Komunikazioa

Bazterretik ateratzeko

Bazterretik ateratzeko

Edurne Elizondo

Azken berrogei urteotan egindako lehiaketetako bakar batean ere ez dute irrati komunitarioentzako lizentzia bakar bat ere banatu; bada garaia bazterketa historiko horren auzia konpontzeko". Horixe nabarmendu dute Eguzki irratiko eta hedabide hori babesten duen Apice elkarteko kideek, jendaurrean egindako agerraldi batean. Azaldu dute izena eman dutela Nafarroako Gobernuak irrati lizentziak emateko martxoan abiatutako azken lehiaketan. Hori ere irrati komertzialentzat antolatu dute bakarrik. Egoera hori salatu, eta konponbidea eskatu dute Eguzkiko ordezkariek.

1982. urteko abenduan egin zuen Eguzki irratiak lehendabiziko saioa, Jarauta karrikako egoitzatik. Alde Zaharrean da irratia oraindik ere, Nabarreria karrikan. Lehen saio hori egin zuenetik, lizentziarik gabe egin du aurrera proiektuak; maldan gora egin behar izan du bidea anitzetan, azken lau hamarkadetan lau aldiz itxi baitute irratia.

1983. eta 1984. urteetan itxi zuten, Euskal Herriko beste irrati libre anitz bezala, eta 1988. urtean ere bai, Espainiako erregeak Iruñera egindako bisitak eragindako istiluen inguruko informazioa zabaltzeagatik. 1992. urtean saiatu ziren isilarazten azkenekoz. Baina airean jarraitzen du irratiak. "Gurearen gisako hedabideek ezin dute duintasunez eta berdintasunean lan egin, erregularizatzen ez badituzte", erran du Eguzki irratiko kide eta esatari Jorge Riberak, halere.

Martxoan antolatutako azken lehiaketan, Nafarroako Gobernuak Iruñean banatzeko irrati lizentzia bat gorde du. Lehiaketa horrek 2017. urtean antolatutakoa ordezkatu du, duela bi urtekoa bertan behera utzi eta gero. Eusko Media erakunde pribatuak helegitea aurkeztu zuen 2017an, eta, aintzat hartu eta gero, gobernuak bazter utzi zuen lehiaketa. 2017. urtekoan bazen lizentzia bat irrati komunitarioentzat; haren ordez martxoan antolatutako lehiaketan, ordea, ez.

Eguzki irratiko kideek "tamalgarritzat" jo dute irrati komunitario bati lizentzia emateko aukera galdu izana. "Aurreko gobernuen bidetik egin du aurrera ustezko aldaketaren egungo gobernuak ere, eta ez da gai izan arazoa konpontzeko. Bere esku zegoen hori egitea; ez dugu ulertzen zer-nolako interesen arabera erabaki duten irrati komunitarioak bazter uzten jarraitzea", salatu du Otanok.

Herri mugimendua ardatz

Herri mugimenduen bozgorailu izateko sortu zuten Eguzki irratia, 1982. urtean; Iruñeko garai hartako talde ekologista eta antinuklearra izan zen proiektu horren bultzatzaile. Eguzki izeneko aldizkariarekin hasi, eta uhinetara egin zuten jauzia gero. "Beharrezkoa zen ahotsik ez zutenei ahotsa ematea", arduradunen hitzetan. Xede bera dute ardatz orain ere. "Herri mugimendua izan da beti helburua eta proiektuaren ardatza. Aurrera egin dugu; garatu dugu proiektua, baina oinarri horri eutsi diogu". Krisi ekonomikoari ere egin diote aurre, eta, bazkideen eta entzuleen babesarekin, zutik jarraitzen du Eguzki irratiak.

Zutik da, eta urratsak egiten segitu nahi du, gainera. Horregatik erabaki dute irratiko kideek martxan den lehiaketan parte hartzea. Izena emateko epea berriki amaitu da, eta datozen hilabeteetan erabakiko da. "Hurrengo gobernuaren lana izanen da", erran du Riberak.

Irratiko kideek ez dute zalantzarik Eguzkik lizentzia merezi duela. 36 urtez egindako bidea nabarmendu dute, eta erantsi dute baimena jasotzeak "hedabideen demokratizazioari eta adierazpen askatasunari" eginen liekeela mesede.

Gaineratu dute Europan anitz direla lizentzia duten Eguzkiren gisako irrati komunitarioak. "Espainiako Estatuan ere badira; aukera badago". Eguzkiko kideek salatu dutenez, ordea, borondatea falta izan da orain arte.

Irratiko arduradunak borondate hori aldarazten saiatu dira, irrati komunitarioentzako lizentziarik gabeko lehiaketa ekarri duten agindu eta dekretuen aurka eginez. Egoera jendaurrean salatzea izan da egindako azken urratsa. Eta lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. "Eguzki irratiak lizentzia lortzen duenean, Nafarroako gizarte osoak irabaziko du, askotarikoa dela erakutsiko baitu", bukatu dute Otanok eta Riberak.

Batzen segitzeko ilusioz

Batzen segitzeko ilusioz

Uxue Rey Gorraiz

Urte borobila dugu aurrean. Alfredo aspaldi hasi zitzaigun hori gogorarazten, ez da hala?", dio irribarretsu Maider Betelu Sakanako Guaixe aldizkariko kazetariak. Alfredo Alvarori berari egin dio galdera, erredakzioburuari, eta baietz esan du horrek, buruarekin keinu eginez. Aldizkariak 25 urte beteko ditu aurtengo abenduan, eta, urte hasieratik, gerora etorriko diren ospakizunak prestatzen ari da bederatzi kideko lantaldea erredakzioan. Biek hunkituta begiratzen dute atzera, orain arte egindako bideaz harro, eta aurrera jarraitzeko betiko ilusioaz.

1994tik hilabetero hasieran eta astero ondoren, sakandarren etxeetara ailegatzen da aldizkaria, euskarazko tokiko informazioa emateko. Mende laurdena eginen du Guaixek, Sakanatik eta Sakanarentzat.

Eskualde horretako euskaltzaleen artean piztutako ilusioak abiarazi zuen Guaixe, orain dela 25 urte. Ibarrean gertatzen denaren berri euskaraz emateko premia ikusita jarri zuten martxan proiektua hiru emakumek: Amaia Amilibiak, Olatz Irizarrek eta Aitziber Etxaizek. Kazetaritzako ikasleak ziren hirurak garai hartan, eta Urdiainen hasi ziren, hango udalak utzitako lokal batean.

Egitasmoaren inguruan babes taldea eratu zen, Bierrik elkartea bultzatzaile, eta abenduan argitaratu zuten lehenbiziko zenbakia. Aldizkarian, Sakanako herrietako kronikak irakur zitezkeen, bakoitzean zeuden berriemaileek idatziak. Maider Beteluk egiten zuen Lakuntzakoa, adibidez. "Hasiera gogorra izan zen, baina oso polita", dio hunkiturik, hastapenak gogora ekarrita.

Kutxa mordoa dute erredakzioan pilaturik asteotan —orain erredakzioa Altsasun dago—, bata bestearen gainean. "Guaixe-ak eta Oixe-ak daude barrenean", argitu du Beteluk. Izan ere, gaur egun ezagutzen dugun Guaixe astekariak hainbat aldaketa izan ditu urte hauetan, gaur egungo itxura eta formatua hartu arte. "Hilabetekaria ginen hasieran, baina ohartu ginen zaharkituta gelditzen ginela. Albisteak berandu iristen ziren." Arazo horri aurre egin nahian sortu zuten Oixe, hilabetekariaz gain astero argitaratu zena. 2001etik 2003ra, bi aldizkariak aldi berean argitaratu eta gero, Guaixe astekariaren aldeko apustua egin zuten. Baita bete-betean asmatu ere, urteek erakutsi dutenez. Erabakia "ausarta" izan zen, Alfredo Alvaroren ustez: "Astekari bihurtzeko pausoa eman genuenean, jende asko beldur zen orrialdeak betetzeko adina material izango ote genuen". Ordutik, ostiralero 24 orrialdeko aldizkaria ateratzeko gai direla ikusi dute, batzuetan baita gehiagokoa ere. "Informazio olatuak gainditu egiten gaitu beti", erantsi du erredakzioburuak.

Letra eta irudiak aski ez, eta irratien uhinetara egin zuen salto Guaixe-k, 1999ko udaberrian. Orduantxe hasi zen Alfredo Alvaroren ibilbidea ere, Beleixe irratiaren sorrerarekin. "Irratiarekin informazio asko igortzea lortu genuen, eta askoz presenteago geunden egunerokoan", azaldu du Beteluk. Gaur egun, astelehenetik ostiralera, egunero egiten dute zuzeneko emisioa Egun On Sakana saioarekin, 10:00etatik 12:00etara. Irratiarekin batera, sareak ere erraztu egin du berehalakotasunez jarduteko bidea, nahiz eta oraindik ere astekari fisikoa den beren produktu kuttuna. "Ohiturak beste batzuk izan arren, batzuek oraindik papera maite dugu", dio umoretsu Alvarok, aleetako bat eskuetan.

Bat-bateko informazioa eta berehalako erantzunak ematea egin du posible guaixe.eus-ek. "Pil-pilean dauden gai batzuen inguruan beharrezkoa dugu hori, erreferenteak gara eta". Bereziki Altsasuko auziaz ari da Maider Betelu.

Bi kazetariak sinetsita daude ibarraz kanpotik ere begiratzen dietela, baina harro azaltzen dute zilborra Sakanan duten komunikabidea direla. Argi dute hori. Gustura jartzen dute fokua beste hedabideek paratuko ez luketen gertaera txikiago horietan. "Guretzat ez dira txikikeriak, eta jendeak horien inguruko informazioa behar du", nabarmendu du Alvarok.

Garai latzetan, babes

Gertukoa eta gertutik; horrela egiten dute lan egunero. "Gaia edozein dela ere, tokiko ikuspegitik lantzen saiatzen gara, gurera ekarrita. Gripe epidemiaz ari bagara, esan dezagun zer eragin izan duen gure herrietan". Alfredo Alvarok argi du tokiko hedabideak bigarren edo hirugarren mailakoak direla askorentzat. "Madrildik begiratuta? Guztien azpian gaude!". Ez Sakanan, ordea.

2012 inguruan, krisi ekonomikoak gogor astindu zuen Sakana, eta, era berean, baita hedabidea bera ere. Guaixe-k eta Beleixek kolpe latza jaso zuten urte horretan, eta kinka larrian egon ziren biak. 2011ko Guaixe-ren azken zenbakia berezia izan zen horregatik: argazkien ordez, zuriuneak ikusten ziren astekarian. Protesta keinu bat izan zen, hedabideek jasaten zuten egoera kezkagarriaren erakusle. Izan ere, Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideei ematen zizkien diru laguntzak erretiratu zituen, eta Eusko Jaurlaritzak ematen zituenak ere murriztu egin ziren urte berean. Hala ekarri dute gogora Maider Beteluk eta Alfredo Alvarok, ahotsa apalduta. Bien begietan mina nabaritu daiteke oraindik hain garai gogorrak oroitzean.

"Gurea bezalako komunikabide bat beti dago nolabaiteko krisian, baina egon zitezkeen baldintzarik okerrenek bat egin zuten orduan", azaldu du Beteluk. Astekariak ohi baino orrialde gutxiagoko aleak argitaratu zituen denbora batez, eta zuzeneko emisio orduak gutxitu egin ziren irratian.

Okerrena, ordea, lantaldearen murriztea izan zen. Horrela diote Beteluk eta Alvarok aho batez, zalantzarik egin gabe. Bi izan zirela adierazi du erredakzioburuak hatz keinu batekin: bi langilek galdu zuten beren Guaixe-ko lanpostua. "Oso traumatikoa izan zen. Bai joan zirenendako, bai gelditu ginenendako".

Egoera lazgarri horretatik ateratzea lortu zuten, ordea. "Bazkideei esker izan zen gehienbat", dio Alvarok, eta aurpegiera aldatu zaie biei berehala. Oroitzapen goxoa da hori. Herritarrengandik jaso zuten administrazioak ematen ez zien babesa. 2.000 esker izeneko kanpaina abiarazi zuten bazkidetza sustatzeko eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko, eta jendeak erantzuten jakin zuen. Galerak izan bazituzten ere, lortu zuten bidean aurrera egitea. "Herritarrak izan ziren gure sostengu nagusia, eta horrela da oraindik. Gurekin jarraitzen dute", dio irribarrez Beteluk.

Mankomunitateak eta atzean dauden udalek emandako laguntza ere ez du ahaztu nahi izan, ordea. Sakandarren babesa ezinbestekoa izan da beti, erredakzioburuaren hitzetan: "Eskerrak eman besterik ezin dugu egin".

Sakana, euskara, 'Guaixe'

Erredakzioko kartoizko kutxetan bilduak dituzten ale horien antzekoak urte hasieratik ari dira Sakanan barna, batetik bestera, herriak bisitatzen. Erakusketa ibiltaria antolatu du Guaixe-k mende laurdena ospatzeko. Hilabetekariaren eta astekariaren ale zaharrak ikusgai dira bertan. Urdiainen hasi zuten bidea, otsailean, Guaixe-ren jaioterrian, alegia. Ondoren, Ziordira, Altsasura eta Arbizura ere joan da erakusketa, eta herri gehiago ere izanen ditu helmuga.

Sakanako ibarrak berezko duen konplexutasuna nabarmendu dute Beteluk eta Alvarok. Txikitasunetik lan egiten dutela diote behin eta berriz; txikiak direla, baina oso ibar dinamikoa, kulturalki aberatsa, eta bizia. Hogei mila biztanle inguru dira, 28 herritan banatuak. "Batzen gaituen hori zer den? Sakanak guztiok batzen gaituen bezala, euskarak batzen gaitu, eta Guaixe-k ere bai", azaldu du Beteluk. Horregatik dute aukeratua lelo hori: Batzen gaituena.

Guaixe-koek egunero sentitzen dute sakandarrek dieten estimua. Kazetaritza hurbiletik landuta, hurbil nabaritzen dituzte irakurleak. "Faltan sumatzen gaituztela esaten digute oporretan egon eta astekaririk argitaratzen ez denean. Seinale ona, ezta?", dio pozik Maider Beteluk. Beren babesa eta epeltasuna sentitu dezakete, eskaera edo galdera izan, edo kritika edo keinu. Euskal hiztunenak zein erdaldunenak, gainera. "Euskaraz ez dakitenek ere estimu handitan gaituzte: la Guaixe kontzeptua hedatua dago oso", dio Beteluk irriz.

Urteurren berezi bat ospatzea beti da aitzakia ona atzera begiratu, hausnartu eta hurrengo pausoak zein izan daitezkeen hobeki ikusteko. Guaixe-k batu egiten du Sakana, eta asmo horrekin jarraitzeko grina dute oraindik. "Batzen segi dezagun".

Objektiboaren atzetik

Objektiboaren atzetik

Edurne Elizondo

Pasioa. Horixe nabarmendu dute, gauza guztien gainetik. Gogoko dutela beren lana, gertatzen dena beren kameren bidez kontatzea lanbide bat baino anitzez ere gehiago delako haientzat. "Pasioa", berretsi dute. "Maite dugu gure lana, eta gero eta hobeki egin nahi dugu; gero eta gogo handiagoz". Villar Lopezenak dira hitzak. Duela hamazazpi urte baino gehiago hasi zen argazkilari gisa lanean. Ez du utzi nahi. Baina egungo errealitatea aldatzeko beharra nabarmendu du. Asmo horrekin sortu da Berriemaile Grafikoen Nafarroako Elkartea. Arloko profesionalen kezkak eta proiektuak hartu nahi ditu bere gain, lanbidea duintzeko, formakuntza bultzatzeko, eta egungo prekaritatea eta lan baldintza eskasak salatzeko.

Irudiari, finean, duen balioa eman nahi diote; zehazkiago erranda, lortu nahi dute hedabideek, eta, oro har, gizarteak, irudiari duen balioa eman diezaioten. Ez edozein irudiri, halere: profesionalen sinesgarritasunak eta egiazkotasunak bermatutako irudiari, zehazki. Sakelako telefonoek eta sare sozialek kazetari bilakatu dute edozein herritar; hedabideak berri bat bertze inork baino lehen emateko lehian sartu dira, eta horrek ere ekarri du, anitzetan, testuak idazteko lana duten kazetariak argazkilari edo bideogile bihurtzea.

Berriemaile grafikoen jarduerari eragin dio horrek. Errealitate hori bere testuinguruan jarri du Nafarroan martxan jarri duten elkarteko presidente Jose Luis Larrionek. 38 urteko bidea du atzean berriemaile grafikoak. Sektorearen argazkia egiteko, 2008ko krisia jarri du mahai gainean. "Hedabideei gogor jo zien krisi horrek; eta eragina izan du produktuaren kalitatean eta langileen lan baldintzetan".

Berriemaile grafikoei bereziki eragin diela uste du Larrionek, eta iritzi horrekin bat egin du Iñigo Urizek ere. "Krisiak murrizketak ekarri ditu, eta murrizketek berekin ekarri dute, bertzeak bertze, editore grafikoak desagertzea erredakzioetatik". Hamazazpi urte baino gehiagoko bidea egin du Urizek lanbidean, eta moldeak aldatuz joan direla nabarmendu du. Azken urteotako krisiak are sakonago bilakatu ditu gertatu diren aldaketak, eta ondorio izan dute, adibidez, testuaren ardura duten kazetarien eta berriemaile grafikoen arteko koordinazioak behera egitea.

Horixe berretsi du Lopezek ere. "Erredakzioetan, erretiroa hartu duten langileen postuak ez dituzte betetzen; enpresek gero eta gehiago jotzen dute autonomo ari diren berriemaile grafikoengana. Argazki bat behar dutenean, eskatu, ordaindu eta kito. Harremana gero eta eskasagoa da, eta lan baldintzak, gero eta txarragoak", salatu du. Zenbaitetan gertatzen diren "muturreko egoerak" aipatu ditu Larrionek ere: "Hainbat hedabidek ez diete beren egoitzetan sartzen uzten kolaboratzaile dituzten autonomoei, lan ikuskaritzen beldur direlako".

Aurten 50 izateko asmoz

Azaroan jarri zuten martxan Berriemaile Grafikoen Nafarroako Elkartea. 30 profesionalek bat egin dute jada, eta jende gehiagok izena emanen duela argi dute bultzatzaileek. "Aurten 50 izan gaitezkeela uste dugu", erran du Larrionek. "Konpromiso sendoa hartu dugu; aurrera egin nahi dugu, eta lan egiteko prest gara", erantsi du.

Izan ere, oraingoa ez da berriemaile grafikoek bat egiteko lehendabiziko saioa. Duela 30 urte inguru egindako lehen urratsa ekarri du Jose Luis Larrionek gogora. "Espainiako Telebistako hainbat kamerari saiatu ziren lan horretan". Baina ez zuen aurrera egin.

Bigarrenez, 1996. urtean ahalegindu ziren. Jesus Diges, Luis Azanza eta Joxe Lacalle berriemaile grafikoak aritu ziren orduan lanean, bertzeak bertze. Elkartea sortu, eta dozena bat pertsonak bat egitea lortu zuten. Baina bide motza egin zuen. Hasierako asmoa hoztu, eta proiektua bertan behera gelditu zen. Elkartea ez zuten desegin, halere, eta oraingo taldea osatzeko, hain zuzen ere, orduko egitura baliatu dute berriemaile grafikoek. Izenari eutsi, eta proiektua, berriz ere, martxan jarri dute.

Urizekin batera, Iñaki Portu izan da lankideak batzeko oraingo prozesuan gehien inplikatu diren profesionaletako bat. Hogeita bat urte baino gehiagoko bidea du atzean. Lankideek bezala, egungo egoerak "zerbait egitera" bultzatzen zituela sentitu du Portuk. "Indarrak batzeko ordua dela konturatu gara, eta horixe egin dugu". Indarrak batzea erabaki dute lan baldintza duinak aldarrikatzeko; beren lanbideak duen balioa mahai gainean jartzeko; bai eta beren segurtasuna eta lan egiteko eskubidea bermatzeko ere.

"Gero eta zailtasun gehiago ditugu gure lana egiteko", erran du Lopezek. Azken asteotan Iruñeko Maravillas gaztetxearen hustea dela-eta gertatutakoa jarri du adibide argazkilariak, operazio horrek berekin ekarri baitu hiriko Alde Zaharra foruzainek eta Espainiako poliziek hartzea. Hustearen aurka protesta egin duten gazteen aurka oldartu dira poliziak, eta hainbat pertsona zauritu dituzte. Berriemaileek ere jasan dituzte kolpeak.

Gaztetxearen aldeko azken manifestazioa hilaren 19an egin zuten. "Lehendabiziko aldiz, elkarrekin egoteko beharraz hitz egin genuen berriemaile grafiko guztiok, protesta horren aurretik", kontatu du Urizek.

"Anitzetan, inork inguruan nahi ez duen lekuko ezerosoa gara berriemaile grafikook", erran du Larrionek. Horrek berresten du beren lanbidea "beharrezkoa" dela, elkarteko buruaren ustez. Bat egin dute Urizek, Portuk eta Lopezek ere. Egunerokoan topatzen dituzten zailtasunak gainditzeko bat egitea ona dela uste dute, batetik. "Segurtasuna bermatzeko, eta gure lana ahalik eta baldintza egokienetan egiteko", erran du Lopezek. Horrek, halere, badu bere alde txarra, berriemaileon hitzetan. "Gure lana ahalik eta ongien egiteko, beharrezkoa dugu ez nabarmentzea; baina gaur egungo egoerak behartu egiten gaitu geure burua identifikatzera", erantsi du Portuk.

Identifikatzeko, hain zuzen ere, besokoak eta txalekoak erabiltzea aztertzen ari dira berriemaile grafikoak. "Kontua da, protesta batean, adibidez, profesionalak garela argi gelditzea". Gaur egun, karrikako lanean, sakelakoarekin argazkiak edo bideoak egiten dituzten herritarrak izaten dituzte profesionalek ondoan. "Haientzat guretzat baino errazagoa izaten ohi da lan egitea, gure materialak adierazten baitu profesionalak garela. Sakelako batekin dagoena edozein tokitara ailegatzen da".

Berriemaile Grafikoen Nafarroako Elkarteko kideek argi dute ezin direla maila berean jarri herritar batek sakelakoarekin hartzen dituen irudiak eta profesionalek hedabideei eskaintzen dizkietenak. "Egiazkotasuna eta sinesgarritasuna ematen dugu guk; profesionalak gara, eta argi dugu kontua ez dela argazki bat edo bideo bat lortzea. Irudi baten bidez historia bat kontatzen dugu", erran du Jose Luis Larrionek.

Lopezek erantsi du profesionalaren begiradak "balio erantsia" ematen diola berriemaile grafikoak lortzen duen irudiari. "Guk badakigu zer atera eta zer ez. Gure lanbidearen mugak ezagutzen ditugu, eta zentzuz jokatzen dugu".

Edozein pertsonak lortutako irudiak zabaltzearen ondorioz, berri faltsuek gora egin dute. Horixe nabarmendu dute elkarteko kideek. Hedabideek ere neurri handi batean dinamika hori bultzatu dutela erantsi dute. "Uholdeak gertatzen direnean, adibidez, hedabideek herritarrei eskatzen diete beren irudiak bidaltzeko, haiek zabaldu ahal izateko", erran du Portuk. "Hedabideek edozein irudi zabaltzen dute; gerta daiteke bertze urte batekoak izatea, baina inork ez du hori zaintzen, eta bermerik gabeko irudiak hedatzen dira", erantsi du Lopezek.

Sare sozialek inposatu duten azkartasunak ere ekarri du kazetariek grafikoen lana egitea. "Multimedia kazetariaren irudia saltzen dute hedabideek; horren atzean, halere, sektorearen prekaritatea baino ez dago", erran du Larrionek. Kazetaria ez dagokion lana egitera behartzen dutela gaineratu du, eta lan horrek, gainera, ez duela profesional batek egiten duenaren kalitatea.

"Irudi lauak"

Suhiltzaileen edo Foruzaingoaren gisako erakundeek egiten eta zabaltzen dituzten irudien inguruko eztabaida ere mahai gainean jarri dute berriemaile grafikoek. "Gero eta ohikoago bilakatu da suhiltzaileek, foruzainek edo guardia zibilek beren argazkiak banatzea; arazoa da gertaera baten inguruko irudi bakarrak erakunde horiek ematen dituztenak izatea; hau da, guri gertaeren tokira hurbiltzen ez uztea", erran du Jose Luis Larrionek.

Egoera hori galderak egiteko aukerarik gabeko prentsa agerraldiekin parekatu du Villar Lopezek. "Erakundeek utzitako irudi horiek lauak dira. Profesionaloi ukatu egiten digute gure begirada eta gure ikuspuntua azaltzeko aukera".

Profesionalen begirada zaintzen eta trebatzen jarraitzeko asmoz dira Berriemaile Grafikoen Nafarroako Elkarteko kideak. Horregatik, beren lan baldintzak eta eskubideak aldarrikatzeko lanarekin batera, formakuntzaren arloa jorratu nahi dute. "Hitzaldiak, ikastaroak eta bertze egin nahi ditugu", azaldu du Portuk. Lanbidearekin lotutako esparru guztiak ukitu nahi dituzte. Urizek, adibidez, profesionalen artean mozal legeari buruzko informazioa zabaltzeko premia nabarmendu du. "Argi izan behar dugu zer egin dezakegun eta zer ez; informazio nahasia dute kazetari anitzek, ordea". Lan egitea dute berriemaileek helburu. Dagozkien berme eta eskubideekin.

Dorreko memoriak

Dorreko memoriak

Edurne Elizondo

Hiru ordu pasatuta. 2003. urteko otsailaren 20ko goizeko ordu bata aldera hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalak Euskaldunon Egunkaria-ren aurka agindutako operazioa, baina guardia zibilek 04:00 aldera jo zuten hedabide horrek Nafarroan zuen egoitzako buru Alberto Barandiaranen etxeko atea. Hiru ordu pasatuta.

Kazetariak gogoan du orduko egoerak eragindako "inpresioa"; gogoan du guardia zibilen autoan Iruñeko Alde Zaharretik Donibane auzoko Irrintzi dorreraino egin behar izan zuen bidaia, bai eta bulegoan egindako miaketan ondoan izan zituen guardia zibilen probokazioak ere. "Urduri ote nengoen galdetzen zidaten, behin eta berriz, begirada gainetik kendu gabe".

Goizean, 06:30 aldera, lagun zuen baten aurpegia ikusi ahal izan zuen Barandiaranek, azkenean: Euskalerria irratiko Mikel Bujandarena. Irrintzi dorrean du irratiak ere egoitza, eta eraikina inguratzen duen terrazatik agertu zen Bujanda, goiz hartan, Egunkaria-ren egoitzaren parera. "Ez dakit nola jakin zuen; guardia zibil bat terrazara atera zen, eta ezin izan zen gehiago hurbildu".

Egunkaria-ren Nafarroako egoitzan lankide izandako Asier Azpilikuetarekin eta Irene Arrizurietarekin gogoratu ditu Alberto Barandiaranek duela hamabost urteko guztiak. Hiruren artean osatu dute egun luze hartan jazo zenari buruzko kontakizuna, beren oroitzapenekin eta beren sentsazioekin.

Arrizurietak irratian entzun zuen egunkariaren aurkako operazioaren berri. "Bilbora joan behar nuelako esnatu nintzen goiz. Busaren zain nintzela entzun nuen Manu Etxezortu esaten Alberto bulegoan zutela guardia zibilek. Shock egoeran nintzen", erran du.

Arrizurieta 07:30 aldera ailegatu zen Irrintzi dorrera. Egoitza zigilatzeko lanak amaitzen ari ziren. Guardia zibilek inguratuta ikusi zuen Barandiaran, atearen aurrean. Zurginak deitu zituzten guardia zibilek atea hainbat egur puskarekin ixteko. Guardia zibilek alde egin zutenean, lankideek bezala, Euskalerria irratikoen egoitzan bilatu eta aurkitu zuen aterpe Barandiaranek. Orduan jakin zuten ez zegoela atxilotuta. Bai, ordea, Egunkaria-ko zuzendari Martxelo Otamendi eta bertze bederatzi.

Azpilikuetari aitak eman zion gertatu zenaren berri, ernatu zenean. Kazetaria Nafarkaria-ko arduraduna izan zen, baina UPNren gobernuak gehigarria diru laguntzarik gabe utzi eta desagertu eta gero, Andoaingo erredakzio nagusira joan behar izan zuen lanera, Egunkaria-ren Iruñeko egoitzatik. Nafarroan harrapatu zuen itxierak, eta Iruñeko lankideen ondoan egin zituen BERRIA sortu arteko hurrengo urratsak.

Azpilikuetak ere Euskalerria irratirako bidea egin zuen itxieraren berri jaso bezain pronto. Han egin zuten bat, eta han jaso zituzten langileek elkartasuna agertzeko lehendabiziko deiak. Irratiko mikrofonoen bidez, zuzenean kontatu zuten bat-batean aurrean topatu zuten egoerak eragindakoa, eta herritarrak hasi ziren deitzen ordenagailu bat edo behar zuten bertze edozer gauza eskaintzeko.

"Eguerdian, Irrintzi dorrearen aurrean egin genuen itxiera salatzeko lehendabiziko elkarretaratzea; ia deus esan gabe, eta, halere, jende asko etorri zen. Gogoan dut gizon bat laneko buzoarekin etorri zela, ondoko tailer batetik. Ordenagailu bat bazuela, eta guretzat zela nahi izanez gero. Jendearen babesa sekulakoa izan zen", gogoratu du Barandiaranek.

Bide zaila kioskoetara

Babesa azaltzeko lehen eguneko keinuak benetako elkartasun olatu bilakatu ziren egunkaria itxi eta handik bi egunera, euskalgintzak deituta manifestazio handi batek hartu zituenean Donostiako karrikak. "Sekulakoa izan zen", erran du Arrizurietak, eta Azpilikuetak ere onartu du egun hura izan zela "malko gehien" eragin zuena. Aitortu du, halaber, biharamunean Egunero-ren lehendabiziko zenbakia eskutan hartu zuenean jabetu zela benetan itxierak ekarritakoaz.

"Itxia, baina ez isildua". Lerroburu hori jaso zuten Egunkaria-ko langileek lehendabiziko Egunero haren azalean. Diario de Noticias egunkariko Uharteko errotatibatik kioskoetara ailegatzeko bidea, halere, ez zen erraza izan. "Diario de Noticias egunkariaren egoitzara joateko eskatu zidaten. Guardia Zibila etorri zen agindu judizial batekin, esanez hor ezin zela Egunkaria-ren ordezkorik inprimatu. Gogoan dut mahai baten azpian sartu nintzela, Egunkaria-rekin ez lotzeko. Han ziren langileek bilera egin zuten gero erredakzioan, zer egin erabakitzeko. Eta aurrera egin zuten. Eskertzekoa da egindako urratsa, arriskua bazelako".

Bi furgoneta atera ziren Uhartetik. Lehendabizikoaren atzetik joan ziren guardia zibilak. Handik ordu erdira atera zen bigarrena. "Ez dakit zein, baina bat ailegatu zen kioskoetara". Goizeko lauretan ailegatu zen Barandiaran etxera, guardia zibilek handik atera eta 24 ordura.

Egunero kaleratzeko lana egunkari berri bat sortzeko proiektuarekin uztartu zuten Egunkaria-ko langile ohiek, lau hilabetez. Iruñekoek lortu zuten haientzat hagitz garrantzitsua zen zerbait: Irrintzi dorretik alde egin behar ez izatea, alegia. Eugenio Arraizak utzitako bulegoa bilakatu zen haien behin-behineko egoitza.

Euskalgintzarekin lotura estua du Iruñeko Irrintzi dorreak, eraikin horrek hartu baitzuen, denbora batez, hiriburuan sortutako lehendabiziko ikastola. Egunkaria itxi zutenean, gainera, Euskalerria irratiak ez ezik, AEKren Irrintzi euskaltegiak ere han zuen egoitza. Irratiko lankideen babesa nabarmendu dute, batez ere, Egunkaria-ko kide ohiek, estua izan baita beti haien arteko harremana. BERRIAk ere Irrintzi dorrean du egoitza, oraindik ere, baina Barandiaranek aitortu du "min bat" baduela, langileek sortutako proiektu berriak ez zuelako lortu Egunkaria-ren egoitza zaharrera itzultzea. "Ez omen zen komenigarria. Nik, halere, min hori dut, oraindik ere", berretsi du, tristuraz, kazetariak.

Epaileek ezarritako zigilua Egunkaria itxi eta handik urte eta erdira gelditu zen bertan behera. Hautsez beteta aurkitu zuten lantoki izandako bulegoa Iruñeko langileek. Urte eta erdi horretan, halere, hainbat aldiz sartu ziren Iruñeko kazetariak epailearen aginduz itxitako egoitzan. Ate nagusia bai, egur puskekin itxi zuten guardia zibilek, baina terrazako ateetako bat, ordea, erdi irekita utzi zuten.

Itxitako egoitzaren barruan

Beldurrak hartzen zituen langileak itxitako bulegora sartzen ziren bakoitzean, orain, irribarrez, gogoratu dutenez. "Ondoko etxetik norbaitek ikustea eta filmatzea zen gure kezka, eta erdi makurtuta ibiltzen ginen terrazan. Barruan ahalik eta denbora gutxien gelditzen saiatzen ginen", azaldu du Barandiaranek. Egoitzan zituzten landareak ateratzera joan ziren lehendabizikoz. Gero, adibidez, Jorge Oteiza eskultore oriotarra hil zenean, 2003ko apirilaren 9an, artistari buruz Egunkaria-n gelditu zen materialaren bila sartu ziren.

Beldurra aipatu du Barandiaranek ordukoak gogoratu dituenean. Eta nabarmendu du kezka edo ezinegona hainbat unetan sentitu zuela, Egunkaria ixteko operazioa martxan jarri eta gero. "Behin, kalean ikusi nuen etxera etorritako guardia zibiletako bat; atzetik nuela pentsatzen dut". Arrizurietak ere onartu du beldurrak jo zuela hasieran. "Lehendabiziko gaua lagun baten etxean pasatu nuen; ez nintzen lasai sentitzen".

Epaileak urriko atxilotzeak agindu zituenean, gora egin zuen beldur horrek. "Imanol Murua Uriak deitu zidan atxiloketen berri emateko. Gau hartan etxetik kanpo egin nuen lo. Argi nuen etorri behar bazuten etorriko zirela, baina ez nuen etxean egon nahi", gogoratu du Barandiaranek.

Beldurren eta kezken gainetik, aurrera egiteko borondateak hartu zituen Egunkaria-ko langile ohiak. Onartu duen arren Egunero-ren lehen zenbakia ukitu zuenean jabetu zela benetan gertatu zenaz, Egunkaria-ren tokia bete zuen hedabide horren martxan murgiltzeak aurrera egiteko indarra eman ziola ere nabarmendu du Azpilikuetak. "Egin itxi zutenean, Iruñeko kazetariak hartu genituen gure egoitzan. Ikusi nuen Euskadi Información atera eta gero Gara sortu zutela. Argi nuen guk ere bide bera eginen genuela", azaldu du.

Idatzi, hitzaldiak eman, akzioak saldu... Hamaika lan egin behar izan zituzten kazetariek BERRIA sortu arte. Egunkari berriak izanen zuen izenari buruzkoak gogoratu dituzte langileek. "Gu izan ginen izen hori ezagutzen lehenengoetarikoak, Euskalerria irratikoen Larreko saria jaso genuenean BERRIAren elastikoak janzten lehenak izan baikinen", gogoratu du Azpilikuetak.

Larreko saria egunkari berriaren lehendabiziko zenbakia kaleratu baino hainbat egun lehenago jaso zuten Egunkaria-ko langile ohiek. BERRIA lehendabizikoz inprimatu zutenean, Diario de Noticias egunkariaren Uharteko egoitzara itzuli zen Barandiaran. Egun hartan ez zen bakarrik joan. Iruñeko lankideak izan zituen ondoan, eta haiek izan ziren egunkari berria ukitzen eta irakurtzen lehenak.

Egunkaria-ren lekukoa hartu zuen proiektuak hamabost urteko bidea egin eta gero, hasiera artako lana ekarri dute gogora Arrizurietak, Azpilikuetak eta Barandiaranek. Egunkaria-ko langile ohiek egindakoa, bai eta bidean lagun izandako guztiena ere. "Nik uste dut nabarmentzekoa dela euskalgintzak egindako lana. Jende asko eta asko inplikatu zen gurekin", erran du Azpilikuetak. Epaile baten aginduz itxi zuten Egunkaria, eta epaileek absolbitu zituzten gero, auzipetutako guztiak. "Nola azalduko diet semeei hori guztia?", galdetu du kazetariak.

Barandiaranen semeek 7 urte zituzten guardia zibilak aitaren bila joan zirenean etxera. Egunkaria-ren Nafarroako egoitzako buru ohiak beti azaldu die jende askoren artean sortutako proiektu "polit, interesgarri eta inportantea" izan zela 2003an itxi zutena. "Niretzat sekulako garrantzia izan du naizena izateko", nabarmendu du. "Gure esparruan uste genuen baino gehiago eragin zuela uste dut".

Bat egin du Arrizurietak, eta agerian utzi nahi izan du Egunkaria-k utzitako arrastoa. "Kazetaritzak eman dit asko". Egun ilunak izan ziren harentzat eta gainerako langileentzat itxierak ekarri zituenak. Hamabost urte joan eta gero, elkartasunak emandako argia du gogoan.

Irratia hartu dute bozgorailu

Irratia hartu dute bozgorailu

Edurne Elizondo

Ahalduntzen jarraitzeko uhinak. Buruko gaitza dutenen aldeko lanean urratsak egiten segitu nahi du Mejorana elkarteak, eta irratia hautatu du, orain, aurrera egiteko bide: Locura Transistoria izeneko saioa jarri dute martxan taldeko kideek, Atica katean. Astelehenean egin zuten lehendabiziko programa, eta, aurrerantzean, hamabost egunean behin ariko dira, 13:00etatik 14:00etara (FMko 106.4).

"Nahi genuen zerbait egin, irrati saio bat prestatu, edo aldizkari bat argitaratu. Ideia hori aztertzen ari ginenean, Atica irratiak programa bat egiteko aukera proposatu zigun, eta, irratiaz deus ez badakigu ere, onartzea erabaki genuen". Sandro Iaboni mikrofonoaren aurrean aritu da Mejorana elkartearen estreinako saioan. Hasi baino lehen urduri zela aitortu du. Urduritasunaren gainetik, halere, beren mezua uhinen bidez zabaltzeko gogoa nagusitu da Mejorana elkarteko kideen artean. Adimeneko osasun arazoak dituztenek osatzen dute taldea. Hamar urte bete ditu elkarteak aurten. Aisialdia lantzeko asmoz sortu zen, baina azken urte eta erdian bertze norabide bat hartu du: ahaldundu nahi dute kideek, estigmaren aurka eta bertze psikiatria eredu baten alde lan egin. Beren prozesuetan parte hartu eta erabaki nahi dute, gainera, hitza hartu, egungo "eredu paternalistatik" urruntzeko.

Maiatzean, gaixoak ohera lotzeko sistemen aurkako elkarretaratzea egin zuten Mejoranako kideek, Iruñean, Osasunbideak Oliveto kondearen etorbidean duen egoitzaren aurrean. Sistema horiek pairatzen dituztenek egindako lehendabiziko protesta izan zen, Euskal Herrian. Asteleheneko saioan ere auzi hori izan zuten mintzagai. "Gure esperientzien berri eman nahi dugu irrati saioaren bidez", nabarmendu du Iabonik.

Esperientzia horien bidez, hain zuzen ere, adimeneko osasun arazoak dituztenak lagundu nahi dituzte Mejoranako kideek, lehenik eta behin. Babesa eman nahi diete, lagundu beren prozesuetan, bakarrik ez daudela erakusteko. Argi utzi dute, halere, beren mezua gizarte osoari helarazi nahi diotela. "Estigmaren indarra handia da, oraindik ere, eta horren aurka lan egin nahi dugu", azaldu du elkarteko kide Garbiñe Santanok.

Hitzak bereganatu

Duela urtebete inguru ailegatu zen Garbiñe Santano Mejoranara. "Hagitz kontent" da elkartean. Iaboni ere bai. "Iazko apirilean, etxetik ateratzen ez zen pertsona bat nintzen ni. Ispilurik ere ez nuen etxean, ez nuelako neure burua ezagutzen", kontatu du. Mejorana elkartean etxetik ateratzeko behar zuen pizgarria aurkitu du, eta bertzeak lagundu nahi ditu.

Irrati saioak horretarako aukera ematen diola argi du. Haren bidez, gainera, ero hitza bere egin nahi dute buruko gaitza dutenek. "Gai garrantzitsu eta serioez ariko gara, baina umorea ere baliatu nahi dugu gure mezua zabaltzeko", zehaztu du Iabonik.

Izenburuaren ideia Extremoduro taldearen abesti batek eman ziela kontatu du. "Locura transitoria izena du. Hura entzun eta gure saioaren izenak zein izan behar zuen argi ikusi genuen. Gure egin nahi ditugu buruko gaitzen inguruko kontzeptu horiek, eta haiekin jolastu".

Bertze edozer gauzaren gainetik, hain zuzen, duten gaitzaz harago "pertsonak" direla nabarmendu nahi dute Mejorana elkarteko kideek beren irratsaioaren bidez. "Anitz dugu egiteko, gizarteak buruko gaitza dutenen inguruan duen irudia aldatzeko. Pertsonak garela erakutsi nahi dugu. Pertsona ikus dezatela guri so egiten digutenean, ez, ordea, gaixoa", erran du Iabonik.

Helburu hori izan du Mejoranak ardatz urte osoan. Urte "bizia" izaten ari dela nabarmendu dute kideek. "Duela urte eta erdi taldeak bertze norabide bat hartu zuenean, lau pertsona baino ez ginen elkarteko motor; aurten, zortzira ailegatzea hartu genuen xede, eta hogei baino gehiago gara jada oinarrizko taldean", azaldu du Iabonik, harro. Bertze anitz ari dira, gainera, elkartea laguntzen.

Mejoranak lortu du, neurri handi batean, ikur bilakatzea. Hainbat osasun etxetan izan dira jada hitzaldiak ematen, eta zentro horietako profesionalentzat ere "erreferente" bihurtu direla nabarmendu du Iabonik. "Zerbitzuko erabiltzaileei ematen diete gure elkartearen berri, guregana jo dezaten. Horrek erran nahi du egiten ari garen lana babesten dutela, ontzat ematen dutela".

Profesionalen aldetik lortu duten babesa garrantzitsutzat jo dute Mejoranako kideek, hain zuzen ere. "Anitz dira gure proposamenekin bat egiten dutenak". Mejoranatik sortu da, hain zuzen ere, giza eskubideen eta adimen osasunaren aldeko plataforma. Elkarteko kideekin batera adimen osasunaren arloko profesionalak eta senideak ere badira plataforma horretan, bertzeak bertze. Maiatzeko elkarretaratzearen harira, gaixoak ohera lotzeko sistemen aurkako manifestua aurkeztu zuten. Manifestu hori politikarien eta sindikatuen artean zabaldu nahi dute orain. Plataformako kideek bilera eginen dute hilaren 29an, hain zuzen ere, bide horretan urratsak egiten jarraitzeko.

Urrian, gainera, 19an eta 20an, Bilbon adimen osasunari buruz antolatu dituzten jardunaldietan izanen dira Mejoranako kideak. "Lan handia egiten ari gara", berretsi dute elkarteko kideek. Udak atseden hartzeko eman dien aukera eskertu dutela aitortu dute, halere. "Finean, elkartearen helburu nagusia geure burua zaintzea da, eta ez da ona egin beharreko lanak gehiegizko estresa eragitea. Atseden hartu behar dugu beharra dugunean", zehaztu du Iabonik.

Lan egiteko gogoa ez dutela galdu argi utzi du Iabonik, dena den. Oraindik ere, egoitza falta dutela azaldu dute elkarteko kideek. Tokiren bat lortzeko zain dira. Beren mezua zabaltzeko, Atica irratiak eskainitako txokoa eskertu dute. Eragiten jarraitu nahi dutelako. Lan egiten. Gizarteari nor diren erakusten. Estigma apurtzen.

Hegan egin nahi du

Hegan egin nahi du

Kattalin Barber

Gaur egun Arrosadia dena garai batean Mochuelo auzoa izan zen. Gutxi idatzi da Mochuelori buruz, baina, diotenez, bizilagunek ez zuten gustuko auzoaren izen hori, eta Iruñeko Udalari aldatzeko eskatu zioten, 1937. urtean. Orain, Arrosadia Bizirik batzarrak auzoaren izen zaharra zena eta, aldi berean, auzoko ikurra dena omendu nahi izan du, eta La Motxuela aldizkaria kaleratu berri du. Auzoko lehen aldizkaria da, auzoak egina auzoko kideentzat. Mozoloak hegan egin nahi du, eta hasi da hegalak astintzen.

"Auzoko ahots guztiak bildu nahi ditugu", esan dute Oihana Loreak, Alberto Uriartek eta Xabier Sardak. Hirurak dira Arrosadia Bizirik batzarreko kideak, eta auzo bizi baten alde ari dira orain dela hiru urtetik hona. Auzoan jazotakoa "ikuspegi positibo" batean ikusarazi nahi dute, eta horren ariketa praktikoa da La Motxuela.

Aniztasun handiko auzoa da Arrosadia, baina urteetan "baztertuta eta utzita" dagoen sentsazioa izan dute auzokide askok. "Batzarra sortzera bultzatu gintuen helburu berari eusten diogu oraindik: auzoa piztu, eraldatu eta koloreztatu nahi dugu, hemengo bizilagunok hobeki bizi gaitezen", azaldu du Sardak. Auzoko hainbat kolektibo eta bizilagunek osatzen dute Arrosadia Bizirik. Besteak beste, Arrosadiko Eguna antolatzen du urtero batzarrak.

Orain dela urte batzuk hainbat komunikabidek auzoari buruz argitaratu zituzten "albiste negatiboei" eta horiek izan zuten eraginari aurre egin nahi zioten batzarraren bidez. "Drogak, etxabeak... Bazirudien dena txarra zela Arrosadian. Horri buelta eman nahi izan genion batzarra sortuta", bat egin dute hirurek. Ekin eta lortu. Egun, auzoaren irudia bestelakoa dela argi dute auzokideek.

"Orain badago saltsa", adierazi du Loreak, eta hainbat adibide jarri ditu mahai gainean: joan den urteko maiatzean ospatu zen auzoan Arrosadia nola? izenburuko jaialdia, adibidez, eta, ekainean, berriz, Artisten Auzoak hartu zituen Arrosadiko kaleak, lau egunez. Ekinaldi horiekin guztiekin auzoa indartzen ari dela uste dute.

Ildo beretik mintzatu da Uriarte. Aspalditik zuten aldizkaria sortzeko ideia, baina unerik egokiena orain izan dela uste du: "Arrosadiko eta Santa Maria La Realeko auzokideei beren nahiak eta kezkak askatasunez adierazteko aukera eman nahi dien hedabide bat da gurea". Interesa duen edonork aukera du La Motxuelan idazteko.

Mila aleko argitaraldia izan du, eta Arrosadia Bizirik elkartearen asmoa da urtean lau aldizkari egitea. Auzoko liburutegian, osasun etxean eta hainbat saltoki eta tabernatan eskuragai dago jaio berri den aldizkaria. Auzokideen erantzuna ona izaten ari dela diote hirurek, eta interesa agertu dutela: "Ikusmina sortu du".

Gainera, hainbatek adierazi dute bertan parte hartzeko nahia, eta dagoeneko lanean ari dira bigarren zenbakia argitaratzeko: "Malguak gara, eta aldizkaria moldatuko da edukira, ez alderantziz", azaldu du Loreak. Besteak beste, bigarren eskuko arropari buruzko erreportaje bat, auzoan sortu berri den denbora bankuaren egitasmoaren inguruko informazioa eta Arrosadian tailerra duten bi artistari eginiko elkarrizketa jasotzen ditu aldizkariak lehendabiziko zenbakian.

Lehen zenbakiko artikulu gehienak gazteleraz diren arren, euskara beti presente egonen dela adierazi dute sustatzaileek. "Editoriala ele bitan da, eta asmoa da bakoitzak bere hizkuntzan idaztea. Adibidez, Errumaniako norbaitek errumanieraz idatz dezake. Aniztasuna da gure arma", nabarmendu du Loreak. Aldarrikatu egin nahi dute auzoko aberastasun kulturala, argi baitute hori dela auzolagunak batzeko bidea.

Arrosadiko bilgune

Printzearen Harresi haur eskola zaharra da egun auzoko bilgune. Han egiten dute bat Arrosadia Bizirik batzarrak, Yoar elkarteak, jai batzordeak, Munduko Medikuek, Madre Coraje elkarteak eta erraldoien konpartsak, esaterako. "Yoar gazte elkartearen urteetako eskakizuna izan da, eta orain dela hiru bat urte utzi zigun udalak", azaldu du Sardak.

Oraindik bukatuta ez dauden arren, udalak obrak egin ditu, eta egoitza beharretara egokitzen ari da, auzoko talde guztiek beren jardueretako lekua izan dezaten, hain zuzen ere.

Bizi-bizirik dago Arrosadia, eta La Motxuela aldizkariak auzokide guztiekin hegan egin nahi du, guztiak "ongi etorriak" direlako. "Gure jarduna ezagutarazi nahi dugu, eta, aldi berean, elkarlanean auzoa eraiki", berretsi du Uriartek. Horretarako, aldizkaria jarri dute bitartekari lana egiteko tresna gisa, eta bidean jende gehiago batzea da asmoa. Izan ere, aniztasuna da auzoaren sor-marka, eta, mozoloa, berriz, ikurra.

Sergio Labaien: «Geure burua zentsuratzera behartu nahi izan gaituzte»

Sergio Labaien: «Geure burua zentsuratzera behartu nahi izan gaituzte»

Konpromisoa eta kazetaritza uztartzeko tenorean, eskarmentu handia du Sergio Labaienek (Iruñea, 1975). Nabarreria, Ateak Ireki eta Ahotsa.info hedabideetan lan egin du, besteak beste.

Noiz jaso zenuten Espainiako Gobernuko ordezkariaren ohartarazpena?

Irailean izan zen. Carmen Albaren gutun bat zen, eta bertan, azaltzen zigun Espainiako Poliziak salaketa jarria zuela Ahotsa.info-ren kontra, sanferminetan argitaratutako albiste batean Mozal legea urratu genuelakoan.

Eta hala zen?

Legea, berez, oso zehazgabea da. Artikulu batean aipatzen denez, polizien irudiak baimenik gabe grabatzen badituzu, eta irudi horiek polizia edo haren familia arriskuan jartzen ahal badute, isun bat jasoko duzu. Baina Poliziak kalean egiten duena grabatzeak edo argazkiak ateratzeak arriskuan jar dezake polizien segurtasuna? Eta nork erabaki behar du hori? Kasu honetan, Carmen Alba bera izan da epailearen lana egin duena, berak ebatzi baitu legea urratzen ari ginela. Isunik ez jartzea erabaki zuen, baina mehatxu egin zigun, etorkizunean polizien irudiak argitaratuz gero, 30.000 euro arteko isuna jaso genezakeela ohartarazita.

Nolakoa da salaketaren oinarrian dagoen argazki hori?

Ez da aparteko ezer. Bi polizia ikus daitezke, kaskoa jantzita. Ez da deigarria, inondik inora, eta egunero ikus ditzakegu halakoak Espainiako telebista kate guztietan nahiz berripaperetan. Halakoak edo agerikoagoak!

Abisua jaso zenutenean, zein izan zen zuen lehen erreakzioa?

Logikoa den bezala, gure lehen erreakzioa kezkak eta beldurrak baldintzatuta egon zen. Elkartean eztabaida anitz izan genituen, argitaratu genezakeenari buruz, geure buruari ezarri beharreko mugei buruz. Proiektuaren iraupena bermatzea zen gure helburu nagusia, argi baitago 30.000 euroko isuna jasoko bagenu, Ahotsa.info pikutara joanen litzatekeela. Zenbait abokaturekin ere hitz egin genuen, aukera guztiak aztertzeko.

Eta zer esan zizueten?

Ikuspegi interesgarria eman ziguten. Argi utzi zuten ez direla onargarriak ez Poliziaren salaketa ezta Albaren mehatxuak ere, kolokan jartzen baitute informazioa emateko daukagun eskubidea. Eta horren guztiaren helburua ere jakina da: guk geure burua zentsuratzea. Horretara behartu nahi gaituzte.

Zergatik?

Bada, gure hedabideak askotan islatu dituelako Poliziaren gehiegikeriak. Guk grabatutako irudi batzuk auzitegietan erabili izan dituzte; besteak beste, Aingeru Zudaireren auzian. Eskuineko begiko ikusmena galdu zuen Zudairek pilotakada baten ondorioz, baina Espainiako Poliziak argudiatu zuen haiek ez zutela pilotarik jaurti. Kasu horretan, Ahotsa.info-ren irudiek balio izan zuten bertsio ofizial hori eraisteko eta Poliziaren erantzukizuna agerian uzteko. Eta ez da kasu bakarra. Oro har, irudi horiek deserosoak dira Carmen Albarentzat, eta argitara atera ez daitezen, Mozal legea era arbitrarioan erabili du gure kontra.

Zuek, baina, ez zarete isilik gelditu, eta Espainiako Gobernuaren kontrako salaketa aurkeztu duzue Estrasburgon...

Bai, geure burua zentsuratu beharrean, ofentsibara jotzea erabaki genuen. Gure zereginetako bat Poliziaren gehiegikeriak salatzea dela uste dugu. Poliziaren aurka gaudelako? Ez, jendearen alde gaudelako baizik. Poliziak bortizkeria erabili du behin baino gehiagotan, eta jokabide horrek zaurituak eragin ditu, baita hildakoak ere. Hortaz, uste dugu gizartearentzat onuragarria dela hedabideek funtzionario publikoen egitekoa zaintzea eta, lana gaizki egiten dutenean, salatzea. Ezin diogu funtzio horri uko egin. Horregatik uste dugu aurre egin behar diogula mehatxuari; oraingoan Ahotsa.info izan delako, aurretik Egunkaria, Egin edo Apurtu.org izan ziren bezala. Baina etorkizunean BERRIA ere izan liteke, edo Diagonal, edo beste hamaika hedabide deseroso.

Nolakoa izan zen prozesua?

Hainbat abokatu eta aditurekin hitz egin genuen salaketa aurkeztu aurretik, eta horren ostean, Defendatzen duena defendatu plataformako kideak gurekin harremanetan jarri ziren. Estatu osoko kazetariek eta juristek osatzen dute talde hori, eta aspaldidanik ari ziren Mozal legearen kontrako estrategia orokor bat koordinatzen. Poliziaren jazarpena pairatu zuten fotokazetari batzuekin harremanetan jarriak ziren ordurako, eta lehen urratsak emanak zituzten salaketa bat aurkezteko. Hori izan zen gure oinarria. Plataformako kideek esan ziguten aukera zegoela auzia Estrasburgora eramateko, eta hala egin genuen.

Zergatik Estrasburgora?

Espainiako justiziak ez duelako beste biderik uzten. Guk jasotako mehatxua, berez, abisu administratibo bat da. Eta horren aurka, ezin dugu helegiterik aurkeztu Espainiako inongo auzitegitan. Ez dugu heldulekurik. Beraz, bide bakarra Estrasburgora jotzea da.

Zenbait hedabidek auzia isildu izanak harritu zaitu?

Ez gehiegi, errepresioa oso barneratua dugulako. Zer gertatuko litzateke, adibidez, Nafarroako Gobernuak Diario de Navarra-ko bi kazetariri isuna jarri izan balie? Eta kazetari horiek Estrasburgora babes eske joan izan balira? Aurrekaririk gabeko eskandalua izanen litzateke hori Nafarroan. Baina biktima errepresioa pairatzera ohituta dagoen sektorekoa bada, normaltzat jotzen dugu. Behar duen garrantzia ez diogu ematen, eta hori erronka bat da: agenda propioa ezarri behar dugu, arerio politikoaren dialektikatik urrundu, eta askatasunari auziari konplexurik gabe heldu. Salbuespen egoera bizi dugu Nafarroan, eta hori aldaketaren agendan sartu beharra dago nola edo hala.