Eremu euskaldunetako biztanleek eskubidea dute zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko. Hala ere, hainbatetan zailtasunak dituzte euren hizkuntza eskubideak errespeta ditzaten. Baztanen zazpi familia mediku daude, eta bostek ez dakite euskaraz. Pediatre...
KARRIKAK ELE BITAN JARRI DITU UDALAK
Kale izendegia ele bitan jartzeko udal ordenantza bat adostu zuten Iruñeko Udalean joan den urtean. Hori horrela, aurrerantzean udala behartua dago kaleak izendatzeko seinaleetan euskarari eta gaztelaniari trataera bera ematera. Iragan astean, Labriteko aldaparen eta zezen plazaren artean dagoen Hemingway pasealekuko seinalea euskaraz eta gaztelaniaz paratu zuten. Iruñeko Euskalgintzaren Taldeak hilabeteak daramatza lanean kale izendegia aldatzeko.
“Zaila da guk proiekturen bat aurkeztu ahal izatea”
Udalbiltzak martxan jarriak dituen hiru laguntza programetakoren batean parte hartzea zaila iruditzen zaiola aitortu du Elena Calvo Burgiko alkateak (Burgi, 1979). Hala ere, martxo amaiera arteko epean proiekturen bat aurkezten saiatuko direla jakinarazi du.
Zer iritzi duzu Pirinioetako egoera zaila dela-eta Udalbiltzak abian jarri duen ekinbideaz?
Nik uste dut oso proiektu ona dela. Ez dago diru asko proiektuak gauzatzeko, baina hobe da gutxi batere ez baino. Programak aztertzen ari gara, baina orain nahiko zaila ikusten dut proiekturen bat aurkeztu ahal izatea. Hala ere, saiatuko gara zerbait egiten. Gainera, kontuan izan behar da Nafarroako Pirinioetako herriak oso txikiak direla eta biztanleria nahiko zaharra dela. Hala ere, aurrera egiteko gogoz gaude.
Nolakoa da Burgiko egoera?
Burgi oso herri txikia da. Lanpostu gutxi dago. Horren eraginez, gazteak ez dira herrian gelditzen, eta Iruñera joaten dira, han topatzen dutelako lana. Horrez gain, herrian bizi direnen batez besteko adina oso altua da. Aurrera egin ahal izateko, lanpostuak behar ditugu. Batez ere, lana da behar duguna.
Zenbat lagun bizi zarete Burgin?
Astez, 140 lagun inguru bizi gara herrian. Asteburuetan, 200 inguru izatera iristen gara. Hala ere, egia da gazteak izugarri etortzen direla larunbat eta igandetan, lagun kuadrilla hemen dutelako. Herriko biztanleria apenas hazten den; beheranzko joera du, batez ere.
Udalbiltzak, proiektu berriaren bitartez, Pirinioen bi aldeetako harremanak sustatu nahi ditu.
Niri helburu hori oso garrantzitsua iruditzen zait. Hala ere, Burgiko herritarrok ez dugu ia harremanik Pirinioen beste aldeko herritarrekin. Muga oraindik oso sendoa da. Akaso, Zaraitzu eta Aezkoakoek harreman handiagoa dute, historikoki ere hala izan delako. Apurka-apurka harreman horiek indartu behar direla iruditzen zait; aurrerantzean alor horretan lanean jarraitu nahi dugu Pirinioetako gainontzeko herriekin.
Hau ez da gertatuko
Aldatuko dituzte. Nafarroako eremu mistoan egonik hizkuntz eredu bakarra duten ikastetxe publikoak aldatuko dituzte, eta, 2014-2015 ikasturtetik aurrera, ikastetxe horietan ez da eskainiko eredu bakarra. Horixe iragarri zuen atzo Jose Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak.
Iragan urtarrilaren 9an onarturiko mozio baten bidez, Nafarroako Parlamentuak gobernua premiatu zuen "ikastetxe publikoetan elkarrekin bizi daitezen hizkuntza eredu ezberdinak egoki diren prozedurak taxutu ditzan". Ezkerra taldeak aurkezturiko mozio haren alde talde guztiek bozkatu zuten, Bilduk eta Aralar-NaBaik izan ezik.
Iribasek atzo azaldu zuen mozio horri "albait azkarren" erantzuten saiatu direla eta hartara datorrela Iruñerriko eskola mapa arras aldatuko duen neurri hau. "Aldaketa honi esker zuzenduko ditugu politika segregatzaileak, irakaskuntza hizkuntza ofizial batean ala bertzean jasotzeagatik ikasleen artean hezkuntza nahiz bizikidetasun esperientziak trukatzea eragotzi dutenak".
"Bi ikasturtetan eginen dugu aldaketa", gaineratu zuen Iribasek. "Hurrengo ikasturtean, Iruñerriko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak aldatuko ditugu. Eta, 2015-2016 ikasturtean, Lehen Hezkuntzakoak". Gobernuak ez ditu gaztelaniazko ikastetxeak eredu bakarrekotzat jotzen, halakoetan, G eredua ez ezik (gaztelaniaz bakarrik), A eredua ere baitago (gaztelaniaz, euskara irakasgaiarekin). Hortaz, horiek ez ditu aldatuko. Hizkuntz eredu bakarra eskaintzen dutenak aldatuko ditu; hau da, D eredu hutsezko ikastetxeak.
Iruñeko Biurdana, Eunate eta Iturrama; Burlatako Askatasuna; eta Barañaingo Alaitz. Horiexek dira hurbilen ikasturtean aldatuko dituzten institutuak. Horietan, G eta A ereduko ikasleak sartuko dira 2014ko irailean. Iribasen erranetan, "parlamentuaren gehiengo zabal batek" babestu zuen bide hori, "muturreko abertzaleak" bakarrik agertu baitziren kontra. "Guri, gobernuari, parlamentuak eskaturikoa betetzea bertzerik ez zaigu gelditzen. Are gehiago halako kontuetan, gizarte kohesioa eta elkarbizitza jokoan daudenetan".
Iribasek atzo iragarritako aldaketak ikasleei eraginen die, baina baita ikastetxe horietako lan funtzionamenduari ere. Hala, Iribasek argitu zuenez, hurrengo astean gobernuak foru dekretu bat onartuko du irakasleak ez diren langileen euskara eskakizunak kentzeko. "Orain arte, institutu horietan lan egiten zuten atezainek, bulegariek, mantentze lanetarako langileek eta gizarte hezitzaileek euskaraz jakin behar izaten zuten. Hemendik aurrera ikastetxe horietan eredu guztiak egonen direnez, langileei ez zaie euskara nahitaez eskatuko, hori egiteak euskaraz ez dakitenak diskriminatzea ekarriko lukeelako".
Parlamentuko mozioaren kontra bozkatu zuten taldeek gogor gaitzetsi dute UPNren erreforma, haien aburuz euskarazko murgiltze eredua "goitik behera deseginen baitu". Mozioaren alde bozkatu zutenek, berriz, txalotu egin dute egitasmoa. Geroa Baiko bi parlamentariek izan ezik. Haiek mozio haren alde bozkatu zuten, baina ez dute "begi onez" ikusi gobernuaren erreforma. "D eredua ikastetxe guztietara zabaldu nahi genuen, ez D ereduko murgiltze eredua desegin". Aipaturiko institutuetako irakasleen eta langileen artean kezka da nagusi, hizkuntz ereduak nahasteak nabarmen murriztuko baititu euskaraz lan egiteko eta bizitzeko aukerak.
Euskal Pirinioetako hogei proiektu lagunduko ditu Udalbiltzak
Baxenabarreko erreketako urak mendietan indarrak hartu eta "hiri nagusietara lerratzen" diren bezala, Errobikoak adibidez, herritarrek ere hiriaren bidea hartzen dute anitzetan; "irudiz han baizik ez da bizitzen ahal, han, paradisuan". Bide horren har...
99
• 2013ko azken hiruhilekoan kendutako salaketak. Nafarroako Auzitegi Nagusiak publiko egin berri dituen datuen arabera, azken hiruhilekoan bikotekidea genero indarkeriagatik salatutako 99 emakumek salaketa kendu dute. Iñigo Alli Gizarte Gaietako kontseilariak aitortu du salaketak kentzeko zioak aztertzen ari direla.
“Jendeak edozertarako hartzen ditu pilulak, gero eta gehiago”
"Lehen, jendea elizara joaten zen konfesatzera; orain, medikuok egiten dugu lan hori, baina penitentziarik gabe", dio erdi brometan Arantxa Martinez medikuak (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1954). Basaburuan lan egiten du orain dela 28 urtetik. Herrietako jendea beste kasta batekoa dela uste du Martinezek. "Herrietan, jendea oso gogorra da; medikuarenera doazenean, oso larria delako da". Lanean eman dituen urteetan denetarik ikusi du, baina, azkenaldian, gustuko ez duen joera bat igarri du gizartean. "Azken urteetan, jendeak edozertarako hartzen ditu pilulak, gero eta gehiago. Esaten dute: 'Gidabaimena atera behar dut, baina oso urduri jartzen naiz; pilula bat behar dut'. Ez dakit zergatik gertatzen den; badirudi jendeak ez dakiela frustrazioei aurre egiten", adierazi du Martinezek.
Umea zenetik, argi zuen medikua izan nahi zuela. "Las chicas de la Cruz Roja filma ikusi [Gurutze Gorriko neskatoak], eta esan nuen: 'Medikua izan behar dut'", kontatu du Martinezek. Hori bai, ikasketak aukeratzeko orduan, zalantza izan zuen. "Matrikulatu behar nuenean, pentsatu nuen: 'Zergatik ez ditut zuzenbide ikasketak egingo?', baina zalantza bat baino ez zen izan. Medikuntza egin nuen, Zaragozan [Espainia]". Medikuntza orokorrean espezializatu zen, eta, geroztik, 32 urte daramatza lanean. Urte gehienak, 28, Basaburuan eman ditu. Hasieran, Arrasateko ospitalean lan egin zuen (Gipuzkoa). "Urtebete egon nintzen Arrasaten, larrialdietan. Asko ikasi nuen, baina oso urte gogorra izan zen", esan du Martinezek. Gipuzkoatik Nafarroara mugitu zen gero, Iruñera. Han, ordezkatzeak egin zituen hainbat tokitan. "Hamar egun leku batean eta hilabete bestean; horrela ibiltzen ginen. Txantrean pasatu nuen denbora gehien". Horren ostean, oposizioa gainditu, eta Basaburuan lana topatu zuen.
Hainbat urte daramatza lanean, eta gauzak asko aldatu dira. "Hasi nintzenean, egunero egin behar ziren zaintzak. Beti egon behar genuen aurkitzeko moduan. Gero, sakabanaketa egin zutenean, bailarako hiru medikuen artean txandakatzen ginen. Guretzat, aurrerapauso handia izan zen, beti egoten baikinen zaintzan". Martinezentzat "oso gogorra" zen hura, besteak beste, umeak zituelako etxean. "Nire senarrak, albaitaria izanik, zaintzak egin behar zituen. Beraz, norbait kontratatu behar genuen gauetan umeekin gelditzeko. Ezin genituen bakarrik utzi", azaldu du. Gaur egun, ez du zaintzarik egiten, 55 urtetik aurrera medikuek eskubidea dutelako zaintzarik ez egiteko. Hala ere, zaintzak egiten dituzten medikuek hilean "hiru edo lau egun" baino ez dituzte egin behar.
"Egunak berdinak dira, baina pertsonak, ezberdinak", dio Martinezek. Egunero, 08:00etan hasten du lana, eta 15:20an bukatzen. "Aurreko urtean hogei minutu luzatu ziguten lanaldia, eta gutxiago kobratzen genuen, gainera", kexu da Martinez. Eriak ikusteko ordutegia 09:00etatik 12:00etara baldin bada ere, jendearen ordutegietara moldatzen dira. "Batzuek esaten dute: 'Zera, 08:30ean lanean sartu behar dut'. Orduan, pixka bat lehenago artatzen ditut. Edo lana 14:00etan Iruñean bukatzen badute, bada, 14:30ean geratzen naiz haiekin. Administrazioko langileei eskaera guztiak hartzeko esaten diegu", azaldu du Martinezek. Hala ere, kontsultan ez da pilatzen jende asko. "Teorian, gaixo bakoitzarekin hamar minutu pasatu behar ditugu, baina arazorik badago edo kasu bereziren bat baldin bada, hogei minutuz edo ordu erdiz artatzen ditugu gaixoak".
Heriotzarekin aurrez aurre
Osasun arloan lan egiten dutenek heriotza parez pare dute egunero. Hainbat kasu daude: batzuetan, aurreikus daitezke, baina, beste batzuetan, heriotza bat-batekoa da. Lanean urteak eman arren, Martinezek dio ezinezkoa dela heriotzara ohitzea. "Oso gogorra da; minbiziarekin, adibidez, jendea prestatzen saiatzen zara. Azaldu nahi izaten diezu gertatuko dena, eta guztia bukatzen ari dela. Baina, bat-batean, bezperan konturatu izan naiz ez dutela ezer ulertu. Orduan, ez dakit nik gaizki azaldu dudan edo besteek ez duten ulertu nahi. Heriotza beti da gogorra; haientzat gehiago, baina medikuentzat ere bai", esan du. Heriotza bizitzako azken urratsa da, eta, haren aburuz, jendea ez dago horretarako prestatua. Gaizki pasatu du heriotza batzuekin: "Egunak egin ditut lo egin ezinik. Heriotza aurreikustea bada zerbait, baina, batzuetan, bat-bateko zoritxarrak gertatzen dira, eta hor ere egon beharra dago".
Egunero, hamaika gaitz aztertzen ditu Martinezek. Batzuetan, istorio latzak ere ezagutu behar izaten ditu. Hala ere, egunero kontsultan egon behar du, umore onez. Beti prest egotea nola lortzen duen azaltzean, hark dio gustuko lana egiten duela. "Nire ustez, lana gustatuz gero, ez dago arazorik. Mundu honetan lana egin behar da. Orduan, gustukoa baldin bada, hobeto egiten da".
Ia hiru hileko zigorra jarri nahi die TCCk greba egiteagatik espedientea zabaldutakoei
Orotara, 24 egunez egon ziren greban Iruñerriko autobus zerbitzuetako langileak, lan hitzarmen "duina" aldarrikatzeko. Greba horren harira, hamahiru langileren aurka zigor espedientea zabaldu du TCC enpresak, besteak beste, pikete taldeetan parte hartzeagatik eta bidaia txartela kobratzeko makinetako kableak mozteagatik. Azken egunetan, espedientea zabaldutako langileei zein zigor jarri aztertzen ari da Kataluniako TCC enpresa —hark kudeatzen du billabesen zerbitzua—. Ia hiru hilabetez lanik gabe zigortzea aztertzen ari da.
Greba bertan behera uzteko, hamaika puntuko hitzarmena sinatu dute TCCk eta langile batzordeak, eta, bertan jasotzen denez, enpresak hitza eman zuen zabaldutako zigor espedienteak bertan behera uzteko. Baina billabesen kudeatzaileak adostutakoa aintzat hartzen ez badu, hamahiru langilek etxean gelditu beharko dute bi hilabete eta erdi eta hiru hilabete artean.
Hala, langileen ordezkariek eskatu dute zigor espedientea zabaldutako hamahiru lagunetik hamabi ez zigortzeko. Hamahirugarren langilea Patxi Goñi da, eta hedabideetan aitortu zuen autobusetako bidaien txartelak kobratzeko makinen kableak moztu zituela. Goñiren kasuan, zigor "txiki" bat jartzea onartuko duela jakinarazi du langile batzordeak. Oraingoz, hirurogei egunez lanik eta soldatarik gabe zigortzea dago aurreikusia.
Dena den, Goñirekin enpresak duen jarrera salatu du langile batzordeak. Autobus gidariak ekintzen ardura bere gain hartu zuen arren enpresak adostutakoa baino gehiago "zigortu" nahi duela salatu dute.
Datozen egunetan bi aldeek bilera gehiago egiteko konpromisoa hartu dute, zigorren afera adostu eta grebaren eraginez sortutako gatazkari "irtenbidea" aurkitzeko xedez.
@sarean
Gripearen inguruko informazio sarean: gomendioak, ezaugarriak eta abar.
• www.navarra.es. Nafarroako Gobernuaren webgunean gripearen garapenaren informazioa aurki daiteke.
• www.osakidetza.euskadi.net. Griperari aurre egiteko hainbat gomendio daude eskuragai.
“Emakumeen militantzia bigarren mailan utzi dute beti”
Biktima gisa irudikatzen dira askotan gerrek harrapatzen dituzten emakumeak. Izan ere, gerra gizonek egiten dute. Jarrera aktiboa ukatzen zaie emakumeei; ama, arreba, alaba edo emazte dira. Ezkabako espetxean gizonak sartu zituzten, baina preso horien bizitza askoz gogorragoa izango zen haien inguruan sortu zen laguntza sarea sortu izan ez balitz. Laguntza sareek presoak eta haien familiak laguntzen zituzten, eta emakumeek sortu zituzten. Askok senideak zituzten barruan, baina beste batzuek ez: militantzia politikoagatik egiten zuten. Historiaren bigarren mailan geratu diren gertaera horiek gogora ekarri nahi ditu Amaia Kowasch antropologia ikasleak (Iruñea, 1990).
Zer ari zara ikertzen?
Ezkabako espetxean 1934an hasi ziren presoak sartzen, Asturiasko iraultzaren ostean. Horren inguruan, hainbat emakumek laguntza sareak osatu zituzten. Oro har, bi sare mota daude. Alde batetik, Iruñeko emakumeek beren ideologiagatik eta militantziagatik hamaika gauza egiten zituzten Ezkabako presoak laguntzeko; besteak beste, janaria eta arropa eraman, eskutitzak atera, Iruñeko berriak kontatu eta bisitan joan. Bestalde, Espainia osoko emakumeak zeuden. Nik ikertu dut Segoviako hainbat herritan zuten antolakuntza. Senideak Ezkaban preso zituzten emakumeak antolatu egiten ziren bisitak egiteko. Guztien artean dirua eta janaria jartzen zuten, eta txandaka igotzen ziren. Nik Segoviako kasua ikertu dut, baina Espainia osoan sortu ziren horrelako sareak. Badakit Valladoliden ere antzeko sare bat egon zela.
Nolakoa zen Segoviatik Iruñerainoko bidaia?
Komunikazioa ez zen gaur egungoa bezalakoa. Nik hiru herritako emakumeak elkarrizketatu ditut: Cuellar, Cova eta Nava de Asuncionekoak. Lehenengo eta behin, Segoviara joan, han trena hartu, eta Medina del Campora heltzen ziren. Bertan trenez aldatu, eta Altsasuraino joaten ziren. Han, berriz ere trenez aldatu, eta Iruñeraino. Bidaia luzea zen, 24 ordukoa. Etxera itzultzeko, beste horrenbeste. Beraz, gutxienez hiru egun behar zituzten bidaia egiteko. Emakumeek lana baldin bazuten, lanegunak galtzen zituzten. Kanpotik zetorren jendeak harremana zuen bertako laguntza sareko emakumeekin. Tren geltokira joaten ziren bila; etxean hartu, eta jateko pixka bat ematen zieten. Espetxera nola igo ere esaten zieten.
Zenbatean behin egiten zuten bidaia?
Bi astean behin egiten zuten bidaia. Lehen esan bezala, emakume guztien artean dirua eta janaria jartzen zuten, eta binaka igotzen ziren. Nik ez dut testigantzarik lortu, baina, dirudienez, batzuetan ez ziren joaten espetxe bakarrera. Behin bidaia egiten zutela, Saturraranera joaten ziren [Mutriku, Gipuzkoa], gero Iruñera, eta bueltan baita Madrilgo Las Ventaseko espetxera ere.
Sare bakarra zegoen, edo bat baino gehiago ziren?
Nik Iruñean bi testigantza ditut orain arte. Bakoitzak era batera laguntzen zuen. Lehena emakume abertzalea zen; emakume horrek bere ideologiakoak bakarrik laguntzen zituen. Ezkabako espetxea brigadetan banatua zegoen; Bilboko jende abertzalea zegoen brigada batean. Bilboko emakumeak etortzen ziren haien etxeetara, eta, gaur egun, oraindik badute harremana. Bigarrena nire amona da. Hura Laguntza Gorrikoa zen, garaiko erakunde batekoa. Abertzalea zen, baina ez zuen ideologia kontuan hartzen laguntza emateko garaian. Bartzelonako anarkista baten familiarekin egon zen, Madrilgo beste batekin, eta beste hainbatekin.
Zer arrisku zituen laguntza hori emateak?
Oso bizimodu gogorra izan zuten emakume horiek. Gizonak espetxean egon ziren, eta garrantzi handia eman zitzaien. Emakumeen militantzia bigarren mailan utzi dute beti. Gainera, askotan modu biktimistan agertu dira, ilea mozten zietelako eta abar. Badaude ikerketak emakumeen aurkako errepresiorik gogorrena aztertu dutenak, baina ez da inon agertzen emakume horiek egin zuten borroka senarra edo semea espetxetik ateratzeko eta, aldi berean, familia aurrera ateratzeko. Badirudi espetxean egon ez zirenez ez duela inporta. Baina asko borrokatu ziren. Lan egiten zuten ahal zuten tokian; edozer egiten zuten Iruñera etorri ahal izateko. Denak ez ziren emazteak; bazeuden 16 urteko presoak ere. Horiek ez zuten ez bikoterik ez ezer, eta familia arduratzen zen guztiaz. Niri testigantza batean esan didate: "Preso nituen osaba, aitona, aita eta neba: familiako gizon guztiak". Emakume batzuk hona etortzen ziren bizitzera herrian ez zutelako ezer, eta, gainera, jazarriak ziren. Mundu guztiak zekien haien familia preso zegoela beste aldekoa izateagatik. Hainbat kasutan, argia, ura eta etxea kentzen zieten, edo lanik gabe uzten zituzten. Egoera horretan, nahiago zuten Iruñera etorri. Horrez gain, laguntza sareetako emakumeak atxilotu, polizia etxera eraman, eta torturatu egin zituzten. Ezkabako presoak laguntzeagatik edo haiekin hitz egiteagatik salatzen zituzten. Hainbatetan, laguntza sareko emakumeak ez ziren sartzen presoen familietakoak eta senideak izango balira bezala. Asko arriskatzen zuten.
Zer jarrera izaten du jendeak galdezka zoazenean?
Hitz egin nahi duten emakumeek asko hitz egiten dute. Gainera, hitz egin ostean burutik pisu bat kendu dutela dirudi. Alde batetik, ez dute uste norbaiti interesatu ahal zaionik beren historia. Baina, beste alde batetik, pentsatzen dute badela garaia norbaitek haiek egindako lanaz galdetzeko: zeinen gaizki pasatzen zuten Ezkabara igotzen, edo nola egun batean ia bertan geratu ziren elurra zela eta. Gero, badaude emakumeak hitz egin bai, baina testigantzarik eman nahi ez dutenak. Oso testigantza gogorrak dituzte, eta oraindik beldur dira. Nik esaten diet nahi izanez gero ez dudala izenik jarriko, baina grabazioa gutxienez egin behar dudala. Hainbatetan, elkarrizketa bukatu eta galdetzen didate ea zerbait gertatu ahal zaien hori kontatzeagatik.