Doan eman eta hartu

Doan eman eta hartu

Kattalin Barber

Gauza, zerbitzu edo edozergatik ordaindu behar den mundu honetan, musu truk dena hartu-eman daitekeela uste dugu". Premisa horretatik eta egungo kontsumo gizartearen aurkako alternatiba gisa sortu dute Nafarroako hainbat gaztek www.muxutruk.net webgunea. Proiektua ez da objektuetara mugatzen eta askotarikoak aurki daitezke bertan: liburuak, lanerako tresnak, rafting jaitsierak, elikagaiak, biolin joaldiak, zurgintza lanak, ikastaroak, rokodromoak, konponketa zerbitzuak....

Zerbitzu edo objektu bakoitza non dagoen zehaztuta dago, eta eskaera egiteko formulario bat bete behar da. Aurretik, webgunean bertan izena ematea beharrezkoa da, zerbait eskaintzeko, bai eta zerbait hartzeko ere. Hegoa Arrieta eta Beñat Elizalde sortzaileetako bi dira, eta, zehaztu dutenez, ez da zertan truke bat egin behar: eman daiteke jaso gabe, eta eman gabe, jaso. Eta guztia, noski, musu truk; horixe baita baldintza bakarra. "Bakoitzak ematen du nahi duena eta hartzen du nahi duena. Baldintza da ez dagoela trukerako txanponik, hemen ez da inolako zorrik sortzen", azaldu du Elizaldek.

Orain dela urtebete hasi ziren ideiari bueltak ematen. Arrieta hainbat hilabetez Mexikon egon zen, eta Chiapasko zapatisten komunitateak ezagutzeko aukera izan zuen han. "Gauzak egiteko beste modu bat dagoela ikusi nuen han, inoren laguntzarik gabe. Zapatistek ez dute gobernuaren laguntzarik nahi, eta euren kasa antolatzen dira. Hori gurera ekarri nahi izan dugu", dio Arrietak.

Sistema alternatibo hori eraikitzeko bidean, Muxutruk tresna lehen urratsa litzateke. "Etorkizun batean eta modu utopiko batean, tresna honek oso ongi funtzionatzen badu, horrek aukera emanen liguke modu honetan bizitzeko, dirurik erabili gabe; nik nahi dudana emanez, eta behar dudana sare horretatik hartuz", dio Elizaldek.

Lau hilabete eta zertxobait gehiago darama martxan webguneak, eta denbora horretan 180 erabiltzaile baino gehiagok bat egin dute egitasmoarekin. "Kopurua ona da, eta pozik gaude lortutakoarekin, denbora gutxian komunitate bat sortzea lortu dugulako", diote. Orain, haien erronka erabiltzaileen artean interakzio gehiago sortzea da. "Kontraesanezkoa izan daiteke, baina jendeari askoz gehiago kostatzen zaio bertan dauden eskaintzetatik eskatzea, zerbait eskaintzea baino. Nahiz eta jakin hor eskaintzen duen pertsonak gustura eman nahi duela zerbait, muga moduko bat dugu: nola eskatuko dut nik zerbait, eta musu truk?".

Langa hori gainditzea falta zaien arren, ez dira gutxi erabiltzaileen artean orain arte egon diren hartu-emanak, eta ongi joan dira. Arrietak, adibidez, rafting jaitsierak eskaintzen ditu, eta hainbat egin ditu uda honetan. Bizikletak, bizkar zorroak eta bestelakoak ere hartu eta eman dira.

Norbanakoek ez ezik, kolektiboek ere osatzen dute Muxutruk sarea, eta bertan eskaintzen dute hainbat gauza. Zizurko Esparru gaztetxeak rokodromoa eskaintzen du, esaterako. Orain, eskuragarriago egiteko, sakelakoetarako aplikazioa sortzea dute buruan. "Dagoeneko sakelakoa gorputzaren atal bat da ia-ia, eta uste dugu errazago izan daitekeela erabiltzaileentzat", adierazi du Elizaldek. Interneteko atariak sare sozial baten moduan funtzionatzen duen arren, berez pertsonen arteko aurrez aurreko hartu-emana bultzatu nahi dute.

Euskal Herri osorako

Argi dute Arrietak eta Elizaldek ez dutela ezer berririk asmatu proiektuaren filosofiarekin. Lagun eta familia artean beti egon dira trukeak, baina Muxutruk-ek zerbait gehiago ahalbidetzen du: "Truke sarea zabaltzeko aukera dago ezezagunekin, eta beste leku batzuetara iristeko modua ere bada; betiere, aurrez aurreko harreman hori bilatuz eta doan izanez", dio Elizaldek.

Nafarroan sortu dute proiektua, baina Euskal Herri osoko erabiltzaileak eta eskaintzak daude, hain zuzen. "Horrelako tresna batek aukera ematen dizu edonondik edozer eskaintzeko eta eskatzeko, baina ez dugu koherentea ikusten, adibidez, letxuga batzuen bila joatea Baztandik Bilbora".

Diruaren ordez, alternatiba izan nahi du Muxutruk-ek, eta atariko ateak zabalik dituzte, edonork proiektuarekin bat egiteko eta bakoitzak ahal duen neurrian nahi duena eman eta hartzeko helburuarekin.

“Arazoa da adierazpena eta komunikazioa nahastu direla”

“Arazoa da adierazpena eta komunikazioa nahastu direla”

Edurne Elizondo

Astean hirutan eginen ditu Kolore Heziketa Sortzailea egitasmoak bere tailerrak. Arno Sternek zehaztutako bidetik eginen du lan Iñaki Zalbak (Agoitz, 1983), haur eta helduekin. Harreman ereduak jorratzea da asmoa.

Zer da hezkuntza sortzailea?

Arno Sternek eman zion izen hori egiten zuen lanari; 1946. urtean zenbait umezurtzekin lan egitea egokitu zitzaion. Margotzen jarri zituen, baina berak ez zekien ezer horri buruz, ez zekien ezer pedagogiari buruz ere. Ondorioz, haien atzean jarri zen, haien beharrak asetzeko asmoz. Hor sortu zen egoteko modu berezi bat. Metodologia bat ezarri edo bide bat zehaztu beharrean, haurrak hasi ziren beren kabuz lanean, eta beren arau propioak ezartzen. Bide hori lantzen hasi zen Stern, eta bide horretatik sortu dira guk egun eskaintzen ditugun tailerrak.

Nola bat egin duzu zuk hezkuntza sortzailearekin?

Bilbon, Miguel Castro eta Vega Martin hasi ziren Arno Sternek hasitako bidetik margo tailerrak antolatzen. Gero, tailer horietan erabiltzen zituzten eta hezkuntza sortzailearen oinarri diren baldintzak eraman zituzten buztina eta mugimendua lantzeko tailerretara. Haien eskutik trebatu naiz ni.

Zeintzuk dira oinarri horiek?

Lau dira. Lehenengoa da kontuan hartzea denok ezberdinak garela eta nork bere ezaugarriak dituela; horrek esan nahi du baten eta bestearen garapena ezberdina izanen direla. Kontua da ez alderatzea, ez lehiatzea, eta, horretarako, gakoetako bat da askotariko taldeak sortzea. Hau ez da bakarrik haurrentz at; helduentzat ere badira gure tailerrak. Heldu bat 3 urteko haur batekin ari denean, hain zuzen, heldu horrek ez du bere burua umearekin alderatuko; gai izanen da nahi eta behar duena egiteko. Bigarren baldintza da taldeka lan egiten dugula; talde horretan nork bere espazioa du, halere, eta besteak ezin dira hor sartu; nork bere papera du, adibidez. Bestetik, badira taldearenak diren gauzak edo elementuak, partekatu behar direnak; taldeka aritzeak, halaber, harremanak sortzen ditu taldeko kideen artean. Orekari eustea da kontua, ongi egoteko. Hirugarren baldintza da inor ez epaitzea. Hemen egiten dugun lana, adibidez, ez da hemendik ateratzen, inork epai ez dezan. Hemen sortzen dugu zaindutako espazio bat, epairik gabekoa. Azken baldintza da kideen beharrak aseko dituen eta baldintzak betetzen direla ziurtatuko duen laguntzaile bat izatea. Ni naiz hemen pertsona hori. Nik eginen dut lan hori. Nik oinarriak betetzen direla bermatuko dut, eta kideen beharrei erantzunen diet, eroso egon daitezen, beren jokoa egiteko, margotzeko, edo buztina lantzeko.

Ohiko ereduetatik urrun da zuena; horrek erran nahi du badela bide berriak lantzeko beharra?

Nik uste dut arazoa izan dela adierazpena eta komunikazioa nahastu izan direla. Haur bat, adibidez, txikitatik hasten ahal da arkatz batekin marrazkiak egiten, baina inolako intentziorik gabe; plazera ematen dio, eta horregatik errepikatzen du, eta, modu horretan, jokoa sortzen du. Kontua da helduok pentsatu izan dugula hori dela artearen hastapena, eta sartu garela epaitzera, bidea zehaztera. Horrela egiten duguna da, finean, jokoa apurtu. Helduok, azkenean, ereduak finkatzen ditugu margolari ona nor den zehazteko. Artisten lanetan bada intentzio bat; hausnarketa egiten dute kontatu nahi duten horri buruz, eta hori kontatzeko modurik onena bilatzen dute. Baina dena dator burutik. Haurren kasuan ez. Ez dago hausnarketarik. Jokoa da. Eta hori da guk bultzatu nahi duguna, hain zuzen. Jokoa sortzeko baldintzak eman nahi dizkiegu haur eta helduei.

Joko hori sortzea zailagoa da helduengan?

Kontua da gehienok uste dugula ez dugula ongi margotzen, behin eta berriz esan digutelako zer dagoen ongi eta zer ez; zer egin eta zer ez. Haurrak ere irudimena galtzen ari ote diren beldur naiz; egungo sistemak ezartzen dituen muga horien ondorioz.

Hemen elkarrekin ariko dira. Helduentzat zailagoa izaten da umeekin aritzea, edo alderantziz?

Ez dut uste hor arazorik dagoenik. Baina uste dut helduok prozesuarekin bat egiteko erraztasun handiagoa dugula; hau da, behin lotura egin eta gero, erraz sartzen dira. Haurrentzat zailagoa da. Hemen egon eta gero eskolara itzultzen direlako hurrengo egunean, eta han, berriz ere, mugak ezartzen dizkiete. Esaten diete zer dagoen ongi eta zer ez. Atzera eta aurrera ari dira, beraz. Baina haien arteko harremanak erraz ezartzen dira, modu erabat naturalean.

Zaila da zuen lan egiteko modua hezkuntza sistemara eramatea?

Ez da erraza, ez. Ni Taupa Taupa izeneko eskola librean ari naiz. Laugarren urtea dut oraingoa; Bilbon bi urtez prestatu naiz heziketa sortzailearen esparruan oraingo lana egiteko, gainera. Heziketa sortzailearen gakoa, nire ustez, harremanak lantzeko modu bat da. Hori da garrantzitsuena. Eta hori ari gara lantzen Taupa Taupan ere. Hezkuntza sisteman harremanak lantzeko modua bestelakoa da; helduok dakigu zer den ona, eta guk zehazten ditugu bideak. Bada erresistentzia, oraindik ere, aldatzeko. Paradigma aldatu behar baita.

Tren publiko eta sozialaren aldeko proposamena egin du Sustrai Erakuntzak

IRUÑEA. Sustrai Erakuntza fundazioak tren publiko eta sozialaren aldeko bere proposamena aurkeztu du, asteon, Iruñean. Dauden baliabideak oinarri hartzen ditu proposamen horrek, baliabide horiek hobetzeko asmoz. Abiadura handiko trena egiteko proiektuaren aurka egiten dute, sendo. Joan den astean, hain zuzen, gobernuak iragarri zuen Nafarroako korridorea eraikitzeko itun proposamena aurkeztuko diola Espainiako Gobernuari.

Iritzia: Urriak 1

Lur Albizu Etxetxipia
Ez da egun batetik besterako kontua. Aldaketa guztiek behar dituzte lanketa handiak. Aldaketak egosten aspaldi jartzen dira; prestatutakoa borborka hasten denerako eternitatea pasa daiteke. Batzuetan, ez da aldaketarik etortzen, e...

Jose Mari Apezetxea margolaria hil da

Jose Mari Apezetxea margolaria hil da

Jose Mari Apezetxea margolari baztandarra hil da. Erratzuko bere etxean zendu zen larunbatean, eta atzo egin zuten haren aldeko hileta elizkizuna. 90 urte zituen. Baztango eta inguruko pintore anitzen irakasle izan zen Apezetxea. Ana Mari Marin eta Tomas Sobrino margolariek “lur jota” hartu dute lagunaren heriotzaren berri, eta Apezetxearen eragina nabarmendu dute. Apezetxeak Cezanne izan zuen eragin nagusi, eta halaxe...

Ikusi nahi ez den mendekotasuna

Ikusi nahi ez den mendekotasuna

Edurne Elizondo
Nafarroako Gobernuak joko mendekotasunaren auzia jarri du mahai gainean, nabarmendu baitu orain hiru urte halako bi direla gaur egun mendekotasun hori dutelako Osasunbidean artatu dituztenak. Iaz, zehazki, 69 pertsonak jo zuten osasun e...

Sormenari bidea eman

Sormenari bidea eman

Edurne Elizondo

Artea ez da gauza polit bat egitea; artea transmititzea da, sentitzea", erran du Uxue Lasak. Bat egin du Anne Aramendiak, eta lagunak mahai gainean jarritako ideia sakontzen jarraitu du: "Denok dugu artista bat gure baitan, gure barruan; ateratzea da kontua". "Horixe, barruan dugun artista atera behar dugu, landu, eta garatu", erantsi du Lasak. Iruñerriko Artisten Mugimenduak zeregin horren ardura hartu du bere esku; artea landu eta garatu nahi dute kideek; arteari buruzko gogoeta piztu, eta duen balioa aitortu. Iruñerriko hainbat institututako ikasleek jarri zuten martxan elkartea, aurreko ikasturtean, baina zabaltzen jarraitu nahi du. Horretan ari dira Lasa eta Aramendia, bertze hamaika ikasle artistarekin batera.

Artea bizi dutela sumatzen zaie Aramendiari eta Lasari; Iruñerriko Artisten Mugimenduan lagun dituzte Xabi Gomez eta Naroa Osanbela. 18 urte dituzte laurek, eta agerikoa da artearekiko duten grina. Pasioa. Herritarrekin partekatu nahi dute artea ulertzeko duten modua, eta bide horretan urratsak egiten hasi dira jada. Elkartea, berez, LOMCE legeak batxilergo artistikoan eragin nahi zituen aldaketen aurka sortu zuten, baina harago joateko asmoa agertu du.

"Batxilergo artistikoa duten lau zentrook egin genuen bat: Iturramak, Alaitzek, Gurutzeko plazakoak eta Arte Eskolak; LOMCEk ezarri nahi zituen aldaketen aurka hasi ginen lanean, baina laster konturatu ginen arteak gizarte osoari eragiten diola", azaldu du Lasak; horregatik, arteari buruzko beren hausnarketak zabaltzeko urratsak egiten hasi ziren, arteak aldaketarako duen gaitasuna nabarmentzeko asmoz. Proiektua gelako esparrutik karrikara eraman zuten, finean. Eta bide horretan urratsak egiten jarraitu nahi dute.

"Arteak herritar kritikoak sortzeko duen ahalmena baliatu nahi dugu", erantsi du Aramendiak. Bat egin du Gomezek ere: "Aldaketarako tresna da artea". Mugimenduko kideek argi dute zer-nolako balioak izan beharko lituzkeen gizartean eragin nahi duten aldaketa horrek, eta balio horiek hartu dituzte, aldi berean, beren lanaren ardatz: "Mugimendu askotarikoa gara, baina oinarri hartu ditugu berdintasuna, errespetua, feminismoa...", azaldu dute kideek.

Karrikan eragin

Oinarri horiek abiapuntutzat hartuta, artea karrikara eramateko hainbat jarduera antolatu dituzte Iruñerriko Artisten Mugimenduko kideek, azken hilabeteotan. Arrotxapeko gaztetxeko kideekin elkarlanean aritu dira, adibidez, eta Ikasle Abertzaleekin batera ere, bertze eskola eredu bat garatzeko jardunaldietan aritu dira. "Oso esperientzia polita izan zen", gogoratu du Lasak. Hitz bakarra proposatu zieten parte hartzaileei, nahi zuten moduan azaltzeko. "Errepresioa zen hitza; paper bat eta margoak eman genizkien. Talde batek, adibidez, papera tolestu, eta lurrera bota zuen".

Herritarrak artista bilakatu nahi dituzte beren jardueren bidez; mugimenduko kideek beren artista izaera aldarrikatzen dute, halaber, karrikan. "Atera izan gara abestera, dantzatzera, mugitzera; jendearen erantzuna ezin hobea izan da, oso giro polita sortu dugu kalera atera izan garenean", nabarmendu du Aramendiak.

Halako ekitaldien bidez artea eta askatasuna lotzeko asmoa ere badute Iruñerriko Artisten Mugimenduko kideek. Eskolak, neurri batean, askatasun hori murrizten duela salatu dute, eta artea askatasunaren bidetik garatzeko aukera defendatu dute. Egungo sistemak, oro har, kontrakoa bultzatzen duela uste du Naroa Osanbelak. "Txikia zarenean, klip bat hartu eta gai zara harekin espaziontzi bat egiteko ere; gero, paperak lotzeko baino ez digu balio. Gure artista barrura sartzen dugu, ez diogu ateratzen uzten, eta irudimena galtzen dugu".

Hori da Iruñerriko Artisten Mugimenduko kideek galdu nahi ez dutena: irudimena. Artea askatasunaren bidetik garatzen jarraitu nahi dute, herritarrengan gizartea aldatzeko grina bultzatzeko asmoz. Kritiko izan nahi dute. Artista.

Formakuntzari ez diote uko egin nahi, eta, hasteko, ezkutuan gelditzen ohi diren emakume artisten berri jaso eta zabaldu nahi dute. Feminismoaren bidetik, gainera, bideo bat osatu dute udan eraso matxisten aurka. Artearen bidez eragin nahi dute, errespetuaren, berdintasunaren eta feminismoaren bidean urratsak egiten jarraitu ahal izateko.

“Autobuseko erabiltzaileak uste du ez duela betebeharrik”

“Autobuseko erabiltzaileak uste du ez duela betebeharrik”

Joxerra Senar

Bakarrik eta babes gabe. Hala sentitzen dira billabesetako gidari asko. Aurten, bederatzi eraso fisiko jasan dituzte. Horrez gain, egunkarien lerroburuetara iristen ez badira ere, ohikoak dira tentsio uneak eta liskarrak. "Gaur zer gertatuko ote zait?". Maiz, pentsamendu horrekin hasten dute lanaldia. Maite Beorlegi (Iruñea, 1962)langileen batzordeko ELAko ordezkariak hamalau urte daramatza autobusa gidatzen. Gizartearen kontzientziazioa aldarrikatu du, eta inplikazio handiagoa eskatu die enpresari eta Iruñerriko Mankomunitateari.

Langileak nola zaudete?

Apur bat gure onetik aterata gaude. Gaueko zerbitzuan lan egiten dutenek aspaldi daramate horrela, eta lanera joate hutsak estresa eragiten die. Hala ere, gaur egun, denoi eragiten digu. Sanferminak hasi baino hamabost egun lehenago, adibidez, langile guztiak urduri gaude, ohikoa baino estres handiagoarekin. Gainera, azken erasoak goizez gertatu dira.

Zein izan da erasorik larriena?

Sanfermin hauetan, gidari bati erasoaren ondorioz puntuak eman behar izan zizkioten, eta abenduan Barañainen autobusa abian zegoela gidaria jo zuten. Hark ere puntuak behar izan zituen. Beste askotan, odolik ez da isuri, baina lankide ugarik gaixo agiria hartu behar izan dute luxazioak, gihar uzkurdurak, estresak eraginda.

Ekainean, ELAko Carlos Villain gidariari egin zioten eraso. Zer gertatu zen?

Igande arratsaldez, mozkor zegoen pertsona bat sartu zen. Semaforo batean geldirik zegoela, atea irekitzeko eskatu zion. Erantzun zion ezin zuela, arriskutsua zelako. Mozkor zegoela ikusirik, jaitsi eta etorbide bat gurutzatzen has zitekeen gainera. Hurrengo geltokian irtetean, garagardo lata bat jaurti zion burura, eta buru ondotik igaro zitzaion. Bultzaka hasi ziren, jendeari laguntzeko eskatu zion, baina inork ez zion lagundu.

Jendeak ezjakintasuna al du ordenantzei buruz?

Hori da oinarrizko arazoetako bat. Hiri garraioa zerbitzu publiko bat da, eta erabiltzaileak uste du ez duela inongo betebeharrik. Autobusetan kartel batzuk egon arren, inork ez die jaramonik egiten. Autobus batean izan beharreko jokabidea ez da ezagutzen. Eta arrandiaz jokatzen da gidariekin. Gu autobuseko autoritatea gara. Zerbait esaten badugu, bete egin behar da, baina erabiltzaileek modu txarrean erantzun ohi digute.

Jarrera orokorra da?

Bai. Zenbaitek ulertzen dute onerako esaten duzula, baina gehienek uste dute ozpinduta gaudela. Jendeak ez digu laguntzen. Zerbait gertatuz gero, inork ez du lekukotasuna eman nahi. Norbait biolento jartzen bada, mundu guztiak beste aldera begiratzen du.

Kontzientziazioa kanpaina beharrezko ikusten duzue?

Bai, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen. Hasieran, kamerak jarri ziren. Batetik, kamerak atzera egitera eraman dezake erasotzailea, eta, kasua epaiketara joanez gero, froga bat ere baduzu. Sindikatu batzuk nabarmendu dute pantailak jarri behar direla. Ados gaude horrekin, baina uste dugu lehenago kontzientziazioa egin behar dela, eraginkorragoa delako.

Gidariak babesteko pantailak zalantzak eragin ditu. Zergatik?

Irteteko ate bakarra genuke, pantailarena, eta erasotzaileak irteera moztu dezake edo gainetik edozer gauza bota dezake. Klaustrofobia eragiten du, eta gidatzerakoan ere ez omen dira erosoak.

Enpresak zer jarrera du?

Batzuetan ez digute ezta deitu ere egiten jakiteko nola gauden. Deituz gero, aseguru etxeari gertatutakoaren berri emateko da. Utzikeria dago, bakoitza bere kasa doa. Nabaritu dugu enpresa ez dela pertsonalki inplikatzen.

Eta mankomunitateak?

Nabaritu dugu Aritz Aiesa lehendakariak pertsonalki interesa agertu duela. Beste gauza bat da erakundea; mugitzerako, asko kostatzen da. Ordenantza berria kaleratzear dira. Isun gogorragoak ezarriko dituzte. Hala ere, beste arazo bat dago. Arauak aspalditik ditugu, baina betearazi egin behar dira. Aspalditik inspektoreak ez dira autobusean sartzen, ez dute ordenantza betearazten, billeteak eskatzen... Erabiltzailearen sentsazioa da ez dagoela enpresa edo mankomunitatearen presentziarik. Gaueko zerbitzuetan hasi zen arazoa:udal guztiek nahi dute zerbitzu gauekoa izatea, baina gero ez diote jendeari enbarazu egin nahi. Dena egiten uzten da, eta gerora jendeak ikusten du Polizia ez dela inplikatzen.

Azken asteetan, elkarretaratzeak egin dituzue. Zer gehiago egin dezakezue?

Enpresari eta mankomunitateari inplikazio handiagoa eskatzen diogu. Gidari bati erasotzen dioten hurrengoan, lanuzteak egingo ditugu. Ikusiko dugu nola. Jendeari inplikazioa eskatzeko modua da. Autobusa zergatik ez den iristen galdetzen dutenean, jakingo dute erasoengatik dela.

Atzean badira arazo gehiago?

Bai. Duela hogei urte ezarritako erritmoekin jarraitzen dugu. Trafiko gehiago dago, hiria eraldatu da, baina duela hogei urte bezala funtzionatzen dugu. Enpresa ez da egokitu. Gidatzeko epeak ordukoak dira. Zerbitzuaren lehiaketaren deialdia egin zenean, aurkeztu ziren enpresak kexu ziren gutxieneko prezioa txikiegia zelako, eta, hala ere, %12 murriztu zuen eskainitako prezioa enpresa irabazleak. Zeren truke? Mantentze gastuak murriztu dira, langile kopurua ere bai, autobus ugari lauzpabost urteren buruan oso hondatuta daude. Azkenean, enpresak dirua irabazi nahi badu, nonbaitetik murriztu behar du.

Iritzia: Aldaketa

Jon Barberena
Urtaro aldaketek aldaketak dakartzate gurera. Natura ez ezik, pertsonok ere aldatzen gara. Arbolak biluztu, gorritu edo hosto berdez janzten diren gisarat, pertsonon umorean eta eguneroko energian ere, eragin zuzena dute aldaketa hauek. B...