Iritzia: Heldu diren ika-mikak

Alkaterik gabeko mezak. Espainiako Poliziaren erakusketa tokiz aldatzeko saialdia. Ikurrina txupinazoan. Spider-Manen elastikoa. Abel Azkonaren ostia sagaratuak. Baltasar belztua beltza izateko udal eskaera. Maider Beloki zinegotziari egin ez zioten etilometria proba.

Iruñeko Udalean aldaketa gauzatu zenetik, erregimen zaharreko indar faktiko eta mediatikoak giharra erakusten ari dira eta edozein gai baliatzen dute Joseba Asiron alkatearen eta haren sostengatzaileen kontra jotzeko. Eta "edozein gai" diogularik "edozein gai" diogu. Gauzak horrela, eta orain arteko polemiken maila eta nondik norakoak ikusita, heldu diren ika-mikak aurreikusten ausartuko gara.

Esku zikinak. Martxoaren idusetan edo, Joseba Asironi zer bururatuko eta Baluarteko plazan dagoen terrorismoaren biktimen aldeko eskultura bi metro mugitzea, trafiko seinale batek itzal egin ez diezaion. AVT elkartearen kereila Espainiako Auzitegi Nazionaleraino ailegatuko da eta Asironek dimisioa emateko eskaerak 5.437 sinadura bilduko ditu Change.org plataforman.

Urrezko sarraila. Apiril aldera, lapurrak sartuko dira Joxe Abaurrea Hirigintza zinegotziaren trastelekuan. Abaurreak sarraila aldatu behar izanen du; baina bere etxeko komunitateari deus galdetu gabe, zilar koloreko sarraila jarri beharrean urre kolorekoa jarriko du, UPNren hitzetan, "jauntxokeria erakustaldia eginez" eta "bizilagunen arteko bizikidetza nahita gaiztotuz".

Euskararekin tematuta. Maiatzean, Geroa Baik Iruñeko udal gobernu taldean sartzea erabakiko du eta, mahaiaren inguruan esertzeko astirik eman gabe, Itziar Gomez zinegotziak eskatuko du Iruñea UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik ateratzeko. EH Bilduk, Aranzadik eta Ezkerrak eskaera horri entzungor eginen diotenez, handik 17 minutura, Geroa Bai gobernu taldetik aterako da eta bere botoak UPNkoei eta PSNkoei batuko dizkie UEMAtik ateratzeko mozio bat aurrera ateratzeko. Mozioa gaztelania hutsez idatziko dute.

Iruzur fiskala. Ekaineko egun malapartatu batean, Patricia Perales zinegotziak erosketak eginen ditu bere etxe ondoko BM supermerkatu gipuzkoarrean eta ez du ordainketa tiketa hartuko. PSNk "diru beltzarekin ordaintzeko ohitura" izatea leporatuko dio Peralesi.

Cuencari begira. Iruindar zintzoen haserrea piztuko du Armando Cuenca Aranzadi taldeko zinegotziak irailean, Batasunaren Pribilegioaren prozesioan, aurreko urteko Spider-Manen elastikoa erakutsi beharrean Green Lantern-en bat jantziko duelako. "Kontu identitarioekin itsututa egotea" leporatuko dio oposizioak Cuencari.

Isunen gainetik. Urrian, Joxe Abaurreari trastelekutik lapurturiko bizikleta bat gaizki aparkatuta agertuko da San Frantzisko plazan. Garabiak Udalaren gordailura eramanen du bizikleta, baina Abaurreak ez du isuna ordainduko eta, PPk udaletxean ez duen zinegotziaren aburuz, "azken urteetako influentzia-trafikorik handiena" azaleratuko da.

Olentzero etnizista. Abendu bukaeran, Joseba Asironen taldeak ordenantza berria kaleratuko du, Olentzero segizioak arautuko dituena. Bertzeak bertze, Olentzerorena egin behar duten gizakiek gutxienez euskararen B1 hizkuntz profila izan behar dutela ezarriko du. Oraingoan, (azken egunetan jendez beteriko) auzoetako jai batzordeek joko dute Udalaren kontra.

Zerga erreforma, onartuta

Zerga erreforma, onartuta

Hurrengo bi urteetan 127 milioi euro biltzea espero du Nafarroako Gobernuak zerga erreforma horri esker. Gaur osoko bilkuran aldaketaren aldeko indarrek onartu egin dituzte Errenta, Sozietate, Ondare eta beste hainbat zerga aldatzeko foru legeak. UPNk, PSNk eta PPk kontra bozkatu dute.Berritasunetako bat da Erregaien gaineko Zerga (24 zentimo litroko), eta horri esker beste 16 milioi euro inguru biltzea espero du...

“Eguberrietan zabaltzen den mezu nagusia da erosi egin behar dugula”

“Eguberrietan zabaltzen den mezu nagusia da erosi egin behar dugula”

Iruñeko Alde Zaharreko Eguberrietako argietatik urrun, jai horrekin lotutako bertze azoka batek zabaldu zituen ateak joan den asteartean: Emausko Trapuketarienak. Bigarrenez jarri dute martxan, aurten, Arga ibaiaren karri- kan duten Triki Traku dendan. Goiz eta arratsaldez egonen da zabalik, hilaren 31 bitarte. Salmentaz harago, egunotako kontsumoaren inguruko gogoeta bultzatu nahi dute trapuketariek azokaren bidez. Hori nabarmendu du Idoia Etxeberria erakundeko kideak (Iruñea, 1975), eta azokara deitu ditu herritarrak. Jostailu bat baino gehiago eros dezaten.

Zein da prozesua, jostailuak jasotzen dituzuenetik salgai jartzen dituzuenera arte?

Urte osoan jasotzen ditugu jostailuak, eta anitz, gainera. Horregatik, urte osoan egiten dugu lan Eguberrietako azoka hau prestatzeko. Garai honetan jasotzen dugu jostailu gehien, hain zuzen. Etxean tokia egiten dute gurasoek haurrentzako jostailu berriak jasotzeko!

Horrek erakusten du gehiegi erosten dugula?

Anitz erosten dugu, bai; gehiegi. Ez dugu datu zehatzik, baina ikaragarria da gure dendetara egunero ailegatzen den jostailu kopurua. Nik, zehazki, jostailuen arloan egiten dut lan. Horretarako nago, bakarrik, eta estu ibiltzen naiz.

Jostailuak jaso, eta zer bide egiten dute apaletara ailegatu baino lehen, beraz?

Jasotako jostailu guztien artean azokarako nahi ditugunak hautatzen ditugu lehendabizi. Gero, bertze prozesu bat hasten da: ongi funtzionatzen dutela ziurtatu, garbitu, moldatu egiten ditugu. Apalean txukun-txukun jartzen ditugu. Kutxa bertzerik ez dute falta.

Zer-nolako produktuak dituzue?

Adin guztietarako jostailuak ditugu alde batetik, eta mahai jokoak eta haurrentzako liburuak bertzetik, bai eta bildumazaleentzako produktuak ere. Panpina zaharrak eta gisakoak. Bertze atal batean, Playmobil eta Legoak ditugu. Arrakasta handia izaten dute. Legoko piezak, aurten, pisura salduko ditugu. Haurrek gustuko dute pieza horiekin nahi dutena eraikitzea. Azkenik, mozorroak ere baditugu, helduentzat eta haurrentzat.

Erran duzu jostailuek kutxa bertzerik ez dutela falta. Jostailu horien atzean pilatzen den hondakin kopurua ere salatu duzue, hain zuzen.

Bai, ikaragarria da jostailuek uzten duten arrastoa. Hainbat motatako plastikoak, kartoiak, pilak... Sekulakoa da. Urtean pertsona bakoitzak 1,5 kilo zabor sortzen omen du; Eguberrietan, berriz, bi kilo; eta kopuru horren erdia dira jostailuak eta gisakoak biltzeko erabiltzen dituzten kartoiak eta plastikoak, hain zuzen ere.

Kontsumo hori bultzatu egiten dute hainbat esparrutan; telebistako iragarkien bidez, adibidez. Zer deritzozu?

Egunotan zabaltzen den mezu nagusia hori da, bai. Erosi egin behar dugula. Ameriketako Estatu Batuetatik ekarri duten Black Friday-ren gisakoekin ere helburua hori da. Dendetan hurrengo erosketetan merkeago erosi ahal izateko txartelak ematen dituzte, eta, horrela, kontsumoaren gurpil zoro horretan harrapatzen zaituzte. Ez hori bakarrik. Jostailu dendetako katalogoak zuzenean ematen dizkiete gurasoei ikastetxeetan, adibidez. Eskoletako ateetara joaten dira. Hori ikaragarria da. Haur txikiek telebistan edo ematen dieten aldizkarian ikusten duten hori nahi dute. Eta zaila izaten da jostailu batek ekartzen duen guztia azaltzea ume txiki bati.

Hezkuntzarako tresna bat ere izan daitezke?

Hala da. Balio jakin batzuk bultzatzeko balio dezakete. Ez da gauza bera denda handi batean erostea jostailu bat, edo hemengo bat oparitzea.

Jendeari kostatzen zaio bigarren eskuko jostailuak erostea?

Bai, herritar anitzi kosta egiten zaie, oraindik ere. Hala ere, gure azokan bertze dendetan aurki ez daitezkeen gauzak ere baditugu, eta horrek erakartzen du jendea. Pisura salduko ditugun Legoak dira adibiderik garbiena. Iaz egin genuen lehendabizikoz, eta jende anitz etorri zen.

Zer eskaintzen du hemengo jostailuak?

Hemengo jostailuen atzean, finean, Emausko Trapuketariak erakundea osatzen dugun 220 pertsonak gaude. Gure jostailuek, ondorioz, bertze pisu sozial bat ere badute. 220 pertsona ari gara lanean; 220 lanpostu duin ditugu. Lanpostu batek ez du bakarrik soldata bat ekartzen; lanak sozializatu egiten zaitu; paperak lortzeko aukera ematen ahal dizu; eta lagunak eta lankideak ematen dizkizu.

Zaila da mezu hori zabaltzea?

Ez da erraza haurra ohartzea zer dagoen jasotzen duen jostailuaren atzean. Baina Saratsan dugun egoitzara ere etortzen dira ikastetxeetako umeak; ezagutzen gaituzte; eta harritu egiten dira jasotzen ditugun gauzekin eta egiten dugun lanarekin. Gustuko dute.

Gaztetxe baten lehen urratsak

Gaztetxe baten lehen urratsak

Bihar beteko dira bi aste ehunka gaztek, Berpizten mugimenduaren ekinbidez, Iruñeko Compañia kaleko eraikin bat okupatu zutenetik. Ordutik, bertan da Iruñeko gaztetxea. Okupazioak joko politikoaren lehen lerroan jarri du gazteen lokal autogestionatuei buruzko eztabaida, eta, hori dela eta, era guztietako jarrerak azaleratu dituzte alderdi politikoek.

Nasuvinsa Nafarroako Gobernuaren menpeko enpresa publikoa da eraikinaren jabe. Hortaz, Uxue Barkosen gobernuari dagokio, azken finean, okupazioari nola erantzun erabakitzea. Joan den astean, auzia negoziazioaren bidez konpontzeko eta indarrik ez erabiltzeko eskatu zuen Ahal Dugu-k Nafarroako Parlamentuan. Ganberak, ordea, atzera bota zuen asmoa: kontra bozkatu zuten UPN eta PPk, alde EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak, eta abstenitu egin ziren Geroa Bai eta PSN. Erabakiak, beraz, gaztetxearen etorkizuna zaildu dezake.

Edonola ere, alderdien eztabaida politikotik harago, lanean jarraitzen dute gaztetxean dozenaka gaztek. Egoeraz kontziente dira, baina ez dute horregatik proiektua alboratzeko asmorik. "Hasieratik izan dugu hustearen aukera presente", dio Ibai Navarro gaztetxeko kideak, "eta segurtasun neurriak hartu ditugu, egoera hori gertatuko balitz prest egoteko". Edonola, Saioa Lekunberrik dioenez, "printzipioz ez dugu oraindik husterik espero".

Okupazioaren egunetik bertatik ari dira gazteak Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen, eta, hain zuzen ere, negoziazio horiei eutsi nahi diete, auziari konponbide bat emateko. "Elkarlanean puntu komun batera ailegatzea da gure helburua, gure proiektua garatu ahal izateko puntu batera iristea", dio Navarrok. Alde horretatik, prest daude bestelako proposamenak aztertzeko, eta ez diote aterik ixten beste lokal batzuetara mugitu ahal izateko aukerari. "Nahiz eta lekua ez izan garrantzitsuena, argi dugu gure proiektua garatzeko espazio bat behar dugula. Hori posible litzatekeen espazio bat eskainiko baligute, eta gure batzarrak onartuko balu, ez legoke arazo handirik", dio Navarrok.

Bitartean, ordea, Compañia kaleko lokalari itxura ematen jarraitzen dute. "Gure proiektua aurrera eraman ahal izateko lekua egokitzen ari gara", dio Navarrok. Egunero izaten dira auzolanak eraikinean: hezetasunak eragindako kalteak konpontzen hasiak dira; zementuz estali dituzte paretetako zuloak; eta pintatu dituzte hainbat gelatako hormak ere. Gainera, espazioa nola banatu ere aztertzen hasiak dira, lokalak izango lituzkeen erabilerak kontuan hartuz.

Eraikinaren inguruko bizilagunekin lehen harremanak egiteko ere baliatu dituzte gaztetxeko kideek lehen bi aste hauek, Lekunberrik dioenez: "Dinamika ezberdinak prestatzen ari gara, eta astero bilerak egingo ditugu bizilagunekin. Compañia kalea nahiko lasaia da, baina azken egunetan jende asko pasatu da, eta kalea okupatu dugu. Beraz, eraikin barnera sartzea da gure asmoa, eta bizilagunekin harremanak ongi lantzea". Dioenez, "denetariko" iritziak jaso dituzte orain arte: "Kexa batzuk, eta baita gauza positiboak ere". Eta, Navarrok dioenez, "kexei ahal bezain pronto eman zaie buelta, oso konkretuak baitziren". Argi du inguruko auzokideekin harreman ona izateak duen garrantzia: "Komunitate batean bizi gara; haiekiko errespetua izan behar dugu, eta haiekin batera hainbat arau adostu. Horretan gaude".

Zazpi hilabeteko bidea

Aurtengo ekainean abiatu ziren gaztetxea lortzeko lehenengo batzarrak, Navarrok gogoratu duenez: "Orain dela zazpi hilabete hasi ziren biltzen Alde Zaharreko hainbat pertsona, gaztetxe bat lortzeko. Proiektua handituz joan zen, eta azkenean kolektibo eta leku askotako jendea bildu da haren inguruan". Lekunberriren iritziz, denborarekin egitasmoa "izaera zabalagoa hartuz joan da, eta honezkero ez da Alde Zaharreko proiektu jakin bat. Askotarikoagoa da gaur egun".

Ekainetik orain arteko bidean, asteroko batzarrak egin ditu mugimenduak. Tarte horretan proiektua "zehaztea" izan da eginkizun garrantzitsuenetako bat. Alegia, gaztetxearen izaera eta helburuak definitzea. Eta, Lekunberrik dioenez ,"malgua da" proiektu hori, "egokituz doalako, ekarpen berriak gehituz". Orain, espazioa eskuratuta, "prozesua beste aro batean" sartua dela uste du gaztetxeko kideak. Eta pozik mintzo da, "askoz jende gehiago ari delako biltzen, jende berria". Horregatik, "batzar forma berri bat hartzen ari" dela uste du.

Paper gainean idatzitako egitasmo hori praktikara eramatea izango da hurrengo aste eta hilabeteetako erronka. Gaztetxea "jendarte eraldaketa sakon eta zabal baterako" tresna bilakatzea, alegia. Eta bide horretan deia egin diete gaztetxeko kideek gizarte mugimenduetako kide eta kolektiboei, "proiektuan modu aktiboan parte hartu dezaten". Izan ere, Navarrok dioenez, okupazioak "ilusio handia" piztu du herri mugimenduko jendearengan. "'Bazen garaia' da nik gehien entzun dudan esaldia".

Ikusteko dago zeintzuk izango diren gaztetxearen hurrengo urratsak. Eta ikusteke dago zein izango den instituzioen erantzuna ere. Oraingoz, Compañia kaleko eraikinean geratzeko asmoari eutsi diote, eta irmo defendatzen dute okupazioaren alde egindako hautua. Izan ere, Lekunberrik dioenez, "proiektua instituzioetatik at garatzeak autonomia ematen dio proiektuari berari". Eta Navarrok zera gehitu du: "Bada tempo kontu bat ere: ikusi izan dugu nola luzatzen diren denboran instituzioek utzitako lokalen esperientziak".

Edonola ere, eta oraingoz okupatutako lokalean geratzeko asmoa agertuta ere, argi utzi dute: espazio fisikoa ez da garrantzitsuena. Lekunberrik azaldu du kontu hori: "Oinarritzat hartu ditugun balioak gizartera hedatzea da gure helburua. Toki honetan balitz, primeran, baina batez ere proiektua garatzea da interesatzen zaiguna". Eta bide horrek, zehaztu dutenez, toki batean zein bestean, aurrera jarraituko du.

Proiektu batentzako tokia

Gaztetxe bat lau pareta baino ez lirateke, barruan egiten denagatik ez balitz. Ideia hori oinarri, edukiari eman nahi dio garrantzia Berpizten mugimenduak. Egitasmo bat prestatu du, gaztetxean martxan jartzeko. Txosten batean bildu ditu proiektu horren lerro nagusiak. Hauexek dira:

EREDU ALTERNATIBOAK

"Diruan oinarritu beharrean pertsonengan oinarritutako planteamendu sozioekonomikoak" jarri nahi ditu martxan gaztetxeak, "perspektiba ekofeministatik" abiatuz, betiere.

KULTURA ETA AISIALDIA

Kultur arloan ere eragin nahi du guneak, "herri klaseetatik abiatuko den eredu sortzailea" eta "merkatuaren logikatik haragoko kultur proiektuak" bultzatuz.

HARREMAN SOZIALAK

Harremanak sustatzeko gune ere bilakatu nahi dute gaztetxea, "komunitatean, elkartasunean eta elkarren ikasketan" oinarrituz. "Bazterketarik gabeko" eredu bat jarri dute mahai gainean.

PRAKTIKA FEMINISTA

"Jendarte heteropatriarkalari aurre" egin eta "harremanak, ardurak eta funtzioak sexuagatik, generoagatik edo aukera sexualagatik baztertu gabe" sortzea da beste xedeetako bat. Emakumeak "ahalduntzeko" espazioa ere bilakatu nahi dute gaztetxea.

EUSKARA

Gaztetxeak "euskalduna izan behar" duela uste dute gazteek, eta, "espazioan euskararen erabilera sustatzeaz" gain, haren "balio soziala mahai gainean jarri eta ezagutzen ez dutenen ikasketa prozesua erraztu" nahiko lukete.

LURRAREN DEFENTSA

"Ekoizpen, kontsumo eta bizi ereduen inguruko" hausnarketa bultzatu nahi du gaztetxeak. Era berean, egitasmo "antiespezistak" sustatuko ditu.

TOPALEKUA

Alde Zaharreko auzokideen artean "nagusi den inkomunikazioari" aurre egin nahi dio gaztetxeak, eta "elkarren babeserako praktikak" sustatu. Ideia edo esperientzien "trukerako plaza" bilakatu nahi dute gaztetxea.

HORIZONTALTASUNA

Antolaketari dagokionez, "batzorde bidezko sistemaren eta horizontaltasunaren" alde jo dute kideek. Autoantolakuntzaren eta autogestioaren beharra nabarmendu dute.

ANTIMILITARISMOA

"Estatu polizialari" eta "errepresio judizialari" aurre egingo dion eremutzat jo dute gaztetxea, "inposizioa eta indarraren logika" baztertuko dituen lekutzat.

KULTUR ANIZTASUNA

Iruñea "jatorriz eta kulturalki askotarikoa" dela jakinda, gaztetxea errealitate horren isla izatea nahiko lukete. "Aniztasun kulturala aberastasun gisara" ulertzen dute, "edozein eraso arrazista, xenofobo edo baztertzailearen aurrean antidotoa izan dadin".

BELAUNALDI ARTEKOA

"Adin guztietarako" espazioa osatu nahi dute. Garrantzia jarri dute ume eta nerabeen parte hartzean; zehaztu dute haien rola ezin dela "dekoraziora" mugatu. "Haiei eragiten dieten erabaki guztietan protagonista izan beharko lukete".

Bizitza oso bat sakelakoan

Bizitza oso bat sakelakoan

Datu hotzen atzean ezkutatzen den errealitatea agerian utzi nahi izan dute. "Eta datu hotzek diote 60 milioi errefuxiatu daudela munduan", erran du Pablo Toscok. Haietako bat da Maamun Al-Wadi siriarra. Jordaniako Zaatari errefuxiatuentzako kanpalekuan bizi da. Sakelako telefonoak konpontzeko eta saltzeko denda txiki bat du han. Telefono horietan gordetako irudien eta memoriaren zaintzaile da, neurri batean. "Errefuxiatuek dena utzi behar dute atzean etxetik alde egiten dutenean. Bizkar-zorroan sakelakoa eta kargagailua bertzerik ez dituzte sartzen", azaldu du Jorge Fernandezek. Atzean uzten dutenaren eta zain dutenaren arteko zubi bilakatzen dira gailu horiek. Haien oroitzapenen eta nortasunaren gordeleku. Telefono horiek jasotakoa baliatu dute District Zero dokumentala osatzeko, hain zuzen ere. Toscok eta Fernandezek zuzendu dute, Pablo Irabururekin batera, eta Iruñean aurkeztu berri dute.

Oxfam erakundea eta Europako Batzordea dira District Zero lanaren ekoizle, eta Arena eta Txalapart etxeek filmatu dute. "Munduko errefuxiatuen errealitatea ikusgarri bilakatzeko", nabarmendu du Fernandezek. Nahita egin diete ihes gerrak eragindako dramaren irudi gogor eta gordinei. "Gerraren errealitate hori hor dago, eta filman ere ikus daiteke, baina bertze alderdi batetik eutsi nahi izan diogu gaiari".

Errefuxiatuentzako munduko edozein kanpalekutan gerta daitekeena eraman nahi izan dute zuzendariek pantailara, hain zuzen ere. Eta, horretarako, unibertsalak diren emozioak eta sentimenduak baliatu dituzte; sakelako batean edozein errefuxiatuk gordetzen ahal dituen irudiek eragiten dituzten emozioak eta sentimenduak, alegia.

"Etxea atzean uzteak, zure herria utzi behar izateak, maite dituzun horiengandik urrundu behar izateak berdin ukitzen eta hunkitzen gaitu zu, ni eta munduko bertze puntan dagoen norbait", azaldu du Toscok. Zama hori dute District Zero dokumentalean ageri diren errefuxiatuek, eta munduko errefuxiatu guztien ordezkari bilakatzen dira: "Dena galdu dute; eta nola edo hala egin behar dute aurrera", erantsi du Toscok.

Aurrera egin behar horrek agerian uzten du errefuxiatuen ezaugarri nagusia, hain zuzen ere. "Erresilientzia. Bizitzari eusteko indar ikaragarria dute, eta kanpalekua normala ez den normaltasun esparru bilakatzen dute. Sorterrira lotuta daude, nolabait, baina bidean aurrera jarraitzen dute. Maamunek berak kanpalekuan ikasi zuen sakelakoak konpontzen", nabarmendu du Jorge Fernandezek.

Kamera jarri, eta grabatu

Errefuxiatuen egunerokoa islatu nahi du filmak. Eta, hori lortzeko, kanpalekuan bizi direnen arteko solasaldiak grabatu dituzte. Maamun Al-Wadi bilakatu dute protagonista, eta haren denda, berriz, errefuxiatuen topagune. "Guk ez dugu solasaldietan parte hartu. Ez ditugu zuzendu nahi izan. Anitzetan, bulegora ailegatu arte ez dugu jakin zertaz ari ziren. Nahita egin dugu hori; kamera jarri, eta haien arteko harremana grabatu nahi izan dugu, bertzerik ez".

"Grabatzen ari ginenaren gainean inolako kontrolik ez genuen. Kamera martxan jarri, eta ez genekien zer gertatuko zen. Eta hori da film honek duen ederrena", nabarmendu du District Zero laneko soinu arduradun Miguel Garciak.

Solasaldi horietan agerian gelditzen da egunerokoaren gogortasuna; Siriako oroitzapenak mahai gainean jartzen dituzte errefuxiatuek, atzean utzitako senideen eta tokien argazkien bidez; baina ez hori bakarrik. Jolasean ari diren edo eskolara joaten diren haurren bidez, itxaropena ere saiatzen da bere tokia hartzen kanpalekuan,

Argazkiek ere pizten dute itxaropen hori, eta irribarrea marrazten dute errefuxiatuen aurpegietan. "Batez ere, Maamunek inpresora bat erosi, eta argazki horiek paperezko irudi bilakatzen dituenean", azaldu du Fernandezek. Iruñean, filma hasi baino lehen, argazkia egin zuten zuzendariek eta lantaldeko gainerako kideek. "Maamuni bidaliko diogu, irudi hau ere gorde dezan", erran zuten zuzendariek.

Fernandezek argi eta garbi erran du: "Errefuxiatu batengana joan ginen, eta lagun bat utzi dugu han". Dokumentala egin duten pertsonentzat ere sakelakoa bilakatu da Zaatari kanpalekuan direnekin harremanetan jarraitzeko modu.

Toscok dokumentala egitera joan aurretik ezagutu zuen kanpaleku hori. "Lehendabizikoz joan nintzenean hesirik ez zegoen". Orain bai. "Han sartu eta espetxe batean sartzen ari zaren sentsazioa duzu", erran du zuzendariak. Zaatari kanpalekuan Ismael Ibrahim Albes errefuxiatu palestinarraren laguntza izan zuten dokumentalaren egileek. "Zubi lana egin zuen siriarren eta gure artean".

Iruñean aurkeztu baino lehen, Jordanian izan zen Tosco film hori erakusten. Maamun Al-Wadik parte hartu zuen aurkezpen hartan, bai eta dokumentaleko bertze protagonista Karim Rajabek ere.

Amanen egin zuten Jordaniako aurkezpena. "Hango testuinguruak ez du hemengoarekin zerikustekorik. Jordanian, ofizialki, 600.000 errefuxiatu daude. Egoerak gainezka egin du, eta sortu dira tentsioak".

Mazedonian eta Serbian ere izan da Tosco azken asteotan, errefuxiatuen bidea jarraitzen. Europako agintariek erakutsi duten jarrera kritikatu du zuzendariak. "Duintasun kontu bat da hau. Errefuxiatuekin hitz egin dut, eta inork ez du karitatetik nahi; sorterritik ihes egin dute gerrak bultzatuta. Lan egin nahi dute, haurrak eskolara eraman, ez dute oparirik nahi. Berriro diot, duintasun kontu bat da, eta Europa ez da ari ailegatzen ari diren errefuxiatuak duintasunez tratatzen".

Gerra ez da amaitu. Errefuxiatuen kopuruak gora egiten jarraitzen du. Mundu osoan. Eta hori gertatzen den bitartean, gaur-gaurko dokumentala izanen da District Zero. Iruñeko aurkezpena hasi baino lehen, halaxe azaldu zien Jorge Fernandezek ikusleei: "Orain ikusi behar duzuena, gaur gertatzen ari da; eta bihar ere gertatuko da; eta etzi...". Errefuxiatuen aurpegia eta haien izen-abizenak ikusgarri bilakatu ditu dokumentalak. Haiei so egiteko.

Oinezkoentzako hiri izan nahi du Iruñeak

Oinezkoentzako hiri izan nahi du Iruñeak

Proposamena bertzerik ez da, oraingoz. Baina mahai gainean jarri du Iruñeko Udalak, eragileen eta herritarren artean eztabaidatu eta haien ekarpenak jasotzeko. Udalak hiri atseginagoa bilakatu nahi du Iruñea, eta, batez ere, lortu nahi du hiria ibiltzeko eta iristeko erraza izan dadila eta ingurumenaren alde egin dezala. Hori lortzeko, oinezkoentzako espazio bilakatu nahi ditu hiriko hainbat karrika, tartean Sarasate pasealekua.

"XXI. mendeko hiri bilakatu nahi dugu Iruñea", azaldu zuen Aritz Romeo Herritarren Segurtasunerako eta Elkarbizitzarako zinegotziak, astelehenean. Lehen eta bigarren zabalguneetako auzolagunekin bilera egin zuten udaleko ordezkariek, proiektuaren berri emateko. Auzo horiei eta Alde Zaharrari eraginen die proiektuak, nagusiki.

Iruñeko Udaltzaingoko inspektore Jesus Estangak azaldu zien bizilagunei zeintzuk diren esku artean dituzten neurriak, eta, batez ere, zein den neurri horiek hartzera bultzatu dituen egoera. Hainbat datu jarri zituen Estangak mahai gainean: 16.000 auto pasatzen dira egunean Gipuzkoako etorbidetik, 14.000 Baluarte aurretik, 12.000 Beloso aldapatik, eta bertze horrenbertze San Ignazio karrikatik; 11.000, berriz, Navas de Tolosa karrikatik eta Taconeratik. Alde Zaharrerako sarreretan ere, nabarmena da autoen kopurua: 10.000 auto pasatzen dira, adibidez, Jose Alonso karrikatik.

"Ez dira auto ilarak sortzen, baina trafiko handia dago; gehiegizkoa", argi utzi zuen Estangak. Auto gehienak ez dira zirkulazio handi hori duten tokietara joaten; handik pasatzen dira, bertze nonbaitera bidean. "Iparraldetik hegoalderako, hegoaldetik iparralderako eta mendebaldetik ekialderako bidea egiten dute auto horiek", azaldu zuen udaltzainak.

Egoera horri konponbidea eman nahi dio Iruñeko Udalak, eta, aldi berean, erakunde horrek duela hamar urte sinatu zuen akordioa betetzen hasi. 2005. urtean, hain zuzen, ingurumenaren aldeko hiri izateko konpromisoa hartu zuen Nafarroako hiriburuak, eta lehentasunak ezarri zituen hiriko erabiltzaileen artean: oinezkoak lehen postuan, garraio publikoa bigarrenean, bizikletak hirugarrenean, eta, azkenik, autoak laugarrenean. "Oraingo proiektuarekin lehentasun horiei erantzun nahi diegu", erantsi zuen Estangak.

Sarasate bulebar bihurtu

Egungo trafiko handiari aurre egiteko, eta oinezkoen alde egiteko, hiru lan esparru zehaztu ditu udalak bere proiektuan: batetik, Lehen Zabalgunea; bertzetik, Alde Zaharra; eta, azkenik, Donibane auzoan, Urdazubiko monasterioaren eta Gaztelugibelen arteko bidegurutzea. Toki horietan eragin nahi dute, zirkulazio handia duten esparru horietako trafikoa arintzeko: "Kontua da horrat joatea horrat joan nahi dutenek; ez , ordea, toki batetik bertzera bidean pasatu nahi dutenek", azaldu zien udaltzainak bileran elkartu ziren auzokideei.

Ondorioz, egungo trafikoa eragiten duen iparraldetik hegoalderako, hegoaldetik iparralderako eta mendebaldetik ekialderako zirkulazioa moztu nahi du udalak. Hori lortzeko, hainbat aldaketa eginen dituzte. Sarasate pasealekua, adibidez, oinezkoentzako espazio bilakatu nahi dute. Garraio publikoak ere izanen luke handik pasatzeko aukera. "Bulebar moduko bat sortu nahi dugu Sarasaten", azaldu zuen Romeok.

Sarasatetik hurbil, Alhondiga karrika eta Vinculo plaza ere oinezkoentzat uztea da Iruñeko Udalaren asmoa. Esparru horretan, Sarasate, Yanguas y Miranda eta San Ignazio karriken eta Oliveto kondearen etorbidearen arteko espazioan dauden aparkalekuak bizilagunentzat uzteko aukera aztertzen ari dira udaleko arduradunak, bertzeak bertze. Baluarte plaza inguruan ere oinezkoentzako espazio bat sortzea da asmoa, bai eta Basotxo karrikan ere; autoek ezin izanen dute han sartu, prestatutako proiektuaren arabera.

Alde Zaharrean ere zirkulazioa mugatzea da asmoa. Autoen joan-etorria kontrolatzeko, matrikulak irakurtzen dituen sistema bat erabiliko lukete, ibilgailuak noiz sartu eta noiz ateratzen diren jakin ahal izateko.

Azkenik, Urdazubiko monasterioak eta Gaztelugibelek bat egiten duten tokian biribilgune bat jarriko dute, mahai gainean dagoen proiektuaren arabera, egungo trafiko arazoak arintzeko.

Udaleko ordezkarien proiektua, oro har, ontzat jo zuten asteleheneko bileran parte hartu zutenek. Ez zen lehendabizikoa izan, ezta azkena ere. Udalak proiektua aurkezten jarraituko du. Asmoa da eztabaidak emanen duen proposamen zehatza garatzeko lanean hastea urtarriletik aurrera.

Auzolagunek, hala ere, hainbat kezka jarri zituzten mahai gainean. Alde Zaharrean eta inguruko karriketan dendak dituzten herritarrek, adibidez, ez dute argi udalak hartu nahi dituen neurriek zer-nolako eragina izanen duten. Autoei bidea itxita, erosleek haiengana heltzeko zailtasunak izanen ote dituzten beldur dira, hainbatek asteleheneko bileran agerian utzi zutenez.

Bertze hainbatentzat, ordea, gakoa hiria oinezkoentzat erakargarri bilakatzea da. "Lortu behar dugu jendeak oinez mugitu nahi izatea hirian, eta oinez hurbildu nahi izatea dendetara eta abarretara".

Autoak hirigunetik kanpo nahi dituztela nabarmendu zuten hainbat bizilagunek ere. Hau da, aparkatzeko ere ez daitezela hurbildu erdigunera. "Europako herri anitzetan hori ari dira egiten jada: autoak hiritik ateratzen. Guk halako erabaki bat hartu ahal izateko aurretik egin beharreko urratsa egiten ari gara orain", azaldu zuen Estangak.

Edozein modutan, udalak aurkeztu duena trafikoari buruzko proiektu bat dela nabarmendu zuten erakunde horretako ordezkariek. Proiektu horrek ekarriko du, segur aski, bertzelako txostenak egin behar izatea, hartu nahi diren neurriek inguruko karriketan, mertakaritza guneetan eta abarretan izan dezaketen eragina aztertzeko, bertzeak bertze. Horixe nabarmendu zuten udaleko kideek. Proposamen teknikoa jarri dutela mahai gainean, baina eztabaidatu beharrekoak anitz direla oraindik. Horretan ari dira.

Iritzia: Hilabeteak

Hilabeteak daramatzagu jadanik abesti berbera entzuten. Urte osoa. Batetik atera eta bestean sartu, ez dugu besterik egin. Ematen du ez dagoela besterik; gaia iraunkorki sartu da batzuon bizitzetan, eta ez dago ateratzerik.

Bai. Hauteskundeez ari naiz. Noiz hasi zen aurrekoa? Zenbat egun, aste, hilabete pasa genituen maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako kanpaina egiten? Nola heldu zen aldaketa? Zenbat esfortzu egin behar izan zen? Erraza da orain horretan pentsatzea, batzuei bizitza osoa kostatu zaien eta lortu duten horri begiratzea, betikoa balitz bezala. Gauzak betikotzen trebeak garelako; memoriak ez digu eskaintza handirik egiten horrelakoetan. Horrelakoetan erraz ahazten zaigu zenbat izerdi bota behar izan zuten eta duten batzuek ditxosozko aldaketa gerta zedin. Orain, guzti-guztion ardura da eta izan behar du aldaketa horretan sakontzea, zerbait eskainiko badigu.

Erraza izaten da, behin aldaketa hori lortuta, norbera etxera bueltatu eta sofan esertzea, zer gertatuko. Telebistaren aurrean jarri eta datorrena datorrela, bata eta bestea(k) kritikatzea. Denok egiten ari gara, espero genituen gauza asko etorri zaizkigulako gainera: Haranbururen kargugabetze bidegabea, oposizioen inguruan sortu den zalaparta, ultrakatolikoak hemendik eta handik, euskarari diru-laguntza eskasak, Iruñeko gaztetxe berriaren aurrean Nafarroako Gobernuak hartu duen jarrera, izendapenekin egondako ezusteak…

Sofan eserita jarraitzen dugu, baina ikusi dugu eta ikusten ari gara nola ateratzen ari diren, indar handiz, oposizioan dauden indarrak eta haien lagun guztiak (Eliza, Diario de Navarra, Navarra Televisión…), eta badakite nola kolpatu. Badakite non eta nola jo behar duten, nola egin tanta batetik itsaso oso bat. Badakite, eta ezustean harrapatu gaituzte. Sofan gaudelako. Sofan gaudelako, nekatuta, indar gutxirekin.

Bada garaia honi buelta ematekoa. Kalean egon behar dugu, telebista itzalita eta geureari indarra emanez. Kalean. Horrela bakarrik lortuko dugu aldaketari benetako izaera ematea, bultzada.

Nahi dugun hori herritarrek erabaki eta sortu behar dugu, behetik, erabakigarritasunez. Protesta egitea erraza da; zaila dena horren alternatibak, proposamenak egitea da. Sortzea.

Lasterketa hasi besterik ez da egin. Hasi besterik ez. Igande honetan gertatuko denak, ni behintzat, itxaropen gutxirekin nauka. Orain egoera zaila bada, hauteskundeek ez dakit deus onik ekarriko duten.

Egin dezagun indar, erabaki dezagun hemen, erabaki dezagun guk geuk. Erabaki dezagun zer, nola, norekin eta nora nahi dugun. Zartakoak Madriletik etorriko direlako. Eta oraingoan ez. Oraingoan ezin gaituzte ezustean harrapatu.

“Gaur egun, Polizia inoiz baino gehiago babesten dute”

“Gaur egun, Polizia inoiz baino gehiago babesten dute”

Espainiako Estatuan izandako protesta gehienak "baketsuak" izan direla dio, irmo, Pedro Oliverrek (Balazote, Albacete, Espainia, 1962). Baketsuak, "dimentsio demokratizatzailea" duten heinean. Horien aurrean, ordea, estatuak "aurpegirik antidemokratikoena" erakutsi duela dio. Errepresioaren formak aztertu ditu Jesus Carlos Urdarekin batera, eta Protesta democrática y democracia antiprotesta lanean (Pamiela) jaso dituzte ondorioak. Iruñean aurkeztu berri dute.

Protesta demokratikoa eta protestaren aurkako demokrazia. Dualismo bat jarri duzue mahai gainean, izenburutik hasita.

Hor datza liburuaren zentzua. Espainiako Estatuan izaniko protesta gehien-gehienak baketsuak izan dira, hau da, eskubideak aldarrikatzeko osagai garrantzitsua izan dute. Hainbat historialarik Espainiako Estatuaz eginiko ikerketetan —Euskal Herriak aipatu beharrik ere ez dagoen berezitasunak ditu—, ikusi da izaniko protesta guztien %1 baino ez dela izan ez-baketsua. Eta baketsua diodanean esan nahi dut badutela nolabaiteko dimentsio demokratizatzailea, eskubide gehiago eskuratzeko borrokatzen dela. Liburuan protesten nolabaiteko genealogia egin dugu, M-15tik hasi eta atzerantz, eta ikusi dugu M-15arekin sortzen diren protestetan indarra hartu duela demokraziaren kontzeptuak gizarte mugimenduen iruditegian, ordu arte gauza lanbrotsua bazen ere. Protesta demokratikoa da barne mailan, baina baita gizartearentzako ikuspegi demokratizatzailea duelako ere.

Tituluaren lehen partea da hori. Eta bigarrena?

Kontraesana sortzen da gizarte demokratiko bat, tamalez, ez delako hori bakarrik. Gizarte demokratikoak badu inguruan armazoi egonkor bat, erregimen demokratiko modura ezagutzen duguna. Eta protesta demokratikoaren aurrean bere aurpegirik antidemokratikoena erakusten du erregimen horrek, nahiz eta paradoxikoa dirudien. Hala, demokrazia protestaren aurkako demokrazia bilakatzen da.

Zer bide ditu erregimen horrek protesten aurka jotzeko?

Hiru dira batik bat Espainiako Estatuak martxan jarri izan dituen errepresio estrategiak. Lehenengoa tipikoena da, Poliziaren legezko jarduna, istiluen kontrako polizia talde batek egiten duena. Askotan polizia ankerkeriatik gertu egon daitezkeen praktikak dira, ez badaude zuzenean horren barruan. Gizarte mugimenduen jardunak sarri agerian uzten du estrategia hori, eta estatuaren aurka itzultzen da. Orduan, estatuak errepresio "zikina" abiatzen du. Batzuetan bere jardun errepresiboa kamuflatu behar izaten du, eta mugimendu sozialetan infiltratuz egiten du hori, mugimenduen izena zikindu eta iritzi publikoaren aurka jartzeko. Eta bada hirugarren bat, aurreko bi estrategiak kaltegarriak zaizkienean abiatzen dutena: buroerrepresioa. Hau da mingarriena.

Intentsitate apaleko errepresioa ere deitu izan zaio horri.

Bai; hau da zigor sistemaren barruan zentralitatea eskuratzen ari den estrategia. Estatuarentzat onuragarria da, oinarrizko eskubideen radarraren azpitik geratzen delako. Autoritate politikoek gauzatzen dute, gobernuaren ordezkariek polizien bitartez, edota batzuetan, alkateek.

Alde horretatik dira berritzaileak mozal legea bezalakoak?

Buroerrepresioaren ideia Corcuera legearekin (1992) hasi zen zentzua hartzen, baita 1995ean PSOEk Ezker Batuarekin sinatutako Zigor Kodearekin ere. Hor hasi ziren protesten aurkako armategia prestatzen, isunen bitartez. Intentsitate txikiko neurriak dira, baina oso mingarriak izan daitezke, mugimenduetan etsipena sortzen dutelako. Halakoak beti existitu izan dira estatu liberalean. Berritasuna da, eta hori mozal legearekin are argiago ikusten da, buroerrepresio horrek erdigunea hartu duela; jada ez dago zigor sistemaren ertzetan. Orain arte, kartzela egon da erdian, eta isunak ertzetan zeuden, baina jardun errepresiboaren erdigunea hartu du orain estrategia horrek. Hori da berritasunetako bat. Bestea, are kezkagarria dena, errepresio administratiboa jurisdikzioaren kontroletik atera dutela, eta eremu ilunean utzi dute poliziaren jarduna. Indartu dute. Polizia, gaur egun, inoiz baino gehiago babesten dute.

Zein da zilegitasunaren eta legezkotasunaren arteko muga?

Hori da protesta demokratikoaren eta protestaren aurkako demokraziaren arteko dialektikaren eguneroko ogia. Egon izan diren protesta gehienak legalak izan dira. Protestatu duen jende gehienak ohiko manifestazio eta elkarretaratzeen bitartez egin du. Baina denok ikusi ditugu gauza gehiago: badira legezkotasunetik zilegitasunerako marra gainditzen dutenak, eta alderantziz. Pertsona talde bat lurrean esertzen denean eta protestarako eskubidea gauzatzen duenean zilegitasuna ematen dio estatuak berak ukatzen duenari. Demokrazia zuzeneko ekintza da hori. Kolektiboek badute zilegitasuna halako protestak egiteko, baina legezkotasunarekin talka egitean sortzen da lehen aipatutako harremana. Eta harreman hori ez da zertan bide errepresibotik konpondu, egon izan dira ere bitartekaritzaren bitartez, hitz eginez eta humanitate handiagoz konpondu direnak. Tamalez, ez da ohikoena izaten.

Zer gertatuko da mozal legearekin?

Jende askok esan du mozal legea bertan behera geratuko litzatekeela hurrengo hauteskundeen ostean PPk gobernatuko ez balu. PSOEk asko kritikatu du legea, baina esan behar da PSOE izan zela piztia inkubatu zuena, hark eman zion beroa gero jaio zedin. PPk asko erreprimitu du, baina PSOEk prestatutako lurrari esker, Corcuera legeari esker.