“Kometen bidez heldu zitezkeen Lurrera bizia sortzeko osagaiak”

“Kometen bidez heldu zitezkeen Lurrera bizia sortzeko osagaiak”

Asier Garcia Uribarri

Nola sortu eta garatu zen Eguzki Sistema? Lurrean bizitza sortu zuten osagaiak planetan bertan sortu ziren, edo kanpotik heldu ziren? Galdera horiek eta gehiago erantzuten saiatu da ESA Europako Espazio Agentzia Rosetta misioarekin. Lehenengo aldiz lortu dute satelite batek kometa batekin bat egitea, eta harekin bi urte luzez espazioan bidaiatzea. Miguel Perez Ayucar (Iruñea, 1977) ESAko ingeniaria da. Espazioaren ikerkuntzan egindako lanagatik jaso du aurten ANIT Nafarroako Telekomunikazio Ingeniarien elkarteak ematen duen saria.

Urteak daramatzazu kanpoan lanean, zer da zuretzat horrelako aitorpen bat jaso izana?

Nire lan eta asmoek etxetik urrun eraman naute, baina beti dut nire lurra gogoan, asko maite baitut. Niretzat, ohorea da Iruñera itzultzea eta Eguzki Sistemaren ikerketan egiten duguna azaldu ahal izatea, gai liluragarria baita.

Rosetta proiektuari buruz mintzatu berri zara Iruñean, azken urteetan egin duzun lanaz. Zergatik da hain garrantzitsua?

Rosetta ESAk egin duen zientzia misio konplexuenetariko bat izan da. Lehenengo pausoak 1980ko hamarkadan eman zituzten, ESAren Giotto zundak Halley kometarekin izandako elkartze laburraren ostean. Asmoak zientzia fikziozkoa ematen zuen: kometa bat harrapatzea 100.000 km orduko baino gehiagoko abiaduran, bi urtez orbitatu kometak aktibitate gehien duen garaian, eta eguzkitik hurbilen dagoenean, kometaren gainazalera robot bat bidali. Rosetta-Philae horrela jaio zen. Ariane 5 kohetearekin bidali zuten 2004. urtean. Planeten arteko bidaiak hamar urte baino gehiago iraun du, eta beharrezkoa izan da karanbola bat Lurretik bi aldiz eta Martetik behin pasatzeko. Inguratze bakoitzak aparteko grabitate indarra ematen zigun kometa urruna harrapatzeko. Zunda Eguzkitik urrutien egon zen garaian, hibernazioan jarri genuen, ez zuelako energia nahikorik lanean aritzeko. Hiru urte eman zituen horrela. Azkenean, 2014ko abuztuan, kometara heldu, eta haren orbitan kokatu ginen. Azaroan, Philae banatu genuen Rosetta-tik, eta lurreratu egin zen. Kometaren aktibitate nagusia neurtu genuen 2015eko abuztuan, Eguzkitik hurbilen zegoen momentuan. Proiektua irailaren 30ean bukatu zen, Rosetta-ko ontzi nagusiak kometan lurreratuta.

Zergatik aukeratu zenuten 67P/Churyumov-Gerasimenko kometa?

Egungo teknologiarekin antzeman dezakegun kometa mota da. Jupiterreko kometen familiakoa da, beraz, haren orbita ez da oso eszentrikoa. Jupiterreraino urruntzen da, eta Eguzkira Lurra baino apur bat gehiago hurbiltzen da. Kometa gaztea da, eta hori zientifikoki oso erakargarria da, haren sorreratik ez baita asko aldatu. Hala ere, zailtasuna agerikoa da, 130.000 kilometro orduko abiaduran mugitzen baita, gas eta harriak etengabe kanporatuz.

Zein izan da zailtasun nagusia?

Edozein espazioko misiok zailtasun ugari ditu atxikiak. Rosetta-ren kasuan, unerik kritikoenak Philae eta Rosetta beraren lurreratzeak izan ziren. Konplexutasunaren aldetik, zailena izan zen erabat ezezaguna zitzaigun objektu aktibo baten inguruan hegan egiten ikastea. Gauza asko bidean aldatu behar izan genituen, gas eta hauts zurrustak etengabe gertatzen baitziren.

Misioan, aurreikusitako helburuak bete dira?

Helburuak bete, eta gehiago ere lortu dugu. Misioaren iraupena espero genuena izan da. Hala ere, horrelako arriskuak zituen proiektu bat izanda, askoz lehenago ere bukatu zitekeen.

Proiektuaren zein alderdirekin geratuko zinateke?

Ni neu, irailaren 30eko lurreratzearekin geratzen naiz. Hiru urtez kometan zientzia eta lan handia egin ostean misioa bukatu zen. Jaitsiera oso konplexua izan zen, baina orduan, bereizmen handiena zuten emaitzak lortu genituen. Emozioz beteriko uneak izan ziren, eta dena ondo joan zen.

Zeintzuk dira emaitzarik esanguratsuenak?

Hiru nabarmenduko nituzke. Lehena, aurretik ikusi gabeko objektu bat behatzea. Kometaren forma ez genuen ezagutzen, eta ematen du Eguzkitik urrun gertatutako bi kometaren arteko talka motel baten emaitza dela. Bigarrena, 67P kometaren ur analisia. Horren arabera, hango urak ez du Lurrekoarekin zer ikusirik. Hori erabat harrigarria da. Lurreko urak jatorri estralurtarra du. Haren sortzearen ondoren heldu zen; ziurrenik, kometa eta asteroideen bonbardaketak ekarri zuen. Emaitza horrek iradokitzen du ekarpenik handiena asteroideek egin zutela. Hirugarrena, molekula organiko konplexuen aurkikuntza da. Horien artean, garrantzia berezia du aminoazido glizina aurkitzeak. Rosetta-ren xede nagusietako bat zen ikertzea ea Lurrean bizitza sortu zuten molekula bakunek Lurretik kanpoko jatorria ote zuten. Neurketek berretsi dute kometek ekar zitzaketela Lurreko garapen biologikorako oinarrizko osagaiak.

Zein izan da zure lana misioan?

Planifikazio eta zientzia operazioen taldea gidatu dut. Zehazki, gure ingeniari eta zientzialari taldeak lanabesak erabiltzeko komandoak sortu zituen. Era berean, Rosetta ontziaren norabidea markatu dugu, neurketa zientifikoak egin nahi genituen tokietara jo zezan.Lanabesen operazioen prestaketarako azken katebegia ginen, eta presio handia genuen planak ontzian garaiz egon zitezen eta akatsik egon ez zedin.

Zaila izaten ohi da gisa honetako gaiak gizarteratzea. Zergatik da horren garrantzitsua espazioaren ikerketa?

Zientifikoki, Lurrean ezinezkoak diren aurrerapausoak ematen dizkigu espazio ikerketak. Babesten gaituen atmosfera oztopoa baita unibertsoa eta haren prozesuak ikasteko. Azken urteetan aurkitu dira, besteak beste, Einsteinen grabitazio uhinak, zulo beltzak, materia eta energia iluna, eta beste izar batzuen inguruan dauden ehunka planeta eta atmosfera. Espazioko misio berriek unibertsoari buruz dakiguna irauliko dute. Teknologikoki, berriz, gure egunerokoan erabiltzen ditugun aparatu eta sentsoreak garatzen dira. Hala nola eguzki panelak, laserrak, komunikazioak, propultsioa edota material berriak. Halaber, sistema osoak gauzatu egiten dira, adibidez, GPS edo Galileoren gisakoak, eguraldia eta hondamendi naturalak aurreikustekoak edota abiadura handiko datu eta mugikorren komunikazioak.

Ezin dugu ahaztu misio horiek duten eragin soziologikoa ere: jendea inspiratzen duten misioak dira, eta nazioarteko lankidetzaren beharra dute. Herrialde bakar batek ezin dituelako horrelako proiektuak bere kabuz aurrera eraman. Laburbilduz, unibertsoko beste txokoren batean organismo sinpleak aurkituko bagenitu, unibertsoari buruz dakiguna irauliko litzateke.

Hasieratik nahi dute euskara

Hasieratik nahi dute euskara

Asier Garcia Uribarri

San Frantzisko eskolako matrikulazio datuek argi hitz egiten dute: aurten, 3 urteko gelan 29 haur daude D ereduan, eta bederatzi A eta G ereduetan", azaldu du Zaloa Basabe Alde Zaharrean Haur Eskola Euskaraz plataformako kideak. Iaz Iruñeko Udalak bi haur eskola gehiagotan jarri zuen eredu euskalduna. Hala ere, aldaketa horrek ez zuen bete haur eskoletako euskara eskaria, udalak berak egindako ikerketaren arabera. Alde Zaharreko haur eskola Nafarroako Gobernuaren esku dago, Iruñeko beste lau bezala, eta guztietan dago eredu erdalduna. Euskarazko ereduaren alde sinadurak biltzen ari dira, eta heldu den asteartean jende katea egingo dute; Alde Zaharreko haur eskola eta parlamentua elkartuko dituzte.

"Haur eskolarena auzo aldarrikapen historikoa da", adierazi du Basabek. Urteetan, haur eskoletako gurasoek eraman dute aurrera aldarrikapena, baina horrela zaila zen luzera begirako plangintzak egitea. "Gurasook denbora gutxi pasatzen dugu haur eskolan; beraz, zaila da guk geure kabuz aritzea. Horregatik, 2011n plataforma sortu genuen guraso, euskalgintza eta auzoko eragileen artean".

Ordutik, hainbat mobilizazio eta kanpaina egin dituzte, baita unean uneko gobernuko arduradunekin bilerak ere. Baina salatu dute UPNren erantzuna beti izan zela "oso itxia". Hala ere, gobernu aldaketarekin beste ahalegin bat egitea erabaki zuten. Ekainean Hezkuntza Departamentuaren lan saio batean parte hartu zuten, eta han lantalde bat sortzea erabaki zuten. Horren ostean, elkartu ziren haur eskolen arlo teknikoan lan egiten duten beharginekin eta Txema Mauleon Gizarte Eskubideetako Departamentuko kabineteburuarekin. Azken bilera gobernua babesten duten lau taldeekin izan zuten.

Plataformako kideek bileren balorazio gazi-gozoa egin dute. "Behin eta berriz baietz esaten digute. Gure eskaria arrazoizkoa dela esaten dute, baina gero ez dituzte beharrezkoak diren neurriak hartzen", dio Basabek. Plataforma ahalegin berezia egiten ari da heldu den urtean haur eskola euskalduna izan ahal izateko, baina horrek erabakiak data zehatzetan hartzea eskatzen du. "Matrikulazio kanpaina otsailean hasiko da; beraz, askoz jota, urtarrilean hartu beharko lukete erabakia. Oraindik garaiz gaude, baina denbora aurrera doa", ohartarazi du Garikoitz Torregrosa euskalgintzako kideak.

Torregrosak garrantzitsutzat jo du erabakia aurten hartzea, datozen urteetan zailagoa izan daitekeelakoan. "Hurrengo urtean hauteskunde zikloa gertuago egongo da, eta horrelako erabakiak hartzea zailagoa izango da. Hala ere, ez litzateke ezinezkoa izango".

Datu kontrajarriak

Txema Mauleon Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideetako Departamentuko kabineteburua da, eta departamentu horrek kudeatzen ditu Nafarroako Gobernuaren esku dauden haur eskolak. "Anakronismoa da; antolaketa hau haur eskolak familia kontziliaziorako baliabidetzat hartzen zirenekoa da. Aldatzen saiatzen ari gara, baina burokrazia oso konplexua da", azaldu du Mauleonek. Haren arabera, datu kontrajarriak dituzte haur eskoletako eskariari dagokionez. Iaz, Iruñeko Udalak haur eskoletako hizkuntza ereduari buruzko galdeketa egin zuen aurrematrikula kanpainarekin bat. Galdeketen emaitzek adierazi zuten gurasoen %37,7k euskarazko eredua nahi zutela. Udalak iaz egindako aldaketekin, soilik eskariaren %27 betetzea lortu zuen.

Hala ere, Mauleonek adierazi du Nafarroako Gobernuak bestelako datuak dituela. "Matrikulako datuek esaten digute itxaron zerrenda luzeagoa dagoela ingelesa eta gaztelania eta gaztelaniako haur eskoletan euskarazkoetan baino". Hori dela eta, Gizarte Eskubideetako Departamentuak azterketa berri bat egingo du udalarekin elkarlanean, benetako eskaria zein den jakiteko. "Azterketa berri horretan lokalizazio faktorea kontuan hartuko dugu. Jendeari galdetu nahi diogu: zure auzoan eredu guztiak izango bazenitu, zein aukeratuko zenuke?". Azterketa hori aurrematrikula garaiaren aurretik hasiko dute, eta aurrematrikulako datuak ere kontuan hartuko dituzte. Emaitzak uda aurretik izango lituzkete.

Plataformako kideek nabarmendu dute Alde Zaharreko haur eskolan eredu euskalduna jarriko balute, udalak iaz egindako azterketan ateratako eskari datuak beteko lituzketela. Hala ere, gogoratu dute eskaria betetzea gutxiengo bat dela. "Eskaria bete behar da, baina ezin gara horretara mugatu. Nafar guztiek dute eskubidea euskara ikasteko. Eredu erdaldunek herritarrei ukatu egiten diete Nafarroako hizkuntza ofizialetako bat jakitea, eta etorkizunean lan eta harremanetarako aukerak", salatu du Torregrosak.

Kezkaz bizi dute euskalgintzako eta plataformako kideek gobernuak euskararekiko duen jarrera. "Badirudi gobernua beldur dela. Oposizioak euskara jomugan du. Guk ausardiaz jokatzeko eskatzen diogu, euskararen eremuan pausoak eman behar baitituzte nafarren eskubideak direlako", azaldu du Torregrosak.

Hala ere, oposizioak euskararen gaiarekin gogor jokatzen badu ere, Torregrosak gogoratu du Nafarroan badagoela euskararen aldeko gehiengo bat. "Nafarroan badago gehiengo bat euskararen alde, eta gobernuak haren babesa izango du. Zarata sor daiteke, baina horrek gutxi irauten du. Gu lanean ari gara, eta horretan jarraituko dugu".

Datak estuak dira, eta Nafarroako Gobernuan, berriz, zalantzak ugari. Baina Alde Zaharrean argi dute: hasieratik ikasi nahi dute euskaraz.

Kontuak eskatu dizkiote gobernuari

Kontuak eskatu dizkiote gobernuari

Edurne Elizondo

Informazioa nahi dute Pedro Zigaren oinordekoek (Iruñea, 1867-1949); informazioa, zehazki, Zigak 1949. urtean, bere testamentuaren bidez, orduko Nafarroako Diputazioaren esku utzi zuen ondarearen egoerari buruz. Zigak 1898an erosi zuen Bertizko jaurerria; nafarrei eman nahi izan zien, eta, haien izenean, diputazioak jaso zuen, hil eta gero. Hainbat baldintza zehaztu zituen ondarea ematerakoan, halere, eta baldintza horiek zein neurritan betetzen ari diren jakin nahi dute Zigaren ondorengoek. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren erregistroan instantzia aurkeztu dute, administrazioak jaurerria hartu zuenetik egin diren urrats guztien inguruko zehaztasunak jasotzeko asmoz.

Ehizaren ingurukoek sortu dute azken urteotan zalaparta, batez ere. 1984. urtetik, natur parkea da Bertizko jaurerriko lursaila, eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuaren esku dago kudeaketa. Isabel Elizalde kontseilaria, da, ondorioz, Bertizko parkeko patronatuko egungo presidentea.

Bere testamentuan Zigak zehaztu zuen ehiza debekatuta egonen zela espazio horretan. Nafarroako Gobernuak, halere, arkuak eta geziak baliatuz basurdeak, orkatzak eta oreinak ehizatzeko baimena eman zuen, 2010. urtean. Orduko gobernuko hainbat kidek ere parte hartu zuten baimen horrek ekarri zituen ehizaldietan. Gurelur talde ekologistak auzitara jo zuen. Fiskalak 2013ko bere idatzian onartu zuen ehizaldiek Nafarroako hainbat lege urratu zituztela; zehazki, faunaren eta haren habitatari buruzkoa, eta arrantza eta ehizari buruzkoa. Hala eta guztiz ere, salaketak ez zuen aurrera egin.

Elizaren esku

Zigak ez zuen seme-alabarik, eta haren ilobak bilakatu ziren haren oinordeko. Zigaren iloben ondorengoetako hainbat dira, orain, gobernura jo dutenak zehaztapen bila. Ehizaren auziak kezka eragin zien, eta ez zuten berri ontzat jo kontua hutsean gelditu izana. Bertze hainbat arlotan ere Zigaren borondatea bazter gelditu dela uste dute, gainera. Bertizen zegoen Zigaren liburutegiarekin, hainbat altzarirekin edo Elizaren esku ziren hainbat lursailarekin gertatu dena argitu nahi dute haren oinordekoek, bertzeak bertze.

Zigak bere testamentuan zehaztu zuen Bertizko jauregiaren erabilera Elizaren esku geldituko zela, baina, betiere, baliabiderik ez zuten apaizentzako egoitza gisa baliatzeko, erretiroa hartzeko orduan. Izan zitezkeen toki arazoei aurre egin nahi izan zien Zigak, gainera, eta apaizen esku utzi zituen Oronozko bertze 29 lursail ere. Bertizko eraikina erabiltzeko zuen eskubidea Nafarroako Gobernuaren esku utzi zuen Artzapezpikutzak, 1982. urtean. Saldu egin zion, zehazki.

Pedro Zigaren oinordekoek informazioa nahi dute 1982ko akordio horrek izan dituen ondorioei buruz, bertzeak bertze. Oro har, 1949. urtetik Zigaren ondarearen inguruan hartutako erabakien berri jaso nahi dute. Instantzia jaso eta gero, hiru hilabeteko epea du Nafarroako Gobernuak, orain, erantzuteko.

Iritzia: Zuei

Lur Albizu Etxetxipia

Sorpresarako gaitasuna galdurik genuela uste nuen; aspalditik, gainera. Gauza asko, gehiegi bizi izan ditugulako, ikusi izan ditugulako, entzun izan ditugulako, norbaitek kontatu izan dizkigulako. Errealitateak fikzioa gainditzen duela esateak, nire iritziz, esanahi berezia hartzen du Euskal Herrian: debekuak, ilegalizazioak, komunikabide-itxierak, isunak, identifikazioak, kontrolak, kriminalizazioa, atxiloketak, tortura…

Zerrendarekin jarrai genezake luzaroan, orrialde hau osorik bete arte. Baina badakizue zeri buruz ari naizen; guztiei egokitu zaigu, era batera edo bestera, gertuagotik edo urrunetik, horrelako zerbait bizi behar izatea. Eta Nafarroan, bereziki, horrek guztiak bere berezitasun propioak ere badituela esanen nuke, navarrísimoek bere berezitasunak dituzten bezala. Errepresioa ere diferentea izan baita hemen.

Baina duela aste batzuk harritu egin ginen (nintzen?). Beste behin. Aspalditik ez bezala. Beharbada inuxenteegiak gara batzuetan? Ahaztu egiten zaigu estatuek gerran jarraitzen dutela? Ahantzi egiten zaigu Nafarroak estatu-afera izaten jarraitzen duela?

Atxilotu zituztela jakin nuenean harritu egin nintzen. Muntaia polizial-politiko-mediatikoaren beste kapitulu bat gehiago. Berriz ere. Berriz ere gazte batzuk atxilotuak, kriminalizatuak, komunikabideetan haien bizitza, haien izenak. Epai mediatikoa. Zirkuaren beste kapitulu bat gehiago.

Eta kartzelara joanen zirela jakin nuenean ezin izan nien malkoei eutsi. Sabeleko korapiloak egun batzuetan iraun zuen. Sinestezina iruditzen zitzaidan. Askotan erabili izan dut surrealista hitza. Surrealista. Baina nola deitu horri surrealismo, zazpi gazte espetxean baldin badaude? Ba al da hori baino egoera injustuagorik, gordinagorik, errealagorik? Errealistagorik, egiazkoagorik? Irudikatzen ahal ditugu zazpi gazte altsasuarrak, gazte izateagatik, altsasuar izateagatik, kartzelan, haien etxeetatik ehunka kilometrora?

Gertatutakoaren dimentsioa oso argi bizi izan dugu azkeneko asteetan. Herri oso bat batuta, gertatutakoa ezin sinetsi. Inguruan ere bizi izan ditut egoera kuriosoak, nik behintzat: jendearen interesa, gertatutakoa bidegabekeria hutsa dela ikusten duen jende anitza, kezka, manifestaziora joateko zalantzarik izan ez duen jendea (horrelakoetan ikustea zaila dena)… Duela bi larunbateko irudia(k), dudarik gabe. Asko esaten du egun hartakoak. Oihu herritar isila, eta hain ozena, Altsasu guztiz kolapsatu zuena.

Ezin da bizikidetzaz hitz egin desmilitarizazioaren auzia mahai gainean jarri gabe. Zaila da bizikidetzaz hitz egitea zazpi gazte kartzelan daudenean. Nekeza egiten da kontrol eta poliziaz jositako toki batean bizikidetzaz mintzatzea. Herri oso bat kriminalizatu dute, errealitatea ezkutatzeko, eta eztabaidak isiltzeko. Bai gehiengo baten nahiari muzin egiteko ere. Zein garesti ateratzen den Euskal Herrian, Nafarroan, gazte izatea.

Mila kilometrora; bihotzetik gertu, alegia. Etxean izan arte jarraituko dugu lanean. Maite zaitugu. Maite zaituztegu.

“FIFAri egin so, kapitalismoa zer den ulertu ahal izateko”

“FIFAri egin so, kapitalismoa zer den ulertu ahal izateko”

Edurne Elizondo

"Kapitalismoaren egungo neoliberalismoak oinarrizko ondasunak lapurtzen dizkie herritarrei: osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak; bai eta kirola ere". Horixe nabarmendu dute Angel eta Maria Cappak También nos roban el fútbol (Futbola ere lapurtzen digute) liburuan (Akal, 2016). Kirol horren kasuari egin diote so egileek, eta agerian utzi dituzte zelaitik at gertatzen direnak: negozioa, telebistek duten boterea, FIFA Nazioarteko Futbol Federazioaren baitan antzemandako ustelkeria kasuak, eta abar. Iruñeko Katakraken aurkeztu dute aita-alabek beren lana.

Biek sinatu dute liburua, baina Angel Cappak (Bahia Blanca, Argentina, 1946) argi utzi du berak "alaba lagundu" egin duela; Maria Capparen (Madril, 1981) esku egon dela lanaren ardura nagusia, alegia. Maria Capparentzat aitarekin aritzeko aukera da liburuak emandako "sari nagusia". Harago, futbolaren esparruko azken urteotako gertakariak "testuinguruan" jarri nahi izan ditu, egindako ikerketa lanaren bidez, kirol horrekin gertatzen ari denari buruz gogoeta pizteko asmoz. "Futbolaren inguruan sortzen diren berriak batzen dituzunean, eta dagokien testuinguruan jartzen dituzunean, kirolaren atzean dagoen negozioa ageri da, bere gordinean. Batzuen eta bertzeen interesak gailentzen dira, argi eta garbi, kirolaren gainetik".

Kazetaria da Maria Cappa, eta kazetari gisa egin dio so futbolari. Angel Cappak hobeki ezagutzen ditu futbolaren barrukoak, entrenatzaile izan baita lehen mailako hamaika taldetan. Begirada hurbilago bat eskaini du. Egungo futbolak zer ikusteko gutxi du Cappak auzoan lagun artean jokatzen zituen partidekin. "Futbola, lehen, jokalariena eta jendearena zen, baina orain enpresarien esku da. Futbola, ondorioz, enpresa bilakatu dute". Horrek ekarri du jokoak berak zuen garrantzia bigarren maila batean gelditzea; emaitzak baino ez du inporta, ez ongi edo gaizki jokatzeak. "Jokalariak, orain, ekoitzi bertzerik ez du egiten", salatu du, tristuraz, Angel Cappak.

Zaleentzat ere izan du ondoriorik azken urteetan futbolaren esparruan gertatu denak. Futbol taldeak sozietate anonimo bilakatzeak ekarri du, adibidez, bazkideek erabakitzeko ahalmena galtzea. Ez hori bakarrik. "Futbola ikusteko eskubidea eta aukera ere galdu dituzte. Partidak antolatzen dira telebisten interesen arabera; ordutegiak ez dira bertako zaleentzat, baizik eta Txina edo Indiako telebista ikusleentzat", azaldu du Maria Cappak. Espainiako Ligan sarrerak "hagitz garestiak" direla erantsi du.

Handiak dira, halaber, "elitean diren jokalarien" soldatak. Horiek taldeentzat "inbertsio bat" direla argi du kazetariak, haien izena duten elastikoen salmenten bidez, adibidez, dirutza jasotzen dutelako. Maria Cappak zehaztu du, halere, soldata handi horiek futbolari profesional "gutxi batzuen esku" baino ez direla. Futbolarien Nazioarteko Federazioak argitaratu berri duen txostena aipatu du liburuaren egileak: "Futbolarien %2k baino ez dute irabazten 720.000 dolar baino gehiago, urtean; futbolari gehienek, %45ek, kobratzen badute, 1.000 eta 2.000 dolar irabazten dute, hilabetean". Gehiengo horrek, gainera, ez du bere formakuntzarako inolako laguntzarik jasotzen. "Etorkizunerako ezin dute prestatu. Elitearen egoerak ez du futbolaren lan baldintzen errealitatea islatzen, inondik inora", erantsi du Maria Cappak.

Ustelkeria

Dirutza mugitzen du futbolaren munduak. Kirol horretan nagusi diren enpresen atzean direnek, halere, gehiago nahi dute. Horixe uzten du agerian kirol horren inguruan dagoen ustelkeriak, Maria Cappak azaldu duenez. Ameriketako Estatu Batuetan eta Suitzan FIFAri buruz egindako ikerketak nabarmendu ditu kazetariak. "Agerian utzi dute 1998tik Munduko Kopa antolatu nahi izan dutenek dirua eman diotela FIFAri, txapelketa hori hartu ahal izateko".

Angel Cappak berak elkarrizketa batean errandako esaldia ekarri du gogora haren alabak, FIFA zer den azaltzeko: "Kapitalismoa zer den ikusi eta ulertu nahi baduzu, egiozu so FIFAri". "Traje eta gorbata erabiltzen dituzten jokamolde fineko FIFAko gizon horiek dira futbolaren jabe", erantsi du. Botere handikoak dira, gainera, kazetariak nabarmendu duenez, eta FIFAk berak herrietako legeak bere alde erabiltzeko gaitasuna erakutsi duela azaldu du.

Egungo futbolaren argazkia egiterakoan ezkor agertu dira Angel eta Maria Cappa. Itxaropenerako heldulekuak badirela erantsi du azken horrek, halere, eta liburuan jaso ditu, gainera. Murtzian (Espainia) sortu duten futbol taldearen gisakoak jarri ditu adibide. "Zaleek sortutakoak dira; futbol talde horiek, gainera, auzoko gainerako eragileekin badute lotura. Toki batekoak direla sentitzen dute, eta horrek ematen die nortasuna". Hori da, hain zuzen, Angel Cappak maite duen futbola. Garai bateko taldeek egiten zutena. Alemanian harago jo dutela erantsi du Maria Cappak: legez jaso dute, adibidez, futbol talde bakoitzaren %51k zaleen esku egon behar duela. "Futbol eskolak sortzen ari dira, gainera, beren fubtol estilo propioa garatzeko".

Protagonismoa, berriz ere, zaleen esku jartzea da kontua. Eta jokalariek taldearekin eta zaleekin bat egitea ere bai. Horren beharra berretsi du Angel Cappak: "Diruak talde bateko kide sentitzeko gaitasuna ere kendu baitie jokalariei".

“GIBari aurre egiteko ezinbestekoa da sexu heziketa ezartzea”

“GIBari aurre egiteko ezinbestekoa da sexu heziketa ezartzea”

Kattalin Barber

Konpromisoak hartu, eta aldarrikapen eta eskaerak egiteko aprobetxatu zuten atzoko eguna hiesaren inguruan lanean ari diren elkarteek. Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen, hain zuzen ere, hilaren 1ekoa. Sareko lehendakaria da Julia Munarriz (Iruñea, 1955). Nafarroako Hiesaren Aurkako Batzordea ere badago herrialdean. Taldeok elkarlanean aritzen dira anitzetan, eta bien izenean mintzatu da Munarriz.

Hiru hamarkada baino gehiago igaro dira jada hiesaren lehen kasuak detektatu zirenetik. Nolakoa da gaur egungo egoera herrialdean?

Urte horietan oso gogorra izan zen dena, egia esan. GIB positiboaren diagnostikoa jasotzea ia-ia heriotzaren sinonimoa zen hasierako urte haietan. Gainera, tratamenduak oso kaltegarriak ziren, eta ez zuten pertsonen bizimodua hobetzea lortzen. Baina nabarmentzekoa da 30 urte hauetan zientziak ikaragarri egin duela aurrera. Egun, birusa izanda, pertsona bakoitzaren karga birala desagerrarazten saiatzen dira tratamendu egokien bidez. Dagoeneko ez dugu hitz egiten hiesari buruz, baizik eta giza immuno-eskasiaren birusaren infekzioari buruz, hain zuzen ere. Horretan jarri behar dugu arreta, gure ustez.

Azken urteotan, halere, gora egin du diagnostikoen kopuruak. Zergatik?

Zientzian aurrerapauso handiak egon dira, baina gizartean, aldiz, ez. Hainbat faktore daude hori azaltzeko. Oraindik ere batere egokiak ez diren ideiak ditugu gaixotasunari buruz. Tabuak eta aurreiritziak saihestu behar ditugu. Adibidez, uste dugu arrisku taldeak daudela, oraindik ere, eta ez da horrela; arrisku praktikak daude, eta hori nabarmendu behar dugu. Gainera, kasu gehienetan, birusa ez da hilgarria eta, hortaz, prebentzio neurriak hartzeko garaian lasaikeria da nagusi. Erlaxatu gara. Gazteen belaunaldi berriak ia ez du inoiz entzun GIBari buruz deus. Eta arriskutsua da hori.

Zer-nolako datuak ditugu Nafarroan?

2000. urteko datuetara itzuli gara. Batez beste, 40-45 diagnostiko berri inguru daude, urtean; hau da, ia astean behin pertsona bat kutsatzen da. Erabat kezkatzen gaitu egoera horrek. Hortaz, Nafarroako Gobernuak onartu berri duen sexu eta ugaltze osasunari buruzko foru dekretua lehenbailehen ezartzea eskatzen dugu. Beharrezkoa da belaunaldi berriek ezagutza izatea gaitzari buruz, eta prebentzio kanpainak egitea, aldi berean. Argi dago zabaldu behar dugun mezua zein den: ez da garrantzitsua norekin izaten dituzun sexu harremanak, baizik eta nola egiten duzun. Gainera, GIB birusarekin bizi diren pertsonen %40k ez dakite birusa dutenik. Inork ez gaitu abisatuko. Ezta behar ere. Pertsona bakoitzak arduratsu jokatu behar du bere osasunarekin. Hori da kontua.

Gazteen artean ere kezkagarriak dira datuak?

Bai, erabat. Azken bost urteotan, adibidez, asko izan dira 25 eta 34 urte bitarteko pertsonen arteko diagnostiko berriak. Denera, 70 kasu egon dira. 15 eta 24 urte bitartean, berriz, 33 kasu. Oso kezkagarria da 15 urteko gazte bat seropositibo izatea. Kontua da gazte askorentzat ez dela arazoa babesik gabe izatea sexua. Infekzioa bazter uzten ahal da, baina ez ditugu hori egiteko neurriak hartzen. Helburu hori ez lortzea, beraz, ikaragarria da; ikaragarria da neurriak ez hartzea.

Beste arazo bat dugu adineko jendearekin. Askok 30 urte daramatzate tratamenduak jasotzen, eta ez dakigu zeintzuk izanen diren tratamendu horien ondorioak. Badakigu zahartze goiztiarra eragiten dutela, baina ez gehiagorik.

Gazteen artean gaitzari buruzko informazioa falta dela uste duzu zuk?

Desinformazioa da nagusi. Jada ez da esaten GIBa birus larria dela, badirudi katarro batekin alderatzen dela. Uste dugu erakunde publikoek erantzukizun handia dutela, batez ere, hezkuntza mailan. Nafarroan, 1997. urtetik ez dira egiten informazio kanpainak. Bakarrik Sarek eta Nafarroako Hiesaren Aurkako Batzordeak antolatu ditugu saioak, baina guk ez ditugu behar adina baliabide, noski. Giza baliabideak eta tresna eraginkorrak behar dira.

Zer eskatzen diozue Nafarroako Gobernuari?

Prebentzioaren garrantziaz jabetzea beharrezkoa da oso. Nafarroako Gobernuari exijitzen diogu sexu heziketa lehenbailehen ezartzea sare publikoan. Horrez gain, erakundeek sustatu behar dute hiesaren test azkarra. Guztiz anonimoak dira test horiek; fidagarritasun handikoak dira gainera, bai eta doakoak ere. Urte honetan, gurean, 200 test inguru egin ditugu. Beharrezkoa da lehen mailako osasun arretako langileek formazioa izatea gaitz honetan. Eta gaixoei arreta integrala eskaintzea.

Nazio Batuen Erakundeko GIBari eta hiesari buruzko programak 2020. urterako zero transmisio izatea du helburu. Uste duzu ezerezean geldituko dela asmo hori?

Ez dute lortuko helburu hori betetzea. Herrialde guztietako politiketan baliabide guztiak herritarren mesedetan jartzen badituzte, posible litzateke gaitzari bete-betean aurre egitea. Baina ez dira hori egiten ari. Oraindik ez dut ezagutzen herrialderik hori egin duenik. Bitartekoak eta baliabideak beharrezkoak dira, baina, horretarako, baliabide horiek erabiltzeko eta martxan jartzeko, borondatea izatea ezinbestekoa da.

Hiesa agertzeak eragin zuen Sareren sorrera, baina, gaur egun, beste lan ildo batzuk ere jorratzen dituzue.

Lehen harremana harrera da. Pertsonei laguntza emozionala eta soziala emateko sortu zen Sare, 1992. urtean. Baina beharrak aldatuz joan ziren, eta, gaur egun, gure helburuen artean daude gaitzaren kontrako kanpainak egitea, informazioa zabaltzea, sexu heziketaren beharraz eta garrantziaz ohartaraztea, eta gaixoei eta haien inguruko pertsonei babesa ematea.

Bi elkarte ari zarete Nafarroan helburu berarekin borrokan. Elkarlanean aritzen zarete?

Askotan egin digute galdera hori, egia esan, eta beti berdin erantzuten dugu guk: uste dugula hobe dela gehitzea. Adibidez, zenbaitek, honat etorri baino, nahiago dute hiesaren aurkako batzordera joan, gure egoitzaren ondoko atarian, adibidez, ezagunen bat badutelako. Alderantziz ere gertatzen da. Anonimotasuna eta isilpekotasuna, finean, oso garrantzitsuak dira auzi honetan. Elkarte bakoitza independentea da, baina elkarlanean ere aritzen gara, askotan. Horrek guztiak aberasten gaitu, noski, pertsonentzat aukera gehiago daudelako, azken finean. Eta hori da kontua.

Isiltasunaren pareta botatzeko

Isiltasunaren pareta botatzeko

Edurne Elizondo
Hitz egiten ez badugu, existitzen den errealitate bat bazter utzi bertzerik ez dugu egiten. Lortzen badugu suizidioaren auziari normaltasunez eta lasaitasunez eustea, aurre egiten badiogu osasun arazo larri baten gisa, sufritzen ari dir...

Auzoa berritzeko norabidean

Auzoa berritzeko norabidean

Kattalin Barber

Hiri eredua aldatzea du xede Alde Zaharra Arian-arian proiektuak. Horretarako, herritarrek 45 proposamen adostu dituzte, besteak beste, auzoa bizileku egokiagoa izateko, ibilgailuen presentzia mugatzeko, zarata bolumena eta kutsadura tasak murrizteko, garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta txirrindulari eta oinezkoen arteko bizikidetza errazteko.

Prozesu parte hartzailea jarri zuen martxan Iruñeko Udalak joan den irailean, eta bertan jasotako 782 proposamenak abiapuntutzat hartuta, eragile inplikatuen eztabaida lanaren ostean, adostutako 45 proposamen dira emaitza. "Hezkuntza Departamentuaren ondoan bizilagunentzat aparkaleku bat egitea, billabesak auzora gerturatzea eta Alde Zaharrerako ibilgailuen sarrera kontrolatzea adostu da, tartean", adierazi du Ioar Cabodevilla arkitekto eta prozesuko kideak.

Prozesuaren lehenengo hiru faseak amaitu direla azaldu du Cabodevillak, eta, orain, Iruñeko Udalari dagokio Alde Zaharreko mugikortasun plana diseinatzea. Udaleko lantalde teknikoak proposamenak aztertuko ditu, eta kontuan izanen ditu auzoko mugikortasun proiektua diseinatzerakoan. Horren ondotik, proposamen berriak modu esperimental eta itzulgarrian abiaraziko dira. "Egiten duenaren arabera, ikusiko da prozesu parte hartzaileak garrantzia duen ala ez".

Lau ardatzen inguruan lan egin dute prozesuan: zirkulazioa murriztu eta oinezkoei lehentasuna ematea, oinezkoen eta txirrindularien elkarbizitza, Alde Zaharrerako sarbide eta loturak, eta zamalanak.

Bertan parte hartu dute inplikatutako eragileek, ehun ekonomikoko eta elkarteetako ordezkariek, teknikariek eta herritarrek. Horrez gain, parte-hartze prozesua garatu eta dinamizatu du hirigintza arkitekto, soziologo eta komunikazio talde batek. "Lantaldeetan nahi genukeen baino pertsona gutxiagok parte hartu duten arren, haien inplikazioa eta parte hartzea oso positiboa izan da, elkarrizketak, elkar entzuteak eta kontrako ideiekiko begiruneak bideratu baitzuten lana", dio Cabodevillak. Xedea izan da adostasunak eta desadostasunak bilatzea mugikortasunaren inguruan.

Irailean, 11.000 triptiko banatu zituzten Alde Zaharrean, eta 42 postontzi paratu zituzten proposamenak jasotzeko. Gainera, webguneko plataforman eta parte hartzeko egon diren lau kale dinamiketan auzoa hobetzeko ideiak jaso dira. Kale dinamiketan, guztira 200 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute; eta 192 proposamen egin dituzte.

"Prozesua guztiz positiboa izan da, eta parte hartu nahi izan duenak aukera izan du horretarako; hala ere, Iruñeko bizilagunok eta erakundeak ez gaude prozesu parte hartzaileetara ohituta, eta bide horretan zaila izan da", dio Cabodevillak. Gutxika-gutxika herritarrak parte hartzera "ahaldunduko" direla uste du. "Orain, udalari dagokio arduratsu jokatzea. Parte hartu duten guztiek ikusi behar dute bere proposamenak balio izan duela".

Cabodevillak aipatutako proposamenez gain, beste neurri batzuen artean, herritarrek adostu dute kale estuetan aparkatzea debekatzea, San Frantzisko kaleko espaloiak kentzea eta kalea oinezkoendako bihurtzea, tabernetako barrika eta mahai altuak kentzea, bizikletentzat udal aparkaleku seguruak, estaliak eta merkeak gaitzea eta bizikleten abiadura kontrolatzea, eta bizikleta modu egokian erabiltzeko kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainak abian jartzea.

Auzo hobe baten alde

Prozesu parte hartzailea irailean abiatu bazen ere, joan den urteko azaroan du jatorria. Mugikortasunaren gaiak aspalditik kezkatzen ditu auzoko bizilagunak, kolektiboak eta ehun ekonomikoa. Orduan sortu zuten Alde Zaharreko hainbat bizilagunek AZ Ekimena, auzoko mugikortasuna hobetzeko asmoz. "Zer-nolako auzo eredua nahi dugu? galderaren harira hasi ginen antolatzen", adierazi du Txetxu Alonso taldeko kideak. Eragile guztien interesa pizten duen gaia da, auzoan elkarbizitza hobetzeko gakoa baita. Alde Zaharreko "benetako erradiografia bat" egitea eskatu zioten Iruñeko Udalari, eta Arian-arian prozesu parte hartzailea izan da emaitza.

"Positiboa izan da eragile anitzek parte hartu dugulako bertan: banatzaileen ordezkariek, ostalaritzako ordezkariek eta Alde Zaharreko hainbat elkarte eta bizilagunek", dio Alonsok. Cabodevillak bezala, udalarengan jarri du erantzukizuna: "Prozesua ez da bete beharrekoa. Beraz, zer eginen dute orain adostutako 45 proposamenekin?". Ahal bezain pronto udalak 45 proposamenak aztertzea eta zein epetan zer eginen duen adieraztea exijitu du Alonsok. Iruñeko Udalak adierazi du proposamenak abiapuntu izanen direla lanean hasteko, baina horrek ez duela esan nahi nahitaez beteko dituztela.

"Alde Zaharreko trafikoa antolatzea eta murriztea beharrezkoa da". Alde Zaharreko bizilagunak argi du udalak hartuko dituen erabakiak ez direla inplikatutako eragile guztien gustukoak izanen, baina amore eman beharko dutela. Halaber, udalari eskatu dio, neurriak hartzeko garaian, informazioa zabaltzeko kanpaina egin dezala: "Aldaketak beti dira zailak, kostatzen da joerak aldatzea, eta bizilagunok informazioa behar dugu". Lehen urratsa egin dute; eta Alde Zaharra norabide berri bati begira dago.