontzertuak bertan behera utzi izana. "Oro har, kontzertuetan irabazitakoak osatzen du musika talde baten diru sarreren %80 inguru", zehaztu du Goñik.

Baluarteko jaialdian laguntzen ari da Goñi. Haren iritziz, musikaren industrian euskarri digitalen erabilera sustatzea "giltzarria" izanen da hemendik aurrera, eta pozik ageri da ikusita bide berriak bilatu direla egoerari ahal bezala aurre egiteko.

Itxialdian, artista askok egin dituzte kontzertuak etxetik, sare sozialen bidez eta doan. Kai Etxanizek, esaterako, parte hartu izan du horrelakoetan. Dena dela, artistak berak bereziki beharrezkotzat jo du musikaren doakotasunari buruzko gogoeta bultzatzea gizartean. "Jendeari erakutsi behar zaio kultura ez dela doakoa, eta merezi duen balioa eman behar zaie artisten lanei, batez ere gure ogibidea delako", esan du, irmo. Haren ustez, musikaren munduko artista gehienak "beren lanarekin maiteminduta egoteak" ez du esan nahi ordaindua izatea beharrezkoa ez denik.

Etorkizunean gerta daitekeenari so eginez, gauza bera ondorioztatu dute Kai Etxanizek eta Patxi Goñik: ziurgabetasuna da nagusi. Etxaniz, bestalde, zalantzati ageri da emanaldietarako aretoak antolatzeko nola moldatuko ote diren pentsatzean, baita musikazaleen erantzuna zein izan daitekeen aurreikusteko ahalegina egitean ere. "Ez dakit noiz izanen den legezkoa kontzertuak normaltasunez egitea, baina gero ikusi beharko dugu noiz dagoen jendea gogotsu kontzertu batera joan eta sarrera ordaintzeko. Emozionalki ere prest egon behar dugu denok", dio, kezkatuta, Etxanizek.

Patxi Goñiren begietatik, halaber, "nahiko kaotikoa" izanen da itzulera, baina erantsi du kaosa "berezko ezaugarria" dela musikaren munduan. "Arriskuak hartzea oso ohikoa da musikari edo artista batean ibilbidean", esan du. Aitortu du askok ezin izanen diotela krisi honi aurre egin, segur aski, eta azaldu du sektoreko langile gehienentzat ezinbestekoa izanen dela instituzioen babesa. "Tarteka baizik ez dira oroitzen gurekin".

Lehendik ere zaila zen

Krisiaren lehen astindua igarotzen hasia dela deritzote askok, eta, horiek horrela, normaltasunera bueltatzea helburu, hainbat enpresa eta erakunde lanean ari dira, itzulera ahalik eta modurik egokienean egiteko bidea diseinatu nahian. Nor bere esparruan. Kuna Nafarroako Kultur Kudeaketarako Profesionalen Elkarteak eskatu dio Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuari larrialdi plan bat diseina dezala kulturaren sektorean lan egiten dutenen "iraupena, jarraitutasuna eta jasangarritasuna" ziurtatzeko. Neurri eta laguntza ekonomiko zehatzak nahi dituzte.

Angel Garcia Carreño Kunako zuzendaritza taldeko kide eta kudeatzaile kulturalak dioenez, "ezinbestekoa" da Nafarroako Gobernuak kulturaren aldeko "apustu argia" egitea. Are, azaldu du lehendik ere aski arrazoi zituztela halakorik eskatzeko, baina orain "biziki nabarmena" dela sektorean dagoen premia.

Krisiek ahulenak zigortzen dituzte gogorren. Hori erakutsi du, besteak beste, konfinamenduak kultura sektorean eragindako oinazeak. Gainera, Garcia Carreñoren arabera, Nafarroako kulturaren sektorea 2008ko krisi ekonomikotik "sendatze bidean" zen oraindik, oro har: "Urteetako prozesu baten ondotik, sektorea sasoiko zegoela ikusten hasiak ginen, eta, hain justu, orduan zigortu gaitu birusak".

Sektoreak zama handia zuen gainean lehendik ere. "Prekaritatea nahiko ohikoa da gurean, zoritxarrez". Lan ordutegirik eza eta aldizkakotasuna nabarmendu ditu arazoen artean, batik bat. "Adibidez, batzuei antzezlan edo ekitaldi jakin bat zegoenean bakarrik ematen zieten alta Gizarte Segurantzan", zehaztu du; gaineratu du egoeraren larritasuna eta laguntzen premia ez direla kontu berriak.

Kuna elkarteko kideek beharrezkotzat jo dute geldialdiak sektorean eragin dituen kalteak zehaztasunez aztertuko dituen ikerketa bat egitea, bai eta, besteak beste, kultur ekitaldietarako baliabide digitalak indartzea. Digitalizazioari dagokionez, zehaztu dute ez dutela nahi digitalak presentziala ordezkatzea, baina uste dute "bi ereduen arteko elkarbizitza" sustatu behar dela. Horretarako baliabideak izatea bermatu behar du Nafarroako Gobernuak, batez ere, haien ustez, "aurrekontu ekonomikoa handitzearekin batera".

Garcia Carreñoren ustez, hurrengo ikasturtean hasi ahalko da kultura sektorea otsaileko erritmora hurbiltzen. Pixkanaka irekiko dira zentroak, eta gutxika-gutxika hasiko dira proiektuak berriz martxan jartzen. "Baikorrak gara egin daitekeenari buruz, baina babes politikoa behar dugu bidelagun", esan du.

Itzulera ez da berehalakoa izanen, baina, dirudienez, ongi bidean, udazkenean loratu daiteke orain izan ez den udaberri kulturala.

Zuzentaraua betetzeko bidean

Zuzentaraua betetzeko bidean

Edurne Elizondo
Amaitu zaio denbora. Nafarroako Gobernuak martxan jarri du Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko proiektua idazteko lanak esleitzeko prozesua. Urrian eskatu zion Europako Batzordeak, azkenekoz, tuneletako segurtasunari buruzko arau...

“Argi dut zelaian ongi egoteko burua ongi izan behar duzula”

“Argi dut zelaian ongi egoteko burua ongi izan behar duzula”

Edurne Elizondo

Osasunako entrenatzaile izendatu zuten Izaskun Mainz Kakun (Iruñea, 1985), duela bi aste, baina ezin izan du Taxoaren sartu, egungo osasun krisiak eragindako alarma egoeragatik [Nafarroa bigarren fasean sartu aurretik erantzun zituen galderak]. Lanari ekiteko eta jokalari guztiekin elkartzeko irrikan da.

Erran duzu ezustean harrapatu zaituela izendapenak; ari zara egokitzen?

Egia erran, hagitz gogorrak izan dira azken egunak. Batetik, jende anitzek zoriondu nau; ez nuen uste berriak hainbertzeko oihartzunik izanen zuenik. Bertzetik, hasi gara jada lanean, taldea osatzen, talde teknikoa zehazten, hurrengo denboraldirako ildo nagusiak markatzen, bideoak ikusten... Tarte labur batean lan handia egin behar izan dugu.

Sumatu duzu jada, beraz, Osasunako entrenatzaile izateak dakarren arduraren zama?

Bai. Bat egin du, gainera, oraingo osasun krisiarekin, eta horrek dena zaildu du. Egun osoa ematen dut telefonoa eskuetan, deiak egiten, Internet bidezko bilerak egiten... Lan handia dugu egiteko, eta kostatzen ari zait konfinamenduak ezarritako etenaldiari aurre egitea, egia erran.

Konfinamendua arintzeko neurriak indarrean egon arren, egungo egoerak anitz baldintzatzen du zure lana?

Bai. Nahi nuen jokalariekin bileraren bat egin, baina ezin izan dugu. Ezin izan ditut ikusi eta zer moduz dauden galdetu. Eta horrek kezkatzen nau; kezkatzen nau konfinamenduak nola eragin dion jokalarien animoari. Finean, jokalariek elkar agurtu zuten pentsatuz hamabost eguneko epean berriz ariko zirela lanean, eta inork espero ez zuen hau guztia gertatu da; liga bertan behera geratu da, bertze talde bat igo da Lehen Mailara, entrenatzailea eta taldeko kideak aldatu dira... Jakin nahi dut horrek guztiak nola eragin dien, eta zer moduz dauden.

Oraindik ez duzu izan haiekin hitz egiteko aukerarik?

Jokalari batzuekin mintzatu naiz telefonoz, baina kontua da gogoa dudala guztiekin batera egoteko, eta guztiekin batera hitz egiteko. Ez ditut denak ongi ezagutzen oraindik, eta taldea itxi gabe dugu. Ondorioz, gauza anitz dago zehazteko, baina badut talde lan hori egiteko gogoa jada.

Zer urrats duzu buruan talde lan hori egiteko?

Hasteko, bideoak ikusi nahi ditut, gureak, etor daitezkeen jokalarienak, arerioenak... Hurrengo urratsa izanen da benetan martxan jartzea, eta ongien egokitzen zaigun jokoa antolatzea. Denboraldia hasi aurreko denbora aprobetxatu beharko dugu ongi jokalarien sasoia ikusteko eta egin beharrekoak egiteko. Ez da ohiko lana izanen, argi dut. Jokalariak hainbat hilabetez egon dira entrenatu gabe, eta hori sumatuko da, segur aski. Egokituz joan beharko dugu, poliki-poliki.

Erronka bat izanen da hurrengo denboraldia, beraz?

Bai, baina talde guztiak egonen gara egoera berean. Nik uste dut oraingo egoeran pisu handia izanen duela jokalarien animoak, eta hagitz garrantzitsua izanen dela elkar zaintzea eta elkarri lagunduz ongi egonen den talde sendo bat osatzea. Hori lortzea da oinarria, eta, hortik aurrera, futbolari buruzkoak landu.

Nolakoa da landu nahi duzun futbola?

Nik argi dut zelaian ongi egoteko burua ongi izan behar duzula. Horri garrantzi handia emanen diot, eta, hortik aurrera, noski, nire estiloa garatzen saiatuko naiz, talde teknikoko gainerako kideekin batera, eta gure jokalarien ezaugarriak kontuan hartuta.

Lagunak taldeko jokalari izan zinen, bertzeak bertze, entrenatzaile lanetan hasi aurretik. Anitz aldatu da egoera ordutik?

Nik uste dut formakuntza dela gehien aldatu dena; batez ere entrenatzaileena. Nik hagitz entrenatzaile onak izan ditut, eta haien eskutik jasotakoak bultzatu nau, neurri handi batean, lan hori egitera, baina egia da formakuntzaren esparruan anitz egin dugula aurrera.

Profesionalizazioa lortzeko bidean urrats bat aurrera egin da formakuntza horri esker?

Bai. Duela urte batzuk inolako agiririk ez zenuen behar talde bat entrenatzeko; orain bai, formakuntza zehatz bat behar da. Horrek on egiten dio futbolari, noski.

Halere, gizonen eta emakumeen artean alde handia dago oraindik ere.

Bai. Duela urte batzuk, egoera benetan larria zen. Ezagutu ditut lehengo Superligan aritutako jokalariak, ia ordaindu beharrean izan direnak jokatu ahal izateko. Badakigu bidea luzea dela, oraindik ere, baina oraingo egoerak alde on anitz badu. Denbora behar da, eta, batez ere, borrokari eustea.

Ainhoa Tirapu jokalari ohiak erran berri du belaunaldi oro saiatu dela hurrengoarentzat egoera hobe bat uzten. Hori da gakoa?

Argi dago ni hasi nintzenetik egoerak izugarri egin duela hobera. Taldekide izan nuen Ainhoa Tirapu, eta elkarrekin aritu gineneko egoerak eta oraingoak ez dute zer ikustekorik. Gizartea ere aldatu da. Gauza anitz lortu dugu, borrokatu garelako, eta horretan jarraitu beharko dugu.

Osasunan ere baduzu bide bat egina. Sentitu duzu taldearen babesa?

Esker ona bertzerik ez dut. Benjaminen entrenatzaile lanetan aritu naiz, orain arte, eta esperientzia hagitz ona izan da. Denen babesa sentitu dut.

Oraingo etapa hasteko gogoz?

Bai. Baimenak eskatzeko prest naiz, ahalik eta azkarren joan ahal izateko Taxoarera. Nik ezin izan dut itzuli, martxotik. Han ditut nire gauza guztiak. Ea laster entrenatzen hasteko aukera dugun, lanari ekiteko. Igotzea izanen da gure helburua, baina jakin badakigu bidea zaila izanen dela. Oraingo ziurgabetasuna bazter uzteko irrikan nago.

Iritzia: Txip aldaketa

Iritzia: Txip aldaketa

Lohizune Amatria
Etorkizuna nolakoa izanen den asmatu nahian gabiltza azken egunetan. Hilabete gutxian goitik behera aldatu da gure egunerokoa; atzera egin eta urte hasierako egoerara itzuli nahiko dute zenbaitek (nahiz eta asko egoera jasangaitzean bi...

Mahaian eseri da makrobiotika

Mahaian eseri da makrobiotika

Edurne Elizondo

Arrotxapea da Iruñeko auzo berdea!". Euskal Eskola Makrobiotikoaren sortzaile eta zuzendari Tina Asensiok erran ditu hitzok. Erakunde horrek Arrotxapean du egoitza 2013tik, baina hiru urte lehenago sortu zuten: hamargarren urteurrena ospatu berri dute eskolako kideek. Iruñeko Alde Zaharreko Auzoenean egin zituzten lehendabiziko bi urteak, eta Berriozarko Naturaren Gelan, berriz, hirugarrena. "Udalak doan utzi zigun espazio hori, eta, trukean, herritarrentzako ikastaroak egin genituen. Gisa horretako auzolana anitz maite dugu, elkarri ematea eta elkarrengandik ikastea".

Talde lana eta proiektuen arteko sinergia sustatzen saiatu izan da beti Asensio, eta horregatik erran du Arrotxapea dela Iruñeko auzo berdea: Euskal Eskola Makrobiotikoak hor duelako bere egoitza; espazio berean dagoelako, 2013. urtetik, eskolak bultzatutako Baratza Kafea jatetxe makrobiotiko, biologiko eta ehuneko ehun begetala; eta auzo berean delako Landare ere, kontsumitzaile ekologikoen elkartea. "Landarek bere egoitza Joaquin Beunza karrikara mugitzea seinale bat izan zen guretzat", gogoratu du sukaldariak.

Izan ere, egun eskola makrobiotikoa eta jatetxea dauden espazioa ezagutu zutenean, gustuko izan zuten Asensiok eta proiektuko kideek, baina eraikinak lan anitz behar zuen, eta alokairua, gainera, hagitz garestia zen. "Asmoa, beraz, bazter utzi genuen; baina, Landare han izanen zela jakin eta gero, berriz deitu, eta alokairua erdira jaitsi ziguten". Sartu, lanak egin, eta martxan jarri ziren.

Tina Asensiok Euskal Herritik kanpora joan behar izan zuen makrobiotikan trebatzeko: Amsterdamera lehendabizi, eta Londresera gero. Euskal Herrian formakuntza bultzatzeko gogoak eraman zuen Euskal Eskola Makrobiotikoa pentsatzera eta gauzatzera. "Hasieran asmo hutsa zena benetako proiektu bilakatu dugu".

Eskola sortu baino lehen, maleta batean gordetzen zituen Asensiok bere kazolak eta kozinatzeko behar zituen gainerako tresnak. "Nire sukaldea ere eramaten nuen; han eta hemen aritzen nintzen eskolak ematen, sukaldaritza makrobiotikoari buruzko ikastaroak egiten". Ez zen bakarra, eta bide bera egiten ari ziren bertze hainbat irakaslerekin bat egin zuen, azkenean, Euskal Eskola Makrobiotikoa martxan jartzeko.

Kontrajarri eta osagarriak

"Hasieratik izan zen nire ametsa, noizbait, eskolaren ondoan jatetxe txiki bat zabaltzea". Arrotxapeko egoitza aurkitu zutenean bete zuen Asensiok amets hori. Proiektu beraren zatitzat ditu eskola eta jatetxea, halere, "elkar elikatzen baitute". Eskolan landutakoak jatetxean probatzen dituzte, adibidez, eta jende asko ikastera animatu da jatetxea ezagutu eta gero.

Asensiok argi utzi du sukaldaritza makrobiotikora hurbiltzen direnek aurreiritziak bazter uzteko aukera dutela: "Jendeak uste du zaila dela, zorrotza, nolabait erranda; baina ezagutu eta gero ohartzen dira ezetz". Adibide "argi eta erraz" bat aipatu du sukaldariak makrobiotikaren oinarri nagusia azaltzeko: "Hotzak akabatzen bazaude, berotuko zaituen elikagai bat hartu beharko duzu, zure gorputzak hori behar duelako".

Makrobiotikak yin-yangaren oinarria du ardatz: hau da, aldi berean kontrajarri eta osagarri diren indarren arteko orekarena. "Sukaldaritza makrobiotikoaren esparruan ere, horixe da kontua: gure gorputzaren eta elikagaien energia kontuan hartuta, aldi berean kontrajarri eta osagarri diren elikagaien bidezko oreka lortzea". Hotza dugunean, bero jatea, eta, bero garenean, berriz, hotz, modu hagitz sinple batean erranda.

Funtsean, elikagai naturalak ditu ardatz sukaldaritza makrobiotikoak. "Bazter uzten ditu, beraz, elikagai prestatuak", azaldu du Tina Asensiok. Elikagai naturalak dira laboreak, lekaleak, barazkiak eta frutak. "Makrobiotikoa ez da elikagai naturalak erdigunean jartzen dituen bakarra; bertze batzuek ere oinarri dituzte, eta osasuntsuak eta txalotzeko modukoak dira; makrobiotikoak, baina, urrats bat harago egiten du, eta aukeratzen ditu une oro gure gorputzari on egiten dioten elikagaiak", erantsi du.

Euskal Eskola Makrobiotikoan ez dira urrats horretan gelditu: aldarrikatzen dute, gainera, ahal den neurrian, tokiko eta sasoiko elikagaiak kontsumitzea, eta osagai kimikorik gabeak. "Sagar bat elikagai natural bat da, baina ez dakit nongo berotegiko sagar heldugabe bat hartzen badugu honat ekartzeko, hori ez da batere naturala. Egia da erabiltzen ditugula Txinan edo Amerikan ekoitzitako laboreak, hemen ez ditugulako, baina ahalegintzen gara tokikoa lehenesten".

Asensiok aitortu du hasiera ez zela erraza izan. "Oraindik ere ez da; baina hamar urteko bidea egin dugu jada, eta aurrera jarraitzen dugu". Arrotxapean jaioa da Asensio, eta poztu egiten du bere proiektua auzoan garatzeko aukera eduki izanak. "Hasieran, baina, anitz kostatzen zitzaion jendeari jatetxera sartzea".

16 urte zituenetik da Asensio barazkijale, eta hemezortzi urte dira jada begano bilakatu zela. "Orain jendeak hori zer den badaki, behintzat". Poliki, baina urrats sendoak eginez egin dutela aurrera nabarmendu du; eta erantsi du makrobiotikak ere lortu duela zabaltzea. "Formakuntzarako gero era zentro gehiago daude". Iruñean, adibidez, bi eskola daude. Ez da marka txarra: Lisboa da makrobiotikaren hiri nagusietako bat, eta han eskola bakarra dute.

Iruñeko bi eskolen arteko harremana ona da. Aukerak gora egiteak ekarri du balizko ikasleen kopurua bien artean banatzea, noski. Halere, Bartzelonatik edo Zaragozatik propio etorri diren ikasleak izan dituela nabarmendu du Tina Asensiok. "Edozein modutan, ona da gero eta eskola gehiago egotea; argi dut, gainera, oraindik badugula lan egiteko aukera anitz".

Makrobiotikan trebatzeko lehendabiziko eta bigarren urratsak eskaintzen ditu Euskal Eskola Makrobiotikoak orain, eta laster hirugarrena ere eskaintzea du asmo. "Bertzelako ikastaroak ere egiten ditugu", zehaztu du eskolako arduradunak. Asteartero, adibidez, elikadura osasuntsuari buruzko bat egiten dute. Makrobiotikan hasteko ikastaro bat ere badute, bertzeak bertze. "Ikastaro guztiak kontuan hartuta, milaka pertsona pasatu dira gure eskolatik hamar urteotan", kontatu du Tina Asensiok, harrotasunez.

Lan horrek jaso du saririk. Iaz, adibidez, Nafarroako Gobernuak eman zion bat Baratza Kafeko arduradunari. Zehazki, Asensiok "osasunaren eta elikaduraren arloko esparruan egindako lana" nabarmendu zuen gobernuaren sariak.

Egoerara egokitu

Gobernuaren sariak emandako babes hori garrantzitsutzat jo du sukaldariak; eta funtsezkotzat jo du, halaber, eskolan eta jatetxean ari den talde osoaren lana eta ahalegina. Are gehiago, oraingo osasun krisiaren testuinguruan. Izan ere, egoerara egokitu behar izan dute eskolako eta Baratzako kideek, aurrera jarraitzeko.

Formakuntzaren arloan, sarean ari dira egiten lan nagusia. Sarean zabaltzeko materialak ere prestatu dituzte. Jatetxea, berriz, itxita egon da orain arte. Astelehenetik martxan da berriz ere, baina terrazan baino ez ditu bezeroak hartzen, alarma egoerak zehaztutako segurtasun neurriei jarraituz.

Egungo egoerak eragin diela onartu du Tina Asensiok. Arlo ekonomikoan "zulo bat" egin diela, alegia. Halere, gelditzeko beharrak "ideia berriak pentsatzeko" aukera eman diela erantsi du sukaldariak, eta taldearen artean sortu den batasuna ere nabarmendu eta eskertu du: "Batera ari gara denok lanean, denon alde".

Datuen atzeko izen eta izanak

Datuen atzeko izen eta izanak

Edurne Elizondo
Datu hutsak izen bilakatzeko. Helburu horrekin osatu du Nafarroako Memoriaren Institutuak nazien kontzentrazio esparruetan itxi zituzten nafarren behin-behineko errolda. Oraingoz, berrogeita hemezortzi daude zerrendan, hiru arlotan sail...

Euskaraz hasteko bidea

Euskaraz hasteko bidea

Uxue Rey Gorraiz

Ez dakit tokirik izango duen; asko aldatu da kontua". Saioa Anzizu txantrearrarenak dira hitzak, eta bost hilabeteko alabaz ari da. Izan ere, Anzizuk Txantreako Izartegi haur eskolan matrikulatu nahi du alaba, euskaraz, baina badaki zaila izanen dela hori lortzea, Iruñeko Udalak erdira murriztu baitu euskarazko eskaintza duten haur eskolen kopurua datorren ikasturterako: titiko haurrentzako eta ibiltarientzako tokiek 136 izateari utzi, eta 61 izango dira.

Iruñean familia asko eta asko daude Anzizurenaren egoera berean, eta, horiek horrela, udalaren asmoaren berri izan zutenetik, borrokan ari dira egoera horri irtenbidea emateko: herri haur-eskola bat sortzeko prozesua jarri dute martxan, behin-behineko konponbide gisa.

Iruñeko Udalean agintea laukoak izan zuen garaian, euskarazko eskaintza zabaldu egin zen, eta, Iruñean dauden hamasei haur eskoletatik, lauk zuten euskarazko eredua: Printzearen Harresi, Donibane, Goiz Eder eta Izartegi haur eskolek.

Aldiz, Navarra Sumak eskaintza murriztuko duela iragarri zuen urte hasieran, eta, ondorioz, zerrenda horretako eskoletatik bitan baizik ez da euskarazko eskaintzarik egonen haur txikienentzat. Are gehiago, horietako batean, Goiz Eder haur eskolan, eskaintzaren erdia bakarrik izanen da euskaraz, eta, beraz, Txantreako Izartegi izanen da haur eskola euskaldun bakarra Iruñe osoan.

Udalak euskarazko lekuei dagokienez egindako murrizketari kontra egiteko sortu zen HE Gurasoak Iruñea elkartea. Saioa Anzizu elkarteko kide da, eta egoeraren larritasuna salatu du. "Eskubidea dugu euskaraz bizitzeko eta ikasteko. Gure nahia hori baldin bada, bermatu dezatela haurrek tokia izanen dutela".

Gurasoek zenbait bilera izan dituzte udaleko zein Nafarroako Gobernuko alderdi politikoekin, eta, horietan, murrizketa dakarren epaia oraindik ez aplikatzeko eskatu diote Navarra Sumari. Izan ere, talde politikoak azaldu du berriki haur eskolen hizkuntza ereduari buruz egindako inkestako datuak erabiliko dituela eskaintza egokitzeko, baina ez aurten, hurrengoan baizik, 2021-2022 ikasturtean. Datu horien arabera, gurasoen %36k nahi du euskara duen ereduren bat, baina, Navarra Sumaren murrizketaren ondotik, %14raino jaitsiko da eskaintza aurten.

Eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka dute askok ahotan. Eskaria zenbatekoa den definitzen duten irizpideak, ordea, zalantzan jarri beharrekoak dira HE Gurasoak elkarteko kideen ustez. Zehazki, iruditzen zaie udalaren azken galdeketa ez dela "zintzoki" egin. "Jendeak dagoen eskaintzari erreparatuta egingo lukeena erantzun zuen, eta, noski, beste faktore batzuek ere baldintzatzen dute gurasoen hautua", esan du Anzizuk.

Haren ustez, hurbiltasuna da gurasoek beren seme-alabak nora joatea nahi duten erabakitzeko garaian gehien baloratzen duten gauzetako bat, eta gogoratu du euskarazko eredua eskainiko duten bi haur eskolak Iruñeko iparraldean daudela, "etxetik urrunegi", askorentzat.

Herri haur-eskola

Kudeaketa jarduera eta izen emate gehienen antzera, pandemiak atzeratu egin du Iruñeko haur eskola publikoetan aurrematrikulazioa egiteko prozesua ere, eta udalak joan den astean iragarri ditu data berriak: maiatzaren 25etik aurrera eman ahalko da izena, telematikoki.

HE Gurasoak elkarteko kideak erlojuaren kontra ari dira lanean arazoari aurre egiteko. Sare sozialen bidez, mezu bat bidali diete egoera berean daudenei: haurrak haur eskola euskaldunetara eramateko interesa duten Iruñeko familiak elkartearekin harremanetan jartzeko eskatu dute, hegurasoak.harrera@gmail.com helbidera idatziz. Bi helburu nagusi erdietsi nahi ditu deialdiak: batetik, "benetako eskaria zein den erakutsiko duen argudio sendo bat" izatea, eta, bestetik, sortu nahi duten alternatibarako kontuak egiten laguntzea.

Herri haur-eskola bat sortu nahi dute, izan ere, HE Gurasoak elkarteko kideek. Kooperatiba baten bidez abiarazi nahi dute proiektua, hain zuzen, datorren abuztuan bertan martxan jartzeko. Lokalak begiratzen ari dira orain, baita finantza bideak argitu nahian ere, proiektua "jasangarria" izan dadin.

Dena dela, Anzizuk argitu du "trantsiziozko" irtenbidea dela proposatu dutena, eta helburua beti izanen dela sare publikora bueltatzea. "Ez dugu eskola pribatu bat sortu nahi gure kabuz; orain dugun aukera bakarra delako egingo dugu hau", berretsi du Anzizuk.

Tarifa publikoak ezarri nahi dituzte, eta, ahal dela, murrizketaren ondorioz lana galdu duten hezitzaile horiekin atera aurrera proiektua.

Aita eta zuzendari

Garikoitz Torregrosa da HE Gurasoak elkarteko kideetako beste bat. Kasu berezia da Torregrosarena: bere alaba haur eskolan dago jadanik, euskarazko ereduan. Dioenez, murrizketak beste pertsona askori edo etorkizunean agian berari kalte egiten ahal dielako ari da borrokan, baina baita esparru profesionalean eragiten diolako ere.

Izan ere, Arrosadia auzoan den Printzearen Harresi haur eskolako zuzendaria da Torregrosa, eta Iruñeko Udalak iragarritako murrizketak bete-betean zigortu du zentro hori: titiko haurrentzako eta ibiltarientzako euskarazko leku guztiak desagertu eginen dira, Navarra Sumaren erabakiaren eraginez, hain zuzen ere. "Lau edo bost pertsonak beren lanpostua galduko dute, murgiltze eredua apurtu egingo da, eta euskarak espazio bat galduko du", azaldu du.

Torregrosaren iritziz, "mendeku gogoa" dago Navarra Sumaren erabakiaren atzean. "Hala erabaki dutenek badakite denboran 30 urte atzera egitea bezalakoa dela hau, eta sobran dakite hori ez dela posible, asko aldatu dela euskararekiko jarrera, hobera".

Torregrosaren ustez, "jokaldi baten parte" da berriki egindako murrizketa. "Sekulako kolpea eman dute orain, ondoren murrizketa zertxobait arindu eta ongi gelditzeko gizartearen aurrean", azaldu du.

Bestalde, HE Gurasoak elkarteko kidea ez dago ados haur eskoletan euskarak duen tokia soilik eskariari erreparatuta ezarri beharrarekin. "Kontua ez da eskaintzak eskariari erantzun behar diola: argi utzi behar dugu hau eskubide kontua dela", nabarmendu du.

Gogora ekarri du, gainera, udaleko arduradunek "inori galdetu gabe" handitu zutela ingelesezko eskaintza, adibidez, eta, ondorioz, kasu horretan ez zirela egon "derrigortuta eskaria bazegoela erakustera".

Euskarazko haur eskola publikoen aldeko borrokan ahalik eta bidelagun gehien bildu nahi dituzte HE Gurasoak elkarteko kideek. Lanean segitzeko gogo faltarik ez dutela diote, eta argi dute zein den helburua: "Euskara eskubidea guztiontzat!".

“Euskaldunek elkarren berri izan dezatela da gure lana”

“Euskaldunek elkarren berri izan dezatela da gure lana”

Edurne Elizondo

Alarma egoerak bertan behera utzi zituen martxoan Karrikirik prest zituen ekinaldi guztiak. Iruñeko elkartean lanean jarraitzen dute, halere, ohiko zerbitzuak eskaintzen, sare sozialak indartzen eta lan egiteko molde berria pentsatzen. Horretan ari da Izaskun Barber dinamizatzailea (Iruñea, 1989).

Osasun krisiak eragindako alarma egoeraren hasierarekin batera ekin zenion lanari Karrikirin; zer moduz?

Martxoaren 16an hasi nintzen lanean, hain justu, konfinamenduaren lehendabiziko astelehenean, eta itxialdiak eragindako egoera horrekin guztiarekin egin nuen topo. Lehen astean bulegora joan nintzen, martxa hartzeko; behar nituen gauzak bildu, eta bigarren astetik aurrera telelana egiten hasi nintzen.

Denda zabalik duzue jada?

Tira, goizez lanean ari gara, eta, norbait etortzen bada, artatzen dugu. Baina jendeak telefonoz edo posta elektronikoz egin dezake bat gurekin dendako kontuengatik.

Karrikiriko dinamizatzailea zara, zehazki, martxotik; zein da zure lana?

Karrikirin ditugun zerbitzu guztiak kudeatzea da nire ardura, eta, aldi berean, jarduera berriak sortzea edo proposatzea. Komunikazioaren arloko lana ere nik egiten dut, eta sare sozialak kudeatzeaz arduratzen naiz.

Ezagutzen zenuen lehendik elkartea?

Bai. Ni aritu izan naiz ikus-entzunezko teknikari gisa lanean beti; kamerari izan nintzen, hasieran, eta produkzioaren arloan aritu nintzen gero, hainbat hedabidetan. Karrikiri ezagutzen nuen, baina bertze edozein erabiltzailek bezala. Euskalerria Irratian ikusi nuen dinamizatzaile bila zirela, aurkeztu, eta hemen nago.

Orain barrutik ezagutzen duzu proiektua. Zein da edo izan beharko luke Karririkiren gisako elkarte baten funtzio nagusia?

Uste dut orain arte lan ona egin duela elkarteak, eta, oraingo testuinguruan, egungo beharretara egokitu beharko dugula. Horrek ekartzen du aukera berriak sortzea, aldi berean, eta aukera berri horiek sortzeko egin behar dugu lan. Jendea guregana dator euskaraz ditugun zerbitzuak jasotzera; eskaintzen ez dugun zerbait eskatzen digutenean ere ahalegina egin behar dugu sortzeko eta egokitzeko. Orain, hori egiten ari gara, egungo egoerak hori eskatzen digulako. Egokitzeko behar dugun gaitasuna badugu.

Egokitzeak erran nahi du, bertzeak bertze, sareen bidezko lana edo esparru digitala gehiago garatzea?

Hori da adibide bat. Esparru digitalean sakondu behar dugula argi dugu. Sare sozialena oso elementu indartsua da orain guretzat. Online denda ireki dugu, adibidez, eta, egia esan, harrituta gaude izan duen harrerarekin, eskari asko jaso baitugu jada. Oso pozik gaude. Aldi berean, badakigu badugula lan asko egiteko. Eskaini nahiko genuke gero eta gehiago, eta horretarako ari gara lanean.

Itxialdiak eragin dio dendako jarduerari; elkartekoari ere bai?

Bai. Prestatuak genituen ekinaldi guztiak bertan behera utzi behar izan genituen, alarma egoera ezarri zutenean. Ez gara geldirik egon, eta gauza berriak martxan jartzeko gogoz gaude, baina behar dugu jakin zer-nolakoa izanen den hemendik aurrerako egoera. Ziurgabetasuna handia da, eta zaila da, ondorioz, hemendik aurrerako bidea zehaztea. Ideia asko ditugu, eta poliki-poliki emanen dugu haien berri sare sozialen bidez.

Orain arteko zerbitzuei, halere, eutsi diezue, ezta?

Bai. Martxan jarraitzen dute gure pisukide edo lan poltsa zerbitzuek, bai eta itzulpengintza zerbitzuak ere. Oso harrera ona dute zerbitzuok, eta jarraituko dugu.

Kontzertuak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak eta bertze ere egiten ohi dituzue; horiek moldatu beharko dituzuela uste duzu?

Bai. Hori da kontua. Oraingoz ideiak proposatzen eta garatzen ari gara. Agian, oso formatu txikiko kontzertuak egitea izan daiteke bide bat. Goiz da zehazteko, oraindik ere.

Erran izan duzu zure erronketako bat dela jende gazte gehiago erakartzea Karrikirira. Zaila da?

Pisukide zerbitzuan, adibidez, gazteak dira erabiltzaile nagusiak, eta antzerki tailerretara edo karrikadantzara ere asko etortzen dira. Duela bi urte sortutako Iruinkokoan ere gazteak dira gehienak, eta hori oso polita eta positiboa da. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, beste hainbat esparrutan; dendako erabiltzaile gehienak adin batekoak dira, adibidez, agian gazteek online erosteko ohitura gehiago dutelako. Bazkideen artean ere helduak dira nagusi.

Bazkide gazteak lortzeko lana da aurrera begirako erronketako bat?

Bai, hori da landu beharreko auzietako bat. Gure zerbitzuak sendotzen jarraitu behar dugu, halaber, eta merkataritzaren esparruan, gurekin lan egiten duten dendari txiki eta euskaldunen bozgorailu izaten segitu nahi dugu. Sare sozialak ere indartu nahi ditugu, jende gehiagok ezagut gaitzan.

Oraindik bada elkar ezagutzeko eta saretzeko beharra?

Bada gure zerbitzu jakin bat ezagutzen duen jendea, baina proiektu osoaren berri ez duena. Euskaldun berriei ere eman behar diegu egiten dugunaren berri.

Euskaldun berrientzat topagune bat da Karrikiri?

Euskaldunek elkarren berri izan dezatela da gure lana; horretarako egiten ditugu kontzertuak, aurkezpenak eta beste. Jendea euskal giro horretara biltzeko.