Iritzia: Euskaldunon estilo-baliabideak

Jon Barberena

Leteren azken liburuak bezala, Elurra ikusi dut nik ere, egun hotz hauetan. Gripeak gorputz andanetan hartu du ostatu, eta haragi eta hezurrekin batera hitzak eritu zaizkigula sentitu dut. Poetikotasun gutiko gizartea da gurea. Estilo-baliabideei erreparatuz gero, estilo (moda) handikoa eta baliabide gutikoa. Itxurak egiten gaitu nor. Azala dugu neurgarri bakarra. Halere, begietako sismografoa martxan paratuko bagenu, ikusiko genuke pertsonon egiazko indarra eta hipozentroa barnean daudela. Bigarren mailan paratu eta gutiesten ditugu hitzak, literatura eta sentimenduak. Mundu bat sar daiteke poema ttipi baten lerroetan, baina mundu osoan ez da lekurik poema ñimiño batendako.

Beti doinu eta neurri berdinean kantari. Betikoei, beti bezala. Zenbait estilo-baliabide higatu ditugu etengabe erabiliz eta gehienak betiko zokoratu. Testu pobreak dira gureak! Metaforek ez dute baliorik, konparazioek hartzen dute protagonismoa. Ondokoaren gabeziek gure harrotasuna hauspotzen dute, nia elikatu eta zoriontasunera hurbildu. Bekaizkeriak bideratutako (sasi)zoriontasunera. Ondokoarena baino auto handiagoa nahi dugu, barrideak baino diru gehiago desio sakelan eta lagunarena baino gerri estuagoan kabitu. -Ago-ak ahoa eta egoa handitzen ditu.

Aho kontuak aipatu eta ahoz aho dabiltzan hiperboleak etorri zaizkit burura. Maialen Lujanbiok Irunen kantatutako gin-tonic barneko hormak ez baitira ahorik aho dantzan dabiltzan bakarrak. Ez dakit txantxarrik sor dezaketen, baina tamainaz handiak izanagatik ere, ahoan kabitu eta gustura darabilzkigu. Esajerazioz apaintzen ditugu eguneroko ekintza xumeak. Enfasi berezia paratzen diogu eguneroko errutinari, eta irudi poetikoa sortzeko ezintasunean, modu digitalean izozten ditugu irudiak. Sare sozialetan zintzilikatzen ditugu mendi irteerak, lagunarteko afariak edo hondartza galduetako harea pikorrak. Bertzeen begiradek eta onespenek gure ekitzen dimentsioa handitzen dute.

Bertzalde, etengabeko sinestesia sufritzen dugu. Medikuaren koloreetako pilulek ezin dute deus egin gaitz honen kontra! Apokalipsia ote? Galdua dago XXI. mendeko gizakia. Irudia jainkotzen dugu, eta begiekin aditzen, usaintzen, ukitzen eta dastatzen dugu den-dena. Zentzumen bakarra nahikoa da sare sozialen oihanean bizirik irauteko.

Modu berean, aski trebeak gara hiperbatonak erabiltzen. Hitzen ordena aldatzea ikaragarri gustatzen zaigu. "Dago Amaia?", "Daude goxo-goxoak!". Hainbertze menperatzen dugu gure hizkuntza, non jostatzerat atrebitzen garen eta hitzen ordena logikoa aldatzen dugun. Aberastasun eta maila handiko hiztunak gara! Euskara salbu dago! Hobe genuke mugarik eta etenik gabeko elipsi batean bizi. Isilik. Ezinezkoa. Pako Aristik idatzi zuen bezala: "Hitzak behar ditugu isiltasuna maite dugula errateko ere".

Ama hil zaigu poemaren egilea hil zaigu. Joxan Artze joan zitzaigun egunean, lainoak ezkutatzen zituen Gure bazterrak ordu ttipietan. Kasualitatea? Ez dut uste. Zaude lasai, Joxan, segur naiz Baztan zarela gorputzetik alde egin duzunetik. Zoritxarrez, inguruko anitzek ez dute jakinen kantatzen dituzten Txoria txori eta Gure bazterrak zuk idatziak direla. Hori bai, barridearen autoak zenbat zaldi dituen edo lagunaren lurrunak zenbat sos balio duen ikasia izanen dute.

Mozal guztien gainetik

Mozal guztien gainetik

Kazetariak dira; ‘La Haine’ eta ‘Ahotsa.info’ hedabideetako kolaboratzaileak, Iruñean. Lan horrek eta sare sozialetan zabaldutako beren iritziek epaileen jomugan jarri dituzte Ruben Ollo eta Jorge C. ‘Boro’. Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu behar zuen gaur Ollok, baina ez da joanen. Edurne Elizondo   Jorge C. ‘Boro’: “Erasoek erantzun irmoa jaso behar dute” Gogorra da. Egunerokoan eragiten dizu. Ingurukoak kezkatzen dira, eta...

Bizirik irautea ez da delitua

Bizirik irautea ez da delitua

Edurne Elizondo

Aldeko zazpi boto; bi kontra; eta abstentzio bat. Lehendakaritza Batzordearen babesa izan du UPNk aurkeztutako adierazpenak, eta, ondorioz, Iruñeko Udalak konpromisoa hartu du sanferminetako "legez kanpoko merkataritzari" aurre egiteko neurriak jasoko dituen plan bat egiteko. Aranzadi eta Ezkerra baino ez dira kontra agertu, eta EH Bilduk abstentzioaren bidetik jo du. Udalak bi hilabeteko epea zehaztu du plana osatzeko.

"Kezkatuta eta atsekabetuta gaude. Iruñeko Udala hagitz mezu arriskutsua ari da zabaltzen: jarduera bat eta kolektibo bat ari da kriminalizatzen". Horixe salatu du Nafarroako SOS Arrazakeria erakundeko arduradun Beatriz Villahizanek. Izan ere, udalak egin nahi duen planak sanferminetan aritzen diren kaleko saltzaileak izanen ditu jomugan. "Bizirik irauteko aritzen dira, lan merkatuan sartzeko aukerarik ez dutelako. Aurrera egiten saiatzea ez da delitua".

Iruñean, sanferminetan aritzen dira, batez ere, kaleko saltzaileak. Madril edo Bartzelonaren gisako hirietan anitzez ere gehiago dira, eta beren eskubideak defendatzeko erakundeak sortu dituzte. Ezagunenetako bat da Bartzelonako kaleko saltzaileen sindikatua. "Beren bizitzen jabe izan nahi dute, eta errateko dutena entzun behar dugu", erran du Villahizanek. Saltzaileok, hain zuzen ere, argi eta garbi azaldu dute beren produktuak ez direla legez kanpokoak, eta bizirik iraun bertzerik ez dutela nahi. "Hori ez da delitua", berretsi dute. "Produktuak Badalonako [Bartzelona, Herrialde Katalanak] industrialdean erosi, eta saldu egiten ditugu. Atzean ez dago inolako mafiarik", erran zuen sindikatuko kide Lamine Bathilyk, Iruñean, iazko martxoan.

Saltzaileen aldarrikapenei so egiteko beharra berretsi du Villahizanek. "Ez dute laguntzarik jasotzen; paperik ere ez dute, kasu gehienetan, eta aurrera egiteko bertze modurik ez dute, ondorioz". Saltzaileon jardueraren aurkako neurriak hartu beharrean, bazterketaren eta prekaritatearen aurkako neurriak eskatu ditu SOS Arrazakeriak, bai eta atzerritarren legeak ekartzen dituen ondorioak bazter uzteko politikak ere. "Paperik ez dutenentzat, kontua ez da zaila dela lan bat lortzea; kontua da lan bat lortzeko aukera ukatu egiten zaiela", salatu du. Ordezkari publikoek errealitate horri erreparatu beharko lioketela erantsi du Villahizanek. "Saltzaileak zigortzea baino ez badute hartzen helburu, arrazista izateko arrisku handia dute erakundeek", gaineratu du.

"Adi" egonen direla erran du SOS Arrazakeriako kideak. "Presioa egiteko prest gara, behar diren bilera guztiak eskatzeko eta egiteko", azaldu du.

Taldeen jarrera

"Plana osatzeko hartutako konpromisoa berri txarra da; batez ere, orain arte egindako bidetik jarraitzen badute aurrera". Horixe uste du Irene Otalek. Gizarte langilea da, eta giza eskubideen aldeko ekintzailea. Iruñeko Udalak kaleko saltzaileen kontra neurriak hartzeko agertu duen asmoari buruz, zalantzarik ez du: "Arrazakeria instituzionala da", erran du.

Iruñeko Udalak hilaren 8an eman zuen plana osatzeko bere konpromisoaren berri, Lehendakaritza Batzordean auzi horri buruzko adierazpena onartu eta gero. Otalek nabarmendu du, halere, bertze hainbat urrats egin dituztela, aurretik ere, udaleko taldeek. Izan ere, UPNk 2016. urteko uztailaren 4an eraman zuen gaia, lehendabizikoz, udalera. Adierazpen bat aurkeztu zuen udalari eskatzeko sanferminetan batez ere "beharrezko neurri guztiak" ezar zitzala "legez kanpoko merkataritzari eta ostalaritzari aurre egiteko".

2016ko bozketa hartan, bai eta auzi beraren inguruan 2016ko abuztuaren 29an egindako bigarrenean ere, EH Bilduk kontrako botoa eman zuen, Otalek gogora ekarri duenez. "Bi bozketa horiek egin zituztenean, EH Bilduren esku zegoen Hiritarren Segurtasunerako saila; eta Aritz Romeok, orduan, denbora falta aipatu zuen auziari ez heltzeko arrazoi nagusi gisa", azaldu du.

Iaz, ekainaren 7an eraman zuen UPNk kaleko saltzaileen gaia udalera, berriz ere. Orduan, adierazpenak ez zuen aurrera egin, Geroa Baik kontra bozkatu zuelako. Urtarrilaren 8ko azken saioan, ordea, Geroa Baik adierazpenaren alde egin zuen. Aldaketa nagusia, halere, ez da hori, Otalen arabera, aurretik ere eman izan ziolako babesa UPNren asmoari. "Kontua da orain Hiritarren Segurtasunerako saila Geroa Bairen esku dagoela; eta talde horren esku dagoela, ondorioz, Udaltzaingoa. Kezkagarria da", nabarmendu du.

Esanguratsua iruditu zaio Otali, halaber, EH Bilduk abstentzioaren bidetik jo izana azken bozketan. "Legez kanpoko merkataritzaren atzean dauden mafien aurka egin nahi izan dutela erran dute EH Bilduko kideek orain; jarrera hori ere kezkagarria iruditzen zait, batetik, gai horri buruzko daturik ez dutelako aipatzen; bertzetik, ez dutelako ematen inongo daturik ustez babestu nahi duten merkataritzak kaleko saltzaileen ondorioz pairatzen duen kalteari buruz". Erantsi du "bitxia" dela udalak hainbat adierazpen onartzea eta plan bat egitea hirian bederatzi egunez bakarrik gertatzen den jarduera bati buruz.

Otalek argi du Iruñeko Udalak onartutako adierazpenak eta haren eskutik eginen duten planak ez diotela erantzuten "benetako arazo" bati. UPNk aurkeztutako adierazpen "arrazistak" planaren oinarri badira, "errepresioaren bidetik" garatuko ote duten beldur da gizarte langilea, hain zuzen ere. Bideak bertzelakoa beharko lukeela argi du: "Kalean saltzea da pertsona horiek aurrera egiteko duten modu bakarra; egoera horren atzean dagoenari egin beharko liokete so erakundeek". Pobreziaren eta bazterketaren inguruko gogoeta eskatu du Otalek, hain zuzen ere. "Hori da behar dena".

Autokontsumoa du Izabak helburu

Autokontsumoa du Izabak helburu

Edurne Elizondo
Hamaika bilera eta paper. Hamaika agiri honat eta harat eraman beharra. Baina osatu dute, azkenean, Ezka Ibaia izeneko udal enpresa. "Ditugun baliabideak erabili nahi ditugu, herriaren alde", azaldu du Izabako alkate Jesus Barazek. Bera...

Iritzia: Panpinak

Lohizune Amatria
Zebra bidea zeharkatzera nindoala, aurreko astean, haur baten aulki eramangarria ikusi nuen espaloiaren beste aldean. Hutsik. Eta, inguruan, inor ez. Gaizki sentiarazi ninduen objektuak, segur aski hainbat arrazoi bururatu zitzaizkidal...

Aldaketak ez du amaiera ekartzen

Aldaketak ez du amaiera ekartzen

Edurne Elizondo

Sumatzen hasi zen 44 urte zituenean; sumatu zuen hilekoaren ingurukoak aldatzen hasi zitzaizkiola; ordura arteko 28 eguneko zikloak hankaz gora jarri zitzaizkiola. Hamabost egunean behineko kontu bilakatu zitzaion hilekoa, eta inoiz ez bezalako odol galtzeak hasi zen izaten. "Menopausia ote?", galdetzen zion bere buruari. Gogoan zituen amak hilekoa izateari utzi zionean pasatu zituenak. 50 urterekin hasi zen beroaldiak izaten. "Egunean hogeitik gora". Eta halaxe egon zen 65 urte bete arte. Denbora tarte batean partxeak jarri zituen, baina ginekologoak gehiago ez erabiltzeko erran zion, minbizia izateko arriskua areagotzen zutelako. Ama baino gazteagoa zuen izeba, baina anitzez ere lehenago jakin zuen hark hilekoa desagertzea zer zen. 40 urte ere ez zituen menopausia goiztiarra zuela erran ziotenean. Osteoporosiari aurrea hartzeko botikak hartu behar izan zituen denbora luzez.

Adibide bat da. Menopausiaren inguruko esperientzia bat. Bizipen bat. Halakoak jorratuko dituzte, aurrerantzean, Nafarroako Ospitale Gunean, Nafarroako Gobernuak espazio bat atonduko baitu bularra ematea, erdiondokoak eta menopausia lantzeko. Asmoa da hilaren amaierarako martxan izatea.

"Nork bere prozesua pasatu behar du; eta denak izan daitezke ezberdinak", erran du Ana Ansak. Ontzat jo du gobernuaren ekinaldia. Medikua da Ansa, eta, Alaiz kolektiboaren eskutik, menopausiaren ingurukoak landu ditu emakume taldeekin, urte luzez. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan aritzen da orain, sendagile.

Argitu du hilekorik gabe urtebete pasatu denean hitz egin daitekeela menopausiaz. Obuluen jarduera eteteak ekartzen du hilekoa desagertzea, hain zuzen ere. Prozesu hori ez da egun batetik bertzerakoa, halere, eta klimaterio erraten zaio. "Gehienetan, 48-52 urte ditugunean hasten da prozesu hori. Klimaterioa hasten denean, obarioek obuluak sortzeari uzten diote. Berez dugun obulu kopurua agortzen denean, estrogenoek behera egiten dute, eta horrek hainbat aldaketa ekartzen ditu", azaldu du. Izan ere, gorputza estrogenoen beherakadari aurre egiten saiatzen da, eta FSH hormona erruz ekoizten hasten da, obarioek estrogenoa sor dezaten. "Baina, obozitorik gabe, alferrikako lana dute hori. FSH hormonaren eta estrogenoen arteko desoreka horrek eragiten ditu klimaterioan sufritzen ditugun sintoma gehienak".

Aldaketa biologiko horrek, halere, bertze hainbat esparrutan izaten ohi du isla, eta, horren ondorioz, klimaterioaren eta menopausiaren ingurukoak "ezkutuan" gelditzen dira. "Isilpean". "Zerbait zikintzat hartu izan da, hilekoa bera bezala", erran du Begoña Arrieta soziologoak. Alaiz kolektiboko eta bertze hainbat emakume taldetako kide ere bada, tartean Urbanas eta Miran elkarteak. Genero rolei buruzko estereotipoek emakumea umeak izateko gaitasunarekin lotu izana ekarri dutela erantsi du, eta, ondorioz, gaitasun hori galduta, modu negatiboan bizi dutela menopausia anitzek. "Duten balioa galduko balute bezala". Alaiz kolektiboko kideekin egindako lanari esker, estereotipo horien eraginari aspaldi ihes egin ziola nabarmendu du Arrietak, baina aitortu du haren zama sumatu zutela denbora luzez klimaterioaz eta menopausiaz hitz egiteko antolatutako tailer haietan.

Errealitate hori aldatzen ari dela uste du Ansak. "Egungo emakumeek, oro har, ez dute aspaldikoek bezala sentitzen gutxiago balio dutela menopausiaren ordua ailegatzen zaienean". Azaldu du, halere, sumatu duela adinarekin lotutako hainbat elementuk badutela eraginik menopausiari aurre egiteko moduan. "Menopausia 50 urte inguru betetzen ditugunean ailegatzen zaigu; eta erraten digu, argi eta garbi, gure bizitzaren zatirik handiena atzean utzi dugula jada".

Taldeen laguntza

"Nik sumatu nuen gorputza puzten ari zitzaidala; eta onartu behar dut nire kezkak estetikarekin bazuela zer ikustekorik, osasunarekin bainoago". Tere Saezek erran ditu hitzok, menopausiaren inguruko bere esperientziari buruz. Ahal Dugu-ko parlamentaria da Nafarroako Parlamentuan, eta Andrea eta Astelehen Lilak taldeetako kide, bertzeak bertze. Parlamentura ailegatu baino lehen, Lizarrako Udaleko berdintasun teknikari aritu zen urte luzez Saez, eta, han, Alaiz kolektiboko kideek bezala, menopausia lantzeko tailerrak egin zituzten. Saezek, hain zuzen ere, elkarri babesa eta laguntza emateko talde horien beharra nabarmendu du. "Behera egin dute halakoek gure artean; feminismoak protestaren bidetik urrats anitz egin ditu azken urteotan, baina talde horien lana, oraindik ere, beharrezkoa dugu. Are gehiago menopausiaren gisako auzi batean, gorputzetik bizi den zerbait baita. Nork bere gorputzetik bizi izandako hori partekatzea biziki aberasgarria da denontzat".

Txalotu du gobernuak, bertzeak bertze, menopausia lantzeko gunea martxan jartzeko urratsa egin izana. Gune horrek gobernuak sexu eta ugalketa osasunari buruzko dekretuan jasotakoekin bat egiten duela nabarmendu du Saezek, eta parlamentuan "adi" egonen direla erantsi du. "Bete behar baita, eta ongi, gainera".

Saezek uste du menopausiaren inguruko eta, oro har, emakumeen gorputzen inguruko "presio sozialak", oraindik ere, prozesu hori, neurri batean, baldintzatu egiten duela. Eta presio sozial horrek bilakatzen duela prozesua berez den baino latzago. "Auziari geure buruaren ezagutzatik eta ahalduntzetik aurre egiten badiogu, presio hori bazter uztea lortzen badugu, konturatzen gara menopausiarekin ez dela deus berezirik gertatzen".

Saezek menopausia eta bularreko minbizia ia batera bizi izan zituen. "Minbizia 2000. urtean izan nuen; urtebete lehenago utzi nion hilekoa izateari, 43 urte ingururekin". Eritasun horren kasuan ere, gizartearen presioak berez astuna den zama are astunago bilakatzen duela erran du Ahal Dugu-ko kideak. "Gizarteak erraten digu emakumeok ezin garela burusoil izan: estereotipo horrekin bat egin behar izateak sufriarazten gaitu".

Estereotipo guztiak bazter uzteko garaia dela nabarmendu du Saezek. Menopausiari buruzkoak ere bai. Auzi hori osasunarekin lotu du, eta horren atzean dauden interesak salatu ditu, gainera: "Anitzetan, osasun kontu gisa saltzen dizkigute estereotipo horiekin lotutakoak; eta hor hasten da, bertzeak bertze, botika enpresen negozioa".

"Menopausiaren auzian agerian gelditzen da, argi eta garbi, medikuntzarentzat eta, beraz, gizartearentzat emakumeak bertzeak direla, ezberdinak direnak, zaurgarri direnak", erran izan du Mari Luz Esteban antropologoak. Menopausiaren "patologizazioa" salatu izan du Estebanek, halaber, eta ideia horrekin bat egin du Saezek ere. "Emakumeon osasunaren inguruan gertatu da, batetik, guri eragiten diguten hainbat gaitz ez dituztela ongi landu; eta, bertzetik, gure ezinegon guztientzat botikak eman dizkigutela".

Menopausiaren auzian, Ansa medikuak uste du botiken aldeko apustu hori ez dela lehen bezain nabarmena, bertzeak bertze, agerian gelditu zelako garai batean estrogenoen beherakadari aurre egiteko erabiltzen zituzten partxeek osasunari kalte egiten ahal diotela.

Sexualitatea

60 urte ditu Ansak, eta duela hamar izan zuen menopausia. "Kuriositatez bizi izan nuen prozesua; nire kezka nagusia zen nire aldartea eta nire umorea ez aldatzea. Okerrena, azkenean, beroaldiak izan ziren; gauez nituen, batez ere". Ansak azaldu du beroaldiak direla estrogenoen beherakadak epe moztera eragiten dituen sintometako bat. "Epe ertainera, baginako lehortasuna eragiten du estrogenoen beherakadak. Epe luzera, berriz, osteoporosiarekin eta gaixotasun kardiobaskularrekin lotutako ondorioak agertzen ahal dira. Osteoporosiari aurre egiteko, halere, ongi jatea, ez erretzea eta kirola egitea dira tresnarik eraginkorrenak".

Sexuaren auzia nabarmendu nahi izan du Ansak, anitzetan zabaldu baita menopausiarekin amaitzen dela sexualitatea. Argi utzi nahi izan du ez dela zertan horrela izan. Harekin bat egin dute Saezek eta Arrietak ere. Azken horrek 70 urte ditu, eta 50 urte zituenean erran zion agur hilekoari. Ansak bezala, beroaldiek eragin zioten ezinegon nagusia. "Izerditan ernatzen nintzen gauez". Menopausiaren auzia "partekatzeko" beharra nabarmendu du. "Hitz egin behar da, azaldu zer gertatzen ari zaizun, inolako beldurrik edo lotsarik gabe".

Sexuari buruz ere bai. Horixe erantsi du Arrietak, eta gogora ekarri du Anna Freixasek 2013. urtean emakume helduen inguruan idatzitako Tan frescas liburua. "Lan horrek dioen bezala, emakumeon sexualitatea ez da menopausiarekin amaitzen; ez da zahartzaroarekin amaitzen".

Psikologian katedradun da Freixas, eta bere hainbat lanetan jorratu du klimaterioaren eta menopausiaren auzia. "Bizi duenarentzat garrantzitsua da, ez hainbertze eragiten dituen ezinegonengatik, baizik eta ekartzen ahal dituen mehatxu kultural eta sozialengatik", idatzi du Freixasek.

Estrogenoen galerak eragiten duen baginako lehorteari aurre egiteko neurriak har daitezkeela erran du Ansak. "Lubrikatzaileak ezinbertzeko bilakatzen ahal dira". Erabiltzen dituela azaldu du Arrietak, eta sexualitateaz gozatzen jarraitzen duela, aparteko arazorik gabe. "Gakoa da bikotekidearekin komunikazio ona izatea. Penetrazioak min egiten badizu, edo atsegina ez bada, bertzelako bideak bilatzea da kontua".

Hitzok erran eta gero, amarekin oroitu da Arrieta. "70 urterekin hil zen. Inoiz ez zigun hitz bakar bat ere erran menopausiari buruz". Arrietarentzat, hain zuzen ere, familian jaso duzun ereduak garrantzi handia du, eta, gaur egun, oraindik ere, emakume gazte anitzek hartzen dutena "erabat patriarkala" dela nabarmendu du.

Auzi horri heldu dio Saezek ere, eta ezinbertzekotzat jo du menopausiaren auzian "mezu heteropatriarkalari ihes" egitea. Prozesu horretan murgiltzen den pertsonak autoestimua eta ahalduntzea lantzea "funtsezkoa" dela erantsi du Ahal Dugu-ko parlamentariak. "Gizarte heteropatriarkal honetan, emakumea sexu objektu bat da; menopausiarekin, berriz, bazter uzten du gizarte horrek berak. Presio hori hor dago, eta aurre egin behar diogu". Horregatik uste du elkarri babes emateko taldeen beharra dagoela.

Saezek gogoratu du sexu eta ugalketa osasunari buruzko dekretuak jaso duela pertsonek jaiotzen direnetik hil arte bizi dutela sexualitatea. Hori dela eta, sexu heziketarekin lotutakoak hezkuntzan jorratzeko beharra nabarmendu du. "Hori egiteko tresnak badira. Sexualitateaz hitz egin behar dugu. Menopausiari buruz ere bai, ondorioz". Parlamentariarentzat, hala ere, ez da nahikoa gobernuak erran izana gaia transbertsala dela. "Dena da transbertsala, gaur egun. Benetan erraten duguna egia dela erakutsi behar dugu".

Hitz egin behar dela erantsi du Saezek. Eta hitz egin behar dela argi dute Ansak eta Arrietak ere. Klimaterioaz eta menopausiaz hitz egin behar dela. Mahai gainean jarri gaia. Estereotipoak eta heteropatriarkatuari lotutako presioak bazter utzita. "Gorputzetik hitz egin behar dugu", berretsi du Saezek. Menopausiarekin ate bat itxi, baina bertze anitz irekitzen ahal direlako. Etapa baten amaiera ez delako, ezinbertzean, bidearen helmuga.

Hasi dira bidea egiten

Hasi dira bidea egiten

Edurne Elizondo
Hutsunea betetzen hasi dira. Nafarroako Gobernuak burmuinean kalte hartutako haurrak artatzeko taldea osatu du Nafarroako Ospitale Gunean. Diziplina anitzeko profesionalak batu ditu zerbitzuak; Osasunbideko kideekin batera, gainera, Hez...

“Orkestrak aterabidea eman nahi die hemengo musikariei”

“Orkestrak aterabidea eman nahi die hemengo musikariei”

Kattalin Barber

Nafarroako zein ondoko probintzietako musikari profesionalei irtenbidea emateko, Iruñeko Hiria orkestra sortu berri dute. Azken hilabeteotan lan eta lan ibili ondoren, joan den astean arrakastaz egin zuten debuta, Bilboko Arriaga antzokian, Cuento de Navidad (Gabonetako ipuina) operarekin. Izaskun Ukar biolin jotzailea (Iruñea,1982) da lehendakaria.

Bost funtzio egin dituzue Bilboko Arriagan. Zer moduzkoa izan da esperientzia?

Oso ongi egon dira; antzoki osoa ia beteta egon da, eta oso ongi funtzionatu du orkestrak. Pozik gaude, hilabeteak daramatzagulako entseguekin eta inoiz ez dakizulako benetan nola aterako den. Musikari guztiak oso pozik atera dira funtzioetatik. Hasiera zaila izan da, baina guztion ahaleginari esker ongi atera gara.

Nola jaio da Iruñeko Hiria orkestra?

Iazko maiatzean, hiru musikarik bat egin genuen. Elkarrekin hainbatetan jo dugu beste talde batzuetan, eta zerbait sortu nahi genuen. Forma eman genion, eta erabaki genuen orkestra bat sortzea.

Zer dela-eta orkestra? Nafarroan hutsunea zegoen?

Egia esan, Nafarroa nahiko txikia da, baina eskaintza kultural handia dago. Nafarroako Orkestra Sinfonikoak lan handia egiten du, baina, era berean, beharrezkoa ikusten genuen beste orkestra mota bat, ez hain handia. Gu hemengo musikari profesionalak gara, eta Errioxa [Espainia], Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko jendearekin bat egin dugu. Hemen ikasitakoak dira gehienak, eta harremana dugu, proiektu askotan aritu garelako elkarrekin. Gure helburua gizarteari kalitatezko orkestra bat eskaintzea da. Guztiok gara profesionalak, baina, hainbat arrazoi direla medio, ez gaude orkestra profesional batean. Hemengo musikariei aterabidea eman nahi diegu gure orkestraren bidez.

Zaila da orkestretan ibilbide profesionala egitea?

Oso zaila da. Oposizioak gutxitan ateratzen dira, eta kultura beti dago nahiko ahaztuta. Horregatik, aukera eman nahi dugu musikariek musika egiten jarrai dezaten. Energia, ilusioa eta gogo handia dugu. Hain zuzen ere, uste dut zenbaitetan hori falta dutela orkestra profesionalek.

Publikoa badute orkestrek?

Gure orkestra nahiko gaztea da. 30 eta 40 urte artekoak gara guztiok, eta, hori dela eta, gure publikoa ere gaztea izatea gustatuko litzaiguke. Hortaz, gure helburua publiko berriak sortzea da, eta hemengo musikariak eta abeslariak bultzatzea. Gazteak gu ikustera joatea nahi dugu. Musika klasikoa eta gazteak ez dira bateraezinak. Gainera, gure tamaina dela eta, areto txikiagoetan egon gaitezke, kultur etxeetan, adibidez.

Bilbon izan zarete, baina Nafarroara noiz iritsiko da Iruñeko Hiria orkestra?

Baditugu proiektuak. Korrontzi trikitilariarekin ariko gara udaberri aldean. Hiru funtzio eginen ditugu, horietako bat Nafarroan. Poliki-poliki gehiago ateratzea espero dugu. Zaila da, hutsetik hasi garelako, baina argi dugu zer nahi dugun. Laguntzak badaude orkestretarako, baina gehienetan bi urteko antzinatasuna eskatzen dute, eta, oraingoz, ez dugu betetzen. Saiatuko gara kultur etxeetan jotzen, eta, arriskatu behar badugu, arriskatuko dugu.

Geratzeko sortu da zuen proiektua?

Bai, hala da. Indarra dugu. Goi mailako kontserbatorioa dugu Nafarroan, eta beti egongo dira musikari prestatuak. Beti izanen dugu txokoa ikasketak amaitzen dituzten musikarientzat. Horrela, Nafarroako jarduera kultural musikala ere zabaltzen da. Gero eta gehiago, hobe. Guk kalitatezko musika eskaini nahi dugu, inori lekua kendu gabe. Esaterako, guk inoiz ez dugu errepertorio sinfonikoa joko, horretarako Nafarroako Orkestra Sinfonikoa dugulako, eta oso ongi egiten dutelako. Bakoitzak bere espazioa du. Adibidez, Baluarten Ganbera Aretoa dago, eta uste dugu aprobetxatzen ahal ditugula toki horrek dituen aukerak.

Nolakoak izan dira azken hilabeteak?

Oso gogorra izan da guztia martxan jartzea. Entsegu asko egin ditugu, eta dena lotzea kostatzen da; baina ikusi ditugu dagoeneko aurreneko fruituak. Guztiak oso pozik atera gara Bilboko funtzioetatik, eta gogoa dugu gehiago eskaintzeko. Ganbera musika eskain dezakegu guk. Bilboko funtzioetan 21 pertsona egon gara, baina gure taldea aldakorra da, eta 12 eta 35 musikari artean egon gaitezke kontzertuetan.

Nafarroako Ganbera Operarekin batera egin duzue Gabonetako ipuina opera. Zer moduz elkarrekin?

Oso ongi egon gara, eta zinez eskertu behar diegu eman diguten aukera. Musikari profesionalak gara, eta ezagutzen dugu Nafarroako Ganbera Opera; askotan egin ditugu funtzioak haiekin, baina inoiz ez Iruñeko Hiria orkestraren izenpean. Bilbon estreinaldia izatea oso esperientzia ona izan da. Jende askok entzun gaitu, eta erakusleiho ezin hobea izan da.

Harrera ona izan du orkestrak Nafarroako musika klasikoaren profesionalen artean?

Asko babestu gaituzte, eta ohore bat izan da guretzat. Nafarroako Ganbera Operak eta Pamplonesa musika bandak ikaragarri lagundu gaituzte. Horrela jarraitzea espero dugu; uste dugu guztiok dugula tokia, eta gure onena eskaini nahi diogu gizarteari. Hasiberria da orkestra, eta pauso bakoitza oso garrantzitsua da, eta sendoa izatea nahi dugu. Urtez urte finkatzea eta programazioa izatea da gure helburua.