“Aldaketaren aukera historikoa baliatu behar dute alderdiek”

“Aldaketaren aukera historikoa baliatu behar dute alderdiek”

Ikasleen tutoretza saioen eta gradu amaierako lanen zuzenketen artean, tartea egin dio Carlos Vilches Nafarroako Unibertsitate Publikoko soziologia irakasleak (Iruñea, 1955) Nafarroako Hitza-ri, bozetako emaitzak aztertzeko.

Hauteskundeen emaitzek aukera ematen dute gobernu alternatibo bat osatzeko. Zein da zure irakurketa?

Ziklo luze baten amaiera da hau. 24 urtez, eskuina agintean izan da Nafarroan, eta askoren grina zen alternatibak eraikitzea. Orain arte, ezinezkoa izan da hori, batez ere, PSNren jarrerarengatik, baina hauteskunde hauetan aukera berriak zabaldu dira. Une hau oso interesgarria da, hain zuzen, PSN bazter uzteko aukera eskaintzen dielako aldaketaren aldeko indarrei. Bestalde, Espainian gertatu den fenomenoak oihartzuna izan du hemen ere; hau da, bipartidismoa sustatu duten alderdi tradizionalen gainbehera. Ezinbestekoa izanen da, hemendik aurrera, bestelako kultura politikoa ezartzea: kontsentsuarena eta akordioena. Nafarroako Parlamentuan nahiz udaletan, ezkerreko indarrek itunak lotu beharko dituzte, aldaketa gauzatzeko.

Nafarroan, Podemos Ahal Dugu-k emaitza onak lortu ditu, baina EH Bilduk eta Geroa Baik ere gora egin dute. Nondik atera dira aldaketaren aldeko boto horiek guztiak?

Hauteskundeen emaitzak aztertzen ditugunontzat, horixe da gure buruhausterik handiena, eta, segur aski, ez da erantzun bakar bat izanen. Izan ere, matematikak soilik erabilita, nekez uler daitezke emaitzak. Alde batetik, UPNk boto asko galdu ditu, botereak eragindako higatzearengatik, eta PSNk ere babesa galdu du, erregionalisten makulu gisa ikusi dutelako askok. Bestalde, Ahal Dugu-k etekina atera dio jendearen mobilizazioari, parte hartzea lau puntu igo baita 2011ko bozekin alderatuta, eta, horrez gainera, PSNri eta Ezkerrari boto asko kendu dizkie. Niretzat, ordea, emaitzarik harrigarriena Ciudadanosena izan da. 3-4 eserleku izanen zituztela zioten inkestek, eta hutsean gelditu dira.

Gobernu alternatibo bat osatzeko elkarrizketak abiatu ditu Geroa Baik. EH Bildurekin koalizioa lehenetsiko du, ala PSN erakartzen saiatuko da?

Kontuan izan behar dugu PSN kinka larrian dagoela gaur egun. Gainbeheran den alderdia da, UPNrekin kolaboratu izanaren ondorioz, oso irudi txarra dauka, eta, gainera, haren botoak ez dira beharrezkoak gobernu alternatibo bat osatzeko. Geroa Bairen aldetik ez dakit aukerarik onena litzatekeen halako indar bati lotzea. Bozetatik atera dezakegun ondorio garbiena da ideologia eta ikuspuntu anitzeko itunak beharrezkoak izanen direla. Ezin zaio horri bizkarra eman. Beraz, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ados jarri beharko dute, alternatiba bat osatze aldera.

Eta ados jartzen ez badira?

Ez dakigu zer gerta litekeen hauteskundeak errepikatuko balira, eta, segur aski, halako momentu historiko bat ez da errepikatuko, blokeen indarrak oso parekatuak daudelako. Beraz, aukera baliatu beharko dute. Orain izanen da, ala, agian, inoiz ez.

2007an, Madrilera jo zuen UPNk, Nafarroa Bai eta PSNren arteko gobernu ituna eraisteko. Oraingoan antzeko azpijokoak erabiliko dituela uste al duzu?

Gaur egun, ez dut uste UPNk nahikoa indar eta eragiteko ahalmena duenik horretarako. Ez dut indartsu ikusten. Boto gehien jasotako zerrendaren diskurtsoari heldu diote etsi-etsian, bai parlamentuan baita Iruñeko Udalean ere, balizko gobernu alternatiboei zilegitasuna kentzeko, baina ez dut uste askoz harago joanen direnik, ezin dutelako.

Hausnarketa egin beharko du UPNk?

Bai, batez ere, kontuan izanda erregionalistek behera egin dutela legebiltzarrean, baina, batez ere, udaletan. UPNren gotorlekutzat genituen horietan ere higadura sekulakoa izan da. Tuteran, adibidez. UPNren boto historikoak zurruna zirudien hainbat gunetan, mugiezina, baina fideltasun hori ere hautsi egin da hauteskunde hauetan. Finean, UPNk kontra du demografia. Erregionalisten boto-emaile klasikoaren profila adinekoa da; horrek ez du esan nahi gazte batzuk ere erakartzen ez dituztenik, baina eskuineko boto-emaile gazteak ez dira hain fidelak. UPNk beste estrategia bat aplikatu beharko du aurrerantzean, boto gaztea erakarri nahi badu.

Izan ere, ezker-eskuin eta abertzale-espainolista dikotomiez gainera, hirugarren ardatza agertu da azkenaldian: politika egiteko molde zaharrak eta berriak banatzen dituen hori...

Halaxe da, bai. Duela gutxira arte, bloke zurrunek baldintzatzen zuten politikagintza: ezkertiarrak, eskuindarrak, abertzaleak, espainiar nazionalistak... Oso zaila zen eremu batetik bestera igarotzea, baina boto-emaile gazteen planteamendua ez dago hain ideologizatua. Askoz pragmatikoagoak dira, eta baldintzen nahiz proposamen zehatzen arabera ematen dute botoa. Errealitate hori ere kontuan hartzeko modukoa da.

Zer iritzi duzu hauteskundeen aurreko inkestez? Asmatu egin al dute?

Tira, askotariko emaitzak eman zituzten. Erreferentzia gisa Navarrometroa hartzen badugu, argi dago ezetz, ez zutela asmatu, UPNren galera eta Ahal Dugu-ren igoera anplifikatu egin baitzituzten. Inkesta hori ongi zegoen jendearen nahiak eta gogoak ezagutzeko, baina datuak ez ziren fidagarriak. Zergatik? Bada, gauza bat delako jendearen nahia, eta oso bestelako bat, jendeak benetan egiten duena. Une jakin batean, jende askok esan dezake nazka-nazka eginda dagoela ustelkeriarekin eta beharrezkoa dela aldaketa. Baina nahi hori ez da modu homogeneoan zehazten, eta unean uneko faktoreek eragin handia izan dezakete botoan. Hauteskundeen aurreko azken inkestak, adibidez, askoz serioagoak izan ziren, eta asko hurbildu ziren benetako emaitzetara.

Astelehenean hasiko da Santiago Cerveraren aurkako epaiketa

Astelehenean hasiko da Santiago Cerveraren aurkako epaiketa

BERRIA Iruñeko Justizia Jauregian egingo dute ahozko epaiketa astelehenetik aurrera. 09:15ean hasiko da. 2012ko abenduan Nafarroako Kutxako presidente ohi Jose Antonio Asiaini xantaia egin ziolakoan epaituko dute Santiago Cervera PPko diputatu ohia. Behin-behineko ondorioetan, fiskalak eta defentsak Cerveraren absoluzioa eskatu dute. Asiaini mezu bat igorri zioten 25.000 euro eskatuz, zenbait informazio ez zabaltzearen truke. Fiskalak uste du ezin izan dela...

Estoldetatik espaloietara

Estoldetatik espaloietara

Katrina urakanak New Orleans hiria (Louisiana, AEB) suntsitu eta ehunka hildako eragin zituen 2005eko udan. Kalteak konpontzeko eta hiria berreraikitzeko sortutako mugimendu hiritarrari N.O.L.A After Katrina (New Orleans-Louisiana, Katrina ondoren) izena eman zitzaion. Eta hiri horretan egiten den gauza orotan bezala, musikak ere garrantzi handia izan zuen orduko prozesuan.

Paralelismoa Iruñera ekarrita, "Barcina erauntsiaz" mintzo da Jon Zelestino musikari eta Broken Brothers Brass Band taldeko kidea. Haren eta inguruko beste hainbat musikariren ekimenez, NOLA? Iruñea after Barcina jaialdia egingo da asteburuan Iruñerriko hainbat tokitan. Hiru egunez, kalea hartuko du musika beltzak, Barcinaren aroaren amaiera ospatzeko. Zelestinok aipatu du ideiaren abiapuntua: "Lagun artean, aspalditik erabiltzen genuen Yolanda Barcinaren erauntsiaren ideia, Iruñeko alkatetzan zegoenetik guretzat erreferentziazkoak ziren hainbat gauza eta mugimendu suntsituak izan direlako, hala nola Euskal Jai gaztetxea, txosnen mugimendua eta Gazteluko plaza". Iruñeko alkate izan ostean, "suntsiketa" horien arduradun izandakoak, Yolanda Barcinak, Nafarroako presidente kargua hartu zuen 2011n, eta orain utzi berri du. Eta haren agintearen bukaera ospatzeko ere New Orleansko eredua hartu dute jaialdiaren antolatzaileek. "Han oso errotua dago bizitzaren ospakizuna, eta hiletak, adibidez, jai handia izaten dira". Hala, Iruñean ere, "ospakizuna" egingo dute asteburuan.

Zelestinok dioenez, "protesta egiteko modu eraginkorra" izango da jaialdia bera, "pozez eta ospatuz" egina. "Zer ez dugun nahi eta gauzak nola egin nahi ditugun pentsatzeko ere balio izango du", haren hitzetan. Eta hor kokatzen da jaialdiaren izenaren hitz-jokoa. NOLA? horrek New Orleans-Louisiana siglei egiten baite erreferentzia, baina baita euskarazko hitzari ere: "Aldaketa dator, bai, baina nola egingo dugu?".

Ezkutuko musika, kalera

Badago bestelako lotura bat ere New Orleans eta Iruñearen artean, Zelestinok dioenez: "Azken urteetan Iruñeko estoldapeetan musika beltzaren inguruko mugimendua sortu da, bai Sustraian Recordsen inguruan, eta baita Katakrak, Jazar, Barañaingo Nabea eta halako tokietan ere. Txantxetan esaten genuen horiek guztiak estoldetan zeudela, eta uholde bat gertatzen denean estoldetan dagoena kalera ateratzen dela, eta espaloietan geratu. Bada garaia hori bistaratzeko". Musikariak gaineratu duenez, berriro kalera atera nahi dituzte "erauntsiak iraun duen bitartean lur azpian, ezkutuan izan diren gauzak".

Asteburuko jaialdiak, beraz, musika talde horiek guztiak plazara ateratzeko eta elkarren arteko loturak sendotzeko aukera ere eskainiko du. "Topaketa kolektiboa" izango da, antolatzaileen hitzetan. "Aitzakia bat", Zelestinok dioenez, "jendea elkartu eta martxan jartzeko". Horregatik, bereziki iganderako antolatutako jarduerei ematen diete garrantzia: New Orleansen estilora, desfilea izanen da Alde Zaharreko kaleetan, Iruñea Nola Brass Bandek lagunduta, eta, ostean, piknika Argako ibaiertzean. "Elkarrekin harremanetan jartzeko" aukera izanen da horrela.

Bada, azkenik, New Orleansko esperientziatik Iruñera ekarri nahi duten beste elementu bat. Zelestinok dioenez, Katrina urakanaren aurretik batez ere, "New Orleansko kultura turismoa erakartzeko balio ekonomiko bezala" erabili zuten, "eszena oso komertziala sortuz". Katrina-ren ostean, ordea, "jendea musika auzotik eta auzoarentzat sortzen hasi zen berriro". Eta, hain zuzen ere, espiritu hori nahi dute Iruñera ekarri, "jendeak bere musika egin dezan, auzoari begira". Hausnarketa baten ondorio da nahi hori: "Ikusten genuen 80ko hamarkadatik hona rockak ez diola herriari musikarik edo ereserkirik eman, sakonki identifikatzeko musikarik ez diola eman, beste garai batzuetan gertatu den bezala". Egoerari konponbidea emateko saioa ere bada, beraz, jaialdia bera. "Azken 30 urteetan rockak ez duena lortu nola lortu pentsatzea da asmoa. Eta gure proposamena da hori guztia musika beltzetik, rapetik eta dantzarako musikatik egitea".

Zeregin horretan ez dira bakarrik izango musikariak. Are gehiago, parez pare ireki dituzte jaialdirako ateak. "Topaketa parte hartzailea" nahi dute egin, eta, horretarako, konpartsak sortzeko gonbita egin diete antolatzaileek herritarrei. Beste behin ere, New Orleanskoa izango da eredua: desfileetan jotzen ari diren taldeei laguntzeko konpartsak izango dira, mozorroekin, dantzan. Eta publikoak ere izango du dantzatzeko eta parte hartzeko aukera.

Kate berriak, aro berrirako

Kate berriak, aro berrirako

Aldaketa politikoa gobernura, parlamentura eta gainontzeko botere guneetara iritsi baino lehenagotik ere, beste esparru batzuetan hasia da islatzen: besteak beste, ikus-entzunezko sektorean. Ahotsa.info, Euskalerriairratia.eus eta Nafarroa.hitza.eus bezalako atarien agerraldiaz gainera, LTD lurreko telebista digitalaren esparruan ere ikusgarria izan da iraultza, lehen basamortu zena oasi bihurtzen hasia baita, euskarazko programazioari dagokionez. Hilabete gutxiren buruan, euskara modu nabarmen batean erabiltzen duten hiru hedabide azaldu dira herrialdeko telebistako emankizunen zerrendan: Xaloa, Hamaika eta Nafar telebista, 2013an lortutako lizentziei esker.

Xaloa telebista izan zen lehenengoa, iragan abenduan, eta haren eskutik heldu dira beste biak ere —multiplex bera erabiltzen baitute—. Finantzaketa kolektiboko kanpaina baten bidez lortutako 36.000 euroei esker, hedagailuak jarri ahal izan zituzten Elomendin eta Ezkaban. Ordutik, tokiko informazioak izan du lehentasuna Xaloaren programazioan, albistegiak nahiz magazinak eskaintzen baitituzte, euskara hutsean.

Hamaika telebistak, berriz, iragan astean zabaldu zuen emisioa, Iruñerrian ikusi ahal izateko. "2013an lortu genuen baimena, Nafarroako Gobernuak lizentzien lehiaketa egin zuenean, baina orain arte ez da posible izan emisioak abiatzea", azaldu du Iñaki Uria Hamaika telebistako zuzendariak. "Xaloa telebistaren izenean egin zen arren, iazko crowdfunding-ak balio izan zuen beharrezko azpiegitura teknikoak ordaintzeko, eta horri esker posible izan dugu seinalea Donostiatik Iruñera zabaltzea. Ahal izan dugun momentuan egin dugu eskaintza".

Iruñerrian emititzen hasi zirenetik ikusleengandik jasotako iritziak "oso positiboak" izan direla nabarmendu du Uriak. "Euskal Herrian eta euskaraz egindako hedabideen egarria handia da Nafarroan. Lehorte handiko eremua izan da hau, eta jendeak eskertzen du egiten dugun ahalegina".

Hamaika telebistak Iruñerrian emititzen du, 38. kanalean, eskualde horretako lizentzia bakarrik eskuratu zuelako lehiaketa publikoan. Hala ere, erronka handia dela uste du zuzendariak: "Nafarroa osoko euskaldunen %65 inguru bizi dira Iruñerrian, eta guretzat aukera garrantzitsua da haiengana iristea".

Dena den, oraingoz, Donostiako programazioa eskainiko dute soilik. "Ez dugu beste aukerarik une honetan", laburbildu du Uriak. "Nahiago genuke hau baino gaitasun handiagoa izan, baina egungo testuinguru ekonomikoan, ezinezkoa da. Ozta-ozta berma dezakegu egungo eskaintza; beraz, ezinezkoa da Iruñerrian azpiegitura tekniko oso bat antolatzea eta programazio propioa ekoiztea".

Hala ere, Hamaikak Iruñerrian duen harreraren arabera, bertoko errealitateari buruzko eduki gehiago sartzea planteatzen ari direla aipatu du zuzendariak. Erabaki horretan, balizko gobernu berri batek izan dezakeen rolaz ere mintzatu da: "Aldaketa politikoaren aukera gauzatzen bada, ikusteko dago diru laguntza publikoen zirrikitua zabaltzen zaigun ala ez. Hala ere, bide hori ere luzea izanen da, denbora pasatuko baita gobernu berri bat osatu arte, eta hedabideontzako irizpide berriak lege bihurtu arte. Baina, tira, esperantza ez dugu galduko".

Nafar telebista, maiatzetik

Maiatzaren 16an hasi zituen emisioak NTB1 Nafar telebistaren lehen kateak. Olaizola II.ak eta Altuna III.ak buruz buruko txapelketako final-laurdenetan jokatu zuten partida izan zen kate berriaren lehen emankizuna. Horren ostean, hauteskundeei buruzko mahai inguruak eta Sortzen jaiari buruzko saio bat eskaini dituzte, baina oraindik ez dira hasi emisio jarraiarekin.

2013ko lehiaketa publikoan, bi lizentzia eskuratu zituen Nafar telebistak: bata Iruñerrirako eta bestea Nafarroa osorako. NTB1 hasia da herrialde osoan emititzen euskaraz eta gaztelaniaz. NTB2k, berriz, Iruñerrirako emitituko du euskara hutsean. Datozen asteetan jarriko da abian hori ere. Oraingoz, LTDko 26. kanala sintonizatu behar da, Nafar telebista ikusi ahal izateko.

Udalak: lau urtez itolarrian

Udalak: lau urtez itolarrian

Ekonomikoki itota. Halaxe izan dira tokiko administrazioak, amaitzear den legealdi osoan. Nafarroako Gobernuak ezarritako murrizketa bortitzek eta Madrilek udalerrien autonomia kamusteko eginiko saioek kolokan utzi dute kontzejuek, mankomunitateek eta udalek herritarrei zerbitzua emateko duten gaitasuna.

Kolpe latzena 2011ko irailean heldu zen, legealdia hasi eta hilabete gutxira. UPN-PSN koalizio gobernuko kontseilari guztiek, Yolanda Barcina presidentea buru zutela, larrialdiko agerraldia egin zuten, 294 milioi euroren murrizketa aurkezteko. "Egoera ekonomiko latzarengatik, behartuta gaude erabaki hau hartzera. Erabaki gogorra da, baina, aldi berean, ausarta", esan zuen Barcinak. Atzean zituen Roberto Jimenez lehendakariordea eta Alvaro Miranda Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, besteak beste. Biek ala biek "beharrezkotzat" jo zituzten doikuntza neurriak.

Agerraldi horretan, baina, gobernukideek ia aipatu gabe utzi zuten udalei emandako zaplaztekoa. Itunaren letra txikia zen hori: Tokiko Administrazioen Funtsari ezarritako 11,7 milioi euroren murrizketa. Horrez gainera, garaian garaiko inbertsioak eta proiektu zehatzei emandako diru laguntzak ere kimatu ditu gobernuak lau urte hauetan.

"Oso legealdi zaila izan da hau", laburbildu du Agoizko alkate Unai Lakok (Bildu). "Krisi ekonomikoaren astinaldia jaso dugu guztiok, baina, udalen kasuan, diru iturriak bi bidetatik itxi zaizkigu: alde batetik, herrian obra gutxiago egin dira, eta, ondorioz, diru gutxiago jaso dugu lizentzia, zerga eta plusbalien truke; bestalde, Nafarroako Gobernuaren erabakiek oso egoera zailean jarri gaituzte". Iritzi berekoa da Xabier Lasa Berriozarko alkatea ere (Nafarroa Bai): "Gerrikoa estutu behar izan dugu behin baino gehiagotan, baina ahalegina egin dugu herritarrenganako arretari eta oinarrizko zerbitzuei eusteko, funtsezkotzat jotzen baitugu kalitatezko zerbitzuak eskaintzea eta inbertsioak egitea".

Kutxatik dirua hartzen

Nafar guztiek zergen bidez ordaintzen duten kopurutik, zati bat erabiltzen da udalak finantzatzeko. Hori da Toki Administrazioen Funtsa. Udalek eta mankomunitateek beren ohiko jardunerako eta gastuetarako erabiltzen duten kutxa. 2011ko irailaren 27an, ordea, kutxa ireki eta tokiko entitateei zegokien dirua gutxitzea erabaki zuen Nafarroako Gobernuak. Ordura arte, inoiz ez zen funtsa ukitu.

Ia 12 milioiren doikuntza iragarri zen hasieran, baina, udal ordezkarien protesten ondorioz, negoziatzeko konpromisoa hartu zuen Roberto Jimenez lehendakariordeak. "Zer egin behar dugu udalok?", galdetu zuen Lasak 2011n. "Hornitzaileak eta argindarra, ura, gasa ordaintzeari utzi behar al diogu? Langileei soldatak ordaintzeari utzi behar al diogu, edo herritarrei zerbitzuak emateari utzi?". Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa ere auzitara jotzeko prest azaldu zen. Azkenean, ordea, Nafarroako Gobernuak leundu egin zuen kolpea: 11,7 milioi eurorena ez, zortzi milioirena izan zen murrizketa.

Lakoren esanetan, Toki Administrazioen Funtsa ez da gobernuaren diru laguntza bat, ezta limosna hutsa ere. Udalen funtzionamendua bermatzen duen funtsa da, eta gobernuak diru banaketa "justua eta proportzionala" egin beharko luke. Gaur egun, ordea, ez da halakorik gertatzen: "Nafarroako Gobernuaren esku dago erabakitzea zertan gastatzen duen diru publikoa; tokiko administrazioen diru sailak murriztu ditu, baina beste asko ez ditu ukitu: besteak beste, Nafarroako ubidea eta abiadura handiko trena".

Orain arte, lau urtean behin ezartzen zen Toki Administrazioen Funtsera bideratu beharreko diru publikoa, baina azken hiru urteetan izoztua egon da partida. Horrek kalte handiak eragin dizkie gehien hazi diren udalerriei —Berriobeiti, Eguesibar eta Aranguren, besteak beste—, zerbitzuak eta azpiegiturak zabaldu eta egokitu behar izan baitituzte, diru kopuru berberarekin. Zehazki, zergetatik jasotakoaren %8 inbertitzen du Nafarroako Gobernuak udalerri, mankomunitate eta kontzejuetan.

Inbertsioak, behera

Toki Administrazioen Funtsaz harago, unean uneko inbertsioek ere sumatu dituzte UPNren murrizketak. Alkateen irudiko, Yolanda Barcinaren gobernuak "ia alor guztietan" aplikatu ditu doikuntza neurriak, baina azpiegituren eta zenbait zerbitzuren finantzaketan nabaritu dute murrizketa. Hala, azpiegitura publikoei dagokienez, 20 milioi euro inguru inbertitzen du orain Nafarroako Gobernuak —garai batean ematen zuenaren herena—; eta %20 eta 50 artean murriztu dira udalei emandako diru laguntza gehienak.

Horrez gainera, epeak nahieran maneiatzea eta ezinegona sortzea leporatzen diote gobernuari udaletako eledunek. "Haur eskolak, enplegu soziala, kultur etxeak, kirol instalazioak... Udalek aurreratu behar izan dugu zerbitzu horiei eusteko dirua, eta gobernuak nahi edo ahal izan duenean ordaindu digu zegokion zatia", azaldu du Agoizko alkateak. "Adibidez, 2012-2013ko ikasturtean, haur eskolen gastua guk aurreratu genuen, eta gobernuak 2013ko abenduan pagatu zuen; hau da, 15 hilabeteko atzerapenarekin. Horrek sekulako itolarria eragin digu".

Berriozarko Udalean ere, gobernuak sinatutako itunen ziurgabetasunarekin izan zituzten arazo larrienak. "Adibidez, aldi baterako kontratazioen %60 edo 70 ordainduko zizkigutela esan eta, deialdia egina zegoenean, baldintzak aldatu eta %40 pagatzen zizkiguten", gogorarazi du Lasak. "Aurreikuspen guztiak hausten dizkizu halako gauza batek, askotan egitasmoak, deialdiak edo kontratazio prozesuak abian direnean esaten dizutelako finantzaketa kolokan dagoela. Ordainketak etengabe atzeratzeak ere buruhauste handiak eragin dizkigu kontuak ixteko garaian, gobernuak urtebeteko atzerapenarekin ordaintzen zizkigulako hitzartutako laguntzak".

Finantzaketaren erreforma

Lakorentzat, "banku txarraren rola betetzea" egokitu zaie tokiko administrazioei azken urte hauetan: "Gobernuak hartu du murrizketak egiteko erabakia, kalteak guk ordaindu ditugu, eta, gainera, azalpenak emateko ardura ere gurea da".

Izan ere, foru administrazioak eta tokiko entitateek jasotzen duten tratua oso ezberdina dela uste du Agoizko alkateak: "Gobernuaren egoera txarra ulertu eta pazientzia izan behar dugula esaten digute, baina, hori bai, guri ez digute ezer barkatzen: zentimo bakoitza justifikatu behar dugu beti, eta kontuak eguneratuak izan behar ditugu".

Halako egoerak saihesteko, igande honetako bozak "erabakigarriak" izan daitezkeela uste dute udal ordezkariek. "Politika egiteko modu berriak ezarri behar ditugu, bai udaletan eta bai Nafarroako Gobernuan", esan du Berriozarko alkateak. Lakok, berriz, argi du Nafarroako tokiko administrazioaren erreforma bultzatu beharko litzatekeela. "Toki Administrazioen Funtsa indartu egin behar da. Ahalegina egin behar du gobernuak udalen finantzaketa hobetzeko, baina ez azpiegitura erraldoiak ordaintzeko, eguneroko gastuei aurre egiteko baizik. Likidezia behar da, ez luxuetan xahutzeko, oinarrizko zerbitzuak bermatzeko baizik".

Itziar Gomez: “Geroa Bairen papera errealista eta eraginkorra da”

Itziar Gomez: “Geroa Bairen papera errealista eta eraginkorra da”

Azken bi legealdietan zinegotzi izan ostean, Geroa Baiko zerrendaburu da oraingoan Itziar Gomez (Iruñea, 1964). "Gizartea kohesionatuko" duen udala nahi du.

Zeintzuk dira zuen lehentasunak?

Gizartea kohesionatzea, eta beraz, gizarte zerbitzuak indartzea, haurtzaroaren pla.netik hasita. Egun, 3000 haur gizarte bazterkeria egoeran daude, eta hori lehentasuna da guretzat. Bigarrenik, udal etxebizitza jendeari eskaini nahi diogu. UPNren utzikeriak hor jarraitzen du: lau besterik ez dituzte egokitu, haien esanetan ez delako beharrik izan. Auzo guztiei begiratu nahi diegu, UPNren politikaren arabera batzuk zigortuak izan baitira. Diskriminazio positiboa ezarri behar da.

Zer kudeaketa eredu eskaintzen duzue?

Aurrekontua begiratu beharko dugu, urte hauetan UPNk gutxitu baitu. Hirigintza arloko diru sarrera blokeatuta dago, eta argi dago Europara begira jarri beharra dugula, hiriei bideratutako diru asko baitago, mugikortasuna edo eragikortasun energetikoaren arloan, adibidez.

Zer harreman bultzatuko zenuke beste euskal lurraldeekin?

Europara begira jarri behar bagara, argi dago inguruko hiriekiko politika komunak ere egin behar direla. Ez bakarrik komunean ditugun gauzetan —euskara eta kultura— baizik eta egon daitezkeen sinergia ekonomikoetan. Orain arte horren kontra kudeatu da, baina uste dut hor ere badagoela etekina ateratzeko aukera.

Nola ikusten duzu aldaketarako aukera?

Iruñean aldaketaren desioa aspaldi dago barneratua. Aldaketaren bermea PSN kanpoan geratzearekin batera lortuko litzateke, eta horretan ari gara. Gure papera funtsezkoa da gaitasuna duen aldaketa integratzaile eta iraunkorra eskuratzeko.

PSNri ere marra gorria jartzen diozue?

Ez, hasieratik esan dugu ez dugula marra gorririk, beste batzuek, antza, bai. PSNren eleduna entzunda, badirudi aldaketa bere burutik pasatzen dela. Ez dugu marra gorririk, aldatu nahi dugun politikaren erantzuleak salbu.

Zein da Geroa Bairen bereizgarria?

Lan talde bikaina dugu, ez bakarrik hiria eta auzoa ezagutzen dituena, baizik eta udala barrutik ere ezagutzen duena Iruñeko gizarteari programa errealista eskaini diogu, 200 neurri baino gehiago aurrera ateratzeko asmoz. Gure leloak —Iruñea dugu amets, oinak lurrean— argi erakusten du Geroa Bairen papera errealista eta eraginkorra dela.

Ana Lizoain: “Ez dugu eliteen ordezkapena nahi, haustura baizik”

Ana Lizoain: “Ez dugu eliteen ordezkapena nahi, haustura baizik”

"Joko arauetan sakoneko aldaketa" nahi du Aranzadik, eta asmo horrekin aurkeztu da bozetara. Ana Lizoain (Iuñea, 1968) da "hautagaien-zerrendako" alkategaia.

Zer berritasun dakar Aranzadik Iruñeko eszenatoki politikora?

Orain arte, inork ez du lortu instituzioetako eskumenak auzoei edo gizarte mugimenduei modu zabal, iraunkor eta eraginkorrean transferitzea, demokrazia zuzeneko eredu parte hartzaile eta gardena martxan jartzea, edo desobedientzia zibil instituzionalerako praktikak bultzatzea, adibidez, zilegia ez den zorra ez ordainduz. Gu saiatuko gara.

Ahal Dugu-k Iruñean babesten duen hautagaitza da Aranzadi. Zer puntutaraino zarete independente?

Erabat independente garela esatea gutxi esatea litzateke. Ezinezkoa da Ahal Dugu, Equo edo beste edozein alderdik Aranzadi baldintzatzea, ez baitago horretarako tresnarik. Ez gara sigla zopa bat, eta inor ezin da hemen beste ezeren ordezkari gisara egon, maila pertsonalean baizik. Bestetik, gure erabaki garrantzitsuenak galdeketan berretsi beharko dituzte herritarrek. Nahi duen orok parte ahal izango du bertan

Nortzuk osatzen duzue Aranzadi?

Hautagaitza anitza da gurea. Jende sinestuna, agnostikoa eta ateoa dago. Ideologia zaharrak aldarrikatzen dituzten pertsonak daude, eta baita emantzipaziorako diskurtso handiek epel uzten dituzten pertsonak.

Zerk batzen ditu horiek guztiak?

M15ko plazek 1978ko erregimena kolpatu zuten, fase eratzailearen mugarria ezarriz. Aro baten bukaeran gaudela egiaztatzeak urrun zegoen jendea hurbildu du. Gainera, gauza batek batzen gaitu: politikaren ohiko aktoreak ez dira gai berriki politizatu diren sektoreetaz arduratzeko.

Zeintzuk dira zuen lehentasunak?

Hemen tokiko oligarkek, eraikitzaile bilakatutako lur-jabe handi zaharrek agintzen dute. Gure lehentasunak jende arruntarenak izango dira. Gure aldetik, zerbitzuak udalari bueltatu, komunalizazio prozesuak abiatu eta demokrazia zuzenerako praktikak sustatzeko asmoa dugu. Haustura demokratikoarekin zer ikusirik ez duena ez da gure interesekoa.

Zer iritzi duzue euskarari dagokionez?

1987ko euskararen ordenantza egokitu eta betetzea bermatu behar dugu. Euskal hiztunen, erabat hiztun ez diren eta euskara ezagutu ez baina hurbildu nahi dutenen hizkuntza eskubideak bermatu behar dira. Euskara ondare kolektibo bereziki kaltebera da, eta zaindu nahi dugu.

Hauteskundeen ostean, zer egingo du Aranzadik aldaketa gauza dadin?

Joko arauetan sakoneko aldaketa nahi duten talde guztiekin akordioetara iristeko prest gaude. Ez dugu nahi eliteen ordezkapenean oinarritutako erreformarik, haustura bat baizik. Bakoitzak jakingo du noraino nahi duen eraman aldaketa politikoa. Badakigu gure proposamenetako batzuk ez direla gauzatzen errazak, baina ez gaude iraganeko prozesu historikoak errepikatzeko prest. Iruzurra litzateke hori.

Joseba Asiron: “EH Bildurik gabe, ez da aldaketarik izango”

Joseba Asiron: “EH Bildurik gabe, ez da aldaketarik izango”

Koalizioaren alkategaia izateko aukeratu dute EH Bildu osatzen duten alderdiek Joseba Asiron (Iruñea, 1962). Aldaketaren aldeko "gehiengo soziala" instituzioetara eraman nahi du.

Zeintzuk dira zuen lehentasunak?

Azken legealdia antzua izan da, eta zentzu horretan, orain dena dago egiteko. Yolanda Barcinak alde egin zuen, eta sekulako zorra utzi zuen udalean: urtero 10 milioi euro ordaindu behar izaten dira zorretan. Hori hala izanda, lehentasunak arlo guztietan daude. Adibidez, mugikortasunerako arazo handia dugu, kotxean pentsatutako hiria eraiki delako. Bestalde, uste dugu sanferminetarako beste eredu bat behar dugula, UPNk festak instituzionalizatu dituelako, eta sanferminak hasieratik izan dira herrikoiak eta espontaneoak. Sexu erasoen aurkako protokoloak ere hobetu behar dira. Tira, pila bat gai gaude. Baina lehentasuna, gobernura iristen garenean martxan jarriko dugun lehen neurria, pobreziaren aurkako eta enplegu duina eta etxebizitzaren aldeko ituna izango da, eragile sozialekin egina.

Udalaren egoera ekonomikoak, halere, ez du gehiegi lagunduko.

Ez, eta argi dago bideratuko ditugun proiektu guztiak imajinazio handiarekin eta baliabide gutxiekin egin beharko ditugula.

Nola ikusten duzu alkatetzara iristeko aukera?

Kalean aldaketarako grina sumatzen dugu, gehiengo sozial bat dago horren alde. Aldaketaren alde gauden indarren lana da gehiengo hori instituzioetara bideratzea. EH Bildu aldaketaren ezinbesteko parte izan behar da, izan ere, EH Bildurik gabe ez dago aldaketarik. Bestela, erregimena osatu duten alderdiekin paktatu beharko litzateke, eta arazoaren osagaiak ezin dira arazoaren konponbide izan.

Zein da EH Bilduren bereizgarria?

E H Bildu Iruñean aspalditik errotuta dagoen aukera bat da, eta proiektu sendoa defendatzen dugu. Ezkertiarrak gara, eta uste dugu udal gobernuak ezkerreko politikak bultzatu behar dituela. Gainera, erakutsi dugu gai garela ezberdinen artean lan egiteko, EH Bildu jatorri ezberdina duten pertsonez osatua baitago. Azkenik, gure marka inportanteena parte hartzea da. Ez da bakarrik hauteskunde kanpainetan errepikatzen den lelo bat, baizik eta praktikara eramaten dugun zerbait. Alde horretatik, aldaketaren boto segurua EH Bildu da.