“Emakumeen militantzia bigarren mailan utzi dute beti”

Biktima gisa irudikatzen dira askotan gerrek harrapatzen dituzten emakumeak. Izan ere, gerra gizonek egiten dute. Jarrera aktiboa ukatzen zaie emakumeei; ama, arreba, alaba edo emazte dira. Ezkabako espetxean gizonak sartu zituzten, baina preso horien bizitza askoz gogorragoa izango zen haien inguruan sortu zen laguntza sarea sortu izan ez balitz. Laguntza sareek presoak eta haien familiak laguntzen zituzten, eta emakumeek sortu zituzten. Askok senideak zituzten barruan, baina beste batzuek ez: militantzia politikoagatik egiten zuten. Historiaren bigarren mailan geratu diren gertaera horiek gogora ekarri nahi ditu Amaia Kowasch antropologia ikasleak (Iruñea, 1990).

Zer ari zara ikertzen?

Ezkabako espetxean 1934an hasi ziren presoak sartzen, Asturiasko iraultzaren ostean. Horren inguruan, hainbat emakumek laguntza sareak osatu zituzten. Oro har, bi sare mota daude. Alde batetik, Iruñeko emakumeek beren ideologiagatik eta militantziagatik hamaika gauza egiten zituzten Ezkabako presoak laguntzeko; besteak beste, janaria eta arropa eraman, eskutitzak atera, Iruñeko berriak kontatu eta bisitan joan. Bestalde, Espainia osoko emakumeak zeuden. Nik ikertu dut Segoviako hainbat herritan zuten antolakuntza. Senideak Ezkaban preso zituzten emakumeak antolatu egiten ziren bisitak egiteko. Guztien artean dirua eta janaria jartzen zuten, eta txandaka igotzen ziren. Nik Segoviako kasua ikertu dut, baina Espainia osoan sortu ziren horrelako sareak. Badakit Valladoliden ere antzeko sare bat egon zela.

Nolakoa zen Segoviatik Iruñerainoko bidaia?

Komunikazioa ez zen gaur egungoa bezalakoa. Nik hiru herritako emakumeak elkarrizketatu ditut: Cuellar, Cova eta Nava de Asuncionekoak. Lehenengo eta behin, Segoviara joan, han trena hartu, eta Medina del Campora heltzen ziren. Bertan trenez aldatu, eta Altsasuraino joaten ziren. Han, berriz ere trenez aldatu, eta Iruñeraino. Bidaia luzea zen, 24 ordukoa. Etxera itzultzeko, beste horrenbeste. Beraz, gutxienez hiru egun behar zituzten bidaia egiteko. Emakumeek lana baldin bazuten, lanegunak galtzen zituzten. Kanpotik zetorren jendeak harremana zuen bertako laguntza sareko emakumeekin. Tren geltokira joaten ziren bila; etxean hartu, eta jateko pixka bat ematen zieten. Espetxera nola igo ere esaten zieten.

Zenbatean behin egiten zuten bidaia?

Bi astean behin egiten zuten bidaia. Lehen esan bezala, emakume guztien artean dirua eta janaria jartzen zuten, eta binaka igotzen ziren. Nik ez dut testigantzarik lortu, baina, dirudienez, batzuetan ez ziren joaten espetxe bakarrera. Behin bidaia egiten zutela, Saturraranera joaten ziren [Mutriku, Gipuzkoa], gero Iruñera, eta bueltan baita Madrilgo Las Ventaseko espetxera ere.

Sare bakarra zegoen, edo bat baino gehiago ziren?

Nik Iruñean bi testigantza ditut orain arte. Bakoitzak era batera laguntzen zuen. Lehena emakume abertzalea zen; emakume horrek bere ideologiakoak bakarrik laguntzen zituen. Ezkabako espetxea brigadetan banatua zegoen; Bilboko jende abertzalea zegoen brigada batean. Bilboko emakumeak etortzen ziren haien etxeetara, eta, gaur egun, oraindik badute harremana. Bigarrena nire amona da. Hura Laguntza Gorrikoa zen, garaiko erakunde batekoa. Abertzalea zen, baina ez zuen ideologia kontuan hartzen laguntza emateko garaian. Bartzelonako anarkista baten familiarekin egon zen, Madrilgo beste batekin, eta beste hainbatekin.

Zer arrisku zituen laguntza hori emateak?

Oso bizimodu gogorra izan zuten emakume horiek. Gizonak espetxean egon ziren, eta garrantzi handia eman zitzaien. Emakumeen militantzia bigarren mailan utzi dute beti. Gainera, askotan modu biktimistan agertu dira, ilea mozten zietelako eta abar. Badaude ikerketak emakumeen aurkako errepresiorik gogorrena aztertu dutenak, baina ez da inon agertzen emakume horiek egin zuten borroka senarra edo semea espetxetik ateratzeko eta, aldi berean, familia aurrera ateratzeko. Badirudi espetxean egon ez zirenez ez duela inporta. Baina asko borrokatu ziren. Lan egiten zuten ahal zuten tokian; edozer egiten zuten Iruñera etorri ahal izateko. Denak ez ziren emazteak; bazeuden 16 urteko presoak ere. Horiek ez zuten ez bikoterik ez ezer, eta familia arduratzen zen guztiaz. Niri testigantza batean esan didate: "Preso nituen osaba, aitona, aita eta neba: familiako gizon guztiak". Emakume batzuk hona etortzen ziren bizitzera herrian ez zutelako ezer, eta, gainera, jazarriak ziren. Mundu guztiak zekien haien familia preso zegoela beste aldekoa izateagatik. Hainbat kasutan, argia, ura eta etxea kentzen zieten, edo lanik gabe uzten zituzten. Egoera horretan, nahiago zuten Iruñera etorri. Horrez gain, laguntza sareetako emakumeak atxilotu, polizia etxera eraman, eta torturatu egin zituzten. Ezkabako presoak laguntzeagatik edo haiekin hitz egiteagatik salatzen zituzten. Hainbatetan, laguntza sareko emakumeak ez ziren sartzen presoen familietakoak eta senideak izango balira bezala. Asko arriskatzen zuten.

Zer jarrera izaten du jendeak galdezka zoazenean?

Hitz egin nahi duten emakumeek asko hitz egiten dute. Gainera, hitz egin ostean burutik pisu bat kendu dutela dirudi. Alde batetik, ez dute uste norbaiti interesatu ahal zaionik beren historia. Baina, beste alde batetik, pentsatzen dute badela garaia norbaitek haiek egindako lanaz galdetzeko: zeinen gaizki pasatzen zuten Ezkabara igotzen, edo nola egun batean ia bertan geratu ziren elurra zela eta. Gero, badaude emakumeak hitz egin bai, baina testigantzarik eman nahi ez dutenak. Oso testigantza gogorrak dituzte, eta oraindik beldur dira. Nik esaten diet nahi izanez gero ez dudala izenik jarriko, baina grabazioa gutxienez egin behar dudala. Hainbatetan, elkarrizketa bukatu eta galdetzen didate ea zerbait gertatu ahal zaien hori kontatzeagatik.

Hainbat gripe eta pneumonia kasuk bat egin dute

Aurtengo gripearen epidemiak beste hainbat birusekin bat egin du. Gaixo ugari jo ditu pneumoniak eta birus sintzitialak. Azken horrek umeei eragiten die bereziki. "Prozesu ezberdinak dira, baina antzeko egoeratan kutsatzen dira", azaldu dute Osasunbid...

UTZIKERIAREN AURKAKO SALAKETA

Zaldi gaineko zezenketari baten aurka salaketa jarri du Gurelur elkarteak, Itzako Zia herriko zelai batean lau zaldi utzita edukitzeagatik. Elkartearen arabera, azken hilabeteetan abereak utzita zeuden, eta oso argal daude. Batzuek, gainera, apoak oso...

“Erronkarin mikroklima dago; horregatik dugu gazta berezia”

Erronkari Nafarroako ipar-ekialdeko bazterrean dagoen ibar txiki bat da. Bertan daude Euskal Herriko mendirik garaienak, 2.000 metrotik gorakoak. Kokapen geografiko hori dela-eta, berezko gazta berezia sortzen dute hango gaztagileek. "Erronkarin mikroklima dago; horregatik dugu gazta berezia", dio Josu Alastuei gaztagileak (Uztarroze, 1958). Ardi gazta da Erronkarikoa, eta klimak modu berezian ontzen du. Alastueik eta lankideek Ekia gazta egiten dute. Ibarrean sei gaztategi daude, batzuk handiagoak eta beste batzuk txikiagoak. Lehia badute beren artean, baina, ibarra txikia izanda, askotan bat egin behar izaten dute ekoizleek. "Guztiok arazo berak ditugu; beraz, elkarri laguntzen diogu aurrera egiteko. Merkatuan topo egiten dugu, baina onartu behar da mundu guztiak duela saltzeko eskubidea", adierazi du gaztagileak.

Alastuei nekatua zegoen lanean alde batetik bestera ibiltzeaz. "Bi bazkide gara, biok Uztarrozekoak. Beti ibiltzen ginen han eta hemen lanean; Iruñean urteetan aritu gara lanean. Baina gogoa genuen herrira itzultzeko eta bertan zerbait egiteko", azaldu du Alastueik. Patxarana egiten hasi ziren. Gazta ere egin nahi zuten, baina ez zuten lokalik. Azkenean, lokala lortu, eta gaztarekin buru-belarri aritzea erabaki zuten. "Bi gauzak batera ezin genituen egin, eta gaztaren alde egin genuen". Betiko lokalean jarraitzen dute; 1993. urtean hasi ziren han lanean. Gaztategia izateaz gain, denda txiki bat ere badute Uztarrozeko lokalean, Kabila enean.

Lau pertsonak lan egiten dute Ekia gazta ekoizteko. Garai onetan zazpi langile ere egon ziren, baina krisiak gogor jo ditu. "Duela sei bat urte, krisia baino lehen, 55.000 kilo gazta egiten genituen urtean; aurten, 32.000 kilo egin ditugu". Azken finean, haiena eskuz egindako produktua da, eta hori prezioan ere nabaritzen da. "Gure produktua pixka bat garestia da. Gainera, ez da premiazko produktua. Eta, nahi izanez gero, gazta merkeagoak ere badaude salgai", dio Alastueik. Gaztategi txikia izanda, ez da nahikoa gazta ona egitea; saltzen ere jakin behar da, eta horretarako mugitu egin behar da. "Napar Bideak kooperatibaren barruan gaude. Bertan hainbat eskulangile batu gara. Saltoki handietan saltzeko, elkartzea halabeharrezkoa da, bestela ez baitute kasurik egiten. Elkartzean, produktu sorta eskaintzen dugu, eta horrela kasu gehiago egiten dute".

Hala ere, saltoki eta dendetan saltzen dutenak baino gehiago, salmenta zuzenak ematen dizkie irabazi gehien. Erronkarin bertan saldu egiten dute, bereziki udan eta zubietan, turistak etortzen direnean. Horrez gain, eskulangileen eta Erdi Aroko azoketara asko joaten dira. "Gehienbat Nafarroa eta Gipuzkoara joaten gara; baita Araba eta Bizkaira ere, baina gutxiago". Udaberriko eta udako asteburu gehienak etxetik kanpo ematen dituzte. "Etxetik kanpo joatea, kilometroak egitea, asteburuetan lan egitea eta abar eskatzen du azoketara joateak. Baina gehien saltzen dugun tokiak dira. Gainera, normalean bitartekariek jasotzen duten zatia guk geuk hartzen dugu azoketan. Beraz, komeni zaigu mugitzea", dio Alastueik.

Euskal Herritik kanpo saltzeko banatzaileak dituzte Madril, Bartzelona eta Zaragozan, baina ez dituzte kopuru handiak mugitzen. Internet ere hor dago. "Napar Bideak-en webgunean Ekia gazta erosteko aukera dago. Oraindik ehunka batzuk baino ez dira saltzen. Nik uste dut jendea oraindik ez dagoela ohitua Internet bidez erosten". Baina etorkizunerako merkatu garrantzitsua dela uste du.

Gaztaren berezitasunak

Ardi gaztarekin egiten da Erronkariko gazta. Historikoki latxa eta rasa ardiekin egin izan dute. Baina rasa ardiak oso esne gutxi ematen du. Beraz, latxarekin lan egin dute gehienbat Erronkariko gaztagileek. Duela urte batzuk, gazta eskari handia zenean, hainbat ekoizlek latxak baino esne gehiago ematen dituzten ardiak erabili nahi zituzten. Baina erabaki hori Europako Batasuneko erakundeei dagokie, haiek zehazten baitituzte Erronkari sormarkaren irizpideak. "Assaf ardia erabili nahi izan dute hainbat ekoizlek. Ardi hori Alemaniako milchschaf eta Israelgo awasi ardien arteko nahasketaren emaitza da. Lacaune ardi frantsesak ere esne asko ematen du. Oraingoz, gaztaren %50 esne horrekin egitea lortu dute", dio Alastueik. Hasieran berezko ardiak zituzten, latxak, baina lan handia zen ardiak zaindu eta gazta egitea. "Lan gehiegi zen; erabaki genuen hobe genuela zereginetako batean arreta jarri eta ahal bezain hobe egiten saiatu". Beraz, ardiak utzi zituzten. Orain, latxaz gain assaf eta Lacaune ardiak ustiatzen dituzten artzainei erosten diete esnea.

Gaztagintzaren sektorea ez da alferkerian ibiltzekoa. Alastueik urte osoa pasatzen du lanean. Gogorra da, baina, gustuko tokian, aldaparik ez. "Urtean astebete opor hartzeko larri ibiltzen gara, baina ohitzea besterik ez da".

Pirinioak bizirik!

Berriki, Udalbiltzak jendaurrean agertu du euskal Pirinioen magaletako eremuaren garapena sustatzeko asmoa. Gaindegiak euskal herrien gain egindako azterketa batean oinarrituz, biziberritzeko premia handiena duen eremua dela ondorioztatu da.Nabarmentz...

160

Osasun zerbitzu hobeak eskatu dituzten udalak. Nafarroako zazpi udalek landa eremuko osasun zerbitzuak hobetzeko herri ekinbide legegilea aurkeztu dute. Oraingoz, 160 udalek babestu dute ekinbidea.

2.221

Mediterranea de Catering enpresaren aurkako kexak. Urtea igaro da Nafarroako Ospitale Guneko jangela zerbitzua pribatizatu zutenetik, eta 2.221 kexa jaso dituzte ordutik.