Ez Drakula, ezta Batman ere

Ez Drakula, ezta Batman ere

Edurne Elizondo

Ospe txarreko animaliak direla erranez ekin zion Juan Tomas Alcalde biologoak saguzarrei buruzko solasaldiari. Atarrabiako San Andres errotan eman zuen hitzaldia, ostiralean. Lepo bete zuten aretoa parte hartzaileek. Mitoak eta usteak bazter utzi, eta saguzarren errealitatea utzi zuen agerian Alcaldek: ez direla Dakrula, ezta Batman ere; beren habitatei eusten eta aurrera egiten saiatzen direla, gizakien artean. Duela 55 milioi urte agertu ziren planetan, eta 1.300 espezie daude gaur egun. Entzun eta ikusi ahal izan zituzten haietako hainbat Atarrabiako saioan. Herrialdean 27 daude, haietako zenbait desagertzeko arrisku bizian.

Era askotako saguzarrak badira. Kontinente guztietan daude, eta hamaika forma, dieta eta ohitura dituzte. Oro har, ugaztun hegalariak direla nabarmendu daiteke; gauez hegan egiten dutela; buruz behera egiten dutela lo; ekolokazioa baliatzen dutela mugitzeko; anitzek hibernatzen dutela, eta anitz, halaber, migratzaileak direla.

Iberiar penintsulan 30 espezie daude; haietako 27 daude Nafarroan. "Gero eta gehiago dakigu saguzarrei buruz, baina lan handia dago, oraindik ere, egiteko", azaldu zuen Alcaldek, Atarrabian. Izan ere, duela hogei urte eskas, 8-9 espezie baino ez ziren ezagutzen Nafarroan. "Orain dauden guztiak identifikatu ditugula erran dezakegu". Hori abiapuntu bat da, baina ezagutza babes bilakatzea falta da, kasu anitzetan, adituek nabarmendu dutenez.

Nafarroan bizi diren espezie horien guztien egoera ez da bera. Dozena bat inguru "mehatxupean" dira. Gizakiek eragindako mehatxuen pean, hain zuzen ere. Nagusia, animalion habitataren eraldatzea. "Saguzarrak ikertzen hasi nintzenetik, animalion 50 kolonia baino gehiago desagertu dira herrialdean".

Oro har, hiru habitat mota ezberdin dituzte saguzarrek: kobazuloak, zuhaitzetako zuloak eta etxe, zubi edo haitzetan egon daitezkeen pitzadurak. Guztietan, gizakien eragina da saguzarrak baztertu dituena. "Kobazulo batera jende anitz sartzen bada, erabiltzeari utziko diote saguzarrek". Zuhaitzen kasuan, Lodosan gertatutakoa ekarri zuen gogora Alcaldek. "Barruan 700 saguzar zituen makala moztu zuten".

Iruñean ere, makalen egoerarekin lotura zuzena izan du gau saguzar ertainen patuak, adibidez. "Duela 15-20 urte gaixotasun batek jo zituen Iruñeko makalak; milaka moztu zituzten. Zuhaitz horietan zeuden zuloetan bizi ziren saguzar horiek, eta, ondorioz, orain, haien egoera kaskarra da. Zuhaitz gutxi dute hirian erabiltzeko".

Hala eta guztiz ere, penintsulako koloniarik handiena da Iruñekoa. "Europako bertze hainbat herritan gehiago daude, baina penintsulan urria da espezie hori". Dinamika bitxia dute, gainera, Nafarroako hiriburuan bizi direnek. Arrak daude bakarrik Iruñean, urte osoan. "Emeak orain etorriko dira; alta garaia dute oraingoa, eta martxora arte geldituko dira". Umatzera, berriz, Europa erdialdeko herrietara itzuliko dira emeak.

Arrak eta emeak udazkenean elkartzen dira, baina ernaltzea udaberrira arte ez da gertatzen. "Orduan obulatzen dute emeek, eta gordetako espermarekin bat egiten dute obuluek". Emeek kume bat izaten dute urtean.

Arratoi belarriak

Urtean kume bakarra izateak ahul bilakatzen ditu saguzar espezie anitzen koloniak. Nafarroan, gainera, kolonia bakarra dute hainbat espeziek, eta horrek are ahulago bihurtzen ditu. Hori gertatzen zaie, adibidez, arratoi belarri ertainari eta arratoi belarri handiari. Norbanako guztiak toki berean dira. "Espezie bakoitzeko kolonia bakarra dago herrialdean", azaldu zuen biologoak.

Kobazuloetan bizi dira horiek. Desagertzeko arriskuan da, halaber, zuhaitzak nahiago dituen bertze espezie bat: basoko arratoi belarria, alegia. "Hiru kolonia ezagutzen ditugu, eta bakoitzak 15-20 norbanako baino ez ditu". Baso helduak maite dituzte saguzar horiek; haritzak eta pagoak nahiago dituzte, pinuak baino. "Zuhaitz zaharrak behar dituzte", erantsi zuen Alcaldek. Horiek babesteko beharra nabarmendu zuen. Nafarroan, halere, saguzarrentzat babestutako eremurik ez da, oraindik ere. "Saguzarrentzat kutxak jartzea ongi dago, baina ez da nahikoa".

Animaliok gizakion artean aurkitzea ez da zaila. Atarrabiako saioan, entzun egin zituzten parte hartzaileek, ikusi baino lehen. "Ultrasoinuak egiten dituzte saguzarrek, oihartzunaren bidez espazioan dauden gauzen berri jasotzeko". Gizakiek ezin dituzte soinu horiek entzun. Alcaldek eta haren kide Iñaki Martinezek soinu horiek jasotzeko gailuak baliatu zituzten. "Frekuentziaren arabera jakin dezakegu zein espezie den". Gailuak pantaila bat zuen, eta grafiko bat marrazten zuten saguzarren ultrasoinuek. "Kuhl pipistrelo-a!".

Arga ibaiaren bazterrek bertze espezie bat ikusteko aukera eskaini zieten parte hartzaileei: ur saguzarra. Kontent itzuli ziren denak etxera. "Animaliok hobeki ezagutzea da kontua", laburbildu zuen Alcaldek. Ezagutu, errespetatzeko.

Iritzia: Orain, ez

Lohizune Amatria

Mahai baten inguruan nengoen. Lagunez inguratuta. Jaioberri bati begira eman genuen ia otordu guztia; liluragarriak dira oso haurrak txikiak direnean. Denbora gutxi duen ama baten eta gauetan lorik egin ezin duen bikotearen istorioz beteriko soinu bandak lagundu zuen ikuskizuna. Interesgarria zen, bai. Baina, bat-batean, lekuz kanpo nintzen. Esnea, mukiak, negarra, puztutako titiak, kaka, arropa, haur-kotxeak.

Denborak dena jartzen du bere tokian. Hala dela esan ohi dute. Dena horren tokia egokia dela aurreikusiz. Toki hori guk nahi duguna den pentsatu beharko genuke, ordea. Ama izateko gogorik ez duela esaten duen emakumeari grina piztuko zaiola esan ohi zaio. Iritsiko zaiola eguna. Sen hori eduki ezean ez omen baikara emakume. Eta, besterik gabe, hori bada gure gogoa, hartzen dugun erabakia seme-alabarik ez edukitzea baldin bada, errudun sentiarazten gaitu gizarteak. Zeren errudun?

"Nola? Ez duzula ama izan nahi?". Behin baino gehiagotan entzun dut galdera hori. "Ez dakit", izan ohi da nire erantzuna. Beste batzuetan, "ez" irmo bat. Bata edo bestea izanda, tristeziaz begiratzen nau aurrean dudanak. Erruak hartzen nau. Berriro. Haurrak adoptatzearen aldekoa naizela ere esan izan diet gertukoei. "Baina ez duzu zurea den haur bat nahi?". Agian, ez. Argi daukat, dena den, adopzioarena ez dela bigarren aukera izanen. Babesik ez duten haur gehiegi badira munduan, zertarako gehiago ekarri?

Hartu ez dudan erabakia da ama izatearena. Orain hartu nahi ez dudan erabakia, hobeki esanda. Horren inguruan pentsatzeak, ordea, agerian uzten du presioa nabari dudala. Ezarritako arauak daudela.

Eta jantzi baten bila nabil Iruñeko kaleetan, inoiz zapaldu ez ditudan dendetan. Lagun on batek dioen bezala, "mozorro" bila. Gertuko hainbat lagun ezkonduko dira hilabeteotan, eta hala jantziko naiz, beste behin.

Lekuz kanpo sentiarazten naute ospakizun horiek. Ez hartu gaizki. Ez nago ezkontzen kontra. Baina, azkenaldian, gai horren inguruan ere galdera asko ditut buruan bueltaka: zertarako ezkondu? Zein da ezkontzearen arrazoia? Zein da lorpena? Eta ez banaiz ezkontzen, zer izanen da ezberdin? Ezkonduta gehiago maitatuko dut nire bikotekidea?

Zenbaitentzat agian galderek ez dute erantzunik behar. Edo bai. Eta nik gustu handiz ospatuko ditut lagunen ezkontzak. Zoriontsu direlako. Horrek, baina, ez ditu galderak uxatzen. Berriz ere, deseroso nago elkarrizketa zenbaitetan. "Eta noizko zure ezkontza?". "Hurrengoa, zu".

Bikotekidea aurkitu, maitemindu, ezkondu, seme-alabak eduki. Hil. Hori da gure patua? Aurrez idatziriko istorio bat bizitzen ari gara. Konturatu naiz, baina, istorio hori ez dela nirea. Nire istorioa nire erabakiek osatzen dutela, ez aurresuposatzen diren ekintza horiek. Horrela pentsatu arren, sentsazioa dut liburu edo film horretan beste pasarte batera salto egitea egokitzen zaidala. Gizarteak horretara behartzen nauela. Baina ez dut nahi.

Orain, ez.

Gero, zeinek daki.

“Prekarioetan prekarioenak dira kaleko saltzaileak”

“Prekarioetan prekarioenak dira kaleko saltzaileak”

Kattalin Barber

"Irautea ez da delitua". Hori esaten dute kaleko saltzaileek, eta Javier Indurainek (San Nicolas, Argentina, 1957) benetako neurriak eskatu ditu, baldintza ezin txarragoetan lan egiten duten pertsonak babesteko.

"Kaleko saltzaileena da errua". Zer esanen zenioke hori pentsatzen duen pertsona bati?

Horixe izan zen nire iritzi artikuluaren izenburua. Eta hori jartzea erabaki nuen beti pagaburuak asmatzen dituztelako, batik bat, herritarrok ditugun benetako arazoen erantzuleak nortzuk diren estaltzeko. Arreta desbideratu nahi dute, eta, horretarako, ke lainoak sortzen dituzte.

Urtero uda garaian pil-pilean dagoen gaia izan ohi da kaleko saltzaileena. Aurten, sanferminetan polemika egon da.

Nik esanen nuke sanferminak baino lehenago hasi zela polemika, artifizialki, udalean mozio bat aurkeztu eta onartu zutenean kaleko saltzaileak kontrolatzeko. Artifizialki esaten dut, ez dudalako uste kaleko saltzaileena sanferminetako benetako arazoa denik. Nori egiten diote kalte? Nori egiten diote konpetentzia kalitate baxuko produktu faltsuekin? Inditex, Nike eta Adidas bezalako marka handiei? Are gehiago, aipatu ditudan marka horiek salaketak jaso dituzte, ustez, haurrak esplotatzeagatik eta langileei heriotzaraino lan eginarazteagatik. Haien lana legezkoa izanen da, baina moralgabea. Nor da, orduan, gaizki jokatzen duena? Bizirik irauteko lan egiten duena ala baldintza txarretan kontratatzen duena?

Zergatik uste duzu Zentroko Merkataritza eta Ostalaritza Elkarteak kaleko saltzaileen aurka egin duela?

Egia esan, ez dakit, eta ez dut ulertzen. Kaleko saltzaileek ez diete minik egiten. Halaber, ez dut frankiziei buruzko komunikaturik ikusi, eta uste dut horrek bai, horrek kalte egiten diela. Kaleko saltzaileen aurka egin dute, eta arreta desbideratu dute. Administrazioek, oro har, merkataritza gune handiak sustatzen dituzte, eta horrek bete-betean kalte egiten die saltoki txikiei.

UPNk, PSNk eta Geroa Baik onartu zuten kaleko saltzaileei buruzko mozioa.

Gaizki ardaztu dute gaia. Kaleko salmenta da arazoa, baina horretan lan egiten dutenenentzat da arazoa, lan baldintza txarretan lan egiten dutelako, ez gizartearentzat.

Nortzuk dira kaleko saltzaileak?

Kaleko saltzaileak Atzerritarren Legearen mende daudenak dira. Ekonomizismoaren aldeko izaera baino ez du lege horrek. Prekaritatea eta eskulan merkea sustatzen du. Kaleko saltzaile gehienek ez dute paperik, eta debekatua dute lan egitea. Prekarioen artean prekarioenak dira. Esaten dutenean pertsona hauek iruzur egiten dutela, niri galdera bat bururatzen zait: nork egiten du benetan iruzur?

Pertsona askok mafiekin lotzen dituzte kaleko saltzaileak. Zer dago honen atzean?

SOS Arrazakeriarentzat, mafia da etekin ekonomiko handiak lortzeko esplotatzen duena. Eta hori egiten dute marka handiek, adibidez, Asiako herrialdeetan. Ez dakigu kaleko saltzaileek saltzen dituzten produktuak ere horrelako herrialdeetan eta baldintza txarretan egiten ote dituzten, ikertu egin beharko litzateke. Dena den, mafiosoak dira dendak, marka handi eta esplotatzaile horien produktuak saltzeagatik? Kaleko saltzaileekin galdera bera okurritzen zait.

Sanferminetan egon da kaleko saltzaile gehien, Iruñean, baina Nafarroako herri jai askotan ere egoten dira.

Eta ez bakarrik udan. Izan ere, ohikoa da Iruñean asteburuetan tabernetan kaleko saltzaileak ikustea. Kontua da orduan ez dutela molestatzen. Noiz molestatzen dute? Zentroko espazio publikoa okupatzen dutenean. Gune pribatuetan edo gune marjinaletan ez dute molestatzen; sanferminetan Karlos III.a etorbidean daudenean, aldiz, bai. Orduan arazo bihurtzen dira. Uste dut sistemaz erasotzen zaiola gune publikoan estetikoa ez den orori. Guk kalea aldarrikatzen dugu, kalea herritarrona izan dadin. Oztopo eta trabarik gabe.

Nola aurre egin kaleko saltzaileen arazoari?

Pelikula bat etorri zait burura: Hable con ella [Pedro Almodovar, 2002]. Horixe da egin behar duguna: haiekin hitz egin. Dena den, interes eta bidegabekeria horien guztien aurka, ari dira erresistentzia mugimenduak sortzen, eta poztekoa da hori. Bartzelonan, adibidez, Kaleko Saltzaileen Herri Sindikatua dago. Haien egoera kontuan hartu behar dugu; pertsona ahulak dira, eta ez dute eskubiderik: ez dute oinarrizko errenta jasotzeko eskubiderik, ez dute lan egiteko eskubiderik, ez dute osasun eskubiderik... Hori legezkoa da; haien lana, berriz, legez kanpokoa. Administrazioen neurri bakarra errepresioa da.

Bartzelonako Udalak, adibidez, hamabost kaleko saltzaile kontratatu ditu zenbait lan egiteko. Zer iruditzen zaizu?

Txalogarria da, dudarik gabe. Dena den, epe laburreko neurria da hori. Arazo honi aurre egiteko bestelako neurriak behar dira. Neurri sakonagoak; arazoa konplexua da, eta irtenbideak ere konplexua izan behar du. Bartzelonan uda honetan gertatu dena iraingarria da, talde kriminala direla esan baitute. Badirudi dena delitua dela. Haiek nahi dutena lan egitea da, eta, horretarako, laguntza behar dute. Bizirik irautea ez da delitua, hori esaten dute kaleko saltzaileek.

Orbaibar, etsipenak kiskalita

Orbaibar, etsipenak kiskalita

Ion Orzaiz

Lur beltzetik ateratzen dira abar lehorrak. Hatz luze eta bihurriak zerura zuzentzen dituzten eskeletoen antza hartu dute zuhaitzek. Garrik ez da sumatzen inguruan —suhiltzaileek asteartean itzali zituzten azkenak— baina suak eginiko ibilbidea igartzen da. Izan ere, zentzumen guztietan utzi du arrastoa iragan asteko suteak: paisaia beltz, griskara eta marroien arteko kontraste kromatikoan; azalari itsasten zaion erre usain sarkorrean; eztarritik behera irristatzen den ke zapore garratzean; astebeteren ostean oraindik epel dagoen lur errea ukitzeak ematen duen zirraran... Eta ororen gainetik, isiltasunean. Hondamendian hildako kilker eta txoriek jada hautsi ezin duten isiltasun erabatekoan.

Kostako zaio Orbaibarri normaltasuna berreskuratzea. 3.500 hektareatik gora erre ditu suak; nekazaritzarako lurrak eta basoak, batez ere. Besteak beste, biodibertsitateari, ondareari eta ekonomiari egin dio kalte, eta adituen arabera, 25 bat urte beharko dira lurra leheneratzeko. Benetako kaltea, baina, harago doa. "Etsitzen gaituena ez da kalte ekonomikoa, emozionala baizik", laburbildu du Txaro Guillen Puiuko bizilagunak.

Bere familiaren olibondoak kiskali zituen suteak. "Uzta bat galtzea, tira, gogorra da, baina gu ez gara honetaz bizi eta, beraz, horrek ez gaitu sobera larritzen. Olibondo horietako batzuk, ordea, duela ehun urte landatu zituzten, gure aita jaio zenean, eta balio sentimental itzela zuten guretzat. Gure bizitza da su garren artean erre dena". Guillenek nekez eusten die malkoei, begirada Puiu ondoko mendira zuzentzen duenean. "Txikitan, baso honetara etortzen ginen jolastera. Sutea piztu zenetik, ez naiz paseatzera ere atera. Gogoa ere belztu digu gertaera honek".

Ez du sekulan ahaztuko iragan abuztuaren 25eko gaua. "Larrialdi zerbitzuek esan zuten biztanleentzat ez zegoela arriskurik, baina guk suzko mihi luzeak ikusten genituen, etxeetatik oso hurbil. Panorama latz horrekin, ezin etxean lasai geratu. Berehala, txandak antolatu zituzten bizilagun askok, edozertan laguntzeko, eta horrela eman genuen ia gau osoa, ikara batean".

Hain zuzen, eskualdeko herritarrek erakutsitako eskuzabaltasuna eta elkarlana izan dira Orbaibarko sutearen ondorio positibo bakarrak Guillenen irudiko. "Ez ziren soilik kaltetutako herrietakoak izan. Bailara osoko jendea hurbildu zen laguntza ematera: Barasoaindik, Garinoaindik, Oloriztik, Añorbetik...".

Juan Carlos Benito tafallarrak, adibidez, ia bi egun jarraian eman zituen sua itzaltzen saiatzen. Apenas egin zuen lo lehen egun horietan. "Hego haizeak edonora eramaten zituen txinpartak, baina suhiltzaileen lehentasuna zen sutearen gune handienak kontrolatzea; hortaz, herritik hurbil pizten ziren sute txikiak itzaltzeaz arduratzen ginen gu; batzuk traktoreekin lurra goldatzen, suebaki inprobisatuen modura, eta beste asko, ni neu bezala, zuhaitz abarrekin garrak astintzen".

Benitoren esanetan, "nekagarria eta etsigarria" izan zen lan hori boluntarioentzat: "Egoera kaotikoa zen, baliabide materialik ez genuelako. Abarrekin su gar bat itzali eta, hortik ateratzen ziren txinparten ondorioz, berehala pizten zen beste bat gure bizkarrean. Ezintasun sentsazioa erabatekoa zen, sua gero eta hurbilago ikusten genuelako".

Nafarroako bazter guztietatik heldutako suhiltzaileei laguntzea ere egokitu zitzaien Puiu, Añorbe eta Tafallako herritarrek. "Lehen gau hartan, 02:00ak aldera, suhiltzaileen kamioi zahar bat heldu zen Auriztik. Inork ez zien etortzeko agindurik eman, baina hala ere, kamioia hartu eta bi orduko bidea egin zuten Tafallaraino. Ez zuten ideiarik ere nora joan behar zuten, beraz, guk egin genuen gidari lana", azaldu du Benitok.

Haren ustez, larrialdi zerbitzuen arteko koordinazioa "ez zen egokia izan" hasiera batean. "Faktore askok bat egin zuten: tenperatura altuak, lehorteak, orografiak, haizeak... eta horren guztiaren ondorioz, inork espero ez zuen tamaina hartu zuen suteak. Nire ustez, ez zuten ongi neurtu arriskua, eta lehen orduetan nahasmena izan zen nagusi. Iluntzerako, ordea, buelta eman zioten egoerari, eta txalogarria izan zen suhiltzaileen lana".

“Larrialdien kudeaketa ezin da egon militarren esku”

“Larrialdien kudeaketa ezin da egon militarren esku”

I. Orzaiz

Urteak daramatza Iñigo Balbasek (Iruñea, 1972) Azkoiengo suhiltzaileen parkean lanean. Tafallako sutea piztu zenean etxean zegoen, baina hara joan zen berehala, beste hainbat suhiltzailek egin zuten bezala.

Tafallako sutea itzaltzeko lanetan parte hartu zenuen?

Bai. Berez, ez nengoen lanean une horretan, baina ezohiko deialdia egin zuten, eta hainbat suhiltzaile hara joan ginen laguntza ematera. Hasieran, autobidean piztutako sute bat zela esan zuten, baina hazten ari zela ikusi genuenean, geure kabuz antolatzen hasi ginen zenbait lankide.

Lehen orduak "kaotikoak" izan zirela diote batzuek.

Nik ez nuke halakorik esanen. Tafallako suhiltzaileek jaso zuten larrialdi deia, eta sua piztu zen puntura joan ziren. Hara iritsi zirenerako, ordea, suak errepidearen gainetik jauzi egin zuen, eta landagunea erretzen ari zen. Berehala hedatu zen sua Zidakos ibaiaren gainetik, eta apenas eman zigun erreakzionatzeko betarik.

UPNk, ordea, gogor kritikatu du Nafarroako Gobernuaren jarrera, larrialdi honen kudeaketari dagokionez...

Bai, UPNk etekin politikoa atera nahi izan dio gaiari, bazterrak nahastuz. Egiazki, guk unean uneko informazioarekin jokatu genuen, eta sutearen eboluzioaren arabera moldatzen joan ginen geure estrategia, beti egiten dugun bezala. Batzuetan, gauzak aurreikusi bezala gertatzen dira, eta beste batzuetan, hainbat faktorek egoera zailtzen dute: bero izugarria, hezetasunik eza, hego haizea... Analisiak a posteriori egitea oso erraza da. Eta horrek ez du esan nahi Nafarroako Gobernuaren jarrera kritikatu ezin daitekeenik. Gauza asko hobetu behar dira.

Adibidez?

Suhiltzaileen gabezia izugarria pairatzen dugu aspalditik, eta egoera jasangaitza bihurtu da. Tafallako sutearen gisako larrialdietan sumatzen dugu, batez ere, geure kabuz eta borondate hutsez konpontzen baititugu krisiak, baliabiderik gabe. Bestalde, koordinazio arazoak ere baditugu: kargua hartu eta berehala, Nafarroako Larrialdi Agentzia desegin zuen Maria Jose Beaumont kontseilariak, baina horren ordez ez zuen beste egiturarik sortu. Hortaz, ahal dugun moduan ari gara zerbitzua antolatzen.

Nafarroako Larrialdi Agentziak, ordea, kritika ugari jaso zituen bere garaian, eraginkortasunik ezarengatik...

Bai, hori horrela da. Lapurren gordelekua zirudien, UPNren goi kargudunek soldata oparoak jasotzen baitzituzten. Nik ez dut horrelakorik justifikatzen, inondik inora, baina horren atzean zegoen ideia, larrialdi zerbitzu guztiak koordinatzeko agentzia bat sortzea, alegia, ez zen txarra. Hori da nik aldarrikatzen dudana: ez dezatela antolaketa lan osoa gure bizkar gainean utzi. Sutearen egunean, adibidez, ez zegoen zaintzako arduradunik.

Berriki onartu den lan eskaintza publikoak ez al du arazo hori konponduko?

Ez dut uste. Beaumontek aukera zuen erronkari ausardiaz heltzeko, baina ez du halakorik egin. Foruzain lanpostu gehiago atera dituzte, suhiltzaileenak baino.

Tafallako sutea itzaltzeko Larrialdietako Unitate Militarrei laguntza eskaintzeak ere hautsak harrotu ditu...

Bai, gai korapilatsua baita. Larrialdietarako Unitate Militarra ez zaigu dohainik ateratzen, batzuek esaten duten bezala: hori ordaintzeko, milaka milioi euro gastatzen dituzte administrazioek urtero. Dirutza hori erabil lezakete tokian tokiko larrialdi zerbitzuak indartzeko; eta hala eta guztiz ere, lehen mailako ezbehar larriei aurre egiteko azpiegitura erraldoi bat behar dela ondorioztatzen badugu, nire ustez, horren kudeaketa ezin da egon militarren esku. Gure apustua babes zibilaren aldekoa da, eta ez larrialdi zerbitzuen militarizazioa. Oraintxe bertan, ez dago beste aukerarik, baina, etorkizunean, hori birplanteatu beharko lukete.

Sarraski baten izen-deiturak

Sarraski baten izen-deiturak

Ion Orzaiz

Santiago Cayuela, Jesus Otermin, Roman Ibero, Victorino Olite, Antonio Espila, Jose Olaberri, Bienvenido Martinez, Jose Belloz, Mariano Huder, Antonio Ibarrola... 1936ko abuztuaren 23an, ozen ahoskatu zituzten izen horiek —eta beste asko— falangista eta erreketeek. Iruñeko kartzelan sartu eta banan-banan irakurri zituzten 53 presoren izen-deiturak. Francisco Leoz, Aniceto Pajares, Jose Nespereida, Jose Zapatero, Angel Martinez, Ramon Yanez, Constantino Egia, Octavio Lopez, Ramon Huder...

"Libre zarete", esan zieten, ziegatik atera ostean. Bezperan, Benito Santesteban karlisten buruak ere antzeko mezua helarazi zien: "Ez beldurrik izan. Egun gutxiren buruan, gerra egonkortzen denean, etxera joanen zarete. Espainiako erregimen salbatzailearen aurkako matxinadagatik atxilotuek soilik jarraituko dute preso. Gainerakoak, etxera". Euforia piztu zen Iruñeko kartzelan.

Eskuburdinak lotu eta autobusean sartu zituzten arte ez ziren konturatu dena gezur hutsa zela. Erreketez, falangistaz eta apaizez osatutako segizioa zegoen han. Une horretantxe ulertu zuten presoek ez zirela handik bizirik aterako.

Igandea zen. Iruñean, Sagrarioko ama birjinaren prozesioa egitekoak ziren. Erreketeek eta apaizek goiz bukatu nahi zuten lana, prozesiora garaiz itzuli ahal izateko, eta azkar ibiltzeko eskatu zieten presoei. Falangistek, ordea, ez zuten presarik. Berriz zenbatu zituzten: "Emilio Caballero, Jose Rueda, Juan Urruzalki, Jose Robredo, Vitorino del Rio, Jesus Lambertini, Luis Ardanaz, Amadeo Urla, Miguel Escobar, Jose Alcala...".

Cadreitara eraman zituzten presoak bi autobusetan, Valcaldera izeneko korta batera. Han, hamarnako taldetan banatu zituzten, eta apaizen aurrean bekatuak aitortzera behartu. Une horretan, eztabaida piztu zen falangista eta karlisten artean: batzuek uste zuten presoak konfesatu gabe exekutatu beharko lituzketela; besteek ezin zuten halakorik onartu.

Konfesatu zituzten, azkenik. Eta, gero, fusilatu. 53 presoen artean, bakar batek lortu zuen ihes egitea: Honorino Artetak.

Iruñean ezaguna zen Arteta, soinu jolea eta La Veleta peñako sortzaileetako bat izateagatik —haren biloba Chantal Estradek jaurti zuen 2015eko sanferminetako txupinazoa, aitonaren izenean—. Begiak itxita, fusilen hotsarekin batera erori zen lurrera Arteta, baina ez zegoen hilik. Hankan egin zioten tiro.

Lehen danbadaren ostean, tiro gehiago entzun zituen. Pistola batekin, lurrean ziren presoak errematatzen ari ziren. Birritan pentsatu gabe, jaiki eta lasterka urrundu zen, faxistak atzean utzita. Hankako zauriak eragiten zion oinazeari nola edo hala eutsiz, zuhaitz batera igo zen, eta han eman zuen gaua. Hurrengo egunetan, hainbat herritarren laguntzarekin, muga zeharkatu eta Ipar Euskal Herrian bilatu zuen babeslekua, eta handik Frantziara igaro zen. Franco diktadorea hil arte ez zen sorterrira itzuli.

Senideen arabera, "bizirik atera denaren sindromea" pairatu zuen urte luzez: errudun sentitzen zen une oro, eta bere burua madarikatzen zuen, kartzelako beste presoekin batera hil ez zelako. Ezin izan zituen burutik aldendu Valcalderako kortan lurperatutako 52 lagun horien izen-deiturak: Eugenio Lategi, Vitorino Munarriz, Roman Alcala, Felipe Fuertes, Miguel Cristobal, Evaristo Perez, Santiago Jaurrieta, Santiago Guembe, Natalio Cayuela, Abel Sanz, Jose Rodenas...

Izanik gabeko izenak

Iragan astean, Valcalderako sarraskiaren 80. urteurrenaren karira, omenaldia egin zieten 53 fusilatuei Iruñeko kartzela zaharraren orubean. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak deituta, han izan ziren, besteak beste, Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendoza, legebiltzarreko presidente Ainhoa Aznarez eta beste zenbait ordezkari politiko. Baita fusilatuen senideak ere. Loreak utzi zituzten kartzela zaharra zegoen tokian. Presoek beren azken autobusa hartu zuten tokian.

Han eta Cadreitan egiten dute lore eskaintza, ez baitakite non dauden gorpuak lurperatuta. Izan ere, Valcalderan bertan lur eman zieten hasieran, baina, 1959. urtean, gorpuzki guztiak atera, eta Erorien haranera —Madrilen Francoren aginduz eraikitako monumentura— eraman zituzten. Auzia ikertu duten elkarteen arabera, 1980. urtean itzuli ziren gorpuzkiak Nafarroara, baina Espainiak ez du inoiz horren inguruko informaziorik eman.

Hori dela eta, fusilatuen senideek laguntza eskatu zioten Nafarroako Gobernuari iragan asteko omenaldian. "Laguntza beharko dugu geure senideak aurkitzeko. Valcalderako hobia hutsik dago, eta gorpuak Erorien haranera eraman zituztela jakin genuenetik 133 errepublikanoren arrastoak identifikatzea lortu dugu, baina Cadreitako 52ek desagerturik segitzen dute", esan zuen Jokin de Carlos elkarteko kideak.

Eta, izanik ezean, izenak dira senideen helduleku bakarra: "Constantino Preciados , Justo Preciados , Juan de Diego, Juan Cruz Osinaga, Luis Moreno, Arturo Fraile, Benito Vallejo, Ildefonso Zalabardo, Melchor Eric, Vicente Abad, Pablo Galbete eta Lojerdo Walter". Horiek errepikatzen segituko dute, egia azaleratu arte.

Euskaraz eta lasai hasi dute ikasturtea

Euskaraz eta lasai hasi dute ikasturtea

Kattalin Barber

Harrera garaia izaten ari da Arrosadiako Printzearen Harresia eta Donibaneko haur eskoletan. Lan taldea berria baita bi eskoletan, eta haur gehienak ere bai. Elkar ezagutzen ari dira orain. Aurten, gainera, euskara da berritasuna. Polemiken ondoren, ikasturtea lasai eta bare hasi dutela diote haur eskoletako zuzendariek eta gurasoek. Euskarazko eskaintza zabaltzea erabaki zuen Iruñeko Udalak otsailean, baina hainbat alderdi kexu azaldu ziren erabakiarekin.

90 ume daude Printzearen Harresia haur eskolan. %30 iazkoak dira, eta %70, berriak. "Harrera garaian gaude, eta ongi doa. Haurrek ez dituzte hezitzaileak ezagutzen, lantalde berria garelako, baina pozik eta gogoz gaude", dio Garikoitz Torregrosa Printzearen Harresiko zuzendariak. Dioenez, aurtengo matrikulazio berrien ehunekoaren zati batek euskararen aldeko apustua egin du, beste zati batek gertutasunarengatik aukeratu du haur eskola, eta gainerakoek plaza lortu dutelako. Torregrosak badaki oraindik erabakia auzitegian dagoela guraso talde baten salaketa dela medio, baina ez dutela horretan pentsatzen adierazi du: "Egunetik egunera lan egiten dugu, eta ez dugu hori buruan. Zerbait gertatzean erantzuna emanen diogu".

Txema Unzuek aurten lehenengo aldiz eraman du bere haurra haur eskolara. Argi zuen euskarari lehentasuna eman nahi ziola, eta plaza lortzean poztu ziren. Harrera prozesua ongi joaten ari dela dio Unzuek: "Egia da dena berria izan dela bai guretzat eta bai haur eskolako hezitzaileentzat ere, tokia eta umeak ez zituztelako ezagutzen, baina pozik eta gustura gaude".

Iritzi berekoa da Leire Ugarte. Ametsek ikasturtea hasi du Printzearen Harresian. Iaz Burlatako haur eskolan zegoen, gazteleraz. "Euskaraz aritzeko aukera ikusi, eta ez genuen birritan pentsatu; gertutasunarengatik ere ederki datorkigu Arrosadiako haur eskola", azaldu du. Pozik agertu dira bi gurasoak euskarazko eskaintza zabaldu delako Iruñean eta horrela mantentzea nahi dute. "Heldu den urtean gehiago badira, hobeto", esan du Ugartek.

Torregrosak azpimarratu du, halaber, atzerritar askok eman dutela izena euskaraz. "Gurasoak etorri zaizkigu haien seme-alabek euskaraz ikasi nahi zutela komentatzen, eta plaza lortzean erabat poztu dira". Lehenengo egunetan haur eskolan urduritasuna nabari zela dio, baina horrelakoetan "normala" dela jakinda, lanean aritzeko gogo handiarekin daude hezitzaileak. Harrera prozesuan daude orain, umeak egokitu arte.

Edurne Lekunberri Urmeneta Donibaneko haur eskolako zuzendaria da. Torregrosarekin bat egin du, eta ikasturtea normal hasi dela adierazi du. "Iaz zeuden haur batzuen gurasoak kezkatuta agertu ziren hasieran, haien seme-alabek euskaraz ez zekitelako. Baina bi aste pasatu dira, eta lasai daude orain. Ongi joan dela konturatu dira". Gainera, Lekunberrik azaldu du umeentzat gazteleraz egitea lasaigarria bada, horrela egiten dietela. Iazko haurrek martxa hartua dute, eta familiak lasaiago daude horrekin. Guztira, 97 haur daude Donibaneko haur eskolan. %31 iazkoak eta gainerakoak berriak.

Jauzia ingelesezko eredutik

Gehienek hurbiltasunarengatik aukeratu dutela uste du Lekunberrik, baina baita euskararen apustu garbia egin dutela ere askok. Lekualdatzeak izan dira, eta Hello Rochapeako, Mendebaldeko eta Sanduzelaiko eskoletatik jaso dituzte umeak. "Bitxia iruditu zaigu, batez ere, ingelesezko eredutik hona etortzea", esan du. Lantalde osoa berria den arren, elkar ezagutzen dutela nabarmendu du zuzendariak eta horrek egunerokoa errazten laguntzen duela. Ilusio handiarekin eta euskaraz lan egiteko gogoz hasi baitute ikasturtea Iruñeko euskarazko bi haur eskola berriak.

Lehendik martxan ziren euskarazko haur eskolak Txantrea eta Arrotxapea auzoetan daude. Denera, haur eskoletan 954 toki eskaini dituzte gazteleraz eta 378 euskaraz. Hartara, euskarazko plazen eskaintza %10 zen kehen, eta %30 da orain. Udalak adierazi du haur eskolen okupazioa %93,2koa dela gaur egun, eta bigarren matrikulazio epea urtarrilaren 31n bukatuko da. Euskarazko haur eskola gehiago irekitzeko eskatu dute urte luzez Iruñeko euskalgintzako eragileek eta ehunka gurasok.

Iritzia: Oporrak, modernoon kontua

Saioa Alkaiza

Gaur nagusi den oporren edo bakazioen esanahia —mendira joango gara ala hondartzara?— komikietan, liburuetan edo zinean soilik ikusten genuen. Aisialdia aberatsen kontua zen, diru-pilaketak asko nekatzen du nonbait adimena; esku-lanak ez bezala". Anjel Lertxundik idatzi zuen BERRIAn.

Gure amak ere hala dio. Herritik atera arte ez zuela oporrik sekula ezagutu. Herrira udan zihoazen neska-mutil zuriago horiek zirela turistak. Beraneanteak. Lurra landu gabeko esku leunak zeuzkatenak. Seme-alabak jaiota bizi izan zituen amak, lehenbizikoz, opor izenez ezagunak diren egun horiek, landa exodoaren ostean, Iruñean etxea erosi eta gero, eguzki izpiak ailegatu ahala, uda partean, familia osoa Elpueblo-ra bueltatzen zenean. Horiek ziren oporrak. Jaioterrira buelta. Ez hondartzak, ez ahoskatzen ez dakizkigun herrialdeak, ez bidaia bilaketa webgune batek existitzen direla ohartarazi aurretik mapan kokatzen asmatuko ez genukeen lurraldeak zapaltzea ere.

Gu ez gara, ordea, gurasoen belaunaldikoak. Eta gu oporretara joaten gara. Bidaiatzera, deskonektatzera, errutina ahaztera, maletak egin eta desegitera eta argazkiak egitera. Batez ere argazkiak egitera. Gu gara orain besteen etxeetan azaltzen diren azal zuriago horiek. Ustezko klase kontzientzia eta ahantzezinezko nazionalismoa motxilan.

Kontraesanen poltsan, liburu bat sartu dut aurtengoan, David Foster Wallace kazetariak idatzitako Sekula berriro egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat, euskarara itzuli berria. Itsas bidaia batean bizi izandakoaren kronika da, munduan barrena batetik bestera doan itsasoz gaineko hotel horietako batean ikusi eta sentitutakoaren narrazioa. Luxuzko bidaia baten kontakizuna, lehen pertsonan. Eta aurreiritziek pentsa zezaketenaren berrespena da obra. Itsasontzi barruan, oparotasuna; koktelak, ezkontza bateko gonbidatu guztiak mozkortzeko adina; igerilekuak, olinpiar jokoetan nola; eta bere kaxa ugaltzen dela dirudien bufeteko janari amaiezin bezain errepikakorra. Kapitalismoa olatu gainean: mugikortasuna muturreko kontsumismoarekin ezkondua.

Nik ez dut itsasontzirik hartu, ez prezio barregarrietan eros daitekeen hegazkin txartelik ere. Aurtengoan. Batez ere ez delako lagun taldearen plana izan. Hurrengoan, auskalo. Balkoiak esteladaz janzten dituen herri batean aparkatu dugu guk, eta Bon dia esan dugu, independentistak garela argi gera bedi, eta euskaraz egin dugu, Iruñean baino ozenago —batzuek Iruñean ez bezala—, euskaldunago, paparra puztuta. Handiustez begiratu diegu giriak deritzegun horiei. Hemengoago bagina bezala. Eta gure neurrira pentsatutako tabernetan eseri gara, ez paellak ematen dituzten horietan, ondokoetan baizik.

Zerbitzariaren ordubeteko soldata ordaintzeko adina balio duen mojitoa eskatu dugu, oporretan gaude eta. Karta ingelesez, gaztelaniaz eta katalanez dago, ordena horretan. Mundua gure neurrira: ordutegiak, tabernak, dendak, beroarekin bat oporretara joan diren langile eskubideak...

Oso postmodernoa omen da identitate krisia. Horregatik, ez dakit burgesa naizen, amak beraneante gisa bataiatuko lukeen bat, Wallaceren bidaiari xahutzailearen parodia, proletargoa "demokratizatutako" ohituren aurrean edo denak batera. Akaso, euskaldun arrunt bat baino ez.

“Pintzela hartzen ez dudanean ere, beti ari naiz margotzen”

“Pintzela hartzen ez dudanean ere, beti ari naiz margotzen”

Kattalin Barber

Egun batean, lantegiko lana utzi, eta pinturan murgildu zen Tomas Sobrino (Elizondo, 1963). 20 urte baino gehiago pasatu dira ordutik, eta Baztango paisaiak margotzen ditu. Abuzturako, aire zabaleko pintura ikastaro bat antolatu du, Baztanen.

Noiztik antolatzen duzue ikastaro hau?

1995ean hasi ginen ikastaroa antolatzen. Baztanen beti egon dira margolari asko, eta, udan, erakusketak antolatzen ditugu. Guk aire zabalean margotzen dugu, eta egiten dugun hori transmititu nahi dugu ikastaro honekin. 1995ean, Jose Mari Apezetxea Erratzuko margolaria eta biok hasi ginen honekin. 2010. urtean, Apezetxeak atsedena hartzea erabaki zuen, baina ez du lotura eten ikastaroarekin. Udaro, Erratzura joaten gara, eta berarekin margotzen dugu.

Nola erabakitzen dituzu margotuko dituzuen tokiak?

Aldez aurretik erabaki behar ditut, denborarekin. Izan ere, ezin dut bakarrik kontuan izan ea tokia gustatzen zaidan edo ez; hamar pertsona inguruk egiten dugu bat, eta tokiek aproposak izan behar dute denok mugitzeko. Giro polita sortzen da, eta Baztango txokoak ezagutzeko balio du. Hemengo jendeak ere leku desberdinak ezagutzen ahal ditu ikastaro honen bidez. Turismoa egiteko modua da.

Baztangoak izaten ohi dira izena ematen dutenak?

Batzuk hemengoak dira, baina etortzen dira Iruñetik, bai eta atzerritik ere. Aurten ez dator, baina urte askotan etorri da Italiako pertsona bat. Nahi duten guztientzat egiten dugu ikastaroa. Dena den, gomendagarria da oinarrizko ezagutza batzuk izatea. Ezin diozu naturari aurre egin inoiz pintzel bat eskuan hartu ez baduzu.

Ikastaroak irauten duen bi aste horietan zenbat leku bisitatzen dituzue?

Hamar egun dira denera, eta bost leku desberdin bisitatuko ditugu. Bi egun leku bakoitzeko. Normalean, lehenengo egunean tokia ezagutzen dugu, eta bigarrenean, lana burutu. Interesgarria da, bigarren egunean askotan begirada aldatzen delako, eta, leku bat berriro begiratzean, gauza berriak deskubritzen ditugu. Gainera, ikastaro hau ez da abuztuan amaitzen. Irailean hasita, hileko hirugarren larunbatean topaketa egiten dugu aire zabalean margotzeko. Edonor etor daiteke, ekinbide hori guztien artean sortu delako. Horrela, gure arteko loturak jarraitzen du, eta jende berria animatzen da. Oso aberasgarria izaten da.

Lantegi batean ari zinen, eta lana uztea erabaki zenuen, gehiago margotu ahal izateko. Zer dela eta?

Betidanik margotu dut. Baina iritsi zen momentu bat ezin nuela asteburura arte itxaron margotzeko. Denbora osoz margotu nahi nuen. Jauzi arriskutsua izan zen, baina pozik nago orain. Nire bizitza garatzeko modu bat da. Pintzela hartzen ez dudanean ere, beti ari naiz margotzen.

Zure blogean kontatu duzu: "Hasieran, zuk kontrolatzen duzu koadroa. Gero, koadroak berak eskatzen dizu kolore bat edo bestea sartzea".

Nik esaten diet nire ikasleei koadroa entzun behar dutela. Haiek hasieran ez dute ulertzen, baina margotzen hasten direnean konturatzen dira koadroak zerbait esaten diela. Pinturak berak esaten dizkizu gauzak... Askotan, zuk ideia bat duzu buruan, eta gero bestelakoa margotzen duzu. Aldatzen da, eta harritzen zara egiten duzunaz. Margotzea koadroarekin elkarrizketa bat izatea da. Entzun behar diozu.

Zein txoko maite dituzu Baztanen margotzeko?

Gustuko ditudan lekuek argiarekin dute zerikusia, eta urteko sasoiarekin. Asko gustatzen zait paseoak ematea, eta beti esaten dut leku berberetara joaten naizen arren beti zerbait berri aurkitzen dudala. Gainera, Baztanen, argia aldakorra da. Hori pintoreentzat opari bat da. Nik zuhaitzak eta ura maite ditut; beti agertzen dira nire koadroetan. Uraren inguruan bizi gara hemen, Bidasoa ibaiaren inguruan. Uraren azala deituriko erakusketa bat egin nuen, eta urak islatzen zuena margotu nuen. Gustatzen zaizkit ikusleari parte hartzeko aukera ematen dioten koadroak. Udan gutxiago margotzen dut, batik bat denbora gutxiago dudalako. Baina, udan, hemengo margolariek gure koadroak kalera ateratzen ditugu. Uda honetan, adibidez, hamabi erakusketa ditugu Baztanen. Ibarreko beste erakargarri bat dira erakusketak. Paisaiak, gastronomia eta artea.

Zergatik daude hainbeste pintore Baztanen?

Beti egiten didate galdera hori, eta, egia esan, inoiz ez dakit nola erantzun... Paisaiak bidea ematen du. Ez dakit, nik uste dut Baztanen badugula sentsibilitate artistikoa. Musikarekin du zerikusia horrek, nire ustez. Hemen badago Juan Erasok sortutako abesbatza bat, eta berak sortu zuen halako sentsibilitatea ibarrean. Hori transmititu egin da belaunaldiz belaunaldi.

Esan dezakegu zu zarela Bidasoko eskolako laugarren belaunaldikoa. Badago bosgarren belaunaldirik?

Bai, badago. Bidasoko eskolak Javier Zubiaurrek abiatutako tesi batean du oinarria. Hasieran, nahiko uzkurrak ginen termino horrekin, hemen margolari bakoitzak bere estilo propioa duelako lan egitean, eta eskola esatea asko esatea da. Ez gara estilo berekoak margotzean, baina egia da paisaiak elkartzen gaituela. Azkenaldian hainbat erakusketa egin dira Bidasoko eskolaren inguruan, eta konturatu naiz bertan ez dutela tokirik izan belaunaldi berrikoek. Badaude gazteak Baztanen margotzen dutenak eta erakusketak egiten dituztenak, baina ez dituzte aipatzen. Uste dut konpondu gabeko kontu bat dela hori, eta berrikusi egin beharko dugula. Horregatik, adibidez, sortu zen ikastaro hau. Jarraitutasuna nahi genuelako, eta belaunaldi berriei transmititzea.