“Argazkigintzaren sormenak asko balio du ingeniaritzan”

“Argazkigintzaren sormenak asko balio du ingeniaritzan”

Uxue Rey Gorraiz

Ainhoa Albisturrek (Burlata, 1997) NUPek antolatutako azken argazki lehiaketa irabazi du, zientzia eta teknologiari buruzkoa, zehazki. Ingeniaritza Industrialeko ikasketak bukatu zituen joan den ekainean, eta masterrean murgilduta dago egun. Argazkilaritza bere pasioetako bat izan da aspalditik, eta kamera atzeko talentua saritu dute oraingoan, NUPen Zientziaren Astean.

Zer ikus daiteke zehazki zure argazkian?

Prezipitazio ontzi bat da, koloretako iman batzuk barruan dituena. Indar magnetiko bat baliatuta, iman horiek bueltaka hastea lortzen da, disoluzioa eragiteko. Abiadura handiz mugitzen ari direnez, forma bereziak eratzen dituzte uretan. Fenomeno hori ikus daiteke argazkian. Biraketa indarraren efektua, azken finean.

Zaila al da zientzia gai hartuta argazkiak egitea?

Erronka polita izan da, baina handia ere bai. Nire ikasketak eta nire zaletasunetako bat uztartzeko aukera eman dit, baina kosta egin zitzaidan zer irudikatu nahi nuen erabakitzea. Zientziaren gaia hain da zabala… Halere, argi izan nuen hasieratik ingeniaritzan zentratuko nintzela, eta fenomeno fisiko bat azalduko nuela argazkiaren bidez. Horrela, lehiaketaren helburuetako bat behintzat erdietsiko nuen: dibulgazio zientifikoa.

Zer lan dago argazkiaren atzean?

Saiakera asko, batez ere. Dena den, aurretik hainbat ideia izan nituen buruan bueltaka. Gaur egun, laborategi batean egiten dut lan, eta bertako elementuak aprobetxatzea interesgarria iruditu zitzaidan. Objektua eta fenomeno fisikoa aukeratuta, esperimentazioari ekin nion. Berrehun bat argazki egin nizkion osotara ontziari: ez zen hasieran imajinatuta nuen argazkia bezalakoa, eta azkenean beste perspektiba batetik erakargarriagoa zela ikusi nuen.

Zer behar du argazki batek ona izateko?

Irudiaren konposiziori erreparatzen diot nik, gehienbat. Argazki batek ez du konplexutasun handia izan behar ederra izateko. Izatez, nirea aski sinplea da, baina konposizioa harmonikoa izan zedin saiatu nintzen sutsuki. Simetria bilatu nuen, esaterako. Biraketa indarra puntu jakin batean nabari zedin nahi nuen, zehazki. Argazkiaren osagai bakoitza behar zen lekuan egotea lehenetsi nuen.

Kalkulu matematiko baten gisan, emaitzaren perfekzioa bilatzen duzu, beraz?

Ez. Argazki on batek ez du perfekziorik behar. Ezinbestekoa den bakarra zer edo zer transmititzea da, eta hori da lortzen zailena. Pentsarazten duten argazkiak dira hoberenak, mezu bat helarazi eta ikusleari zerbait eragiten diotenak.

Argazkiak eman nahi duen mezu hori esplizituki eman behar zaio ikusleari?

Egoeraren araberakoa da hori. Nik nahiago izaten dut imajinazioari ateak zabaldu, ez dut gustuko dena egina ematea. Kasu hau, dena den, berezia da. Nire senide edo lagun askok ez dute lehenbiziko unean jakin zer zen begi aurrean zutena. Gero, ordea, aski zuten argazkiaren azpiko deskribapena irakurtzearekin. Instagramek ematen dituen aukerak aprobetxatu egin ditut, nolabait.

Zein dira aukera horiek?

Gaur egun, mundu guztiak erabiltzen du sare sozial hori; eta zer esanik ez gazteen artean. Erakusleiho erraldoi bat da, azken finean. Helburua zientzia eta teknologia jendearengana hurbiltzea denez gero, hautu ona izan dela uste dut; erosoa parte hartu dugunontzat, eta erakargarria gainerakoentzat.

Zertan lagundu dezakete ingeniaritza ikasketek argazkigintzan?

Ikasketek diziplinatua izaten irakatsi didate. Oro har, oso saiatua behar duzu izan ingeniaritza ikasteko. Argazkigintzan ere, nire ustez, lan handia egin behar da benetan merezi duten emaitzak lortu nahi badira. Unibertsitate ikasketei esker, tematia izaten naiz lanean, eta horrek asko laguntzen dit argazkiak ateratzeko garaian. Dena den, noski, argazkilaritza artearen adar bat da, eta ez da ingeniaritzak bezain diziplina zurruna.

Eta alderantziz, zertan da lagungarri argazkigintzan aritzea ingeniari izateko?

Argazkilaritzan lantzen den sormenak asko balio du ingeniaritzan. Azken finean, ingeniari bati arazoak planteatzen zaizkio etengabe, eta arazo horiei soluzioak bilatzea da lanaren oinarria. Sormena behar-beharrezkoa da horiek aurkitzeko, egoera bakoitzean hartu beharreko bidea edo eman beharreko pausoak zein diren arinago ikusteko. Hartu-emana dago, azken finean, bi diziplinen artean.

Zer iritzi duzu argazkien edizioaren edota iragazkien erabileraren inguruan?

Ez naiz oso zalea, ezta aditua ere. Nahiago izaten dut gehiegi ez erabili, eta argazkiak bere horretan utzi. Baina emaitza ederrak lor daitezke ongi erabiliz gero. Erabat aldatu dezakete argazki batek transmititzen duena. Onerako, askotan.

Parte hartuko zenuke berriz ere horrelako argazki lehiaketa batean?

Bai, jakina. Esperientzia ederra izan da, eta kritika onak jaso izanak motibatu egin nau argazkigintzan are gogotsuago jarraitzeko. Gainera, argazkiak ateratzeak gauzak beste era batera begiratzera narama. Argazkiok atera nituenetik, laborategia txoko ederragoa iruditzen zait. Artistikoagoa, tramankulu artean egon arren.

Iritzia: Minaren kolorea

Iritzia: Minaren kolorea

Naiara Elola

Beltza, oso beltza da asfaltoaren kolorea. Iruñea eta Behobia lotzen dituen N-121-A errepidea ez da itxuraz beste errepideak baino beltzagoa. Baina azken urteetako datuei erreparatzea nahikoa da errepide arriskutsua dela ohartzeko. Izan ere, azken 25 urtean 195 lagun hil dira bertan. Iaz hiru lagunek galdu zuten bizia. Aurten, dagoeneko, bi lagun hil dira auto istripuan, Mikel Manzano eta Xabier taberna, Arantza eta Igantziko bi gazte.

Ia galera barneratzeko denborarik gabe, borrokan hasi dira Manzanoren gurasoak eta arreba. Helburua argi dute: N-121-A errepideko kamioi kopurua murriztea. Ziur daude beren semeak bizia galdu zuen istripuko erantzulea ez zela jo zuten kamioia izan. Hala ere, errepideak berezko duen arriskua areagotu egiten dutela irizten diote. Horregatik, aste honetan bertan, Nafarroako Arartekoarekin eta Nafarroako Parlamentuko presidentearekin bildu dira beren eskaeraren berri emateko.

Halako istripu lazgarri bat gertatzen den bakoitzean, barnean halako estualdi bat sentitzen dut. Egunero ibiltzen naiz joan-etorrian Iruñera errepide horretan. Sei urte baino gehiago dira ibilbide hori egiten dudana. Denbora horretan denetik ikusi dut: gidaria lokartu eta zelai batean hegazkinen antzera lur hartutako kamioiak, maldan behera balaztarik gabe gelditu den kamioia auto bat aurreratu nahian, sakelakoan mezua idatziz autoa gidatzen duen gizona, errepideko lerro jarraitua egonda ere ibilgailuak aurreratzen dituen gidari arduragabea...

Pertsonalki, ez dakit zein izan daitekeen irtenbidea. Manzanotarrek proposatutakoa ideia ona izan liteke. Belateko tunelak konpontzen ari zirela mugatu zuten kamioien joan-etorria lehenengo aldiz. Nabarmen murriztu zen ibilgailu pisutsu horien zenbatekoa. Hala ere, irtenbide hori, nire ustez, behin-behineko irtenbide bat besterik ez da. Errepide horrek epe luzerako irtenbide bat behar du. Inbertsioa handia izan arren, autobia bilakatu beste irtenbiderik ez dagoela esango nuke.

"Egia da gobernatu dugunean ez dugula egin, baina ezin dugu dena egin". Javier Esparza Navarra Sumako Nafarroako Parlamentuko bozeramailearenak dira hitzok. Beharra egon arren, inolako lotsarik gabe onartu du duela egun gutxi N-121-A errepidean ez zuela ezertxo ere egin UPNren gobernuak. Beste gauza askotarako zuten dirua, tartean Navarra Arenarako edota Los Arcoseko zirkuiturako, ez zuten horren beharrezkoa zen beste azpiegitura horretarako.

Irtenbidea iritsi bitartean, N-121-A errepidearen asfalto beltza hildakoen omenez jarritako lore sortekin koloreztatzen jarraituko dute haien senideek. Olagueko zuzenbidean oraindik ez dute jarri, baina ziur laster jarriko dutela.

Bertatik igarotzean, beti oroituko naiz hor bi gazte hil zirela. Haiei tokatu bezala, niri eta nireei tokatzeko aukerak badirela. Ez nuke inoiz lorerik jarri nahi. Horregatik, Manzanotarrek bezala, nik ere, irtenbidea eskatzen dut. Haiek bezala, ez nireentzat bakarrik, denentzat.

Burokrazia, eskubideak murrizteko aitzakia

Burokrazia, eskubideak murrizteko aitzakia

Edurne Elizondo

Egoera ez da lehengoa. LGTBI mugimendua anitz ahaldundu da, eta ez da erraza indar hori suntsitzea". Laura Berrok erran zituen hitzok, 2018ko ekainean, Iruñeko Udaleko Berdintasun eta LGTBI zinegotzia zenean. Iazko maiatzeko hauteskundeak egin eta gero, udaletik at gelditu zen Berro. Jada ez da zinegotzi, eta udal gobernua Navarra Sumaren esku da —UPN, Ciudadanos eta PP—. Berdintasun eta LGTBI saila hutsean utzi dute hiriko oraingo agintariek: Maria Garcia-Barberena Kultura eta Berdintasun zinegotzia da, eta LGTBI sailaren arrastorik ez da gelditzen. Ez hori bakarrik: LGTBI kolektiboaren aldeko udal politiken ikur den Harrotu zerbitzua kamustu nahi du Enrique Maia alkateak; itxi ez, baina hankamotz utzi, eskaintzen dituen zerbitzuak murriztuz.

"Aurreko udal gobernuak arlo sozialean egindako urrats guztiak hutsean utzi nahi dituzte oraingo agintariek", salatu du Berrok. Lehengo egoerara itzuli, alegia. Aranzadiko zinegotzi ohiak uste du ez dela erraza izanen LGTBI mugimenduaren indarra suntsitzea, oraindik ere, eta kolektiboak hasi dira jada indar hori karrikan erakusten.

Udalak abenduaren 12an bilera bat egin zuen Harrotuko arduradunekin, zerbitzua moldatzeko zituen asmoen berri emateko. Handik egun gutxira, abenduaren 16an, Kattalingorriko eta bertze hamaika kolektibotako kideek agerraldi bat egin zuten udaletxe aurrean, asmo horiek salatzeko eta Harrotu zerbitzua bere horretan behar dela defendatzeko.

Kattalingorrik kudeatzen du Harrotu. Nafarroako Gobernuak bultzatutako eta LGTBI kolektiboa artatzeko Kattalingune zentroaren ardura ere elkarte horren esku da. Abenduaren 12an egindako bileran, zerbitzua "bikoiztua" dagoela erran zien Iruñeko Udalak Kattalingorriko arduradunei, Harroturen eskumenak murrizteko argudio gisa.

Eskuduntzak

Enrique Maiaren udal gobernuak 2017ko Berdintasunerako legea hartu du egindako urratsen oinarritzat, eta nabarmendu du LGTBI kolektiboko kideak artatzeko zerbitzuak martxan jartzeko eskumena Nafarroako Gobernuarena dela, lege horren arabera. Udalak erran du, zehazki, Nafarroako Gobernuak jakinarazi ziola eskuduntza gehiago hartu nahi dituela, eta hortik datorrela Harroturen zerbitzuak murriztu nahi dituen eredu aldaketa. Nafarroako Gobernuak, baina, ohar baten bidez ukatu egin du hori: "Gobernuak ez du inolako aldaketarik proposatu Kattalingunek eskaintzen duen zerbitzuan; zerbitzu horren barruan daude sexu eta genero aniztasunaren esparruko aholkularitza, sexu aholkularitza eta laguntza juridikoa, Nafarroa osoko herritarrentzat, Iruñekoak barne. Hala da 2016. urtetik".

"Zerbitzua bikoiztuko dela esaten dute, baina, horren inguruko informazioa eskatu, eta ez digute deus eman; Iruñeko Udaleko arduradunek ez digute inolako txostenik erakutsi", erran du Kattalingorri elkarteko kide Ander Iribarrenek. Kezka agertu du Harroturen inguruan udalak har ditzakeen erabakien inguruan, eta argi utzi du Harrotuk egun eskaintzen duen "zerbitzu osoa" behar duela hiriak.

Udalak "elkarteentzako espazio" bilakatu nahi du Harrotu, eta arretan, sexu aholkularitzan eta laguntza juridikoan betetzen dituen funtzio nagusiak hutsean utzi. Urtarrilaren 9an egin zuten Iruñeko Udaleko eta Kattalingorriko kideek azken bilera. "Ez digute deus berririk esan. Zerbitzuak bikoizteari buruzko txostena ez dugu jaso oraindik, eta hori behar dugu, auzi horren inguruko erantzuna eman ahal izateko", berretsi du Iribarrenek.

Hilaren 9ko bileran udalak ez zuen inolako eperik zehaztu egin nahi dituen aldaketak martxan jartzeko. Zerbitzuari eraginen liokete, bai eta Harrotun ari diren langileen egoerari ere. Egun, lau pertsona ari dira San Gregorio karrikako bulegoan lanean; zerbitzuak murriztuz gero, langile horietako hiru galduko lituzke zerbitzuak.

2017ko ekainean inauguratu zuten Harrotu, eta 2019ko bukaerakoa da zerbitzu hori kudeatzeko Kattalingorrik udalarekin duen azken kontratua. Urteotako lanak agerian utzi du herritarrek behar duten zerbitzu bat dela Harrotuk ematen duena, eta hori galtzea da Kattalingorriko kideen kezka nagusia, hain zuzen ere.

Baliabideak

"Harrotuk lan ildo ezberdinak ditu, baina denek eragiten diote elkarri; beren osotasunean hartu behar ditugu". Horixe nabarmendu du Iribarrenek, eta, horregatik, argi utzi du lan ildo horietako batzuk bertan behera uzteak zerbitzu osoari eginen liokeela kalte. "Herritarrak izanen dira galtzaile. Harrotun segurtasun eta askatasun espazio bat sortu dugu, espazio atsegin bat, kalitatezko arreta eskaintzeko, eta ez dugu galdu nahi".

INAI Nafarroako Berdintasunerako Institutuko kideekin ere egin dute bilera bat Kattalingorriko kideek, eta, azaldu dietenez, gobernuak ez du asmorik Kattalinguneri baliabide gehiago emateko. "Harroturen zerbitzuak murrizten badituzte, Kattalingunek egin beharko die aurre Iruñeko beharrei ere; baina, baliabiderik gabe, nekez egin ahal izanen dute", azaldu du Iribarrenek.

Orain arte, Harrotuk artatu du Iruñeko jendea, eta Kattalingunek, berriz, herrialdeko gainerako hiri eta herrietakoa. "Zerbitzu publikoak dira biak, eta ezin dute inor kanporatu, baina ahalik eta eraginkorren izaten saiatu dira beti", zehaztu du Ander Iribarrenek. Argi utzi du, dena den, gaur egun ere, nork bere baliabideekin, "ahal duena" egiten duela. "Ezin dugu ahaztu zerbitzuek ezin izanen dutela lan eraginkorra egin baliabiderik ez badute. 2017an onartutako legea helduleku garrantzitsu bat da, baina ez dira jasotako neurriak diruz hornitzen ari".

Orain arte, 130.000 euroko aurrekontua izan du Harrotuk, urtean; Kattalingunek, berriz, 110.000 eurokoa.

Aipatzekoa da UPNk —egun Navarra Sumaren barruan dago, Ciudadanos eta PPrekin batera— ez zuela babestu 2017ko LGTBI berdintasunerako legea; abstentzioaren alde egin zuen Nafarroako Parlamentuko bozketan; PPk, berriz, kontrako botoa eman zuen. Iruñeko Udalean ere, UPNk zalantzan jarri zituen LGTBI kolektiboaren inguruko politikak, Joseba Asiron (EH Bildu) alkate zenean. Zehazki, Harrotu "doktrinatzeko" erabiltzea egotzi zion Aranzadiri: "Diru publikoarekin zama politiko erradikala duten ehunka liburu erosten ari dira, udal liburutegi populista, ideologizatu eta muturreko bat sortzeko", erran zuten UPNko udal taldeko kideek 2018an.

"Arazoa ez da oraingoa", erran du Berrok; baina beharrezkotzat jo du oraingo urratsak oraingo testuinguruan kokatzea: "Eskuin muturra, matxismoa eta LGTBIfobia gora egiten ari dira. Navarra Sumak bat egin du joera horrekin". Zinegotzi ohiak argi du auzia ez dela burokraziaren esparruko arazo huts bat: "Kolektibo baten eskubideak murrizten ari dira".

Itzalak argia nahi ez duenekoa

Itzalak argia nahi ez duenekoa

J. Senar - E. Elizondo
Ez da erraza ezkutuan gelditu nahi duen hori aurkitzea, gordeta jarraitu nahi duenak ahaleginak egiten dituelako aurki ez dezaten". Vigoko Unibertsitateko irakasle Alberto Vaquero-Garciarenak dira hitzak, eta Nafarroako Unibertsi...

Kalean, baina bizirik

Kalean, baina bizirik

Uxue Rey Gorraiz

Urtebete joan da. Iruñeko Maravillas gaztetxeko kideek gogora ekarri dute Nafarroako Gobernuak aurreko urtearen hasieran eraikina hustu zuenekoa. Helburu horrekin, elkarretaratzera deitu zuten iragan den ostegunean, eta lagun mordoa agertu zen babesa ematera.

Iazko urtarrilaren 8an sartu ziren foruzainak gaztetxean, ikuskaritza teknikoa egin behar zutela argudiatuta. Ordu txikietan hustu zuten eraikina, barrenean inor ez zegoela aprobetxatuz. Agindua, jakina, goragotik heldu zen: Iruñeko Instrukzioko 4. Auzitegiak eman zuen, Nafarroako Gobernuko Ondare Zerbitzuak eraikina ikuska zezan, haien esanetan, "segurtasun neurriak" zirela medio. Eraikinera indarrez sartu, eta barreneko materiala eraman zuten. Hura salatzeko eta gaztetxeak bizirik dirauela aldarrikatzeko bildu dira berriki gazteak Nabarreria plazan. Kalean, porlanez itxita baitago jauregiko atea iaztik.

Gazteek orain urtebeteko argudio berari eutsi diote. Haien ustez, Nafarroako Gobernuak adierazi zuen ikuskatzeko beharra "aitzakia hutsa" izan zen, eta sinetsita daude horren atzean "gaztetxea hustu nahia" besterik ez zegoela. Hilabete korapilatsua izan zen iazko urtarrila, baina, tirabira hainbaten ondotik, Maravillas gaztetxea ixtea lortu zuen Nafarroako Gobernuak. Gaur egun gaztetxekoek ez dute eraikinean sartzerik, baina kalean jarraitzen dutela aldarrikatu dute ozen: "Ez gara desagertu".

2017ko irailaren 3an okupatu zuten gazteek Rozalejoko markesaren jauregia lehenbiziko aldiz. Nafarroako Gobernuaren jabetzakoa da eraikina, baina urteak zeramatzan hutsik ordurako. Gobernuak salaketa jarri zuen, eta akusazio partikular bilakatu zen 2018ko uztailean. Handik hilabetera, abuztu hartan, foruzainek gaztetxea hustu zuten, Espainiako Poliziaren laguntzaz. Protestak izan ziren biharamunean gaztetxearen ingurumarietan, eta istiluak izan ziren Poliziarekin. Dozenaka zauritu izan zirela salatu zuten gazteek, Polizia borrekin oldartu baitzitzaien. Arratserako, ordea, berriz okupatu zuten gaztetxea, iazko urtarrilera arte.

Maravillas gaztetxeko kideen eta instituzioen arteko tentsioak bizirik jarraitzen du ordutik, eta negoziazioetan ez dute erdietsi ados jartzea. 2018ko abuztuan foruzainek jauregia hustu zutenean, 22 lagun identifikatu zituzten, eta, urtebete baino gehiago esperoan igaro eta gero, 2019ko urrian izan zuten epaiketa, udazkenera atzeratu baitzuten berez maiatzerako aurreikusita zegoen zita. Epaiketan, denak absolbitu zituzten, azkenean, "froga faltagatik". Magistratuak adierazi zuen ez dagoela froga nahikoa auzipetuei zigorra ezartzeko. Ondotik, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen ez zuela helegiterik jarriko, epaiketa galdu izanagatik ere.

Memoriaren etxe

Rozalejoko markesaren jauregiaren etorkizuna notizia izan da berriz ere azken egunotan. Joan den astean, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok bere departamentuaren plan estrategikoa aurkeztu zuen. Aurrekontuaren berri ere eman zuen, eta, bertan ageri denez, gobernuak bost milioi euro erabiliko ditu jauregi horretan Nafarroako Memoriaren Institutuaren egoitza ezartzeko lanetarako. Ez dago dataren inguruko zehaztapenik oraindik.

Gaztetxekoak ez dira sobera harritu Ollok adierazitakoarekin. Izan ere, 2018ko udan argudio horixe erabili zuen aldaketaren gobernuak gaztetxea hustu zezatela agintzeko. Ia urte eta erdi geroago, hura "ezerezean" gelditu dela nabarmendu dute gazteek, ez baita halakorik martxan jarri, eta gobernuaren hitzaz ez direla fio azaldu du kide batek.

Instituzioetatik jasotzen ez duten babesa kalean sentitzen dute gaztetxekoek. Auziak oihartzun handia izan du Iruñerritik kanpo ere: Euskal Herriko txoko askotako jendeak hartu du parte Maravillasen aldeko manifestazioetan. Elkartasun keinuetan bereziena, ordea, Josefina Lambertok behin baino gehiagotan adierazi diena izan da. Jauregia lehen aldiz hustu zuten egunean bertan joan zen hara. Haren ahizpa Maravillas Lambertoren omenez du izena hala gaztetxeak. 1936an, frankistek bortxatu, hil eta txakurretara bota zuten Maravillas.

Bide zaila izaten ari dira gaztetxekoak azken urteotan, eta ez dirudi, oraingoz, oztopoak lautzera doazenik. Aurrera begira ari dira, ordea, esperantzaz. "Ez zaigu falta borrokatzeko indarrik, eta hemen jarraitzen dugu", defendatu dute, irmo. Hemendik aurrera batez ere "auzoan zentratzeko grina" dutela aldarrikatu dute. Iruñeko Alde Zaharrean gelditu nahi dute, auzoaren alde egiteko. Bizilagunek helarazten dieten berotasunak indartzen ditu bidean: "Kaleak astintzen segituko dugu", esan dute, ozen.

Iritzia: Ez digute ezer oparituko

Iritzia: Ez digute ezer oparituko

Lur Albizu Etxetxipia
Ez digute ezer oparituko; are gehiago, egunez egun oparitzen digutena miseria baino ez da. Opari pozoidun asko, gehiegi, eman izan dizkigute azken urteetan. Eta irentsarazi nahi izan dizkigute. Banan banan. Iruzur bat bestearen at...

Hego haizea, plazerari ateak zabaltzeko

Hego haizea, plazerari ateak zabaltzeko

Uxue Rey Gorraiz

Lagun batekin Bartzelonara egindako bidaia batean hartu zuen erabakia. Artikulu erotikoak saltzen zituen denda batean sartu zen Fernando Alonso, eta txundituta utzi zuen han ikusitakoak. "Horrelakorik Iruñean ez genuela pentsatu nuen segituan", ekarri du gogora. 1992ko udan izan zen hura, eta, bi urteren buruan, 1994ko abuztuan, Sex Haizegoa ireki zuen beste bazkide batzuekin batera.

Hain zuzen ere, Iruñeko lehenbiziko sexu denda da, eta ateak zabalik ditu oraindik, dagoeneko mende laurdena beteta. Gauzak asko aldatu dira 25 urtean, baina asmo berarekin eta betiko grinaz jarraitzen du lanean Alonsok: sexualitatearen normalizazioa xede, sexu osasuna sustatzeko lanean dihardu.

"Denda irekitzea erabateko iraultza izan zen. Ohartzerako, komunikabide guztietan ginen". Lehen egunak, ordea, aldrebestuak izan ziren dendaren bultzatzaileentzat, ika-mikak izan baitzituzten udalarekin. Udaltzainak agertu ziren denda ireki eta berehala, itxi zezatela eskatzeko, ia azalpenik eman gabe. Udalak emandako agindua zen, negozioa irekitzeko behin betiko lizentziarik gabe ezin zirela aritu argudiatuta. Alonso sinetsita dago horren atzean asmo argi bat egon zela: "Politikak ez zuen nahi gu hemen egoterik. UPNk gaizki hartu zuen denda ireki izana, eta maniobra egiten saiatu ziren". Lehenbiziko oztopo hura gaindituta, baina, dendak ateak ireki ahal izan zituen handik egun gutxira. "Sexuaz ari ginelako itxi ziguten: beste edozein negoziori ez zitzaion hori gertatuko", azaldu du. Jendearen erantzuna, ordea, askotarikoa izan zen. Gogoan du hainbat auzokidek babesa eman zietela, nahiz eta izan zen kexuka aritu zenik ere. "Sexua ez da gai erosoa. Jendearen %99,9rentzat gaia tabu bat da, oraindik ere".

Bi ate daude, aukeran, dendan sartzeko. Bata, ate nagusia dei dakiokeena, kolore biziz apaindutako pareta batean dago. Bigarrena atzeko aldean dago, eta etxe batera emanen lukeen atari arrunt baten itxurakoa da. Ez da kasualitatea. Askok hautatzen dute bigarren hori, diskretuago jokatzearren, "lotsaren lotsaz", Alonsoren hitzetan. Irmoki defendatzen du aurreiritzi horiek atzean utzi beharko liratekeela. Haren ustez, ordea, ez da harritzekoa, hori "irakatsi" baitzaio jendeari: "Sexualitatea modu negatiboan hartu da beti. Nola ez dute lotsarik sentituko?"

Sexu osasuna sustatzea du helburu Sex Haizegoak sortu zenez geroztik; Alonsok berak ere sexologia ikasketak egin zituen behin denda irekita. "Bizitza erotikoan osasuna dago, eta guk ahal adina baliabide eskaini nahi ditugu hura lantzeko". Jostailu sexualak baliatzen dituzte, gehienbat, horretarako. Iraultza "ikaragarria" izan dela azaldu du Alonsok, bai produktuen aniztasunean, baita hornitzaileek horietarako erabiltzen dituzten materialei dagokienez ere. "Gaur egun erabiltzen diren materialak oso bestelakoak dira orain duela mende laurdena erabiltzen zirenen aldean". Ziber-azala deiturikoak, adibidez, sekulako arrakasta erdietsi du merkatuan, latexa baino askoz "atseginagoa" baita, oro har.

Klitoria, ahoz aho

Jostailu erotikoen itxuretan eta eraginkortasunean ere aldaketa nabarmena izan da oso. Alonsok gogora ekarri du dendan lanean hasi zenean itxura falikokoak zirela gehienak, edota aluak imitatzen dituzten zulo itxurakoak. Egun, aukerak anitz dira: arrautza sintetikoak, eraztun estimulatzaileak, bola txinatarrak, eta urrutiko agintearekin funtzionatzen duten jostailuak ere eskura daude batik bat. "Sexua sarketara mugatzen zela uste zen, orientazio heterosexualari erreparatzen zitzaion soilik, eta jostailu erotikoek gizonen plazera lortzea beste helbururik ez zuten". Gutxika egin da aldaketa, baina, perspektibarekin begiratuz gero, "ukaezina" da aurrerapausoa.

"Denda ireki nuenean, 1994. urtean, klitoria ez zen aipatu ere egiten. Orain, gero eta gehiago. Bistan da." Alboan dituen jostailu batzuetara zuzendu du eskua Alonsok. Erakusmahaian bertan hainbat markatako klitori xurgagailuak ditu, kaxetatik kanpo, oso eskura. Jendeak satisfyer gisa ezagutzen ditu, hura marka bat bakarrik izan arren, hori baita ospea eman diona. Jostailu sexualen bilakaeraren adibide argia da klitori xurgagailua. Arrakasta "itzela" duela dio Alonsok, irakurri eta entzun duenaz gain bere dendako salmentetan antzeman du-eta bezeroek egindako harrera beroa. Horrelakorik ikusten duen lehen aldia da, eta, gailua erabili dutenen ahotik entzun dituen laudorioez gainera, testuinguru publikoetan, komunikabideetan eta sare sozialetan esaten denak harritzen du gehien; orain urte batzuk "pentsaezina" litzateke-eta halakorik.

Klitori xurgagailuaren teknika berritzailea da gailuaren arrakastaren eragilea, Alonsoren aburuz. Izan ere, bibrazioa klitoria estimulatzeko eraginkorra dela ikusi da, azalarekin kontaktu zuzenik izan gabe, haizea hurrupatuz. "Bakoitzak nahiago duen distantzian eta intentsitatearekin erabili beharko du, baina argi dago bete-betean asmatu dutela". Horrela, lehen aldiz, klitoria kokatu dute askok plazeraren erdigunean, eta emakumezkoen sexualitatea ere mintzagai bihurtu du "behingoz", haren esanetan. Gaiaz hitz egiteak emakume asko animatu ditu jostailuok erabiltzera, eta bezeroen profila ere aldatu du, nolabait. "Orain askoz emakume gehiago etortzen dira dendara, gazteak zein helduak". 80 urte inguruko emakumeak ere joan dira satisfyer bila. Adina ez da muga.

Aurrerapausoak aurrerapauso, sexualitatearen normalizazioa erdiesteko egin beharreko bidea luzea eta malkartsua da oraindik. Autoerotismoa kontu bereziki konplikatua dela deritzo Alonsok, batez ere gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aldeari erreparatuta. "Gizonak harrotu ere egin gaitezke masturbazioaz ari garenean". Ez da halakorik gertatzen emakumeen kasuan, eta, hein batean, erlijio katolikoak gizartean utzi dituen arrastoei leporatzen die hori Alonsok. "Iruditzen zait Ama Birjina dela oraindik ere emakumeei jartzen zaien eredua".

Erlijioaren eragina

Ez du uste Iruñea sexu kontuetan bereziki atzerakoia denik, baina irmoki dio erlijioak erabat baldintzatu duela askoren bizitza sexuala. Ez, beharbada, gazteenen artean, baina, helduen kasuan, zalantza izpirik ez du. Haur eta nerabe zirela ikasketak eskola erlijiosoetan eta, are gehiago, Opus Deiren gidaritzapekoetan egin zituztenek "urte ilunak" bizi izan zituzten, haren ustez, sexuari dagokionez behintzat. "Ezkonduen artean ez bazen, sexuaren inguruko mezu guztiak negatiboak ziren, eta horrek gizartea markatzen du". Haren iritziz, ideia horiek ezinbestean zailtzen dute normalizazioa. "Batzuk gai izan dira ideia horiek burutik ateratzeko, baina beste askok barren-barrenean dituzte mezuok, eta gaizki sentitzen dira masturbatzean, bai eta desiratze hutsarekin ere", azaldu du.

Argi izpien beharra

Egun eskaintzen den sexu heziketa "berantiarra, urria eta eskasa" da, Alonsoren ustean. "Sexua osasuna da, eta txiki-txikitatik jaso behar lukete haurrek horren inguruko informazioa". Skolae programa ekarri du gogora, bai eta haren kontrako jarrerak gaitzetsi eta haren beharra azpimarratu ere. Izan ere, iruditzen zaio gaur egun egiten dena ez dela nahikoa inola ere: "Ematen den sexu heziketa urri hori prebentziora bideratua egoten da ia erabat: ez zaio plazerari erreparatzen". Heziketa lan hori adituei dagokiela defendatu du, sexologoei alegia, eta ez soilik Osasun Departamentuari, ikastetxe askotan gertatzen den moduan.

Heziketa sexual on baten faltak maiz eragin du gaiaren inguruko informazioa iturri desegokietan bilatzea. Askotan, pornografia hartzen da eredu, eta hori bera Sex Haizegoan ere antzeman du haren jabeak. Bezeroen eskakizunetan nabaritzen du, film horietan ikusitakoa imitatzeko joera baitago. "Hori heziketa on batek konpon lezake. Plazeraren kontzeptua zabaltzea da giltza".

Hain zuzen ere, plazera bere zabaltasunean lantzeko hainbat proiektu abiarazi ditu Sex Haizegoak urteetan. Jostailu sexualak ez ezik, margolan eta narrazio erotikoen lehiaketak antolatu izan dituzte, eta eurek sortutako mahai joko erotikoa ere eskuratu daiteke dendan: Sexoguay du izena, eta 2.400 galdera sortu zituzten horretarako. Gainera, sormen prozesuan erabilitako kontzeptu horiek denak biltzeko plataforma bat mesedegarria izan zitekeela ondorioztatu zuten. Halaxe jaio zen izen bera duen hiztegia. Sarean kontsulta daiteke; etengabe ari da hazten, eta milioi bat bisita baino gehiago ditu dagoeneko.

Sex Haizegoak duela 25 urte abiatu zuen bideak beste hainbeste urte ditu aurrean. Iruñean sexualitateaz natural hitz egiteko espazioa izaten jarraitu nahi du, eta bizitzak ahal bestean "alaitzen" segitzeko gogorik ez du faltako. Sexua "plazera, komunikazioa eta dibertsioa" ere badela gogoan izatea nahi du Alonsok. Nork bere erara, baina juizioak atzean utzirik, eta gozamenari aukerak eta ateak zabalduz.

Zer gogoratu, eta zer ahaztu

Zer gogoratu, eta zer ahaztu

Edurne Elizondo

Eraitsi beharko lukete; ez dut ulertzen zergatik ez duten oraindik egin". Fernando Mikelarena historialariak (Bera, 1962) ez du inolako zalantzarik; argi du administrazioak Iruñeko Erorien monumentu frankista behera bota beharko lukeela. Eraikina bere azken liburuko gai nagusiarekin lotu du: "Irabazleen kontakizunarekin", alegia. "Eskuinaren indarkeria sinbolikoaren eta hegemonia kulturalaren menpe gaude, oraindik ere", nabarmendu du. Irabazleek erabaki dutelako, beti, zer gogoratu eta zer ahaztu.

2015. urtean Sin piedad izenburuko liburuarekin hasitako trilogia itxi du Mikelarenak, orain, La (des)memoria de los vencedores. Jaime del Burgo, Rafael García Serrano y la Hermandad de Caballeros Voluntarios de la Cruz (Pamiela, 2019) lanarekin. 2017an, Muertes oscuras argitaratu zuen historialariak. Hiru lanotan, 1936ko eta 1937ko garbiketa politikoa jorratu du idazleak.

Lehendabiziko liburuan garbiketa politiko horren biktimei egin zien so Mikelarenak, batez ere, eta izen-abizenez aipatu zituen, gainera, errepresioaren erantzule, kolaboratzaile eta exekutatzaile izandakoak. Auzi horri eutsi zion Mikelarenak bigarrenean ere, baina Bidasoaren lurraldean kokatuta. "Kontrabandisten lurraldea da Bidasoarena, eta horrek bitxi bilakatzen du hango ekosistema", azaldu zuen egileak, lan hori aurkeztu zuenean. Mikelarenak ikertutako heriotza ilunen artean zen Gazteluko Sagardia Goñi familiako kideena. Berriki argitaratutako hirugarren lanarekin, azkenik, 1936ko altxamendu militarra bultzatu eta gerra irabazi zutenei egin die so historialariak, memoria eta ahanztura nola kudeatu zituzten aztertzeko.

Egileak nabarmendu nahi izan du, batetik, nahita eta asmo garbi batekin erabaki zutela zer gogoratu eta zer ahaztu 1936ko eta 1937ko garbiketa politikoa egin zutenek; eta, bertzetik, argi utzi du garaileena dela "oroimen hegemonikoa" oraindik ere. "Hori penagarria da".

Hegemonia horren adibidetzat jo du Iruñeko Erorien monumentua. Mikelarenak kritikatu du Iruñeko Udalak eraikinaren etorkizuna erabakitzeko egindako prozesua: "Bada garaia dauden tabuak gainditzeko eta ausardiaz jokatzeko", erran du: "Eraikina eraitsi beharko lukete".

Kontakizuna osatu

Erabaki zer gogoratu eta zer ahaztu; zer nabarmendu eta zer bilakatu bigarren mailako elementu. Hori eginez, oraindik ere indarrean den kontakizuna osatzeko aukera izan zuten 1936ko gerrako garaileek. Nafarroan, kontakizun horrek berezko hainbat ezaugarri izan zituela azaldu du Mikelarenak, hain zuzen ere. "Errepublikaren aurkako mezuak Nafarroako testuingurura egokitu zituzten erreketeek, eta gurea jo zuten errepublikako kaosari aurre eginen zion herrialdetzat".

Erreketeek garbiketa politikoan bete zuten rola sakon landu du Fernando Mikelarenak bere trilogian. Zehazki, Sin piedad izenburuko lehen liburuan, garbiketa politiko horretan hainbat ardura mota bereizten ahal direla azaldu zuen historialariak: "Lehen mailan dira agintari militarrak", erran zuen, orduan; erreketeen eta falangisten buruzagiak kokatu zituen bigarrenean; eta hirugarren maila batean, berriz, "bertzeak hiltzeko prest" zirenak. Garaileek memoria eta memoriarik eza kudeatzeko egindako prozesuan, hainbatek erreketeen ardura "ukatu" egin dutela erantsi du Mikelarenak.

Nafarroan Molak eta Sanjurjok izan zuten garrantzia aipatu du, bertzalde, Mikelarenak. "Nafarroan, altxamenduaren aldeko sektoreek sinetsarazi nahi izan zuten Molaren eta Sanjurjoren alde aritzeko egin zutela bat diktadurarekin, ez Franco laguntzeko".

Erran dena bezain garrantzitsua izan da isilarazitakoa. Horixe nabarmendu du Mikelarenak, eta salatu du garbiketa politikoaren inguruko agiri anitz desagerrarazi zituztela, 1936ko gerra bukatu eta gero. "Falangistek errepresioan izan zuten arduraz anitz hitz egin da; baina hemen ez ziren hainbertze. Erreketeen arduraz, ordea, ez da hainbertze hitz egiten". Trantsizioan ere alderdien artean "isiltzeko hitzarmen bat" izan zela gaineratu du historialariak.

Garaileen memoria eraikitzeko prozesuan zenbait pertsonak bete zuten rola aipatu eta nabarmendu du Fernando Mikelarenak, bertzalde; zehazki, bi izen jarri ditu mahai gainean: Jaime del Burgorena eta Rafael Garcia Serranorena. Mikelarenak argi utzi du egileon idatziek kontakizun hegemonikoa osatzen lagundu dutela.

Ia laurehun orriko liburua egin du historialariak, kontakizun hegemoniko horren berri emateko; eta, batez ere, kontakizun hori kudeatzeko prozesuen berri zabaltzeko. Trilogiaren azken lana da Pamielarekin argitaratutako La (des)memoria de los vencedores. Azkena, "oraingoz", egileak zehaztu duenez. Ikertzen jarraitzeko aukera badela nabarmendu du historialariak. Lanerako gogoa eta grina ere ez ditu faltan, artxiboen artekoa baitu Mikelarenak berezko habitata.