“Euskaraz bizi nahi duen herri hori josten eta batzen ari gara”

Oibar aztoratua dabil azken asteetan, aspaldiko jairik handiena antolatzen ari baitira. Nafarroa osoan euskara ofiziala aldarrikatuko dute igandean, Euskara josten ari gara jaiarekin. Bosgarren urtea da Sortzenek eremu ez euskaldunean jai hau antolatzen duena. Orain bi hilabete inguru, Sortzenek Oibarko herriari luzatu zion jaia antolatzeko gonbitea. Erronka handia bazen ere, herriak ezin hobe erantzun duela dio Imanol Ibero (Oibar, 1988) zinegotziak. Oibarren urteetan egon den lehen belaunaldi euskalduneko kidea da bera. Baina hizkuntzaren ofizialtasunik gabe ezin izango dute hizkuntza guztiz garatu, eta egungo politikariekin ez du horretarako aukerarik ikusten.

Zein da eremu ez euskaldunean euskaraz ikasi nahi dutenen egoera?

Hasteko, kontuan izan behar da Oibar herri txikia dela. Nik ikastolan ikasi dut eta txikitatik Zangozara joan eta etorri ibili naiz. Guraso batzuk aukera hori hartu zuen. Baina beste batzuk herrian ikasteko hautua egin zuen. Horrek eragiten duenarekin. Hau da, eredu erdaldunean ikastea.

Eremu ez euskaldunean dauden ikastolek euskaraz ikasteko eskaria asetzen dute?

Hein batean baino ez dute asetzen. Jendeak euren seme-alaben hezkuntza aukeratzerakoan dituen lehentasunen araberakoa da. Gertutasunak eta doako hezkuntza izateko eskubideak jende askoren hautua baldintzatzen du. Baina badira beste batzuk, ikastolen eredua hautatzen dutenak, nahiz eta, herri batetik bestera mugitu eta itunpeko eskola batean ikasi behar izan duten.

Zuen eskualdean zenbat ikaslek ikasten dute euskaraz?

Ez dut datu zehatzik, baina nik Zangozako ikastolan ikasten nuenean 200 bat ikasle ginen.

Zergatik antolatu duzue Euskara josten hari gara jaia?

Sortzenek urtero eremu ez euskalduneko herri batean ospatzen du jai hau. Aurten Faltzesen egin behar zuten, baina arazoak izan dituzte. Beraz, duela bi hilabete inguru gugana jo zuten. Jaia antolatu nahi genuen galdegin ziguten eta guk baiezkoa eman genien. Beraz, denbora aldetik nahiko larri ibili gara, baina aurrera atera dugu.

Zer aldarrikatu nahi duzue?

Aldarrikapen nagusia zonifikazioaren aurkakoa da. Horren zentzugabekeria agerian uztea. Eremu ez euskaldunean jende euskaltzalea ere badagoela erakutsi nahi dugu.

Aurten Nafarroa Oinez Zangozan ospatuko dute.

Bai, eskualde osoa dabil euskararen istorioan sartua, batzuk ikastolan, beste batzuk Sortzenen eta beste hainbat bietan.

Eremu ez euskaldunean egonda ere, egunerokoan euskara garatzeko aukerak dituzue?

Egia esan, ez asko. Kontuan hartu behar da gu euskaraz ikasi dugun lehen belaunaldia garela. Gu hazten goazen heinean, eta gure bizitza euskaraz garatzen goazen heinean behar berriak sortuko dira. Orduan, behar horiei erantzun bat eman beharko zaie. Argi dagoena da euskararen legeak ez diela behar horiei erantzungo.

Zergatik uste duzu zonifikazioa ematen dela?

Lehenengo arazoa da batzuek ez dutela euskara euren herriaren aberastasun bezala hartzen. Nik uste dut edozein politiko zibilizatuk eta etikoki zintzok ondasun hori babestu eta bultzatuko lukeela. Baina beldur dira, euskara indartzeak gizartea errotu eta gorpuztuko ote duen. Azken batean, hori da aldarrikatu nahi duguna aurtengo jaiarekin. Euskararen herria josten ari gara, euskaraz bizi den herri hori josten eta batzen ari gara. Horren beldur dira argi eta garbi.

Uste duzu denbora tarte labur edo ertainean egoera aldatuko dela?

Ez dakit. Nafarroako Parlamentuko egoera aldatzen bada, zerbait gertatu daiteke. Baina une honetan dauden politikariek jarraitzen badute ez dut itxaropen handirik.

Jaia antolatzean, aldaketarik nabaritu duzue herrian?

Alde batetik, harritu nau jaia eta aldarrikapen horren inguruan herri mailan sortu den kohesioa. Herriko kultura talde guztiak batu dira eta aldarri horrekin bat egin dute. Beste alde batetik, kalean boluntario bezala lan egiterakoan jendeak prestutasun handia erakutsi du.

Nola bizi izan duzue antolaketa lan guztia?

Lan handia izan da. Oibar herri txikia da eta ekinbide txikiak egiten ditugu normalean. Igandekoa batzuentzat jai txikia baldin bada ere, guri nahiko handia iruditzen zaigu. Herriaren erantzuna ikaragarria izan da. Badirudi jendeak horrelako ekinbideak egiteko gogoa duela.