Iritzia: Oporrak, modernoon kontua

Saioa Alkaiza

Gaur nagusi den oporren edo bakazioen esanahia —mendira joango gara ala hondartzara?— komikietan, liburuetan edo zinean soilik ikusten genuen. Aisialdia aberatsen kontua zen, diru-pilaketak asko nekatzen du nonbait adimena; esku-lanak ez bezala". Anjel Lertxundik idatzi zuen BERRIAn.

Gure amak ere hala dio. Herritik atera arte ez zuela oporrik sekula ezagutu. Herrira udan zihoazen neska-mutil zuriago horiek zirela turistak. Beraneanteak. Lurra landu gabeko esku leunak zeuzkatenak. Seme-alabak jaiota bizi izan zituen amak, lehenbizikoz, opor izenez ezagunak diren egun horiek, landa exodoaren ostean, Iruñean etxea erosi eta gero, eguzki izpiak ailegatu ahala, uda partean, familia osoa Elpueblo-ra bueltatzen zenean. Horiek ziren oporrak. Jaioterrira buelta. Ez hondartzak, ez ahoskatzen ez dakizkigun herrialdeak, ez bidaia bilaketa webgune batek existitzen direla ohartarazi aurretik mapan kokatzen asmatuko ez genukeen lurraldeak zapaltzea ere.

Gu ez gara, ordea, gurasoen belaunaldikoak. Eta gu oporretara joaten gara. Bidaiatzera, deskonektatzera, errutina ahaztera, maletak egin eta desegitera eta argazkiak egitera. Batez ere argazkiak egitera. Gu gara orain besteen etxeetan azaltzen diren azal zuriago horiek. Ustezko klase kontzientzia eta ahantzezinezko nazionalismoa motxilan.

Kontraesanen poltsan, liburu bat sartu dut aurtengoan, David Foster Wallace kazetariak idatzitako Sekula berriro egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat, euskarara itzuli berria. Itsas bidaia batean bizi izandakoaren kronika da, munduan barrena batetik bestera doan itsasoz gaineko hotel horietako batean ikusi eta sentitutakoaren narrazioa. Luxuzko bidaia baten kontakizuna, lehen pertsonan. Eta aurreiritziek pentsa zezaketenaren berrespena da obra. Itsasontzi barruan, oparotasuna; koktelak, ezkontza bateko gonbidatu guztiak mozkortzeko adina; igerilekuak, olinpiar jokoetan nola; eta bere kaxa ugaltzen dela dirudien bufeteko janari amaiezin bezain errepikakorra. Kapitalismoa olatu gainean: mugikortasuna muturreko kontsumismoarekin ezkondua.

Nik ez dut itsasontzirik hartu, ez prezio barregarrietan eros daitekeen hegazkin txartelik ere. Aurtengoan. Batez ere ez delako lagun taldearen plana izan. Hurrengoan, auskalo. Balkoiak esteladaz janzten dituen herri batean aparkatu dugu guk, eta Bon dia esan dugu, independentistak garela argi gera bedi, eta euskaraz egin dugu, Iruñean baino ozenago —batzuek Iruñean ez bezala—, euskaldunago, paparra puztuta. Handiustez begiratu diegu giriak deritzegun horiei. Hemengoago bagina bezala. Eta gure neurrira pentsatutako tabernetan eseri gara, ez paellak ematen dituzten horietan, ondokoetan baizik.

Zerbitzariaren ordubeteko soldata ordaintzeko adina balio duen mojitoa eskatu dugu, oporretan gaude eta. Karta ingelesez, gaztelaniaz eta katalanez dago, ordena horretan. Mundua gure neurrira: ordutegiak, tabernak, dendak, beroarekin bat oporretara joan diren langile eskubideak...

Oso postmodernoa omen da identitate krisia. Horregatik, ez dakit burgesa naizen, amak beraneante gisa bataiatuko lukeen bat, Wallaceren bidaiari xahutzailearen parodia, proletargoa "demokratizatutako" ohituren aurrean edo denak batera. Akaso, euskaldun arrunt bat baino ez.

“Pintzela hartzen ez dudanean ere, beti ari naiz margotzen”

“Pintzela hartzen ez dudanean ere, beti ari naiz margotzen”

Kattalin Barber

Egun batean, lantegiko lana utzi, eta pinturan murgildu zen Tomas Sobrino (Elizondo, 1963). 20 urte baino gehiago pasatu dira ordutik, eta Baztango paisaiak margotzen ditu. Abuzturako, aire zabaleko pintura ikastaro bat antolatu du, Baztanen.

Noiztik antolatzen duzue ikastaro hau?

1995ean hasi ginen ikastaroa antolatzen. Baztanen beti egon dira margolari asko, eta, udan, erakusketak antolatzen ditugu. Guk aire zabalean margotzen dugu, eta egiten dugun hori transmititu nahi dugu ikastaro honekin. 1995ean, Jose Mari Apezetxea Erratzuko margolaria eta biok hasi ginen honekin. 2010. urtean, Apezetxeak atsedena hartzea erabaki zuen, baina ez du lotura eten ikastaroarekin. Udaro, Erratzura joaten gara, eta berarekin margotzen dugu.

Nola erabakitzen dituzu margotuko dituzuen tokiak?

Aldez aurretik erabaki behar ditut, denborarekin. Izan ere, ezin dut bakarrik kontuan izan ea tokia gustatzen zaidan edo ez; hamar pertsona inguruk egiten dugu bat, eta tokiek aproposak izan behar dute denok mugitzeko. Giro polita sortzen da, eta Baztango txokoak ezagutzeko balio du. Hemengo jendeak ere leku desberdinak ezagutzen ahal ditu ikastaro honen bidez. Turismoa egiteko modua da.

Baztangoak izaten ohi dira izena ematen dutenak?

Batzuk hemengoak dira, baina etortzen dira Iruñetik, bai eta atzerritik ere. Aurten ez dator, baina urte askotan etorri da Italiako pertsona bat. Nahi duten guztientzat egiten dugu ikastaroa. Dena den, gomendagarria da oinarrizko ezagutza batzuk izatea. Ezin diozu naturari aurre egin inoiz pintzel bat eskuan hartu ez baduzu.

Ikastaroak irauten duen bi aste horietan zenbat leku bisitatzen dituzue?

Hamar egun dira denera, eta bost leku desberdin bisitatuko ditugu. Bi egun leku bakoitzeko. Normalean, lehenengo egunean tokia ezagutzen dugu, eta bigarrenean, lana burutu. Interesgarria da, bigarren egunean askotan begirada aldatzen delako, eta, leku bat berriro begiratzean, gauza berriak deskubritzen ditugu. Gainera, ikastaro hau ez da abuztuan amaitzen. Irailean hasita, hileko hirugarren larunbatean topaketa egiten dugu aire zabalean margotzeko. Edonor etor daiteke, ekinbide hori guztien artean sortu delako. Horrela, gure arteko loturak jarraitzen du, eta jende berria animatzen da. Oso aberasgarria izaten da.

Lantegi batean ari zinen, eta lana uztea erabaki zenuen, gehiago margotu ahal izateko. Zer dela eta?

Betidanik margotu dut. Baina iritsi zen momentu bat ezin nuela asteburura arte itxaron margotzeko. Denbora osoz margotu nahi nuen. Jauzi arriskutsua izan zen, baina pozik nago orain. Nire bizitza garatzeko modu bat da. Pintzela hartzen ez dudanean ere, beti ari naiz margotzen.

Zure blogean kontatu duzu: "Hasieran, zuk kontrolatzen duzu koadroa. Gero, koadroak berak eskatzen dizu kolore bat edo bestea sartzea".

Nik esaten diet nire ikasleei koadroa entzun behar dutela. Haiek hasieran ez dute ulertzen, baina margotzen hasten direnean konturatzen dira koadroak zerbait esaten diela. Pinturak berak esaten dizkizu gauzak... Askotan, zuk ideia bat duzu buruan, eta gero bestelakoa margotzen duzu. Aldatzen da, eta harritzen zara egiten duzunaz. Margotzea koadroarekin elkarrizketa bat izatea da. Entzun behar diozu.

Zein txoko maite dituzu Baztanen margotzeko?

Gustuko ditudan lekuek argiarekin dute zerikusia, eta urteko sasoiarekin. Asko gustatzen zait paseoak ematea, eta beti esaten dut leku berberetara joaten naizen arren beti zerbait berri aurkitzen dudala. Gainera, Baztanen, argia aldakorra da. Hori pintoreentzat opari bat da. Nik zuhaitzak eta ura maite ditut; beti agertzen dira nire koadroetan. Uraren inguruan bizi gara hemen, Bidasoa ibaiaren inguruan. Uraren azala deituriko erakusketa bat egin nuen, eta urak islatzen zuena margotu nuen. Gustatzen zaizkit ikusleari parte hartzeko aukera ematen dioten koadroak. Udan gutxiago margotzen dut, batik bat denbora gutxiago dudalako. Baina, udan, hemengo margolariek gure koadroak kalera ateratzen ditugu. Uda honetan, adibidez, hamabi erakusketa ditugu Baztanen. Ibarreko beste erakargarri bat dira erakusketak. Paisaiak, gastronomia eta artea.

Zergatik daude hainbeste pintore Baztanen?

Beti egiten didate galdera hori, eta, egia esan, inoiz ez dakit nola erantzun... Paisaiak bidea ematen du. Ez dakit, nik uste dut Baztanen badugula sentsibilitate artistikoa. Musikarekin du zerikusia horrek, nire ustez. Hemen badago Juan Erasok sortutako abesbatza bat, eta berak sortu zuen halako sentsibilitatea ibarrean. Hori transmititu egin da belaunaldiz belaunaldi.

Esan dezakegu zu zarela Bidasoko eskolako laugarren belaunaldikoa. Badago bosgarren belaunaldirik?

Bai, badago. Bidasoko eskolak Javier Zubiaurrek abiatutako tesi batean du oinarria. Hasieran, nahiko uzkurrak ginen termino horrekin, hemen margolari bakoitzak bere estilo propioa duelako lan egitean, eta eskola esatea asko esatea da. Ez gara estilo berekoak margotzean, baina egia da paisaiak elkartzen gaituela. Azkenaldian hainbat erakusketa egin dira Bidasoko eskolaren inguruan, eta konturatu naiz bertan ez dutela tokirik izan belaunaldi berrikoek. Badaude gazteak Baztanen margotzen dutenak eta erakusketak egiten dituztenak, baina ez dituzte aipatzen. Uste dut konpondu gabeko kontu bat dela hori, eta berrikusi egin beharko dugula. Horregatik, adibidez, sortu zen ikastaro hau. Jarraitutasuna nahi genuelako, eta belaunaldi berriei transmititzea.

Bideak energiaren negozioari

Bideak energiaren negozioari

Edurne Elizondo

Bat egin behar dugu inolako zentzurik ez duten proiektuon aurka; bideak zabaldu nahi dizkiote negozioari". Horixe nabarmendu du Sustrai Erakuntza fundazioko Martin Zelaiak, energiaren esparruko egitasmo handiei buruz. Baionan izan ziren fundazioko kideak hilaren 15, 16 eta 17an, han egindako Behar Gabeko Proiektu Erraldoi eta Inposatuen Kontrako Foroan. Megaproiektu Energetikoei Erantzuteko Elkarrenganako Laguntza Sareko kide gisa parte hartu zuen Sustrai Erakuntzak, energiaren arloko proiektu erraldoiek kalte eginiko Aragoiko (Espainia) eta Kataluniako bertze hamaika talderekin batera.

"Pirinioetako hegoaldeko taldeak gaude sarean, batez ere; foroan harremanak egin nahi izan ditugu beste aldekoak ere batzeko; urratsak egin ditugu, eta pozik gaude", azaldu du Zelaiak. Sarea iazko udazkenean sortu zuten, Katalunian eta Aragoin energiarekin lotutako hainbat proiekturen berri jasotzeko bira egin eta gero. Euskal Herrian ere badira gisako egitasmoak, eta haien inguruan ohartarazi nahi izan dituzte herritarrak Sustrai Erakuntza fundazioko kideek. Azken aldian mahai gainean jarri dituzten bertze bi proiektu salatu nahi izan ditu erakunde horrek, orain, bereziki: "Bat, Bizkaia eta Akitania artean ur azpiko kable bat jartzeko; eta bigarrena, berriz, Iruñerriaren eta Landen (Frantzia) artean goi tentsioko linea egiteko".

Autopista elektriko horrek Pirinioak zeharkatuko lituzke: "Oraindik informazio askorik ez dago egitasmo horri buruz; marra bat marraztu dute mapan, eta proiektuak, antza, Orreaga ukituko luke; edozein kasutan, Pirinioak zeharkatuko lituzke", salatu du Zelaiak. Asmoa, edozein modutan, argindarra Frantziara eramatea litzateke. "Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso [Gipuzkoa] artean egin nahi dutenak ere, azken finean, helburu bera du", erantsi du Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. Horregatik, bi proiektuon aurka egin du fundazioak. "Ez dute inolako zentzurik, ez dira beharrezkoak, eta kalte handiak eraginen lituzkete ".

Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso arteko proiektua da, oraingoz, urrats gehien egin duena. Uda honetan, hain zuzen ere, lanak hasi dituzte Sakanako goi tentsioko dorreetan. "Mantentze lanak dira, egun dauden lineen gaitasuna hobetzeko; proiektuak zehazten du hori egin behar dela goi tentsioko linea berria eraikitzen hasi aurretik". Uda amaituta bukatuko dituzte lan horiek, antza. "Ondorioz, uste dugu udazken-neguan onar dezatela proiektua, lanak datorren urtean hasi ahal izateko", azaldu du Zelaiak.

Onartu gabeko proiektua

Hainbat urte joan dira martxan jarri zutela, baina Sustrai Erakuntza fundazioko kideak nabarmendu bezala, onartu gabeko proiektua da, oraindik ere, Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso arteko goi tentsioko lineari buruzkoa. Espainiako Gobernuak 2011. urtean jarri zuen martxan ingurumenean eraginen lukeen kalteari buruzko azterketa egiteko prozesua. Behin betiko bidea erabaki eta gero, 2013. urteko udan alegazioak aurkezteko epea zabaldu zuen Espainiako Gobernuak. Nafarroatik eta Gipuzkoatik, hain zuzen ere, 13.000 baino gehiago aurkeztu zituzten. Hamaika udaletxek egin dute bat goi tentsioko linearen aurkako plataforman, eta haren bidez aurkeztu zituzten alegazio horiek guztiak, duela hiru urte.

Plataformako kideek ez dute amore eman. Taldean dira proiektuak kalte eginiko hamaika udal. Nafarroako eta Gipuzkoako 30 udalek baino gehiagok eskatu zuten maiatzean, hain zuzen ere, bertan behera uzteko egitasmo hori. Nafarroako 27 herriri eraginen lieke; eta 127 kilometroko bidean, 85 metro bitarteko 247 dorre eraikitzea ekarriko luke proiektuak, bertzeak bertze. Egitasmoaren hastapenetan, 174 alkatek eskatu zioten Espainiako Industria Ministerioari proiektua bazter uzteko.

Aurrera jarraitu zuen ministerioak, ordea, baina goi tentsioko lineari aurkeztutako 13.000 alegazio horiek ez dute erantzunik jaso, oraindik ere. "Ez dute proiektua onartzeko eta gauzatzen hasteko prozesua amaitu", nabarmendu du Martin Zelaiak. Hiru urte pasatu dira alegazioak aurkeztu zituztenetik. "Bi urteko epea dago, ordea, gisako proiektuak onartu eta martxan jartzeko; kasu honetan, beraz, epe hori ez da bete". Hori dela eta, hain zuzen ere, kontu hori baliatuz proiektuaren aurka egiteko modua aztertzen ari da Sustrai Erakuntza fundazioa. "Proiektua oso modu ilunean ari dira garatzen; ez dago batere argi", erran du Zelaiak. Aipatu du, adibidez, proiektutik kendu omen dutela Deikaztelun azpiestazio bat egiteko asmoa. "Nafarroako Gobernuak egindako energia planaren zirriborroan, berriz, agertu egiten da. Azpiestazioa egin edo ez, linea herritik pasatuko da", azaldu du.

Bertze auzi bat jarri du Sustrai Erakuntzak mahai gainean, proiektuaren kontra: Urbasa eta Andia eta Aralarko kontserbazio bereziko eremuei eragiten diela bideak, hain zuzen ere. Nafarroako Gobernuak proiektua moldatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, hori dela eta. Ingurumen Departamentuko Bioaniztasun Zerbitzutik azaldu dutenez, egungo bideak ugatzari, miru gorriari, okil ertainari eta okil beltzari eraginen lieke; eta kalte eginen lieke, halaber, baso-igel jauzkariari eta kiropteroei.

Kalte horien berri eman zion Nafarroako Gobernuak Espainiakoari, joan den apirilean, bidalitako txosten batean. Agiri berean bidea aldatzeko proposamen bat egin zion Ingurumen Departamentuak: "Proiektuak kalteak eragiteko arriskua nabarmen gutxituko litzateke egungo 220 kilowatteko linea baliatuko balute eremu horretan", azaldu dute Bioaniztasun Zerbitzutik. Horrekin batera, hegaztiei kalte egiteko arriskua gutxitzeko dorre elektrikoetan neurriak hartzeko eskatu zuen Nafarroako Gobernuak, apirilean egindako txosten horretan.

Espainiako Gobernuak ekainean erantzun zien Nafarroako agintariei. "Jakin nahi dute ea proiektuak bat egiten duen legeak aurreikusten dituen salbuespenekin", azaldu dute Ingurumen Departamentutik. "Aztertzen ari gara, erantzun ahal izateko", erantsi dute. Ingurumen Departamentuko kideek ez dute uste proiektua aldatuko dutenik: "Red Electricak ez du egungo 220 kilowatteko bidea erabili nahi, ordezkatzea egitean hornidura arazoak izan daitezkeela uste duelako. Ingurumenaren ikuspuntutik anitzez ere egokiagoa litzateke, ordea", onartu du Nafarroako Gobernuak.

Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso arteko goi tentsioko linearen helburu bakarra argindarra Frantziara eramatea dela berretsi du Zelaiak, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa. "Kontsumitzen dugunaren bikoitza ekoizteko gai gara; gisa honetako proiektuen atzean negozioa baino ez dago. Tokian tokiko argindarra produzitzea eta kontsumitzea bilatu behar dugu". Europak Iruñerritik Landetara bultzatu nahi duen bertze proiektuak ere negozioarekin lotutako xede bera duela gaineratu du Zelaiak.

Europako Batzordeak, 2014. urtean, estatu kideei eskatu zien lortu behar zutela, gutxienez, produkzio elektrikorako instalatutako kapazitatearen %10eko interkonexioa. Iazko azaroan, helburu horrekin lotuta, Iruñea eta Landetako Cantegrit hiriaren arteko linea egiteko proiektua aurkeztu zuen Europako Batzordeak. Asmoa da 2023. urterako martxan jartzea. Red Electrica eta Frantziako RTE etxeek sustatu dute proiektua.

Oraingoz, xehetasun handirik ez dago egitasmo horri buruz, halere. Horixe erran du Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. Kezkatzeko arrazoiak badirela argi du, ordea. Orreagatik edo Pirinioetako bertze herriren batetik pasatzen bada ere, proiektuak balio handiko eremu bati kalte eginen liokeela salatu du Zelaiak. "Eta asmo bakarra argindarrarekin negozioa egitea da", berretsi egin du. %10eko interkonexioak lortzeko proposamenari buruz, Zelaiak zehaztu du ez dela gauza bera ekoizten ahal denaren edo kontsumitzen denaren %10a. "Kontsumitzen dugunaren %10a bada, egina dago ja; eta ez dugu gehiago behar".

Castejongo zentralak

Goi tentsioko linea hori egiteko asmoa Castejongo zentral termikoekin lotu du Sustrai Erakuntzako kideak, bertzalde. Izan ere, Castejondik Muru Artederretara iristen da, egun, 400 kilowatteko linea bat. "Muru Artederretatik aterako litzateke, hain zuzen, Frantziara egin nahi duten hori. Linea hori egiten badute ziur gara Castejongo zentralak orain baino gehiago erabiliko dituztela". 2015. urteko datuen arabera, Castejongo zentralen kapazitatearen %10 baino ez zuten erabili.

Proiektuen gainetik, ereduari buruz gogoeta egiteko beharra nabarmendu du Sustrai Erakuntza fundazioak, behin eta berriz. Energiaren esparruan ere bai. Nafarroako Gobernuak 2030era begirako energia planaren zirriborroa prestatu du jada. Iruñea eta Landen arteko goi tentsioko lineari buruzko proiektua zehazki aipatzen ez bada ere, Europako Batzordetik %10eko interkonexioak lortzeko egindako eskaeraren berri jasotzen du. Zirriborroak, zehazki, Espainiako Gobernuak prestatutako 2015-2020rako Argindarraren Garraiorako Sarea Garatzeko Plana ekarri du gogora, hor aipatzen baitzen jada interkonexiak bultzatzeko beharra.

Oro har, Sustrai Erakuntzako kide Martin Zelaiak erran du energiaren inguruko plana ez dela txarra. "Sumatzen da aldaketa bat aurreko gobernuek zehaztutako ildoekin alderatuta". Energia berriztagarrien aldeko apustu sendoa egiten duela erran du Zelaiak, adibidez. Bertze hainbat auzitan, ordea, UPNko agintarien "joera berberak" sumatzen ditu Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. Bi adibide jarri ditu mahai gainean hori azaltzeko: batetik, auto elektrikoaren alde egiten duela planak. "Hau da, ibilgailu pribatuaren alde. Guk argi dugu mugikortasunaren arloan garraio publikoaren alde egin behar dugula", erran du Zelaiak. Trena iruditzen zaio Sustrai Erakuntza fundazioari garraiobide egoki bat.

Bertzetik, bigarren adibidetzat, gobernuaren AHTaren aldeko apustua aipatu du Zelaiak. "Gobernuak AHTaren aldeko apustua baino ez du egiten. Eraikinak berritzeko beharra nabarmentzen du, energia aurrezteko; ohiko trenaren alde egin beharrean, ordea, AHTaren alde egiten du, horrek sekulako energia kontsumoa ekartzen duela kontuan hartu gabe", salatu du Zelaiak.

Zirriborroa ongi aztertzeko eta zuzenketak prestatzeko bidean dira Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. Finean, energiaren auziak ingurumenarekin lotutako hamaika auzirekin zer ikustekoa baduelako. Goi tentsioko lineak egiteko proiektuekin ere bai, noski. Nafarroa ukitzen duten proiektuen aurka lan egiteko beharra berretsi du Martin Zelaiak. "Gisako gainerako egitasmoen aurka ere bai". Elkarlanean. Sarean.

Lapurrek gustuko dute udako sasoia

Lapurrek gustuko dute udako sasoia

Kattalin Barber

Uda da lapurrek gustukoen duten urtaroa Nafarroako etxebizitzetan lapurtzeko. Unespa aseguru etxeen elkarteak hala ondorioztatu du, 2014ko lapurretei buruzko datuak biltzen dituen txostenean. Lapurrek sanferminak eta udaren hasiera baliatzen dituzte herrialdeko etxeetan sartzeko eta ahal duten guztia lapurtzeko. 185.000 etxebizitzako lagina hartu du Unespak ikerketa egiteko eta Nafarroan gertatutako 550 lapurreta kontuan izan ditu. Gehien osten dituzten objektuak eskudirua, bitxiak eta gailu elektronikoak dira.

Azterketaren arabera, biztanleria kopuruarekin lotuta dago lapurreta tasa. Hau da, herritar eta etxebizitza gehiago dauden eremuetan izaten dira lapurreta gehien. 550 lapurreta horietatik, 270 Nafarroako hiriburuan gertatu ziren. Dena den, txostenak aipatzen du Iruñea ez dela Nafarroako lekurik "arriskutsuena" lapurretak gertatzeko. "Ikertu ditugun lapurreten herenak hiriburuan gertatzen dira, baina normala da Iruñean lapurreta gehiago izatea, udalerri handiena delako", esan du Miguel Angel Vazquez Unespako Analisi eta Azterketa arduradunak. Era berean, auzoka ikertuz gero, Zabalgunea da aukera gehien duen auzoa lapurretak gertatzeko. Iturrama eta Alde Zaharra dira auzo "lasaienak".

Etxebizitza kopuruaren eta lapurreten arteko batez bestekoa aztertu du elkarteak. Logika horretan, Lodosa da lapurrek gehien osten duten herria. Izan ere, herrialde osoko batez bestekoa baino %263 aukera gehiago du Erriberako herriak lapurretak jasateko. Ondoan daude, besteak beste, Murchante (%117), Erriberri (%89), Tutera (%87) eta San Adrian (%83). Kontrako muturrean Tafalla ageri da. Ikerketaren arabera, Nafarroako herririk seguruena da. Ablitas, Azagra eta Zangoza ere herri lasaiak dira, txostenaren emaitzen arabera, betiere.

Ustea dago asteburuetan gertatu ohi direla lapurreta gehienak. Baina txostenaren arabera, igandea da aukera txikiena duen eguna lapurretak gertatzeko. "Ikertu dugunaren arabera, ostegunetan, ostiraletan eta larunbatetan izaten dira lapurreta gehienak", azaldu du Vazquezek.

Lapurreten larritasuna ere aztertu du Unespak bere txostenean. Horren arabera, udalerri txikietan izaten da kostu handiko lapurreta gehien. Batez beste, 1.062 euroko kostua izan dute Caparrosoko lapurretek. Eta Metautenen, adibidez, 1.021 euroko batez besteko kostua. Balantzaren beste aldean daude, berriz, Mendabia eta Ribaforada herriak, alde handiz. Bertan izandako lapurretek 50 euro inguruko kostua izan dute, batez beste.

Lapurreten kostua ere asko aldatzen da Iruñeko auzo batetik bestera. Arrosadian eta Zabalgunean gertatu ziren lapurreta garestienak: 1.103 euro eta 856 euro batez besteko, hurrenez hurren. Lapurreta "merkeenak", berriz, Arrotxapean eta Sanduzelain (241 euroko kostua) eta Berriozarren (253 euroko kostua) izan ziren. Iruñeko batez bestekoa 372 euro da.

Ikerketaren arabera, Iruñean gertatzen diren lapurreta gehienak uztailean izaten dira. "Lapurrek baliatzen dute hiria jendez gainezka dagoela, eta iruindarren zati handi batek hiritik alde egiten duela". Horretaz gain, Nafarroan lapurretak "ohikoak" dira urtarrilean, Gabonak amaitzen direnean.

Dena den, Vazquezek baieztatu du Nafarroa herrialde "segurua" dela: "Imajina ezazu The Bing Bang Theory telesaileko Sheldon protagonista maniaduna zarela; argi eta garbi Nafarroan etxebizitza bat erosiko zenuke. Izan ere, Espainia osoarekin alderatuz, Nafarroa da lapurretak sufritzeko probabilitate gutxien duen herrialdea".

819 lapurreta iaz

Javier Hernandez Nafarroako Foruzaingoaren komunikazio arduradunak azaldu du "oso gutxitan" berreskuratzen direla lapurtutako gauzak. "Objektuak ez dituzte luzaroan beren esku edukitzen, eta, askotan, atxilo hartu arren, zaila da objektuak berreskuratzea". Denbora pasatzen den heinean, gero eta zailagoa da berreskuratzea. Foruzaingoak dituen datuen arabera, 2015. urtean 819 lapurreta egin ziren Nafarroako etxebizitzetan. 2014. urtean, berriz, 761 salatu zituzten.

Lapurreta bat gertatzean, lehengo pauso gisa, salaketa jarri behar dute bizilagunek. Horren ondotik, aseguru etxera jo, eta gertatutako kalteen berri jakinarazi. Aseguru etxearen aditua lapurreta izan duen etxera joaten da, gertatutakoa berrestera, eta, horren arabera, jasotzen dira kalte-ordainak eta egiten dira beharrezko konponketak.

Kultura askatzeko jaialdia, seigarrenez

Kultura askatzeko jaialdia, seigarrenez

Edurne Elizondo

Jaialdien sasoia izan ohi da uda partekoa. Gazteek hamaika kontzertutara joateko aukera izaten dute hilabeteotan. Enpresa handiak izaten dituzte atzean halako ekinbideek, eta, kulturaren gainetik, negozioaren eredua nabarmendu ohi da, kasu gehienetan. Hori bazter utzi nahi izan dute Lizarran, ordea, eta, lortu ere, lortu egin dute azken bost urteotan. Kultura Askearen Aldeko jaialdia jarri zuten martxan 2011. urtean, eta, aurten, seigarrenez antolatu dute; gaur eta bihar izanen da, herriko Los Llanos parkean.

"Kultura ez da negozio bat; molde komertziala bazter utzi nahi dugu guk, eta kultura askearen alde egin, kulturaren esparruan lanean ari den bertako jendeari egiten duen hori erakusteko aukera emanez", azaldu du Ander Mazkiaranek. Lizarrako Gazte Asanbladako kidea da. Erakunde horrek hartu du, aurten, jaialdia antolatzeko ardura bere gain. Jaialdiak bere oinarriari eutsi dio, eta kontzertuak izanen dira, gaur eta bihar, egitarauko izar. Antzerkigintzari ere tokia egin nahi izan diote aurten antolatzaileek, halere. Virginia Senosiain aktoreak Que la muerte te acompañe bere ikuskizuna aurkeztuko du, hain zuzen ere. Hitzaldi bat antolatu dute Lizarrako Gazte Asanbladako kideek, halaber: herriko Pikutara kolektiboko kideak ariko dira, errepresioaren inguruan. Gainera, ohikoa denez, banatzaile alternatiboen azoka eginen dute, beren disko eta liburuak zabaltzeko aukera izan dezaten.

Aurtengo antolatzaileek beren ukitua eman diote jaialdiari antzezlanaren eta hitzaldiaren bidez. Ontzat jo du hori Andres Alonsok, Caracol Banaketak etxeko kideak. Jaialdia antolatzen aritu da Alonso, hasieratik. "Aurten, laguntzaile aritu naiz, batez ere", erran du. Jaialdiak urtetik urtera "berritzeko" izan duen gaitasuna nabarmendu du, eta azaldu du hori gertatu dela, neurri handi batean, antolatzaileen taldea aldatuz joan delako, hain zuzen ere.

"Zezen plazan egiten zituzten kontzertuak dira jaialdiaren aurrekari nagusia", gogoratu du Alonsok. "Azken urtean La Polla Records aritu zen, Oteitzako Aizkora 47 taldearekin. SGAEri [Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkartea] ez zitzaion deus ordaintzen, baina erakunde horretako kideak agertu ziren herrian. Dirurik gabe gelditu ziren antolatzaileak, eta kontzertuak egiteari utzi zioten herrian", azaldu du. Egoera horri erantzun nahi izan zion Kultura Askearen Aldeko jaialdiaren lehen aldiak, hain zuzen ere, 2011. urtean. "SGAE bazter utziko zuen jaialdia antolatu nahi genuen".

Gaztetxearen inguruko Ultima Alternativa izeneko kolektibo libertarioa hasi zen jaialdia mamitzen. "Lizarrako eta Lizarra aldeko hamasei talde inguruk egin genuen bat; batzordea osatu, eta jaialdia martxan jarri genuen".

Bigarren urtean esparrua zabalduz joan ziren antolatzaileak, eta Zaragozako eta Errioxako (Espainia) hainbat talderi eman zioten parte hartzeko aukera. Madrilgo hainbat ere izan dira Lizarran, azken urteotan. "Ezaugarri nagusia izan da beti SGAErekin ikustekorik ez duten taldeak aritu izan direla; guk sortzen ditugu gure abestiak, guk jotzen ditugu, eta guk banatzen ditugu; sormena da hemen kontua, ez dirua".

Ultima Alternativa kolektiboko kideek Caracol Banaketak etxeko kideen esku utzi zuten antolatze lanen ardura, hirugarren jaialditik aurrera. "Gaztetxeko jendea ere aritu da azken urteotan, baita inolako taldetan ez dagoen jendea ere. Edozein modutan, nahi duenak parte har dezake", zehaztu du Alonsok. "Hori da garrantzitsuena; jaialdi hau herriarena da; ez da inorena".

Alonsok nabarmendu du hasieratik aldarrikatu nahi duen mezuari eutsi diola. "Udan enpresa handiek egiten dituzten jaialdi horietako anitzetan jo ahal izateko ere ordaindu egin behar dute taldeek; gu horren kontra gaude". Irabazi asmorik gabeko ekinbidea da jaialdia. "Kontzertuak doan eskaintzen saiatzen gara; gastuak ordaintzeko taberna jartzen dugu. Irabazten duguna hurrengo urteko jaialdirako izaten da", azaldu du.

Gaztetxeak, 20 urte

Lizarran dena prest dute jada jaialdiaren seigarren edizioa martxan jartzeko. Kontent da Mazkiaran, Lizarrako Gazte Asanbladak hartu duelako ekinbide horri eusteko ardura. Gaztetxeko kideak dira batzar horretan. Mazkiaranek gogoratu du urrian hogei urte beteko dituela Lizarrako gaztetxeak, hain zuzen ere. "Azken boladan belaunaldi aldaketa bat izan da gaztetxean ere; jende berri asko sartu da".

Gauzak egiteko gogoz direla nabarmendu du Mazkiaranek. Hasteko, Kultura Askearen Aldeko jaialdia, gaur eta bihar.

Iritzia: Antzaratik antzarara

Izaskun Etxeberria Zufiaurre

Kartoizko kutxa batean aspalditxo gordeta genuen jolas-taula atera dugu. Urte askotako usaina zabaldu da. Lasaitasunaren usaina, konfiantzarena, inozentziarena… Ene! Noiztik ez gara jolastu? Aurtengo uda nahasiko arratsalde triste honetan ere langarra ari du, eta, gainera, freskatu egin du. Hau denbora, hau!

Haurretan bezala, mahai baten bueltan eseri gara, eta orduko haurren moduan hasteko irrikan gaude. Taula gogoan genuen baino pisutsuagoa da: egurrezkoa da! Gaur egungoak plastikozkoak dira-eta! Hoja del lunes egunkariko orri horituek ondo bilduriko ontzitxoak ere atera ditugu. Horietako batean dado pare bat dago, eta beste batean koloretako fitxa txikiak agertu dira.

Marrazkidun lauki-segida duen egitura biribila du jolasak. Lagun batzuek diote XII. mendeko tenplarioek sortu zutela Donejakue bidean oinarriturik. Burura datorkit Eunateko eliza zoragarria bere zortzi aldeko oina eta klaustroarekin. Eta beste batzuek gehitzen dute bidaia batera gonbidatzen duela jolas honek.

Egurrezko bidaia ludiko honetan zubirik zubi salto egin dezakegu, aurrera edo atzera; geldialdiak egin beharko ditugu, eta kontuz ere ibili beharko dugu oztopo eta tranpak baitaude bidean, hain zuzen ere, putzua, benta, kartzela, labirintoa; eta horiek guztiak gutxi balira, heriotza ere topa dezakegu ibilaldian.

Denok toki beretik abiatuz hasiera emango diogu bidaiari. Fitxak prest daude lehenengo laukian. Baita gu ere. Godalet barnean dado saltarien hotsa aditzen da. Ekin! Erori da lehenengo dadoa, eta jirabiran bia suertatu zaio puntuazio handiena lortua zuen lagunari, alegia, jolasean hasteko den lehenari. Bat eta bi. Kieto. Ontzi barneko dadoaren hotsa, atzera ere. Bosta tokatu zaio bigarren jokalariari. Bost! Antzaratik antzarara! Berriro nire txanda!

Ibilaldi honek gure oporraldia irudika lezake! Egia da. Antzaratik antzarara beharrean santutik santura kanta genezake, udaldiko Elizaren festarik festa-egutegiaren ibilbidea jarraituz: sanjoanetan hasi, sanpedroak, sanferminak, karmenak, santiago eta santanak… Ibilbide luzea. Musika, parrandak, bazkari eta afariak, algarak, musuak, koloreak.

Zubirik zubi kantatu du lagun batek. Bidaiari porrokatuendako salto ederra. Hemendik hara, handik hona. Auto, tren, hegazkin, bizikletaz. Mendizale, turista, boluntarioak. Plazerezko oporraldia. Plazerezko bidaiak.

Ordea, adi egon beharra daukagu gure bidean aurki ditzakegun putzu eta labirintoetan, benta edo kartzelan. Heriotza bera atera dakiguke gure bidera. Zorte-kontua izan da. Besterik gabe. Neurriz gaindiko mozkorraldiak, lapurretak, atzerapenak, istripuak, bortxaketak. Bortxaketa! Eraso sexista. Gure festa-giroaren hiztegian sartu beharreko hitz berriak! Tiroketak, leherketak… Zentzugabekeria!

Minezko oporraldia. Minezko bidaiak. Jeremy Bentham filosofo ingelesak idatzi zuen izadiak gizatasuna bi jauntxoren menpe utzi zuela: plazera eta mina. Zein gertu bata bestearengandik. Zein hari lausoak bereizten dituen. Zein arrazoik eraman dezake gizakia eromenera beste pertsona menperatzeko guztion plazerezko uneak bilatu beharrean. Izan ezazue, irakurleok, antzaratik antzarara, plazerezko laukietan ibiltzeko zoria; izan itzazue, irakurleok, plazerezko festa, bidaia eta oporrak!

“Nafarrek antzokia berena dela sentitzea nahi dugu”

“Nafarrek antzokia berena dela sentitzea nahi dugu”

Kattalin Barber

Musika, antzerkia, magia eta dantza izanen dira Tuterako Gaztanbide antzokiko agertokian, irailetik aurrera. Urteko lehenengo denboraldian 12.000 ikusle izan eta gero, gogoz daudela adierazi du Javier Gomez Tuterako Udaleko Kultura zinegotziak (Tutera, 1960).

Aurtengo denboraldia aurkeztu duzue, eta "borobila eta orekatua" dela esan duzue. Zergatik?

Denera, hemezortzi ikuskizun izanen ditugu. Pozik gaude, gainera, oraintsu jakin ditugulako lehenengo denboraldiko datuak. Antzokia 2011n ireki zenetik, marka ondu dugu. 12.000 ikusle izan ditugu, eta ia %70 beteta egon da denera. Hori asko da, eta nabarmendu nahi dut izan ditugula bertako ikuskizunak, Nafarroakoak, bai eta nazioartekoak ere. Denetarik eta denontzat. Denboraldi honetan, orekak horrela jarraitu behar du, eta osatu dugunarekin uste dut lortuko dugula. Baten batek esan digu maila jaitsi dugula, baina ez nago ados. Kontua da saiatzen ari garela ikusle berriak lortzen, eta familientzat ikuskizunak antolatu ditugu, adibidez. Ikuskizun onak eskaini nahi ditugu. Hau da, ez bakarrik entretenitzeko, baizik eta formakuntza lantzeko ere bai. Kulturak balio izan behar du pertsonak hezteko eta irizpide propioak izateko. Bide horretan gaude.

Zein ikuskizun nabarmenduko zenituzke denboraldi honetan?

Umorea garrantzitsua iruditzen zaigu, eta Faemino y Cansado izanen ditugu gurean. Umore surrealista darabilte haiek. Musikan, apustu handia egin dugu, eta toki desberdinetako musika ekarriko dugu. Alde batetik, Estrella Morente denboraldiko izarra izanen da. Baina Ken Zazpi taldea eta Coque Malla ere izanen ditugu. Aurten, hain justu, Tuterako Pedro III.a aztiak 25 urte beteko ditu ikuskizunak egiten, eta, haren eskutik, magia ikuskizun berezia izanen dugu. Cervantesen heriotzaren mendeurrena dela eta, La Cervantina antzezlana taularatuko du Espainiako Antzerki Konpainia Nazionalak. Horretaz gainera, La historia del rock musikala, Eloise opera, Pulgarcito antzezlana eta El lago de los cisnes etorriko dira gurera, besteak beste.

Hortaz, askotariko programazioa antolatu duzue, denetarik eta guztiontzat.

Bai, hori izan da gure helburua. Nabarmendu nahi dut Gaztanbide ez dela bakarrik tuterarrentzat, baizik eta eskualdeko guztiontzat eta Nafarroako guztiontzat, guztiona baita antzokia. Guztion artean ordaindu baititugu lanak. Nafar guztiek antzokia berena dela sentitzea nahi dugu. Gainera, hona etortzen dira Gaztela eta Leongo, Aragoiko eta Errioxako [Espainia] pertsonak. Leku estrategiko batean gaude. Gure eskaintza kulturala hobetzea gustatuko litzaiguke, baina, horretarako, laguntzak ezinbestekoak ditugu.

Historia korapilatsua izan du Gaztanbidek. 1936an ireki behar zuten, baina 1943ra atzeratu zuten zabaltzea. Azken boladan, hamar urtez egon da itxita.

Bai, 36ko gerra zela eta, ezin izan zuten lehenago ireki. Gero, 1950eko hamarkadan, eraikuntza lanak egon ziren, eta itxita egon zen. 2001ean, beste behin ere itxi zuten. Hamar urte iraun dute lanek. Hasieran, Nafarroako antzokirik handienetarikoa zen Gaztanbide. 1995. urtean, Tuterako Udalak erosi zuen.

Zergatik hainbeste urte obretan?

Egia esan, ez dakigu. Ez dakigu arazo politikoa izan ote zen, edo aurrekontu arazoa... baina kontua da hamar urte luzez itxita egon zela. Denbora horretan guztian, ikusle asko galdu ziren. Eta, orain, gure lana ikusleak berreskuratzea da. Itxita egon zen tarte batean Benjamin de Tudela institutuko antzokia erabiltzen zen. 500 pertsonarentzako lekua du, baina espazio eszenikoa ezin da alderatu. Obrek iraun zuten bitartean eztabaida handia egon zen. Hasieran, antzokia zinema proiektatzeko egokitzea aurreikusi zuten, baina, azkenean, ez zuten aurreikuspena bete. Egun, hainbat arazo tekniko direla medio, ezin dugu zinema proiektatu hemen. Egokitzea gustatuko litzaiguke, herritarrek eskatu digute, baina 400.000 euro inguruko inbertsioa egin behar dugu, eta, orain, ezin dugu. Laguntza behar dugu. Dena den, hona etortzen diren konpainia eta talde guztiek esaten digute oso ongi dagoela, eta oso eroso sentitzen direla hemen lanean.

Uste duzu zinema izateak bizia emanen liokeela antzokiari?

Bai, dudarik gabe. Horrela ere jarraitutasuna emanen genioke lekuari. Orain, ikuskizunak daudenean bakarrik irekitzen da antzokia. Hau ez da Barañaingo Auditoriuma bezalakoa. Han, langileak daude, eta irekita dago beti. Hemen, ikuskizunak ditugunean enpresa bat kontratatzen dugu, eta listo. Mantentze lanek 80.000 euroko kostua dute. Beraz, gure helburua antzokia ahal den gehienetan betetzea eta gastuak orekatzea da. Jendeak honetaz gozatzea. Zinema izateak bizia emanen lioke antzokiari.

Dena den, gero eta jende gehiago etortzen dela nabaritu duzue, ezta?

Bai. 2011tik, gero eta jende gehiago etorri da. Egia esan, joan den urtean ikusle gutxiago izan genituen; 16.000 ikusle urte osoan. Baina aurtengo lehenengo denboraldian bakarrik 12.000 lortu ditugu. Ez da zifra makala. Hortaz, bigarren denboraldiarekin urte borobila eginen dugu. Horretan lan egin behar dugu. Ikusleak lortu eta ikusle horiek antzokira etortzera ohitzea, kalitatezko ikuskizunekin eta neurrizko prezioetan.

Basamortutik mendira

Basamortutik mendira

Edurne Elizondo
Musika eta barre algarak. Ia ezin diote elkarri entzun, oihuka hitz egiten baitute, denek aldi berean. Kontent direla azaldu nahi dute. Polita dela herria, eta igerilekua maite dutela gehien. Gustuko dituztela Baztango paisaiak. Hain di...

Udak eramandako ohatzeak

Udak eramandako ohatzeak

Edurne Elizondo
Udako hilabeteek ekartzen ohi duten neurri bat da: Nafarroako Osasun Departamentuak hainbat ohatze kentzen ditu bere ospitaleetatik, oporrak hartzen dituztelako profesionalek, edo eraikinetan obrak egiteko profitatzen duelako administra...

Trena itzuli da eskualdera

Trena itzuli da eskualdera

Kattalin Barber

Desagertu zenetik 60 urte igaro diren arren, tren txikito deituriko Bidasoko trenbidearen oroitzapena ez da galdu bailaran. Irundik (Gipuzkoa) Elizondoraino egiten zuen bidea trenak. Trenbidearen ibilbideak bere horretan jarraitzen du, eta azken urteetan bide berde gisa egokitu dute, Behobia eta Doneztebe artean, hain zuzen ere. 1916an egin zuen tren txikito-k bere lehenengo bidaiarien bidaia, orain dela 100 urte hain justu, eta, gertaera hori gogora ekartzeko, erakusketa ibiltaria antolatu dute. Abendura arte eskualdeko hainbat herritan ikusgai egonen da. Uztailaren 31 arte, Lesakako Harriondoa kultur etxean izanen da.

Erakusketa Cederna Garalur elkarteko Baztan-Bidasoa Turismo Garapenak antolatu du, eta Euskotren/Euskal Burdinbidearen Museoaren eta Manuel Cariñenaren laguntzarekin osatu dute. Museoak utzitako panel informatiboek eta Cariñenaren bilduma pertsonalak ontzen dute erakusketa. Horien bidez, 40 urtez bizirik izan zen burdinbidearen historia kontatzen dute.

"Txikitatik gustatu zaizkit trenak niri. 7 urte nituela oparitu zidaten nire lehendabiziko trena, eta ordutik dut zaletasuna; ez dut galdu", azaldu du Cariñenak. 8 urte zituela bere lehenengo bidaia egin zuen tren txikito-n, Irundik Beraraino, hain zuzen ere. Azkeneko bidaia, berriz, 1956ko abenduaren 30ean egin zuen, itxi aurreko egunean, hain justu. "Makinista ezagutzen nuen, eta azken bidaia berarekin egitera gonbidatu ninduen, automotorrean. Izugarri gogoratzen ditut egun hartako guztiak, azken bidaia hura".

Adinean aurrera egin ahala, bere afizioak ere aurrera jarraitu zuen, eta lantegian zegoenean hasi zen tren geltokiak marrazten eta eraikitzen. Erakusketan ikusgai dago berak egindako Irungo Kostorbe geltokiaren maketa. Egun, 60 tren inguru ditu. Bidasoko trenbidearen milaka oroitzapen gordetzen ditu Cariñenak. Erakusketa egitea eta bildutako guztia uztea "plazera" izan da harentzat. Bere ametsa egia bihurtu du.

Cariñena Bidasoko trenbideko hainbat geltokitan egon zen itxi zituztenean, eta "denetarik hartzeko" aprobetxatu zuen aukera. "Langileen nominak, bidaiari txartelak, paperak... Aurkitu nuen guztia hartu nuen". Horrekin osatu du erakusketa. Azaldu du trenari zergatik esaten zioten tren txikito: "1931n aurreko trenak ekarri zituzten; motor propioa dute horiek, eta tren higiarazleak dira. Kontua da horiek bagoiak baino askoz txikiagoak zirela, eta hortik hartu zuen izena Bidasoko trenak". Bagoiek 20.000 tona inguru pisatzen zuten, eta automotorrek, berriz, 12.000 tona bakarrik.

1953ko uholdeek 400 metro bide inguru altxatu zituzten, eta trenbidea konpondu zuten arren, tren enpresaren egoera jasanezina zen. "Defizitarioa zen, bidaiari kopurua ez zen espero zuten bezain handia izan, eta itxi egin behar izan zuten", azaldu du Itsaso Tapia Baztan-Bidasoa Turismo Garapena erakundeko turismo teknikariak.

1956ko abenduaren 31n egin zuen bere bidea azken aldiz Bidasoko trenak. Behin betiko agurtu zuten. "Martxan 40 urtez bakarrik egon bazen ere, arrasto handia utzi zuen eskualdean; guztiok gogoratzen dugu". Orain, bide berdeak 39 kilometroko ibilbidea du, eta, Tapiak adierazi duenez, luzatzeko asmoa ere badute. Uda honetarako, gainera, ibilaldi gidatu bat antolatuko dute bisitari guztiei tren txikito-ren historia kontatuz.

Antolatu duten erakusketaren bidez, halaber, burdinbideak Baztan-Bidasoko eskualdean izan duen garrantzia nabarmendu nahi dute: "100 urte beteko diren honetan, une egokia da gogora ekartzeko eskualdean izan zuen eragina".

Herriz herri

Erakusketa Lesakan zabaldu zuten, ekainean, eta hilaren 31ra arte egonen da. Gero, abuztuaren 5etik 12ra bitartean, Etxalarren, eta abuztuaren 20tik 24ra, berriz, Donamarian. Doneztebera joan-etorria eginen du: abuztuaren 27tik irailaren 5era egonen da lehenik, eta, gero, azaroaren 10etik 20ra. Eratsunen, irailaren 8tik 11ra egonen da; Beran, irailaren 13tik 20ra; eta Igantzin, berriz, irailaren 23tik 25era. Sunbillan, irailaren 27tik urriaren 11 bitarte ikusi ahal izanen dute, eta, Baztanen, urriaren 15etik azaroaren 7ra. Zubietan, azaroaren 24tik 27ra egonen da. Abenduaren 2tik 4ra Iturenen izanen da. Bertizaranan abenduaren 7tik 18ra ikusi ahalko da, eta, azkenik, abenduaren 23tik 31ra, Elgorriagan.