Gobernuak gutxitu egin nahi du Iruñerriko hiri garraioan egiten duen diru ekarpena

Oraingoz ez dago akordiorik Iruñerriko hiri garraioaren finantzaketan. Dena den, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen artean adostasunik ez badago, aurreko hitzarmenak indarrean jarraituko du. Astelehenean egin zuten azken bilera bi aldeek. Bi erakundeen jarrerak oraindik urrun badaude ere, akordioa lortzeko borondatea azaldu dute. Urte bukaerara arte biltzen jarraituko dutela esan dute. Nafarroako Gobernuak bere diru ekarpena gutxitu nahi du Iruñerriko hiri garraioan, baina neurri horrek erabiltzaileengan eraginik ez izateko, beste diru sarrera batzuk bilatzera behartu nahi du mankomunitatea.

Gobernuak mankomunitateari eskatu dio beste sektore batzuetan dituen irabaziak —hondakinak eta urak— hiri garraiorako erabiltzeko. Mankomunitateak ez du begi onez ikusten proposamena. Gainera, ez dute argi finantzaketa modu horrek lege babesik duen. Egun, Iruñerriko hiri garraioan diru sarreren erdia erabiltzaileen bitartez finantzatzen da, eta gainontzekoa administrazioek jartzen dute: %60 Nafarroako gobernuak eta %40 mankomunitateak.

"Egungo austeritate egoera" kontuan izanda, gobernuak dio hiri garraioko inbertsioa berraztertu beharra dagoela. Funtsean, bere ekarpena murriztu nahi du.

“Duela 150 urtera arte, nekazari guztiak ziren ekologikoak”

Nekazaritza iraunkorraren aldeko apustua egin zuten Aroa upategian 1998. urtean. Modu horretan ekoizten dute euren ardo ekologikoa. Deierriko Zurukoain herrian dago upategia, eta lau lagunen artean kudeatzen dute. Haien helburua Deierriko lurraren eta klimaren ezaugarriak dituen ardo bat egitea da. "Klima eta lurra dira gure lanerako oinarrizko elementuak", dio Txus Macias Aroa upategiko kideak (Iruñea, 1961). Duela hamabost urte, ardoaren merkatuan lehia handia zegoen. Aroako kideek merkatuan toki bat lortu nahi baldin bazuten zerbait berezia eskaini behar zutela pentsatu zuten. Horregatik hartu zuten ardo ekologikoa egiteko erabakia. "Duela 150 urtera arte, nekazari guztiek modu ekologikoan ekoizten zituzten euren produktuak". Deierrin, I. mendean hasi ziren erromatarrak ardoa egiten. Erromatarrek utzitako ondare hori XXI. mendera ekarri nahi dute Aroa upategiko kideek.

"Tokiko profila eta ezaugarriak dituen ardoa lortu nahi dugu", azaldu du Maciasek. Haren helburua da Deierrin, ez beste inon, egin daitekeen ardoa egitea. "Batzuei gehiago eta besteei gutxiago gustatuko zaie, baina guk ziurtatu nahi dugu ardo hauek bereziak direla". Hori lortzeko, naturarekin bat eginda lan egiten dute. "Natura ez da gelditzen, bere zikloak ditu. Horiek nola funtzionatzen duten ikastea eta naturaren erritmoetara ohitzea zaila da, eta denbora eskatzen du. Baina ikasketa prozesu horrek guztiak emaitzak ematen ditu".

Maciasek gogoratzen du duela 150 urtera arte nekazari guztiek horrela lan egiten zutela. Gainera, eraginkorrak izateko beharra zuten. "Herri, bailara eta eskualdeetako biztanleen bizi-baldintzak hobetu edo okertu egiten ziren, urteko uztaren arabera". Gainera, nekazariek bazekiten baliabide horiek mugatuak zirela eta tentuz erabiltzen ez bazituzten horiek gabe gelditu zitezkeela.

Upategi bat baino gehiago

Upategiko kideek 11 mahasti dituzte, orotara hogei hektarea inguru. Bertan, 100-120 mila litro mahats ekoizten dituzte urtero. 2010ean inauguratu zuten azken upategia, baina proiektua askoz lehenago hasi zuten. Duela hamabost urte hasi ziren ardo ekologikoarekin lanean, eta 2001ean lehen ardoa merkaturatu zuten.

Bost mahats motarekin lan egiten dute: zuria, beltza, Tempranillo, Merlot eta Caverne. Ardo beltzen kasuan, gaztea, ondua eta erreserbakoa ekoizten dituzte, eta, horrez gain, zuriak eta gorriak. Azken horrekin Nafarroako ardo onenaren saria jaso izan dute. "Ardo gorriarekin beti ibiltzen gara lehen hiruren artean", azaldu du Maciasek.

Upategia lau lagunen artean kudeatzen badute ere, garaiaren arabera langile gehiago behar izaten dituzte. "Nekazaritza ekologikoak eskatzen du mahastietan egunero lan egitea, batzuetan jende gehiago eta bestetan gutxiago, baina beti dago egiteko zerbait". Mahats bilketaren garaian biltzen da langile gehien, 30 bat lagun.

Aroa upategietan, ardoa ekoizteaz aparte, gauza gehiago egiten dituzte. Besteak beste, Enoturismoa bultzatzea garrantzitsua dela uste du Maciasek. "Gure aburuz, garrantzitsua da jendeak gure lana gertutik ezagutzea". Horregatik, upategira bisita gidatuak egiten dituzte, eta jatetxea ere badute. Horrez gain, zenbait ekinaldi antolatzen dituzte urtean, hala nola mahastiaren loratze jaia.

Berrikuntzaren bidean ere ari dira. "Ez da soilik zer egiten den, gauzak nola egiten diren, horrek ere garrantzi handia du guretzat". Ahal duten energia gasturik txikiena egiten saiatzen dira. Haien aburuz nekazaritza ekologikoa "pestizidak, indartzaileak eta elementu kimikoak" ez erabiltzea baino gehiago delako. Horren bila, Ikerketa Garapena eta Berrikuntza jorratzen ari dira bi proiektutan. Alde batetik, euren mahastietako mahatsondoek dituzten legamiak beste mahasti batzuetan dituztenekin konparatzen ari dira, inguruko mahastietan errepikatzen diren legamiak identifikatzeko. Legami komunak behin identifikatuta, legami horiek dituzten mahatsondoak lehenetsiko dituzte: "Deierriko berezkoak diren aldaerekin lan egin nahi dugulako".

Beste alde batetik, karbono igorpenak neutralizatzeko lanean aitzindariak direla dio Maciasek. "Gai hori ikertzen 1994. urtean hasi ginen, eta Zeelanda Berrira arte jo behar izan genuen informazio bila". Eskura dituzten baliabide naturalak ahal bezain beste erabiltzen dituzte. Besteak beste, euriaren ura baliatzen dute, biomasa bidez girotzen dute tenperatura, upategia ipar-hego norabidean eraikia dago eguzkiaren argia aprobetxatzeko eta upategia lur azpian eraiki dute energia artifizialik ez erabiltzeko.

Aroa upategian nekazaritza ekologikoa erabiliz Deierriko berezko ardoa lortu nahi dute, eta ingurumenarekiko ere konpromiso argi bat dute. Etorkizunak zer ekarriko duen inoiz ez dago argi, baina Aroan bidea nola egin argi dute. Emaitzak oraingoz alde dituzte.

GOI TENTSIOKO LINEAREN AURKA, OINEZ

Deikaztelutik Ezkio-Itsasora (Gipuzkoa) egin nahi duten goi tentsioko linearen aurka, ibilaldia egin zuten Villatuerta eta Oteiza artean ehun lagun inguruk joan den larunbatean. 10:00etan irten ziren, batzuk Villatuertatik eta beste batzuk Oteizatik. ...

@sarean

Nafarroan gorrekin lan egiten duten bi elkarte daude. Bakoitzak bere filosofia propioa dauka eta bere lan egiteko modua.

www.eunate.org.Entzumen Urritasuna duten Senideen Nafarroako Elkartea.

www.asorna.org.Nafarroako Pertsona Gorren Elkartea.

Gorrentzat egokitutako bisita egingo dute Ataunera

Asorna Nafarroako Pertsona Gorren Elkarteak gorrentzat egokitutako bisitabat antolatu du Ataungo (Gipuzkoa) Uribitarte sagardotegira heldu den urriaren 6an. Iruñeko Donibane auzoan duten egoitzatik irtengo da autobusa 10:30ean. Besteak beste, sagarrak nola biltzen diren eta sagardoa nola egiten den gertutik ikusteko aukera izango dute bisitara joaten direnek. Azalpenak hitzez zein keinu hizkuntza bidez eskainiko dituzte. Gainera, nahi duenak sagardo egin berria probatu ahal izango du. Horrez gain, sagardotegiko menuaz gozatzeko aukera ere izango da. Bazkalostean itzuliko dira Iruñera. Izena astelehena baino lehen eman behar da Asornaren egoitzara deituta.

ZORRA ETXEAREKIN KITATU EZINIK

Dozena bat lagun bildu ziren, tartean hainbat politikari, Laboral Kutxak Iruñean Arrotxapea auzoan duen bulegoaren aurrean, Hipotekak Kalte Egindako Plataformak eskatuta. Izan ere, Atarrabiako emakume bat etxetik kaleratzekoak dira hipoteka ordaindu ezinik dabilelako. Elkarretaratzean, zorra bankuari etxea emanda kitatu ahal izatea eskatu zuten. Hala ere, Laboral Kutxakoek ez zuten plataformako kideekin bildu nahi izan egoera bideratzeko.

“Euskaraz bizitzeko erabakiaren lasterketa urte osokoa izatea nahi dugu”

Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute bihar, Iruñeko Alde Zaharrean Euskararen Gizarte Kontseiluak antolatuta, bigarren urtez egingo den herri lasterketan. Gorka Iriarte EHE Euskal Herrian Euskarazeko kidea da 16 urte zituenetik (Iruñea, 1981). Iruñerriko euskalgintzako beste hainbat eragiletako kideekin batera, lasterketa antolatzen dabil buru-belarri. Euskararen aldeko hautua egin dutenei lasterketan parte hartzeko deia egin die Iriartek.

'Euskaraz bizi nahi dut' ekinaldiaren barnean herri lasterketa antolatu duzue biharko.

Bigarren aldia da Iruñean halako herri lasterketa antolatzen duguna. Iaz, Euskal Herriko hiri eta herrietan Euskaraz bizi nahi dut ekinaldiaren baitan lasterketak egin ziren. Iruñeko kasuan arrakastatsua izan zen, gure iritziz. Euskaraz bizitzeko hautua indartu nahi dutenen lasterketa izango da. Hala ere, nahiko topikoa dirudien arren, euskaraz bizitzeko erabakiaren lasterketa urte osokoa izatea nahi dugu.

Nafarroako Gobernuak euskararen inguruan duen politikak normalizazio prozesuan oztopo direla salatu izan duzue euskalgintzako kideek.

Hala da. Euskararen normalizazio prozesua ahalik eta hobekien gauzatzeko hamaika arazo pairatzen ditugu. Euskal Herrian eta kasu honetan Nafarroan, euskaraz bizitzeko eta aldaketa horiek guztiak egiteko eraldaketa politikoa, juridikoa eta soziala ezinbestekoak dira. Euskaldunok aktibatu egin behar dugu, euskaraz bizitzeko hautua harrotasunez egin dezagun. .

Azken astean euskararen aurkako iritzi artikulu bat publikatu da egunkari batean. Zer iritzi duzu halako adierazpenen inguruan?

Halako adierazpenak ezjakintasunak eta ezagutza faltak eragiten dituzte. Euskararen normalizazioaren eremuan egiten ditugun urratsak egin behar diren tokian egin behar ditugula esango nuke. Zenbait jendek horren aurka jardun nahi du, eta tresna asko dituzte horretarako; tartean, hizkuntza politika. Guk gureari eutsi behar diogu, euskaraz bizitzeko hautua indartuz, euskara erakargarri eginez eta garena kalean erautsiz. Horrela euskaraz bizitzeko eta euskaldun izateko bidea urratuko dugu. Hain justu, horretara heltzeko helburua erdiesteko pauso gisa ulertzen dugu biharko lasterketa.

Lasterketan parte hartu nahi dutenek zer egin behar dute?

Denera, bi lasterketa izango dira, bat helduentzat eta bestea haurrentzat. Izena emateko bi aukera daude: Internetez www.euskarazbizinahidut.org webgunean edo San Frantzisko plazan larunbatean bertan. Helduen lasterketa 11:30ean hasiko da. San Frantzisko plazatik abiatuko dira Baratxurien plazara Arrotxapera jaisteko. Ondoren, Argaren bidetik Zumalakarregi etorbidera joan eta Nabarreria plazatik San Frantzisko plazara itzuliko dira berriz korrikalariak. Orotara, ibilbideak bost kilometro inguru izango ditu. Haurren kasuan, aurten oraindik ez dakigu non egingo duten lasterketa. Iaz, esaterako, Jarauta kalean bueltatxo bat egin zuten korrika, aurten ere ibilbidea oso antzekoa izango dela uste dut.

Iruñeko Udalak zer-nolako jarrera hartu du lasterketaren harira?

Iragan urtean bezala, aurten ere baimenak eman dizkigute, baina logistika aldetik ez dugu laguntza handirik jaso. Horregatik, iazko eskema hartuko dugu kontuan. Iruñean biltzen garen Euskalgintzako Bilgunea deitu genuen. Sei erakundek osatzen dugu, AEK-k, IKAk, Sortzen-Ikasbatuaz-ek, Nafarroako Ikastolen Elkarteak, EHEk eta Karrikirik. Denera, 50-60 lagun inguru ariko gara lanean. Batzuk kamisetak saltzen, beste batzuk ibilbidea nondik den markatzen ibiliko gara... Gainera, San Fermin Txiki denez asteburu honetan, jaia ahalik eta gutxien oztopatzen saiatuko gara.