Patinen gainean, aske

Patinen gainean, aske

Edurne Elizondo

Sortu zeneko mamiari eutsi dio roller derbyak, eta askatasun espazio bat izan nahi du kirol horrekin bat egiten duten guztientzat, oraindik ere; gizarteak arau bilakatutako ereduez harago, bazterrean gelditzen den errealitateari ere egin nahi dio so roller derbyak, kirolariak patinen gainean ahalduntzeko.

Ez da ohiko kirol bat, eta, kirolaz harago ere, badu zer erran. Herrialdean, Iruñeko Nafarriors taldea da roller derbyaren espirituaren ordezkari, eta bertze hamalau talderekin batera, Liga antolatu du aurten.

1930eko hamarkadan du jatorria roller derbyak, Ameriketako Estatu Batuetan. Emakumeak aritu dira, batez ere, hasieratik. 40 urtez arrakasta izan zuen, eta txapelketak oso sonatuak izan ziren; haatik, gainbehera izan zuen. Baina errautsetatik biziberritu, eta gora egin du berriz. Euskal Herrira ere ailegatu da, eta ari da bidea egiten.

Arauak argiak dira: irristaketa pista batean jokatzen dute hamar pertsonak; bostek talde bakoitzeko. Talde bereko lau lagun batera jartzen dira hesi bat eginez, kontrako taldeko puntu-egilea (jammer) ez pasatzeko; aldi berean, haien taldeko puntu-egileak aurrera egitea ahalbidetu behar dute. Horretarako, lasterketak, bultzadak, blokeoak eta estrategia dira beharrezkoak. Eta hori guztia gurpil gainean.

Ikusgarria eta erritmo biziko kirola da roller derbya, baina ez die jokalariei mugarik jartzen parte hartzeko. Izan ere, haren oinarri nagusietako bat da edozeinek egiten ahal duela bat kirol horrekin. "Arautik kanpo dauden gorputzez osatutako kirol bat da gurea; pertsona trans eta ez-binarioak aritzen dira, eta emakume edo bolleren gorputz argal edo gizenek ere badute tokia". Maia Ansa Diez de Urerenak dira hitzak. Duela urte eta erdi egin zuen bat Iruñeko Nafarriors taldearekin, eta ez du zalantzarik: "Proiektuak maila pertsonalean eta politikoan asetzen nau".

Autogestioaren alde

Aurten martxan jarri duten Roller Derby Ligan ari diren hamabost taldeetako bat da Nafarriors. ARDE izeneko elkartea sortu dute talde horietako jokalari batzuek, eta autogestioaren alde egin dute Liga antolatzeko. Nafarriors taldeko jokalariek urtarrilaren 25ean izan zuten lehen partida, Insubmises Roller Derby Reus taldearen aurka. Porrot batekin hasi dute sasoia, baina martxoaren 14an izanen dute errebantxarako lehen aukera, Bartzelona Roller Derby taldearen aurkako bigarren norgehiagokan.

Garaipena, halere, ez da Nafarriors taldeko kideen helburu nagusia. Patinen gaineko jokoaren bidez, "taldea indartu, ikasi eta gozatu" nahi dute, batez ere. Ikasteko prozesu horretan, roller derbyaren lehendabiziko urratsak gogoan izateko beharra nabarmendu dute jokalariek. "Roller derbya sortu zenean, emakumeak aritzen ziren, gainerako kirol espazioetan sartzea debekatzen zietelako. Beren lasterketa propioak antolatzen hasi ziren egoera horri aurre egiteko", azaldu du Ansa Diez de Urek. Kirol horren bidez, egunerokoak ezartzen zizkien mugak apurtzen zituzten emakumeok, eta patinen gainean korrika eginez azaleratzen zuten muga horiek eragiten zieten amorrua.

Pistan, nolabait, beren alter ego-a eratzen zuten emakumeek, gurpilen gainean. "Hortik dator roller derby taldeko jokalarion derby name edo ezinena", kontatu du Nafarriors taldeko kideak. Ansa Diez de Urek ere badu berea: patinak janzten dituenean, Gata Tangana bilakatzen da patinatzailea.

Karrikan aurkitutako kartel baten bidez izan zuen jokalariak Nafarriors taldearen berri. "Emakume ausartak behar zituztela jartzen zuen, eta berdin zuela patinatzen jakin edo ez". Ansa Diez de Urek bitan baino ez zituen patinak jantzi, taldearekin bat egin aurretik. "Roller derbyaz deus ere ez nekien. Baina harrera beroa egin zidaten, hasieratik".

Talde izaera horrek duen garrantzia berretsi du Nafarriorseko kideak, eta, horrekin batera, zaintzak taldean duen balioa. "Jokalari berri bat sartzen denean, beteranoetako batek babespean hartzen du, nolabait, prozesuan laguntzeko".

Ezaugarri horiek berezi bilakatzen dute taldea, eta ekartzen dute kideen konpromiso handia. "Taldeko kide izan direnek eta orain garenok lortu dugu dugun guztia; inork ez digu deus oparitu. Horrek eman digu egun dugun indarra eta babesa", nabarmendu du Ansa Diez de Urek.

Gorabeheraz betetako bidea izan da azken bost urteotakoa, baina oinarri sendoa lortu du taldeak jada. Hamahiru jokalarik osatzen dute, baina bertze hainbat pertsona aritzen dira taldea laguntzen, eta, denera, hogei lagun inguruko komunitatea osatzen dute.

Ezkabarten entrenatzen dira Nafarriors taldeko kideak, astean bitan. "Partida baten atarian, gehiago". Nafarriors martxan jarri zuten kideek zailagoa izan zuten hasierako bidea, eta hastapeneko entrenamenduak karrikan egin behar izaten zituzten. Zailtasunak zailtasun, ez zuten etsi, halere.

Ligan ari diren taldeen arteko harremana ere hagitz ona dela azaldu dute jokalariek, eta elkar laguntzen saiatzen direla beti, beharra dutenean. Kanpoan inor ez uztea baita kontua. Taldea osatzea. Gozatzea. Patinen gainean askatasun espazioak sortzea.

“Gladys del Estalek eskubidea du biktimatzat har dezaten”

“Gladys del Estalek eskubidea du biktimatzat har dezaten”

Uxue Rey Gorraiz

Energia nuklearraren kontra eginiko protesta baketsu batean, Guardia Zibilak Gladys del Estal hil zuen, tiroz. 1979ko ekainaren 3an izan zen, Tuteran. Egun hartako gertakariak eta mugimendu antinuklearrak Euskal Herrian zein nazioartean izan zuten rola bildu dute 66 minutuko dokumentalean. Bertha Gaztelumendi (Irun, 1962) da zuzendaria, eta lana garaile izan da Argia Sarietan.

Nola jaio zen gai horren inguruko dokumental bat egiteko ideia?

Ideia Sabino Ormazabalena izan zen hasieratik. Berak proposatu zidan filma egitea. Bidea aspaldi hasi genuen, orain dela hiru urte egin baikenituen lehenbiziko grabaketak, Lemoiz inguruan, eta duela urtebete erabaki genuen proiektuari buru-belarri ekitea. Elkarrizketen eta grabaketen lan mardularen ondoren, udan egin genuen muntaketa lana. Hala, emaitza Gladysen hilketatik berrogei urte pasatu diren honetan estreinatzea lortu genuen, 2019an.

Hilketaren egunean gertatutakoa kontatzea da asmoa?

Hori du ardatz edo interesgune nagusi, bai, baina Gladys lurra eta ingurumena defendatzen ari zela hil zuten, eta, ezinbestean, zentral nuklearren aurkako borrokari buruz mintzatu gara filmean. Oso mugimendu plurala zen, sormen handikoa. Manifestazioak eta protestak egiteko modu berri bat sortu zuten garai hartan. Desobedientzia zibilak rol handia jokatzen zuen, antimilitarismoarekin ere harremana zuen batzuen kasuan… Diskurtso desberdin asko biltzen zituen mugimendu bat zen. Mugimenduan parte hartu zuten 33 ahots jaso ditugu.

Zergatik narrazioa barrenetik egiteko hautua?

Gidoi bat diseinatzeko orduan, beharrezkoa da hainbat erabaki hartzea: zer kontatu eta noren ahotik, gure kasuan. Erabaki genuen borroka horretan parte hartu zuten horiek izango zirela protagonistak. Dena dela, barrutik kontatu dugu, baina Euskal Herriko mugak zeharkatu, eta kanpora ere atera gara ahots horien bila. Danimarkan, Anne Lund elkarrizketatu genuen, hain zuzen; Ez, eskerrik asko! logotipoaren egilea da. 70eko eta 80ko hamarkadetan, mugimenduak garrantzi handia izan zuen hemen, baina baita nazioartean ere.

Zer jarrera erakutsi dute dokumentalean aditu daitezkeen 33 ahotsek?

Hasieratik oso prest agertu ziren parte hartzeko. Azken finean, bistan da mugimenduaren parte zirela eta konpromiso handia erakusten dutela gaiarekin. Pozik agertu ziren, kontatu ez zena kontatzera gindoazelako nolabait. Horrela, askotariko ahots sorta bat lortu dugu, eta esan daiteke milaka film biltzen direla pelikula bakarrean.

Zer xede erdietsi nahi ditu dokumentalak?

Omenaldi, aldarrikapen eta transmisiorako tresna gisa funtzionatzea dugu helburu. Testuinguru konplexu hartan zer gertatu zen kontatu, eta urteetan ezkutatu izan dena argitara ekarri nahi izan dugu. Baina helburu nagusia Gladys del Estal estatuko motibazio politikoko biktima bat dela aldarrikatzea da. Horixe baita, askok hala ikusi nahi ez badute ere.

Zer aitortza egin diote instituzioek Del Estalen kasuari?

Estatuko instituzioek bizkarra eman diote erabat. Ez dute sekula onartu gertatutakoa. Hemen, gurean, bai. Urtero egiten dira omenaldiak hilketaren urteurrenaren bueltan, eta Egiako auzokideek ekitaldiak prestatzen dituzte. Hantxe da Gladys Enea parkea, esaterako. Iaz, bestalde, Gladys gogoratu zuten Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Adiorik gabe izeneko ekitaldian. Estatuak, ordea, ez du halakorik egin berrogei urtean, eta ez da bidezkoa. Gladys del Estalek eskubide osoa du biktimatzat har dezaten, eta bere hurbilekoek behar bezalako erreparazioa merezi dute. Justiziarik ere ez da izan kasuaren inguruan.

Zergatik da hain garrantzitsua gaur egun gogoratzea?

Oso inportantea da gizarteak ez ahaztea eta bizirik mantentzea. Hori ere gertatu zelako, eta hori ere kontatu behar delako. Askotan errepikatu da halakorik: gauza batzuk kontatu egiten dira, eta beste batzuk, isilarazi eta ezkutuan gorde. Kasu batzuk gogorarazi egiten dizkigute, baina beste batzuk oroimenean gordetzen ditugu soilik, ahal bezala. Asko ikasten da iragana orainera ekarrita, eta garrantzitsua da etorkizunera ere eramatea.

Gazteek ezagutzen dute Gladys del Estalen istorioa?

Ez dute inondik inora ezagutzen gertatutakoa. Irudipen hori dut nik behintzat. Helduok horren berri izatea normala da, garaikideak baikara, baina kontu urruna da belaunaldi berrientzat, eta ez nau guztiz harritzen. Kontatu ez den istorio bat da, eta horregatik kontatu nahi izan dugu guk.

Gazteei ere mintzatu nahi izateak badu eraginik azken emaitzan?

Bai. Narrazio ulergarri bat izan dadin saiatu gara; ulerterraza, ez bakarrik guretzat, baita atzetik datozenentzat ere. Erritmo bizia eman nahi izan diogu, kontakizun dinamiko bat egin. Erronka handia izan da, gai asko ekarri nahi genituelako argitara filmean, baina narrazioa gehiegi zamatzeak ez luke zentzurik egungo kontsumo joeretara egokitu nahi bagenuen. Emaitza ikusita, uste dut helburua bete dugula. Harrera oso positiboa izaten ari da.

Berrogei urte joan dira: zertan dira antzekoak orduko mugimendu antinuklearra eta egungo klima aldaketaren kontrakoa?

Borrokatzeko modua asko aldatu da, baliabideak beste batzuk direlako, bereziki. Halere, funtsean harreman estua dute bi mugimenduek, orduan izan zirelako ekologiaren lehen pausoak. Beste izen batzuk jartzen zitzaizkien gauzei, ekologia izena nahiko ezezaguna zen orduan, baina mugimendu antinuklearra ekologia modernoaren aurreko zuzena da. Klima aldaketa mundu osoko arazoa da, eta halakoa zen zentral nuklearren mehatxua ere. Egun, bistan da erronka handia dugula aurrean, eta kontzientzia behar da aurre egiteko; bestela, jai dugu.

Iritzia: Greba ez hain orokorra

Iritzia: Greba ez hain orokorra

Amets Aranguren Arrieta

Lan, pentsio eta bizitza duinen alde, urtarrilaren 30ean greba orokorrerako deialdia".

Urtarrilak 30, ea… bale, osteguna. Kontserbatorioan azterketak, esanen diot estetikako irakasleari ea beste talderen batekin egiten ahal dudan azterketa. Gero haurren eske joan behar dut eskolara, mmm… idatziko diot haien aitari esateko greba eginen dudala eta ezin izanen dudala joan. Arratsaldean klase bat ematekoa naiz.

Ea, ba, hau baldin bada klase bakoitzagatik kobratzen dudana, kalkulatzen dut greba egiteagatik beste hau kenduko didatela eta X gutxiago kobratuko dudala. Joan den asteko itzulpenagatik X ordainduko didate (bueno, agian pixka bat gutxiago, eskatu zidana laguna baita), gehi haurrak zaintzeagatik beste X, kolaborazio bat hemen eta bestea han, X gehiago, eta ekimen honetan parte hartzeagatik ere, X. Hilabete honetan, alokairuaz gain, aparteko gastuendako ere gorde beharko dut ohi baino pixka bat gehiago, egunotan piztu baitugu berogailua. Beraz, X+X+X+X-X=Y.

Ez, ez dit ematen.

Antzeko zerbait pasatzen zaio Amaiari. Musikologoa da. Karrera bukatu du duela urte pare bat, eta masterrarekin dabil orain. Gurasoen etxetik alde egin, eta lan bila hasi zen hilabete batzuk atzera. Biolin klase partikularrak ematen ditu, eta bost ikasle ditu, bost ordu astean. Eguerditan eskola bateko jantokian egiten du lan, zerbitzari. Eta, noizbehinka, deitzen diotenean, Pirinioetara joaten da asteburu-pasa, mendi-aterpean lan egitera. Beste plurienplegatu bat lanak ikasketekin uztartzen dituena.

Anderrek ere emantzipatu nahiko luke, eta ekonomikoki gurasoekiko independente izan, baina ABLEtik (Aldi Baterako Laneko Enpresa) ABLEra dabil, hemendik bi hilabetera lana izanen duen ala ez ez dakiela. Askotan, gainera, lanean hasteko esperientzia eskatzen diote, baina esperientzia hori lortzeko lana behar du, hau da, esperientziarik ez duenez lanik ez eta lanik ez duenez esperientziarik ere ez. Eta horrela, gurpil infinituan sarturik, buelta eta buelta berriz ere.

Duela bizpahiru urteko datuek ziotenaren arabera, 30 urtekoa da batez beste Hego Euskal Herrian emantzipatzen diren gazteen adina; 23 urtekoa, aldiz, Ipar Euskal Herrian. Lanaren alorrari dagokionez, historia osoan aurreko belaunaldia baino okerrago biziko den lehen belaunaldia omen gara egungo gazteok. Ez dut zalantzarik. Nor bizi zen 30 urterekin gurasoen etxean duela 20-30 urte?

Amaiak, Anderrek eta hirurok ezin izan genuen greba egin 30ean, biren kasuan egun batean lanera ez joateagatik galdutako diruak kolokan jartzen baitzuen hilabete honetako gastuei aurre egin ahal izatea, eta bestearen kasuan lana mantendu edo galtzearen arteko aldea baitzegoen greba egin eta ez egitearen artean.

Izan dezagun buruan Eibarko manifestazioan greba egin ezin izan zuen jendeari aitortza eginez osatu zuten hutsuneko jende hori guztia, eta balio dezala besteen istorioa ezagutu gabe inoren hautu eta erabakiak epai ez ditzagun.

Gehienetan greba egin nahi duen jende batek greba egin ezin izatea baita, hain zuzen ere, grebak salatzen zuena.

Sare bilakatutako babes oasiak

Sare bilakatutako babes oasiak

Edurne Elizondo

Hezegune bat galtzen denean, hezegune bat baino anitzez ere gehiago galtzen da: "Sarea osatzen dute", erran du Gorka Gorospe biologoak. Sarea osatzen dutelako, hain zuzen ere, hezegune txikia handia bezain garrantzitsua izan daiteke. "Batetik bertzera joateko erabiltzen dituzte hegaztiek, adibidez; elikatzeko eta atseden hartzeko".

Sare horrek Nafarroako Gobernuak sailkatutako 23 hezegune ditu herrialdean. Haietako sei —Pitillas, Las Cañas, Juncal, Dos Reinos, Pulguer eta Escudera— kontserbazio bereziko eremuak dira —Natura 2000 sarearen barruan daude—, eta sei horietako bi, gainera —Pitillas eta La Cañas—, nazioartean garrantzia duten hezeguneen zerrendan agertzen dira. Igandea naturgune horiek ezagutzeko egun aproposa izanen da, hezeguneen nazioarteko eguna baita.

Berez, sailkatutako 23 horiek baino hezegune gehiago daude Nafarroan. "Berrehun baino gehiago", zehaztu du Jesus Mari Lekuona biologoak. Hezegune horietan bizi diren espezieak ederki ezagutzen ditu, parte hartzen baitu, urte oro, ur hegaztien errolda osatzeko lanetan. Errolda hori egiteko, hain zuzen ere, Aragoi ibaiaren ondoan edo Figarol inguruan azken urteotan jarri dituzten arroz soroetan ibiltzen da Lekuona, horiek ere erabiltzen baitituzte hegaztiek, elikatzeko eta atseden hartzeko aukera ematen dietelako. "Halakoetan gero eta kurrilo gehiago gelditzen dira neguan Nafarroan, adibidez".

2018ko datuak jarri ditu Lekuonak mahai gainean, datuak jasotzen direnetik, inoiz baino hegazti espezie gehiagok eman baitzuten negua Nafarroako hezeguneetan, urte horretan: denera, 63k. Zehazki, 1989. urtean hasi ziren neguko errolda egiten herrialdean. "Azken bost urteotan, batez bertze, 50-57 espezie zenbatu ditugu", erantsi du biologoak. Hezeguneetan habia egiten duten espezien errolda ere egiten dute, eta Lekuonak zehaztu du 30-35 badirela herrialdean.

Datu horiek zer islatzen duten azaldu du Lekuonak: "Herrialde txikia eta kostalderik gabekoa izan arren, Nafarroak badu bere garrantzia ur hegaztientzat; ez bakarrik hegaztientzat, hezeguneetan bertze hamaika espezietako norbanakoak ere bizi baitira".

Hegazti migratzaileentzat ere "funtsezkoak" dira Nafarroan dauden hezeguneak, Gorospek erantsi duenez. Izan ere, hezegune horiek hegaztion babesleku bilakatzen dira Pirinioetako mendiak zeharkatu ondoren. "Ahalegin handi horren ondotik, hezeguneetan badute atseden hartzeko eta elikatzeko aukera". Hegaztiontzat ez ezik, txori intsektiboro txikientzat ere hezeguneak hagitz espazio garrantzitsuak direla nabarmendu du biologoak, jatekoa erraz lortzen dutelako.

Nekazaritza, arrisku

Oro har, herrialdeko hezeguneen egoera ona dela uste du Jesus Mari Lekuonak, baina argi utzi du "hainbat arriskuren mehatxupean" direla. Nekazaritza intentsiboarena da nagusietako bat. "Hezegune anitz labore lurrek inguratuta daude, eta erabiltzen dituzten osagai kimikoekin kutsa daitezke", erran du. "Hori gertatzen zen duela 25 urte, bai eta orain ere", erantsi du biologoak.

Lekuonak errandakoarekin bat egin du Gorka Gorospek ere, eta Pitillas eta Las Cañas jarri ditu adibide. Nazioarteko garrantzia duten hezeguneen zerrendan agertu eta babestutako eremuak izan arren, ezin diote ihes egin pestizidek eta gisako bertze kutsatzaileek sor dezaketen arriskuari.

Bertzelako arazoak ere badira, Erriberako Ekologistak Martxan taldeak nabarmendu duenez. Kolektibo ekologista horrek salatu du Ablitasko Bajabon urmaelean ura drainatzeko lubaki bat egin dutela nekazariek, "segur aski, baimenik gabe".

Hezegune hori da Nafarroako Gobernuak sailkatutako 23 hezeguneetako bat. "Lubakia hiru metro sakon da, bertze hiru metro zabal, eta zazpiehun metro luze. Lubakitik ateratako lurra hezeguneko landaretzaren gainean utzi dute", salatu dute ekologistek, eta hezegunea "lehengoratzeko" eskatu dute.

Lubaki batek hezegune baten ur sistema osoari eragiten ahal diola nabarmendu dute Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kideek. Eta hezegune batean gerta daitekeen edozein aldaketak ere hamaika espezieri eragiten ahal dio, Gorospe eta Lekuona biologoek azaldu dutenez. "Nekazariek erabilitako kutsatzaileak hezegunera ailegatzen badira, adibidez, urak nutriente gehiago izanen ditu, eta horrek eraginen du alga gehiago sortzea. Alga gehiagorekin, oxigeno gutxiago du urak, eta horrek arazo ekologiko handi bat eragin dezake", erran du Gorospek.

Txori zezena eta tximutxa

Pitillasko aintzira eta Vianako Las Cañas izenekoa dira Nafarroako hezegune nagusiak, duten hektarea kopuruari so eginez gero. Berrehun baino gehiagoko azalera du Pitillaskoak, hain zuzen ere, eta ehun baino gehiagokoa, berriz, Las Cañasek.

Prismatikoekin, teleskopioarekin eta argazki kamerarekin hamaika bisita egin dizkiete bi hezegune horiei Gorospek eta Lekuonak. Espazio horietan ikus daitekeen txori zezena nabarmendu du Gorospek, batetik. "Gutxi daudelako. Nafarroan bada umatzen den hainbat bikote", azaldu du. Bertzetik, tximutxa aipatu du biologoak. "Txoritxo atsegina da, eta Las Cañasen eta Pitillasen populazio onak ditu. Maite dut txori hori".

Herritarrek hegaztiei behatzeko gero eta interes gehiago dutela argi du Gorospek, eta hezeguneak zaletasun hori garatzeko toki aproposak direla azaldu du. Pitillas edo Las Cañas hezeguneetan, adibidez, interpretazio zentroak badira, eta ibilbideak markatuta daude.

Ontzat jo ditu Gorospek egitura horiek, baina erantsi du "aspaldi" ez duela administrazioak inbertsio garrantzitsurik egin tokiotan. "Pitillasen edo Las Cañasen hegaztiei so egiteko dorreren bat jartzea aproposa litzateke, adibidez; dauden behatoki txikiak ere egokitu beharko lituzkete, landaretza hazi denez hasierako funtzioa jada ez baitute betetzen".

Nafarroako hezegune nagusiak "benetako harribitxiak" direla nabarmendu du biologoak, eta merezi dutela "berritzea". "Azpiegiturak hobetzea eskertuko dute ornitologoek eta gainerako bisitariek; hori eginez, gainera, espazio horien kudeaketa hobetzen ahal da", nabarmendu du.

1971ko hitzarmena

Gorospek eta Lekuonak argi dute oraindik ere igandekoaren gisako egunak behar direla herritarrak hezeguneen garrantziaz ohartarazteko. Otsailaren 2a da hezeguneen eguna, 1971. urteko otsailaren 2an sinatu zelako Hezeguneen Inguruko Ramsar Hitzarmena, Irango izen bereko hirian.

Hitzarmen horren bidez, nazioartean garrantzia duten hezeguneen zerrenda osatu dute, bertzeak bertze. Pitillas eta Las Cañas urmaelekin batera, bertze 2.370 hezegune daude sailkatuta, hain zuzen ere, mundu osoko 170 herri baino gehiagotan.

Hezegune horien guztien arrisku nagusietako bat klima aldaketa da. "Joera da tenperaturak gora egitea, eta gero eta euri gutxiago izatea; udazken lehor batek erabat alda dezake hezegune bateko dinamika", gogoratu du Lekuonak. Ura baliabide eskas eta mugatua dela nabarmendu du, eta "zentzuz" erabili behar dela. "Funtsezkoa da hori nabarmentzea hezeguneen nazioarteko egunaren atarian. Lan anitz dugu egiteko", erran du biologoak.

Bazterrik bazter

Bazterrik bazter

Uxue Rey Gorraiz

Hemen dira Bardoak. Hilabeteetako prestaketaren ondoren, gaur abiatuko da Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketa. Lehenbiziko hiru saioak Txantrean (Iruñea), Etxarrin (Larraun) eta Iturmendin eginen dituzte, iluntzean, eta beste bi ere izanen dira asteburuan; Erron bihar, eta Beran etzi. Taldeak bi fasetan lehiatuko dira Lizarrako finalerako sailkatu ahal izateko. Guztira, 96 parte hartzaile izanen dira aurtengo aldian, hamahiru talde osatuta, eta hogei saio girotuko dituzte kantuz eta errimaz.

2012an antolatu zen lehen aldiz Bardoak, eta Nafarroako bertsolaritzaren hauspo eta elkargune izaten jarraitu nahi du txapelketak gaur hasiko duen aldian. Izan ere, egitasmoak helburu berari eusten dio bere sorreratik: auzolana eta kolektiboa oinarri izanik, Nafarroako bertso eskolen arteko saretzea du xede nagusi. Ander Perez Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, horiek dira Nafarroako bertsolaritzaren beraren oinarri. "Bertso eskolei bultzada emateko balio du txapelketak, beren artean harremanetan egon daitezen, eta, jakina, elkarrekin gozatu dezaten".

Denetariko bertsolariek osatzen dituzte taldeak: gazteak eta hain gazte ez direnak elkarrekin ariko dira bertsotan datozen asteotan, "giro informal eta etxekoan", oro har. "Bakarkako txapelketak duen seriotasun eta lehia puntu hori murriztu egiten da, eta horrek presioa arintzen laguntzen du, hasiberrien mesederako bereziki", azaldu du Ander Perezek. Gainera, taldeak beraiek dira gai-jartzaile eta epaile ardurak hartzen dituztenak ere. Zita bakoitzean, tokiko eragileek ere parte hartuko dute saioen antolaketan, egitasmoak berezko ezaugarritzat duen "auzolanerako grinari" eutsiz, betiere.

Berrikuntza batekin dator txapelketa aurten. Orain arte, aurreko aldietan, talde parte-hartzaileen herrietan egin izan dira txapelketako saio guztiak. Horrela, talde bakoitzak bere herrian edo bere multzo bereko beste batenean egiten zuen bertsotan. Oraingo honetan, berriz, kontua aldatu eginen da finalaurrekoetan, eta beste herri batzuek hartuko dituzte saiook.

Hain zuzen, Anizen, Atarrabian, Goizuetan, Jauntsaratsen, Tafallan eta Tuteran izanen dira. Hainbat arrazoi daude erabaki horren atzean, baina, kontu praktikoak alde batera utzita, "bertsolaritzaren mapa Nafarroan zabaldu nahia" azpimarratu dute antolatzaileek. "Ohartu ginen parte hartzen zuten herriak asko izanagatik ere motz gelditzen ginela, eta haratago joan behar genuela", dio Perezek. Saretzea are zabalagoa izatea nahi dute, bardoen kantuak txoko gehiagotan aditu daitezen. Hamazazpi udalerritan eginen diete harrera osotara.

Bertsolaritzaren sasoi ona

Errotzen ari den txapelketa da Bardoak. Perezek dioenez, saioek harrera beroa izaten dute fase guztietan, eta helburuak betetzea lortzen dute aldiro. Bertsolari zein bertsozaleen harrobia indartzen ari dela ikusten dute antolatzaileek horrela, eta sinetsita daude Nafarroako bertsolaritzaren "sasoi onaren isla" dela hori. Saioak egiten diren herrietan, aretoak lepo betetzen dituzte. Helburua betetzen ari ote den adierazten duen datua ez da, dena dela, entzuleen kopurua soilik. Hala dio elkarteko koordinatzaileak: "Zenbakietan galtzen gara askotan, BECen egiten diren finalak bezalakoak baititugu burutan, baina txapelketaren beste berezitasun batek egiten du egitasmoa benetan arrakastatsu bere xumean: Nafarroako herri bakoitzeko errealitateetara egokitu, eta giro ederra sortzen da plazan".

Erakusleiho den txapelketaren atzean lan handia dagoelako lortzen da halakorik. "Egitasmo hauek ez dira ezerezetik sortzen. Urte osoan egiten den transmisio lan handiari zor zaio emaitza". Hezkuntza arautuan bertso eskolak ematen aritzen diren irakasleez ari da Perez, batik bat. Gaur egun, Nafarroako 42 udalerritan irakasten zaie gaztetxoei bertsotan eskola orduetan; 2.900 ikasle ingururi, alegia. Transmisio modu hori egonkortzeko bidean dela diote Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideek, nahiz eta toki guztietara era berean iristea ezinezkoa den oraindik.

Hezkuntza arautuaren barrenean egonik, instituzioen diru laguntzen menpeko dira, hein batean. "Gorabeherak izaten dira batzuetan, gobernuko edo udaletako koloreen arabera. Horregatik, eskualde batzuetara iristea ez da erraza izaten, eta beste batzuetan, iritsi bai, baina bidean gelditu gara". Urteetako lanak fruituak emanen dituela sinetsita daude, ordea.

Nafarroako hainbat herri, plaza eta txokotan bertsolaritzaz gozatzeko aukera eskainiko dute Bardoek beste behin datozen asteotan. Umoreak ere ez du hutsik eginen bidean, bertsolariek argi izan arren zein den beren helburua. Martxoaren 28an Lizarrako Ikastolako areto nagusian eginen den finalerako txartela eskuratu nahian lehiatuko dira hamahiru taldeak. Nafarroako bertsolaritzaren festa handia izanen da Lizarrakoa.

“Koitozentrismoaren atzean dago, batez ere, androzentrismoa”

“Koitozentrismoaren atzean dago, batez ere, androzentrismoa”

Edurne Elizondo

Iruñeko Udalak Emakumeen Etxean zentsuratutako hitzaldia emanen du Paola Damontik (Milan, Italia, 1984), gaur, Iruñeko Katakraken. Orgasmo arrakalaz ariko da, emakumeek sexualitateaz gozatzeko duten eskubideaz.

Zer-nolako azalpenak eman zizkizuten zure hitzaldia bertan behera uzteko?

Telefonoz deitu zidan Iruñeko Udaleko berdintasun teknikariak, hitzaldia egin baino bi egun lehenago. Teknikariak, noski, ez du auzi honetan inolako ardurarik. Azaldu zidan, tamalez, saileko arduradunak erabaki zuela hitzaldia ez egitea; erabaki politiko bat zela erran zidan.

Zergatik ez zuten egin nahi izan, programan sartu eta gero?

Ez zidaten erran. Izenburuaz zerbait aipatu zidaten, baina bertzerik ez. Halere, argi utzi nahi dut erran direla zuzenak ez diren kontu batzuk: adibidez, hitzaldiaren izenburua aldatzeko edo bertze momenturen batean egiteko aukera eman zidatela. Hori ez da egia.

Harritu zaitu zentsurak?

Ez nuen espero. Iruñeko Udala jarri zen nirekin harremanetan, Emakumeen Etxea martxan jarri zutenean. Aurretik ere egin nuen hitzaldiren bat udalarekin, eta berdintasun teknikariak ezagutzen ninduen. Proposamenak eskatu zizkidan, eta nik hiru hitzaldi egiteko aukera proposatu nion. Orgasmo arrakala: nola jazartzen zaigun patriarkatua oheraino izenburukoa hautatu zuen udalak. Data zehaztu, eta Emakumeen Etxearen egitarauaren barruan jarri zuten. Pentsa, navarra.com-en ere eman zuten berria, inolako arazorik gabe.

Zerk eragin du hitzaldia zentsuratzeko erabakia?

Iruñeko Udalaren jarrera aldatu zen Vox-ek hitzaldiaren aurkako txio bat idatzi eta gero. Nik argi dut txio hori idatzi izan ez balute hitzaldia ez zutela bertan behera utzi izanen.

Ez da larria erakunde publiko batek eskuin muturreko talde batek egindako txioaren aurrean amore eman izana?

Larria da. Hitzaldia proposatu nuenetik ez dut inolako aldaketarik egin, ez izenburuan, ezta edukian ere, eta azken unera arte, udalak ez du arazorik izan.

Azken unean, baina, patriarkatuarekin batera Navarra Suma ere jazarri zaie emakumeei, oheraino?

Bai, hala izan da. Hitzaldia bertan behera uzteko erabakia Navarra Sumak hartu du. Batetik, ez dute nahi sexualitateaz hitz egitea adingabeekin, eta hori hagitz larria iruditzen zait. Bertzetik, helduekin ere ezin dugu sexualitateaz hitz egin. Skolaeren aurka egin dituzten erasoek ez zuten inolako zentzurik, eta hitzaldiarekin egin dutenak are gutxiago.

Zergatik uste duzu ez dutela sexualitateaz hitz egin nahi?

Nik uste dut kontua dela friboloa iruditzen zaiela hitz egitea emakumeen orgasmoak izateko eskubideaz edo orgasmoen auzian dagoen desberdinkeriaz. Ematen du ulertarazi nahi dutela, oro har, onartu dela soldata arrakala badagoela eta ez dela zuzena, baina orgasmoak nahi izatea lelokeria bat bertzerik ez dela.

Eta lelokeria bat da?

Ez. Ideia horren atzean dagoen ustea da emakumeok ez dugula plazera sentitzeko eskubidea. Hori, noski, estuki lotuta dago genero identitatearekin, identitate femeninotzat eta maskulinotzat jotzen den horrekin. Horren arabera, gizonezkoei onartzen zaie sexualitateaz gozatzeko eta hitz egiteko eskubidea, baina emakumeoi ez. Egia da, ñabardura guztiekin, emakumeok urratsak egin ditugula sexualitatearen esparruan, azken urteotan, baina urratsok izan dira, batez ere, sexua izateko eskubidearen arloko urratsak; sexuaz gozatzeko emakumeon eskubidea bertze kontu bat da.

Emakumeek ez dute sexuaz gozatzen?

Ikerketa anitz badira. Horietako asko antisorgailu konpainiek edo sexu jostailuak saltzen dituztenek egin dituzte. Ikerketa horietako baten arabera, 25 urte baino gutxiagoko emakumeek astean hirutan dituzte sexu harremanak, gutxienez, baina herenek baino ez ditu orgasmoak. Bada zabaltzen ari den diskurtso bat, aurrerakoiak diren esparruetan, eta, horren arabera, orgasmoak izatea ez da hain garrantzitsua. Nik uste dut mezu hori arriskutsua dela.

Zergatik?

Gauza bat da zure sexu harremanetan orgasmoak izatea, eta, egunen batean, edozein arrazoi dela kausa, ez izatea. Noski, orgasmorik gabe ere gozatzen ahal duzu. Bertze gauza bat da, ordea, zure sexu harremanetan orgasmorik ez izatea, modu sistematikoan.

Datuek erakusten dute emakumeek gutxiagotan izaten dutela orgasmoa sexu harremanak dituztenean. Hainbat unibertsitatek egindako ikerketa baten arabera, gizonezkoen %2k ez dute orgasmorik beren sexu harremanetan, inoiz edo ia inoiz. Emakumeen kasuan, bostetik bat dira orgasmorik ez dutenak. Horregatik, errealitate hori bazter utzi eta orgasmoa garrantzitsua ez dela erraten duen diskurtsoa arriskutsua iruditzen zait; atzerakoia da. Emakume horiei ukatzen die orgasmoak izateko eskubidea aldarrikatzeko aukera, zilegitasuna kentzen dio aldarrikapen horri.

Sexu orientazioaren arabera, aldaketak daude datuetan?

Emakume eta gizon heterosexualen arteko orgasmo arrakala hagitz handia da, 30 puntukoa. Hau da, gizonen %95ek izaten ohi dituzte orgasmoak, eta emakumeen %65ek. Emakume lesbianen eta gizon homosexualen kasua aztertuz gero, datuak hagitz bertzelakoak dira, eta arrakala desagertzen da. Beraz, auzia ez da biologikoa, kontua ez da konplikatuagoak garela edo orgasmoa izatea gehiago kostatzen zaigula; datuek erakusten dute lesbiana izanda bertze emakume batekin orgasmoak izateko aukerak gora egiten duela, eta gizonen kasuan, berriz, gizon homosexualek bertze gizon batekin orgasmoak izateko aukerak pixka bat behera egiten duela.

Zein da arrazoia?

Aztertu behar dugu emakumeen identitatea nola eraikitzen den: emakumeak bertzeak zaintzen ditu, bertzeen beharrei ematen die lehentasuna. Kontrakoa gertatzen da gizonezkoen kasuan.

Genero identitatea eraikitzeko moduak baldintzatzen du arrakala, beraz?

Hori da lehen arrazoia, bai. Bertze funtsezko elementu bat ere bada: sexu hegemonikoa. Egun, sexu hegemonikoaren ideian koitoa da nagusi. Denok gaude eredu horren menpe, hori da irakasten digutena. Eta datuen batez bertzekoaren arabera bost emakumetatik batek baino ez du lortzen orgasmoa koitoarekin. Koitozentrismo horren atzean dago androzentrismoa, batez ere. Hau da, gizonei plazera ematen dien sexua hartzen da eredutzat. Eta, gainera, orgasmorik ez izatearen ardura emakumeari egozten zaio: gizonak ez badu plazera lortzen, errua emakumearena da, eta emakumeak ez badu lortzen, haren gorputza da huts egiten duena.

Gaiaz hitz egiten da?

Ez. Ez da hitz egiten, eta behar da. Hitz egiten dugunean, emakumeok konturatzen garelako saltzen diguten eredua ez dela benetazkoa.

Iritzia: %10

Iritzia: %10

Lohizune Amatria

Txikiak ginenean hasi ginen gertatzen ari dena ulertzen. Nahiz eta inork literalki azaldu ez. Harmailak beteta gogoratzen ditut; baina, zelaigunean, baloirik ez. Hitzekin aritu ziren jolasean. Oholtza handi bat eta kanta oroitzen ditut: "Bai euskarari, bai eutsi / eutsi goian euskarari / Bai euskarari eutsiz goiari / goian eutsi euskarari". Horrela ezagutu nuen gorritxoen gotorlekua. Ez da batere modu txarra, egia esan.

Kaleko mobilizazio zenbait ere gogoratzen ditut. Baina hainbestetan eta hainbeste gai salatu ditugu, ez naizela gai bata bestetik ezberdintzeko. Nire kamisetan azaltzen ziren manifestariekin, berriz, ez naiz ahaztu. Urdinak ziren elastiko gehienak, baina nirea zuria zen. Egunkaria babesten azaltzen ziren hamarnaka lagun, irribarre bat zutela aurpegian. Hala egoten saiatzen nintzen ni ere kalera atera behar izaten genuenean (ateratzen gintuztenean), baina beti uniformedunetatik urrun. Badaezpada.

Gerora iritsi ziren gainontzeko mobiliziazio, protesta, ospakizun eta horien aurretik beti izaten diren kolpe, mehatxu, irain eta eraso guztiak. Horiei esker ikasi dugu nafar eskuin espainolista elebakarrak digun gorrotoa zenbaterainokoa den, noraino iristeko gai diren.

Egoera berezian da aurten sektore politiko hori. Inori konturik eskatu gabe aritu da urte luzez UPN aginte makilari eragiten; orain, ordea, bere iritzi guztiekin bat ez datozen koalizioko kide zenbait ditu alboan. Ez al zenuke begiratuko, aukera bazenu, zulotxo batetik haien barne bileraren bat? Ederra litzatake jakitea zeinek duen benetan erabakiak hartzeko boterea, Madrilen edo Nafarroan dagoen koroa, soka nork tenkatu duen gehien.

Ezin ahaztu, gainera, alderdiak ez duela erabateko aginterik lortu. Hainbat udaletan, bai, nahi bezala ari da agintzen; baina Nafarroako Gobernua ez izateak min egiten diela nabari da. Dena den, aurkitu dute, posible duten tokietan, min egiteko bidea. Begia begi truk, edo.

Euskara jarri dute berriro ikusmiran, eta tiro egin dute. Eztabaida luzea izan da azken urteetan lehiaketa eta eskaintza publikoetan hizkuntza irizpidea txertatzearekin. Euskara ez dakitenentzat kaltegarri dela eta ez dela, diskriminatzailea dela... Norentzat, baina?

Hizkuntza irizpideak ez gehitzeak euskararen normalizaziorako dakarren kaltearen adibide garbia jarri digu Iruñeko Udalak, beste behin. Euskara zokoratzeko beste modu gaizto bat aurkitu dute. Entzulego potentzial osoa beharko lukete izan euskaraz aritzen diren hedabideek udalaren publizitatea esleitzeko lizitazioan parte hartu ahal izateko. Argi dago, hizkuntza gutxiagotuez ari garenean, baldintza berdintasunak ez dakar eskubideetan parekotasunik.

Hau izan dugu aste honetan Euskalerria Irratiko kazetariok kalera ateratzeko arrazoia. Oztopoen gainetik, gure lana balioan jartzen eta gure eskubideak aldarrikatzen jarraituko dugu, euskaratik eta euskararentzat. Eta bidean ez gaude bakarrik; gero eta gehiago gara. Batek daki, agian, zu ere bazkide zara. Hala bada, eutsi goiari!

Lan ordainduaz harago

Lan ordainduaz harago

Edurne Elizondo

Feministok greba orokorrera. Osteguna greba eguna da Hego Euskal Herrian, eta deialdiarekin karrikan egin du bat, jada, Iruñerriko mugimendu feministak: Iruñeko Zara dendako erakusleihoetan itsatsi ditu prekaritatearen eta esplotazioaren aurkako bere aldarriak jasotzen dituzten kartelak: "Hegoaldeko herrialdeetan arropa egiten ari diren emakumeak esplotatzen dituzte enpresa handiek; beren dendetan ari direnak ere bai; emakume guztiak esplotatzen gaituzte, objektu bilakatzen gaituztelako iragarkietan".

Mezu hori jarri dute Iruñerriko feministek mahai gainean, eta "lan, pentsio eta bizitza duinen alde lanean" jarraituko dutela berretsi dute. Horregatik egin dute bat Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deitutako greba orokorrarekin.

Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek bilera eginen du astelehenean greba orokorraren deitzaileekin. Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin ere hitz egin nahi zuten, baina Iñigo Urkulluk uko egin dio biltzeari. Erran du ez duela uste elkartzeak ezer konponduko duenik.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak joan den urrian eman zuen greba orokorrera deitzeko asmoaren berri, eta azaroaren bukaeran zehaztu zuten data gutuneko kide diren sindikatuek. Haiek egin zuten greba deialdi ofiziala: ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Etxaldek, EHNEk eta Hiruk, alegia. CNT gehitu zaie, bai eta ikasleen sindikatua, Ikasle Ekintza, Ernai eta Eragin ere. Bertze eragile anitzen babesa ere jaso du protestak.

Hilaren 13an, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak CEN Nafarroako enpresaburuen elkartearen Iruñeko egoitzan izan ziren, eta lana duintzeko eskatu zioten patronalari. Lan, pentsio eta bizitza duinak izateko eskubidea ere aldarrikatuko dute sindikatuek osteguneko greba orokorraren bidez. ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzaren arabera, "benetako lorpenak iristeko ezinbestekoa da mobilizazioa". Eta lortu nahi dutena argi dute: erosahalmena berreskuratzea; prekaritatea amaitzea; gutxieneko diru sarrera duinak bermatzea 1.200 euroko gutxieneko soldatarekin eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioarekin; genero arrakala amaitzea; zigorrik gabeko erretiro aurreratua; osasun zerbitzu publiko eta doakoak ziurtatuko dituen sare unibertsala; diru sarrerak bermatzeko errenta eta errenta bermatua gutxieneko soldataren bera izatea; eta pentsioak osatzeko araudia.

ELAk eta LABek nabarmendu dute 2013 amaieratik hona izan den hazkunde ekonomikoaren zikloa "langileen lepotik" egin dela, eta erantsi dute argazki horrek bere alde iluna duela, datu makroekonomikoek hobera egin badute ere. Nafarroan, adibidez, pobreziari buruzko hirugarren txostena aurkeztu berri dute Nafarroako Gobernuko agintariek, eta datuek erdigunean jarri dute 81.500 pertsona daudela egun pobrezian herrialdean: erdiek lana dute, eta 16.700 herritar, gainera, pobrezia larrian daude.

Beraz, lana izatea ez da pobreziatik ateratzeko bermea, gobernuaren txostenak agerian utzi duenez. "Enpresaburuek diote ondasuna sortzen dutela, baina datuek erakusten dute langile pobreak daudela, eta hala aitortzen du Nafarroako Gobernuak berak ere", LABeko Nafarroako koordinatzaile Imanol Karrerak nabarmendu duenez.

Emakumeen bizkar

Soldata kobratzen duten langile pobreen egoera salatu dute sindikatuek. Ez dira, halere, langile prekario bakarrak. GITE Gizarte Ikerketarako Talde Eragileak bertze sektore bat jarri nahi izan du fokupean egunotan: soldatarik kobratzen ez duten langileena, alegia. 1970eko hamarkadatik ari da Maria Angeles Duran aditua (Madril, 1942) ikerketa esparru hori jorratzen, eta Iruñean izan da GITEko kideekin eta herritarrekin bere gogoetak partekatzen. Politika eta Ekonomia Zientzietako lizentziaduna da, bertzeak bertze.

Gogoeta eta eztabaida guztiak baldintzatzen dituen datu bat jarri du Duranek mahai gainean: kobratu gabe lanean ari diren langile gehienak emakumeak direla, hain zuzen ere. Ordaintzen ez den lan horrek zaintzarekin du lotura anitzetan, eta zaintzaren ardura emakumeen bizkar dago, gehienetan.

Gogoeta eta eztabaidetan eragin handia duen bertze auzi bat nabarmendu nahi izan du Duranek, horrekin batera: ordaindu gabeko lanaren atzeko datuak ezagutzeko dauden zailtasunak. Hau da, "hagitz zaila" dela jakitea benetan zenbaterainokoa den batez ere emakumeek egiten duten kobratu gabeko lan jarduera horren tamaina. "Hasieran baino inkesta eta ikerketa lan gehiago egiten dira, baina ez dira, oraindik ere, behar bezain zehatzak, eta ez dira behar bezainbertzeko maiztasunarekin egiten; administrazioak hiru hilabetean behin egiten du Biztanleria Aktiboaren Inkesta, baina ordaindu gabeko lanari buruz zehaztapen hori lortzetik urrun gara".

Estatistikarik eta daturik ezari aurre egin behar izan zion Duranek bere ikerketak hasi zituenean. Adituak berak zuzendu ditu gaiari buruz egin diren inkesta lan anitz. 1980ko hamarkada hasierakoak dira lehendabizikoak. Orduan, etxean lan egiten zuten emakume anitzek ez zeukaten lantzat beren etxeko jarduera hori, Duranek azaldu duenez: "Etxean zituzten betebeharrak egiten zituztela erantzuten zuten; hau da, zegokiena egiten zutela", gogoratu du.

Emakumeok, batez bertze, zortzi orduz aritzen ziren etxean, lanean, egunean. "Emakumeok ez zuten soldatapeko lanposturik; bilatu ere ez zuten egiten; halere, eskainiz gero, %55ek erran zuten onartuko zutela", azaldu du adituak.

Datu hori garai hartako langabezia tasari buruzkoarekin lotu zuen Duranek, ikerketa egin zuenean, eta agerian utzi zuen administrazioek eta ekonomiaren esparruko agintariek esku artean zituzten kopuruak ez zirela, inondik ere, errealak: "1980ko hamarkadaren hasiera hartan, Espainian 800.000 pertsona ziren langabezian; baina ordaindu gabeko lana egiten ari ziren, eta, eskainiz gero soldatapean aritzeko prest ziren %55 horiek kontuan hartuz gero, hiru milioi pertsona baino gehiago baziren langabezian", azaldu du.

Duranek ez du zalantzarik: "Gizarteak aurrera egiten du eta eusten dio ordaindutako lanari esker, bai eta ordaintzen ez den lanari esker ere". Horregatik, argi du administrazioak ezin duela azterketa makroekonomikoak egiten jarraitu, bakarrik merkatuarekin lotutako datuak kontuan hartuz. "Ez dago doako lanaren laguntzarik gabe mantentzen den politika publikorik", nabarmendu du Duranek.

Hainbat datu jarri ditu mahai gainean, ordaindu gabe egiten den lan horrek politika publikoekin duen harremana azaltzeko. "Osasunaren arloan, adibidez, sistemak ematen dituen 12 orduko, bertze 88 ordu behar dira osagarri". Duranek zehaztu du osasun sistemak artatu beharreko gaixo gehienak ez direla apendizitisak jota edo hanka bat hautsi dutelako ailegatzen ospitalera. "Gurearen gisako gizarte garatu eta gero eta zaharrago batean, gaixotasun kronikoek gero eta pisu handiagoa dute; gero eta zaintza gehiago behar dugu, eta zaintza hori sistematik at jasotzen dugu. 88 ordu horiek, batez ere, emakumeek ematen dituzte", zehaztu du.

Tentsioa

Sistemak ematen dituen orduen eta emakumeek kobratu gabe egiten dituztenen arteko desorekari aurre egitea ez da batere erraza. Horixe nabarmendu du Maria Angeles Duranek. Zaintza behar duten sektoreen artean aipatu ditu haurrena, gaixoena eta zaharrena. Baina bada laugarren bat, hagitz garrantzitsua, adituaren hitzetan: "Zaintzaren ardura hartzeari uko egiten dioten gizonena, alegia".

Zaintzaz arduratzen diren emakume anitzek nork zaindu ez dutela gaineratu du Duranek, eta, kasu anitzetan, diru sarrera txikiak dituztela. Biztanleria zahartzeak, baina, argi utzi du zaintzaren beharra gero eta handiagoa izanen dela, eta horrek "tentsioa" sortzen du. "Konponbide magikorik ez da; nik, behintzat, ez dut. Halere, argi izan behar dugu kalitatezko zerbitzu publikorik ez dugula izanen sistemaren alde txarra onartzen ez badugu: zerga presioa, alegia", erantsi du.

Ordaindu gabeko lanak egiten dituzten horiek kategoria propioa osatzen dutela azaldu du adituak, baina kategoria horri zerbait falta zaio klase sozial bilakatzeko, Duranek zehaztu duenez: "Kontzientzia falta zaio; eta, horrekin batera, buruzagiak eta barne antolaketa". Duranek badu, oraindik ere, zer ikertu eta zer aztertu lan ordaindu gabeari buruz.

Protesta ez kriminalizatzeko

Protesta ez kriminalizatzeko

Edurne Elizondo
Errepresioari aurre egiteko, protesta egitea zilegizkoa dela aldarrikatzeko, eta epaileak kolektiboaren jarduera ikertzen ari direla salatzeko: horretarako antolatu du Altsasuko Ospa kolektiboak errepresioaren aurkako astea. Astelehene...

Zidakosen irakaspena

Zidakosen irakaspena

Edurne Elizondo

Ibaiak, goiz edo berandu, berea dena eskatzen du; hau da, guk kentzen dioguna". Horixe nabarmendu dute Hasta aquí llegó la penúltima riada. Las enseñanzas del Zidacos (Honaino iritsi zen azken-aurreko uholdea. Zidakosen irakaspena) liburua idatzi duten egileek. Altaffayllak eman du argitara. "Auzolanean" prestatutako obra da, halere: hamazazpi adituren hitzak jaso ditu, iazko uztailaren 8ko uholdeek Tafallan eta inguruko bertze hainbat herritan eragindako hondamendiari buruz herritarrek egindako argazkiekin batera.

Hitzen eta irudien bidez, egileek gogoetara deitu nahi dute, hain zuzen ere. Haien hitzak ere Tafallan gertatutakoaren inguruan gogoeta egin eta gerokoak dira. Joan den uztailaren 8ko uholdeek ezustean harrapatu zituzten herri horretako bizilagunak. Sei orduan, uraren maila 0,10 metrotik 5,75 metrora igo zen Zidakos ibaian. Ur emari handiena gauerdian izan zuen. Ordurako, alarma guztiak piztuta zeuden, eta agintariek etxean gelditzeko eskatu zioten jendeari. Ur emariaren bat-bateko igoera handi horrek anitz erraten du Tafallan eta inguruko herrietan gertatu zenari buruz, Camino Jaso adituaren ustez. "Biescasen gertatutako uholdearen gisakoa izan da", erran zuen hondamendia gertatu eta astebetera.

Ibaien leheneratzean aditua da Jaso, bai eta Altaffayllak argitaratutako liburuan parte hartu duten egileetako bat. Jasoren testuarekin batera, Marina Aoiz, Belen Ausejo eta Luis Miguel Escudero kazetarienak ere irakur daitezke uholdeen inguruko liburuan, bai eta Antonio Aretxabala geologoarena, Jesus Cabrejas ingeniariarena, Julia Ibarra biologoarena, Uñaki Urkia arkitektoarena eta Javier Zabalza historialariarena ere. Egileen zerrenda osatzen dute Julen Rekondo ingurumen teknikariak, Juan Jesus Corcin Erriberriko zinegotzi ohiak, Beireko, Pitillasko eta Leozko alkate Ainara Gonzalezek, Pedro Jose Labarik eta Amaia Ruizek, Txalapartako editore ohi Jose Mari Esparzak, Tafallako zinegotzi ohi Juan Jose Irigaraik, eta Beñat Sorli Cañadak.

Zeru Cañadaren anaia da Beñat Sorli. Ezporogi ondoan zendu zen 25 urteko gaztea, urak autoan harrapatuta, uztailaren 8ko uholdearen ondorioz. Gaztearen familiak haren omenezko testu bat idatzi du, "uholdeek eragindako kalterik latzena" sufritu eta gero.

Hirigintza planak

Altaffayllako liburuaren egileek denboran atzera egin dute, Zidakos ibaiak gainezka egin zueneko bertze aldi batzuen berri emateko. 1935. urteko edo 1943. urteko uholdeak jaso dituzte, bertzeak bertze. Egileek nabarmendu dute, halere, Tafalla jatorrian ez zutela ibaiaren ondoan eraiki, ezta Erriberri ere. Hiriok, baina, hedatuz joan dira denborak aurrera egin ahala, ibaiak berezkoak dituen espazioak hartu arte. Tafallan 1990eko hamarkadan eraikuntzaren esparruan gertatu zen gorakada aipatu dute, bereziki, orduan eraikitako etxebizitza anitzek mugatu egin dutelako ibaiaren berezko bidea.

Auzi hori aztertu du liburuan Tafallako zinegotzi ohi Juan Jose Irigaraik. Kontatu du 1980ko hamarkadaren bukaeran prestatutako hirigintza proiektuaren asmoa zela Tafallako Alde Zaharra zaharberritzea. Asmo hori, baina, "kamustuz" joan ziren udaletxean; 1994. urtean onartutako hirigintza planak hutsean utzi zuen, eta "guztiz bertzelakoa zen filosofia bat" jarri zuen martxan. Hiriak, finean, ibaiaren tokia hartu zuen. "Zidakosek erruz ordainarazi digu orain", nabarmendu du Irigaraik, bere testuan.

Etxebizitzak ez dira Zidakos ibaiak bere bidean aurkitu dituen azpiegitura bakarrak. Uztaileko uholdeak gertatu eta gero, autobideak Zidakosen ezker magaleko sakan guztiak buxatu zituela ohartarazi zuen Camino Jaso adituak: "Ezker magal horretan egin zuen euri gehien, gainera; gure esku ditugun datuen arabera, ematen du zerbaitek atxiki zuela ura, ez bakarrik Zidakosen ibilguan, akaso bertze erreka batzuen ibilguetan ere bai".

Liburuan Jesus Cabrejas bide ingeniariak jorratu du gai hori. "Egia da uztailaren 8ko ekaitza fenomeno erabat ezohikoa izan zela; halere, autobidean neurriak hartu beharko lituzkete, halakorik berriz gerta ez dadin", erran du, argi eta garbi.

Inork ez du zalantzarik uztailaren 8an gertatu zena "erabat ezohikoa" izan zela. Ebroko Ur Konfederazioak berak bostehun urtean behingotzat jo du egun horretan Zidakosek Tafallan izan zuen emaria. Egungo klima aldaketaren testuinguruan, baina, joera da ezohiko fenomenoak maizago gertatzea, eta hori ere kontuan hartu behar dela azaldu nahi izan dute liburuaren egileek.

Beren asmoa izan da gertatutakoa aztertzea, batez ere, berriz ere gerta ez dadin. Liburua 15 euroan jarri dute salgai, eta irabaziak uholdeek kalte egindako herritarrentzat izanen dira. Tafallan bakarrik, 22 milioi euroren galerak izan zirela zehaztu zuten herriko udaleko arduradunek, uholdeak gertatu eta hilabetera. Laurehun auto baino gehiago hondatu zituen urak.