3.163

Barañainen bosgarren edukiontzia darabilten familiak. Barañainen azaroaren 11n martxan jarri zuten bosgarren edukiontzia. Hondakin organikoak biltzeko zaborrontziaren erabilpena borondatezkoa da. Hiru hilabetean 3.163 familiak, herriko biztanleriaren %40, izena eman dute .

“Ikusle faltagatik” itxi dute Iruñeko Saide Olite zinema aretoa, 52 urteren ondoren

"Oliteko aretoa errentagarria ez delako itxi dugu", azaldu du Alberto Zozaia Saide zinema aretoetako kudeatzaileak. Otsailaren 12an egin zuten azken saioa Iruñeko Olite kaleko lokalean. Hirian dagoen zaharrena da. Zozaiak argitu du "ikusle faltagatik" itxi dutela eta ez dakiela aretoko langileekin zer egingo duten. "Langileen inguruan ez dut ezer esango, oraindik ez baitugu erabakirik hartu", esan du. Saidek areto bakarra du orain Iruñean, Carlos III.akoa. Zozaiak esan du areto hori "oraingoz" ez dagoela ixteko arriskuan. Azken berrogei urteetan, hamahiru zinema areto itxi dituzte Iruñean.

Saide enpresa 1940ko hamarkadan sortu zuten. Hasierako urteetan, Iruñeko hainbat auzotan ireki zituzten aretoak. Lehen areto horien ostean, Saidek bigarren zabalgunean jarri zuen arreta, 1960ko hamarkadan pizten ari baitzen ingurua. Olite kaleko lokala erosi, eta Nafarroako zinema areto handiena egin zuten, 936 eserleku eta 12,5 metroko pantailarekin. 1961eko abenduaren 21ean inauguratu zuten.

Milaka film eskaini dituzte bertan. Data gogoangarrietako bat 1977ko abenduaren 17a da. Egun horretan, Star wars (Izarretako gerra) estreinatu zuten. Gerora etorri ziren, besteak beste, Superman, Alien eta Apocalypse Now.

Garaiak aldatuz joan ziren, eta Olite aretoa egokituz joan zen. Nafarroako lehen areto anitzeko zinema izan zen, 1980. urtean. Hala ere, 1990eko hamarkadan aretoaren gainbehera heldu zen. Alde batetik, Saide enpresak beste areto batzuk ireki zituen, eta banatzaileek estreinaldiak egiteko beste lokalak hobetsi zituzten. Beste alde batetik, aldirietan areto berriak eraiki ziren. Egoera iraultzeko xedez, hainbat zinema ziklo antolatu zituzten, baina ez zuten nahi besteko arrakasta izan, eta BEZaren igoera izan da azken kolpea.

GERTUTIK GOZATZEKO AUKERA

Nekez taldeak bigarren diskoa aurkeztu zuen iazko ekainean, Zure esku. Geroztik hamaika kontzertu eman dituzte Euskal Herrian zein atzerrian. Iruñeko Txantrea auzoko Akelarre kultur elkartearen otsaileko egitarauari amaiera emateko, Iruñerriko laukotearen kontzertua antolatu dute. Gaur, 21:00etan. Nekez taldekoek hainbat musika talderen estiloa dute oinarri, hala nola,Berri Txarrak, Governors, A Day to Remember eta Disturbed.

“Kontsumitzeko eraren bidez lor dezakegu nahi dugun gizarte mota”

Esnekiak egiteko eman beharreko pauso guztiak bere gain hartzen ditu Aitor Azkaratek (Aniz, 1976), lehen urratsetik azken urratsera arte. Behiak larrera eraman, jetzi, esnekiak elikagai bihurtzeko prozesua martxan jarri, paketatu eta banatu. Horiek dira Jauregia esneki enpresa txikian dituen zereginak. Izan ere, norberak egindako lanaren balioa nabarmentzen du Azkaratek. Garrantzitsua iruditzen zaio jakiak tokian tokikoak izatea, baita mainaz eginda egotea ere. Internet bidez eta zuzenean saltzeaz gain, orain Iruñeko Alde Zaharreko eta Txantreako ferietan ibiltzen da.

Nola sortu zenuten Jauregia esneki enpresa?

Aitak behiak zituen, eta aitatxik ere bai. 2004an anaia eta biok hasi ginen, gure bikotekideekin batera. Orain, bi bikoteak eta langile bat gaude.

Zein produktu egiten dituzue?

Esnea, gasna, jogurta eta irabiatuak.

Ekoizpen ekologikoaren aldeko hautua egiten duzue. Zergatik?

Errespetuz jokatu nahi dugu bezeroekin eta lurrarekin. Hasi ginenean, konbentzionalak ginen. Poliki-poliki pausoak eman ditugu ekoizpen ekologikorantz.

Zuen gain hartzen dituzue, beraz, esnekiak sortzeko prozesuaren urrats guztiak?

Bai. Garrantzitsuena lurra izatea da; hektarea bat bi behi bakoitzeko. Guk lurra badugu bazka lortzeko. Egiten duguna da bazkatzera eraman, jetzi eta esnea eraldatu. Produktuen banaketa ere gure esku dago; ez dugu bitartekariekin lan egiten.

Tokian tokikoa kontsumitzea garrantzitsua da. Zer dela eta?

Tokian tokiko produktuak kontsumitzen badituzu, bertako ekonomia sustatzen duzu. Bertako nekazari edo abeltzain bati erosten badiozu, lan duin bat izatea lortzen duzu. Horrekin batera, berak ere bertan gastatuko du, bertako ekonomia sustatzen. Gainera, ahalik eta hurbilen kontsumitzen baduzu, ingurumena zaintzen ari zara.

Enpresa handien monopolioei aurre egiteko forma ere bada, ezta?

Dudarik gabe. Nahiz eta sistema kapitalistaren barruan gauden, saiatzen bagara inguruko kontsumoa indartzen, tartean geratzen diren irabaziak enpresa handiei ez joatea lortzen dugu. Adibidez, edozein markatako esnea erosten baduzu, behi horiek bazkatuak daude munduko beste puntako soja edo artoarekin. Gure kasuan hemengo gaiekin bazkatzen dira. Gisa horretan segitzen dugu, behinik behin, elkartasunean oinarritutako gastua egiten.

Kontsumitzeko erak eragina dauka herritarren bizi ereduetan?

Noski. Kontsumitzeko eraren bidez lortzen ahal dugu nahi dugun gizarte mota. Kanpoko produktuak erosita argi dago norentzat diren onurak: inportatzen duten marka handientzat. Kanpoko elikagaiak kontsumitzen baditugu, behin ere ez dugu elikadura burujabetza lortuko.

Jende askok, baina, oraindik ez du produktu ekologikorik kontsumitzen, eta garestiagoak direla dio.

Batzuetan, egia da, baina bitartekariak aprobetxatzen direlako. Berez, kostua garestixeagoa da, baina ez du zergatik izan oso garestia. Horregatik, ikusten dudanean esnea hiru euroan, mugitzen zait barruko guztia. Argi dago nekazariak ez dituela ez da bi euro ere jasotzen... Bitartekariak aprobetxatzen dira ekologiko hitzaz. Baina ekologikoa ez da elitistagoa. Guk denen eskura egon daitezkeen produktuak saltzen ditugu. Badira elikagai ekologikoak kontsumitzeko modu asko, eta horiek sustatu behar ditugu hala nola kontsumo taldeak, azokak eta zuzeneko salmenta.

Orain, Iruñerrian bi merkatu sozial sortu dituzte, eta zuek ere bertan zaudete. Zein onura ekarri dizuete?

Alde batetik, onura ekonomikoa. Salmenta zuzena da gure helburu nagusia, zuzenean ailegatzea bezeroengana, eta azoka hauetan lortzen dugu. Bestalde, bestelako ekonomia bat eratzen dute, eta gu horren alde gaude.

Bertakoa erosteko ohitura handitzen ari al da?

Gaur egun, jendea kontzientziatzen ari da, bai. Horri esker, salmentak handitzen ari dira, eta abeltzainak eta nekazariak gure lanaz bizi gaitezke.

Dormitaleria 54 sorkuntza gunea ireki dute Iruñean

Arte eta erakusketa gela bat ireki dute Iruñeko Alde Zaharreko Dormitaleria kalean. Hain zuzen ere, karrikaren izena hartu du hainbat artistak bultzatutako egitasmo horrek: Dormitaleria 54. "Sormenak, irriak eta jakintzak elkarri bostekoa emateko tokia" dela diote sortzaileek. Besteak beste, erakusketak, ikastaroak eta hitzaldiak eskaintzen dituzte; betiere, balio jakin batzuetan oinarrituta: ekintzak parte hartzaileak izatea eta artea edonoren eskura jartzea. Espekulaziorik gabeko artearen aldeko aldarria egiten dute Dormitaleria 54ko kideek. Astelehenetik larunbatera zabaltzen dute, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era. Ateak irekiak dituzte hurbildu nahi duen ororentzat.

Arteak berritutako eraikina

Argazkilaritza estudioa, informatika gela, eskulanak egiteko txokoa, sorkuntza laborategia, jantokia, patioa... Gune horiek guztiak irudikatzen dituzte Antigua Jaso Zaharra elkarteko kideek Etxabakoitzeko Jaso ikastola zaharraren eraikinean (Iruñea). Egun, abandonatutako etxea da, margoketaz josia eta belar txarrek hartua. Lapurren orube gutiziatua. Elkarteko sortzaileek, baina, artisten topagunea izan daitekeen eraikina ikusten dute: Jazar Sormen Fabrika. Alokatu diete jada, eta garbiketari ekin diote. Gauza bakarra baino ez zaie falta fabrikako ateak irekitzeko: Iruñeko Udalaren baimena.

Jazar egitasmoko partaideak dira Lilia Aizkorbe (Iruñea, 1988) eta Ioar Cabodevilla (Iruñea, 1988). Arkitektoak dira biak, eta sorkuntza lanak aurrera eramateko aukera nahi zuten; proiektuaren berri izan zutenean, "bitan pentsatu gabe" bat egin zuten. Batetik, nork bere obrak gauzatzeko beta ematen dielako; bestetik, artea herritarrengana eramateko asmoa duelako.

Lizentzia eman arte, ezinean

Osotara, 70 pertsona daude egitasmoaren bueltan, hala nola margolariak, grafitigileak, efektu berezietan aditutakoak, musikariak, antzerkigileak, eskulangileak, arkitektoak, zurginak eta dekoratzaileak. Astean behin batzen dira, batzar bitartez, erabakiak hartu eta aurrera eramateko asmoz. 2013ko maiatzean elkartu ziren lehenengoz, eta, geroztik, forma eman diote hasiera batean asmoa baino ez zenari. Hiru gune mota eraiki nahi dituzte fabrikan: lehenik eta behin, estudio pertsonalak; bigarrenik, erabilera komuneko espazioak, tartean liburutegia eta sukaldea; eta hirugarrenik, publikoarentzat irekitako areto zabalak.

Iruñeko Udalak baimena emango dien ala ez jakin gabe, ordea, "zaila" da ideia horiei forma ematea, Cabodevillaren hitzetan. Ondorioz, nahi eta ezinean dabiltza; izan ere, lizentzia lortzen ez badute, ezingo dituzte antolatu kanpora begirako ekinbideak.

Orain, udaleko ordezkariekin biltzen ari dira sortzaileen ordezkariak. Sormen fabrika martxan jartzeko negoziazioa mahaiaren gainean dago, beraz, eta oraingoz "ongi" doala deritzote. Udalari ez diote laguntza eskatzen, "trabarik ez jartzea" baizik. Hala ziurtatu du Cabodevillak.

"Malgutasuna" ere galdegiten diote. Cabodevillak argi ikusten du: "Eraikin zahar bat da; ezin dizkiote egitura berri bati eskatuko lizkioketen neurri berberak eskatu". Ildo beretik jotzen du Aizkorbek: "Erabiltzen ez den eraikin bat hartu eta berrerabili nahi dugu. Herritarrentzat onuragarria litzateke; artista gazteen lana plazaratzeko aukera emango luke, hiriarentzat aberasgarriak diren ikastaroak egiteko aukera...". Horregatik, Iruñeko Udalak "eskuzabal" jokatzea espero dute, hiriari ekar diezaiokeen "onuraz" jabetuta.

Behin-behineko gunea

"Jendeak lan egiteko gogoa dauka. Jazar Sormen Fabrika abiatzeko irrikan gaude", dio Aizkorbek irribarrea galdu gabe. Eta irrikan egotea ez da kasualitatea. Finean, pasatzen den egun bakoitzeko egun bat gutxiago dutelako Jazar gunean lan egiteko. 2016an botako dute Jaso ikastola zaharraren eraikina, alegia, proiektuaren egoitza litzatekeena. "Behin-behineko gunea da, eta badakigu. Denbora aprobetxatu behar dugu", azaldu du Aizkorbek.

Abiadura handiko treneko obrak egiteko eraitsiko dute eraikuntza. Hiru urteren buruan. Bitartean, bertan "gauza asko" egin daitezkeela uste dute proiektuan parte hartzen dutenek. Iraupen gutxikoa izango dela kontuan izanda prestatu dituzte oinarri arkitektonikoak. Denbora falta gabezia gisa hartu beharrean, "beste arkitektura mota bat" garatzeko aukera gisa ulertzen dute.

Sortuko duten espazioak, arkitektura aldetik, "indefinizio kutsu bat" eta "malgutasuna" izango dituela aurreratu dute. "Aldaketetara moldagarria" izango da.

"Ekologikoa eta ekonomikoa" izatea nahi dute, hau da, ingurumena errespetatuko duena eta, kostuei dagokienez, merkea. "Ahalik eta material gutxien erabilita sortua". Gainera, bertaratzen den edozeinek egitasmo bat aurkeztu eta hori aurrera eramateko aukera izatea dute xede. "Irekia" baita egitasmoa. "Egun, 70 bazkide gara, baina gehiago ere izan gaitezke", esan du Aizkorbek, herritarrei parte hartzeko gonbita eginez.

Mojak, ikasleak eta artistak

Historian atzera eginda, ibilbide oparoa du Jaso ikastola zaharraren eraikinak. Moja etxea izan zen, baina 1980an salgai jarri zuten. Urte horretan bertan, ikaslez gainezka zegoen San Fermin ikastola, eta hainbat gurasok zentro berri bat osatzeko eraikinak bilatzeari ekin zioten. Hala, komentua zena aurkitu eta erosi egin zuten ikastola bertan muntatzeko. Hala jaio zen Jaso. Auzolanean margotu, txukundu eta atondu zuten, eta hogei urtez egon zen martxan. 2000n, ordea, txiki geratu zen ikastola,eta lekualdatu zuten. Orduan, lapurretak eta txikizioak gertatu ziren. Orain, artistei alokatu diete, sorkuntza bultza dezaten.

USTEKABEKO TXARRIK EZ HARTZEKO

Iruñeko Udalak urpean gera daitezkeen aparkalekuetan kartelak jarri ditu gidariak arriskuaz ohartarazteko. Arga ibaitik hurbil dauden Arrotxapeko bost aparkaleku urpean gelditu dira hainbat aldiz azken urteetan. Hori dela eta, iragarpenen arabera Arga ibaiak gora egiteko arriskua duenean, sakelakora mezuak bidaltzen dituen sistema bat martxan jarri zuen udalak duela lau urte. Karteletan, sistema horretan izena emateko deia egiten zaie gidariei.

@sarean

Europako sormen fabriken inguruko informazioa duten hainbat webgune.

www.mataderomadrid.org. Madrilgo Matadero sorkuntza garaikideko zentroaren ataria.

www.radialsystem.de. Berlingo Radialsystem gunearen inguruko xehetasunak eta egitaraua.

Kanpaia jo

Nafarroako Unibertsitateko bekadunak ordenagailu aurrean jarraitzen du, burumakur. Nagusietako inor ez da halako eginkizunetarako prest agertu, lotsari ezin aurre eginda. Hargatik bidali dute mutil gominaduna, hizkiak teklea ditzan. Paper batean pasatu diote idatzi beharrekoa, ahoskatze hutsak gorritu ohi baititu. Bekadunak, lotsatuta, banan-banan zanpatu ditu teklak. Pantailan ageri da titulua, hizki handiz: Kaltegarria al da masturbazioa?. Erantzun argiko galdera, Opusentzat. Irakasleak bulegoko aterantz biratu du burua, eta testua lehenbailehen bidaltzeko agindu dio bekadunari, ingurutik sotanarik agertu aurretik. Mutikoak testua bidali du. Bere horretan argitaratu du ABC-k.

Emaitza bost paragrafoko artikulua da; perlen segida asegaitza. Opusen arabera, masturbazioak norberaren autoestimuarekiko poztasunik eza adierazten du, eta ez da "ez ona ez beharrezkoa osasunarentzat". Gainera, ezin du "asetze afektibo osorik ekarri, ez baita elkarren arteko esperientzia". Horregatik dio — ridikuluaren puntu gorena, bestalde— "ez masturbatzea posible" dela. Eta beste artikulu batean, hori lortzeko gomendioak —"inguruneko erotismotik babestu", kirola egin, denbora bete...— zerrendatzen ditu unibertsitateko aditu taldeak.

Opusek hezkuntza sexualaz lezioak ematea Jose Iribas Lars Von Trierren azken filmaren casting zuzendari izendatzearen parekoa da; ez hanka ez buru, eta ridikulua nabarmena. Baina, ongi pentsatuta, baliteke Opusek uste baino gehiago jakitea masturbazioaz. Nafarroan bederen, beti izan du eliz taldeak bere buruari plazera emateko zaletasuna, plazera gainerakoekin konpartitu baino. Bere jarduera eta ekimen oro bertako kide eta ingurukoen aldarte (eta karterak) alaitzera izan da bideratua. Masturbazio kolektiboa, nahi bada, baina masturbazioa.

Elizak —historiari so egitea besterik ez dago— berezko dohaina du gainontzekoen bizitzetan sartzeko. Zuzenean sutan erre edo gurutzetara iltzatzen ez gaituenean, gure gorputzekin zer egin edo ez egin beharko genukeen diosku. Edo agindu. Agian, hori da Opusek elkarrenganako harremanaz ulertzen duena: eurek agindu, gainerakook bete. Dominazio erabatekoa. Elizak, masturbazioa bai, baina bondagea ere baitu gustuko.

Baina guk, izaki hilkorrok, badugu ere ezetz esateko eskubiderik. Horretan, behintzat, bat gatoz sotanadun eta sotanagabeok: elkar borondatezkoa behar du harremanak. Horregatik esaten diegu Opusekoei ahaztu daitezela gurekin, utz gaitzatela bakean, eta bila dezatela beste nonbaiten amorante prestuagorik. Eta lasai egon daitezela bakartuta edo "inguruko erotismoaren" botereen aurrean kondenatuta sentitzen badira. Guk ez baitiegu aurpegiratuko egoera horretan, eta zeruko salbazioaren bila, elizako dorrera igo eta kanpaia joz ibiltzen badira.