“Etorri gurekin karrikara”

“Etorri gurekin karrikara”

Edurne Elizondo

Erantzunik jaso ez duten galderak nagusi dira, oraindik ere, Elhadji NDiaye senegaldarraren heriotzaren inguruan. Joan den astean zendu zen, urriaren 25ean, Espainiako Poliziaren esku. Erakunde horrek berak eman zuen heriotzaren berri. Chinchilla karrikako beren egoitzan hil zela erran zuten poliziek; ziegara eramateko zain eserita zegoela, arnasa ez zuela hartzen konturatu zirela. Biharamunean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak zabaldu zuen autopsiak ez zuela indarkeria zantzurik aurkitu. Azken egunotan, halere, gizona Arrotxapea auzoan atxilotu zuten uneko hainbat bideo agertu dira sare sozialetan, eta, hainbat lekukoren hitzek lagunduta, zalantzan jarri dute bertsio ofiziala, datu askorik ez baitu jasotzen.

Nafarroako Parlamentuak eta Iruñeko Udalak azalpenak eskatu dizkiote Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari Carmen Albari. “Kezka” agertu dute erakundeok, gertatu denari buruz, eta “argitzeko” eskatu dute. Gertatu dena argitzea nahi dute, halaber, Elhadji NDiayeren herrikideek. Manifestazioa antolatu zuten larunbatean, Iruñean, Black lives matter (beltzen bizitzak axola du). Bizitza da handiena lelopean, eta karrikan agertu zuten beren mina, eta, batez ere, beren amorrua. Protestan parte hartu zuen Beltxak. “Aski da! Ezin dugu horrela jarraitu. Ezin gaituzte horrela tratatu”. Ahotsa urratu zaio herrikidearen heriotzari buruz mintzatu denean. “Egunero ari dira gure kontra. Gertatu dena salatzen ari gara, eta poliziak ditugu atzetik. Baina ez gara isilduko”.

Esaldi motz batean laburbildu du Beltxak euren egoera: “Afrikaren arazo nagusia Mendebaldea da; herritarren %95 baino gehiago arrazistak dira, eta poliziak ere bai. Gaizkile bagina bezala egiten digute so”. Arbuioa sentitzen dute. Bakarrik daudela. Manifestazioan bakarrik direla sentitu zuten senegaldarrek. Bakarrik sentitzen dira, egunero. Iruñeko biztanle guztiei eskatu die Beltxak haiekin bat egiteko. “Benetan berdintasunean sinisten badute, etor daitezela gurekin karrikara”.

Informaziorik ez

“Gardentasunik eza izan da nagusi hasieratik; zurrumurruak zabaldu dituzte, informazio argirik eta zehatzik eman gabe”, salatu du SOS Arrazakeria eta Paperak Denontzat taldeetako kide Beatriz Villahizanek. Beltxak gehiago erran du. “Hainbat mediotan hildakoa bilakatu nahi izan dute errudun. Beltzak kriminalizatu nahi gaituzte”.

Elhadji NDiaye atxilotzeko arrazoiak ez dira argi. Arrotxapean geldiarazi zuten Espainiako poliziek, motorrean zihoala. Hainbat herritarrek egindako bideoetan lurrean agertzen da gizona, eta haren gainean hainbat polizia. Mugitu ere ezin zen egin. “Antza, hamar polizia behar dira beltz bat menderatzeko”, salatu du Beltxak. “Motorraren gainean ongi zegoen; ordubete luze pasatu eta gero, hilik zen. Karrikan hil zen. Ez zen poliziaren etxean hil. Han zirenek argi dute hori”. Hainbat lekukoren arabera, hain zuzen, Elhadji NDiaye “konorterik gabe” eraman zuten poliziek Arrotxapetik beren egoitzara.

“Gertatu denak agerian utzi du polizia eredua eta polizien lan egiteko moduak aldatu behar ditugula Iruñean eta Nafarroan. Ezin dugu onartu, gaur egun, aldaketaren garai honetan, heriotza bat gertatzea polizia etxe batean, eta benetan jazo denaz ia informaziorik ez izatea”. SOS Arrazakeriako kide Natalia Nilorenak dira hitzak. Poliziaren jarduera zalantzan jarri du, baina testuinguru zabalago bat eman nahi izan dio gertatu denari. “Hemen pertsona guztien eskubideak ez dira errespetatzen; ezta onartzen ere”.

Migratzaileei buruz ari da Nilo. Hamaika arrazoik bultzatuta, Elhadji NDiayek bezala, beren sorterria utzi eta honat etorri direnak. “Migratzea denok dugun eskubide bat baita”, nabarmendu du Nilok. “Gure bizilagunak dira, hiria partekatzen dugu, baina haien egoera administratiboak egunerokoa markatzen die. Poliziaren jazarpena sufritzen dute. Hori errealitate bat da Iruñean, bai eta Nafarroako bertze hainbat hiritan ere”.

“Zigorgabetasun esparruak badaude; paperean, denak berdinak gara legearen aurrean, baina errealitatea bertzelakoa da. Migratzaileek eta haiekin lanean ari direnek egunero sufritzen dute errealitate hori. Bertzeontzat, Elhadji NDiayeren heriotzaren gisako gertaerak jazotzen direnean lehertzen da, gure begien aurrean, errealitate hori. Tristea da”, gaineratu du Sare Antifaxistako Eduardo Gonzalezek.

Estereotipoek eta aurreiritziek gizartean duten indarra agerian utzi du Villahizanek. “Putzu batean dagoen lokatzaren gisakoak dira estereotipo eta aurreiritzi horiek; putzuaren beheko aldean egon ohi da beti, baina, tarteka, norbaitek ura mugitzen du, eta putzu osoa uhertu egiten da”.

Ura mugitzen ez denean ere, lokatza hor dago. Horixe nabarmendu du SOS Arrazakeria eta Paperak Denontzat elkarteetako kideak. Hau da, egunerokoan arazo larriak gertatzen ez direnean ere estereotipoek indarrean jarraitzen dutela. “Errotuta dago, adibidez, migratzaileak eta ijitoak delinkuentziarekin lotzen dituen estereotipoa”.

Horren atzean “asmo garbi bat” badela nabarmendu du Villahizanek. “Finean, halako estereotipoek lortzen dutena da gure eta bertzeen arteko aldea zehaztea. Hau da, ez ditugu bertze horiek gure kidetzat hartzen, ez ditugu gure talde berekotzat hartzen”. Halako egoeren aurrean egoera administratibo irregularra duten migratzaileak “ikusezin” bilakatzen direla gaineratu du Villahizanek. Hori da aurrera egiteko erabiltzen duten estrategia.

Migratzaileen eguneroko errealitate horrek hainbat esparrutan badu eragina. “Erakunde publikoek duten ardura agerikoa da”, erran du Nilok. Arlo horretan, “erroko arazo nagusietako bat” da migratzaile anitzek Nafarroan botoa emateko eskubiderik ere ez dutela, SOS Arrazakeriako kideak nabarmendu duenez. “Hori kontuan hartuta, nork eginen ditu legeak botoa ematerakoan ikusezin bilakatzen den sektore baten eskubideen alde?”, galdetu du Nilok. Abiapuntuan “desoreka handia” dagoela erantsi du. “Batzuen eskubideak onartu ere ez ditugulako egiten”, berretsi du.

Nilorekin bat egin du Villahizanek. Gehiago erran du: “Agerikoa eta oinarrizkoa bada ere, errepikatu behar dugu, behin eta berriz, eskubideak denontzat ez badira, pribilegio bilakatzen direla. Onartu behar dugu gaur egun pribilegio sistema bat dugula, eta horiek lortu ditugula bertzeak zapaltzen. Bada garaia pribilegio horiek bazter uzteko, suntsitzeko. Eskubideak eraikitzen hasi behar dugu”.

Erakunde publikoen agendaren erdigunean jarri nahi dute auzia SOS Arrazakeriako kideek. Baina gizarte mugimenduetatik ere zer egin eta zer hobetu badela nabarmendu dute. Autokritikarako beharra jarri dute mahai gainean. “Gure ehun sozial eta politikoan ia ez dago militatzen duen migratzailerik. Horrek ez du deus onik erraten gure ehun sozial eta politikoari buruz; agerian uzten du huts egiten ari garela, zerbait gaizki egiten ari garela”, erran du Nilok.

“Nire ustez, langile prekarizatuenen egunerokotik aldendu egiten dira gure gizarte mugimenduak”, erantsi du SOS Arrazakeriako kideak. Argi du bertzeen eskubideez hitz egiten dugunean diskurtsoak huts egiten duela. “Ez garelako sarea osatzen ari berdintasunean. Zuriek ezin dute beltzen eskubideen inguruko diskurtsoa eraiki; gizonek ezin dute emakumeena osatu. Elkarrekin eraiki behar dugu, berdintasunetik abiatuta”.

Baikor izateko “zirrikituak” badirela erantzun du Villahizanek, halere. “Hipotekek kalte egindakoen plataformetan erabat murgildu dira migratzaileak; etxeko langileek elkarteak osatu dituzte; eta kale saltzaileek ere sindikatua osatu dute”. Talde horiek guztiak batzen dituen ezaugarria zein den argitu du Nilok: “Horietan guztietan protagonistak dira taldeotako ardatz; hau da, ez du inork haien ordez hitz egiten. Haiek hartu dute hitza”.

Kide bati entzundako adibidea gogoratu du Nilok. “Kontua da denok txalupa berean garela konturatzea. Gauza da batzuek arrauna badutela, baina bertze batzuek ez. Denok txalupa berean garela onartzen badugu, ordea, denok arraun egiteko gai garela bermatu beharko dugu, aurrera egiteko”. Gizarteak migratzaileak biktimatzat edo gaizkiletzat jotzeko duen joera salatu du Nilok. Eta “elkarrekin eraikitzeko” beharra berretsi du.

Antzeko ideia nabarmendu nahi du Beltxak, herritarrak bat egitera deitzen dituenean. Karrikan egoteko urratsa egin dute egunotan senegaldarrek, hitza hartu dute beren eskubideen alde, eta argi erran diete iruindarrei: “Etorri gurekin karrikara”.

Elhadji NDiayeren heriotzak eragindako hamaika galderek erantzunik gabe jarraitzen dute, oraindik ere. Lerrook idatzi bitartean, hain zuzen, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari Carmen Albak ez du azalpenik eman Espainiako Poliziaren esku zegoen senegaldarraren heriotzari buruz.