Lagundu eta errespetatu

Lagundu eta errespetatu

Edurne Elizondo

Gizarte langilea eta soziologian doktorea. Indarkeria matxista sufritu duten emakumeekin egin du lan Maria Antonia Aretiok (Logroño, Errioxa, Espainia, 1966), azken 27 urteotan. Emakume horiek artatzeko politikak jorratu ditu NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztutako tesian, hain zuzen ere, eta hainbat ondorio jarri ditu mahai gainean: lehenik, egungo sistemak salaketa jartzen duela prozesuaren erdigunean, eta hori ez dela emakumeek anitzetan behar dutena; bigarrenik, osasun zerbitzuek funtsezko lana egin dezaketela indarkeria antzemateko, eta horiek sendotzeko neurriak behar direla; eta, hirugarrenik, emakumeek pairatzen duten egoera atzean utzi ahal izateko, batez ere, laguntza, baliabideak eta errespetua behar eta eskatzen dituztela. Horietan jarri behar dela arreta, hain zuzen ere.

Aretiok onartu du tesia egiteko lanak "aldatu" egin duela. 50 emakumerekin hitz egin du ia 1.000 orriko testua osatzeko. Banakako elkarrizketak egin dizkie, eta taldeka ere landu dituzte solasaldiek azaleratutako gaiak. Tesiaren mamia ere haiekin adostutakoa dela nabarmendu du Aretiok. "Haiek egindako proposamenak jaso ditut; haiek direlako zer behar duten hobekien dakitenak", azaldu du. Emakumeok errateko zutena entzuteko prozesua "gogorra" izan dela aitortu du gizarte langileak. "Hunkitu" egin duela, erabat. "Haiekin hitz egiteak erakutsi dit nik ere dudan boterea erabili egiten dudala; ni ere banaizela min egiteko gai. Horretaz ohartzea izugarria izan da".

Horretaz ohartu, eta Errioxako Gobernuko Osasun zerbitzuetako arduradunekin lanean hasi zen Aretio, tesia bukatu bezain pronto. Osasun etxe batean egiten du lan gizarte langileak, eta emakumeek aipatutako lehentasunak jarri nahi ditu haiek artatzeko sistemaren erdigunean. "Horretan ari gara lanean".

Gizarte langileak argi du zein den helburua: "Indarkeria sufritzen duten emakumeak laguntzea. Prozesu bat da indarkeria horretaz jabetzea eta atzean uztea, eta egin beharreko urrats horiek bakarrik egin behar ez izatea da emakumeontzat garrantzitsuena".

Bidean ongi prestatutako profesionalak behar dituzte indarkeria matxistari aurre egin behar dioten emakumeek. "Emakumeon erritmoak eta prozesuak ulertu eta errespetatuko dituzten profesionalak", zehaztu du Aretiok. Gaur egun esparru gehienetan formakuntza eskasa dela argi utzi du. "Argi dago emakumeak ez duela jarraitzen erasotzailearekin nahi duelako; errealitate hori atzean uzteko baliabiderik eta aukerarik ez dute, anitzetan, menpekotasun ekonomiko eta emozional handia dutelako. Emakumea artatzen duen profesionalak argi izan behar du hori. Lagundu eta errespetatu behar du, baina epaitu gabe", nabarmendu du Aretiok.

Familia eredua

Seme-alabak dituztenean gehiago kostatzen ohi zaie emakumeei erasotzailearengandik urruntzea. "Emakumeek uste dute seme-alabentzat hobe dela familiari eustea; baina ez da egia, eta administrazioak familia tradizionalaren eredu horren aurkako kanpainak egin beharko lituzke. Argi utzi behar da, indarkeria dagoenean, seme-alabentzat onena dela harreman hori lehenbailehen haustea".

Indarkeria matxistaren ondorioak seme-alabek ere pairatzen dituzte. "Indarkeria horren lekuko badirelako, edo indarkeria horrek haien amarengan duen eraginaz ohartzen direlako. Ama gaixo eta gaizki ikusten dute". Haur eta gazte horientzat, ordea, sistemak ez du laguntza nahikorik eskaintzen, Aretiok bere tesian salatu duenez. "Adingabeok gutxitan jasotzen dute behar duten arreta profesionala".

Emakumeak sufritzen duten indarkeriaren ondorioz gaixotzen direla erran du Aretiok. Eta egoera horrek eramaten ditu osasun zerbitzuetara. "Errealitate horren lekuko gara. Emakumeak guregana etortzen dira, eta alde batetik bertzera eramaten ditugu; adimen osasuneko zerbitzura, traumatologoarengana, erizainarengana... Profesionalek emakumeon sintomak artatzen dituzte, behin eta berriz, baina ez dira ausartzen sintoma horien azpian dagoena agerian uztera", azaldu du gizarte langileak. Profesional horien formakuntzak huts egiten duela berretsi du, eta arlo horretan hartu behar direla neurriak, batez ere. "Emakumeek hori eskatzen dutelako".

Emakume guztien egoera ez da bera. Aretiok migratzaileena eta ezintasunen bat dutenena nabarmendu ditu. Bai eta herri txikietan bizi direnena, emakume zaharrena edo hagitz gazteena ere. "Ahulago egon daitezke indarkeriari aurre egiteko, eta, ondorioz, indarkeria horren ondorioak are larriagoak izan daitezke haientzat; indarkeria horrek harrapatuta denbora gehiago egoteko arriskua dute".

Aretiok, hala ere, biktima hitza baztertu egin du bere tesian, eta estereotipoak hautsi nahi izan ditu. "Emakumeok ez dira amore ematen duten pertsona pasiboak; hamaika estrategia garatzen dituzte sufritzen duten indarkeriari aurre egiteko. Emakume indartsuak dira. Emakumeok beren kabuz aurrera egiteko gai direla ohartzea da prozesu osoaren gakoa; eta momentu horretan urratsak egiten jarraitzeko laguntza badutela sentitu behar dute. Hori da kontua".

Profesionalek eskaintzen ahal duten laguntzaz harago, emakumeek elkarri ematen ahal dioten babesa eta berotasuna nabarmendu ditu Maria Antonia Aretiok. "Zure egoera bera pairatu duenak hobeki daki zer behar duzun". Indarkeria matxista atzean uztea lortu duten emakumeen taldeak hagitz garrantzitsuak direla nabarmendu du, eta administrazioari halakoak bultzatzeko eskatu dio. Gizarteak ere duen ardura bere egin behar duela argi utzi du Aretiok. "Emakumeak ez dira pairatzen duten indarkeriaren erantzule. Ezin ditugu haiek erruduntzat jo. Errudun erasotzaileak dira, bai eta emakumeek behar dituzten baliabideak eskaintzen ez dituen gizartea ere".

Gripeari aurrea hartuz

Gripeari aurrea hartuz

Kattalin Barber

Udazkenarekin batera ailegatzen ohi da gripearen birusa. Gaixotasunari aurrea hartu nahi dio Nafarroako Gobernuak, eta, horretarako, joan den astean, urriaren 13an, gripearen kontrako txertaketa kanpaina jarri zuen martxan. Datorren azaroaren 30era arte iraunen du. Nafarroako Osasun Departamentuak 120.000 dosi ditu eskura aurten. Berrikuntza moduan, gainera, maila guztietako irakasleak kontuan hartu ditu gripearen aurkako kanpainak. Txertoa jartzeko gomendioa egin die Osasun Departamentuak. Iaz, 17.357 gripe kasu izan ziren herrialdean.

Txertoa doan hartu ahal izanen dute arrisku taldeetan dauden pertsonek. Kanpaina, batez ere, arrisku talde hauentzat prestatu dute departamentuko arduradunek, hain zuzen ere: 60 urte baino gehiago dituzten pertsonentzat, hainbat gaixotasun kroniko dituzten ume eta helduentzat, haurdun dauden emakumeentzat eta gaixo kronikoekin harremanetan dauden pertsonentzat. Nagusiekin edo gaixoekin eta oinarrizko zerbitzu publikoetan lan egiten dutenei ere gomendatzen zaie txertoa jartzea. Aurten, gainera, gripearen aurkako txertaketa kanpainak irakasleak hartu ditu kontuan Nafarroan. "Medikuek eta suhiltzaileek bezala, irakasleek arriskua dute birusa kutsatzeko, hainbat arrisku talderekin harremanetan daudelako", azaldu du Irune Tubia familia medikuak.

Txertoa osasun etxean edo nor bizi den zahar etxean jaso ahal izanen da. Askok hartua dute jada, eta oraindik hartu ez dutenek ere badute denbora, kanpaina martxan izanen baita azaroaren 30era bitarte. Aurtengo kanpainarako, Osasun Departamentuak 120.000 txerto erosi ditu 336.960 euroan. Dosi bakoitzak 2,8 euro balio du, eta hiru birusi aurre egiten die: A (H1N1), A (H3N2) eta B. Azken hori da Osasunaren Mundu Erakundeak aurtengo kanpainarako gomendatzen duena.

Nafarroako Gobernuak espero du erositako txertoak nahikoak izanen direla martxan den kanpainarako, Osasun Publikoko Institutuak ez baitu larrialdirik espero. Joan den denboraldian 17.357 gripe kasu izan ziren —28 kasu 1.000 biztanleko—, aurreko kanpainan baino %3 gehiago, hain zuzen ere. Gripea izan zuten pertsona guztietatik, 426 gaixok ospitaleratzeko beharra izan zuten. Aurreko denboraldiarekin alderatuz, %71 egin zuen gora kopuruak. ZIU Zainketa Intentsiboetako Unitatean artatu behar izan zituzten kasuak hirukoiztu ziren aurreko denboraldian, eta hemeretzi pertsona hil ziren ospitalean.

"Bestelako gaixotasun kronikoak izaten dituztelako hiltzen ohi dira gripeak jotako gaixoak, ez bakarrik birus horren ondorioz; ez dugu larritu behar", azaldu du Tubiak. Udazkenetik aurrera, bereziki, gutxienez astebeteko gaixoaldia eragiten ohi du gripearen birusak. Gaixoek oro har izaten dituzten sintomei buruz, medikuak nabarmendu du sukarra, buruko eta eztarriko mina eta hotzikarak izaten direla ohikoenak. "Beti izaten dira gripe kasuak, eta hori saihetsezina da; gainera, saiatu arren, ez dira inoiz helburuak betetzen: hainbatek txertoa ez jartzea erabakitzen dute", gaineratu du.

Ez du erabat babesten

1990. urtean jarri zen lehenengoz martxan, Nafarroan, gripearen aurka txertoa jartzeko kanpaina. Ohikoena gripea agertu baino lehen txertatzea izaten da. "Txertoak hiru gripe motari aurre egiten dio, baina beste mota batzuk ere badaude, eta edozein txertok ez du inoiz %100ean babesten". Hortaz, txertoa hartuta, gaixotasuna hartzeko arriskua ez da desagertzen, baina murriztu egiten da. Urtetik urtera, mutazioak izaten ditu birus horrek. "Eskuak ongi garbitzea oso garrantzitsua da, eta eztula egitean ahoa estaltzea", adierazi du Tubiak. Gripearen birusa oso azkar kutsatzen da. Medikuak jakinarazi du erietxera joaten diren askok txertoa jarri gabea zutela. Tubiak argi utzi du, behin gripea izanda, medikuarengana joan eta hark gomendatuta soilik hartu behar direla botikak. "Bestela, arazo larriagoak sor daitezke".

Hotz handia egiten baldin badu, jendea leku itxietan pilatzen da, eta horrek gaixotasuna kutsatzea errazten du. "Gelak aireztatzea oso garrantzitsua da, eta, batik bat, garbi izatea", azaldu du medikuak. Urtero bezala, Osasun Publikoaren Institutuak txosten bat eginen du, astean, gripearen eraginaren inguruko argibideak emateko: biztanleko kasu kopurua, sintomatologia eta abar jasoko dituzte.

Iritzia: Isiltasuna isilaraziz

Jon Barberena

Isiltasuna musikarekin parekatu izan da. Musikarik ederrenarekin. Soinua, maiz, ez baita doinu, baina isiltasuna doinu eta soinu izan daiteke. Doinua, bizi garen alimaleko asots honetan.

Isiltasuna ere laguntasun maila gorenarekin eta konfiantzarekin lotu izan da. Ondokoarekin bakarrik eta isil-isilik egonik, deseroso sentitzen ez garelarik, konfiantza maila handia dugun seinale izaten da.

Baina ez konfiantzarik, ez laguntasunik eta ez doinu lasaigarririk ez da anitz urtetan Nafarroan izan. Bai isiltasuna, aldiz! Baina isiltasuna ez da bilatua izaten norbaitek isilarazten zaituelarik, betiko desagertzeko nahiarekin eta betiko mututzeko obsesioarekin.

Ahulenen mingainak kamustu, begiak itsutu eta belarriak argizariz estali nahi izan dituzte. Etxeko ttipienak euskaratik aldendu eta inozentziaz bustitako begien soa aldarazi; euskara arrotz sentitu artio.

Hondarribian, emaztekiari plastiko beltzak paratzen zaizkion gisara (lotsagarria), Nafarroan, telebistako pantaila beltzez margotzen zuten berriki artio, euskara aditu eta ikusi nahi zen etxean.

Nafarroan 2009tik aitzin ez da Euskal Telebista normaltasun osoz ikusi, LTD bidez emititzen ez zelako berriki artio. Soilik zenbait lekutan ikus zitekeen. Harrezkero, zorionez, gauzak aldatu dira Nafarroan. Gobernua, bertzeak bertze. Ez da guti! Barcinak hautsi zituen EITBrekin negoziazioak, eguraldiaren mapak "Nafarroako errealitatea" marrazten ez zuela aitzakia paratuz. Eta hitz zuri horiek tarteko, pantaila beltza barreiatu zuen gure sukalde, egongela eta logeletara. ETB3ko marrazki bizidunak bizigabetuz eta gure umeei euskaraz bizitzeko aukera murriztuz. UPNk isilarazi nahi izan zituen gure kantak eta gure marrazkien solasak, baina urte zail horietan ere, alimaleko lana egin zen Nafarroan, etxeko ttipienen alde.

Aditu ditugu Juan Martinez de Irujo eta Manolo Garcia euskaraz kantari. Ikusi ditugu Ruperren pastazko antiojoak glutenari glu-gluka. Ezagutu ditugu liburu magikoa, Oneka marrazo belarjalea eta beldurra lagun zuen otsoa.

Hori guztia eta gehiago, Ene Kantak proiektu xume bezain eraginkorrari zor diogu. Euskaraz eta euskararen alde. Laguntza emanez Nafarroako Bertsozale Elkarteari, Euskalerria Irratiari eta, aurten, BERRIA egunkariari bertzeak bertze. Maiz, kolpatuak izan direnak artatuz. Sendatuz ez, baina bai goxatuz.

Isilak omen gara euskaldunak, baina ez batzuek uste bezain isilak, nonbait. Nardatu gara Bob Esponjaren pitokeriekin, nardatu isildutako solasen marranta kroniko honekin, nardatu bota gabeko oihuen oihartzunarekin. EITB berriz ere gure etxean sartu den honetan, ongietorria eman diezaiogun Astonautari. Azaroaren 7an gurera etorriko den euskararen lagun berriari.

Imanol Urbieta trankil joan izanen da, bai baitaki, Nafarroan, bere itzalak segida duela. Berak egin bezala, gure hizkuntzari hurbiltasuna eskain diezaiogun, doinua para diezaiogun… Etxeko ttipienen artean eta euskararen artean laguntasuna ernai dadin.

Urbieta joan da, eta guk ere bide berdina hartuko dugu noizbait, baina kantatzen duen herria, segur, ez dela hila izanen.

Segi hitzei doinua eta doinuei hitzak paratzen, hizkuntza zahar honek merezi du eta.

Behar direnak baino gutxiago

Behar direnak baino gutxiago

Edurne Elizondo

Nafarroako suhiltzaileek Cordovillan dute parke nagusia. Gutxienez 11 langilek egon behar dute han, egunean, baina kopuru hori ez da beti betetzen. "Gaur, adibidez, hamar baino ez gaude", azaldu zuen Jesus Reyk, duela astebete. Egoera "kaotikoa" da, suhiltzaile horren hitzetan. Ez bakarrik gutxi direlako, laster are gutxiago izanen direlako baizik. "49 urte ditut, eta gazteenetakoa naiz". Reyren kezkarekin egin dute bat suhiltzaile gehienek. Joan den astean karrikara atera ziren, protesta egitera. "Arazo larriak ditugu; larrienetakoa da suhiltzaile falta; zerbitzua bera dago kolokan", nabarmendu du langile batzordeko presidente eta LAB sindikatuko ordezkari Iñigo Balbasek.

Azkoiengo parkean aritzen da Balbas. 21 suhiltzailek egiten dute lan han, eta egunean, gutxienez, hiruk egon behar dute. Mintxo Astiz eta Igor Soto, berriz, Mugairikoan aritzen dira. 27 suhiltzaile ditu egoitza horrek, eta lauk egon behar dute, egunean, gutxienez. Cordovillako parke nagusian egin dute bat hirurek, beren ustez zerbitzuak egun dituen arazoak mahai gainean jartzeko asmoz. Han bezala, beren parkeetan ere gutxieneko suhiltzaile kopurua anitzetan ez dela betetzen salatu dute. "Egoera oso, oso larria da", berretsi du Balbasek.

Suhiltzaileen egunerokoa zailtzen duten kontuak utzi nahi izan dituzte agerian langile batzordeko buruak, Astizek eta Sotok. Batetik, suhiltzaile kopuruari buruz, zerbitzu egokia eskaintzeko gutxienekoa ez dutela betetzen erran dute: 340 langile dira, egun, eta 388koa da gutxieneko kopurua. "Adostutako kopuru bat da hori, ez da guk emana; eta, edozein kasutan, gutxienekoa litzateke, ez, ordea, egokiena", azaldu du Balbasek. Bertzetik, egun lanean direnen adinaren batez bestekoa 47 urte baino gehiagokoa dela erantsi du suhiltzaileak. Egoera horrek hainbat ondorio izanen ditu datozen urteotan, Balbasek gaineratu duenez; izan ere, 55 urterekin uzten diote suhiltzaileek ohiko lanak egiteari, eta bestelako lanetan hasten dira. Datuak jarri ditu LABeko kideak mahai gainean: "Legegintzaldia amaitzen denerako 100 suhiltzailek utzi izanen diote ohiko lana egiteari, denera, eta 45 baino ez dira sartu izanen lan taldean".

Desoreka nabarmena eta kezkagarria dela salatu du Balbasek. Adinagatik utziko dituzte 100 suhiltzaile horiek ohiko lanak; lan taldean sartuko diren 45 horiek dira, berriz, egun formakuntza prozesuan murgilduta dauden 30 suhiltzaileak, batetik, eta datorren urterako gobernuak aterako dituen hamabortz postuak beteko dituztenak, bertzetik.

Lanpostu horiei buruz, Mintxo Astizek zehaztu du oposizioak datorren urtean egiteak ez duela erran nahi lanpostuak lortuko dituzten suhiltzaileak berehala hasiko direnik lanean. "Bi urte inguruko epea behar izaten da azterketak egiten direnetik lanean hasten zarenera arte", argitu du.

Hirugarren auzi bat jarri dute suhiltzaileek mahai gainean: herrialdeko larrialdi zerbitzu guztiak koordinatzeko egitura bat falta dela utzi dute agerian. Nafarroako Larrialdi Agentzia sortu zuen UPNk, agintean zenean, baina bertan behera utzi zuen egungo gobernuak. "UPNren dinamika izan zen bere jendea sartzea erakunde horretan; guk ez genuen horrekin bat egin, baina argi dugu kudeaketa oso bat behar dugula", erran du Balbasek. Gobernuak berak koordinaziorako egitura bat behar zela onartu zuen, eta agentzia desegin eta gero bertze bat osatuko zuela hitz eman zuen. Baina, oraingoz, ez du egin.

"Desilusionatuta"

Egungo egoerak UPNren gobernuen garaian du jatorria, suhiltzaileek nabarmendu dutenez. Batez ere, azken legegintzaldiaren ondoriotzat jo dituzte egungo arazoak. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak babesten duten egungo gobernuak iaz hartu zuen agintea. "Aldaketaren gobernuak aurretik sortutako errealitate hori jaso zuen; argi genuen gauzak ezin zirela egun batetik bestera aldatu", azaldu du Balbasek. Egun, baina, gobernuak huts egin diela sentitzen dute suhiltzaileek. "Guk argi esan genion gobernuari zerbitzuari eusteko prest ginela, baldin eta konpromiso sendo bat hartzen bazuen langile kopuruari dagokionez; baina ez du halakorik egin". Datorren urtean sortuko diren hamabortz lanpostuak ez direla "inondik inora nahiko" berretsi dute, eta salatu dute, gainera, negoziatzeko inolako borondaterik ez duela izan Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia Departamentuak.

Egungo egoerak egunerokoan baditu ondorioak, jada. Horixe nabarmendu dute suhiltzaileek. Batetik, langileon segurtasunari berari eragiten dio. "Europako protokoloek zehazten dute gutxienez lau suhiltzailek osatutako taldeak behar direla", azaldu du Mintxo Astizek. Bi sartzen badira suak hartutako etxe batean, adibidez, kanpoan gutxienez bertze bik egon behar dutela zehazten du protokolo horrek. "Kanpoan pertsona bakarra badago, nekez lagundu ahal izanen ditu barrura sartu direnak, laguntza behar izanez gero". Protokolo hori ez dela beti betetzen azaldu dute.

Bertzetik, egoerak zerbitzuari berari eragiten diola erantsi dute suhiltzaileek. "Auto istripu larri bat gertatzen bada, adibidez, jada ez dugu gaitasunik behar diren suhiltzaile guztiak bidaltzeko". Gizarteari mezu hori helarazi nahi diotela zehaztu du Sotok. "Ez gara gure lan baldintzei buruz ari; herritarrek jaso beharreko zerbitzu bati eutsi ahal izateko atera gara karrikara".

Egoeraren adierazgarri, hilaren 1ean Iruñeko Zapateria karrikan gertatu zen sutea jarri du adibide Sotok. 78 urteko emakume bat zendu zen, su horren ondorioz. Trinitarios parkeko lau suhiltzaile izan ziren etxebizitzara ailegatzen lehenak. "Parke horretan, gutxienez, sei suhiltzailek egon behar dute, baina lau bertzerik ez zeuden". Halakoetan laguntzea ere bada Cordovillako parke nagusiko suhiltzaileen lana; Zapateria karrikara lehen suhiltzaileak baino 20 minutu beranduago ailegatu ziren. "Halako egoeretan, lehendabiziko 20 minutuak dira garrantzitsuenak; denbora tarte horretan ongi jokatuz gero, egoerak hobera egin dezake. Baina laguntza tarte hori pasata ailegatzen bada, okerrera eginen du".

Mintxo Astizek bertze hainbat adibide jarri ditu mahai gainean: iazko abenduan Igantziko eta Arantzako suteetan gertatutakoa. "Arantzakoa, adibidez, abenduaren 25ean izan zen; lan egin behar ez zuten hogei suhiltzaile baino gehiago altxatu ziren mahaitik, lanera joateko". Tafallako joan den abuztuko sutean ere antzekoa gertatu zela erantsi du Balbasek; beren kabuz 50 suhiltzaile inguru agertu zirela lanera.

Sute horretan larrialdi zerbitzuen koordinaziorako egitura baten falta agerian gelditu zela gaineratu du langile batzordeko buruak. "Hartutako erabakiek, finean, ondorioak dituzte. Tafallara joateko, lehendabizi nire parkera eta gero SOS Nafarroara deitu behar izan nuen. Gauzak ongi antolatzeko egitura bat falta zen". Zerbitzuaren ardura gobernuarena dela nabarmendu du Balbasek. "Ez da nahikoa 388 suhiltzaile behar direla onartzea; hori lortzeko neurriak eta konpromisoak behar dira". Hitzak baino, ekintzak nahi dituzte.

Estigmaren aurka, kalera

Estigmaren aurka, kalera

Edurne Elizondo
Eskolan jazarpena pairatu nuen. Baina hori guztia atzean gelditu da. Indartsuagoa naiz orain". Jose Manuel Orterenak dira hitzak. 39 urte ditu, eta buruko gaitza du. Hitza hartu zuen astelehenean, jendaurrean, Sarasate pasealekuan egin...

Miren Asiain Lora: “Nire izaera erakusten dut ilustrazioak egiterakoan”

Miren Asiain Lora: “Nire izaera erakusten dut ilustrazioak egiterakoan”

Kattalin Barber

Arte Ederretan lizentziaduna da Miren Asiain Lora (Iruñea, 1988), eta egunerokotasuna eta fantasia uztartzen ditu ilustrazioetan. Bere azken lana kaleratu berri du Javier Ruiz de Taobada idazlearekin: Versos de la tierra. Euskal Herriko ilustratzaileen artean maila altua dagoela uste du Asiainek, eta "sentsibilitate berezia" dutela nabarmendu du.

Javier Ruiz de Taboadaren poemak ilustratu dituzu Versos de la tierra liburuan. Zer-nolako esperientzia izan da?

Esperientzia oso interesgarria izan da. SM editoriala nirekin harremanetan jarri zen poemak ilustratzeko, eta prozesua erabat librea izan da; nire kabuz sortu dut dena, testuak iradokitzen zidanaren arabera. Politak dira poemak, umore kutsua dute, eta haurrentzat egokiak dira.

2002an jaso zenuen Etxepare ilustrazio saria, Hara! liburuarengatik. Orduan zuk sortu zenuen liburua, eta oraingoan beste baten testuaren gainean ilustratu duzu. Zer nahiago duzu?

Prozesua guztiz desberdina da. Egia esan, azkenaldian enkargu asko jaso ditut, eta oso gustura nabil lanean. Modu honetan beste modu batean eginen ez nituzkeenak egiten ditut. Niretzat etxeko lanak dira; ikasten jarraitzen dut, eta gauza berriak egiten ditut. Erronka txiki gisa hartzen ditut. Baina, era berean, proiektu pertsonalek indar handia dute, zurea delako eta dena zeuk sortzen duzulako.

Proiektu pertsonalen bat lantzen ari zara?

Badut ideia bat buruan, baina orain ez dut astirik egiteko. Egunen batean aurrera eramatea gustatuko litzaidake. Gogoa dut helduentzako zerbait egiteko. Egia da orain album ilustratuak objektu fetitxe bihurtzen ari direla. Umeentzat da Versos de la tierra liburua, baina jende helduari ere gustatzen zaio. Hortaz, esan dezakegu publikoa 0 urtetik 100 urtera artekoa dela. Baina gaiaren aldetik, bai, gustatuko litzaidake zerbait helduagoa lantzea.

Liburuko 30 poemek munduko geografiari buruz hitz egiten dute. Nola ilustratu duzu?

Liburu bat ilustratzea ez da kartel bat egitea. Intentsitate handiko prozesua da, eta denbora eskatzen du. Testua kliskagailu gisa aritzen da, baina irudiak gehiago konta dezake. Horregatik, ilustrazioekin historia gehiago kontatzen ditut. Ilustrazioetan agertzen diren pertsonaia batzuk hainbat iruditan errepikatzen dira. Badago ume bat, adibidez, ia guztietan ateratzen dena. Gainera, ez dakigu haurra mutikoa edo neskatoa den; ez dut bereizi generoa. Haurrentzako liburua da, eta nik uste dut gauza horiez konturatzen direla, helduak baino askoz analitikoagoak direlako. Horrez gain, hamaika pertsonaia marraztu ditut liburuan, baina inor ez da bestea baino gehiago. Edonor izan liteke liburuko protagonista.

Zergatik marrazten dituzu generorik gabeko pertsonak?

Uste dut ongi dagoela bereizketarik ez egitea. Agian txorakeria irudituko zaie batzuei, baina gustatzen zait horrela egitea. Egun, esaten dute eskoletan lehen baino matxismo gehiago dagoela. Feministatzat jotzen dut neure burua, eta horrelako xehetasunekin nire militantzia txikia egiten dut. Haurrak horretaz ohartzen dira, eta mezu hori bidali nahi dut nire marrazkien bidez.

Argentinan bizi zara, Buenos Airesen. Badago alderik hemengo eta hango ilustratzaileen artean?

Ofizioa zaila da han eta hemen. Baina ez du hainbeste inporta non zauden. Adibidez, nik Txinatik jasotzen ditut mezuak lanak egiteko. Euskal Herriko ilustratzaileak asko gustatzen zaizkit, eta oso maila altua dago hemen. Ez dakit, baina euskaldunok sentsibilitate berezia dugula uste dut. Izan daiteke inguratzen gaituen pasaia edo arnasten dugun airearengatik. Benetan berezia da. Espainian ere maila altua dago, eta azkenaldian Mexikon ilustratzaile eta editorial asko sortu dira. Frantzia beti egon da urrats bat aurrerago.

Zerk du eragina zure lanean?

Atzerrian bizi naiz, baina betidanik inguratu nauenak eragina du nire lanean. Norberak baditu sentipen eta bizipen batzuk, eta, proiektu desberdinak egin arren, marrazteko orduan azaleratzen dira. Nire esperientziatik eta ingurutik marrazten dut. Nire izaera erakusten dut ilustrazioak egitean.

Joan den urtean irabazi zenuen Ilustrazioaren VI. Katalogo Iberoamerikarra saria. Ateak ireki dizkizu?

Bai, enkargu asko jaso ditut saria irabazi ondoren. Jende gehiagok ezagutu nau, eta sariak lagundu nau bidea egiten. Urteak daramatzat lanean, eta oso pozgarria da egindako lana aitortzea. Orduak ematen ditut bakarrik lanean, eta batzuetan zaila da. Horrelakoak jasotzeak aurrera egitera animatzen nau. Dena den, maite dudalako margotzen dut, eta niretzat saihetsezina da.

Txikitatik margotu duzu, eta Arte Ederrak ikasi zenituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Baina noiz hasi zinen ilustrazioak egiten?

Unibertsitateko azken urteetan hasi nintzen gehiago interesatzen. Sakondu nuen, eta mundu horretan zerbait egin ahal nuela pentsatu nuen. Hasieran, ilustrazio digitalak egiten nituen, baina, orain, guztia eskuz egitea gustatzen zait. Izan ere, zerbait digitala egiten duzunean non geratzen da? Emaitza ikustea eta ukitzea gustatzen zait. Digitalean errazagoa da, ezabatzeko eta berregiteko aukera duzulako. Eskuz, teknika menperatzea beharrezkoa da. Perfekzionista naiz, eta gauzak ongi egitea gustatzen zait.

Iritzia: Ez galdu tonua

Lohizune Amatria

Turismoa zer den azaltzen duen metafora bitxi bat entzun dut azken asteotan. Imajinatu turismoa musikarien orkestra bat dela, eta zu kontzertuaz gozatzen ari zarela. Musikari bikainak ditu konpainiak, izen handikoak; baina taldean badira tresnak gainontzekoek bezain ongi jotzen ez dituzten bi musikari. Tonua galtzen dute behin eta berriz, eta kontzertua ez da espero zenuena. Bi horien lanak talde guztiari eragin dio, eta orkestrari buruz gaizki iritzita atera zara antzokitik.

Gure lanak eragina du ingurukoengan, eta horretaz burujabe jardun behar dugu egiten ditugun gauzetan. Gure ingurukoek ongi egin dezaten ere saiatu beharko genuke. Komunitatean pentsatu. Aktore indibidualek osatzen baitugu, kasu honetan, eremu bateko turismo eskaintza. Interesgarria iruditu zait metaforari tiraka egin daitekeen irakurketa. Turismoaz hitz egiten bota dute, baina bizitzaren bestelako alorretara ere eraman daiteke.

Tamalez, baina, ez dugu beti horrela pentsatzen. Ondokoak gaizki egiten duenean, gure lana nabarmenduko dela sinetsi ohi dugu. Baina ez da hala izaten; epe motzean, kaltetu eginen duelako gurea. Ondokoak zoriontsu badira, gu ere zoriontsuago.

Aste honetan ere, egitasmo interesgarri baten berri izan dut. Irati oihanaren lur-eremua kudeatzeko proiektu bat aurkeztu dute Garaziko txaletean. Pirinioetako bi aldeetako Irati eremuaren jabe diren Aezkoako eta Zaraitzuko Batzar Nagusiek, Garaziko Mendi Elkargoak eta Xiberoako Sindikatiak garatu dute proiektua, eta Irati bakarra dela esanez goraipatu dute.

Helburu handinahiak ditu: migrazioa, artzaintza eta abeltzaintza estentsiboa, industria-ondarea eta ingurumen-ondarea sustatu eta elkarrekin kudeatu nahi dituzte. Baita mikologia eremu bat sortu ere. Eta horretarako hiru urte dituzte aurretik. Ongi pentsatu beharko dute zein den aurrera eraman nahi duten eredua, zein den biztanleek proiektuaren eta eredu horren inguruan duten iritzia eta zeintzuk diren aurreikusi dituzten jarduerak aurrera eramateko ibar bakoitzak dituen ahultasun eta gabeziak. Ibarren artean dauden ezberdintasunak agerikoak dira, gainera. Alor zenbaitetan lana garatuagoa dute zenbaitzuek —mikologiaren arloan, Aezkoak, adibidez —, eta bestelakoetan eredu ezberdinak garatu dituzte. Badira egin beharrekoak proiektuak funtziona dezan.

Helburuak erdiesteko, bi milioi baino gehiagoko aurrekontua finkatu dute. Zenbateko handia da, erakundeek duten eskuragarritasuna kontuan izanik. Baina aukera on baten aurrean gaudela iritzi diot. Europak %65ean finantzatuko baititu aurrera eramanen dituzten jarduerak. Aipatu dutenez, baina, ez omen da nahikoa laguntza.

Musikariz betetako lau konpainiek osatutako orkestra handi baten zain gaude. Antzokiaren aurrean, hiru urteko luzapena izanen duen kontzertuaz gozatzeko irrikan. Pieza onak espero ditugu, denek norabide berean egitea. Espero dut, oihala jaisten denean, orkestrak ikuskizuna amaitutzat ez ematea. Tonua galtzen ez badute, behintzat, hala izan daiteke.

“Bakartuta ez egoteko behar genuen euskara Lekarozen”

“Bakartuta ez egoteko behar genuen euskara Lekarozen”

Kattalin Barber

2009 amaieran eraitsi zuten garai batean horren ospe handia izan zuen Lekarozko eskola. Fermin Goñi (Iruñea, 1952) hango ikaslea izan zen, eta 116 urteko historia bildu du Lecároz en 100 palabras (Lekaroz 100 hitzetan) izenburuko liburuan.

Zenbat denbora eman duzu liburu honetan lan egiten?

Bete-betean hemezortzi hilabete aritu naiz liburu honekin. Lekarozko eskolako ikasle zaharren elkarteak gordetzen duen dokumentazio guztiarekin lan egin dut. Geroago, Jose Angel Etxeberria kaputxinoak aukera eman zidan eskolako korrespondentzia guztia aztertzeko eta baita 15.000 argazki ikusteko ere. Liburua eleberri modukoa da. Eta, niretzat, zinema ere bada. 380 argazki ditu liburuak, gehienak argitaragabeak.

Zuk lau urte eman zenituen Lekarozko eskolan. Noiz izan zen?

1967. urtean. 14 urte nituen, eta familiak hara bidali ninduen. Esan dezaket oso zoriontsu izan nintzela Lekarozen. Alde batetik, zuzendu ninduten, eta, bestalde, ikasten ikasi nuen. Gainera, kaputxinoek ikasketa asko zituzten. Gehienek, bat edo bi karrera eta beste hainbeste doktoratu. Eleaniztunak ziren. Max Aub idazleak behin esan zuen sorterria batxilergoa ikasi den lekua dela. Nire sorlekua Baztan da.

Gero, Iruñera itzuli, eta kazetaritza ikasketak egin zenituen.

Bai, baina kazetari izateko bokazioa Lekarozen sortu zitzaidan. Irakurle egin nintzen, liburutegi erraldoia genuelako. Horrez gain, ikasleek sortutako Lekarozko eskolako lehenengo aldizkaria sortu nuen. El Che deitu genion; orduan gure idoloa zen. Bi urte iraun zuen aldizkariak.

Esan izan duzu Lekarozko eskola ez dela ohikoa. Zergatik?

Irakasle eta azpiegiturengatik. Hizkuntza laborategia zegoen, kimika eta fisika laborategia. Filmak proiektatzeko makina eta ebakuntza gela X izpiekin genituen. Bi futbol zelai eta lau frontoi. Zenbat eskolatan dago hori? Gainera, autarkikoa zen. Etxe abereak eta baratze handiak genituen. Horrez gain, energia sortzen zuten kaputxinoek.

Edozeinek zuen aukera Lekarozko eskolan ikasteko?

Arazo bat zuten. Eskaintzen zituzten baino plaza gehiago eskatzen ziren. Familiak bertan babesa zuelako lortu nuen nik. Baina ez nuke esanen maila altuko jendea joaten zela. Denetarik zegoen. Argi dago ez zela eskola merkea. Ez dakit zenbat ordaindu zuten nire gurasoek, baina behin esan zidaten ahalegin handia egin zutela. Trukean, hezkuntza ona jaso dugu ikasleok. Nire garaian, urtero, Europako eskoletako sei bisita baino gehiago jasotzen genuen. Hezkuntza sistema zein zen jakin nahi zuten.

Bakarrik gizonek zuten aukera bertan ikasteko.

Bai, 1980ko hamarkadara arte. Orduan, Berako eskola itxi zuten, eta Baztango neskek ez zuten aukerarik bailaran ikasteko. Kaputxinoei eskatu zieten zentro berean eskolak emateko, eta onartu zuten. Baina emakumeak ez dira inoiz barneko ikasleak izan.

Euskaraz ikasten zen Lekarozko eskolan?

Lekaroz izan zen Nafarroako lehenengo ikastola. 1918. urtean euskara zuten irakasgai bezala. Eusko Ikaskuntzak, urte horretan Oñatin egindako kongresuan, hitzartu zuen Lekarozko eskolako euskara liburua inprimatzea eta Euskal Herri osoko eskoletan banatzea. Garai ilunak gero etorri ziren. Ni nengoen garaian, 1968an, saiatu ginen euskaraz ikasten. Baina Guardia Zibilak horren berri izan zuen, eta eskola ixteko mehatxuarekin debekatu zituen euskara eskolak. Guk beharrezkoa genuen euskara herritarrekin hitz egiteko eta bailaran mugitzeko. Bakartuta ez egoteko, hain zuzen.

1990. urtean eskola itxi zuten. Zergatik hartu zuten erabaki hori, eskola ospetsua bazen?

Garai horretan kaputxinoek ez zuten esan, baina orain badakigu mantendu ezin zutelako itxi zutela. Irakasle guztiak kaputxinoak ziren, eta iritsi zen momentu bat non ez zegoen belaunaldi berririk, eta ez zegoen dirurik kanpoko irakasleak kontratatzeko. Nafarroako Gobernuarekin negoziatu zuten, hainbat aukera zegoen, baina, azkenean, guztia saldu zieten. Dena bota zuten, eliza izan ezik.

Zure ustez, beharrezkoa zen eskola zaharra eraistea?

Niri eskola egotea gustatuko litzaidake. Batik bat, duen balioarengatik. Baina egia da egoera txarrean zegoela, eta mantentzeko inbertitu behar zen. Esan zuten enpresa parkea egin behar zutela, eta egun enpresa bakarra dago bertan. Urbanizatuta dago, baina hutsik. Orain, Lekarozko eskolako ikasle zaharren elkarteak proposatu dio gobernuari eliza berritzeko, bertan kultur jarduerak aurrera eramateko. Magnolia da bizirik dirauen izaki bizidun bakarra. 125 urte ditu.

Zein helburu du Lekarozko ikasle zaharren elkarteak?

1916an sortu zen ikasle zaharren elkartea. 100 urte hauetan eskolaren babesa eta sostengua izan da. Mila bazkide inguru gara. 1960ko hamarkadan, eskola berria eraikitzeko, elkarteak arkitekto taldea osatu zuen, eta eraikin berria ikasle zahar baten enpresak egin zuen. 1932an, II. Errepublikaren garaian, erlijio ordenek eskolak ematea debekatu zuten. Lekaroz, beraz, itxi behar zuten. Baina Jesus Maria Leizaola eta Rafael Aizpun politikariek eta ikasle ohiek merkataritza sozietate bat sortu zuten. Horrela, hitzartu zuten eskola alokatzea, eta kaputxinoek eskolak ematen jarraitu zuten. Kaleko arropa erabiltzen zuten kaputxinoek.