Begiratu, nabari bilakatzeko

Begiratu, nabari bilakatzeko

Edurne Elizondo

Karrikan nintzen. Ez nuen deus. Ez nuen dirurik, ez nuen zer jan ere. Iturrietako ura, bertzerik ez". Logroñokoa (Espainia) da Edu, eta 42 urte ditu. Ratilla erraten zioten han, eta Sagutxo hemen. "Iosuk salbatu ninduen; hark ekarri ninduen etxera".

Leoncio Urbaien karrikako 6.eneko eraikina du Eduk, orain, etxe. Duela hilabete eta erdi okupatu zuten kalean bizi ziren hainbat pertsonak. Babesa emanen zien aterpea bilatzen zuten; etxe bat, alegia. Eta hiriko auzorik aberatsenetako batean aurkitu zuten. Eskubide omen den etxebizitzaren inguruko kontraesanak agerian gelditu dira han: "Nafarroako etxerik garestiena dagoen auzo aberats honetan bizi dira orain, abandonatutako etxe batean, deus ez duten hainbat pertsona", erran du Iosuk.

20 urte ditu, eta gizarte lana ikasten ari da. Edurekin eta karrika bizitoki zuten bertze hainbat pertsonarekin bizi da Etxe Ikusezinean. Izen hori jarri diote Belosogoitin okupatutako eraikinari. Aterpe hutsaz harago, karrikan bizi direnen egoera salatzeko eta haien aldeko bertzelako politikak eskatzeko toki bat izan nahi du. Egun ikusezina den errealitate bat agerian jarri nahi dute egitasmo horrekin. Ezkutuan dena agertzeko, eta nabarmentzeko. Etxebizitzaren inguruko eztabaida politikoa mahai gainean jartzeko. Eta, horretarako, begiratzea da lehen urratsa.

Ikasketek sortzen dizkioten kontraesanei erantzun nahi die Iosuk, gainera, Etxe Ikusezinean, argi baitu erakundeen bitartez inoiz ezin izanen lukeela Belosogoitin martxan jarri duten egitasmoaren gisakorik sortu. Etxebizitza okupatuaren bidez, karrikan direnak, behar gehien dutenak laguntzeko "urrats praktikoa" egin du ikasleak. Ez du erakundeekin elkarlanean aritzeko aukera bazter utzi nahi. Iruñeko Udalaren esku hartzea eskatu du, zehazki, eta etxebizitza sozialak bultzatzeko hartutako konpromisoak gogoratu dizkio. Bete ditzan.

Erakundeen lanarekin ez du konfiantza handirik Santik. Eduren eskutik ailegatu zen Etxe Ikusezinera, duela hilabete inguru. "Karrikan ezagutu nuen Edu". 23 urte ditu Santik, eta Zizurkoa da. 14 zituenean alde egin zuen etxetik. "Atera behar izan nuen". Hainbat zentrotan bizi izan zen hasieran, baina 18 urterekin karrika bilakatu zen bere etxe. Lan egiten saiatu da; izan du lanposturen bat, baina, ikasketarik gabe, zaila izan du enpleguari eustea. Oinarrizko errenta ere eskatu du, baina ez diote eman. "Hirutan ukatu didate".

Gizarteak bazter utzi duela sentitzen du Santik. 23 urte dituela gogoratu du. Badituela proiektuak eta helburuak; lan egin nahi duela. "Txarrez ikasia dut lezioa, baina lan egin nahi dut, nire bizitza izan nahi dut, nire familia", azaldu du. Etxe Ikusezinean behar zuen babesa jaso duela nabarmendu du. Familia bat aurkitu duela. Aurrera egiteko helduleku bat. "Hori anitz da karrikatik datorren norbaitentzat".

Proiektuaren arlo politikoa ere pizgarri da Santirentzat. Ukitzen du bertzeak laguntzeko aukerak. David, hain zuzen ere, asmo politiko horrek eraman du Etxe Ikusezinera. 31 urte ditu. "Okupazioa jarduera politikoa da; egungo etxebizitza eredu kapitalistaren aurka borroka egiteko tresna", nabarmendu du.

Sistemaren arauak

"Sistema kapitalistak kalte egindako pertsonentzat espazio askeak behar ditugu, beren oinarrizko beharrak asetzeko; zer jan eta non lo egin izan dezaten; elkarbizitzarako eredu berriak sortzeko aukera izan dezagun", berretsi du Davidek.

Egun dauden oztopoak agerian utzi ditu, gainera, eta nagusien artean aipatu du laguntzak emateko erroldatuta egotea eskatzen duela administrazioak. "Eskubideak onartzeko, eta administrazioak dituen baliabideak eta zerbitzuak eskuratu ahal izateko, ezinbertzekoa da erroldatuta egotea. Karrikan bizi zarenean, noski, baldintza hori betetzea hagitz zaila da".

Santirentzat erroldatuta ez egotea da oinarrizko errenta ez jasotzeko arrazoia, hain zuzen ere. Abdulek ere etxebizitzarik ez du. Non erroldatu ere ez. Karrikan ezagutu zuen Abdulek Dani, eta haren eskutik bat egin du Etxe Ikusezineko familiarekin. Senegaldarra da, eta kanpotik etortzeak kaleko errealitatea are zailago bilakatzen duela nabarmendu du.

Dani Azkoiengoa da. 34 urte ditu, baina badaki hondoratzea zer den. 14 urte zituenean aita hil zitzaion. Harreman estua zuen harekin. Txirrindularia zen Dani orduan, eta aita zuen jarraitzailerik eta laguntzailerik sutsuena. Haren hutsa ezin izan du bete, oraindik ere. "Aitarekin euskaraz egiten nuen; aita galdu nuenetik, ez dut bertze inorekin egin". Depresioak jo zuen Dani, eta, orain, Belosogoitiko etxe okupatua du aterpe. Iosuren laguntzarekin, ari da aurrera egiten. "Hari esker, orain argi dut zer nahi dudan. Argi dut hemen egiten ari garena dela bide zuzena; elkarri laguntzeko gaude hemen; batzuentzat, akaso, ez gara legez ariko, baina nik ez dut zalantzarik, eta badakit ongi ari garela".

Legea aipatu du Danik. Izan ere, udaltzainak joan ziren etxe okupatura, abuztuaren amaieran. "Logeletara sartu ziren zuzenean", salatu du Iosuk. Eraikineko jabeak ez du erabili azken hamabost urteotan, Etxe Ikusezineko kideek jakinarazi dutenez, baina haien aurkako salaketa jarri du dagoeneko. "Prozesua martxan da". Etxetik kanpo nahi ditu jabe horrek bertze etxerik ez dutenak.

"Gaizki gaudelako gaude hemen; ez da erraza karrikan bizitzea", berretsi du Abdulek. Gaizki dauden bertzeak laguntzeko beharra nabarmendu du, eta hori dela Etxe Ikusezinaren helburua. Hori txalotu du. "Bizitzaren gakoa da elkarri laguntzea. Hemen gustura nago. Badugu toki bat elkarrekin egoteko, hitz egiteko, elkar errespetatzeko. Errespetua badago, erraza da talde batekin bat egitea", erantsi du senegaldarrak.

Beharra dutenak laguntzeko modu bat izan daiteke nork erroldatuko dituen aurkitzea. Horixe nabarmendu du Davidek. Izan ere, karrikan bizi direnentzat udal aterpera sartzeko ere beharrezkoa da erroldatuta egotea. "Bertzela, hiru egunez egon zaitezke, eta gero alde egin behar duzu". Aterpeak eskaintzen duen arreta erabat "asistentziala" dela gaineratu du, eta erabiltzaileek parte hartzeko eta erabakitzeko tarte handiagoa izan beharko luketela nabarmendu du. Erroldatuta ez daudenentzako hiru eguneko egonaldiarekin arazoa toki batetik bertzera mugitu bertzerik ez dutela egiten salatu du Davidek, eta horrek, finean, ez duela ekartzen karrikan bizi direnen egoerak hobera egitea. Iruñerrian 60 pertsona inguruk dute kalea etxe, Belosogoitiko kideek nabarmendu dutenez.

Ezagutu eta lagundu

Andoni, Sergio eta Leire ez dira karrikatik ailegatu Etxe Ikusezinera. Ikasleak dira; 19 urte ditu Leirek, eta batxilergoa bukatu berri du. 23 dituzte, berriz, Sergiok eta Andonik. Gurasoen babesa izan dute hirurek, orain arte, baina Belosogoitiko kideekin bat egitea erabaki dute. Urrats politikoa da egindakoa hirurentzat.

"Iosuren bidez jaso genuen proiektuaren berri. Etxetik atera nahi genuen. Ez gaude egungo etxebizitza ereduarekin ados. Produktu huts bilakatzen du egungo sistema kapitalistak etxebizitza, eta horri aurre egin nahi diogu", azaldu du Andonik. Sergiok erantsi du bertzelako errealitateak ezagutzeko gogoak ere bultzatu dituela Etxe Ikusezinera. "Lagundu nahi dugu. Egunerokoa partekatu karrikatik ailegatu direnekin, eta beren errealitatea ikusgarri bilakatzen lagundu".

Antzeko asmoak ditu Leirek ere. Etxeko emakume bakarra da, oraingoz. Ailegatu berri da Belosogoitiko eraikinera. "Ez da bidezkoa oinarrizko eskubideak eta beharrak pribatizatzea. Denok dugu etxebizitza izateko eskubidea".

Aterpe bilakatu da Etxe Ikusezina eraikinera jo duten guztientzat. Leirek argi du, halere, nork bere testuingurutik eta esperientziatik egin duela Belosogoitirako bidea. "Nork bere errealitatea bizi du. Askotariko pertsonek bat egin dugu etxe berean, eta elkar ezagutzen ikasi behar dugu". Davidek bat egin du Leireren hitzekin, eta nabarmendu du helburu nagusietako bat ere badela etxea denentzako espazio seguru bilakatzea, eta elkar zaintzea. Generoa landu beharreko auzietako bat dela erantsi du. "Ni ailegatu nintzenean, Danik erran zidan, adibidez, emakume izanda, nik izan behar nuela lehena jaten, nahiago zuela bera deus gabe gelditzea. Nik erantzun nion ezetz, denak garela berdinak", kontatu du Leirek.

Amaren etxetik ailegatu da Leire Etxe Ikusezinera. Karrikatik ailegatu den emakumerik ez da, oraingoz, etxean. Haien errealitateaz gogoeta egiteko beharra jarri du mahai gainean Davidek, halere. "Haien egoera are latzagoa da, eta ikusezinen artean ikusezinenak dira".

Urratsez urrats egin nahi dute aurrera familia osatu duten Belosogoitiko biztanle berriek. Hitz egin, elkar ezagutu eta elkar errespetatu nahi dute etxe barruan. Kanpora begira, ateak zabalik dituztela nabarmendu, sarea osatu, eragileen, erakundeen eta norbanakoen elkartasuna eta laguntza jaso. Gizarte gisa aurre egin nahi diote egun karrikan bizi direnak zigortzen dituen sistemari. Ikusezinak ikusgarri bilakatu nahi dituzte. Eta, ikusteko, begiratzea da lehen urratsa.

Oteiza batetik bertze Oteiza batera

Oteiza batetik bertze Oteiza batera

Edurne Elizondo

Edozein hiri ezagutzeko hamaika modu badira; Iruñea bisitatzeko bat izan daiteke hiriko eskulturei so egitea. Jorge Oteiza (1908-2003) artista oriotarrak egindako lanei erreparatu die hiriko udalak, hain zuzen ere, eta, aldi berean, mugikortasun iraunkorra bultzatzeko asmoz, ibilaldia egin du, eskulturaz eskultura, bizikletaz. Nahi duenak badu aukera bidea errepikatzeko: hiriko hainbat karrika eta plaza lotzen ahal ditu, Oteizaren obren bidez; Oteiza batetik bertzera. Hiriko paisaiaren parte bilakatu dira lanok jada. Eskultorearen ibilbidea sakonago ezagutu nahi duenak, gainera, Altzuzan du haren museoa.

GAZTELUKO PLAZA
Unitate hirukoitz eta arina

Iruñean, Gazteluko plaza izan daiteke bidea hasteko toki egoki bat. 1999. urtean jarri zuen udalak Oteizaren Unitate hirukoitz eta arina eskultura, Gazteluko plazan. Oteizak berak ikuskatu zituen obra bere tokian paratzeko lanak; han izan zen, artistarekin batera, Iruñeko orduko alkate Yolanda Barcina ere. Egun hotz bat zen, eta kafe bat eraman zioten Orioko eskultoreari. Barcinak berak eutsi zion katilua jartzeko platertxoari, Oteizak errazago har zezan. "Alkatea ari zaizu kafea hartzen laguntzen!", erran zion norbaitek artistari. "Alkatea da?", erantzun zuen Oteizak, harridura itxurak eta irri eginez.

1950. urteko lana da Gazteluko plazakoa, eta Oteizak hiperboloideari buruz egindako lehendabiziko azterketen emaitza da. Zilindroaren figura du ardatz, baina masa galduz doa; hutsa, finean, eskultura bilakatzen da lan horretan. Hori izan zen Jorge Oteizaren kezka nagusietako bat. 2004. urtean tokiz aldatu zuten eskultura, plazan gehiago sartu eta plazako giroarekin barneratzeko.

ASKATASUNAREN PLAZA
Korearra

Eskultura hau lan garrantzitsua da, adituen hitzetan, artista oriotarraren plastikaren barruan. Formari dagokionez, agerikoak dira erreferentzia figuratiboak, eta nabarmena da giza irudia: erabat definitua ez badago ere, hankak, gorputz enborra eta burua erraz identifikatzen ahal dira.

Hiltzeko zorian dagoen gizakia irudikatzen du, zehazki; barrutik hutsik da, eta besoak altxatuta eta eskuak garondoari helduak ditu. 1950. urtekoa da lana, gerra hotzaren garaikoa alegia.

UNIBERTSITATE PUBLIKOA
Saenz de Oizari omenaldia

1997. urtean hamar urte bete zituen NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Urteurrena ospatzeko, hainbat eskultura jarri zituen unibertsitateak Arrosadiko campusean; haietako bat zen Jorge Oteizak Francisco Javier Saenz de Oiza arkitekto eta lagunaren omenez egindako lana. Hutsaren ideia funtsezkoa izan zen Oteizarentzat, eta NUPeko obra horretan nabarmena da hutsaren inguruko gogoeta eta lana. Saenz de Oizarekin harreman estua izan zuen Oteizak, eta arkitektoak egin zuen Altzuzan Orioko artistaren lanak gordetzen dituen museoaren diseinua.

FELIX HUARTE PLAZA
Omenaldia espirituari

1952. urteko lana da Felix Huarte plazakoa. Hiru zatik osatutako multzoa jarri zuen Oteizak hiriko txoko horretan. Gazteluko plazako obraren bidetik, zilindroa husteko eskulturen seriearen barruan dago. Oteizak Londresko Tate Galleryk antolatutako nazioarteko eskultura erakusketarako egin zuen obra. 1953an egin zuten erakusketa hori. Handik hainbat urtera, 1965ean, harriz garatu zuten Oteizaren proiektua Madrilgo etxe bateko lorategian jartzeko, batetik, eta, bertzetik, Iruñean. Iruñeko Udalak eta Felix Huarte ren familiak ordaindu zuten.

YAMAGUCHI PARKEA
Kubismoaren estilema hutsari omenaldia

Yamaguchi parkeko eskulturak ederki islatzen du Jorge Oteizak materiaren eta hutsaren inguruan egin zuen gogoeta lan osoa. Egituraren aldetik, lan sinplea da: metalezko oinarri baten gainean daude bi xafla bertikal eta zeihar. Oteizak espazioa husteko egindako lanaren emaitza da eskultura, hain zuzen ere. Artistaren prozesu horren amaieran, hutsa nagusitu zitzaion obraren materialtasunari, azkenean. Yamaguchiko lanak horixe islatzen du: hutsa gailendu dela, espazio irekia nagusitu dela. Lanaren jatorrizko pieza Jorge Oteiza fundazioak Altzuzan duen museoan dago; 1959. urtekoa da. Madrilgo Reina Sofia arte garaikideko zentroan ere bada erreplika bat.

ZIUDADELA
Odiseo deritzon gudari baten erretratua

Odiseo euskal gudari bilakatzen du Jorge Oteizak Ziudadelako lan horretan. Obra abstraktua da, eta indar sinboliko handikoa egilearentzat, adituek nabarmendu izan dutenez. Oteizaren kutxa hutsetako bat da Ziudadelakoa, hain zuzen ere. Ikerketa ildo horri 1957. urtean ekin zion artistak. Hutsari buruzko gogoeta da, berriz ere, lan horien ardatz. Altzairuzko hainbat xafla beltzek osatzen dute 1.500 kiloko obra.

Doan eman eta hartu

Doan eman eta hartu

Kattalin Barber

Gauza, zerbitzu edo edozergatik ordaindu behar den mundu honetan, musu truk dena hartu-eman daitekeela uste dugu". Premisa horretatik eta egungo kontsumo gizartearen aurkako alternatiba gisa sortu dute Nafarroako hainbat gaztek www.muxutruk.net webgunea. Proiektua ez da objektuetara mugatzen eta askotarikoak aurki daitezke bertan: liburuak, lanerako tresnak, rafting jaitsierak, elikagaiak, biolin joaldiak, zurgintza lanak, ikastaroak, rokodromoak, konponketa zerbitzuak....

Zerbitzu edo objektu bakoitza non dagoen zehaztuta dago, eta eskaera egiteko formulario bat bete behar da. Aurretik, webgunean bertan izena ematea beharrezkoa da, zerbait eskaintzeko, bai eta zerbait hartzeko ere. Hegoa Arrieta eta Beñat Elizalde sortzaileetako bi dira, eta, zehaztu dutenez, ez da zertan truke bat egin behar: eman daiteke jaso gabe, eta eman gabe, jaso. Eta guztia, noski, musu truk; horixe baita baldintza bakarra. "Bakoitzak ematen du nahi duena eta hartzen du nahi duena. Baldintza da ez dagoela trukerako txanponik, hemen ez da inolako zorrik sortzen", azaldu du Elizaldek.

Orain dela urtebete hasi ziren ideiari bueltak ematen. Arrieta hainbat hilabetez Mexikon egon zen, eta Chiapasko zapatisten komunitateak ezagutzeko aukera izan zuen han. "Gauzak egiteko beste modu bat dagoela ikusi nuen han, inoren laguntzarik gabe. Zapatistek ez dute gobernuaren laguntzarik nahi, eta euren kasa antolatzen dira. Hori gurera ekarri nahi izan dugu", dio Arrietak.

Sistema alternatibo hori eraikitzeko bidean, Muxutruk tresna lehen urratsa litzateke. "Etorkizun batean eta modu utopiko batean, tresna honek oso ongi funtzionatzen badu, horrek aukera emanen liguke modu honetan bizitzeko, dirurik erabili gabe; nik nahi dudana emanez, eta behar dudana sare horretatik hartuz", dio Elizaldek.

Lau hilabete eta zertxobait gehiago darama martxan webguneak, eta denbora horretan 180 erabiltzaile baino gehiagok bat egin dute egitasmoarekin. "Kopurua ona da, eta pozik gaude lortutakoarekin, denbora gutxian komunitate bat sortzea lortu dugulako", diote. Orain, haien erronka erabiltzaileen artean interakzio gehiago sortzea da. "Kontraesanezkoa izan daiteke, baina jendeari askoz gehiago kostatzen zaio bertan dauden eskaintzetatik eskatzea, zerbait eskaintzea baino. Nahiz eta jakin hor eskaintzen duen pertsonak gustura eman nahi duela zerbait, muga moduko bat dugu: nola eskatuko dut nik zerbait, eta musu truk?".

Langa hori gainditzea falta zaien arren, ez dira gutxi erabiltzaileen artean orain arte egon diren hartu-emanak, eta ongi joan dira. Arrietak, adibidez, rafting jaitsierak eskaintzen ditu, eta hainbat egin ditu uda honetan. Bizikletak, bizkar zorroak eta bestelakoak ere hartu eta eman dira.

Norbanakoek ez ezik, kolektiboek ere osatzen dute Muxutruk sarea, eta bertan eskaintzen dute hainbat gauza. Zizurko Esparru gaztetxeak rokodromoa eskaintzen du, esaterako. Orain, eskuragarriago egiteko, sakelakoetarako aplikazioa sortzea dute buruan. "Dagoeneko sakelakoa gorputzaren atal bat da ia-ia, eta uste dugu errazago izan daitekeela erabiltzaileentzat", adierazi du Elizaldek. Interneteko atariak sare sozial baten moduan funtzionatzen duen arren, berez pertsonen arteko aurrez aurreko hartu-emana bultzatu nahi dute.

Euskal Herri osorako

Argi dute Arrietak eta Elizaldek ez dutela ezer berririk asmatu proiektuaren filosofiarekin. Lagun eta familia artean beti egon dira trukeak, baina Muxutruk-ek zerbait gehiago ahalbidetzen du: "Truke sarea zabaltzeko aukera dago ezezagunekin, eta beste leku batzuetara iristeko modua ere bada; betiere, aurrez aurreko harreman hori bilatuz eta doan izanez", dio Elizaldek.

Nafarroan sortu dute proiektua, baina Euskal Herri osoko erabiltzaileak eta eskaintzak daude, hain zuzen. "Horrelako tresna batek aukera ematen dizu edonondik edozer eskaintzeko eta eskatzeko, baina ez dugu koherentea ikusten, adibidez, letxuga batzuen bila joatea Baztandik Bilbora".

Diruaren ordez, alternatiba izan nahi du Muxutruk-ek, eta atariko ateak zabalik dituzte, edonork proiektuarekin bat egiteko eta bakoitzak ahal duen neurrian nahi duena eman eta hartzeko helburuarekin.

“Arazoa da adierazpena eta komunikazioa nahastu direla”

“Arazoa da adierazpena eta komunikazioa nahastu direla”

Edurne Elizondo

Astean hirutan eginen ditu Kolore Heziketa Sortzailea egitasmoak bere tailerrak. Arno Sternek zehaztutako bidetik eginen du lan Iñaki Zalbak (Agoitz, 1983), haur eta helduekin. Harreman ereduak jorratzea da asmoa.

Zer da hezkuntza sortzailea?

Arno Sternek eman zion izen hori egiten zuen lanari; 1946. urtean zenbait umezurtzekin lan egitea egokitu zitzaion. Margotzen jarri zituen, baina berak ez zekien ezer horri buruz, ez zekien ezer pedagogiari buruz ere. Ondorioz, haien atzean jarri zen, haien beharrak asetzeko asmoz. Hor sortu zen egoteko modu berezi bat. Metodologia bat ezarri edo bide bat zehaztu beharrean, haurrak hasi ziren beren kabuz lanean, eta beren arau propioak ezartzen. Bide hori lantzen hasi zen Stern, eta bide horretatik sortu dira guk egun eskaintzen ditugun tailerrak.

Nola bat egin duzu zuk hezkuntza sortzailearekin?

Bilbon, Miguel Castro eta Vega Martin hasi ziren Arno Sternek hasitako bidetik margo tailerrak antolatzen. Gero, tailer horietan erabiltzen zituzten eta hezkuntza sortzailearen oinarri diren baldintzak eraman zituzten buztina eta mugimendua lantzeko tailerretara. Haien eskutik trebatu naiz ni.

Zeintzuk dira oinarri horiek?

Lau dira. Lehenengoa da kontuan hartzea denok ezberdinak garela eta nork bere ezaugarriak dituela; horrek esan nahi du baten eta bestearen garapena ezberdina izanen direla. Kontua da ez alderatzea, ez lehiatzea, eta, horretarako, gakoetako bat da askotariko taldeak sortzea. Hau ez da bakarrik haurrentz at; helduentzat ere badira gure tailerrak. Heldu bat 3 urteko haur batekin ari denean, hain zuzen, heldu horrek ez du bere burua umearekin alderatuko; gai izanen da nahi eta behar duena egiteko. Bigarren baldintza da taldeka lan egiten dugula; talde horretan nork bere espazioa du, halere, eta besteak ezin dira hor sartu; nork bere papera du, adibidez. Bestetik, badira taldearenak diren gauzak edo elementuak, partekatu behar direnak; taldeka aritzeak, halaber, harremanak sortzen ditu taldeko kideen artean. Orekari eustea da kontua, ongi egoteko. Hirugarren baldintza da inor ez epaitzea. Hemen egiten dugun lana, adibidez, ez da hemendik ateratzen, inork epai ez dezan. Hemen sortzen dugu zaindutako espazio bat, epairik gabekoa. Azken baldintza da kideen beharrak aseko dituen eta baldintzak betetzen direla ziurtatuko duen laguntzaile bat izatea. Ni naiz hemen pertsona hori. Nik eginen dut lan hori. Nik oinarriak betetzen direla bermatuko dut, eta kideen beharrei erantzunen diet, eroso egon daitezen, beren jokoa egiteko, margotzeko, edo buztina lantzeko.

Ohiko ereduetatik urrun da zuena; horrek erran nahi du badela bide berriak lantzeko beharra?

Nik uste dut arazoa izan dela adierazpena eta komunikazioa nahastu izan direla. Haur bat, adibidez, txikitatik hasten ahal da arkatz batekin marrazkiak egiten, baina inolako intentziorik gabe; plazera ematen dio, eta horregatik errepikatzen du, eta, modu horretan, jokoa sortzen du. Kontua da helduok pentsatu izan dugula hori dela artearen hastapena, eta sartu garela epaitzera, bidea zehaztera. Horrela egiten duguna da, finean, jokoa apurtu. Helduok, azkenean, ereduak finkatzen ditugu margolari ona nor den zehazteko. Artisten lanetan bada intentzio bat; hausnarketa egiten dute kontatu nahi duten horri buruz, eta hori kontatzeko modurik onena bilatzen dute. Baina dena dator burutik. Haurren kasuan ez. Ez dago hausnarketarik. Jokoa da. Eta hori da guk bultzatu nahi duguna, hain zuzen. Jokoa sortzeko baldintzak eman nahi dizkiegu haur eta helduei.

Joko hori sortzea zailagoa da helduengan?

Kontua da gehienok uste dugula ez dugula ongi margotzen, behin eta berriz esan digutelako zer dagoen ongi eta zer ez; zer egin eta zer ez. Haurrak ere irudimena galtzen ari ote diren beldur naiz; egungo sistemak ezartzen dituen muga horien ondorioz.

Hemen elkarrekin ariko dira. Helduentzat zailagoa izaten da umeekin aritzea, edo alderantziz?

Ez dut uste hor arazorik dagoenik. Baina uste dut helduok prozesuarekin bat egiteko erraztasun handiagoa dugula; hau da, behin lotura egin eta gero, erraz sartzen dira. Haurrentzat zailagoa da. Hemen egon eta gero eskolara itzultzen direlako hurrengo egunean, eta han, berriz ere, mugak ezartzen dizkiete. Esaten diete zer dagoen ongi eta zer ez. Atzera eta aurrera ari dira, beraz. Baina haien arteko harremanak erraz ezartzen dira, modu erabat naturalean.

Zaila da zuen lan egiteko modua hezkuntza sistemara eramatea?

Ez da erraza, ez. Ni Taupa Taupa izeneko eskola librean ari naiz. Laugarren urtea dut oraingoa; Bilbon bi urtez prestatu naiz heziketa sortzailearen esparruan oraingo lana egiteko, gainera. Heziketa sortzailearen gakoa, nire ustez, harremanak lantzeko modu bat da. Hori da garrantzitsuena. Eta hori ari gara lantzen Taupa Taupan ere. Hezkuntza sisteman harremanak lantzeko modua bestelakoa da; helduok dakigu zer den ona, eta guk zehazten ditugu bideak. Bada erresistentzia, oraindik ere, aldatzeko. Paradigma aldatu behar baita.

Tren publiko eta sozialaren aldeko proposamena egin du Sustrai Erakuntzak

IRUÑEA. Sustrai Erakuntza fundazioak tren publiko eta sozialaren aldeko bere proposamena aurkeztu du, asteon, Iruñean. Dauden baliabideak oinarri hartzen ditu proposamen horrek, baliabide horiek hobetzeko asmoz. Abiadura handiko trena egiteko proiektuaren aurka egiten dute, sendo. Joan den astean, hain zuzen, gobernuak iragarri zuen Nafarroako korridorea eraikitzeko itun proposamena aurkeztuko diola Espainiako Gobernuari.

Iritzia: Urriak 1

Lur Albizu Etxetxipia
Ez da egun batetik besterako kontua. Aldaketa guztiek behar dituzte lanketa handiak. Aldaketak egosten aspaldi jartzen dira; prestatutakoa borborka hasten denerako eternitatea pasa daiteke. Batzuetan, ez da aldaketarik etortzen, e...

Jose Mari Apezetxea margolaria hil da

Jose Mari Apezetxea margolaria hil da

Jose Mari Apezetxea margolari baztandarra hil da. Erratzuko bere etxean zendu zen larunbatean, eta atzo egin zuten haren aldeko hileta elizkizuna. 90 urte zituen. Baztango eta inguruko pintore anitzen irakasle izan zen Apezetxea. Ana Mari Marin eta Tomas Sobrino margolariek “lur jota” hartu dute lagunaren heriotzaren berri, eta Apezetxearen eragina nabarmendu dute. Apezetxeak Cezanne izan zuen eragin nagusi, eta halaxe...

Ikusi nahi ez den mendekotasuna

Ikusi nahi ez den mendekotasuna

Edurne Elizondo
Nafarroako Gobernuak joko mendekotasunaren auzia jarri du mahai gainean, nabarmendu baitu orain hiru urte halako bi direla gaur egun mendekotasun hori dutelako Osasunbidean artatu dituztenak. Iaz, zehazki, 69 pertsonak jo zuten osasun e...

Sormenari bidea eman

Sormenari bidea eman

Edurne Elizondo

Artea ez da gauza polit bat egitea; artea transmititzea da, sentitzea", erran du Uxue Lasak. Bat egin du Anne Aramendiak, eta lagunak mahai gainean jarritako ideia sakontzen jarraitu du: "Denok dugu artista bat gure baitan, gure barruan; ateratzea da kontua". "Horixe, barruan dugun artista atera behar dugu, landu, eta garatu", erantsi du Lasak. Iruñerriko Artisten Mugimenduak zeregin horren ardura hartu du bere esku; artea landu eta garatu nahi dute kideek; arteari buruzko gogoeta piztu, eta duen balioa aitortu. Iruñerriko hainbat institututako ikasleek jarri zuten martxan elkartea, aurreko ikasturtean, baina zabaltzen jarraitu nahi du. Horretan ari dira Lasa eta Aramendia, bertze hamaika ikasle artistarekin batera.

Artea bizi dutela sumatzen zaie Aramendiari eta Lasari; Iruñerriko Artisten Mugimenduan lagun dituzte Xabi Gomez eta Naroa Osanbela. 18 urte dituzte laurek, eta agerikoa da artearekiko duten grina. Pasioa. Herritarrekin partekatu nahi dute artea ulertzeko duten modua, eta bide horretan urratsak egiten hasi dira jada. Elkartea, berez, LOMCE legeak batxilergo artistikoan eragin nahi zituen aldaketen aurka sortu zuten, baina harago joateko asmoa agertu du.

"Batxilergo artistikoa duten lau zentrook egin genuen bat: Iturramak, Alaitzek, Gurutzeko plazakoak eta Arte Eskolak; LOMCEk ezarri nahi zituen aldaketen aurka hasi ginen lanean, baina laster konturatu ginen arteak gizarte osoari eragiten diola", azaldu du Lasak; horregatik, arteari buruzko beren hausnarketak zabaltzeko urratsak egiten hasi ziren, arteak aldaketarako duen gaitasuna nabarmentzeko asmoz. Proiektua gelako esparrutik karrikara eraman zuten, finean. Eta bide horretan urratsak egiten jarraitu nahi dute.

"Arteak herritar kritikoak sortzeko duen ahalmena baliatu nahi dugu", erantsi du Aramendiak. Bat egin du Gomezek ere: "Aldaketarako tresna da artea". Mugimenduko kideek argi dute zer-nolako balioak izan beharko lituzkeen gizartean eragin nahi duten aldaketa horrek, eta balio horiek hartu dituzte, aldi berean, beren lanaren ardatz: "Mugimendu askotarikoa gara, baina oinarri hartu ditugu berdintasuna, errespetua, feminismoa...", azaldu dute kideek.

Karrikan eragin

Oinarri horiek abiapuntutzat hartuta, artea karrikara eramateko hainbat jarduera antolatu dituzte Iruñerriko Artisten Mugimenduko kideek, azken hilabeteotan. Arrotxapeko gaztetxeko kideekin elkarlanean aritu dira, adibidez, eta Ikasle Abertzaleekin batera ere, bertze eskola eredu bat garatzeko jardunaldietan aritu dira. "Oso esperientzia polita izan zen", gogoratu du Lasak. Hitz bakarra proposatu zieten parte hartzaileei, nahi zuten moduan azaltzeko. "Errepresioa zen hitza; paper bat eta margoak eman genizkien. Talde batek, adibidez, papera tolestu, eta lurrera bota zuen".

Herritarrak artista bilakatu nahi dituzte beren jardueren bidez; mugimenduko kideek beren artista izaera aldarrikatzen dute, halaber, karrikan. "Atera izan gara abestera, dantzatzera, mugitzera; jendearen erantzuna ezin hobea izan da, oso giro polita sortu dugu kalera atera izan garenean", nabarmendu du Aramendiak.

Halako ekitaldien bidez artea eta askatasuna lotzeko asmoa ere badute Iruñerriko Artisten Mugimenduko kideek. Eskolak, neurri batean, askatasun hori murrizten duela salatu dute, eta artea askatasunaren bidetik garatzeko aukera defendatu dute. Egungo sistemak, oro har, kontrakoa bultzatzen duela uste du Naroa Osanbelak. "Txikia zarenean, klip bat hartu eta gai zara harekin espaziontzi bat egiteko ere; gero, paperak lotzeko baino ez digu balio. Gure artista barrura sartzen dugu, ez diogu ateratzen uzten, eta irudimena galtzen dugu".

Hori da Iruñerriko Artisten Mugimenduko kideek galdu nahi ez dutena: irudimena. Artea askatasunaren bidetik garatzen jarraitu nahi dute, herritarrengan gizartea aldatzeko grina bultzatzeko asmoz. Kritiko izan nahi dute. Artista.

Formakuntzari ez diote uko egin nahi, eta, hasteko, ezkutuan gelditzen ohi diren emakume artisten berri jaso eta zabaldu nahi dute. Feminismoaren bidetik, gainera, bideo bat osatu dute udan eraso matxisten aurka. Artearen bidez eragin nahi dute, errespetuaren, berdintasunaren eta feminismoaren bidean urratsak egiten jarraitu ahal izateko.