Antzerkiak iraganera eramanen du herria

Antzerkiak iraganera eramanen du herria

Kattalin Barber

Antzoki bilakatuko da Erriberri aurki. Iraganera bidaiatzeko aukera emanen du Erriberriko Antzerki Klasikoaren 17. jaialdiak, uztailaren 22tik abuztuaren 6ra bitarte. Aurten, William Shakespeare eta Miguel de Cervantesen heriotzen 400. urteurrena da, eta gogoan izanen dituzte hainbat antzezlanekin. Horretaz gain, Nafarroako antzerkigintza presente egonen da Mikroklasikoak sailean, eta Nafarroako sei konpainiak parte hartuko dute. Antzezlanak ez ezik, hainbat ikastaro, hitzaldi eta berrikuntza dakar aurtengo edizioak.

Dori Lopez Jurio Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria da, eta, hark azaldu duenez, aurten "haize freskoa" eman nahi izan diote jaialdiari: "Antzerki klasikoa da, baina proposamenak oso garaikideak direla uste dut; horrek freskotasuna ematen dio jaialdiari". Berria eta zaharra eskutik helduta doaz Erriberrin, eta ezaugarri hori jaialdiaren "arima" dela esan du. Erregearen Jauregiaren kanpoaldean kokatutako La Cava antzeztokian izanen dira antzezlan nagusiak. 392 lagunentzako lekua du.

Aurten, jaialdiak hiru sail izanen ditu: obra nagusiak bilduko dituen Klasikoak, OT4OS KL2IKO2 saila eta Mikroklasikoak. Asteburuan izanen dira antzezlan nagusiak, La Cava antzeztokian. OT4OS KL2IKO2 sailean, Nafarroako Antzerki Eskolak gomendatutako hainbat lan antzeztuko dituzte. Hirugarren saila, berriz, Nafarroako antzerki taldeek osatuko dute. Kaleko eta familientzako antzerki lanak eskainiko dituzte, halaber.

Lopezek adierazi bezala, jaialdiaren muina antzezlanak izan arren, ikastaroak, eskola magistral bat eta hainbat kaleko ekintza egonen dira. Yayo Caceres aktore ezagunak eskola magistral bat gidatuko du antzerki eta kirolaren inguruan. Erritmoa, musika eta kirola interpretazio lanean nola landu jorratuko du, besteak beste.

Nafarroako sei konpainiak parte hartuko dute Mikroklasikoak sailean. Gehienez, hamabost minutu iraungo dute obrek, eta hainbat egunetan ikusi ahalko dira. Horretaz gain, Nafarroako antzerki konpainia batek egonaldia eginen du Erriberrin jaialdiak irauten duen bitartean. Txori Garcia Uriz eta beste hainbat aktorek osatzen dute taldea, eta In Extremis proiektua aurrera eramanen dute herrian. Generoaren gaia lantzen duen Shakespeareren obra bat izanen dute oinarri.

Aurten, jaialdiak British Council erakundearekin hitzarmena egin du, eta, horri esker, The Complete Walk proiektua ikusgai egonen da. 37 film laburrek osatzen dute proiektua, eta Shakespeareren obren istorioak kokatzen diren agertoki beretan filmatu dira. Haietako bat, zehazki, Erriberriko Errege Jauregian. Galdutako amodiozko lanak du izena obrak, eta bertan idazle ingelesak Nafarroari buruzko esaldi ezagunena idatzi zuen: "Nafarroa munduko miraria izanen da".

Denentzako proposamenak

Iaz abiatutako bideari jarraituz, eta ikusmen eta entzumen arazoak dituztenentzat, bukle magnetikoak jarriko dituzte bi obratan. La Cava antzeztokian taularatuko dituzten Ricardo III —uztailaren 29an— eta Trabajos de amor perdidos —abuztuaren 6an— obretan. Azpidatziekin ikusteko aukera ere egonen da. Gainera, familientzako obretako batean, Los chismes del Quijote y su amigote izenekoan —uztailaren 22an—, keinu hizkuntzako interprete baten laguntza egonen da.

Lopezek adierazi duenez, jaialdia antolatzeko "elkarlanean" aritu dira Erriberriko Udalarekin, eta harreman "estua" dutela esan du. Bi astez, Urrezko Mendera itzuliko da herria; ehunka bisitari jasoko ditu, eta herritarrek "aktiboki" parte hartzen dute jaialdian. "Antzerki klasikoan eredu bilakatu da Erriberri, eta herriak jaialdia bizi du".

Jaialdiak 350.000 euroko aurrekontua du aurten. Antolatzaileak nabarmendu nahi izan du jaialdia ez dela bakarrik ordainpekoa, eta kaleko ekintzen eta doako antzerkien bidez herrian oso giro "atsegina" sortzen dela.

Lopezen ustez, "osasun onean" dago Nafarroako antzerkigintza, eta horren seinale da Mikroklasikoak sailak izan duen "arrakasta": "Lan asko jaso ditugu. Aukera eman genuen euskaraz eta gaztelaniaz aurkezteko, baina, zoritxarrez, gaztelaniazko proposamenak bakarrik jaso ditugu". Antzerkigintza klasikoaren egoitza izanen dira aurki Erriberriko karrikak.

“Beldurrak bazter uzteko aukera eman dit boluntario izateak”

“Beldurrak bazter uzteko aukera eman dit boluntario izateak”

Edurne Elizondo

Uda pasatzeko modurik onena dela ez du zalantzarik. "Boluntario aritzeak anitz ematen dit", nabarmendu du Sara Hualdek (Salvatierra de Esca, Aragoi, Espainia, 1996). Nafarroako Autismo Elkarteak urtero egiten duen udako eskolan aritu da, hamabost egunez. Anfas elkartearekin ariko da abuztuan, lehendabizi, eta gero Ceutara (Espainia) joanen da, kanpaleku batean parte hartzera.

Hirugarrenez aritu zara boluntario autismoa dutenentzako udako eskolan. Zergatik erabaki zenuen elkarte horrekin bat egitea?

Osaba baten bidez izan nuen eskolaren berri, duela hiru urte. Saiatzea erabaki nuen. Bi asterako eman nuen izena, eta azkenean sei astez egon nintzen! Iaz ere bizpahiru astez egon nintzen, eta aurten ia bi astez. Ezin nintzen gehiago gelditu, baina datorren urtean berriz ere emanen dut izena.

Zer ematen dizu esperientziak?

Ni Gizarte Lana ari naiz ikasten Iruñean, eta beti izan dut boluntario aritzeko gogo hori. Iruditzen zait nire ikasketekin lotura handia duela esperientzia horrek, eta on eginen didala. Balioko didala gero nire lana garatzeko.

Zein izan da zure eginbeharra?

Autismoa duen pertsona bakoitzarekin boluntario bat aritzen da. Eskolan ematen duten denbora guztia haiekin egoten gara, eta gure egitekoa da behar duten guztian laguntzea. Denok ditugu gaitasun ezberdinak. Autismoa dutenek zailtasunak dituzte hainbat arlotan, eta horietan laguntzen diegu. Betiere, helburua ahalik eta autonomoen izatea dela ahaztu gabe.

Zer adinetakoak dira kideak?

2 urte ingurukoak dira aurten gazteenak, eta 13-14 ingurukoak zaharrenak. Lehen urtean, 6 urteko neska batekin aritu nintzen; iaz, 14 urteko mutiko batekin; eta, aurten, berriz, 4 urteko neska batekin. Ezberdinak dira esperientzia guztiak. Sindromearen maila ez da bera guztietan, eta bakoitzak behar ezberdinak ditu. Polita da urratsak egiten dituztela ikustea, haiekin egoten zaren denbora horretan.

Zer ikasi duzu autismoari buruz urteotan?

Nik uste dut boluntario aritzeak aukera eman didala hasierako beldurrak bazter uzteko. Hasieran urduri nintzen, autismoa dutenekin inoiz ez nuelako harremanik izan, eta ez nekielako nola jokatu behar nuen. Baina nerbioak laster utzi nituen bazter. Finean, erraza da haiekin egotea. Bertze edozeinekin egotea bezalakoa. Kontua da bertzearen azalean jartzea. Jendeak uste du autistak hitz egiteko gai ez badira zaila izanen dutela haiekin komunikatzea. Baina ez da hala. Komunikatzeko gai dira, keinuen bidez, edo irudien bidez.

Piktogramak ere erabiltzen dituzte, ezta?

Bai. Hagitz garrantzitsuak dira irudiak haientzat. Eskolan, piktogramak erabiltzen ditugu une oro. Egun osoko jarduera piktogramekin lotzen dugu. Autismoa dutenentzat errutina funtsezkoa da. Horregatik, udako eskola ere bada hagitz garrantzitsua, ikasturtean izandako errutinak bazter ez uzteko balio duelako. Gurasoek ere eskertzen dute. Hemendik kanpoko hamaika tokitatik etortzen da jendea, gisako esperientziak urriak baitira.

Anfas elkartean ariko zara abuztuan. Lehen aldiz?

Bigarrenez. Iaz ere aritu nintzen. Adimen urriko pertsonak artatzen dituzte elkarte horretan. Anfaseko kideekin Barriako kanpalekura joanen naiz, batetik, eta Iruñean ere ariko naiz talde batekin. Eta, gero, Ceutara.

Han ere boluntario aritzera?

Han kanpaleku soziokulturalak antolatzen dituzte, eta haietako batean parte hartzera joanen naiz. Kontua da hiria ezagutzea; hainbat kulturak bat egiten dute han, eta hori jorratzea da asmoa. Badut gogoa. Ceutari buruz dakidan guztia da albistegietan ikusten dudana. Ezagutu nahi dut hango jendea; eguneroko bizimodua nolakoa den ikusi nahi dut.

Administrazioak eskaintzen ez dituen baliabideak eskaintzen dituzte, anitzetan, Anfasek eta Nafarroako Autismo Elkartearen gisako elkarteek. Zer deritzozu egiten duten lanari buruz?

Hagitz garrantzitsua dela uste dut. Batetik, familiei ematen diete babesa; bertzetik, ezintasunen bat dutenak ahalik eta autonomoen izaten laguntzen dituzte. Hori funtsezkoa da. Hirugarrenik, uste dut haien lana gizarte osoarentzat ona dela. Guztiok gaitasunak eta zailtasunak ditugula erakusten digutelako.

Gizarte lana hobeki egin ahal izanen duzula uste duzu, boluntario aritu eta gero?

Nik uste dut baietz. Oraindik ez dut argi zer esparrutan espezializatu. Aukeretako bat da ezintasunen bat dutenen arloan aritzea. Argi dut urteotan ikasi dudana hagitz baliagarria izanen dela niretzat. Emakumeen aurkako indarkeriaren esparruan espezializatzea da bertze aukeretako bat. Tamalez, arlo horretan ere bada zer egin, oraindik ere.

Iritzia: Eskaparateak

Lur Albizu Etxetxipia

Festak izaten dira jendartearen isla, ispilu handia, neurriz gainekoa. Esponentzialki gure alderdi on eta txarrak bistarazten dituena, etengabean. Sanferminak dira horren adibide ezin hobea, zalantzarik gabe. Bederatzi gau eta egunez dena posible balitz bezala saltzen den hiria da Iruñea. Dena festa, dena kantitate industrialetan. Turistentzako eskaparate antzu eta saltoki erraldoi.

Legerik ez dagoen hiria omen da Iruñea. Zezenen, zezenketen hiria. Prozesioetara joaten diren alkate eta zinegotziak —ez denak, hori ere onartu beharra dago—, udal eta instituzioak laiko izatearen aldekoak. Zezenketen buru diren alkateak, guztion ordezkari izateak horretarako zilegitasuna ematen duelakoan. Antzerki eta eskaparateak, berriz ere.

P a m p l o n a.

Hori saltzen den bezala, badira beste modu batera festa egin nahi dutenak eta dugunak. Festa eta Sanfermin herrikoi, parte-hartzaile, parekide, ekologista, aniztun, antikapitalista, kultural eta euskaldunak. Edo horretarako bidean dauden herri sanferminak. Ez dugu esanen bidea erraza izan denik, are gutxiago hemendik aurrera ez dagoenik ezer lantzeko. Hala ere, bidea markatua dago, eta marrazten ari gara, pixkanaka, zer-nolako sanferminak eta jai herrikoiak nahi ditugun, zer-nolako eredua sustatu nahi dugun eta nola uztartu nahi ditugun jaia eta kalearen okupazioa, jaia eta errebeldia, jaia eta boterearen desafioa, jaia eta kolektibizazioa, jaia eta ahalduntzea. Transgresioa. Horretarako aukerarik ere ematen dutelako sanferminek.

Eta ezin zaigu ahaztu egunez egun, orduz ordu emakume askok jasan behar izaten duten —dugun— indarkeria matxista, urte osoan zehar zeharkatzen gaituena gau eta egun. Sutan jartzen gaituzte eraso sexistek, uztailaren 7an eta urteko beste 364 egunetan ere bai. Ezin zaizkigu ahaztu urte honetako hildakoak, ezin zaigu ahaztu Nagoreren itzala, ezta bere hiltzailearen aurpegia ere. Indarkeria matxistak hil egiten duelako, bai eta sanferminetan ere.

Ezinbesteko hitzordu bilakatu da jada emakume askorentzat Farrukas kolektiboak antolatzen duen uztailaren 4ko gaueko manifestazioa. Ahalduntzerako eta gure gorputzen burujabetza aldarrikatzeko beharrezkoa dena. Begiek dir-dir egiten duten hori, amorruz oihukatzen ehunka emakume, elkarrekin. Gauak eta kaleak gureak direlako, eta festak eta egunerokoa ez ditugulako beldurrez bizi nahi, aske baizik. Aske izan nahi dugu nahi dugunean nahi dugun bezala ibiltzeko; ez dugu ausart izan nahi, ausartak bagara ere —ez beti—.

Horren harira, duela urte gutxi batzuk pentsaezina zen, baina aurtengo txupinazoan autodefentsa feminista aldarrikatzen zuen pankarta atera zuten Udaletxe plazara. Hiriaren zentrora, bihotzera. Espazioaren erdigunea ere gurea delako eta horren alde borrokan jarraituko dugulako, elkarren ondoan.

Sanferminetan beste elkarretaratzerik egin behar izanen ez dugun arte. Eta guztiok aske izan arte.

Bandera ‘non grata’ udaletan

Bandera ‘non grata’ udaletan

Edurne Elizondo

Ikurrinak plazan gelditu behar izan zuen, ofizialki, asteazkenean, Iruñeko besten hasiera iragarri zuen txupinazoan. Bandera handi bat eta bertze hamaika txiki erakutsi zituzten han bat egindako herritarrek; herriko etxeko balkoian ere bai. Ez, ordea, mastan. Bost jarri zituzten, baina bat hutsik gelditu zen: Iruñeko, Espainiako, Nafarroako eta Europako banderak zintzilikatu zituzten mastetatik. Ikurrinik, ez, ordea, epaileek itxi egin diotelako erakundeetako atea banderari, eta non grata izendatu dutelako udaletan, 2003. urtetik indarrean dagoen ikurren legea oinarri hartuta. Udalak, halere, bosgarren masta jartzea erabaki zuen, "ikurren legeak aintzat hartzen ez dituen herritarrei eta sentimenduei aitortza egiteko".

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak hainbat sententzia plazaratu zituen joan den astean, eta "lege iruzurtzat" jo zuen iazko udan herrialdeko hainbat herritako bestetan —Iruñea, Tafalla, Lizarra, Lakuntza, Berriozar, Etxarri Aranatz eta Leitza— ikurrina udaletxean jarri izana. Epaileen hitzetan, "propio" gonbidatu zituzten EAEko agintariak udaletxe horietara, bandera jarri ahal izateko.

"Sententzia onartzen dugu, baina ez dugu harekin bat egiten", erran zuten Iruñeko Udaleko arduradunek, ebazpena ezagutu eta gero. Antzeko iritzia agertu zuen Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosek ere: "Erabateko errespetua diet epaileen erabakiei, baina horrek ez du erran nahi, berez, haien ebazpenekin bat egiten dudanik", erran zuen lehendakariak, joan den astean. Bertzelakoa izan zen UPNko presidente Javier Esparzak sententziari buruz egindako analisia, haren berri jaso eta gero: "Barkosen ardura da legea betearaztea; arauak dioena beteko dela espero dugu, baina herriko bestetan ikurrina jartzen badute, gobernuko presidenteari ardura bere gain har dezala eskatuko diogu. Gustatu edo ez, legea bete behar dute".

Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek, orain arte, ez diote ikurren legea aldatzeko eztabaidari heldu. Indarrean jarraitzen du, ondorioz, 2003an UPNren gobernuak bultzatuta onartutako testuak. Joan den ekaineko Espainiako hauteskundeen harira, legea aldatzeko eztabaida irailera arte atzeratzea erabaki zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, azken horrek eskaera hori egin eta gero. Ahal Dugu-ko Laura Perezek ere nahiago zuen eztabaida hauteskundeen ondotik egitea, legearen erreformari buruzko "interes alderdikoiak" bazter uzteko. Uda baino lehen heldu nahi izan zion EH Bilduk gaiari, hilabeteotako herrietako bestetan Iruñeko txupinazoaren gisako egoerak saihesteko, hain zuzen ere. Ez dute egin, ordea. Eta Iruñean, ikurrinaren masta hutsik zela hasi ziren bestak.

Uxue Barkosek onartu zuen, joan den martxoan, ikurren legea aldatzea ez zela "larrialdiko auzia" egungo gobernuarentzat. Akordio programatikoan jasota dago egungo testua bertan behera uzteko konpromisoa. Hori nola eta noiz eginen duten, ordea, zehazteke dago, oraindik ere.

Eztabaida atzeratzeko hartutako erabaki horrekin ez du bat egin Patxi Zabaleta abokatu eta Aralarreko ohorezko presidenteak, inondik inora. "Taldeen arteko adostasunik ez bazegoen lege berri bat egiteko, gutxienez bazuten 2003. urtekoa bertan behera uztea", nabarmendu du. Hori egiteko denbora izan dute.

Zabaletak argi eta garbi erran du: "Ikurren legea da nafarrei iruzur egiten diena, ikurrinak gizartearen zati handi bat ordezkatzen duelako, eta herritar horiei beren ikurra edukitzeko eskubidea kendu dietelako. Lege barregarria da. Ikurrinaren aurkako sententziak atzerapauso handia dira, eta argudio faltsua dute oinarri". Abokatuaren ustez, herritarrentzat hobe da legerik ez izatea, lege bidegabe bat izatea baino. Zilegi jo du, gainera, "herritarrei iruzur" egiten dieten legeei "iruzur egitea".

1981etik, iaz jarri zuten ikurrina, lehen aldiz, Iruñeko herriko etxeko balkoian, sanferminetako txupinazoaren harira. Duela 35 urte, hain justu, 1981eko abenduan, UPNk bultzatuta, ikurrina hiriburuko udaletxetik kentzeko agindua onartu zuen hiriko udalak. "Ikurrina zegoenean inolako arazorik ez zen; politikari baztertzaileek baino ez dituzte arazoak ikurrinarekin. Ikurrina balkoian egon denean plazan ez da istilurik izan; debekuek ekartzen dituzte istiluak", gogoratu du Zabaletak, Iruñeko Udaleko Herri Batasunako zinegotzi izandakoak.

"1981ean, UPNrena izan zen bandera baztertzeko ekimena. UCD eta sozialistak presio mediatikoarengatik ez ziren ausartu debekuaren aurka egitera; Diario de Navarra egunkariaren presio mediatikoarengatik ez zuten debekuaren kontra egin sozialistek. 27 botoetatik hamar izan ziren ikurrinaren aldekoak:HBren zazpi, EAJren bi eta Manuel Perez Balda sozialistarena. Bota egin zuten, ondorioz, eta zinegotzi izateari utzi behar izan zion; erabaki horren kontra egin zuen, eta arrazoia eman zioten, baina ordurako legealdia amaituta zegoen", erantsi du Zabaletak, ordukoei buruz.

2003. urtera arte, 1986ko ikurren legea izan zen indarrean Nafarroan. "Zirrikituak bilatu eta aurkitu egin zizkioten lege horri herrietako udaletan ikurrina jartzeko". Han eta hemen baliatu zituzten hamaika herritako alkateek zirrikitu horiek, beren herrietan bandera erakutsi ahal izateko. Legeak zituen aterabide horiek itxi egin nahi izan zituen, hain zuzen ere, UPNk. Horixe nabarmendu du Zabaletak. Horixe izan zela, hain justu, 2003ko legea egiteko asmo bakarra. "Miguel Sanz presidenteak Alberto Catalan kontseilariaren esku utzi zuen zeregin horren ardura". Zirrikitu guztiei atea erabat itxiko zien legea prestatzeko ardura, hain zuzen ere.

"Borondaterik ez"

Zabaletak bezala, Victor Moreno idazle eta irakasleak ere ez du ulertzen 2003ko legeak indarrean jarraitzea, oraindik ere. "Duela urtebete dugu gobernu berri bat; ulertezina da borondaterik egon ez izana UPNren politikak aldatzeko ikurren auzian. Alderantziz izan balitz, UPNk osin batean hondoratu izanen zukeen jada lege hori".

Gehiago erran du Morenok, ohikoa duen ironia baliatuz, ikurren legeari buruzko eztabaida irailera arte atzeratu izanaz: "Zalantzarik gabe, orain eztabaida horri heldu baino garrantzitsuagoa da San Ferminen omenezko prozesioak antolatzea, frakak eta xisterak garbitzera eramatea, palioaren ibilbideak adostea, eta elizan sartuko diren edo ez erabakitzea; argi dago auzi horiek guztiak direla oso serioak, eta bilera luzeak eta gogoeta saio burutsuak eskatzen dizkietela gobernu batzordeetako kideei".

UPNren jarrerari buruz, Morenok "normaltzat" jo du. "Alderdi horren koherentzia politikoarekin bat egiten du ikurrina erakundeetatik kanpo uzteko UPNren asmoak. Ez dugu ahaztu behar Nafarroako egungo eskuina dela frankismoaren oinordeko ideologikoa".

2003. urteko ikurren legeak, hain zuzen ere, ikurrinari buruzko debekuarekin batera, ikur frankisten inguruko neurriak jaso zituen, onartu zutenean. Testuak, zehazki, 2003 hartan, urtebeteko epea ezarri zuen ikur frankistak herrialdeko karriketatik kentzeko. Urte luzez, ordea, agindu hori bete gabe utzi dute UPNren gobernuek.

"Jendeak maite ohi du banderekin eta ikurrekin identifikatzea. Ikurrina umiliatzen badute, eta horrek min egiten badizu, ez da gogoeta handirik egin behar zure nortasunaren mapa zein den jakiteko. Frankistek berdin jokatzen dute. Asaldatzen dira, ikur frankistak haien nortasunaren parte direlako", erran du Morenok.

Frankismoarekin lotu du Zabaletak ere ikurrinaren aurkako UPNko kideen egungo "amorrua". "Ikurrinari amorrua diote frankismoaren aurkako bi ikurretako bat izan zelako; bandera gorria izan zen bestea. Horregatik diote amorrua, oraindik ere, ikurrinari. Frankismoaren ondorengoak baitira", erran du Zabaletak.

Iruñean, plazan gelditu da bandera besten hasieran, epaileen aginduz. Berdin gertatuko da, ustez, herrialdeko bertze hamaika herritan. Ikurren legea noiz aldatu zain da ikurrina.

Leitzarrak, autoan elkarrekin

Leitzarrak, autoan elkarrekin

Kattalin Barber

Ibilbide bera egiten dutenen artean autoa partekatzea gero eta ohikoagoa da Euskal Herrian. Oraingoan, leitzarrek sortu dute egitasmoa. Autoa partekatzeko aukera eskaintzen duen webgune berria da Tartarkar, Leitzatik eta Leitzara autoz egiten dituzten bidaien iragarki taula birtual bat. Dirua aurreztea ez ezik, aztarna ekologikoa murriztea eta bidaide berriak egitea ere badu helburu. Izan ere, ibiltzen diren auto gehienetan bidaiari bakarra joan ohi da: gidaria bera. Horri aurre egin nahi dion plataforma da Tartarkar.

LeitzEKO Kontsumo Taldeak hartu du proiektua sortu eta garatzeko ardura, Leitzako Udalarekin batera. 2014an sortu zen horrelako egitasmo bat egiteko ideia. Udalak 50.000 euro Zertan? Zertarako? parte hartzeko prozesua abian jarri zuen, eta herritarrek aukeratutako proposamenen artean autoa partekatzeko webgune bat martxan jartzeko ideia zegoen. "Orduan, Leitzako kontsumo taldearekin harremanetan jarri ginen; izan ere, kontsumo arduratsu eta jasangarria bultzatu nahi dugu", azaldu du Mikel Azkargorta Leitzako zinegotziak. Parte hartzeko prozesu horretan bertan herritarrek erabaki zuten 2.000 euro bideratzea egitasmoa sortzeko.

Horretarako eta ideia garatzeko, LeitzEKO Kontsumo Taldearen barnean Mugikortasun Taldea osatu zuten. Mamen Uharte taldeko kidea da, eta hasieratik egitasmoarekin bat egin zutela azaldu du: "Gure izaerarekin eta oinarriekin bat egiten du proiektuak, funtsean, baliabideak partekatzeko eta kontsumoa murrizteko ideia garatzen baitu. Horretaz gain, hausnarketa eragin nahi dugu".

San Joan bezperan aurkeztu zuten herrian egitasmoa, eta interesa sortu duela diote. Dagoeneko 80 pertsonak baino gehiagok eman dute izena webgunean, eta lehenengo bidaiak egin dira. Jendeak egitasmoari oso ongi iritzi diola dio Uhartek: "Mugimendua dago webgunean, eta ongi etorria izan da Tartarkar". Garraio ohiturek sortzen dituzten kontsumo ereduei buruzko hausnarketa eragin nahi dute Leitzan: "Ezbaian jarri nahi ditugu mugikortasunaren indibidualizazioa, garraio publikoaren aukera eskasak, herrian bertan autoa nola erabiltzen den, garraio mota ezberdinek eragiten duten energia kontsumoa…".

Beraz, egitasmoa puzzle horren beste pieza bat da, autoaren erabilera arduratsuago bat izateko aukera, herritik herriarentzat egindakoa.

Iragarki taula birtual baten gisa funtzionatzen du Tartarkar zerbitzuak. Izena eman, eta Leitzatik edo Leitzara doazen bidaiak ikusi eta publikatzeko aukera du erabiltzaileak. "Jendeari eskaini nahi diogu elkarrekin bidaiatzeko eta gastuak partekatzeko aukera. Tartean ez dago diru mugimendurik, inork ez du zentimorik hartzen. Bidaiariek beren artean eginen dute tratua; gu horretan ez gara sartuko", azaldu du Uhartek. LeitzEKO Kontsumo Taldea irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta bitartekari izan nahi dute bakarrik martxan jarritako egitasmo horretan, gehiago esku hartu gabe.

Erabiltzaile bakoitzak, webgunean erregistratzen denean, ezizen bat jasotzen du. Leitzako toponimiarekin lotutako izenak aukeratu dituzte proiektua garatu dutenek. Horregatik Aliñea, Arinburkaitza, Amorruixketa eta Akolako erreka dira erabiltzaile izen batzuk. Azkargortak adierazi du "garrantzitsua" ikusten zutela anonimotasuna, eta ideia "bitxia" zela adostu zuten.

Errezelo kanpaina

Egitasmoa San Joan bezperan jendaurrean aurkeztu bazuten ere, errezelo kanpaina bat abian jarri zuten kontsumo taldekoek, joan den maiatzaren amaieran, eta lau astez. Lehenengo astean, Tar hitza idatzia zuten itsasgarriak paratu zituzten herriko hainbat txokotan. Bigarren astean, beste Tar bat lehenengoaren segidan, hirugarrenean Kar, eta laugarrenean .eus; azkenean, Tartarkar.eus sortu arte.

"Eragin genuen nolabaiteko errezeloa herrian, jendeak ez baitzekien zertarako ote ziren itsasgarriak", azaldu du Mamen Uhartek. San Joan bezperan photocall bat prestatu zuten egitasmoaren logoa zuen auto baten irudiarekin, zerbitzuaren berri emateko, eta jende "dezentek" parte hartu zuen.

Bukatu da negozioa

Bukatu da negozioa

Edurne Elizondo

Espekulazioa bazter utzi, eta etxebizitzaren auzia eskubideen esparrura itzultzea. Hori du helburu Nafarroako Gobernuak prestatu berri duen lege proiektuak. Eskubide Sozialetarako presidenteorde Miguel Laparrak aurkeztu zuen, joan den astean, gobernua babesten duten lau taldeetako ordezkariekin. "Nafarrek etxebizitza duina izateko duten eskubidea gauzatu nahi dugu", erran zuen, aurkezpenaren egun hartan, Laparrak.

Testu berriak bi ardatz nagusi ditu: batetik, alokairu babestuaren alde egin nahi du, eta hura sustatzeko neurriak jaso ditu; eta, bertzetik, eraikin zaharren birgaitzea bultzatuko du. Asmo horrekin bat egin du Hipotekak Kalte Eginikoen Nafarroako Plataformak. "Etxebizitza eskubide bat da, ez da negozio bat; bada garaia erakunde publikoek hori nabarmendu eta babesteko", erran du Angel Larrea PAH-ko kideak.

Urtebete egin du gobernu berriak. Denbora horretan, hirutan egin dute bilera PAH-ko ordezkariek Nafarroako agintariekin. "Jarrera aldaketa nabarmena izan da", onartu du Larreak. Are gehiago, erantsi du egin dituzten hainbat proposamen aintzat hartu dituela gobernuak. Aurkeztu berri duten lege proiektuak, adibidez, alokairu babestua merkatzea jaso du; %8-%14,6 eginen du behera prezioak, 2016 eta 2017an. Plataformak egindako eskaera da hori, nahiz eta haiek jaitsiera handiagoa galdegin. Haiek eskatuta, halaber, etxebizitza alokairuan hartzen dutenei ez dizkiete gutxieneko diru sarrerak eskatuko, eta kontratua berritzeko diru sarrera errealak hartuko dituzte kontuan, eta ez, ordea, aurreko urteko errenta aitorpenaren araberakoak. "Urte batetik bertzera erabat alda daiteke pertsona edo familia baten egoera".

Diru laguntzak ezarriko ditu legeak alokairu babestuko etxebizitza berriak sustatzeko. %23 eta %30 artekoak izanen dira. Alokairu babestuan emateko hutsik dauden etxeak birgaitzen dituzten toki entitateetarako, berriz, %50eko laguntzak aurreikusi ditu testuak. "Iruñeak, adibidez, 200 etxebizitza huts ditu; horiek birgaitzea da kontua, babestutako alokairuan eman ahal izateko". Helburua da gobernuak duen etxebizitza multzoa handitzea. "Egun dituenak ez dira nahikoak dagoen eskaera guztiari aurre egiteko", erran du Larreak.

Egun, Nafarroan, 4.500 ingurukoa da babes publikoko etxeen multzoa. Haietako 1.000-1.200 Nafarroako Gobernuarenak dira; gainerakoak, berriz, higiezinen agentzien esku daude, baina gobernuak diru laguntzak ematen ditu etxebizitza horiek alokatzeko. "Bertze 4.000 inguru behar dira", azaldu du plataformako kideak. Gobernuak, oraingoz, bertze 1.600 gehitzeko plana martxan jarriko duela iragarri du. Bost urterako plana izanen da.

Hainbat auzi, legetik at

Plan horretan gobernuak ez du jaso bankuekin negoziatzeko aukera, haiek dituzten etxebizitza hutsak babes publikoko etxebizitza multzo horretan sartu ahal izateko. Eskaera hori egin zuen Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak, baina gobernuak ez du kontuan hartu. Jaso ditu, ordea, herrietan erroldatutakoek kooperatibak eratzea errazteko neurriak, bai eta Etxebizitza Plana eta Etxebizitza Kontseilua sortzeko asmoak ere.

Badira plataformako kideek mahai gainean jarri baina legeak jaso ez dituen bertze hainbat auzi: pobrezia energetikoari buruzkoak, etxegabetzeen aurkako protokoloa egiteko aukera, hutsik diren etxebizitzen erregistroa sortzea, etxebizitzari buruzko kontu guztietarako leihatila bakarra martxan jartzea... "Badakigu auzi horietako hainbat legeak ukitzen duen esparrutik kanpo direla, baina uste dugu horietan ere urratsak egin behar direla; horiek bultzatzen jarraituko dugu guk".

Etxe kaleratzeen inguruan, argi eta garbi mintzatu da Angel Larrea. "Oraindik ere, gertatzen dira; egunean bat gertatzen da Nafarroan". Gobernuak agertu du etxegabetzeen aurkako protokoloa sinatzeko asmoa. Asmo hori jasotzen duen akordioa ekainaren 29an onartu zuen gobernuak. "Zirriborroa Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren esku da jada", azaldu du Larreak.

Plataformako kideak azaldu du haien laguntza eskatzen dutenek lortzen dutela etxegabetzea bertan behera uztea. "Bankuek, egun, nahiago dute negoziatu, gu egunero haien atarian pankartarekin egon baino". Plataformarengana jotzen ez dutenak dira etxegabetzeak pairatzen ari direnak, Larreak erantsi duenez. "Oraindik ere bada gure lanaren berri ez duen jendea; bertze batzuek, berriz, nahiago dute haien egoera publiko ez egin, lotsatu egiten direlako. Argi izan behar dute, ordea, haiek sistemaren biktima direla; sistema dela gaizki aritu dena", nabarmendu du PAH-ko kideak.

Sistema horrek etxebizitzen jabegoa sustatu du, hain zuzen ere. UPNren gobernuen azken bost urteetan gertatutakoa aipatu du Larreak, horren haritik: "Etxebizitzak erosteko diru laguntzetan 579 milioi euro eman ditu gobernuak bost urte horietan; babestutako alokairuan emateko etxebizitzen arazoa konpondua genuen diru horrekin. Sekulakoa da datu hori", azaldu du.

Nafarroako Gobernuak irail aldean jarri nahi du indarrean etxebizitzari buruzko lege berria. Oraindik izanen da aurkeztutako testuari zuzenketak eta alegazioak egiteko aukera. "Plataformako kideon lana izanen da, orain, lege proiektua aztertzea eta gure proposamenak egitea", erran du Angel Larreak. Etxebizitza eskubidea dela gogoratu du, eta herritar guztien beharrei erantzutea dela gobernuaren lana. Plataformak jarraituko du egin beharreko bidea zehazten. Etxebizitza eskubidearen alde.

“Errespetua zor diogu inguruneari; ezin dugu natura menderatu”

“Errespetua zor diogu inguruneari; ezin dugu natura menderatu”

Kattalin Barber

30 urte daramatza Francisco Jose Padillak (Logroño, Espainia, 1967) arroilen jaitsierak egiten. Nafarroako "altxor" gehienak bisitatu ditu espeleologoak, eta amildegiak ezagutaraztea du helburu, orain, bere liburuaren bitartez. Hainbat urtetako hutsunea bete du Padillaren lanak, gisako azken liburua 1991. urtean argitaratu baitzuten Nafarroan.

Esan izan duzu gida bat baino askoz gehiago dela zure liburua. Zergatik?

70 jaitsiera bildu ditut, horietako asko argitaragabeak, eta, gainera, arroila bakoitzean dagoen fauna eta landaredia aipatzen ditut, bai eta bisitatzeko guneak, pasadizoak eta hainbat bitxikeria ere. Istorio asko berreskuratu ditut, eta 450 argazki ageri dira liburuan. Gainera, 25 urte pasatu dira mota honetako libururik argitaratu gabe. Beharrezkoa zen.

Esan bezala, Nafarroako 70 arroila bildu dituzu. Dauden guztiak dira?

Gehiago daude. Hau bilduma bat da, eta, nire ustez, Nafarroan dauden adierazgarrienak eta interesgarrienak jasotzen ditu. Badaude ezin jaits daitezkeen arroilak, babes eremuetan daudelako, eta, ondorioz, debekatuta dagoelako; horiek ez ditut aipatu. Horretaz gain, badaude nik ezagutzen ez ditudan amildegiak ere. Badakit hainbat talde badirela Nafarroan esploratzen eta amildegi berriak aurkitzen dituztenak. Nik liburuan azaltzen diren guztiak jaitsi ditut, batzuk behin bakarrik eta beste batzuk hamar aldiz. Urtaro desberdinetan, baldintzak asko aldatzen direlako.

Ez du zerikusirik arroila berak udan edo neguan, adibidez?

Asko aldatzen dira urtaro bakoitzean; hortaz, baldintzak guztiz desberdinak dira, eta kontuan hartu beharrekoak. Amildegi batera joan aurretik, pentsatu behar duzu ea urik egonen den edo ez... Badaude behin betiko aldatu diren inguruneak, eta arroila batzuk dagoeneko ez dira existitzen. Ingurune bizia da natura, aldakorra. Horregatik, material egokia eramatea oso garrantzitsua da.

Noiz hasi zinen arroilen jaitsierak egiten?

30 urte daramatzat honetan. Espeleologian hasi nintzen, Barañaingo lagun batzuekin. Geroago ezagutu nituen amildegiak, eta ordutik ez dut jarduera hori bazter utzi. Zeharo harrapatu nau, erabat erotzen nau. Mundu erdia zeharkatu dut amildegiak ezagutzeko. Ez naiz honetaz bizi, baina nire pasioa da. Beste herrialde batzuetara esploratzera joatea eta amildegi berriak irekitzera joatea da gehien gustatzen zaidana.

Zerk liluratzen zaitu hainbeste?

Dudarik gabe, naturak berak. Ingurunea eta natura modu paregabean ikustea. Nik ikus dezaket ur jauzi bat errepidetik, baina ur jauziaren barnean sartzea guztiz desberdina da. Harrigarria da. Beti ezustekoak daude, eta gauza berriak deskubritzen dituzu. Gainera, bidaiatzean, amildegiez gain, jendea ezagutzen duzu, kultura, tradizioak.... Hainbatek bidaiak egiten dituzte monumentuak ikusteko; nik bidaiak egiten ditut arroila jaitsierak egiteko.

Zein da ezagutu duzun herrialderik bereziena jaitsierak egiteko?

Mundu osoan badaude amildegiak. Frantzian, Italian eta Suitzan amildegi interesgarriak daude, baita Espainian ere. Suitzako Ticino izeneko eremua ere asko gustatzen zait. Europatik at, berriz, AEBetan egon naiz, eta baita Kuban ere. Agian, egon naizen lekurik bitxiena Saharako basamortua izan da. Guztiz desberdina da toki hori. Leku batera esploratzera joan eta bertan zer aurkituko duzun ez jakiteak gozarazten dit niri, betiere natura errespetatuz.

Eta Nafarroako lekurik gogokoena arroila jaitsiera egiteko?

Hemen klasikoak direnak ikusgarrienak dira. Adibidez, Artazulgo amildegia eta Diablozulokoa, mundu guztiak ezagutzen dituenak. Bestela, Malloako ingurua, Aralarren, gustuko dut. Oso ezaguna ez den eremu bat da, eta jaitsiera oso interesgarriak daude. Dena den, bakoitzak bilatzen duenaren arabera nahiko ditu batzuk edo beste batzuk. Kirolaren arloko erronka bat bilatzen duenak ura nahi du, eta paisaiaz gozatzea nahi duenak jaitsiera soil bat nahikoa izanen du. Nik azken hori nahiago dut, baina noizean behin adrenalina izatea ongi dago. Faunari, landarediari eta geologiari erreparatzen diet nik. Horregatik ez naiz aspertzen, urik ez badago ere.

Liburua ez da bakarrik profesionalentzat, ezta?

Jaitsiera errazak daude, edonor egiteko modukoak. Baina gutxieneko ezagutza bat izatea beharrezkoa da; horregatik, oso garrantzitsuak dira materiala eta taldea. Gure lurra ezagutzea eta sustatzea da nire helburua, bai Nafarroako herritarrei, bai eta kanpotarrei ere. Abentura enpresentzako eta landetxeentzako liburu interesgarria dela uste dut, halaber. Tokiko toponimia errespetatu dut. Gehienak euskarazko izenak dira, eta SITNA Nafarroako Lurralde Informazio Sisteman oinarritu naiz.

Asko egiten den kirola da Nafarroan?

Modan dagoen kirola da, onerako eta txarrerako. Modek mundu guztia harrapatzen dute, eta badago jendea ez duena ez esperientziarik ezta formakuntzarik ere. Oso arriskutsua da. Taldean egiten den kirola da; komenigarria da gutxienez bi edo hiru pertsona egotea. Izan ere, taldeak markatzen du maila. Horregatik, ikastaroak bultzatu behar ditugu. Hemen ur gutxi dugu udan, eta ohikoena Huescara [Espainia] edo Frantziara joatea da. Gainera, gero eta emakume gehiago animatzen dira arroila jaitsierak egitera.

Nafarroan ez da existitzen arroila jaitsieraren federaziorik. Beharrezkoa dela uste duzu?

Agian federazioa izatea gehiegi da, baina uste dut beharrezkoa dela kirola laguntzea eta sustatzea. Goraldian dagoen kirola da. Nafarroan Mendi Federazioa eta Espeleologia federazioak daude, eta horien bien erdian dago gurea. Haiek arroila jaitsierak egiteko aseguruak dituzte. Oso gomendagarria da aseguratzea.

Anekdota eta pasadizoak bildu dituzu liburuan. Baten bat kontatzeko?

Oso bitxia izan zen Unzelaia amildegia bisitatu genuenekoa, Genbe herrian. Ehiztari batzuekin topo egin genuen, eta galdetu genien ea zergatik zen hain zaila ura aurkitzea arroila horretan. Esan ziguten euria egiten zuela baina inoiz ez zela betetzen. Eta 60 urteko ehiztari horietako bat oroitu zen 60ko hamarkadako uholde batekin. 7 urte zituen berak gertatu zenean, eta ibaiak eraman zituen herriko zubiak. Naturaren indarra izugarria da. Inguruneari errespetua zor diogu. Izan ere, gu gara bisitariak, eta ezin dugu natura menderatu; integratu behar dugu.

Iritzia: Nire titiak

Idoia Sobrino

Duela gutti jakin dut nire titiek ez daukatela titi formarik. Forma egokirik, erran nahi baita. Bi dauzkat, handi xamarrak gainera, modak manatzen duen erara, baina ez behar luketen formarekin. Arazoa, omen, erabiltzen ditudan bularretakoetan dago: betegarririk gabekoak erabiltzen ditut, ustetan, inozoa ni, bularretakoaren funtzioa bularrak kontzearena zela, bizkarreko minak saihestu eta, bide batez, egunerokoak erosoago egin ahal izateko.

Baina ez, orain ongi erakutsi didate bularretakoaren funtzioak bi direla: bat, zure titiei bertze neska baten titien forma ematea (hau da, modan dauden nesken titien forma ematea), eta bi, titipuntak gordetzea. Zer iduritzen? Ba horrela omen, bai jauna. Neska talde batek erran dit hori dena; susmotan nago haien ahoetatik ez ote den jaun hori solastatu.

Izan ere, nondik dator nire titiek titi forma ez izateren kontu hori? Zergatik behartu behar dut neure burua telebistan saltzen diguten neska horien titiak izatera? Gainera, afera trikimailuz josita dago: alde batetik, 90-60-90 neurri horiek lortzera behartzen gaituzte, hau da, titi handiak izatera. Bertzetik, modelo profesionalen gorputzak omen dira gure ispilua: titirik gabeko neskak. Eta, bukatzearren, binomio horretatik ateratzen diren modako arropak dira nonahi saltzen dizkigutenak (denda berezietara joan gabe).

Baina adi, hemen hasten da jolasa eta: modako arropetan ez dago titi handiak sartzerik, ez dira kabitzen; beraz, titi txikiak izatera bideratzen gaituzte. Baina o! Titi txikiak ez ditugu gustuko. Zer egin, orduan…? Tatxan! Horra, betegarriak dituzten bularretakoak guretzat prest!

Poz-pozik egon zaitezke titi txikiak izan eta bularretako handiak erabiltzen badituzu: kolore eta puntilla mota guztietakoak izango dituzu aukeran. Zure titiek, orain bai, forma borobildua izanen dute, eta oroitu, gainera, bularretakoaren bigarren funtzioa ere betetzen dutela: inork ez du suposatu ere eginen zure titiek titipuntarik daukatenik!

Baina itxoin, titipuntak emakume sexyaren ikur ere badira, ezta? Orduan ezkutatu edo agerrarazi behar ditut?? Ai ama… Ez naiz aklaratzen… Moda jaunak zoratuta nauka. Gainera, orain oroitu naiz nik neurez titi handiak ditudala; beraz, ezin dut mota eta kolore guztietako bularretakorik erosi, zeren guretzat, titi-handientzat, betegarririk gabekoak eta soilik hiru koloretan baizik ez baitira saltzen: xuria, beltza eta txitxi-kolorekoa (polita hori, ezta?). Azken horren funtzioa bularretakorik eramaten ez duzun itxura egitea da. 100 bat daukazu, baina bularretako horrekin denek pentsatuko dute ez duzula deus eramaten!

Ez dago dudarik: moda jauna jauna da. Jauna eta ez andrea. Oraindik badago mikromatxismoan sinisten ez duenik. Oraindik badago hau ez dela mikromatxismoa erran eta errango duenik. Nik bertze zerbait dut errateko: sanfermin parekide hauetan, eraso sexistak azpimarratzera deituak izan garen honetan, hona hemen nire azpimarra eta oihua: neskak, egizue titipuntetan jartzen zaizuena! Izan libre, ausart eta libre!

Migratzaileen Europaren bila

Migratzaileen Europaren bila

Edurne Elizondo

Onartezina da Coca-Cola botila batek askatasun gehiago izatea herriz herri mugitzeko, pertsona batek baino". SOS Arrazakeria taldeko eta Iruñea Harrera Hiria plataformako kide Natalia Nilok erran ditu hitzok. Haserre da. Europako agintariek migratzaileen aurka erabaki dituzten politikekin amorratuta. "Siriako krisiak eragindako egoera pil-pilean da, baina urteak dira Europak migrazio politika kriminalak indarrean dituela; Ceutan eta Melillan gertatzen denari so egitea nahikoa da horretaz jabetzeko. Hegoaldeko muga blindatuta dago. Europak Turkiarekin egindako akordioa ez da hutsetik sortzen; Marokorekin sinatutakoa hor zegoen". Mugak ixten dituzten politika horien kontra, hain zuzen ere, karabana antolatu du Iruñea Harrera Hiriak, hilaren 15erako. Iruñetik Greziara joanen dira parte hartuko duten herritarrak, egungo Europari ezezko biribila ematera, eta migratzaileen Europaren bila.

Karabana egiteko ideia Iruñean sortu zen, baina berehala bat egin zuten proposamenarekin Euskal Herriko bertze hainbat taldek, bai eta hemendik kanpoko zenbaitek ere. Denek Bartzelonan bat eginen dute, hilaren 16an. Eta handik abiatuko dira Greziarantz. Bidean, Europak indarrean dituen politikak salatzeko hamaika ekitaldi eginen dituzte, hiriz hiri. Tesalonikan (Grezia), gainera, No borders lelopean eginen duten kanpaldiarekin bat eginen dute karabanako kideek. Herritarrak parte hartzera deitu dituzte antolatzaileek. Zabaldin eman daiteke izena (Nabarreria, 25, Iruñea), edo nafarkarabana@gmail.com helbidean.

"Autobus bat aterako da Iruñetik. Lor daitekeen helburu bat dela uste dugu. Haren bidez, protesta politikoa egin nahi dugu; herritarrok orain arte erakutsi dugun haserre horri eduki politikoa eman. Finean, herritarron esku dago herritarrak salbatzeko boterea, eta baliatu behar dugu; gobernuek ez badute deus egiten, gure indarra erabili beharko dugu aurrera egiteko".

Sareak osatu nahi dituzte hori lortzeko. Europako gizarte mugimenduko kideen arteko sareak, hain zuzen. Urratsak egiten hasiak dira jada. Nilok berak Bruselan (Belgika) egindako hainbat topaketatan parte hartu du. "Europako hamaika tokitako aktibistak bat egin dugu, esperientziak partekatzeko eta estrategiak zehazteko; ideiei forma ematea falta da orain, gertatzen ari denaren aurrean erantzun sendo eta bateratua eman ahal izateko herri mugimenduetatik".

Karabana bada norabide horretan egindako urratsa. Grezia izanen du helmuga, baina, han gertatzen ari denaz harago, migratzaile guztien aldeko aldarria zabaldu nahi dute antolatzaileek eginen duten bidaiaren bidez. "Giza eskubideen gutunak argi eta garbi erraten du 13. artikuluan pertsona guztiek badutela askatasunez mugitzeko eskubidea. Etorri nahi duenak hori egiteko eskubidea badu, eta ez du axola zein den sorterritik ateratzeko arrazoia. Mugitu nahi duen orori egin behar diogu harrera. Gertatzen ari denaren aurrean aski dela ozen errateko ordua dugu jada".

Bide seguruak

Greziako errealitatea gertutik ezagutu du Iruñea Harrera Hiria plataformako kide eta argazkilari David Sanchezek. Han egon da, migratzaileen berri bere irudien bidez ematen. Gogoan ditu hasierako irribarreak; Turkiatik Lesbos irlara ailegatzen zirenean iheslariek erakusten zituzten irribarre haiek. "Irribarre egiten zuten bazekitelako bidaiaren zatirik arriskutsuena gainditu zutela. Irribarreak desagertu ziren gero, halere, nekez ulertzen ahal zutelako iheslariek Europak egiten ziena. Hesiak eta poliziak aurkitu zituzten; ilarak komunera joateko, ilarak jatekoa jasotzeko, ilarak edozer gauzatarako".

Iheslarien, migratzaile ororen atzean bizitza proiektuak, esperientziak, desioak eta helburuak badirela nabarmendu dute Iruñea Harrera Hiria plataformako kideek. "Errateko dutena entzun behar dugu, haien esku baitago non bizi nahi duten erabakitzea". Bide seguruen alde egin dute plataformako kideek. "Bat ixten badute, bertze bat bilatuko dute, are arriskutsuagoa. Libiakoari buruz denek erraten zuten arriskutsuena zela; berriz hasi dira erabiltzen, eta bi egunean 1.200 pertsona hil dira", nabarmendu du Sanchezek. Greziako kanpalekuetan entzundakoak ere gogora ekarri ditu: "Anitzek nahiago dute sorterrira itzuli, bonbak dauden tokira, aurkitu duten Europan gelditu baino. Agintariek lotsatu beharko lukete halako esaldiak entzunda", erantsi du argazkilariak, eta argi erran du Greziako herritarren eskutik jaso dutela iheslariek harrera bero bakarra. "Sekulako elkartasuna erakutsi dute".

Nafarroan, agintariek Iruñea Harrera Hiria plataformako kideen proposamenekin eta aldarrikapenekin bat egin dutela azaldu dute Nilok eta Sanchezek. Gobernuak bat egin zuen plataformak aurkeztutako mozioarekin; atzerritarren legea eta Turkiarekin sinatutako akordioa bertan behera uzteko eskatzen zuen testuak, bertzeak bertze. Nafarroako Parlamentuak, halaber, babesa eman dio karabanari. "Europako migrazio politika kriminalak" salatzeko adierazpen instituzionala onartu du asteon parlamentuak. Talde guztiek egin dute haren alde, UPNk eta PPNk izan ezik; bi talde horiek abstenitu egin dira bozketan.

Ahal Dugu-ko parlamentari Tere Saezek, hain zuzen ere, Iruñea Harrera Hiria plataformako kideen karabanarekin bat eginen du, Grezian. Hilaren 11n abiatuko da herri horretara, Emakume Migratzaileen eta Errefuxiatuen Plataformako kideekin batera. Iheslarien hainbat kanpaleku bisitatzea dute helburu, emakumeen eta haurren egoera aztertzeko.