Biziz adindu ahal izateko

Biziz adindu ahal izateko

Edurne Elizondo
Goiz ailegatu da, ez baitu tokirik gabe gelditu nahi. Adituek errateko dutena entzuteko irrikan da. Gaiak, halere, sekreturik ez du Maria Petra Mikeleiz Landarentzat: zahartzeari buruz gogoeta egiteko antolatu dute jardunaldia Ezkarozen...

Heteropatriarkatuari intsumisioa

Heteropatriarkatuari intsumisioa

Edurne Elizondo

Piztu dituzte argi zuziak. Batukada osatzen duten emakumeak jarri dira manifestazioaren buruan. Ez dago pankartarik. Beltzez jantzita daude denak; estali dute aurpegia. Antolatzaileek hartu dute hitza, protesta hasi baino lehen. "Emakumeak, transak eta bollerak aurrean; haiek dira protagonista; gizonak jar daitezela atzean", eskatu dute Farrukas kolektiboko bi kidek. 23:10 dira, eta, hainbat segundoz, erabateko isiltasunak hartu du San Frantzisko plaza. Batukadako danborren hotsak giroa soinuz bete duen arte. Hasi da manifestazioa. Karrikan da, bertze behin, indarkeria matxisten aurkako sanferminen aurreko aldarria. Ozen oihukatu dute: "Heteropatriarkatuari intsumisioa!".

Amorruak eragindako manifestazioa da, neurri handi batean, Farrukas kolektiboak antolatutakoa. Laugarrenez egin zuten, joan den astearte gauean. Sanferminetan gertatzen diren eraso matxisten aurka, autodefentsa feministaren aldeko aldarri ozena egin zuten parte hartzaileek, Iruñeko Alde Zaharreko karriketan.

San Frantzisko plazatik abiatu zen protesta. 23:00etan zen hastekoa, baina ordu erdi lehenago ere bazen jendea, zain. Emakume gazteak ziren gehienak. Urduri ziren, protesta hasteko gogoz. Karrikak hartzeko prest, eta beldurrik gabe. Elkarri babesa ematen. Plazatik San Nikolas karrikara jo zuen manifestazioak, eta kaleko alde batean eta bertzean diren tabernetako ateetan protestari so zirenen aurrean, "Kaleak, gauak gureak dira" oihukatu zuten parte hartzaileek. Ehunka ziren, eta gai izan ziren beren ahotsak Alde Zaharreko bertze edozein soinuren gainetik entzunarazteko. Emakumeen oihuek Alde Zaharra isildu zuten.

Gazteluko plazatik Xabier karrikara hartu zuen bidea protestak, eta Caldereria karrikatik, berriz, Nabarreria plazarantz. Ibilbide guztian, manifestazioan bat egin zutenek argi utzi zuten ez direla prest eraso sexistak onartzeko. "Bat ukitzen badute, denak ukitzen gaituzte", esan zuten behin eta berriz.

Pankartarik ez zen astearteko manifestazioan, baina nork bere kartela egin eta erakutsi zuen Farrukas taldeak antolatutako protestan. Pentsatzen dut, erantzuten dut, beraz, enbarazu egiten dut leloa irakur zitekeen haietako batean. Autodefentsa feministaren bidetik, hain zuzen ere, intsumiso izateko mezua zabaldu zuten antolatzaileek eta manifestariek; heteropatriarkatuaren arauak apurtzeko beharra jarri zuten mahai gainean, gauez egindako bidean.

Pankarta Nabarrerian

Nabarreria plazan, manifestazioa gelditu egin zen, une batez. Etxe baten teilatua argitu zen hainbat pertsonak bengalak piztu eta gero, eta gora egin zuen manifestazioko lelo nagusia zabaltzeko bolumenak: "Gora borroka feminista!". Txalo artean hartu zuten Nabarreria karrikako alde batetik bertzera zintzilikatu zuten pankarta handia. Autodefentsa feminista leloa idatzia zuen.

Nabarreria karrikatik Mercaderes kalera abiatu zen manifestazioa, eta, handik, Udaletxe plazara. Han amaitu zen protesta, okasiorako prestatutako koreografia batekin. Plaza dantzan jarri baino lehen, Farrukas kolektiboko kideek hartu zuten hitza. "Indarkeria matxista heteropatriarkala salatzera atera gara kaleetara; egunerokotasunean emakume gisa gizarteratu gaituztenok eta subjektu disidenteok pairatzen ditugun indarkeriei aurre egitera gatoz. Txosnetan, tabernetan, kontzertuetan, jai eremuetan eta bizi eta okupatzen ditugun eremu guztietan sufritzen ditugu indarkeria matxistak".

Besta giroan amaitu zen bestak beldurrik gabe ospatzeko eskubidea aldarrikatu zuen manifestazioa. Parte hartu zuten guztiek argi utzi zuten, halere, eraso matxisten aurka autodefentsa feminista dela bidea. "Geure burua defendatzen dugu, eta gure amorrua agertzen dugu", oihukatu zuten. Ez dira isiltzeko prest.

Mundua ulertzeko

Mundua ulertzeko

Kattalin Barber

Mundua ulertzeko balio du fisika kuantikoak", esan du Mikael Chala fisikariak. Naturaren jokaera azaltzen duen zientziaren esparruan murgildu da Chala, eta, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Laetoli argitaletxearen bidez, Física cuántica para Alicia (Fisika kuantikoa Aliciarentzat) dibulgazio lana argitaratu berri du. "Nire helburu nagusia izan da pertsona guztientzat liburu ulergarri eta arin bat egitea; maila batean, edonork uler baitezake fisika kuantikoa", azaldu du.

Dibulgazio lan horrek, besteak beste, aukera ematen du Higgs bosoia edo quarkak ezagutzeko, baita zientzia horri esker funtzionatzen duten teknologia berriak ulertzeko ere, hala nola laserra eta zenbait mediku tresna. Fisika kuantikoaren garrantziaz mintzo da Chala. Izan ere, gaur egungo bizitza ezinezkoa litzateke zientzia horren ezagutzarik gabe. "Guztiaren erantzun bat da fisika kuantikoa. Unibertsoak, izarrek eta planetek nola funtzionatzen duten jakiteko beharrezkoa dugu. Eta ez hori bakarrik; adibidez, transistoreak ulertzeko beharrezkoa da fisika kuantikoa, eta horietako milioika ditugu gure ordenagailu edota sakelako telefonoetan, gaur egun", nabarmendu du egileak. Valentziako Unibertsitateko Fisika Korpuskularreko Institutuko ikertzailea da Chala, eta partikulen fisikan aditua.

Liburua erraz irakurtzen dela azaldu du egileak. "Ez da eleberri bat, eta egia da geldi irakurtzea eskatzen duela liburuak, baina irakurleak ez du bestelako arazorik aurkituko". XX. mendea baino lehenagoko fisikari so eginez hasten da lana, eta, batez ere, Newtonen mekanika eta elektromagnetismoa azaltzen ditu Chalak idatzitako orrialdeen bitartez. Ondoren, fisika kuantikoa aztertzen du egileak, partikula subatomiko txikienen munduan murgilduz —quarkak, neutrinoak, bosoiak—, eta unibertsoaren historia berregiten du, Big Bangetik hasi eta gaur egun arte.

Erantzunik gabe

Mugak ditu, oraindik ere, fisika kuantikoak, eta galdera asko erantzun gabe daude, gainera. Aurkitu duten partikularik txikiena Higgs bosoia da. "Gehiago jakin daiteke? Horretan ari gara, baina oraingoz ez dugu gehiagorik aurkitu. Ez dakigun gauza asko daude, baina, oraingoz, horrela da".

Gainera, maiz agertzen diren anekdotek eta Chalak berak egindako hainbat marrazki argigarrik aukera ematen diote irakurleari naturaren jokaera azaltzen duen zientziaren esparruan barneratzeko, ekuazio matematikoen beharrik gabe.

Horretaz gain, liburuaren beste helburuetako bat fisika kuantikoaren "mitoak" gainditzea izan da, ikerlariak erantsi duenez. "Fisika kuantikoa ez da magia; esperimentuetan oinarritzen da, beste zientzia guztiak bezala. Arazoa da pseudozientzia batzuetan fisika kuantikoaren propietateez baliatzen direla jendeari iruzur egin ahal izateko". Naturaz gaindiko "ustezko erremedio" batzuen amarruak agerian utzi ditu bere liburuan Mikael Chalak, hain zuzen ere.

Iritzia: Uztailak 7, sarritan

Tania Arriaga Azkarate

Irribarretsu eta, ingelesez esaten duten moduan, txiruliruak tripan ditudala Txantrean lo egin ondoren, oso goiz esnatu naiz. Txupinazoaren egunean ateratzen ez naizenez, gisa horretako ekintza heroikoak erraz egin ditzaket. 7a nire egun handia da. Oraindik ohartu ez denari, Bakozaleen zeruan dagoelako edo, gaur San Ferminen eguna dela esan beharko zaio.

Alai, zuriz jantzi naiz, eta gerriko, zapi eta muleta gorriak hartu ditut. Kafetxo azkarra edan ondoren, Frodo gure txakur pinttoari paseoa eman diogu. Ondoren, patioan behar den moduan utzi eta Alde Zaharrera oinez igo nahi dugun arren, pentsatu dugu billabesa hartzea dela egokiena. Nabilenez gero herrenka, hasperenka, eseri beharko dut noizbehinka, ezta? Bosgarren autobus-linea hartu, eta Iruñe zahar ederrean gaude Maite eta biok.

Pozik baina poliki, muletek erritmoa markatzen baitute, San Lorentzo karrikako betiko jatetxerako bidea hartu dugu. Han, urteko hamarretako berezi eta hunkigarrienean itxoiten digute. Udaletxeko langileek presaka garbitu dituzte gaueko bakanaleko aztarnak. Hala ere, autobusetik atera bezain laster, atzo goizean parranda hasi zuten txorigaldu kantariak hurbildu zaizkigu muleta mikrofono gisa erabili nahian. Kentzen badidate eroriko naizela esan diet, eta erreberentzia batekin aurrera segitzen utzi gaituzte. Gaztelu plaza betea dago: atzoko parranderoak, gaurko kiliki-zaleak, biharko gautxoriak, kuxkuxeroak...

Kontentu Sarasate pasealekura abiatzerakoan amatxi-aitatxi kuadrilla eta haien iloba orraztu eta lisatu andana ikusi dugu. Ondoren, horren ongi orraztua ez dagoen neska talde batekin barrez lehertzear egon gara, Baleztenarren etxearen azpian jota bati erraiak urratzen ari zaizkiolako. Raimundo Lanasek burua altxatuko balu... haiekin batuko litzatekeela eginen nuke! Kantatzeko gogoa sentitu dut nik ere, eta "Cuando yo me muera, tengo ya dispuesto, y en el testamento quemandenterrar, quemandenterrar" melodia itsaskorra txistu egiteari ekin diot; San Nikolasen, izeba Montse, nire moduan maingu, eta osaba To-ñorekin topo egin arte. Manga del Mar Menorrera joateko dena prest duten arren, azken bueltatxoa eman nahi dutela aitortu digute, kilo erdiko lau txurro jateko agindu eta gero. Zuzkidura energetikoa odolean, San Lorentzo arte gelditzen zaizkigun 50 metroak ziztu bizian eginen ditugu: San Miguel karrikatik San Frantzisko plazara, eta Alimentación Mendigorria dendan, BERRIA egunkaria eta, harekin, Nafarroako Hitza erosi dugu.

Orain idazten ari naizen kontakizun hau irakurtzen hasi naiz. Esan dizuedanaren ehuneko ehuna bete da. Hau da hau gaitasun totala! Momentua profitatuko dut, eta Paris 365 jatetxean nor topatu nahi dudan idatzi: Nafarroako Hitza eskuan dutela, Ama, aita, Koldo-Luis, Ana G-F, Isabelita, Biki, Aitziber, Maika, Kristina, Ken, Kris, Anjel, Lur, Karlos B, Stefan Zweig, Arrate, Virginia Woof, Miren, KD Lang, Arantxa, Witney Huston, Celine Dion eta Salamankako kartzelatik ihes egin duelako gure izeba Josune ikusi nahi ditut. Pd. Sarri, Sarri, Sarri, Sarri, Sarri, Sarriiiiii!

“Dugun zor historikoa kitatzeko balio du gure museoak”

“Dugun zor historikoa kitatzeko balio du gure museoak”

Kattalin Barber

Zugarramurdin XVI. eta XVII. mendeetan izandako sorgin ehizaren historiaren lekuko da hamar urte bete berri dituen museoa. Memoria historikoa iraunaraztea eta sorginkeriarekin lotutako aferak ezagutaraztea dira, besteak beste, helburuak. Ainara Abete (Elizondo, 1978) hango gida da.

Nolakoak izan dira hamar urte hauek?

Balorazioa ona da. Museoan dugun sentimendua da hamar urte hauetan beti aitzinera egin dugula. Hasiera, ohi den moduan, ez zen batere erraza izan, hutsetik abiatu ginelako, baina gutxika-gutxika gure funtzionamendua zehaztu dugu, eta, zenbait ekitaldi antolatuz, jendea erakartzen saiatu gara. Esan dezakegu hazi garela.

Urte hauetako data gogoangarriren bat duzu buruan?

2010. urtea berezia izan zen. Logroñoko Fede Autoaren 4. mendeurrena ospatu genuen, eta ekitaldi asko izan genituen: filmen lehiaketa, hitzaldiak.... Zugarramurdikoak Logroñora joan ziren, eta haiek hona etorri ziren. Bi herriak senidetu ziren, iragana gaindituz. Gure herriaren memorian oso garrantzitsua izan zen urte hori. Gustav Henningsen idazlea ere etorri zen; harena da El abogado de las brujas liburua. Mikel Azurmendi idazlea ere etorri izan da.

Museo bitxienen artean ere aukeratu dute Zugarramurdikoa. Zergatik da bitxia Sorginen Museoa?

Aurtengo Aste Santuan izan zen. Hundredrooms atari turistikoaren arabera, bederatzi berezienen artean ageri da gure museoa. Guk espero ez ditugun gauzak dira hauek, baina ongi etorriak dira. Publizitatea da guretzat. Zugarramurdik beti izan du turismoa, eta jende asko etorri da sorginen leizea ikustera. Kontua da oraindik ikusten dugula bisitari batzuek sorginen ideia desitxuratu bat dutela. Pentsatzen dute lau atso zirela eta erratz baten gainean hegan egiten zutela. Izan ere, hori izan zen inkisidoreen ikuspuntua. Inkisidoreak hona etorri ziren sorgin maltzur horien bila, baina jende normala harrapatu zuten. Hortaz, dugun zor historikoa kitatzeko balio du museoak. Sorgin ehizaren ondoren, sorginen beldurra egon zen; solastatzeko beldurra zuen jendeak, eta kondairak ez ziren kontatzen. Museoarekin, erakusten dugu gure historia dela, eta jakinarazi behar dugula, gure arbasoekin zor historiko hori kitatzeko.

Zugarramurdin gertatutakoa ez ahazten ere laguntzen du museoak?

Hori da helburuetako bat. Jende normala ziren harrapatu zituztenak, jakintsuak, bere ohitura, sinesmen, erritual eta ezagutzak zituztenak. Bidegabe jokatu zuten. Hortaz, gure arbasoen irudi txar hori ezabatzea eta memoria historikoa iraunaraztea da gure helburua. Bestela, nolabait, inkisidoreek irabaziko lukete, eta ez dugu hori gertatzen utzi behar.

Herriak nola sentitzen du museoa?

Museoa Jesus Agerre alkate ohiaren ametsa izan zen. 2000. urtean udalak baserri hau, ospitalea zena, erosi zuen, eta museoa eraikitzeko obrak egin zituen. Zugarramurdik bere sentitu du museoa sortu zenetik, eta asko lagundu dute. Gainera, museoa izateaz gain, kultur etxe gisa funtzionatzen du. Herritarrak aske sentitzen dira beren gauzak antolatzeko. Adibidez, bilerak egiteko, filmak ikusteko, txotxongiloen topaketa prestatzeko.... Oso garrantzitsua da horrelako herri batean gune hau izatea; gainontzeko herriek ez dute, eta pribilegio bat da.

Sonatua izan zen Alex de la Iglesiaren Las brujas de Zugarramurdi filma, baina istorioak ez du zerikusirik bertan gertatu zenarekin. Eragina izan zuen?

Beti esaten dugu, baina objektu hegalari ezezagun bat Zugarramurdin lurreratu izan balitz bezala gogoratzen dugu. Dena zen filmerako, eta zugarramurdiar guztiek parte hartu zuten, modu batean edo bestean. Bagenekien Alex de la Iglesiaren ideia ez zela Zugarramurdiko benetako historia filmatzea, baizik eta bere ikuspuntua ematea. Ez gaude ados zabaldu zen sorginen irudiarekin, eta, horregatik, gure lana filmaren ondotik izan da benetako sorgin ehizaren historia jakinaraztea bisitariei. Bestalde, ordainezina den publizitate bat ekarri du filmak.

Oraindik jendea etortzen da filma dela eta?

Estreinatu zenean ez genuen askorik nabaritu, baina 2015. urtetik bai. Lehendik etortzen ez zen Espainiako jendea etortzen da orain gurera. Iaz, eta aurten ere, Nafarroako Gobernuak proposatuta, Aktore egun batez programa aurrera eramanen dugu. Filmeko akelarrearen eszena eginen dugu bisitariekin; grabatu, eta gero haiei bidaliko diegu bideotxoa. Lau saio egonen dira.

Zugarramurdiko leizeetara joaten den jende gehienak bisitatzen du museoa?

Ez. Leizeetara joaten direnen laurdenak etortzen dira, gutxi gorabehera. Baina oso ongi dago, eta kontent gaude kopuruarekin. Iaz, adibidez, 120.205 pertsona sartu ziren leizeetara, eta museora, berriz, 31.853 pertsona etorri ziren. Nabarmentzekoa da hamar urte hauetan 247.000 bisitari pasatu direla museotik.

Aurten ere mitologia gela berria estreinatu duzue. Zeintzuk dira berrikuntzak?

Haurrentzako zerbait aproposa egin nahi genuen, eta mitologiari garrantzia eman. Hori dela eta, teknologia berriekin bi ukipen pantaila dituen mahai handi bat jarri dugu; Ainara Azpiazu irudigile hernaniarrak diseinatutako izaki mitologikoei buruz gehiago jakiteko balio du, eta, bestalde, izaki horiek mapan kokatzeko. Uste dugu erakargarriago dela eta haurrek gehiago ulertuko dutela.

Berandu baino lehen

Berandu baino lehen

Edurne Elizondo
Arazoa hain larria bada, eta nik ez dut zalantzan jartzen hala denik, politikariek eta erakundeek zergatik ez dute gehiago egiten?". Klima aldaketari buruzko mahai ingurua egin zuen Nafarroako Gobernuak joan den astean, eta galdera hori...

Aterpe more baten bila

Aterpe more baten bila

Kattalin Barber

Iruñeko emakumeen etxearen lehen hazia erein dute. Emakumeen ahotsak espazio bihurtu, eta Iruñeko emakumeen etxea marrazten hasi dira, errealitate bilakatzeko helburuarekin. Suabrigits sortu berri den kolektibo feministak egin du lehen urratsa, eta Iruñeko emakume guztien parte hartzea nahi du, ahots guztiak bilduz guztien espazioa izan dadin.

Leticia Moreno, Paula Goñi eta Irati Oiarzun Suabrigits taldeko kideak dira. Joan den larunbatean egin zituzten aurkezpen jardunaldiak, Iruñeko Kondestablearen jauregian; beste emakume etxeen esperientziak ere jaso zituzten. Gogoratu dute EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi eta Ezkerra udal taldeek 2015ean sinatutako akordio programatikoak jaso zuela emakumeen etxea egiteko proposamena. "Oraingoz, ordea, ez dute ezer egin. Orduan, erabaki genuen elkartzea eta emakumeok espazio horren beharra aldarrikatzea", esan du Oiarzunek.

Emakume askok amestutako proiektua izatea nahi dute, herri mugimenduaren bidez sortutakoa. Ilusioz daude hiru gazteak, motibatuta, proiektu "bizia eta dinamikoa" eraman nahi dutelako aurrera. Sortu berri da Suabrigits kolektiboa, baina indarrez hasi dira, eta helburu zehatz bat dute: Iruñean emakumeen etxea sortzea. "Guk ideia bota dugu, baina argi dugu proiektua ateratzen denean taldea desagertuko dela; izan ere, desagertzeko jaio gara. Emakumeen etxeak indarra lortzen duenean, gure lana bukatu izanen da", argi du Oiarzunek.

Hazia erein dute, eta orain guztiei dagokie marrazten hastea. Hala ere, nork bere zertzelada eman du emakumeen etxeari buruz. "Etxe askorekin hitz egin dugu, eta oso desberdinak dira denak. Niri jarduerak eta ikastaroak egitea gustatuko litzaidake, sexualitatearen gaia lantzea, baratze bat izatea, lekurik badago ere bertan emakumeak bizitzea...", esan du Morenok.

Goñik, berriz, harremanak garatzeko eta emakumeak finkatzeko toki baten gisa irudikatzen du emakumeen etxea. "Gure lekua aurkitu behar dugu, eta bat egin emakume guztiek". Sortu berri den kolektiboaren leloa ahotan izan du Oiarzunek: "Gure leloa Poztasuna defendatu, amorrua antolatu da, eta hain zuzen ere, hori egin nahi dugu: borroka gaitezen gure eskubideengatik, baina gozatuz, abestuz eta dantzatuz. Ekintza politak egin nahi ditugu".

Iritzi asko jaso eta emakume anitzek haiekin bat egitea behar dute aurretik, eta gutxieneko adostasuna lortuta hasiko dira emakumeen etxea eraikitzen. "Emakumeen etxea ezin du bakarrik kolektibo batek eraiki; emakume guztien laguntza eta babesa behar dugu, guztiontzat izanen baita". Oiarzunek adierazi duenez, dagoeneko hainbat kolektibo feministak eta antolatu gabeko emakumek interesa agertu dute proiektu berriarekin. "Konturatu gara jendeak gogoa duela zerbait egiteko. Emakumeak ilusioz beterik daude, martxan jartzeko prest".

Iruñeko mugimendu feminista "nahiko sakabanatuta" dagoela iritzi diote, eta uste dute aukera "ezin hobea" dela guztiek bat egitea emakumeen etxean. "Beste etxeetako emakumeek esan digutenez, haien herri edo hiriko mugimendu feministak gehiago batu dira etxea izan eta gero", azaldu du Morenok. Hori lortu nahi dute haiek ere, eta proiektua emakume eta iritzi guztientzat zabalik egonen dela ziurtatu dute. "Azken finean, bide berean gaude. Ez bakarrik feministak, baizik eta emakume guztiak, kolektibitate bat gara, klase sozial bat gara. Elkar zaindu behar dugu, dibertitu eta ongi pasatu".

Oraindik ez dute oso argi zein izanen den kudeaketa edo nola lortuko duten emakumeen etxea, baina ez dute aukerarik baztertzen: "Izan daiteke Iruñeko Udalak erabilerarik gabe duen etxeetako bat uztea, edo izan daiteke guk bilatzea. Ez dakigu, baina argi dagoena da guztiok ados egon behar dugula erabakian", esan du Oiarzunek. Ezinbestekotzat jo dute espazioak independentzia eta autonomia izatea ere. Eraikitzeko orduan eta proposamenen orduan "originalak eta sortzaileak" izan nahi dute. Adierazi dutenez, dagoeneko 30 emakume inguruk interesa agertu dute emakumeen etxean.

Sororitatea helburu

Elkartasuna, enpatia eta sororitatea aipatu dituzte Suabrigits kolektiboko hiru gazteek. Helburuetako bat baita emakumeen artean laguntasun harremanak lantzea eta indarrak batzea: "Argi dago guztiok ez ditugula iritzi berak izanen, adibidez, prostituzioaren inguruan, baina beste hamaika gauzatan bat egin dezakegu. Zergatik ez horretan zentratu eta landu? Gauza asko ditugu egiteko", dio Morenok. Aberasteko gune bat izatea nahi dute, eta kolektibo bakoitzak bere identitatearekin eta bere borrokekin jarraitzen duen bitartean, guztien gune bat izatea. "Emakumeak ere askotarikoak garelako eta beste esperientzia batzuetatik asko ikas dezakegulako", dio Oiarzunek.

Hortaz, emakumeen etxeak "emakumeek nahi duten guztia hartuko luke", finean, emakume guztien elkargunea izanen delako. Badakite bidea luzea dela, baina gogoz eta ilusioz beterik ekin diote, bidean emakume gehiago batuko direlakoan eta etorkizuneko Iruñeko emakumeen etxea marraztu nahian.

Urtean lautan, postontzian

Urtean lautan, postontzian

Edurne Elizondo
Anitzek uste zuten bide motza eginen zuela, baina bi hamarkada bete ditu, jada, Burlatako Axular aldizkariak. Izen bereko elkartearen ekimenez hasi ziren argitaratzen, 1997. urtean, eta, geroztik, ez du hutsik egin. Urtean lautan agertz...

Iritzia: Metro eta erdi

Jon Barberena
Bizitzak heriotzari zor dio duen balioa. Hauskorra eta galkorra izateak ematen dio balio hori. Bizitza bizitzea dugu bizibide, beharra eta nahia. Bizi beharra dago herioak eskaintzen digun denbora tartea, eta, badaezpada, urruntasunetik b...