Zenbakien atzeko gizakiak

Zenbakien atzeko gizakiak

Edurne Elizondo

Asteburu bakar batean Mediterraneo itsasoan 100 edo 200 pertsona hil direla esaten digute telebista kateek; garrantzirik eman gabe; pertsonak beharrean, zenbakiak aipatuz. Eta ematen du hondamendi natural batek hil dituela. Ez digute azaltzen zergatik ziren txalupa batean; zergatik ez duten bidaia egin hegazkinez. Errealitatea itxuragabetzen dute, zenbakien atzean dauden aurpegiak, zenbakien atzeko pertsonak ezkutatu arte".

Hedabideek egiten duten kontakizunaz harago, errealitate hori zuzenean eta bere gordinean ezagutu nahi du Bea Beorlegik; estatistika huts bilakatzen dituzten gizakiak ezagutu. Zabaldiko kide da, eta datorren uztailaren 14an Euskal Herritik Melillarantz (Espainia) abiatuko den elkartasun karabanan izanen da. Iaz, Greziara antolatu zuen bidaia Mugak Zabalduz ekinaldiak, eta, aurten, hegoaldeko mugari egin nahi izan dio so. Gertu, eta, aldi berean, hagitz urrun dagoelako. Hango errealitatea, oraindik ere, arrotz delako herritar anitzentzat. Han gertatzen dena ikustera, kontatzera eta salatzera joan nahi du Beorlegik Melillara.

Hamaika bilera egin dituzte jada karabanarekin bat eginen duten Iruñeko elkarteek eta eragileek. Iruñea Harrera Hiria dinamikaren ingurukoak dira gehienak. Asmoa da Nafarroatik autobus bat abiatzea; Hego Euskal Herriko bertze herrialdeek ere bat egin dute ekinaldiarekin. "Denera, 4-5 autobus betetzea espero dugu", azaldu du Beorlegik. Hilaren amaierara arte bada denbora, oraindik ere, izena emateko. Bi helbide badira hori egiteko: abriendofronteras.net eta karabanamugakzabaldu@gmail.com.

Bidaia hasteko gogoz da Beorlegi. Argi du esperientziak ahalbidetuko duela zubiak eraikitzea Europako politika migratzaileen aurka ari diren elkarteen eta pertsonen artean, eta elkarlan horrek ekarriko duela egun Europan gertatzen ari dena ozenago salatzeko aukera. "Ezin dugu telebistari so jarraitu, 'zer gaizki' esanez, baina deus egin gabe; hitzak bainoago, ekintzak behar ditugu", berretsi du Beorlegik.

Hesia, mafiak eta Polizia

Saharaz hegoaldeko migratzaileekin batera, Siriako gerratik ihes egin duten errefuxiatu ugari ere ailegatu dira Melillako mugara, bertzeak bertze. Hesira igotako pertsonak erakusten dituzten irudietan, halere, Saharaz hegoaldekoak baino ez dira agertzen, babesa eskatzeko bulegoa dagoen arren, Saharaz hegoaldekoentzat hagitz zaila delako bide horretan aurrera egitea. Bulegoa 2014. urtean zabaldu zuten, eta, ordutik, urte hasierako Espainiako Gobernuaren datuen arabera, 9.600 pertsonak eskatu dute babesa; gehienak Siria, Yemen, Irak eta Libiakoak dira.

Saharaz hegoaldeko migratzaileen kasuan, oztopo anitz dituzte. Marokoko Poliziak ez die Espainiara ailegatzen uzten, babesa eska dezaten. Mafiek kontrolatzen dute migratzaileek Marokon egiten duten bidea, eta ez dira dirua galtzeko prest. Espainiak, gainera, hagitz protokolo zorrotz eta gogorra du Saharaz hegoaldeko pertsonentzat, eta babesa eskatzeko benetako aukerarik gabe uzten ditu.

Beorlegik ez dio so egin nahi Melillako mugara ailegatzen direnen jatorriari; ezta sorterria uzteko izan dituzten arrazoiei ere. "Errefuxiatuen eta migratzaileen arteko dikotomia bazter utzi nahi dugu, denok dugulako toki batetik bertzera mugitzeko eskubidea".

"Dirua mugitzeko arazorik ez da; gizakientzat, berriz, hesiz bete nahi dute Europa", erantsi du. Melillako hesian muga hori gainditu nahi dituztenak momentuan kanporatzen dituztela salatu du Beorlegik. "Legez kanpo jokatzen dute, eta pertsonen eskubideak urratzen dituzte; erabatekoa da zigorgabetasuna". Hesia, berez, Espainiako Gobernuaren menpeko lurretan da, baina gobernu horrek dio guardia zibilek edo Espainiako poliziek osatutako giza hesia gainditu behar dutela migratzaileek, Espainian direla onartzeko. Melillako hesian lan egiten duten gobernuz kanpoko hainbat erakundek salatu dute idatzi gabeko protokoloa dela hori, eta ahalbidetzen duela Saharaz hegoaldeko pertsonak Marokora itzultzea, hesitik jaitsi bezain pronto. Konorterik gabe ziren pertsonak ere kanporatu izan dituztela salatu dute erakunde horiek.

Bea Beorlegik bertze auzi bat jarri nahi izan du erdigunean: egunero Marokotik Espainiako muga zeharkatzen duten zama eramaileena. "Ikaragarria da emakume horiek garraiatzen duten pisua; enpresek zergarik ez ordaintzeko erabiltzen dituzte emakumeok, eta muga zeharkatzeko unean sortzen diren jende oldeetan hainbat hil dira jada".

Espainiak eta Marokok duten ardura agerian utzi nahi du karabanak, eta migrazioari buruzko beren politikak salatu. "Europako Batasunak Maroko eta Turkia erabiltzen ditu lan zikina egiteko; bidean, migratzaileen eskubideak urratzen dituzte, etengabe".

Melillako errealitate gordin horiek ezagutu eta salatu nahi ditu uztaileko karabanak, eta, aldi berean, hango eguneroko latz eta konplexuan harrapatuta direnei elkartasuna agertu. Melillan bat egiten duten migratzaileak laguntzeko lan egiten duten elkarteekin ere harremanak sendotu nahi dituzte. "Gutxi dira, baina lan garrantzitsua egiten dute, eta elkartasuna agertu nahi diegu haiei ere".

Lehen helmuga, Bardea

Uztailaren 14an abiatuko da karabana, eta, egun horretan bertan, Bardea izanen dute parte hartzaileek lehendabiziko helmuga. Hango tiro eremuaren aurkako ekitaldia eginen dute, azpiegitura horren gisakoek nazioarteko gatazketan betetzen duten rola salatzeko. "Siriako gerra urrun dugula iruditzen zaigu, baina gure etxean ari dira gero nazioarteko gatazketan erabiliko dituzten armak probatzen; ezin dugu bazter utzi nazioarteko potentziek gatazka horien sorreran duten erantzukizuna ere", erran du Bea Beorlegik.

Uztailaren 15ean Madrilera iritsiko da karabana, eta, biharamunean, berriz, Andaluziara (Espainia). Algecirasen, bertzeak bertze, CIE atzerritarrentzako zentro itxiaren aurrean protesta eginen dute. Uztailaren 16an, Malagan izanen da karabana, eta handik abiatuko da Melillarantz. Melillatik Almeriara eginen dute bidea, eta hango negutegietan azken protesta egin eta gero, Nafarroarantz itzuliko dira hemendik joandako parte hartzaileak, uztailaren 22an.

Gogoz da Beorlegi, eta gizartean errefuxiatuen aldeko jarrera nagusi dela argi du. "Ezin dugu ahaztu herritarrok badugula gauzak aldatzeko gaitasuna", erran du. Adibide gisa aipatu du Cheikh Dieng senegaldarraren auzia; duela hamar urte ailegatu zen Txantreara, eta kanporatzeko agindu du, orain, epaile batek. Auzokideen babesa eta elkartasuna jaso ditu. "Hori da bidea; nahi dugun tokian bizitzeko eskubidea dugu".

Errefuxiatuen nazioarteko eguna izan zen asteartea. Hogei pertsonak egiten dute ihes sorterritik, minutuero. 2014tik, 14.000 baino gehiago hil dira Mediterraneoan, itota. Zenbakiek atzean dauden gizakiak ezkuta ez ditzaten joanen da Bea Beorlegi Melillara.

Ezkerretik eraiki nahi dute Erribera

Ezkerretik eraiki nahi dute Erribera

Kattalin Barber

Erribera egin nahi dugu". Horixe da jaio berri den Erriberako Elkarte Ezkertiarraren asmoa. Bederatzi herritako hamabi zinegotzik bat egin dute sortu berri duten talde horretan, eta "batasunaren indarra" baliatu nahi dute eskualdea "ezkerretik eraikitzeko". Tuterako nekazaritzako elikagaien hirian, Bardeako tiro eremuan, Bardeako Batzar Nagusian eta beste hainbat auzitan esku hartu nahi dute, Erriberarentzat onuragarriak ez direla argudio hartuta.

Corellako Miguel Goitiandia da kideetako bat, eta, adierazi duenez, luze gabe, Erriberako 22 herriek elkartean ordezkaritza izatea nahi dute. Oraingoz, bederatzi herriren babesa dute: Corellarekin batera, Tutera, Villafranca, Cintruenigo, Fustiñana, Fitero, Cortes, Castejon eta Cascanteko hautagaitza independenteen hautetsiek bat egin dute elkartean. "Erreminta baliagarria eta erabilgarria izatea nahi dugu, eskualdearen kohesioa sustatuko duena, eta berdintasuna, justizia soziala, kooperazioa eta ingurumenaren defentsa helburu dituena", esan du Goitiandiak.

Ezkerreko ideia politikoak dituzten hainbat lagunek osatzen dute Erriberako Elkarte Ezkertiarra, eta balioek eta eskualdean kohesioa egiteko nahiak batu ditu. Orain dela urtebete hasi ziren lanean: "Ikusi genuen beharrezkoa zela indarrak batzea ezkerra mobilizatzeko. Momentu egokia da, baina argi dugu ez dugula hautagaitza bakarra aurkeztuko; nork bere herrian lan egiten jarraituko du, eta proiektu komunak izanen ditugu".

Horixe dute helburu, elkartea eskualdean finkatzea, eta gero eta indar gehiago izatea Erriberan dauden arazoei aurre egin ahal izateko. "Askorentzat horrela bada ere, Erribera ez da botoak lortzeko gune bat, Erribera subjektu aktibo bat da, eta gizartearen beharrei erantzuteko gaude". Elkarlanean aritu nahi dute herrien artean.

Kezkak eta ardurak dituzte, uste dutelako azken urteetan "kudeaketa txarra" egin dutela Erriberan agintean izan diren alderdiek. "Ez dituzte herritarren beharrak ase, eta politika batzuk ez dira batere eraginkorrak izan; horregatik sortu gara, eta horregatik eragin nahi dugu gure eskualdean".

Konponbidea eman nahi diote hamaika auziri, "baina ezkerretik", zehaztu dute elkarteko kideek. Ardatz dituzte langabezia, desindustrializazioa, kutsatzen duten enpresak, "bideragarritasun ekonomikoa eta soziala zalantzan jartzen dituzten azpiegitura handiak", ura, airea eta hondakinen kudeaketa, nekazaritzako elikagaien hiria, Bardeako tiro eremua eta Bardeako Batzar Nagusiaren kudeaketa, besteak beste.

"Hutsuneak ditugu eskualdean, eta irtenbidea eman behar diegu, gure ikuspegitik". Goitiandiak adierazi duenez, oraindik ez dute erantzun "irmo" bat gai bakoitzerako, baina lanean ari direla nabarmendu du: "Oraindik ez ditugu erabakiak hartu, sortu berri garelako, baina ados gaude, adibidez, tiro eremuaren auzian; azpiegitura hori bertan behera utz dezatela nahi dugu; nekazaritza elikagaien hiriaren aurka ados gara, halaber. Oso presente ditugu arazo guztiak".

Goitiandiak adierazi duenez, Erriberako Elkarte Ezkertiarra eskualdeko hirugarren indarra izanen litzateke. "Hautagaitza independenteak uharteak baino ez gara alderdien itsas handi honetan, baina elkartuz gero, indar handiagoa lortzen dugu; ez gara nor bere aldetik ariko, kolektiboa osatuz baizik, eta gure artean adostasunak lortuz".

Era berean, ez dute ahaztu nahi zinegotzi bakoitza independentea dela, eta bere hautagaitzaren identitatea izaten jarraituko duela. "Gehitu nahi dugu", zehaztu du Goitiandiak.

Euskara, lehen lerroan

Euskara ere presente izan dute elkartean, hasieratik, eta hizkuntzaren alde lan eginen dutela argi utzi dute. Ez dute zalantzarik: "Euskara nafar guztion hizkuntza da, eta eskubidea dugu, gure hizkuntza delako, eta euskaraz hitz eginez gure etorkizuna eraikitzen ari garela uste dugulako".

Goitiandiak adierazi du "bigarren mailako herritar" sentitzen direla Nafarroako Erriberako euskaldunak. "Hizkuntza eskubideak urratzen dizkigute".

Oztopoz betetako errealitatea aurkeztu du Goitiandiak, eta, egoera hori kontuan hartuta, beste hizkuntza politika bat beharrezkoa dela argi du. "Zonifikazioak ez dio inori mesede egiten Erriberan, eta hemengo biztanleria baztertzen du".

Elkartea sortu berri den arren, helburu guztiak lortzeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua dela uste dute. Erriberako 22 herrietan eragin nahi dute, eta dagoeneko beste herri batzuk interesa agertu dute: "Gure ateak zabalik ditugu". Zabaltzen jarraitu nahi dute.

Karrikak ez galtzeko

Karrikak ez galtzeko

Edurne Elizondo

Zer ospatu izanen da, Nafarroan, datorren astean: ekainaren 28a da LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna, eta, bezperan, hain justu, Iruñeko Udalak martxan jarri duen LGTBI bulegoa inauguratuko dute hiriko agintariek. Ez da hori LGTBI komunitatearen aldeko azkenaldiko urrats bakarra, gainera, Nafarroako Parlamentuak onartu berri baitu berdintasun sozialeko foru legea. Testuinguru berezia ematen diote ekinaldiok aurtengo ekainaren 28ari; LGTBI kolektiboek, halere, lanean jarraitzeko beharra berretsi dute; ospatzeko, eta, aldi berean, aldarrikatzen jarraitzeko beharra, alegia.

Bidean urratsak egiten segitu ahal izateko helduleku aproposa izan daiteke parlamentuak onartutako lege berria, hain zuzen ere. Nafarroako Gobernuari eusten dioten lau indarrek hasieratik adierazi zuten LGTBIfobiaren aurkako politikak iraultzeko asmoa, baina, azkenean, PSN izan zen LGTBI kolektiboaren eskubideak bermatzeko lege berri bat ontzea proposatzen lehena. Laukoaren eta sozialisten artean adostu zituzten legearen oinarriak, eta parte-hartze prozesua egin eta gero, hilaren 8an onartu zuten legearen behin betiko testua.

Eragile sozialek aurrerapausotzat jo dute lege berria, baina argi eta garbi erran diote Nafarroako Gobernuari behar diren baliabideak jarri beharko dituela araua garatu ahal izateko. Bertzela, hutsean gelditzeko arriskua bada. Kattalingorriko Raul Lopezek, adibidez, legea "hagitz orokorra" dela ohartarazi zuen, onartu berritan, eta, ondorioz, ezinbertekotzat jo zuen dekretuen bidez garatzea. "Borondate ona" sumatzen du Kattalingorriko kideak, halere.

Lugatibe eta Zikutak kolektiboetako kide Luna Martinikorenak ere "aurrepausotzat" jo du testua, baina adi egoteko beharra nabarmendu du: "Pozik gara, baina gauza bat da lege on bat egitea, eta beste bat, lege horri zehaztasuna ematea", erantsi du. Indarkeria matxistaren aurkako legeen kasua jarri du mahai gainean, lege horiek ekarri duten markoa ez delako nahikoa izan emakumeen aurkako indarkeria bertan behera uzteko, eta ez dutelako benetako berdintasunik ekarri.

Borrokari eusteko arrazoiak badira, LGTBIfobia, oraindik ere, gizartetik desagertu ez den arazoa baita. Martxoan Hazte Oir elkartearen autobusa iritsi zen Nafarroara, adibidez, bere lelo eta ikur transfoboekin. Karrikan aurre egin zioten herritarrek. Erasoek ere gora egin dutela gaineratu du Martinikorenak. "Ezin dugu egungo testuinguruaren perspektiba galdu".

Adierazpen instituzionala

Udalak jarrera hartu zuen Hazte Oir elkartearen autobusaren aurka, eta hirian sartu ahal izateko ikur eta lelo horiek guztiak kendu behar izan zituen autobusak. Udalak asteartean inauguratuko duen LGTBI bulegoa ere jarrera hartzeko modu bat da. San Gregorio karrikako 28. zenbakian izanen da, eta Kattalinguneko kideek artatuko dituzte herritarrak zerbitzuan. Iruñeko Udalak adierazpen instituzionala onartu du LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko. Adierazpen horretan udalak konpromisoa hartu du berdintasunaren aldeko eta bazterketaren aurkako borrokan "eredugarri" izateko. Udalak, gainera, Nafarroako Gobernuari eskatu dio LGTBI berdintasun sozialeko foru legea garatzeko baliabideak jar ditzala.

Nafarroako Gobernuak Kepa Iekora izendatu du bere LGTBI unitateko arduradun; Iekorak ere aurrerapausotzat jo du lege berria onartu izana, eta talde feministek eta LGTBI elkarteek egin duten bidea nabarmendu du. Eragileen ekarpenek hasierako testua aberastu dutela erran du.

Legeak Berdintasun Institutuaren organigraman txertatu du LGTBI unitatea, eta bere lana izanen da gobernuaren politikak koordinatzea alor horretan. Legeak, gainera, LGTBI pertsonen aurkako jazarpen kasuetan ofizioz esku hartzeko aukera ematen die administrazio publikoei eta Arartekoari; transexualitatearen despatologizazioa berariaz aipatzen du testuak, bertzetik. Gainera, hezkuntzaren esparruan, komunitate osoa inplikatzea da helburua, LGTBIfobiari aurre egin ahal izateko.

Asmo horrekin antolatu du Iruñeko Udalak LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko programa. Hainbat hitzaldik, mahai inguruk eta zinema emanaldik osatu dute. Laura Berro da Iruñeko Udaleko Berdintasun eta LGTBI zinegotzia, eta gogoratu du ekainaren 28koa 1969. urtean New Yorkeko Stonewall tabernan gertatu zena oroitzeko eguna dela. Homosexualek, lesbianek, transexualek eta bertzek bat egiten zuten taberna hartan, eta poliziaren etengabeko jazarpena jasaten zuten; aurre egitea erabaki zuten arte. Egun toki anitzetan besta bilakatu den egun horrek, beraz, erresistentziarako ekinaldi politiko bat du bere oinarrian.

Lugatibe kolektiboak, hain zuzen ere, Joseba Berdugo kideak errandakoak partekatu ditu egunotan. LGTBI mugimenduan dagoen "despolitizazioa" salatu du Berdugok, hain zuzen ere, eta "LGTBI komunitatearen instrumentalizazioa" ere kritikatu du. Bat egin du Martinikorenak, eta instrumentalizazio horren aukerak kezkatzen duela aitortu du. Batez ere, kolektiboek aurretik egindako lana nabarmendu du; eskertu eta aitortu egin du, eta borrokatzen jarraitzeko beharra jarri du mahai gainean.

Udalak antolatutako programaren barruan, intersexualitateen inguruko hitzaldia emanen du Cira Lopez antropologoak, datorren astelehenean, hilaren 26an. 19:00etan hasiko da, Caldereria aretoan. Asteazkenean, E28 plataformak antolatutako manifestazioak hartuko ditu Iruñeko karrikak. Besta giroko protesta izanen da, baina aldarrikatzeko beharra bazter utzi gabe.

“Eskuzabala da jendea, baina informazioa falta da oraindik”

“Eskuzabala da jendea, baina informazioa falta da oraindik”

Kattalin Barber

Leuzemiaren aurka eta hezur muina ematearen alde, korrika egin zuten asteartean ehunka pertsonak, Burlatan, Domena Nafarroako Hezur Muinaren Emaileen elkarteak antolatuta. Elkarteko kide eta Nafarroako Odol eta Ehun Bankuko hematologoa da Erkuden Aranburu (Iruñea, 1957), eta hezur muina ematearen garrantziaz hitz egin du, besteak beste.

Zeintzuk dira Domena elkartearen helburuak?

Domena elkartea orain dela zortzi urte sortu zen. Eduardo Domezain gazteak leuzemia izan zuen, eta familiak hezur muina ematearen aldeko kanpaina handia egin zuen. Zoritxarrez, ez zuten lortu emaile bateragarririk, eta hil egin zen. Baina amak borrokan jarraitu zuen, eta horren emaitza da Domena. Odol bankuan lan egiten dut nik, eta orain dela 27 urte hasi genuen guk hezur muin emaileen erregistroa, Espainian Carreras fundazioa sortu zenean. Gogoan dut lehen emaileak odol emaileak izan zirela, baina urtez urte emaile asko lortu ditugu. Horrez gain, gure egitekoa da, era berean, gaixoari eta haren ingurukoei babesa eta sostengua ematea, gure esku dauden baliabide guztiak eskainiz. Jendea nahiko galduta dago horrelakoak gertatzen direnean, eta gainera, gaixotasun bera izan duten pertsonekin hitz egin nahi dute.

Zenbat emaile daude aipatu duzun erregistro horretan?

Erregistro orokorra da, eta 20 milioi pertsona daude, baina bakarrik Europa, AEB, Kanada eta Australiako emaileak dira; gainerako herrialdeak ez daude erregistroan sartuta. Nafarroan Domena sortzean, hezur muina ematea sustatu nahi genuen, eta informazioa zabaldu. Domezainen kasuak eragin handia izan zuen gurean. Orain, Lizarrako zortzi urteko neska bat transplantearen zain dago. Kanpaina handia egin dute gurasoek Lizarran, eta 120 emaile lortu ditugu. Batez beste, urtean 30 leuzemia kasu inguru daude Nafarroan.

Gero eta hezur-muin emaile gehiago daude Nafarroan?

Bai. Nafarroan 10.000 emaile inguru ditugu. Orain dela zortzi bat urte emaile gutxi zeuden, bai Nafarroan, bai eta Espainian ere. Horregatik, kanpaina handi bat bultzatu zuen administrazioak, eta erkidego bakoitzak gutxieneko emaile kopuru bat lortu behar zuen. Nafarroan uste dut 300 emaile izan zirela; askoz gehiago lortzen ditugu, urtean 800.

Edonork eman dezake hezur muina?

Baldintza batzuk daude. Sortzetiko gaixotasun bat baldin baduzu, minbizia edo diabetesa izan baduzu, ezin duzu eman. Horrez gain, emaileek 45 urte baino gutxiago izan behar dute; horregatik, gazteen inplikazioa beharrezkoa da. Gainera, hezur muin bateragarrien artean beti gazteenak aukeratzen dituzte, aberatsagoak direlako. Gainera, 50 kilo baino gehiago pisatu behar dute emaileek, eta adinez nagusi izan. Emaileari odol analisiak egiten zaizkio, baita analisi genetikoak ere, eta informazio hori guztia mundu mailako emaileen sarean sartzen dute. Munduko edozein lekutan emailearekin bateragarria den gaixo bat agertuz gero, hezur muina emango luke.

Behin hezur muin bateragarri bat lortuta, zeintzuk dira hurrengo urratsak?

Emailearen hezur muinarekin bateragarria den gaixo bat aurkitzen denean, hurrengo urratsa hezur muina ematea izaten da. Emailea aferesi makina batekin lotzen da, ospitaleratu eta anestesiatu gabe. Makinak odola zirkuitu batean barrena igaroarazten du etengabe, eta, beharrezkoak diren zelulak hartu ondoren, gainerako odola emaileari bueltatzen dio. Saio gehienak 4-5 ordukoak izaten dira. Donazioa egin aurreko egunetan injekzio akuilatzailea jartzen zaio emaileari, odolean zelula odol sortzaileen kopurua handitzeko.

Jende askok oraindik ez daki hezur muina ematea odola ateratzea dela. Informazioa falta da oraindik?

Bai, eta, oraindik ere, hezur muina eta bizkar muina nahasten ditu jendeak. Horretan egin behar dugu lana, hain zuzen: informazioa zabaltzen. Adibidez, orain dela gutxi Lizarran egon gara hitzaldi bat ematen, eta 100 pertsona inguru etorri ziren. Informazio gutxi zuten hezur muinaren inguruan, eta asko eskertu zuten. Informazioa dutenean, eta hezur muina zer den eta nola ematen den argi dutenean, oso eskuzabalak izaten dira.

Zein mezu bidaliko zenioke gizarteari hezur muina ematearen alde?

Beti esaten da, baina egia borobila da: bizitza bat salba daiteke eta oso erraza da; lau edo bost ordu baino ez ditu kentzen. Gaur beste pertsona bat da, baina bihar zu izan zaitezkeela pentsatu behar duzu. Gauza bera gertatzen da odol emaileekin. Jenderik ez badago eta ez badute odolik ematen, ez da odolik egonen ospitalean. Ez dago lantegirik hezur muina edo odola egiteko; pertsonen beharra dugu, eta bankua elikatu behar dugu etengabe. Zenbat eta gehiago izan, askoz hobe.

Zilbor hesteko odola ere eskatzen duzue?

Zilbor hesteko odolean mota zehatz bateko zelula ama asko daude, eta leuzemia eta minbizi mota batzuk dituzten gaixoei transplanteak egiteko erabiltzen dira. Dena den, oraindik nahiko geldituta dago gai hori, behar bezala ezartzeko oso garestia eta konplexua delako. Hiru urte inguru dira ez dela egiten Nafarroan, baina asmoa dago, eta badirudi martxan jarri nahi dutela, berriz ere. Oraingoz, halere, askoz ere eraginkorragoa da hezur muina ematea.

Iritzia: Bero itogarria

Lohizune Amatria
Diotenez, iritsi da uda. Asteazkenekoa izan omen zen urteko egunik luzeena, baita gaurik motzena ere, beraz. Askorentzat, dena den, gaurkoa izango da urtaro aldaketaren eguna. Sanjoan bezpera izango duzue askok buruan, gaurik motzenean...

Txinpartak itzali, suak ez pizteko

Txinpartak itzali, suak ez pizteko

Edurne Elizondo

Zaratak iragarri du Miluzeko parkean suhiltzaileak bueltan direla. Abisua jaso dute Zangoza ondotik; norbaitek kea ikusi omen du. Deia jaso, eta berehala abiatu da helikopteroa; barruan dira pilotua, lau suhiltzaile eta haien kaboa. Basoko esku hartze azkarreko brigada osatzen dute. "Ez zen suterik; irteera baliatu dugu, halere, ariketa bat egiteko", azaldu du Kike Arizaleta kaboak, itzuli direnean. Aurizko parkeko kide da Arizaleta, baina udako kanpainarako Miluzera mugitzen da.

Sute bat pizten denean, basoko esku hartze lasterreko brigadetako kideak dira tokira ailegatzen lehenak. Helikopteroak ematen die inor baino azkarrago iristeko aukera. Haien helburu nagusia da ahalik eta lasterren hastea lanean, sua zabal ez dadin. Txinpartak itzali, suteak ez pizteko. Arizaleta buru duen brigadak ekainarekin batera hasi zuen udako kanpainako bere lana; atzo, berriz, bertze bi hasi ziren lanean, bertze helikoptero batekin. Bi brigada horietako bakoitzean emakume bana dago.

Ohi baino goizago jarri da martxan aurten suteen aurkako udako kanpaina, aurreratzea erabaki baitu Nafarroako Gobernuak: batetik, bereziki herrialdeko hegoaldean dagoen lehorteagatik; bertzetik, laboreen uzta ohi baino lehenago hasiko dutelako; eta, hirugarrenik, datozen hilabeteotarako bero handia eta euri gutxi espero delako. "Pentsa daiteke basoko sute handi bat izan dezakegula aurten ere", azaldu du Juantxo Cisneros sarjentuak.

Miluzeko parkean 11 orduko lanaldia dute udako kanpainarako kontratatu dituzten suhiltzaileek. Zangozatik itzuli eta gero, zain gelditu dira. Zain, baina adi. Bero handiko eguna da, eta, lurraren hezetasuna kontuan hartuta, edozein momentutan piztu daiteke sute bat eraginen duen txinparta. "Gauez hobera egiten du egoerak, baina, egunez, nabarmen egiten du behera lurraren hezetasunak", azaldu du Arizaletak. Uzta garaian laboreak biltzeko erabiltzen dituzten makinek sortzen dituzte, kasu anitzetan, gero suteak eragiten dituzten txinpartak. Larreak erretzeko ohiturak ere eragiten ditu suak, haizearen eraginez, adibidez, egoerak kontrolari ihes egiten dionean.

Suteren baten berririk ematen duen deirik ez, oraingoz, Miluzeko parkean. Han, Tafallako iazko sua dute denek gogoan. Azken urteotako handiena izan zen. Suak 3.500 hektarea hartu zituen abuztuan. "Azken urteotako joera da sute handi bat gertatzea udan", azaldu du Cisnerosek. Iaz, hagitz lehorrak izan ziren udako hilabeteak, eta larreak ahitu egin ziren herrialde osoan. Tenperaturari buruzko datuak jasotzen direnetik, iazko abuztua izan zen inoizko beroena.

Iazko udako kanpainan, denera, 516 sute izan ziren herrialdean; 4.600 hektarea erre zituzten su horiek. 198 hektarea baino ez ziren erre 2015. urtean, eta 894, berriz, 2014ko udan. 218 hektarea hartu zituen suak 2013. urtean, eta, 2012. urtean, berriz, 1.297. Urte hartan, 621 sute gertatu ziren Nafarroan, udan, hain zuzen ere. Iparraldean, neguan gertatzen ohi da sute gehien. Klimaren aldaketaren ondorioak gero eta nabarmenagoak direla argi dute suhiltzaileek.

"Lan teknikoa"

Basoko esku hartze lasterreko brigadako kideen lana "oso teknikoa" dela nabarmendu dute kideek. Helikopterotik jaisten direnean, aizkora, pala edo arrasteluaren gisako tresnak dituzte suari aurre egiteko. Bizkar zorroan 20 litro ur badituzte. Gehiago ez. Helikopteroak, halere, badu ura hartu eta botatzeko poltsa. "Suhiltzaileok beti gara helikopteroarekin harremanetan; ura non bota esaten ahal diogu; pilotuak, halaber, toki txarrean bagara, ohartarazten ahal gaitu". Bai eta lagundu eta diren tokitik atera ere, arriskuak gora eginez gero.

Helikopteroak du, finean, sutearen irudirik argiena. Horregatik, basoko esku hartze azkarreko brigadako kideen lana funtsezkoa da, lurretik ailegatzen diren lankideek ezin baitute izan sutearen irudi orokor bat. Kamioiak ailegatzen ez diren tokietara iristen ahal dira, gainera.

Aurtengo udan, denera, ohiko taldeko 400 suhiltzaileekin ariko dira kanpainarako kontratatutako bertze 150. Nafarroako Gobernuak azaldu du 140 suhiltzaile boluntario ere ariko direla lanean, bai eta Ingurumen Departamentuko 109 basozainak ere. Suhiltzaile boluntarioei buruz, Arizaletak argi utzi du ezin direla sartu suteak itzaltzeko moduan direnen taldean. "Boluntarioak dira; horrek esan nahi du sua pizten denean, akaso, lanean edo oporretan direla; hasierako esku hartzerako ez dira prest izaten". Lan egiteko moduan direnean, halere, haien parte hartzea eskertu ohi dute suhiltzaileek, tokia ongi ezagutzen dutelako.

Nafarroan, suhiltzaileen taldeak zerbitzu integrala eskaintzen du. Hau da, edozein motatako suteen kontra egiten dute lan. Hainbat tokitan, basoko suteetan aritzen diren suhiltzaileek talde berezia osatzen dute. "Hemen ez, baina ohiko taldea ez da nahikoa udako eta neguko kanpainei aurre egiteko", salatu du Arizaletak. Horregatik kontratatu behar dituzte suhiltzaile gehiago suteen aurkako kanpainetan aritzeko. 150, aurten. Basoko suteetan aritzen dira bakarrik.

Gobernuak, zehazki, suhiltzaile laguntzailetzat ditu langileok. Haiek ez dira kontent. "Egiten dugun lanari ez diote duen balioa aitortzen", erran du Iñigo Lasheras suhiltzaileak. "Gehiago profesionalizatu beharko lukete", erantsi du Toño Jasok. Izan ere, kanpainarako kontratatzen dituzte; hau da, hainbat hilabetez, eta, ondorioz, bertze lanen bat bilatu behar izaten dute, egunerokoari aurre egin ahal izateko. Egoera horrek zerbitzuari kalte egiten diola uste dute suhiltzaileek: "Udako eta neguko kanpainak egiten badituzu, gehienez zazpi hilabetez egiten duzu lan; jende berria etortzen da, bertze lan batzuk bilatu behar dituzulako. Formakuntzari egiten dio kalte egoerak", erran du Jasok.

Segurtasuna

Lasheras duela bederatzi urte hasi zen suhiltzaile lanetan. Lehendabizikoa du aurtengoa Miluzeko parkean. Rafa Aullo, berriz, esperientzia handiko suhiltzailea da. 1983. urtean hasi zen udako eta neguko kanpainetan lan egiten, eta Miluzeko parkean da 2007. urtetik. "1982an hasi nintzen berez, baina hilabete bat pasata bota ninduten, 17 urte baino ez nituela konturatu zirenean", gogoratu du Aullok. Sumatzen zaio suak itzaltzeko lanak betetzen duela. Horregatik, inorentzat baino mingarriagoa da beretzat iazko Tafallako sutearekin oroitzea, hangoa baita.

2004an jarri zuten Miluzeko parkean martxan basoko esku hartze azkarreko brigada. Geroztik, gauzak anitz aldatu direla uste du Aullok. "Orain, protokolo gehiago dugu, adibidez, geure burua zaintzeko; hasieran, esperientzia gehien zuenak erraten zuenari egiten genion kasu".

Hala eta guztiz ere, oraindik ere zer hobetu badela nabarmendu du Arizaletak. Basoko esku hartze lasterreko brigadak helikopteroak duen tokia baino ez du bere materiala garraiatzeko; toki mugatua da, alegia. Jasoren lana da, hain zuzen ere, errepidetik joatea, helikopteroan sartzen ez den materialarekin. Suari basoan aurre egiteko, partikula solidoen kontrako maskara baino ez dute. "Ez gaude behar bezain ongi babestuta", erran du Arizaletak. Etxebizitza bateko sutera joaten den suhiltzaileak erabiltzen duen maskarak babes handiagoa ematen du, baina Arizaletak onartu du basoan halako batekin lan egiteko zailtasun handiak izanen lituzketela. "Jende gehiago beharko genuke txandak osatzeko; edonola ere, babestuta lan egiteko dugun eskubidea aldarrikatu behar dugu".

Solastatzeko gairik ez da falta Miluzeko parkean, surik ez dagoenean. Lasheras, Aullo eta Jasorekin batera, Luis Elizegik eta Enrique Martosek osatzen dute Arizaletaren brigada. Basoko suhiltzaileak direla nabarmendu dute, administrazioak izen hori onartzen ez badie ere. Adi dira. Prest. Suak itzaltzeko prest.

Hitzen ordez, keinuak

Hitzen ordez, keinuak

Kattalin Barber

Entzuteari utzi zioten umetan Sofia de Estebanek eta Edison Quezadak. Ordutik, keinuka mintzo dira, haien hizkuntza baita keinu bidezkoa. Interpretea behar du, ezinbestean, hizkuntza hori ulertzen ez duen entzuleak. Gizarteak baztertu egiten dituela sentitzen dute entzumenik ez dutenek, hain zuzen; entzuteko gaitasuna dutenekiko komunikazioa eskasa da oso, eta horrek zailtasun handiak dakartza egunerokoari aurre egiteko.

Asorna elkarteko kide dira Quezada eta De Esteban. Nafarroako Gorren Elkartea da Asorna, eta 60. urteurrena ospatzen ari da aurten. Kideok behin eta berriz nabarmentzen duten hitza da muga. Izan ere, biek ongi dakite gaur egungo gizartean gorra izatea zeinen zaila den. Hamaika eragozpen aurkitzen dituzte egunerokoan. "Oztoporik handiena da, oro har, beste edozein pertsonak bezala ezin parte hartu ahal izatea", esan du De Estebanek.

Asorna elkarteko proiektuen koordinatzailea da, eta pertsona gorren bizi kalitatea hobetzeko lanean dihardu, eskubideen, hizkuntzaren eta kulturaren defentsan. Zailtasunak ez dira gutxi: gainerako pertsonekin komunikatzeko ez ezik, zailtasunak dituzte lan munduan sartzeko, aisialdi eta kultur ekitaldietan parte hartzeko eta formakuntza jasotzeko, esaterako. Interpreteen beharra dute horretarako, baina baita haientzat propio sorturiko ekitaldiak ere. "Ongi iruditzen zaigu hainbat ekitalditan interpretea egotea, baina guretzat propio sorturiko antzerkiak, hitzaldiak eta jarduerak ere nahi ditugu", nabarmendu du Asornako kideak.

Gisa horretakoa izan zen, adibidez, elkartearen 60. urteurrenaren harira larunbatean Nafarroako Antzerki Eskolan antzeztutako obra. Interpretea egon zen han, baina ez gorrentzat, baizik eta entzuleentzat. "Mundua alderantziz irudikatu genuen horrela, eta oso polita izan zen guretzat", azaldu du. Horrelako gehiago nahi dituzte, haien eskubidea ere badelako.

Quezadak 2 urte zituelarik galdu zuen entzumena. Ekuadorren jaio zen, eta nerabea zela etorri zen Nafarroara. Haurtzaro gogorra izan zuen, ezin zuelako komunikatu, eta bere familiak ez zekielako nola jokatu. Iruñera etorri eta Asorna elkartea ezagutu zuenean ateak bete-betean zabaldu zitzaizkion. "Nik ez nuen keinu hizkuntza ezagutzen hona etorri nintzenean", gogoratu du Quezadak. Zorte handikoa sentitzen da. Ia bi urte daramatza Iruñeko Niza jatetxeko sukaldean lanean, baina ez da batere erraza lana topatzea pertsona gorrentzat, are gutxiago ostalaritzan. Lanerako gaitasun bera izan arren, enpresako arduradunek interesa galdu ohi dute, halako langile bat kontratatzea arazo izanen dela pentsatuta.

Zorionez, ez da Quezadaren kasua izan. Sukaldaritza ikasi zuen, eta praktikak egin zituen Niza jatetxean. "Interpretearekin joaten nintzen hasieran, izenak eta menu guztiak ongi ikasteko". Praktikak amaitu, eta "ezustean" hartu zuen bere nagusiaren eskaintza. "Nire lankide guztiek entzuteko gaitasuna dute, baina ongi moldatzen naiz. Kostatzen da hasieran, baina hasierako zailtasun horiek gaindituta, arazorik gabe aritzen naiz lanean". Gai delako, beste edozein pertsona bezala. Adierazi du gutxika-gutxika nagusiari eta lankideei keinu hizkuntza irakasten ari zaiela, eta dagoeneko hitz batzuk ikasi dituztela. Orain, autoa gidatzeko baimena ateratzeko bidean da.

Asornako kideek haien eskubideak aintzat hartzeko eskatu dute, gauza batzuk haien beharretara moldatzea ezinbestekoa zaielako. Ezjakintasuna eta konfiantza falta ere izan ohi dira eskuragarritasun osoa lortzeko oztopo nagusiak, De Estebanek adierazi duenez. Horrez gain, argi dute gorrek ez luketela inolako trabarik izanen egunerokoan denak gai izanen balira keinu hizkuntzan aritzeko. "Keinu hizkuntza eskoletan irakatsi beharko lukete. Pauso bat litzateke gizarte inklusibo bat lortzeko".

Eskubideak, "paper huts"

Hezkuntza izan ohi da beste eragozpen bat. Oztopoak aurkitzen dituzte, eta askotan ikasketak uztea dakar horrek. "Ahalegin handia egiten dugu, baina oso nekeza da, eta horregatik askotan lan munduan murgiltzea da lehentasuna". Interpreteak dituzte ikasteko, baina ez ordu guztietan. Haur Hezkuntzako goi mailako zikloa ikasi zuen De Estebanek. Hezkuntza Departamentura jo zuen interprete eske, eta harrituta gelditu zen bertan jasotako erantzunarekin: "Ea zergatik ikasi nahi nuen galdetu zidaten! Nire eskubidea delako eta ikasi nahi dudalako, ez dago besterik", gogora ekarri du. Bere eskubideak aldarrikatu, eta lortu zuen ikastea interprete baten laguntzarekin, baina horrelakoak ohikoak direla salatu du. "Eragozpenak nonahi aurkitzen ditugu".

2007an keinu hizkuntza ofizialtzat onartu zuen gobernuak lege bidez, baina, eskubideak onartuak dituzten arren, oraindik ere behar handiak dituzte. "Eskubideak paper huts dira. Edozein erakunde publikotara joan, eta inork ez daki keinu hizkuntza", dio De Estebanek. Aurrerapausoak eman direla badaki, baina "motelegi". Argi dute, oraindik ere, gizartean bide luzea badela egiteko; jendea gero eta sentsibilizatuago dagoela uste dute Quezadak eta De Estebanek, halere. Entzuteko gai direnen eta gorren arteko harremana bultzatzea ere ezinbestekotzat jo dute: "Ezin dugu bakarrik protesta egin eta eskubideak aldarrikatu; besteak ezagutu behar ditugu". Bi aldeen mesederako aritu behar dutela uste dute, aukera berdinak izateko. "Elkar ulertzea eta enpatia falta zaigu bi aldeoi, baina bidean gaude".

Kantari, soro artean

Kantari, soro artean

Kattalin Barber

Latinezko Per Agrum esapideak soroetan esan nahi du, eta hori da 7 eta 16 urte arteko 180 umek abestuko dutena izen bereko kantata sinfoniko koralean. Nafarroatik igarotzen den Donejakue bidea islatu nahi dute kantuz, lurraldeko kolore guztiak azaleratuz, Orreagatik Vianaraino. Bihar, 20:00etan izanen da estreinaldia Iruñeko Baluarte auditoriumean. Josu Elberdin konpositorearen obra da Per Agrum, eta lortutako diru guztia Medicus Mundi elkarteak jasoko du.

Kongoko Errepublikan, Nikaraguan eta Iruñean bertan dituzten hiru proiektu sustatzen jarraitzeko antolatu dute kantata, hain zuzen ere. 67 abesbatzatako 4.500 ahotsen biltokia da Nafarroako Abesbatzen Elkartea, eta horietatik 700 inguru haurrak dira. Oraingo honetan, Paz de Ziganda ikastolako, Noaingo musika eskolako, Tafallako Antso Errege eskolako eta Zaragozako (Aragoi, Espainia) Amici Musicae eskolako abesbatzetako 180 haurrek bat egin dute kantata sinfoniko korala aurrera eramateko.

"Izugarria da 180 haurrek oholtza gainean duten energia eta ilusioa", azaldu du Carlos Gorritxo Nafarroako Abesbatzen Elkarteko lehendakariak. Orain dela bi urte hasi ziren obra lantzen; proiektu "kolaboratibo eta pedagogiko" gisa definitu du Per Agrum Gorritxok. Erromesa ibilaldira bultzatzen duen hasierako irrikaz mintzatuko dira kontzertuan, bai eta bide onetik joateko eta babestuta sentitzeko egiten dituen eskariez ere. Pirinioetatik hegoaldera egiten du bidaia erromesak, eta paisaiarekin duen harremana ere deskribatzen du kantatak. Lau abesbatzetako haurrek Nafarroako Ganbera Abesbatza lagun izanen dute bihar.

Esan bezala, Orreagan hasiko dute haurrek Donejakue bidea, eta haien ahotsen bidez islatuko dute bertako erromesek sentitzen duena. Gutxika-gutxika, Nafarroa zeharkatuko du erromesak, Zubiri, Iruñea, Gares eta Vianara heltzeraino: "Nafarroako kolore guztiak kontuan hartu ditugu; Nafarroa bat dagoelako, baina, era berean, Nafarroa asko daudelako", dio Josu Elberdin konpositoreak. Adierazi duenez, oso musika "adierazgarria, sentikorra eta kolore askotakoa" da ondu dutena. Horregatik, besteak beste, XVI. mendeko Erromes kantua, Argi baten bila eta Basoz baso abestuko dute gazteek.

Hamar pieza ditu kantatak; horietako bi sinfonikoak dira, eta gainerakoak sinfoniko koralak. Euskaraz eta gaztelaniaz abestuko dute haurrek, eta bi hizkuntzak batera tartekatuko dituzte ere pieza berean. "Bide bat da obra, eta bide bat egiteko nahitik sortu da. Nafarroako bidaia amaitzean, erromesa konturatuko da bidaiak aldatu duela, bizitza ikusteko modu berri bat garatu duela, baina bidea ez dela oraindik amaitu", jakinarazi du Gorritxok.

Orain dela bi urte, Magnificat ikuskizuna aurkeztu zuen Nafarroako Abesbatzen Elkarteak. Orduan ere haurren abesbatzekin egin zuen lan erakunde horrek, eta ikuskizun hartan parte hartu zuten taldeetako hiru ariko dira bihar ere Baluarten. "Elkar ezagutzeak erraztu ditu entseguak", dio Gorritxok. Dena prest dute bihar Baluarte jauregiko aretoa Donejakue bide bihurtzeko ordu batez. "Erronka bat izan da haurrentzat, eta izugarri ongi egiten ari dira".

Per Agrum obraren estreinaldia bihar bada ere, aurrerantzean kontzertu gehiago eskaini nahi dituzte. Oraingoz, Zaragozan hitzartu dute hurrengo emanaldia, baina espero dute Nafarroako hainbat txoko ere bisitatzea haurrekin.

Bidearen atmosfera

Gorritxok azaldu du Nafarroako Ganbera Abesbatza "gakoa" izan dela Donejakue bidearen atmosfera girotzeko: "Haiei esker lortu dugu haurren abesbatzek bat egitea oholtza gainean, eta ukitu berezi bat ematea: ikusleak sentituko du Orreagatik pasatzen garela, edota beroa egiten duela eta Garesen gaudela". Pozik azaldu dira Gorritxo eta Elberdin umeen erantzunarekin, bai eta kontzertuak duen izaera solidarioarekin ere: "Abesbatzen elkarteak jasotzen duena nafar gizartera itzultzen da gero, modu batera edo bestera. Oraingoan, elkartasun taldeen lana sostengatuz".

Hurrenez hurren, lehen mailako osasun arreta zerbitzua zabaldu nahi du Medicus Mundik Kinshasan, Kongoko ingururik txiroenetakoa baita; ingurumen osasunaren inguruko proiektu bat sustatu nahi dute Nikaraguan, bestalde, hondakinak hobeto kudeatzeko. Nafarroan ere badute proiekturik: Urtxintxa eta Saioa elkarteek gazteentzat antolatutako aisialdiko hezitzaileen ikastaroan parte hartzen jarraitzeko baliatuko du dirua Medicus Mundik.

“Kalea astintzea dagokigu, erakundeei presioa egiteko”

“Kalea astintzea dagokigu, erakundeei presioa egiteko”

Edurne Elizondo

Gure Esku Dago ekinaldiak duela lau urte hasi zuen bidea. Etxarri Aranatzen egin zuten lehendabiziko galdeketa, erabakitzeko eskubideari buruz, eta, igandean, berriz, Mendialdeko, Bortzirietako eta Sakanako bertze 24 udalerritan eginen dituzte. "Mugarri bat da hau Nafarroan", erran du Gure Esku Dago ekinaldiaren herrialdeko koordinatzaile Jon Zirizak (Barañain, 1986).

24 udalerritan eginen dute galdeketa igandean. Dena prest?

Halakoetan, azken unera arte ez da dena prest izaten; baina izanen da. Herri guztietan ari dira lan ederra egiten.

Kontent zarete herriotako erantzunarekin?

Bai. Gisa honetako ekinaldietan herri osoaren inplikazioa behar izaten da. Sekulako erantzuna jaso du galdeketak herri guztietan. Horren isla dira egindako sinadura bilketetan lortutako emaitzak. Jende anitzek egin du bat.

Igandean ere jende anitzek parte hartuko duela espero duzue?

Subjektiboa da erratea parte hartze handi bat zer den edo zer ez. Guretzat, inportanteena datu kualitatiboak dira; guk nabarmendu nahi dugu galdeketa egitea jada gauza handia dela. Jasotako sinadurak kontuan hartuta, erroldaren %40k ere eman du sinadura hainbat herritan.

Nafarroan egin zen lehen galdeketa, Etxarri Aranatzen. Ekinaldiak erranahi berezia du herrialdean?

Nafarroan, Foru Hobekuntzaren testutik hasita, gure estatus politikoa edo gure marko juridikoa inoiz ez dugu bozkatu nafarrok. Hemen jarri zen Gure Esku Dago ekinaldiaren hazia, Etxarri Aranatzen egindako galdeketarekin; gero, Bakaikun egin zuten, eta orain bertze hamaika herrik izanen dute aukera, hilaren 18an. Nire ustez, hau nolabaiteko mugarria da Nafarroan, hagitz berezia da, eta duen garrantzia eman behar zaio.

Etxarri Aranatzen hasi, eta 24 udalerritan eginen dute orain.

Bai. 24 udalerri dira, baina herri gehiago: 30-40. Populazioa kontuan hartuta, 40.000 nafar inguruk izanen dute aukera bozkatzeko. Batzuentzat akaso bai, baina guretzat ez da txantxa; ekinaldi serioa da.

Zer erranen zenieke txantxatzat hartzen dutenei?

Nik uste dut ekinaldi hau kontuan hartzen ez dutenek finean beldurra diotela ezagutzen ez duten horri. Ezin dira galdeketak gutxietsi, ekinaldiak hartu duen tamaina kontuan hartuta. Hagitz garrantzitsua da, herri anitz direlako; baina bakarra balitz ere, hagitz garrantzitsua litzateke, balio kualitatibo handikoa delako galdeketa egiteko aukera izatea. Halako ekinaldiekin beti irabazten da zerbait. Herritarrak prestatzeko urrats bat da, etor daitekeen galdeketa loteslerako. Denok irabazten dugu.

Prestatu, nola?

Nik uste dut argi izan behar dugula ahaldunduta lortuko dugula erabakitzea. Gure etorkizun politikoa ez da erabakitzen lau urtean behin; harago doa. Erabaki nahi dugula errateko sendotasuna badugu, erakundeek nahi edo ez. Herritarrok dugu azken hitza.

Lau urteko bidean, Euskal Herrian 142 herrik egin dute galdeketa, eta 147.000 herritarrek parte hartu dute. Zer deritzozu?

Duela lau urte hasi zen dinamika hau, Irunen iragarri genuenean giza katea eginen genuela 2014ko ekainaren 8an, Durango eta Iruñea lotzeko. 50.000 pertsonak parte hartuko zutela uste genuen, eta kopuru hori hirukoiztu egin genuen: 150.000 pertsona izan ziren giza katean. Oraingoz, 147.000 herritarrek eman dute botoa, baina gora eginen du kopuru horrek. Garaipentzat jo dezakegu? hau ez da garaipen kontua, finean. Guk gure bidea egin behar dugu, eta prozesuan konturatzen ari gara jende anitz mugitzen ari garela.

Duela lau urteko egoerarekin alderatuta, testuinguru politikoa aldatu egin da Nafarroan. Eragin dizue?

Nafarroan sekulako aldaketa izan da erakundeetan, eta kontuan hartzeko modukoa da, noski. Nafarroan, halere, nik sentitzen dut lasaitu egin direla aldaketaren alde bozkatu zuten horiek, eta kaleko giroa, nolabait erranda, apaldu egin da. Ez dut erranen ona edo txarra den, baina argi izan behar dugu irribarrez bete behar dugula kalea. Erran behar diegu erakundeetan diren horiei garaia dela gauzak aldatzeko, eta herritarroi hitza emateko.

Karrikako presioari eustea garrantzitsua dela uste duzu?

Hala da. Kaleko tentsio polit horri eustea ezinbertzekoa da, gauzak aldatzeko. Ezin ditugu gure nahiak bertzeen esku utzi, ezin dugu gure etorkizuna inoren esku utzi. Guri dagokigu gauzak aldatzea, herritarroi. Guri dagokigu lortzea herri zoriontsu bat izatea, herri libre batean.

Kataluniako eredua zein neurritan izan da ispilu bat zuentzat?

Argi dago Kataluniari eta egin duten bideari so egin diogula; halere, guk argi utzi nahi dugu Gure Esku Dago ekinaldia ez dela baiezkoaren edo ezezkoaren alde; guk nahi dugu edonor sentitzea dinamikaren parte, eta inor ez sentitzea bakarrik ikus-entzule. Noski, Kataluniak edo Eskoziak egin duten bidea hor dago, eta so egin behar diogu, herritarrei galdetu dietelako. Eta hori da guk nahi duguna. Nork bere hitza errateko aukera izatea. Herritarroi galdetzea nahi dugu, ez bertzerik. Azken finean, hori bezain gauza sinplea da. Erakundeei dagokie erreferendum lotesle bat egitea; guri dagokigu, berriz, kalea astintzea, modu baretsu eta irrifartsu batean, erakunde horiei presioa egiteko.

Zer erranen zenieke galdeketa eginen duten herrietako biztanleei?

Ni Barañaingoa naiz, eta oraindik ez dut izan bozkatzeko aukera. Aukera hori duenari baliatzeko eskatuko nioke nik; baiezkoa edo ezezkoa ematera joan daitezela, baina parte har dezatela. Ezin ditugu inoren esku utzi gure askatasuna eta gure erabakia. Igandekoen ondotik, udazkenean izanen dira galdeketa gehiago.