Saioa Alkaiza
Demagun zure etxetik ateratzen zarela eta goizeko 07:00ak baino ez direla. Demagun, gainera, mozkorrez beteta dagoen kale bati aurre egin behar diozula, The Walking Dead telesaileko kapitulu batean nola, zonbiak ezker eta eskuin saihestuz...

“Dagoeneko klasiko bilakatu da Erriberriko antzerki jaialdia”
Kattalin Barber
Aktore, antzerki zuzendari eta antzerki irakasle izateaz gain, Parisko Don Quijote antzerki jaialdiko zuzendari ere bada Luis Jimenez (Toledo, Espainia, 1956), 1992az geroztik. Erriberriko Antzerki Klasikoko Jaialdia ere zuzenduko du au...

Muskildak aurkitu du itzultzeko bidea
Edurne Elizondo
Zorionak, badugu zer ospatu!". Muskildak hamaika tokitako bisitariak hartzen ditu, egunero; inguruko herrietatik ailegatu direnen ahotik jaso ditu Ione Villanuevak zorion mezurik gehienak, halere. "Gurea ere bada Muskilda", erran dio Ezkarozeko herritar batek. "Ezkarozetik eta Itzaltzutik etortzen dira erromerian, baina Muskilda, berez, Otsagabiko herriarena da", zehaztu du Villanuevak.
Muskilda bere sentitzeko arrazoiak ez ditu faltan Villanuevak. "Hemen jaio nintzen, eta hemen bizi izan naiz, 18 urte bete arte". 60 ditu egun. Etxea badu Otsagabian, baina egunero egiten du Muskildarako bidea. Baseliza eta ondoko etxea zaintzen ditu. "Ama izan zen azken serora; azaroan hil zen, 98 urterekin. Aita Muskildako ermitazaina izan zen; ama ezagutu, eta ezkondu egin ziren. Hemen gelditu ziren, baseliza zaintzen. Nebak eta biok etxe izan dugu txoko hau".
Horregatik, Iruñeko Artzapezpikutzak baseliza, ondoko etxea eta inguruko lurrak bere izenean erregistratu zituela jakin zuenean, zimikoa sentitu zuen Villanuevak bihotzean. Eta orain, epaileak ondare hori Otsagabiko herriarena dela ebatzi eta gero, lasaitua hartu du, berriz ere. "Kendu zigutena itzuli digutela sentitu dut". Artzapezpikutzak badu helegitea aurkezteko aukera; hilaren 28a izanen du urrats hori egiteko azken eguna. Bizilagunen zorion mezuak, halere, kontent hartu ditu Villanuevak. Zer ospatu baduela argi du.
XII. mendekoa da Muskildako baseliza. Iruñeko Artzapezpikutzak 1999. urteko azaroan erregistratu zuen bere izenean. 1998. urtean Espainiako Gobernuak Hipoteka Legean egindako aldaketa baliatu zuen horretarako. 1946. urteko legea moldatu zuen PPko Jose Maria Aznarren gobernuak 1998an, hain zuzen ere. 1946ko legeari esker, hamaika toki immatrikulatu zituen Elizak, eta 1998an moldatu eta gero, gurtzarako lekuak ere bere izenean jartzen hasi zen. Otsagabian, 2007. urtean jakin zuten Elizak beretzat hartu zuela Muskildako baseliza. "Prentsan irakurri genuen ondarearekin gertatzen ari zena; orduan ohartu ginen herrian jazotakoaz", gogoratu du Juan Miguel Tohane Otsagabiko alkateak.
2007an, Ondarearen Defentsarako Plataformak egindako lanari esker hasi ziren herritarrak errealitateaz jabetzen. Immatrikulazioen berri eman zuten elkarteko kideek, eta jada hamar urte bete dituen bidea hasi zuten: Elizak bere izenean erregistratutako guztia ezagutzea hartu dute xede, bai eta hori guztia herritarrei itzultzea ere. "Epe luzerako borroka da gurea", erran du Ondarearen Defentsarako Plataformako kide eta bultzatzaile Jose Mari Esparzak. Ontzat jo du Otsagabiko Udalaren aldeko sententzia, baina argi utzi du elkarteak "konponbide orokor bat" bilatzen duela, Elizak bere esku hartutako ondare guztia itzul dezan.
"Auzolan juridikoa"
Otsagabiko Udalak 2012. urtean erabaki zuen epaitegietara jotzea Muskilda berreskuratzeko. "Saiatu ginen Artzapezpikutzako arduradunekin negoziatzen; hainbat bilera egin zituen udalak haiekin, baina ez zen arazoa konpontzeko modurik izan", azaldu du alkateak.
2014ko irailean egin zuten epaiketa, azkenean, Agoizko auzitegian. Otsagabiko Udalaren abokatu Ana Clara Villanuevak, bertzeak bertze, zuzenbidearen historialari Roldan Jimenok egindako txostena baliatu zuen Muskilda herritarrena dela erakusteko. "Oso harro nago egindako lanaz; epaileak kontuan hartu du, sententziak agerian utzi duenez", erran du Jimenok.
Jimenok, halere, Muskilda Otsagabiko herritarrena dela erakusteko egindako "auzolan juridikoa" nabarmendu du. Izan ere, lagun izan ditu Peio Monteano historialaria, Otsagabiko Udaleko idazkari izandako Carlos Hernandez eta Ione Villanueva bera. Muskildako zaintzaileak urte luzez artxiboetan egindako lanaren emaitza jaso du Roldanek bere txostena osatzeko. "Bizitza osoa eman dut toki hau zaintzen, eta gustuko izan dut beti Muskildari buruzko informazioa bilatzea; aurkitu ditudan agiri guztiek agerian utzi dute baseliza otsagabiarrena dela, eta Elizak inoiz ez duela bere funtzionamenduan esku hartu", azaldu du Villanuevak.
XVII. mendekoak ekarri ditu Muskildako zaintzaileak gogora. Orduan, orain bezala, baseliza bereganatu nahi izan zuen Elizak. "Ez zuen lortu; XVII. mendekoak dira baselizan egindako moldaketa nagusiak, eta herritarrek erretaulan, ateetan eta abarretan zehaztu zuten lanak Otsagabiak egin zituela".
Harrotasunez mintzo da Villanueva Muskildari buruz. Oroitu da haurtzaroko negu gogorrekin. "Anitzetan gelditzen ginen eskolara joan gabe". Izan ere, oinez egiten zuten baseliza ondoko etxetik Otsagabiko ikastetxerako bidea. Kilometro eta erdi eskasekoa da, baina elurrak zailtzen zuen paseoa. "Azkenean, herrikoa zen hezkuntzako ikuskatzaile bati esker, Iruñera joateko beka jaso genuen nebak eta biok, eta han izan ginen batxilergora arte".
Villanuevak Muskildara itzultzea erabaki zuen gero. "Eta ez naiz damutzen; mundu osoko jendea ezagutu dut hemen; hau bezalako unibertsitaterik ez da". Duela 40 urte inguru errepidea egin zuten herritik Muskildaraino. Hala eta guztiz ere, baseliza ondoko etxean gelditzea nahiago izaten du Villanuevak anitzetan. Han du bere txokoa; han du bere benetako etxea.
Artzapezpikutzak helegitea aurkeztuko duela uste du Villanuevak. Jimenok ere bai. Hala ere, Agoizko epailearen sententzia "oso sendoa" dela uste du historialariak, eta zaila izanen dela ebazpen horretan jasotakoei buelta ematea. Jimenok nabarmendu du Muskilda otsagabiarrena dela argi uzten dutela gordetako agiriek. "Botere laikotik eta Elizatik baselizara egindako bisiten inguruko agirietan Muskilda herriarena dela zehazten da; XIX. mendean, halaber, Muskilda mendia eta hango baseliza Otsagabiarenak direla jaso zuten". Herriaren aldeko oraingo sententziak "bide bat" zabaltzeko balioko duela espero du historialariak. Immatrikulazioen auzia herriz herri aztertu beharreko gaia dela erantsi du, halere, tokian tokiko errealitatea aldatzen delako.
Ia 1.100 eraikin
Otsagabiko Udalaren aldeko sententziak orain arteko jurisprudentzia aldatzeko balioko duela espero du Jose Mari Esparzak ere. Berretsi du, halere, herriz herriko konponbideak bilatzea ez dela Ondarearen Defentsarako Plataformaren lehentasuna. Txalotu du otsagabiarren eta auzitara jo duten bertzeen ahalegina, baina argi du auziak ixteko konponbide orokorra behar duela.
Nafarroan, 1998tik 2007ra, ia 1.100 eraikin erregistratu ditu Elizak bere izenean. Nafarroako Parlamentuak emandako datuak dira horiek, Ondarearen Defentsarako Plataformak eskatuta. "Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban beste 525 bereganatu ditu Elizak; beste daturik ez da", azaldu du Esparzak. Erantsi du Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu duela immatrikulatutako eraikin guztien zerrenda ezagutarazteko. Beteko duela espero du.
Orain arte legean gertatu diren aldaketen eskutik egindako urratsak jarri ditu Esparzak mahai gainean. "1998an, PPk aldatu zuen 1946ko legea; eta alderdi berak aldatu behar izan du 1998koa ere, onartezina zelako", azaldu du.
Azken aldaketa horren eskutik Elizak jada ez duela "nahi duena" egiteko modurik nabarmendu du Esparzak. Baina ez du hori nahikotzat jo. Salatu du, gainera, "PSOEren jarreraren erruz" ez dela lortu immatrikulazioei bidea eman dien legea konstituzioaren aurkakotzat jotzea. "Horrek nolabaiteko amnistia izan du ondorio; galdu dugu Elizak orain arte bereganatutakoa kolpe batez berreskuratzeko aukera".
Lanean jarraitzeko bertzelako bideak badirela argi du Ezparzak, hala ere. Elizaren "hipokrisiaren" adierazgarri den jokabide bat aipatu du, adibidez: "Eraikinak bereganatzen ditu; alokatzen ahal ditu, hipotekatu edo saldu; baina konpontzeko lanak erakunde publikoek egin behar dituzte". Udalak egoera kaskarrean diren eraikinen inguruan esku hartzen hasten badira, Elizak "arazo handi bat" izan dezakeela uste du Esparzak.
Lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du plataformak. Iaz, Recuperando koordinakundea sortu zuen gisako hamaika elkarterekin batera. Elizari hartutakoa itzultzeko eskatzen jarraituko dute. Elkarrekin, eta ozen. Muskildan bezala, herrialde osoan.

Etxea teilatutik hasi dutelako
Edurne Elizondo
Ega Bizirik taldeak behin eta berriz eskatutakoa eginen du Nafarroako Gobernuak, azkenean: Lokiz mendilerroko akuiferoak duen gaitasuna argitzeko ikerketa jarri du martxan, eta, haren barruan, probako ponpatzea eginen du, datorren abuztuaren 1etik aurrera. Zehazki, Antzin eta Mendazako putzuetan eginen dituzte probak. Agorraldi garaiak goia jotzen ohi du abuztuan. Gobernuak azaldu duenez, "etxe independente bat" kontratatu du ikerketa egiteko; Mendazan 175 litro ur ponpatuko dute segundoero, eta Antzingoan, berriz, 75. Abuztuan eta irailean datuak jaso eta aztertu eta gero, ondorioak abendurako izatea espero du gobernuak.
Azken urteotan, kezkaz egin diote so Egari Murietako, Antzingo eta Egaibarreko bertze hainbat herritako bizilagunek, udan. Montejurrako mankomunitateak Lokiz mendizerrako akuiferoak baliatzen ditu eskualde hori hornitzeko. 1985. urtetik ari dira Antzingo putzua ustiatzen; 2005etik, berriz, Mendazakoa. Ega ibaiari eragin dio egoera horrek, eta, udan batez ere, hainbat iturri lehortu direla salatu izan du Ega Bizirik plataformak; nekez eusten ahal diola ibaiak emari ekologikoari urteko hilabeterik beroenetan.
Kezka horrek gora egin du azken urteotan, Montejurrako mankomunitateak Ebroko Ur Konfederazioari orain artekoaren bikoitza ustiatzeko eskaera egin eta gero. Proiektu horri bidea emateko, Ugep udalerriz gaindiko eragina duen planaren figura erabili zuen Nafarroako Gobernuak, 2011. urtean. Geroztik, ur gehiago atera ahal izateko lanak egiten aritu da Montejurrako mankomunitatea, kontuan hartu gabe Ega Bizirik taldekoen salaketak eta hainbat adituk Lokiz mendizerrako akuiferoen egoera kaskarraz ohartarazteko egindako txostenak.
Egoera hori aldatu egin zen urte hasieran, Sustrai Erakuntza fundazioak eta Antzin eta Murietako udalek aurkeztutako helegitea aintzat hartu baitzuen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta, ondorioz, bertan behera utzi zuen proiektua, ez zuelako Ebroko Ur Konfederazioak lanak hasi aurretik egin beharreko txostena. Erakunde horren baimena jaso gabe hasi zituzten obrak. "Oraintxe, lanak geldirik dira, eta hori ona da", nabarmendu du Ega Bizirik plataformako Felipe Ajonak.
Ajonak ontzat jo du, halaber, Nafarroako Gobernuak akuiferoaren gaitasunari buruzko ikerketa martxan jarri izana. "2013. urtetik ari gara hori eskatzen; etxea teilatutik hasi zuten, akuiferoari buruzko inolako ikerketarik egin gabe", gogoratu du Antzingoak. UPNko agintariek ez zuten egin; oraingo gobernua babesten duten taldeek, ordea, akordio programatikoan jaso zuten ikerketa hori egiteko konpromisoa, eta, azkenean, ari dira betetzen. Jarraipen batzordea osatu dute, prozesuan eginen dituzten urratsen berri izateko. "Lehendabiziko bilera egin dugu; gobernuak azaldu digu Etipsa izeneko etxeak eginen duela ikerketa", azaldu du Ajonak.
Emari ekologikoa
Ega Bizirik plataformarekin batera, gobernuak berak, Montejurrako mankomunitateak, Egaibarreko ureztatzaileen mankomunitateak eta Ebroko Ur Konfederazioak osatzen dute jarraipen batzordea. Urrian eginen dute bat, berriz ere, probako ponpatzeak egin eta gero, alegia. "Proba horietan jasotako datuen inguruko ondorioak, berriz, abenduan jakinaraziko dizkigute", erantsi du Ega Bizirik taldeko kideak.
Nafarroako Gobernuak martxan jarritako ikerketa "beharrezkoa" dela argi du Ajonak; ez du nahikotzat jo, ordea. "Babes bereziko eremua da gurea, eta horrek eskatzen du Egaren emari ekologikoari buruzko ikerketa egitea", nabarmendu du. Gobernuak orain hasitako prozesuak, halere, ez du horrelakorik egitea jasotzen. Ondorioz, Ega Bizirik plataformako kideak aztertzen ari dira gisa horretako ikerketa bat beren kabuz eskatzeko eta egiteko aukera.
Ez litzateke lehendabizikoa izanen. Lokiz mendizerrako akuiferoa babesteko hasitako bidean, EHUko irakasle Iñaki Antieguedadi eta Ane Zabaletari Ega arroko ur fluxuen inguruko lana eskatu die Ega Bizirik plataformak, aurretik. Lan horren emaitzak "kezkagarritzat" jo zituen Ajonak, aurkeztu zituztenean. Izan ere, txosten horren arabera, Antzin herritik behera, Ega ibaiaren ur emariak behera egiteko joera du, akuiferotik gero eta ur gutxiago jasotzen duelako ibaiak tarte horretan. Santikurutze Kanpezutik (Araba) Antzin herrira, ibaiak ematen dio akuiferoari; Antzin herritik Murietara, berriz, akuiferoak ematen dio ura ibaiari. "Putzuak egin eta gero eta gehiago kentzen badiote, ordea, nekez lortuko luke akuiferoak ibaiak behar duena ematea", ohartarazi du Ajonak.
Egaren eta Lokiz mendizerrako akuiferoaren geroa nolakoa izanen den zehazteko, "hagitz garrantzitsutzat" jo du Ega Bizirik taldeko kideak oraingo unea; batetik, akuiferoa gehiago ustiatzeko putzuak egiteko lanak geldirik direlako, eta, bertzetik, gobernua ari delako egiten hainbertze aldiz eskatutako ikerketa lana. Montejurrako mankomunitateak ez duela amore eman argi utzi du Felipe Ajonak, hala ere. Izan ere, 2017-2019rako inbertsio publikoen planean jaso ditu putzuen inguruko lanak. "Udalerriz gaindiko eragina duen plana bertan behera utzi eta gero, bi aukera ditu Montejurrako mankomunitateak; berriz ere egitea da lehena, eta bertzea, berriz, obraz obra aurkeztea proiektua. Argi dago ez duela proiektua bazter uzteko inolako asmorik", salatu du Ajonak.
Lanean jarraitzeko beharra nabarmendu du Ega Bizirik taldeko kideak, ondorioz. Nafarroako Gobernuaren ikerketak zabaldutako bidea baliatzeko prest agertu da, baina argi utzi du ezin dutela geldirik egon. Presioa egiten jarraitu behar dutela. "Orain arte egindako urratsek agerian utzi dute kalte baino ez duela egiten proiektuak; legez kanpo aritu dira lanak egiten, baimenik gabe", erran du Ajonak. Etxeari oinarri sendo bat emateko ordua dela erantsi du.

Espazioa egokitu, autonomiaren alde
Kattalin Barber
Behar bezala egokitutako jolasguneari esker, haurraren autonomia bilatzen da Montessori jolasguneetan. Ez hori bakarrik: irakaslearenganako menpekotasuna ezabatzea eta umea bere heziketa eta garapenaren jabe egitea dute helburu halakoe...
Iritzia: Ziega horietara
Lur Albizu Etxetxipia
Bazkalorduan iritsi zen berria. Pixka bat beranduago pentsatu nuen zein gaitasun izan dugun eta dugun orain ere berri txarrak jaso eta gorputzak eztanda ez egiteko. Nola ikasi dugun hainbeste muntaia, kartzela-eskaera, errepide amaigabe, zigor, fiskal, epaile, Entzutegi Nazional, tortura, isolamenduren aurrean aurrera jarraitzen. Eta nola ikasi dugun negar egiten gutxien espero dugun momentu eta egoeretan; lekuz, denboraz kanpo beharbada. Sentimendu-ekaitzak nola kudeatu ere ahaztu egiten zaigu herri honetan; ez ditugu eztanda gutxi bizi izan.
Surrealismoaren mugak pasatzea ez da batere erraza Euskal Herrian, eta Nafarroan baditugu gure surrealismo propioak ere. Baina honek marka guztiak gainditu ditu, marka guztiak gainditzen ari da Altsasu. Kolpeak bata bestearen atzetik jaso izan ditugu azken hilabete hauetan. Eta luzeak izan dira. Luzeak izan dira, batez ere motzak izanen zirela uste genuelako, edo uste nuelako, behintzat.
Uste nuen ez zintuztetela bahituko, ez zintuztetela eramanen, ez zirela ausartuko. Uste nuen ez zintuztetela Auzitegi Nazional deitutako epaitegi frankistan epaituko. Uste nuen herri oso baten indar itzela ikusita, ez zirela hain urrun joanen. Beharbada askatuko zintuztetela, beharbada Nafarroara ekarri, beharbada... bata bestearen atzetik. Eta bat-batean zortzi hilabete dira eraman zintuztetenetik.
Zortzi hilabete. Erraz esaten da. Eta erraz esaten da, baina ausartu dira 50 urte baino gehiagoko kartzela-eskaerak egiten. Ez naiz konparazioetan sartuko, norberak egin ditzala nahi dituen kalkuluak, adibideak ez zaizkio faltako. Zenbakiek asko esaten dute. Hamaika gazteren bizitza dago jokoan, goitik behera. Harridurarako gaitasuna galdu egin dugu herri honetan. Gehiegi izan dira. Beharbada honakoa da, hala ere, min handienetakoa eragin diguna. Ez da objektiboa; denborak gauza asko lausotzen ditu, txikiago egiten ditu, ezdeusago bihurtzen ditu, gure memorian zirrikitu sinbolikoago bilakatzen ditu.
Gaur kalera aterako gara berriro zuen askatasuna exijitzera, oraingoan Iruñean, sanferminetako azken egunean; zuekin partekatu behar genituen festetan. Amorrua partekatu dugu guk hemen, injustiziaren kontrako oihuak, begiradak, elkartasuna, borroka, maitasuna. Altsasura bueltatu behar zaretela oihukatuko dugu, eta muntaia polizialari erantzuten jarraituko dugula. Altsasu duintasunaren hiriburua dela, eta Iruñeak ere badakiela zer den hori. Gurekin nahi zaituztegula. Badakigula horrelako tamainako muntaia baten lehenengo biktimak zaretela, baina askoz gehiago etor daitezkeela ondoren ere, eta ezin dugu onartu.
Izan daitezela zuek gabeko azken sanferminak. 2018an hemen nahi zaituztegu, aske, entzierroan korrika, Herri Sanferminetan txanda egiten, festan, libre. Entzun dadila zuen aldeko oihua ziega bakoitzetik. Iruñetik Navalcarnerora. Iruñetik Aranjuezera. Iruñetik Estremerara. Iruñetik Altsasura. Etxean izan arte, Altsasuko hamaikak, aske.
Maite zaituztegu.

“Esak borroka berean lotu gaitu hango eta hemengoak”
Kattalin Barber
Esa urtegia handitzeko lanen aurkako erresistentziaren ikur bilakatu da Aragoiko (Espainia) Artieda herria. Gaurtik hasita eta igandera bitarte han ospatuko dute Esfendemos a Tierra jaialdi politiko eta soziala. Raul Ramonek (Artieda, 1989) nafarrak gonbidatu ditu.
Bederatzigarren aldia da aurtengoa. Helburuak berdinak dira?
Esa handitzeko lanen aurkako jaialdia da. Ur arazo asko ditugu Aragoin, eta horien berri ematea da gure helburua. Pertsona askok urtegien erruz haien etxeak utzi behar izan dituzte, eta herriak ere hustu dituzte. XXI. mendean gara, eta, oraindik ere, arazo oso larriak ditugu; gure lurraldea defendatu behar dugu, gure lurra defendatu. Mobilizazio handia sortu da Aragoin, eta jaialdiaren bidez herritarrak kontzientziatu nahi ditugu hemengo arazoez.
Musika, aisialdia eta borroka uztartuko dituzue...
Festa egonen da, baina baita borroka eta konpromisoa ere. Neguan 65 pertsona bizi gara hemen. Asteburu honetan, aldiz, mila pertsona inguru etorriko dira Artiedara. Kontzertu oso indartsuak ditugu aurten: La Otra, Tremenda Jauria, Aspencat... Iaz jende asko etorri zen, eta aurten gehiago espero dugu. Nafarroako jendea ere etorri ohi da, baina gehiago etortzea gustatuko litzaiguke. Oso giro polita sortzen da hiru egunotan. Gainera, jaialdi osoa doan da, larunbateko kontzertua izan ezik, eta biltzen dugun diru guztia Esaren aurkako borroka jarraitzeko da. Boluntario asko gaude lanean, eta jendearen konpromisoari esker aurrera egiten du jaialdiak. Iaz, adibidez, lortutako diru guztia Esako 8ei eman genien. Agintearen aurkako atentatua egotzi zieten, Artiedan gertatutako oldarraldian parte hartu zuten guardia zibilei eraso zietelakoan.
Hain zuzen ere, Artiedan eginen duzue jaialdia, Esa handitzeko lanek eragindako kalteak asko sufritu duen herrian.
Esan dezakegu Esa handitzeko lanek eragindako kalteak gehien sufritu dugunak Artiedakoak izan garela. Herri txikia da gurea, baina 40 urte baino gehiago daramatza herriak ur azpiegitura horren aurka borrokan. Hortaz, beste helburuetako bat da Aragoiko gazteak eta beste lurralde batzuetatik etortzen diren gazteak mobilizatzea, eta proiektu ekologiko eta sozialen berri ematea. Esako urtegikoaz gain, beste herri batzuetako borrokak ekartzen ditugu gurera. Chiapasko lagunak, Saharakoak, AHTaren aurkako mugimendua... egon dira jaialdian. Aurten, okupazio mugimendua jorratuko dugu, eta Errekaleorko, La Selbako eta Aineto herriko jendeak haien esperientziaz hitz eginen du. Horrez gain, Nines Maestre Izquierda Unidako politikari ohiak internazionalismoari buruzko hitzaldia emanen du.
Artiedan sortu zenuten Aturando Yesa gazte elkartea, eta jaialdiko antolatzaileak zarete. Zein da zuen borroka?
Purna gazte elkartearekin batera antolatzen dugu jaialdia. Esako urtegiaren aurkako borroka beste modu batez eramateko sortu genuen elkartea. Sare sozialetan eta Interneten mugimendua piztu nahi genuen, eta herriko gazteok taldea antolatu genuen. Hala ere, beti Rio Aragon elkartearen eskutik goaz. Hainbat hamarkadako esperientzia dute.
Zein da orain egoera?
Esako eskuineko hegalak mugitzen jarraitzen du, baina handitzeko proiektuarekin jarraitzen dute. Edukiera bikoiztea da helburua, baina argi izan behar dugu zentzurik eta beharrizanik ez duen proiektua dela. Oposizio handia dago, bai Aragoin, bai eta Nafarroan ere, eta indarrak batu behar ditugu Esako urtegiaren aurka. Gainera, orain dela hilabete batzuk Nafarroak jasan izan zituen lurrikarak direla medio, urtegiak sortzen duen kezka areagotu egin da inguruan. Ez da batere segurua, eta pertsona askoren bizitza jokoan dago.
Iruñean maiatzean egindako manifestazioan argi esan zenuten: Esak ezin du itxaron.
Hori aldarrikatu genuen, eta, era berean, nazioarteko adituen txosten bat galdegin dugu. Txosten horrek handitze lanak egiteko interesa dutenetatik independentea izan behar du; nazioarteko bermea behar dugu. Gainera, izugarrizko dirua dago jokoan, eta hasierako aurrekontua ia bost aldiz handitu da. Zerbait gertatzen bada, zer eginen dugu? Ezin dugu itxaron, mugimenduak daudelako.
Zuen egunerokoa asko baldintzatzen du urtegiak?
Bai, eta bereziki urtegitik behera dauden herriena. Mehatxupean bizitzea ez da batere erraza. Urak azpian har dezakeenagatik ari gara borrokan Artiedan; urak eraman dezakeenagatik, aldiz, Zangozan. Esak borroka berean lotu gaitu hango eta hemengo herritarrak. Gure lurraren eta gure bizimoduaren defentsan egin behar dugu lan. Zer gertatu daitekeenaren beldur bizi gara, eta irtenbidea eman behar diogu honi. Beste aukerak badaude: Esaren ur maila jaistea, ureztatzeko dauden beste baliabide batzuk baliatzea, eta segurtasuna ziurtatuko duten neurriak hartzea, besteak beste. Zaragozak, gainera, esan du ez duela Esako ura behar.
Herriak elkartuta zaudete urtegiaren aurkako borrokan?
Bai, badago plataforma bat ,eta plataforma horretan dira hainbat elkarte. Rio Aragon eta Zangozako Esa + Ez Lanak Gelditu, adibidez. Elkarte desberdinak garen arren, praktikan, lan guztia elkarrekin egiten dugu. Horrela lor dezakegu indar handiagoa eta eragin handiagoa proiektuaren aurka.

Biziz adindu ahal izateko
Edurne Elizondo
Goiz ailegatu da, ez baitu tokirik gabe gelditu nahi. Adituek errateko dutena entzuteko irrikan da. Gaiak, halere, sekreturik ez du Maria Petra Mikeleiz Landarentzat: zahartzeari buruz gogoeta egiteko antolatu dute jardunaldia Ezkarozen...

Heteropatriarkatuari intsumisioa
Edurne Elizondo
Piztu dituzte argi zuziak. Batukada osatzen duten emakumeak jarri dira manifestazioaren buruan. Ez dago pankartarik. Beltzez jantzita daude denak; estali dute aurpegia. Antolatzaileek hartu dute hitza, protesta hasi baino lehen. "Emakumeak, transak eta bollerak aurrean; haiek dira protagonista; gizonak jar daitezela atzean", eskatu dute Farrukas kolektiboko bi kidek. 23:10 dira, eta, hainbat segundoz, erabateko isiltasunak hartu du San Frantzisko plaza. Batukadako danborren hotsak giroa soinuz bete duen arte. Hasi da manifestazioa. Karrikan da, bertze behin, indarkeria matxisten aurkako sanferminen aurreko aldarria. Ozen oihukatu dute: "Heteropatriarkatuari intsumisioa!".
Amorruak eragindako manifestazioa da, neurri handi batean, Farrukas kolektiboak antolatutakoa. Laugarrenez egin zuten, joan den astearte gauean. Sanferminetan gertatzen diren eraso matxisten aurka, autodefentsa feministaren aldeko aldarri ozena egin zuten parte hartzaileek, Iruñeko Alde Zaharreko karriketan.
San Frantzisko plazatik abiatu zen protesta. 23:00etan zen hastekoa, baina ordu erdi lehenago ere bazen jendea, zain. Emakume gazteak ziren gehienak. Urduri ziren, protesta hasteko gogoz. Karrikak hartzeko prest, eta beldurrik gabe. Elkarri babesa ematen. Plazatik San Nikolas karrikara jo zuen manifestazioak, eta kaleko alde batean eta bertzean diren tabernetako ateetan protestari so zirenen aurrean, "Kaleak, gauak gureak dira" oihukatu zuten parte hartzaileek. Ehunka ziren, eta gai izan ziren beren ahotsak Alde Zaharreko bertze edozein soinuren gainetik entzunarazteko. Emakumeen oihuek Alde Zaharra isildu zuten.
Gazteluko plazatik Xabier karrikara hartu zuen bidea protestak, eta Caldereria karrikatik, berriz, Nabarreria plazarantz. Ibilbide guztian, manifestazioan bat egin zutenek argi utzi zuten ez direla prest eraso sexistak onartzeko. "Bat ukitzen badute, denak ukitzen gaituzte", esan zuten behin eta berriz.
Pankartarik ez zen astearteko manifestazioan, baina nork bere kartela egin eta erakutsi zuen Farrukas taldeak antolatutako protestan. Pentsatzen dut, erantzuten dut, beraz, enbarazu egiten dut leloa irakur zitekeen haietako batean. Autodefentsa feministaren bidetik, hain zuzen ere, intsumiso izateko mezua zabaldu zuten antolatzaileek eta manifestariek; heteropatriarkatuaren arauak apurtzeko beharra jarri zuten mahai gainean, gauez egindako bidean.
Pankarta Nabarrerian
Nabarreria plazan, manifestazioa gelditu egin zen, une batez. Etxe baten teilatua argitu zen hainbat pertsonak bengalak piztu eta gero, eta gora egin zuen manifestazioko lelo nagusia zabaltzeko bolumenak: "Gora borroka feminista!". Txalo artean hartu zuten Nabarreria karrikako alde batetik bertzera zintzilikatu zuten pankarta handia. Autodefentsa feminista leloa idatzia zuen.
Nabarreria karrikatik Mercaderes kalera abiatu zen manifestazioa, eta, handik, Udaletxe plazara. Han amaitu zen protesta, okasiorako prestatutako koreografia batekin. Plaza dantzan jarri baino lehen, Farrukas kolektiboko kideek hartu zuten hitza. "Indarkeria matxista heteropatriarkala salatzera atera gara kaleetara; egunerokotasunean emakume gisa gizarteratu gaituztenok eta subjektu disidenteok pairatzen ditugun indarkeriei aurre egitera gatoz. Txosnetan, tabernetan, kontzertuetan, jai eremuetan eta bizi eta okupatzen ditugun eremu guztietan sufritzen ditugu indarkeria matxistak".
Besta giroan amaitu zen bestak beldurrik gabe ospatzeko eskubidea aldarrikatu zuen manifestazioa. Parte hartu zuten guztiek argi utzi zuten, halere, eraso matxisten aurka autodefentsa feminista dela bidea. "Geure burua defendatzen dugu, eta gure amorrua agertzen dugu", oihukatu zuten. Ez dira isiltzeko prest.

Mundua ulertzeko
Kattalin Barber
Mundua ulertzeko balio du fisika kuantikoak", esan du Mikael Chala fisikariak. Naturaren jokaera azaltzen duen zientziaren esparruan murgildu da Chala, eta, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Laetoli argitaletxearen bidez, Física cuántica para Alicia (Fisika kuantikoa Aliciarentzat) dibulgazio lana argitaratu berri du. "Nire helburu nagusia izan da pertsona guztientzat liburu ulergarri eta arin bat egitea; maila batean, edonork uler baitezake fisika kuantikoa", azaldu du.
Dibulgazio lan horrek, besteak beste, aukera ematen du Higgs bosoia edo quarkak ezagutzeko, baita zientzia horri esker funtzionatzen duten teknologia berriak ulertzeko ere, hala nola laserra eta zenbait mediku tresna. Fisika kuantikoaren garrantziaz mintzo da Chala. Izan ere, gaur egungo bizitza ezinezkoa litzateke zientzia horren ezagutzarik gabe. "Guztiaren erantzun bat da fisika kuantikoa. Unibertsoak, izarrek eta planetek nola funtzionatzen duten jakiteko beharrezkoa dugu. Eta ez hori bakarrik; adibidez, transistoreak ulertzeko beharrezkoa da fisika kuantikoa, eta horietako milioika ditugu gure ordenagailu edota sakelako telefonoetan, gaur egun", nabarmendu du egileak. Valentziako Unibertsitateko Fisika Korpuskularreko Institutuko ikertzailea da Chala, eta partikulen fisikan aditua.
Liburua erraz irakurtzen dela azaldu du egileak. "Ez da eleberri bat, eta egia da geldi irakurtzea eskatzen duela liburuak, baina irakurleak ez du bestelako arazorik aurkituko". XX. mendea baino lehenagoko fisikari so eginez hasten da lana, eta, batez ere, Newtonen mekanika eta elektromagnetismoa azaltzen ditu Chalak idatzitako orrialdeen bitartez. Ondoren, fisika kuantikoa aztertzen du egileak, partikula subatomiko txikienen munduan murgilduz —quarkak, neutrinoak, bosoiak—, eta unibertsoaren historia berregiten du, Big Bangetik hasi eta gaur egun arte.
Erantzunik gabe
Mugak ditu, oraindik ere, fisika kuantikoak, eta galdera asko erantzun gabe daude, gainera. Aurkitu duten partikularik txikiena Higgs bosoia da. "Gehiago jakin daiteke? Horretan ari gara, baina oraingoz ez dugu gehiagorik aurkitu. Ez dakigun gauza asko daude, baina, oraingoz, horrela da".
Gainera, maiz agertzen diren anekdotek eta Chalak berak egindako hainbat marrazki argigarrik aukera ematen diote irakurleari naturaren jokaera azaltzen duen zientziaren esparruan barneratzeko, ekuazio matematikoen beharrik gabe.
Horretaz gain, liburuaren beste helburuetako bat fisika kuantikoaren "mitoak" gainditzea izan da, ikerlariak erantsi duenez. "Fisika kuantikoa ez da magia; esperimentuetan oinarritzen da, beste zientzia guztiak bezala. Arazoa da pseudozientzia batzuetan fisika kuantikoaren propietateez baliatzen direla jendeari iruzur egin ahal izateko". Naturaz gaindiko "ustezko erremedio" batzuen amarruak agerian utzi ditu bere liburuan Mikael Chalak, hain zuzen ere.